256. ALDIZKARIA - 2020ko azaroaren 3a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

301E/2020 FORU AGINDUA, urriaren 20koa, Osasuneko kontseilariak emana, 2020ko urriaren 29ko greba orokorrerako deialdia dela eta, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko osasun zentro eta establezimenduetan hirugarrenek egindako funtsezko gutxieneko zerbitzuak ezartzen dituena.

LAB sindikatuak lanuzterako deia egin du urriaren 29an, bi ordutegi hauetan:

–10:00etatik 13:00era.

–17:00etatik 20:00etara.

Konstituzioaren 28.2 artikuluan onartzen den greba egiteko eskubidearekin batera, komunitatearentzako ezinbesteko zerbitzuak mantentzeko behar diren bermeak jarri behar dira, aipatutako eskubidearen erabilera inola ere galarazi gabe, halaxe ulertu baitute, agindu hari dagokionez, bai jurisprudentzia arruntak bai eta konstituzionalak ere.

Grebarako deialdia dela eta, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko osasun zentro eta establezimenduetan hirugarrenek egindako zerbitzuak ezin dira erabat gelditu, botere publikoek bermatu beharreko osasun arreta behar bezala eman ahal izateko zerbitzu osagarriak baitira, eta, beraz, beharrezkoa da horiek betetzea. Izan ere, Espainiako Konstituzioaren 43. artikuluan aipatzen den osasuna babesteko eskubidearen barrenean sartzen dira, pertsonen oinarrizko eskubideei eragiten dietelako, hala nola pazienteen bizitzeko eta osotasun fisikorako eskubideei.

Beste alde batetik, gobernuko agintaritzari dagokio funtsezkotzat hartzen diren zerbitzuak zein diren erabakitzeko eskumena, bai eta herritarren oinarrizko eskubideak babesteko behar diren neurriak hartzekoa ere, halaxe xedatzen baita martxoaren 4ko 17/1977 Errege Lege Dekretuaren 10. artikuluan, eta eskumen hori, kasu honetan, Foru Komunitateak erabili behar du, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 49.1.f), 53. eta 58.1.b) artikuluetan xedatutakoaren arabera.

Azaldutakoaren arabera, foru agindu honen helburua da, 2020ko urriaren 29rako deitutako greba dela kausa, hirugarrenek egiten dituzten zerbitzuei dagozkien funtsezko gutxieneko zerbitzuak arautzea, osasun zerbitzuek modu egokian funtziona dezaten. Zerbitzu horiek ezartzean aintzat hartu da, batik bat, ezinbestekoak direla herritarren osasun beharrei era egokian erantzuteko. Horregatik guztiagatik, zerbitzu horiek funtsezkotzat jotzen dira, eta, hortaz, beharrezkoa da zerbitzu horiek betetzea, grebak dirauen bitartean.

Gutxieneko zerbitzuak zehazteko, kontuan hartu da zein diren iragarritako lanuztera deitutakoak, hau da, Esku-hartze Sozialaren sektoreko langileak. Grebarako deialdiaren idazkian aipatzen diren entitateetako bat Gurutze Gorria da, zeinak hitzarmen bat sinatua baitu, 2020an ospitaleen arteko pazienteen garraiorako programa bat egiteko, zehazki Tuterako Reina Sofia Ospitalearen eta Nafarroako Ospitalegunearen arteko joan-etorriak egiteko.

Horren bidez eramaten dira pazienteak Iruñera, ezin eten daitezkeen erradioterapiako edo kimioterapiako tratamenduen hitzorduetara.

Horrenbestez, kontuan harturik Espainiako Konstituzioaren 28.2 artikuluan, martxoaren 4ko 17/1977 Errege Lege Dekretuaren 10. artikuluaren 2. paragrafoan, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 49.2 artikuluan eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluan xedatutakoa,

AGINTZEN DUT:

1. 2020ko urriaren 29rako deitutako greba orokorraren eskubidea gauzatuko da jarraian zehazten diren funtsezko gutxieneko zerbitzu hauek errespetatuz:

Tuterako Reina Sofia Ospitaletik erradioterapiako edo kimioterapiako hitzorduetara eriak eramateko egiten den garraioan ehuneko ehuneko zerbitzua bermatuko da funtsezko gutxieneko zerbitzua den aldetik.

2. Foru agindu honen 1. atalean bildutako funtsezko gutxieneko zerbitzuei dagokienez, ukituriko enpresetan horretarako izendatutako langileek egin beharko dituzte, eta zerbitzuak ez betetzea edo aldatzea legez kontrakotzat joko da eta arau-hausleak horren erantzule izanen dira.

3. Aurreko artikuluetan xedatutakoak ez die inolako mugarik jarriko greba arautzen duen legeriak egoera horretan diren langileentzat aitortzen dituen eskubideei.

4. Foru agindu hau greba batzordeari eta Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

5. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Adieraztea foru agindu honek ez duela administrazio bidea amaitzen, eta gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal dela haren aurka, Nafarroako Gobernuari zuzenduta, hilabeteko epean, foru agindua jakinarazi edo, kasua bada, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aitzina.

Iruñean, 2020ko urriaren 20an.–Osasuneko kontseilaria, Santos Induráin Orduna.

Iragarkiaren kodea: F2012398