22. ALDIZKARIA - 2020ko otsailaren 3a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

12/2020 FORU AGINDUA, urtarrilaren 13koa, Eskubide Sozialetako kontseilariak emana, Nafarroako gizarte zerbitzuen arloko Ikuskapen Plana onesten duena 2020. urterako.

Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 14ko 15/2006 Foru Legearen xede nagusia da herritarren gizarte ongizatea lortzea Nafarroako Foru Komunitatearen esparruan, gizarte zerbitzuez baliatzeko eskubide unibertsala bermatuz. Era berean, foru lege horren xedea da gizarte zerbitzuen sistema bat itxuratzea, halako moduan non bermatuko baita zerbitzuak pertsonen autonomia, duintasuna eta bizi kalitatea ziurtatuko dituzten baldintza onenetan ematen direla.

Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 14ko 15/2006 Foru Legearen aplikazio eremua 3. eta 4. artikuluetan zehaztuta dago. Izan ere, artikulu horietan ezartzen da zer den gizarte zerbitzuen sistema eta zeintzuk diren gizarte zerbitzu horien hartzaileak. Bestalde, 6., 7. eta 8. artikuluetan gizarte zerbitzu horien hartzaileen eskubide eta betebeharrak ezartzen dira.

Esparru juridiko horretan, 69. artikuluak dioenez, Nafarroako Foru Komunitatean gizarte zerbitzuen sistemakoak diren gizarte zerbitzuak eman ahal izateko, beharrezkoa izanen da, zerbitzuok 75. artikuluan aurreikusitako erregistroan inskribaturik egoteaz gain, 70. artikuluan aurreikusitako administrazio baimenak lortzea eta haiei eustea. Baimen horien xedea da baldintza jakin batzuk eta kalitatearen gutxieneko estandarrak beteko direla bermatzea.

Azkenik, aipatu foru legearen 83. artikuluak ezartzen duenez, foru lege horren aplikazio eremuan dauden entitate publiko eta pribatuek egindako jarduketa guztiak egonen dira gizarte zerbitzuen eskumena duen departamentuaren ikuskapenaren eta kontrolaren mende.

Eskubide Sozialetako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 268/2019 Foru Dekretuak Idazkaritza Tekniko Nagusiari esleitzen dio Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 14ko 15/2006 Foru Legean xedatutakoa betetzen den jakiteko kontrola eta ikuskapena egiteko ardura, hau da, ea gizarte zerbitzuen sistemako zerbitzuek eta zerbitzu horien hartzaileek betetzen ote duten lege horretan xedatutakoa. Ikuskapen Atalak ikuskapen planak prestatuko ditu gizarte zerbitzuen sistemako zerbitzuetarako, eta ikuskapen lana kontrolatu eta koordinatuko du. Azkenik, Ikuskapen Atalak gizarte gaien, familiaren eta adingabeen babesaren esparruan foru dekretu horretan aurreikusitako eskudantziak izanen ditu, bereziki, honako hauek:

a) Gizarte zerbitzuen sistemako zerbitzuek eta horien hartzaileek Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 14ko 15/2006 Foru Legean eta aplikatzekoak diren bestelako arauetan xedatutakoa betetzen ote duten kontrolatu eta ikuskatzea, departamentuko gainerako unitate organikoekin elkarlanean.

b) Gizarte zerbitzuen sistemako zerbitzuen baimen administratiboak kudeatu eta tramitatzea.

Orobat, begiratuko du betetzen direla egoitzetako plazak, eguneko egonaldiak eta autonomia sustatzeko zerbitzuak kudeatzeko esparru-akordioaren agiri arauemaileak eta klausula teknikoak, baita Nafarroako Foru Komunitatean mendekotasuna duten adinekoentzako eguneko zentroen zerbitzuaren esparru-akordioarenak ere.

Beraz, hortik ondorioztatzen da gizarte zerbitzuak ikuskatzeko eskumena, aurrean esandako guztiaren arabera, ez dela bakarrik hartu behar zentro eta zerbitzuek baliabideen eta eginkizunen arloan indarreko araudia nola betetzen duten eta zerbitzu-emaileek sinatutako kontratuetako agiri arauemaileak eta klausulak zenbateraino betetzen diren kontrolatzeko eskumen gisa, zeren gizarte zerbitzuen hartzaileen eskubideak zaindu eta errespetatzen ote diren ere kontrolatu behar baitira.

Gainera, pertsonek beren beharretarako laguntza egokia, hots, laguntza osoa, espezializatua eta pertsonalizatua jaso dezaten ere zaindu behar du.

Eta premisa horiek izanen dira Ikuskapen Plan honen jarduketa-lerro nagusien oinarriak.

2020. urterako Ikuskapen Planak baditu aurreko planarekiko desberdintasun batzuk.

Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziak (PAGNA) eta zerbitzu-emaileek sinatutako itunak edo kontratuak eta arauak betetzen ote diren kontrolatzeko ikuskapen lana egiten jarraituko da, entitate horiek Nafarroako Gobernuak finantzaturik ematen dituzten zerbitzuak administrazio kontratugileak ezarritako baldintzei jarraikiz eta hark eskatutako kalitatearekin egiten direla egiaztatzeko.

Berritasun gisa, egiaztatuko da noraino betetzen diren esparru-akordio honen agiri arauemaileak eta klausula teknikoak eta administratiboak: egoitzetako plazak, eguneko egonaldiak eta autonomia sustatzeko zerbitzuak kudeatzeko esparru-akordioa. Zehazki, aztertuko da ea zerbitzuak ematen dituzten entitateek baduten berdintasun planik eta zer prestakuntza duten alor horretan entitatearen urteko prestakuntza planaren barnean. Orobat, egiaztatuko da noraino konplitzen diren langileen arloko betebeharrak eta ratio orokor lotesleak, eta noraino betetzen diren klausula teknikoak pertsona ardatz duen arretaren eredua ezartzeari dagokionez eta bizitza historiei ekiteari dagokionez, lan metodo gisa eta erabiltzailearentzako arreta pertsonalizatu gisa.

Aurreko planetan bezala, egiaztatuko da badagoen erreferentziako langilearen figura; baina, aurten, zorroztasun handiagoz aztertuko da, bermatzeko askotarikoa dela figura hori, pertsona ardatz duen arreta ereduan eta banakako arreta planetan oinarrizkoa baita, eta erabiltzaileak hautatzen duela, harekiko duen kidetasuna errespetatuz.

Esparru horretan, ikuskapen arruntak eginen dira eguneko arretako zenbait zerbitzutan eta hainbat egoitzatan: zaharrei edo adingabeei arreta ematekoak, mendekotasunaren arlokoak, eritasun mentala edo desgaitasuna dutenentzakoak eta gizarte bazterketaren arlokoak. Bereziki azpimarratuko da zerbitzu horiek kudeatzen dituzten entitateek errespetatu behar dituztela erabiltzaileen eskubideak, zehazki, arreta osoa, berariazkoa eta beren beharretara egokitutakoa jasotzekoa eta zerbitzua emateko baldintza guztiak onarpen-kontratuaren bidez ezagutzekoa.

Zehazki, Ikuskapen Atalak 2019ko Ikuskapen Plana gauzatzeari buruz egindako eskaeren eta/edo ohartarazpenen betearazpena berrikusiko da, bai eta zerbitzu horiek izandako salaketak aztertzean egindako eskaeren eta/edo ohartarazpenena ere. Orobat, egiaztatuko da noraino betetzen diren atxikipenei buruzko indarreko araudia eta aplikatu beharreko beste erregulazio batzuk, konparazio batera, erantzukizun zibilaren aseguruak, banakako arreta planak, protokoloak eta erregistroak.

Halaber, egiaztatuko da ikuskatzen diren zerbitzuen antolamendua, eginkizunak, lan planak eta langileen banaketa proportzionala eta egokia dela asteko egun guztietan eta eguneko eta gaueko ordu guztietan, halako eran non behar bezalako zerbitzua ematen baitzaie erabiltzaileei. Bereziki, esparru-akordioari atxikitako zentro guztietan egiaztatuko da zentroetako langile orok fitxatzen duela eta ratio orokorra dela izenpetzean kontratuan ageri zena. Berebat, lanbide kategoria bakoitzaren eginkizunak eta lan planak egiaztatuko dira, baita gauez arreta emateko betebeharra ere, agirietan aurreikusi zena.

Aurreko urteetan bezala, 2020an kontrolatuko da noraino betetzen diren benetan zentroak edo zerbitzuak eta nola baloratzen den erabiltzaileen mendekotasuna, egiaztatzeko zerbitzua baimenduta dagoela benetan ematen dituen prestazioak emateko eta erabiltzaileek beren egoerara eta beharretara egokitutako arreta jasotzen dutela.

Laguntzak kontrolatzeko lerroari dagokionez, errenta bermatuen ikuskapenak mantentzen dira, eta Diru-sarreren Bermearen Atalak bidalitako espedienteak ikuskatuko dira, jadanik ebatzita badaude ere, baldin eta zalantza edo zantzuren bat badago baldintzak betetzeari buruz. Kontrol hori egiteko, Foruzaingoaren laguntza eskatu ahal izanen da, aurretik ezarritako prozeduraren arabera.

Horrenbestez, eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen bidez eman dizkidaten ahalmenak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Nafarroako gizarte zerbitzuen arloko Ikuskapen Plana onestea, 2020. urterako. Foru agindu honen eranskinean jaso da.

2. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2020ko urtarrilaren 13an.–Eskubide Sozialetako kontseilaria, M.ª Carmen Maeztu Villafranca.

ERANSKINA

Nafarroako Gizarte Zerbitzuen Ikuskapen Plana 2020. urterako

Lehena.–Organo arduraduna.

Idazkaritza Tekniko Nagusiko Ikuskapen Atala da Plana betearazteko ardura duen administrazio organoa, urriaren 30eko 268/2019 Foru Dekretuak Eskubide Sozialetako Departamentuarentzat onetsitako egitura organikoaren arabera. Plana indarra duen arau esparruari jarraituz garatuko da.

Bigarrena.–Helburuak.

1. Gizarte zerbitzuen hartzaileek beren beharretarako laguntza egokia eta kalitatekoa jaso dezaten arduratzea, araudi indardunarekin bat.

2. Indarra duen legediak gizarte zerbitzuen hartzaileei onartzen dizkien eskubideak, batez ere egoitzetako erabiltzaileen eskubide berariazkoak, errespetatzen diren begiratzea.

3. Zentroei eta zerbitzuei aholku ematea indarreko legedia betetzearen gainean eta erabiltzaileei kalitateko arreta emateko zenbait alderdiren gainean, zehazki, arlo horretaz Eskubide Sozialetako Departamentuan prestatzen diren agiriei buruzkoak eta bete behar dituzten betebehar material eta funtzionalei buruzkoak.

Hirugarrena.–Prozedura.

Eskubide Sozialetako Departamentuak, 2020. urtean, plan honetan jaso diren ikuskapen lanak eginen ditu, eta aurkezten diren salaketa, kexa eta erreklamazioei erantzuteko behar direnak ere bai, baita Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 14ko 15/2006 Foru Legean aurreikusitako baimenei erantzuteko behar direnak ere.

Jarduketa bereziak ere egiten ahalko ditu, Eskubide Sozialetako kontseilariaren edo zuzendaritza nagusien aginduz, goiko agindu baten ondorioz, beste organo batzuek eskaera arrazoitua eginda, baita Ikuskapen Atalaren beraren ekimenez ere.

Laugarrena.–Aplikatzekoa den araudia.

Ikuskapen lanetan gizarte zerbitzuen arloko arau guztiak izanen dira aplikatzekoak. Lan horretan, batez ere, honako arau hauei begiratuko zaie:

1) 15/2006 Foru Legea, abenduaren 14koa, Gizarte Zerbitzuei buruzkoa.

2) Maiatzaren 23ko 209/1991 Foru Dekretua, aurreko foru legearen xedapen indargabetzaile bakarrean xedatutakoarekin bat.

3) 15/2005 Foru Legea, abenduaren 5ekoa, Haurren eta Nerabeen Sustapenari, Laguntzari eta Babesari buruzkoa.

4) Ekainaren 17ko 69/2008 Foru Dekretua, gizarte zerbitzu orokorren zorroa onesten duena.

5) Irailaren 28ko 221/2011 Foru Dekretua, Nafarroako Foru Komunitateko egoitzetako gizarte zerbitzuen esparruan lotura fisiko eta farmakologikoen erabilera arautzen duena, eta hori garatzeko araudia.

6) Ikuskatu beharreko laguntzen arau berariazkoak, eta izenpetutako kontratuen agiri teknikoak eta administratiboak, kasua bada.

7) Maiatzaren 16ko 48/2011 Foru Dekretua, Nafarroako Gizarte Zerbitzuetako Ikuskatzaileen Araubidea ezartzen duena.

Bosgarrena.–Oinarrizko jarduketa lerroak.

Jarduteko ildo nagusiek helburu hauek lortzea izanen dute xede:

I.–Bermatzea gizarte zerbitzuak jasotzen dituzten pertsonen eskubideak errespetatzen direla, bereziki egoitza arloko gizarte zerbitzuen jasotzaileenak eta batez ere honako hauei dagokienez: arreta integratua, espezifikoa eta beren beharretara egokitua jasotzea, eta erabiltzaileek zerbitzuaren baldintza guztien berri izatea, zerbitzuan sartzeko kontratua sinatzearekin batera. Zehazki, Ikuskapen Atalak 2019ko Ikuskapen Plana gauzatzeari buruz egindako eskaeren eta/edo ohartarazpenen betearazpena berrikusiko da, bai eta zerbitzu horiek izandako salaketak aztertzean egindako eskaeren eta/edo ohartarazpenena ere. Halaber, egiaztatuko da indarreko araudia betetzen dela aplikatu beharreko atxikipenetan eta beste erregulazio batzuetan eta kontratuen alderdi zehatzetan, hala nola ba ote dagoen erreferentziako langilerik eta ezarrita ote dauden bizitzaren historiak, pertsona ardatz duen arretaren ereduak, banakako arreta planak, protokoloak eta erregistroak (gorabeheren parteak, eginkizunen liburuak, etab.). Zehazki, nahitaezkoa izanen da dokumentu horiek egotea eta hor bilduta dauden gertaerak ikusi dituzten langileek sinatuta egotea.

Orobat, egiaztatuko da noraino betetzen diren benetan zerbitzuak eta nola baloratzen den haien erabiltzaileen mendekotasuna, egiaztatzeko zerbitzua baimenduta dagoela benetan ematen dituen zerbitzuak emateko eta erabiltzaileek beren egoerara eta beharretara egokitutako arreta jasotzen dutela.

II.–Zentroen eta zerbitzuen ikuskapena eta kontrola. Bereziki kontrolatuko dira langileen antolamendu eta banaketa, bai eta haien funtzioak ere, bermatzeko proportzionalak eta egokiak direla asteko egun guztietan eta eguneko nahiz gaueko ordu guztietan, hala erabiltzaileei zerbitzua modu egokian eman ahal izan diezaieten. Apartatu horri behar bezala heltzeko, fitxaketak, lan kontratuak, txanden ordutegiak eta lan planak eska ditzakete ikuskatzaileek. Halaber, banakako elkarrizketak egin ahal izanen zaizkie langileei, beren ordezkariei edo beharrezkotzat jotzen diren beste pertsona edo erakundeei. Orobat, behaketa zuzenaren bidezko egiaztapen jarduerak egin ahal izanen dituzte egindako bisitetan.

III.–Errenta bermatuaren onuraduna izateko baldintzak betetzeari buruzko ikuskapenaren oinarrizko lerroa, Diru-sarreren Bermearen Atalak kontrolatzeko bidalitako espedienteetan, jadanik emanda badaude ere, baldintzak ez betetzeari buruzko zantzuren bat dagoenean.

Seigarrena.–Metodologia.

Ikuskapena, legez onartutako eskumenak erabiliz, oinarrizko jarraibide hauei loturik eginen da:

1. Ikuskatzaileak zentro eta zerbitzuetako instalazio eta lokal guztietan sartzen ahalko dira. Orobat, ikuskapenaren xedea betetzeko eta ikuskatzeko ahalmenak behar bezala erabiltzeko beharrezkoak eta/edo jakingarriak diren agiri, datu eta argibide guztiak eman behar zaizkie.

Bisitaren unean zerbitzuaren arduraduna ez dagoenean, bere eginkizunak zerbitzuko beste langile baten esku utzi beharko ditu aldez aurretik, eta hark izanen du ikuskatzaileari laguntzearen eta jarraibideei erantzutearen ardura, eta pertsona horrek sarbidea izanen du eskatutako agiri, datu edo informazio guztietara.

Ildo horretan, zentro edo zerbitzu bakoitzak zerrenda bat osatu beharko du, zuzendaria ez dagoenean horren hiru arduradun izanen dituena gutxienez, arreta emateko hala ikuskatzaileei nola erabiltzaileei eta haien familiakoei.

Ordezpen zerrenda hori zentroko iragarki-taulan egonen da ikusgai, eta arduradun ordezkoen izen-abizenak eta lanpostuak izanen ditu ageri, baita ordezpen hurrenkera ere.

Ikuskatzaileei ukatzen bazaie instalazioetan sartzea edo agiriak eskuratzea, izan ordezkoa ez izendatzeagatik izan hark ez dakielako non dauden datuak edo ezin dituelako eskuratu, uler daiteke ikuskapen lanari egiten zaion eragozpena dela, eta hori arau-hauste astun gisa dago tipifikaturik Gizarte Zerbitzuei buruzko Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 14ko 15/2006 Foru Legearen 86.n) artikuluaren arabera.

2. Bisita arruntak eta salaketa baten ondoriozkoak ez dira aldez aurretik iragarriko. Ikuskatzaile egiaztatuen identifikazioarekin hasiko dira, eta ikuskatzaileek zehaztuko dute zein den bisitaren zergatia.

Ikuskatzaileak bidezkotzat jotzen duenean, zuzenean jo dezake egoki juzgatzen dituen areto edo geletara, ikuskapenaren xedeko gertaerak egiaztatzeko, zerbitzuaren arduraduna agertu eta harekin batera joan beharrik gabe.

3. Ikuskapen bisitak, haien arrazoia edozein izanik ere, lanegunetan nahiz jaiegunetan egiten ahalko dira, egunez edo gauez.

4. Ikuskatzaileek beren lanean datu pertsonalen babesari buruzko arau aplikagarriak bete beharko dituzte.

5. Departamentuko organo eta erakundeak behartuta daude ikuskatzaileei ahalik arinen eta eraginkortasunez laguntzeko, hala eskatzen zaien guztietan.

6. Plana bete aurretik, oinarrizko lerro bakoitzeko ikuskapen protokoloak onetsiko dira.

Zazpigarrena.–Gizarte politikaren arloko ikuskapenaren oinarrizko jarduketa lerroak 2020. urtean.

I.–Oinarrizko jarduketa lerroa, egoitza arloko gizarte zerbitzuen hartzaileen eskubideen errespetua bermatzea xede duena. Zehazki, behatuko da arreta egokitzen den erabiltzaileen beharretara. Orobat, Ikuskapen Atalak 2019ko Ikuskapen Plana gauzatzeari buruz egindako eskaeren eta/edo ohartarazpenen betearazpena berrikusiko du, bai eta zerbitzu horiek izandako salaketak aztertzean egindakoena ere. Berebat, egiaztatuko da noraino betetzen den indarreko araudia aplikatu beharreko atxikipenetan eta beste erregulazio batzuetan eta kontratuetako baldintzetan, hala nola banakako arreta planetan, protokolo eta erregistroetan, aztertzeko ba ote dagoen erreferentziako langilea eta ezarri ote diren bizitzaren historiak eta pertsona ardatz duen arretaren ereduak. Banakako arreta planek erabiltzailearen balorazio integrala izanen dute, eta hartan agertuko dira erabiltzailearen gaitasunak eta dituen lehentasunak.

Halaber, agiri bat banakako arreta plantzat hartzeko, helburu orokorrak eta zehatzak markatu beharko ditu arloka, baita horiek lortzeko neurriak edo programak ere. Agiri horretan, erabiltzailearen mendekotasuna eta arreta zuzenari lotutako alderdiak bildu beharko dira, hala nola oheratzeko, jaikitzeko, garbitzeko, mugiarazteko eta jateko ordutegiak, eta horien justifikazio teknikoa, ohikotzat jotzen direnetatik desberdinak badira; modu orokorrean ezin izanen dira antolamendu-neurri hutsak hartu erabiltzaileen eta senitartekoen beharrak eta nahiak aintzat hartu gabe.

Banakako arreta plana dokumentu diziplinartekoa eta integrala izanen da, eta aldian behin berrikusi beharko da, gutxienez ere urtean behin eta erabiltzailearen egoeran aldaketa garrantzitsuak gertatzen diren aldiro. Orobat, agiri horren berri emanen zaio erabiltzaileari eta/edo familiari, eta harekin adostu beharko da (ahal den neurrian).

Bestalde, ulertuko da bizitzaren historiak ez direla tramite dokumental huts bat edo erabiltzailearen balorazio tekniko sozial bat, banakako arreta planaren parte dena; aitzitik, ulertu behar da narrazio bat dela, erabiltzaileak edo haren hurbilekoek egiten dutena bizitzaz, balioez, gustuen heziketaz, kidetasunez eta bizitzako helburuez eta plangintzez, bizitzaren irudi bat eratzen eta jokabidea ulertarazten laguntzen duena. Bizitzaren historiak agiri dinamikoa izan behar du, bizirik dagoena, erabiltzaileak erabiltzen duen zerbitzuan bizi izandako egoerak eta esperientziak biltzen dituena. Pertsona horri arreta ematen dioten langileek ezagutu eta eskura izan behar dute agiri hori.

Egiaztatuko da mailaz maila ezarri ote diren pertsona, ez erakundea, ardatz duen arretaren ereduak eta horretarako neurri zehatzak hartu ote diren, hala nola ea aukerarik dagoen arratsaldeetan dutxak hartzeko eta garbiketa egiteko, ea zabalak diren gosari, bazkari eta afarien ordutegiak, ea posible den menua aukeratzea, ea boluntariotza bultzatzen den laguntza egiteko eta aisialdirako, ea bizikidetzarako unitaterik sartu den zentroetan, ea batentzako logela gehiago dagoen, ea egoiliarrak bereizteko elementurik paratu den birentzako logeletan beren intimitateari eusteko edo irakurtzeko argirik paratu den, egoiliar batek gauez irakurtzeko modua izan dezan gelako kideari trabarik egin gabe, eta abar.

Bukatzeko, funtsezko bihurtu da, pertsona ardatz duen arretan, erreferentziako langilearen figura, aurreko urteetan kontrolatzen bazen ere. Erabiltzaileak hautatu behar du figura hori, bere beharren arabera eta harekin duen kidetasuna oinarri hartuta. Askotarikoak izanen dira erreferentziako langileak, eta lehentasunez, arreta zuzeneko langileak. Erreferentziako langile bakoitzak pertsona bakan batzuk izanen ditu bere kargura.

Helburua.–Ikuskapen lanaren bidez egiaztatuko da gizarte zerbitzuen hartzaileen eskubideak errespetatzen diren, hau da, Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 14ko 15/2006 Foru Legearen 6. eta 8. artikuluetan arautzen direnak, abenduaren 14ko 39/2006 Legearen ildoari jarraituz (Autonomia Pertsonalaren Sustapenari eta Mendekotasuna duten Pertsonentzako Laguntzari buruzko abenduaren 14ko 39/2006 Legea).

Ikuskapen Plan honen indarraldian, bereziki, egiaztatuko da ea egoitzetako zerbitzuen erabiltzaileen eskubideak errespetatzen diren, honako hauei dagokienez: adinekoentzako arreta, desgaitasunak dituzten pertsonak, eritasun mentalak, adingabekoentzako arreta eta gizarte bazterketa.

Eskubideak errespetatzen diren jakiteko, zerbitzu horiei egiten zaizkien bisitetan, bisitaren arrazoia edozein dela ere, erabiltzaileen eskubide hauek aztertuko dira nagusiki:

1. Zentroko langileengandik eta erabiltzaileengandik tratu duina jasotzeko eskubidea, arreta jarriz, bereziki, narriadura kognitiboa edo dementzia dutenen tolerantzian eta ulermenean.

Era berean, erreferentziako langileek duten garrantzia azpimarratuko da, baita erabiltzaileen zainketa pertsonalei ematen zaien arreta egokia izatea ere, haien inguruabarren eta egoeraren arabera.

2. Beren eskubideei buruzko informazioa eta beren egoeraren balorazioa jasotzeko eskubidea, eta eraginen dien edozein esku-hartzeren aurretik informazioa jasotzekoa, berariazko baimena eman ahal izateko. Ildo horretan, bereziki, kontrolatuko da ea erabiltzaileek eta/edo haien senitartekoek ezagutzen dituzten eta jaso dituzten, zerbitzua hartzen hasi baino lehen, zerbitzuaren barne araubidearen erregelamendua eta zerbitzuarekin sinatu duten kontratuaren zehaztapenak, eta bi agiri horiek errespetatzen dituzten erabiltzaileen autonomiarako eskubidea eta askatasuna.

3. Banakako arreta jasotzeko eskubidea, erabiltzaileen berariazko beharren araberakoa, baita haien mendekotasun mailaren araberakoa ere. Zehazki, ikuskatuko da ea zerbitzuek banakako arreta planik ote duten erabiltzaile bakoitzeko, eta ea profesional eskudunek aldian-aldian aztertu duten. Halaber, kontrolatuko da ea arreta pertsonala, soziala, sanitarioa, farmazeutikoa, hezkuntzakoa eta kulturala eraginkorra, egokia eta bana-banakoa den, erabiltzailearen borondatea eta lehentasunak errespetatuz. Orobat, egiaztatuko da zentroek bete dituztela atal horietan 2019. urtean jaso dituzten eskaerak eta/edo ohartarazpenak.

4. Intimitaterako eta pribatutasunerako eskubidea. Nabarmenduko da ea zerbitzuak ba ote dituen bisitak ahalik eta intimitate handienarekin jasotzeko egokiak diren instalazio eta eremuak, eta ea pribatutasuna errespetatzen den erabiltzaileak kanpoko edonorekin izaten duen komunikazioan, dela posta arruntez dela telefonoz edo dela beste edozein baliabidez.

5. Kexen eta iradokizunen sistema erabiltzeko eskubidea. Atal honetan, zerbitzuek esparru horretan erabiltzen dituzten protokoloak aztertuko dira, baita zerbitzuak emandako eta eskatzaileak jasotako erantzunik baden eta horretarako zer epe behar izan den ere.

6. Zentroetan parte hartzeko eskubidea, partaidetza kontseiluen bitartez, horien eraketa eta urteko bilkura araudi aplikagarriak ezartzen baditu.

7. Baimen informaturik gabe edo sendagileek agindu eta gainbegiratu ezean, inolako immobilizazio edo murrizketa fisikorik edo tratamendu farmakologikorik ez izateko eskubidea, salbu eta erabiltzailearen nahiz hirugarrenen segurtasun fisikorako berehalako arriskua badago, Nafarroako Foru Komunitateko egoitzetako gizarte zerbitzuen esparruko lotura fisikoen eta farmakologikoen erabilera arautzen duen irailaren 28ko 221/2011 Foru Dekretuari eta apirilaren 2ko 186/2014 Foru Aginduaren bidez onetsitako erabilera protokoloari jarraikiz. Zehazki, loturen batzorderik baden eta nola funtzionatzen duen egiaztatuko da, baita loturen aldean izan daitezkeen aukerak proposatu eta horiek jartzea eta ebaluatzea ere. Egiaztatuko da ea bete diren Ikuskapen Atalak arlo horretan, 2019. urtean, zentroei bidalitako ohartarazpenak edo errekerimenduak, 2019ko Ikuskapen Plana gauzatzearen ondoriozkoak edo gai horren gaineko salaketa ebatzien ondoriozkoak.

Zerbitzuen hartzaileen eskubideak errespetatzen diren jakiteko, ikuskapen bisita arruntetan, bide hauetako edozein erabili ahal izanen da:

–Zentroko erabiltzaileek eta/edo horien senideek eta adiskideek ikuskatzaileari ematen dioten informazioa.

–Ikuskapen lanean nabarmentzen diren gorabeherak.

–Zentroko langileek, langile ohiek eta arduradunek ematen duten informazioara.

Eskubideak egiaztatzeko bidea zuzeneko behaketa denean, ikuskatzaile guztientzat aldez aurretik finkatutako irizpide homogeneoak hartuko dira kontuan. Irizpide horiek Ikuskapen Protokoloetan finkatuko dira.

II.–Oinarrizko jarduketa lerroa, zentroak eta zerbitzuak ikuskatu eta kontrolatzea xede duena, bereziki azpimarratuta erakundearen kontrola eta langileen banaketarena eta eginkizunena, begiratzeko proportzionala eta egokia dela asteko egun guztietan eta eguneko nahiz gaueko ordu guztietan, hala erabiltzaileei zerbitzua modu egokian eman ahal izan diezaieten haien beharren eta egoeraren arabera. Bereziki, esparru-akordioa izenpetu duten zentroetan, egiaztatuko da arreta zuzeneko langileak erabiltzaileei arreta ematen aritzen direla soil-soilik eta ez dituztela hartzen garbiketako langileen, arropa garbitzaileen, sukaldekoen edo mantentze-lanetakoen berezko eginkizunak. Kontratudunek zaintzaile kategoria ez den bat daukatenean, lan kontratuan zehaztu beharko da lanaldiaren zer portzentajetan arituko diren arreta zuzena ematen, eta egiaztatzen ahalko da hori benetan betetzen den. Halaber, egiaztatuko da zentroko ratio orokorrari eusten zaiola une oro kontratuak irauten duen bitartean.

Era berean, egiaztatuko da zentroek dokumentazio administratibo guztia dutela, hala indarreko araudiak nola izenpetutako kontratuetako agiriek eskatzen dutena. Zehazki, batez ere egiaztatuko da erantzukizun zibileko aseguru polizarik dagoen eta horrek betetzen dituen sinatutako esparru-akordioan ezarritako baldintzak. Berebat, horretara beharturik dauden zentroei eskatuko zaie langileentzako berdintasun plan bat izan dezatela eta berdintasunaren arloko ikastaroak prestatu eta egin ditzatela enplegatuen prestakuntzaren urteko planaren barnean.

II.1 programa.–Lanean ari diren zentro eta zerbitzu guztiak legeztatzea.

Helburua.–Behar diren baimenak izan gabe lanean ari diren zentro eta zerbitzu guztien egoera administratiboa erregularizatzea.

II.2 programa.–Baimen berriak ematea eta Gizarte Zerbitzuen eta Baimen Berariazkoen Erregistroan inskripzio berriak egitea.

Helburua.–Behar diren ikuskapen lanak egitea baimenak emateko prozeduretan (funtzionamendu baimenak, titulartasuna aldatzekoak, instalazioetako aldaketa garrantzitsuak, eginkizunak eta helburuak aldatzekoak, behin-behineko baimenak salbuespen kasuetarako, eta jarduera uztekoak), eta Gizarte Zerbitzuen eta Baimen Berariazkoen Erregistroan egin, kendu edo aldatzen diren inskripzioak.

II.3 programa.–Zentro eta zerbitzuek baliabideei eta eginkizunei buruzko baldintzak nola betetzen dituzten une oro kontrolatzea.

Helburuak:

Urtean behin bisita bat egitea honako arlo hauetako egoitzetara eta eguneko zentroetara: adineko pertsonentzako arreta, mendekotasuna, desgaitasunak, eritasun mentalak, gizarte bazterketa eta adingabeen arreta. Egiaztatuko da ea honako alderdi hauek legearen arabera betetzen dituzten:

a) Aplikagarria den araudia betetzea: funtzionamendua, segurtasuna, administrazioa, erabiltzaileen eskubideak, loturak.

b) Giza baliabideak eta langileriaren antolaketa. Langileen antolamendua eta banaketa, eta haien funtzioak kontrolatuko dira bereziki, bermatzeko proportzionalak eta egokiak direla asteko egun guztietan eta eguneko nahiz arratseko ordutegietan, hala erabiltzaileei zerbitzua modu egokian eman ahal izan diezaieten beren beharren eta egoeraren arabera. Batik bat, egiaztatuko da esparru-akordioko klausula teknikoen agirian jasotzen dena egoitzetako plazak, eguneko egonaldiak eta autonomia sustatzeko zerbitzuak kudeatzeko, baita adinekoentzako eguneko zentroaren zerbitzuen esparru-akordioan jasotakoa ere, bai zentroak ematen dituela aitortzen dituen zerbitzuei dagokienez, bai zentroak deklaratutako eta sinatutako ratio orokorrei dagokienez. Horregatik, kontrolatuko da noraino betetzen diren benetan zerbitzuak eta nola baloratzen den haien erabiltzaile guztien mendekotasuna, egiaztatzeko zerbitzua baimenduta dagoela benetan ematen dituen zerbitzuak emateko eta erabiltzaileek beren egoerara eta beharretara egokitutako arreta jasotzen dutela. Apartatu hori behar bezala aztertzeko, ikuskatzaileek fitxaketak eska ditzakete, nahitaez bete behar baitira, lan arloko araudian nahiz aipatutako esparru-akordioen agiri administratiboetan ezarri bezala. Bestalde, lan kontratuak, txanden ordutegiak eta lan planak ere eska ditzakete. Halaber, banakako elkarrizketak egin ahal izanen zaizkie langileei, beren ordezkariei edo beharrezkotzat jotzen diren beste pertsona edo erakundeei. Orobat, behaketa zuzenaren bidezko egiaztapen jarduerak egin ahal izanen dituzte egindako bisitetan.

Egiaztatuko da ea bete diren Ikuskapen Atalak arlo horretan, 2019. urtean, zentroei bidalitako ohartarazpenak eta errekerimenduak, 2019ko Ikuskapen Plana gauzatzearen ondoriozkoak edo gai horren gaineko salaketa ebatzien ondoriozkoak.

III.–Oinarrizko ikuskapen lerroa, errenta bermatuaren onuraduna izateko baldintzak betetzen diren kontrolatzekoa, bereziki azpimarratuta bizikidetza, bizilekua eta diru-sarreren jasotzea.

Onartutako espedienteak berrikusiko dira bereziki, baldin eta Diru-sarreren Bermearen Atalak aditzera ematen badu badirela zantzuak edo zalantzak pentsarazten dutenak aipatutako baldintzak betetzen ez direla.

Hori gauzatzeko, Foruzaingoaren laguntza eskatu ahal izanen da, aurretik Foruzaingoarekin prestatutako eta adostutako prozedurari jarraikiz.

Iragarkiaren kodea: F2000594