200. ALDIZKARIA - 2020ko irailaren 4a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

61/2020 FORU DEKRETUA, abuztuaren 19koa, zeinaren bidez Patxi Xabier Salaberri Zaratiegi jaunari ematen baitzaio Nafarroako Karlos III.a Noblearen Gurutzea.

Patxi Xabier Salaberri Zaratiegi jauna Uxuen jaio zen 1959an. Lehen ikasketak Iruñean egin ondoren, Filologia Hispanikoko lizentzia eskuratu zuen 1980an (Nafarroako Unibertsitatea) eta Euskal Filologiakoa 1986an (Euskal Herriko Unibertsitatea, EHU). 1992an doktore titulua eskuratu zuen Eslabako toponimiari buruzko tesi batekin, Ricardo Cierbidek zuzenduta (EHU).

Irakaskuntzari dagokionez, Salaberri irakasleak ehunka maisu-maistra trebatu ditu, hasieran Zaragozako Unibertsitateko irakasle gisa, eta, 2008az geroztik, Nafarroako Unibertsitate Publikoko katedradun gisa. NUPeko Filologia eta Hizkuntzaren Didaktika Saileko zuzendaria izan da bi aldiz (2002-2003 eta 2008-2010). EHUn ere aritu da irakasle lanetan, Euskal Filologiaren eta Hizkuntzalaritzaren arloko doktorego eta master ikastaroak ematen.

NUPeko kargu bat baino gehiago bete ditu: Ikerketa Batzordeko kide (1993-1997); UBIko euskara irakasgaiaren irakasle arduraduna (1992-1999); Giza eta Gizarte Zientzietako Fakultateko idazkaria (1996-1999); Errektoreari atxikia Hizkuntz Plangintzaren arlorako (2003-2005), eta Ondare Immaterialaren Katedrako zuzendaria.

Ikerketa lan zabala egin du hizkuntzalaritzaren arloan: Nafarroako mintzoen bilketa eta azterketa, Nafarroako Fonoteka, euskal dialektologia eta oikonomia, besteak beste.

Euskaltzaindiko kidea da, euskaltzaina alegia. 1996an izendatu zuten euskaltzain urgazle, eta 2005ean, berriz, euskaltzain oso. Euskaltzaindiak egindako lanari dagokionez, gehienbat onomastikaren arloan aritu da. 2013az geroztik Onomastikako batzordeko burua da, eta, horrez gain, bi proiekturen arduradun: Euskararen Corpus Onomastikoa eta Gasteizko Toponimia.

Nafarroako Gobernuaren Euskararen Nafar Kontseiluko kide izana da, bai eta Eusko Jaurlaritzaren Kulturaren Euskal Kontseiluko kide eta Euskararen Aholku Batzordeko Toponimia Azpibatzordeko kide ere.

Vianako Printzea Erakundearen Fontes Linguae Vasconum aldizkariko zuzendaria izana da, Euskaltzaindiaren Euskera aldizkariko erredakzio kontseiluko kide eta zientzia arloko beste argitalpen batzuetako kontseiluko kide.

Artikulu ugari idatzi ditu hainbat agerkaritan, batez ere toponimiaren eta onomastikaren arloan.

Hurrengo ohore eta sariak jaso ditu, besteak beste: Olentzero Saria (Tafalla, 1992), Euskal Herriko Unibertsitatearen doktorego saria (1993), Nafarroako Unibertsitate Publikoaren ikerketa saria (1994), Udako Euskal Unibertsitatearen eta Eibarko Udalaren Juan San Martin beka (2001).

Horregatik, Nafarroako Gobernuak bidezkotzat jotzen du Patxi Xabier Salaberri Zaratiegi jauna saritzea Nafarroako Karlos III.a Noblearen Gurutzea emanez; izan ere, horretarako sortu zen kondekorazio hau apirilaren 14ko 104/1997 Foru Dekretuaren bidez: Foru Komunitatea garatu, ezagutarazi eta hari ospea ematen –nor bere jardueraren esparruan– nabarmendu diren pertsonek eta entitateek egindako lana eskertzeko.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuak 2020ko abuztuaren 19an egindako bilkuran harturiko Erabakiarekin bat,

DEKRETATZEN DUT:

1. Patxi Xabier Salaberri Zaratiegi jaunari Nafarroako Karlos III.a Noblearen Gurutzea ematea.

2. Foru dekretu hau interesdunari jakinaraztea.

3. Foru dekretu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2020ko abuztuaren 19an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, María Chivite Navascués.–Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilaria, Javier Remírez Apesteguía.

Iragarkiaren kodea: F2009553