195. ALDIZKARIA - 2020ko abuztuaren 31

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

153/2020 EBAZPENA, abuztuaren 4koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez ebazten baita azaroaren 14ko 117/2019 Ebazpenaren bidez 2019-2020 ikasturterako onetsitako deialdi hau: “Ingurumenaren zaindariak” izeneko III. argazki lehiaketa eta IV. mikrobideo lehiaketa. Lehiaketa horiek zuzentzen zaizkie Lehen Hezkuntzako eta Bigarren Hezkuntzako ikasleei, hurrenez hurren.

Ingurumeneko zuzendari nagusiak azaroaren 14an emandako 117/2019 Ebazpenaren bidez, oinarriak onetsi ziren 2019-2020 ikasturterako lehiaketa hauetarako: “Ingurumenaren zaindariak” izeneko III. argazki lehiaketa eta IV. mikrobideo lehiaketa. Lehiaketa horiek zuzentzen zaizkie Lehen Hezkuntzako eta Bigarren Hezkuntzako ikasleei, hurrenez hurren. 2019ko 245. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen deialdi hori, abenduaren 16koan.

Lehiaketaren helburu nagusia da ikasle gazteen sormena sustatzea ingurune naturalarekin loturik, eta gure ekintzek hiri eta landa inguruetan dituzten ondorioez jabetzea.

Aipatu deialdiak nabarmen zabaldu dira. “Ingurumenaren zaindariak” izeneko III. argazki lehiaketan, 33 argazki jaso dira Lehen Hezkuntzako 3. eta 4. mailen kategorian, eta ez da argazkirik jaso Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailen kategorian. 7 mikrobideo jaso dira “Ingurumenaren zaindariak” IV. mikrobideo lehiaketan.

Basoen eta Ehizaren Zerbitzuak adierazi duenez, eragin handia izan du lehiaketaren parte-hartzean COVID-19ak eragindako osasun krisiaren ondoriozko alarma egoerak. Hori horrela, aurreko deialdietan baino lan gutxiago aurkeztu dira. Ikastetxeek eta beren profesionalek hezkuntzako beste larrialdi batzuk konpondu behar izan dituzte, eta horrek eragin negatiboa izan du lehiaketara lanak aurkeztean. Beraz, ez da lortu helburu nagusia, hau da: ikasleek arlo horretan parte hartzea eta inplikatzea.

Hori dela eta, egokitzat jotzen da lehiaketa hutsik uztea, I. eta II. eranskinetako 5. oinarrietako azken-aurreko paragrafoetan aipatzen den bezala.

Epaimahaiak lan guztiak baloratu ditu oinarri arautzaileetan ezarritakoaren arabera, eta horietako batzuk ez datoz bat oinarrietan jasotako gaiekin.

Adierazitakoarekin bat, eta erabiliz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak,

EBAZTEN DUT:

1. Hutsik uztea “Ingurumenaren zaindariak” izeneko III. argazki lehiaketa Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailen kategorian, ez baita argazkirik aurkeztu.

2. Hutsik uztea “Ingurumenaren zaindariak” izeneko III. lehiaketa Lehen Hezkuntzako 3. eta 4. mailen kategorian, parte-hartzea txikia izan delako eta aurkeztutako lan batzuk ez datozelako bat deialdiaren gaiekin.

3. Hutsik uztea “Ingurumenaren zaindariak” izeneko IV. mikrobideo lehiaketa, parte-hartzea txikia izan delako eta aurkeztutako lan batzuk ez datozelako bat deialdiaren gaiekin.

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute interesdunek, hilabeteko epean, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua. Administrazio Publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien jurisdikzioan, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aurretiazko errekerimendua egiteko aukera, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epean. Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.

5. Ebazpen hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusira, Baso Plangintzarako eta Ingurumen Hezkuntzarako Atalera eta Ekonomia Aferetarako Bulegora, eta Hezkuntza Departamentuko Prestakuntza Atalera.

6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2020ko abuztuaren 4an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

Iragarkiaren kodea: F2008980