195. ALDIZKARIA - 2020ko abuztuaren 31

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

IRUÑA

Ebazpena, COVID-19ak eragindako osasun-krisiari aurre egiteko prebentzio neurriak onesten dituena. Prebentzio neurri horiek bide publikoko nahiz espazio publikoetako jarduerei eskatuko zaizkie, baimentzeko baldintza gisa

Iruñeko Udaleko Herritarren Segurtasuneko Zinegotzigo Delegatuak, 2020ko abuztuaren 12an, honako ebazpen hau eman zuen:

“Ikusirik ekainaren 9ko 21/2020 Errege Lege-dekretua, ezartzen dituena COVID-19ak eragindako osasun-krisiari aurre egiteko prebentzio, euste eta koordinazio neurri urgenteak.

Ikusirik erabakia, Nafarroako Gobernuak 2020ko ekainaren 19an hartutakoa, Nafarroako Foru Komunitatea normaltasun berrian sartzen dela deklaratzen duena eta COVID-19ak eragindako osasun-krisiari aurre egiteko beharrezko prebentzio neurriak ematen dituena, Normaltasun berrirako trantsizio planaren 3. fasea gainditu ondoren. Plan horrek aurreikusten du erabakian jasotako neurriak osatzen ahalko direla administrazio eskudunek onesten dituzten berariazko segurtasun planekin, antolamendu protokoloekin eta jarduera-sektore bakoitzari egokitutako gidekin.

Ikusirik Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak Nafarroako egoera epidemiologikoari buruz (COVID-19) egindako txostenak. Txosten horietan adierazten da uztailaren 9tik aurrera asko ugaritu direla agerraldiak eta baieztatutako kasu positiboak. Egoera larriagotu egin da azken asteetan, eta batez ere gazteei eragin die. Hala, pertsona gehien eragin dituzten agerraldiak, gizarte ekitaldien esparruan ez ezik, aisialdi mota jakin batzuen esparruan ere gertatu dira. Horrek guztiak aparteko osasun-egoera dakar.

Ikusirik Herritarren Segurtasunaren Arloko txostenak, eta kontuan hartuz arauzko xedapen guztiak, oro har, establezimendu edo esparru mugatuetara bideratu direla, beharrezkoa da prebentzio-neurri horiek bide publikoko jardueretan ere aplikatzea, establezimendu eta esparruetako segurtasun baldintza berberak bermatzeko, irekiak zein itxiak izan.

Neurri horiek osatuko dituzte bide edo espazio publikoetan jarduerak baimentzeko irizpideetan eskatutako neurriak. (PCE 03-JUN-05),

EBAZTEN DUT:

Onestea prebentzio neurriak COVID-19ak eragindako osasun-krisiari aurre egiteko. Prebentzio neurri horiek bide publikoko nahiz espazio publikoetako jarduerei eskatuko zaizkie, baimentzeko baldintza gisa.

Bideko edo espazio publikoetako jarduera guztiek izan beharko dituzte ebazpen honetan ezartzen diren arauak edukierari, desinfekzioari, prebentzioari eta egokitzapenari dagokienez.

Neurriak hartuko dira jardueran parte hartzen duten pertsonentzat eta jarduera ikusteko bil daitekeen jendearentzat.

–Edukiera:

Aulkietan eserita: Nolanahi ere, ziurtatu beharko da beharrezko neurriak hartzen direla bermatzeko pertsonen arteko gutxieneko distantzia 1,5 metrokoa izanen dela (2 aulki).

Antolatzaileek aulkiak jarriko dituzte, aulkien artean 1,5 metro eta aulki lerroen artean 2 metroko distantzia izanik. Beharrezkotzat jotzen denean, aulkiak bikoteka banatzen ahalko dira, elkarrekin bizi diren kideek bete ditzaten. Kasu horretan, bi aulkiko multzoek gutxienez 1,5 metroko distantzia izan beharko dute gainerakoekiko, eta elkarrekin bizi diren kideak soilik esertzen ahalko dira horietan. Aulkiak erabili aurretik desinfektatu beharko dira, eta jardueran zehar beste pertsona batek berrerabiltzen baditu, aldatu aurretik berriz desinfektatu beharko dira.

Edukiera ezarriko da aurreko paragrafoan jasotako estipulazioekin jar daitezkeen aulkien arabera, eta gutxienez 2 metroko zabalerako korridoreak libre utziko dira.

Zutik: Oro har, jardueran parte hartzen duten pertsonek eserita egon beharko dute. Salbuespen gisa, eta justifikatutako arrazoiengatik, zutik dagoen publikoa baimentzen ahalko da, betiere pertsonen arteko 1,5 metroko segurtasun-tartea mantenduz. Horri dagokionez, gehienez 5 pertsonako bizikide-taldeak baimentzen dira.

Edukiera kalkulatzeko, 3 metro koadroko pertsona baten proportzioa ezartzen da.

Pertsonen zirkulazioak eta espazioen banaketak, bai eserita daudenean, bai zutik daudenean, pertsonen arteko segurtasun-tarteari eusteko aukera eman beharko dute. Antolatzaileek, beharrezkoa izanez gero, pertsona bakoitzaren kokapena markatuko dute lurrean.

Edukiera adierazten duen kartel bat jarriko da sarreran.

–Perimetroa: Jardueraren eremu osoa egon beharko da perimetratuta eta mugatuta hesien bidez edo Herritarren Segurtasunaren Arloak baimendutako beste elementu batzuen bidez.

Sarbidean gel hidroalkoholikoa jarriko da, ikusleen eskura.

Ezarriko dira sarbidea kontrolatzeko sistema bat eta edukiera zenbatzeko eta kontrolatzeko prozedura bat, inoiz gainditu ez dadin edukiera.

Ahal den guztietan, mugatutako eremutik irteteko bi puntu edo gehiago izanen dira, eta sartzeko eta irteteko bide desberdinak jartzen saiatuko da, jendea pilatzeko arriskua murrizteko.

Antolatzaileak langileak izan beharko ditu pertsonen arteko segurtasun-tartea errespetatzen dela zaintzeko, eta saihestu eginen du talde ugari eta pilaketak sortzea, bai perimetratutako eremuaren barruan, bai sartzeko eremuan, eta sor litezkeen jende ilarak saihestuko ditu. Langile horiek bertan egon beharko dute ekitaldia egiten den bitartean eta jendea sartzen eta ateratzen den bitartean.

Behar bezain goiz irekiko da sarbide-kontroleko gunea, sarbidea mailakatua izan dadin, eta horretarako, beharrezko neurriak hartuko dira antolaketan.

Publikoaren irteera ere mailakatua izanen da, eremuen arabera, jendearen arteko segurtasun-tartea bermatuta.

Maskarak erabiliko dira nahitaez.

Abisuak emanen dira, kasuan kasuko jarduera egin baino lehen eta egin ondoren, iragartzeko eta oroitarazteko zein diren higiene eta urruntze neurriak eta publikoaren irteerak mailakatua izan behar duela.

–Aurkeztu beharreko agiriak:

Bide edo espazio publikoetan jarduerak baimentzeko irizpideak onesten dituen ebazpenean jasotako dokumentazioaz gain (PCE 03-JUN-05), eskatzaileak plano bat aurkeztu beharko du honako hauek zehazten dituena: azalera eta jardueraren kokapena, perimetratzeko sistema, sarbideak kontrolatzeko tokia, higiene- eta babes-protokoloa, aulkien eta korridoreen kokapena, segurtasun-neurriak bermatzeko izanen dituen langileak eta ebazpen honetan zehaztutako prebentzio-neurriak nola beteko diren azaltzen duen memoria.

–Debekatutako jarduerak.

Bide edo espazio publikoetan taldean edariak (alkoholdunak, batez ere) kontsumitzeak, “kale zurruta” gisa ezagutzen denak, pertsonen kontzentrazioa eragiten du, eta kutsatzea eta osasungaiztasuna errazten duten egoerak eragin ditzake, bai eta bizilagunei eta espazio publikoa erabiltzen duten pertsonei eragozpenak eragin ere. Erabat debekatuta dago, taldea osatzen duten pertsonen kopurua edo taldea sortzen den ordu tartea edozein izanda ere.

Neurri horiek indarrean egonen dira COVID-19ak eragindako osasun-krisiak irauten duen bitartean, eta indargabetu eginen dira horretarako onetsitako ebazpenaren bidez.

Iruñean, 2020ko abuztuaren 18an.–Herritarren Segurtasunaren Alorreko zinegotzi ordezkaria, Javier Labairu Elizalde.

Iragarkiaren kodea: L2009603