192. ALDIZKARIA - 2020ko abuztuaren 28a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2020ko abuztuaren 19an hartua, zeinaren bidez xedatzen baita Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legearen 61. artikuluan aipatzen diren zorpetze-eragiketak egitea 331.000.000 euroko muga gainditu gabe.

Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legearen 61. artikuluak xedatzen du Foru Komunitatearen zorpetzea mota hauetakoa izaten ahalko dela:

a) Mailegu edo kreditu eragiketak.

b) Zor publikoaren baloreen jaulkipena.

c) Finantza tresnekiko bestelako eragiketak.

Halaber, aipatutako 13/2007 Foru Legeak 64. eta 66. artikuluetan xedatzen du Nafarroako Gobernuari dagokiola, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak proposaturik, zorpetze-eragiketak erabakitzea, baldin eta foru lege baten bidez baimendu badira.

Aurrekontu Egonkortasunari eta Finantza Iraunkortasunari buruzko apirilaren 27ko 2/2012 Lege Organikoak, 13.4 artikuluan, ezartzen du autonomia erkidegoei kreditu eragiketak egiteko eta zorra jaulkitzeko Estatuak ematen dien baimenak kontuan hartuko duela aurrekontu egonkortasunaren eta zor publikoaren helburuak betetzea, Autonomia Erkidegoen Finantzabideari buruzko irailaren 22ko 8/1980 Lege Organikoaren 14.3 artikuluan ezarritakoa betetzeko. Halaber, 2/2012 Lege Organiko horren beraren azken xedapenetako hirugarrenaren lehen puntuan zehazten da ezen, bere foru araubidea dela-eta, legea Nafarroako Foru Komunitatean aplikatuko dela Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Legearen 64. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, Estatuaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko Hitzarmen Ekonomikoan xedatutakoarekin bat.

Nafarroako aurrekontu orokorrei buruzko foru legeak aurrekontu ekitaldi bakoitzeko zorpetzearen muga ezarriko du. Nafarroako 2020rako Aurrekontu Orokorrei buruzko martxoaren 4ko 5/2020 Foru Legearen 15. artikuluak ezartzen du Nafarroako Gobernuari baimena ematen zaiola zorpetze-eragiketak egiteko, muga honekin: Europako Kontuen Sistemaren arabera (SEC 2010) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren azpisektorea osatzen duten entitateen 2020ko abenduaren 31ko saldo biziak ez dezala gainditu 2020ko urtarrilaren 1eko saldo bizia. Nolanahi ere, muga gainditzen ahalko da bi kasu hauetan: batetik, finantza aktiboak sortzen badira, hasiera batean aurreikusi gabe egon arren, Europako Kontuen Sisteman ezarritako irizpideak betez gero, betiere; eta bestetik, Nafarroako Gobernuak eta Ogasun Ministerioak hitzar litzaketen bestelako zorpetze-eragiketak egiteko, Hitzarmen Ekonomikoan xedatutakoaren baitan eta aurrekontu-egonkortasunari buruzko arauek ezartzen dituzten mugak gainditu gabe.

2020ko uztailaren 30ean, Nafarroako Gobernuak eta Ogasun Ministerioak Estatuko Administrazioaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko akordioa sinatu dute ekainaren 16ko 22/2020 Errege Lege-dekretuaren lehen xedapen gehigarria aplikatuz, eta bertan ezartzen da zor-muga %19,2koa dela eta defizit helburua %2,3koa. Aipatutako Errege Lege-dekretuaren bidez COVID-19 Funtsaren sorrera arautzen da eta haren banaketa eta ordainketa-agindurako erregelak ezartzen dira. Horren ondorioz, zorpetzea 331.000.000 euro handitu daiteke.

Estatuari baimena eskatu zaio 331.000.000 euroko zorpetzerako, baina proposamenean jaso diren eragiketak ez dira formalizatuko baimen hori lortu arte.

Era berean, 2020an zorpetze-eragiketa horiek xedatzeko, beharrezkoa da horiek gauzatzea ahalbidetuko duen erabaki bat onestea.

Horiek horrela, Nafarroako Gobernuak, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak proposaturik,

ERABAKITZEN DU

1. Xedatzea zorpetze-eragiketak egin daitezela, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legearen 61. artikuluan aipatzen diren horietakoak, 331.000.000 euroko gehieneko mugarekin, baimendutako defizita (Nafarroako BPGaren %2,3) finantzatzeko asmoz, betiere Ministroen Kontseiluak zorpetze-eragiketak egiteko baimena ematen badu.

2. Zorpetze-eragiketa berriak baliatzen ahalko dira Nafarroako 2020ko Aurrekontu Orokorretako proiektu jasangarriak (berdeak edo sozialak) finantzatzeko.

3. Zenbateko horren barrenean, egiten diren balore-jaulkipenek Nafarroako Zorraren ohiko izendapena eta ezaugarriak izanen dituzte, eta Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legearen 68. artikuluan xedatutakoa aplikatuko da.

4. Erabaki honetan jasotako finantza-eragiketetarako, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren esku uzten dira Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legearen 66.1 artikuluaren c) eta d) letretan aipatzen diren eskumenak, lege horren 66.2 artikuluan ezarritakoarekin bat.

5. Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren foru agindu baten bidez zehaztuko dira balore-jaulkipenen baldintza guztiak eta gainerako finantza-eragiketak xedatzekoak. Horretarako, ahalmena ematen zaio aipatu kontseilariari erabaki hau betearazteko behar diren neurriak hartu eta ebazpenak eman ditzan.

6. Erabaki honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunetik beretik izanen ditu ondorioak.

7. Erabaki hau Ekonomia eta Ogasun Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiari eta Ekonomia eta Finantza Zerbitzuari igortzea, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2020ko abuztuaren 19an.–Nafarroako Gobernuko kontseilari-idazkaria, Javier Remírez Apesteguía.

Iragarkiaren kodea: F2009545