189. ALDIZKARIA - 2020ko abuztuaren 25a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

235/2020 FORU AGINDUA, uztailaren 24koa, Eskubide Sozialetako kontseilariak emana, zeinaren bidez zuzentzen baita Eskubide Sozialetako kontseilariaren ekainaren 17ko 207/2020 Foru Aginduan atzemandako akatsa. Foru agindu horren bidez, sari honetarako deialdia egin zen: “Nafarroako ebaluazio-proiektu eta -ekimenei buruzko saria”.

Eskubide Sozialetako kontseilariak ekainaren 17an emandako 207/2020 Foru Aginduaren bidez, sari honetarako deialdia egin zen: “Nafarroako ebaluazio-proiektu eta -ekimenei buruzko saria”. Akats bat atzeman da xedapen horretan, eta bidezkoa da hura zuzentzea.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 109.2 artikuluaren arabera, administrazio publikoek, ofizioz edo interesdunek eskatuta, edozein unetan zuzentzen ahal dituzte beren egintzetako akats materialak, egitezkoak edo aritmetikoak.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 125. artikuluak ezartzen duenez, kasuan kasuko egintza edo xedapena eman duen organoari dagokio administrazio egintzetan eta xedapenetan egiten diren akats material, aritmetiko edo egitezkoak zuzentzea. Orobat, akats zuzenketan aipatu beharko dira zuzenketaren ondorio juridikoak eta, jakinarazi edo argitaratu diren egintzak direnean, nahitaez jakinarazi edo argitaratu beharko da zuzenketa.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen bidez eta Eskubide Sozialetako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 268/2019 Foru Dekretuaren bidez esleitu dizkidaten ahalmenak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Zuzentzea Eskubide Sozialetako kontseilariaren ekainaren 17ko 207/2020 Foru Aginduan atzemandako akatsa. Foru agindu horren bidez, sari honetarako deialdia egin zen: “Nafarroako ebaluazio-proiektu eta -ekimenei buruzko saria”. Horrenbestez, hirugarren aginduan, honako hau dioen tokian:

“Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.”

Honako hau behar du:

“Foru agindu hau eta dagokion eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzaten”.

2. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea foru agindu hau eta Eskubide Sozialetako kontseilariaren ekainaren 17ko 207/2020 Foru Aginduaren eranskina. Foru agindu horren bidez, sari honetarako deialdia egin zen: “Nafarroako ebaluazio-proiektu eta -ekimenei buruzko saria”.

3. Foru agindu honen kontra, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

4. Foru agindu hau igortzea Idazkaritza Tekniko Nagusiaren Administrazio Aferetarako Bulegora, haren Kontabilitate Zentrora eta Errealitate Sozialaren Behatokiaren Zerbitzura, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2020ko ekainaren 24an.–Eskubide Sozialetako kontseilaria, M.ª Carmen Maeztu Villafranca.

OINARRI ARAUTZAILEAK

Lehenbizikoa.–Xedea.

Nafarroako ebaluazio-proiektu eta -ekimenei buruzko sariaren xedea da programa eta politika publikoen ebaluazio-proiektuen garapena sustatzea eta bultzatzea Nafarroan, baita enpresa estrategiak ere, modu horretan ebaluazioa erabil dadin ezagutza eta berrikuntza sortzeko tresna gisa, pertsonen bizi-kalitatea eta ongizatea hobetzearren.

Bi.–Hartzaileak.

Deialdi honetan parte hartzen ahal dute Nafarroan programa eta politika publikoen edo enpresa estrategien ebaluazio-proiektuak garatu dituzten entitate publiko eta pribatuek, pertsona fisikoek, autonomoek eta ikertzaileek.

Nafarroako entitate eta erakundeen kasuan, proiektua Nafarroan edo Foru Komunitatetik kanpo lokalizatua egoten ahalko da. Egoitza Nafarroatik kanpo daukaten entitate edo erakundeen kasuan, aurkezten den proiektua Foru Komunitatean lokalizatua egon beharko da.

Denbora eremuari dagokionez, parte hartzen ahal duten proiektuak aurreko hiru urtean bukatuak izan beharko dira, deialdi hau argitaratzen den egunetik kontatzen hasita.

Hirugarrena.–Sariak.

Gehien nabarmentzen diren lanak sarituko dira, honela:

–Lehen saria: egiaztapen diploma eta 2.000 euro.

–Bigarren saria: egiaztapen diploma eta 1.000 euro.

–Gehienez hiru akzesit emanen dira, egiaztapen diploma eta guzti.

Laugarrena.–Hautagaitzak aurkezteko epea eta baldintzak.

1.–Hautagaitzak aurkezteko epea 2020ko abuztuaren 31n bukatuko da. Hautagaitza ezarritako epetik kanpo aurkeztuz gero, ez da onartuko.

2.–Hautagaitzak Eskubide Sozialetako Departamentuko Errealitate Sozialaren Behatokiaren eta Gizarte Politiken Plangintzaren eta Ebaluazioaren Zuzendaritza Nagusiko Errealitate Sozialaren Behatokiaren Zuzendaritza Nagusira bidaliko dira, telematika bidez, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Elektronikoa erabiliz, edo aurrez aurre Eskubide Sozialetako Departamentuaren erregistroan (González Tablas kalea 7, Iruña).

Halaber, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako bideetako edozein baliatuz aurkez daitezke.

Hautagaitzak Nafarroako Gobernuarenak ez diren beste erregistro ofizial batzuetan aurkezten badira, aurkezpen horren berri eman beharko zaio unitate kudeatzaileari, mezu elektroniko bat bidaliz observatoriorealidadsocial@navarra.es helbidera, aurkezpenaren egun berean.

Posta bulegoen bitartez aurkezten diren hautagaitzen kasuan, Posta zerbitzuak arautzen dituen abenduaren 3ko 1829/1999 Errege Dekretuan ezarritako zehaztapenak bete beharko dira. Entitate eskatzaileek iragarri beharko dute hautagaitza bidali dutela, mezu elektroniko bat igorriz observatoriorealidadsocial@navarra.es helbidera, egun berean.

Bost.–Hautagaitzak eta bete beharreko baldintzak.

1.–Modalitate hauetan sartzen diren ebaluazio-proiektuak parte hartzen ahalko dute:

–Azterketa teorikoak: Aztergai nagusitzat programa eta politika publikoen eta jarduketa-estrategia pribatuen ebaluazioaren egoera duten ikerketa proiektuak, eta, orobat, arlo horren gainean ezagutza berriak bultzatu eta proposatzen dituztenak.

–Ebaluazio praktikoak: Emaitzen edo eraginen neurketa edo ebaluazio lanak, berariazko proiektu bat garatzea aurreikusten dutenak, hots, esku-hartze publiko edo pribatu baten analisia.

–Konparazio analisiak: Beste ebaluazio proiektu batzuen konparazio analisia egiten duten azterketak, metaebaluazio modukoak.

2.–Aurkezten diren lanek baldintza hauek bete beharko dituzte:

–Planteamendu argi eta objektibo bat izatea. Aurkezten den dokumentuaren ardatz nagusia ebaluazioa izanen da, ikuspegi teoriko batetik edo ikuspegi aplikatu batetik.

–Zehaztasun zientifiko eta metodologikoa. Ikerketa metodologia zehatz bat azalduko da, oinarri akademikoa duena, politika edo proiektu pribatuen ebaluazio proiektu bati dagokiona, hala nola diseinuaren ebaluazioa, emaitzen eta eraginen ebaluazioa, inbertsioak duen itzulera sozialaren neurketa, eta abar.

–Lanen luzerari dagokionez, 25 orri izanen dituzte gehienez, alde batera utzita bibliografia eta eranskinak. Dokumentuak Arial letra motan idatziko dira, 11 neurrian, eta 1,5eko lerroartea utzita. Bibliografia APA formatuan emanen da.

–Beste sariketa batzuetan saririk jaso gabeak izatea.

Seigarrena.–Epaimahaia.

1.–Ebaluazio arloan adituak diren lau pertsonak osaturiko batzorde tekniko bat osatzen da, aurkezten diren lanen analisi zehatza eginen duena. Eginkizun horretarako informazio gehiago edo argibideren bat behar izanez gero, aurkeztutako proposamenaren ardura duen entitatearekin edo erakundearekin harremanetan jarriko da.

Batzorde teknikoak balorazio bikoitzeko prozesu itsu bat antolatuko du hautatzen den proposamen bakoitzerako.

Berrikuspen hori eginda, epaimahaiari hautapen bat bidaliko zaio, saria jasotzeko hautagai izateko gutxieneko estandarrak eta baldintzak betetzen dituzten proposamenak jasoko dituena.

2.–Epaimahaia honako hauek osatuko dute:

–Epaimahaiburu lanetan, Eskubide Sozialetako kontseilaria, edo, bere ordez, Errealitate Sozialaren Behatokiaren eta Gizarte Politikoen Plangintzaren eta Ebaluazioaren zuzendari nagusia.

–Irakaskuntzaren arloan izen handia duten hiru pertsona, ebaluazioaren arloan espezialista direnak, Errealitate Sozialaren Behatokiaren eta Gizarte Politiken Plangintzaren eta Ebaluazioaren Zuzendaritza Nagusiak eta Caja Navarra fundazioak izendatuko dituztenak.

–Idazkari lanetan, hizpidearekin baina botorik gabe, Plangintza, Ebaluazio eta Kalitate Ataleko burua arituko da, edo, horren ordez, Errealitate Sozialaren Behatokiaren Zerbitzuko zuzendaria.

3.–Epaimahaia osatuko dutenen izenak sariaren gaineko irizpena ematearekin batera jakinaraziko dira.

Batzorde teknikoan edo epaimahaian dagoen ezein kidek ezin izanen du sariketan parte hartu, erabakiaren neutraltasunik handiena bermatzearren.

4.–Epaimahaiaren funtzionamenduari dagokionez, arau hauei jarraikiko zaie: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen II. tituluko IV. kapituluan bildutako arauak, eta, ordezko gisa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legean xedatutakoa.

5.–Epaimahaiak hautagaiak ebaluatzeko beharrezkotzat jotzen dituen argibideak eskatzen ahalko dizkie parte-hartzaileei.

6.–Epaimahaiak saria eman gabe uzten ahalko du, haren iritziz ez badago merezimendu aski frogatu duen hautagaitzarik.

Zazpi.–Kalifikatzeko irizpideak.

Aurkezten diren lanak irizpide hauen arabera baloratuko dira:

–Zorroztasun kontzeptuala: lanak aztergaiari buruzko erreferentzia bibliografiko egokiak, zabalak, egungoak eta nazioartekoak erabiltzen ditu.

–Zorroztasun metodologikoa: lanaren diseinu metodologikoa egokia eta berritzailea da, ebaluazioaren esparruan kalitate estandar handiak dituena.

–Diseinu metodologikoaren, analisiaren prozesuaren eta emaitzen lorpenaren arteko koherentzia eta ebidentzia: lanak ildo nagusi bat dauka, eta lortutako emaitzak ebidentzian oinarritzen dira.

–Ondorioak eta gomendioak: lanaren ondorioak eta gomendioak zehatzak, egokiak eta berritzaileak dira aztertutako kasuaren testuingururako.

Zortzigarrena.–Ebazpena.

1.–Epaimahaiaren erabakia hartzen den egun berean emanen da jakitera.

2.–Epaimahaiaren erabakia apelaezina da.

3.–Eskubide Sozialetako kontseilariak emanen du saria, foru agindu baten bidez. Interesdunei jakinaraziko zaie eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, orok jakin dezan.

Bederatzigarrena.–Saria ematea.

Saria CIVICANen eginen den jendaurreko ekitaldi bakar batean entregatuko eta jakitera emanen da 2020ko azken hiruhilekoan, Eskubide Sozialetako Departamentuak Caja Navarra fundazioarekin elkarlanean deialdia eginik. Ekitaldi horretarako, epaimahaikideak eta sariketan parte hartu duten guztiak gonbidatuko dira.

Hamargarrena.–Betebeharrak onartzea.

Nafarroako ebaluazio-proiektu eta -ekimenei buruzko sariketan parte hartzeak berekin dakar saria arautzen duten oinarri guztiak onartzea, bai eta Eskubide Sozialetako Departamentuak saria eman eta jendaurrean zabaltzeko antolatzen dituen jardunaldietan parte hartzea ere.

Hamaikagarrena.–Administrazioaren konpromisoak.

Sariketaren prozesuan parte hartzen dutenek konfidentzialtasuna gorde beharko dute haren nondik norakoez.

Eskubide Sozialetako Departamentuak, Errealitate Sozialaren Behatokiaren eta Gizarte Politiken Plangintzaren eta Ebaluazioaren Zuzendaritza Nagusiko Errealitate Sozialaren Behatokiaren Zerbitzuaren bidez, informazioa emanen du deialdiaren oinarrien gainean, telefonoz nahiz posta elektronikoz.

Eskubide Sozialetako Departamentuak ahaleginak eginen ditu saria eta saridunak komunikabide arrunt eta espezializatuetan ezagutarazteko.

Hamabigarrena.–Gorabeherak eta ustekabeak.

Errealitate Sozialaren Behatokiaren eta Gizarte Politiken Plangintzaren eta Ebaluazioaren zuzendari nagusiak ebatziko du gerta litezkeen gorabeherez eta oinarriotan ezartzen ez diren kasuez.

Hamahirugarrena.–Errekurtsoak.

Deialdi honen gaineko foru aginduaren eta oinarri arautzaileen kontra, baita saria ebazten duen foru aginduaren kontra ere, gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legean xedatutakoarekin bat.

Iragarkiaren kodea: F2008545