168. ALDIZKARIA - 2020ko uztailaren 30a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza

1070/2020 EBAZPENA, uztailaren 16koa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikerketako errektoreordeak emana. Haren bidez, izangaien zerrenda bat osatzeko hautaprobetarako deia egiten da, ikertzaileen lan kontratazioa egiteko ikerketa proiektu hau garatzeko: “Basoak kudeatzeko tresna berriak, lurrari behatzeko aireko teknologien eta sateliteen erabileran oinarrituak (forestOBS)”.

2020ko uztailaren 10ean, Ikerketa Zerbitzuak izangaien zerrenda bat osatzeko hautaprobetarako deia egiteko eskatu zuen, ikertzaileak kontratatzeko “Basoak kudeatzeko tresna berriak, lurrari behatzeko aireko teknologien eta sateliteen erabileran oinarrituak (forestOBS)” ikerketa proiektua garatzeko proiektuko lankide gisa.

Aintzat harturik “Basoak kudeatzeko tresna berriak, lurrari behatzeko aireko teknologien eta sateliteen erabileran oinarrituak (forestOBS)” ikerketa proiektua Nafarroako Gobernuaren finantzaketaren mende dagoela.

Aintzat harturik Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariaren txosten proposamena.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak errektoretza-taldearen egitura orokorra onetsi eta bere funtzioak zehazteko 2019ko uztailaren 3an eman zuen 1420/2019 Ebazpenaren bidez eskuordetu dizkidan eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehena.–Onestea izangaien zerrenda bat osatzeko hautaprobetarako deialdia ikertzaileen lan kontratazioa egiteko “Basoak kudeatzeko tresna berriak, lurrari behatzeko aireko teknologien eta sateliteen erabileran oinarrituak (forestOBS)” ikerketa proiektua garatzeko, baita deialdiaren oinarriak ere.

Bigarrena.–Ebazpen hau Hautapen Batzordeko kideei eta Ikerketa Zerbitzura helaraztea.

Hirugarrena.–Ebazpen hau Unibertsitatearen webgunean argitaratzeko agintzea.

Iruñean, 2020ko uztailaren 16an.–Ikerketako errektoreordea, Francisco Javier Arregui San Martín.

IZANGAIEN ZERRENDA BAT OSATZEKO HAUTAPROBETARAKO DEIALDIA, IKERTZAILEEN LAN KONTRATAZIOA EGITEKO “BASOAK KUDEATZEKO TRESNA BERRIAK, LURRARI BEHATZEKO AIREKO TEKNOLOGIEN ETA SATELITEEN ERABILERAN OINARRITUAK (FORESTOBS)” IKERKETA PROIEKTUA GARATZEKO

Hauek dira deialdia arautuko duten

OINARRIAK

1.–Datu orokorrak.

–Deialdiaren xedea: deialdi honen xedea da izangaiak hautatzea zerrenda bat osatzeko, ondoren ikertzaileen lan kontratazioa egiteko ikerketa proiektu hau garatzeko: “Basoak kudeatzeko tresna berriak, lurrari behatzeko aireko teknologien eta sateliteen erabileran oinarrituak (forestOBS)”.

–Maila profesionala: proiektuko lankidea, batez ere ikerketa lanetan aritzeko.

–Eginkizunak: Sentinel-1 eta -2 irudiak eta Nafarroari buruz hartutako LiDAR datuen estaldurak deskargatzeko eta/edo eskuratzeko prozedura automatizatuak garatzea eta ezartzea, eta horiek aurreprozesatzeko algoritmoak sortzea.

–Baso-espezieak identifikatzeko eta basoetarako interesgarriak diren aldagai kuantitatiboak balioesteko tresnak garatzea, LiDAR datuetan eta/edo sateliteen irudietan oinarrituta.

–Baso-aprobetxamenduak kudeatzeko tresnak garatzea, LiDAR datuetan eta/edo sateliteen irudietan oinarrituta.

–Kontratu mota: Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikertzaileak Kontratatzeko Arautegian, Gobernu Kontseiluak 2017ko maiatzaren 3an hartu zuen erabaki baten bidez onetsitakoan, ezarritakoarekin bat etorriz, Langileen Estatutuko 15. artikuluak ezarritako obra edo zerbitzu zehatzeko kontratu modalitatearen bidez eginen da kontratazioa.

–Aurreikusitako iraupena eta lanaldi mota: 12 hilabetetik gorakoa, lanaldi osoan.

Hala ere, kanpoko finantzaketaren mende dagoen kontratazio-zerrenda bat denez, iraupena eta lanaldi mota esleitutako aurrekontuak baldintzatuko ditu, eta kontratuaren xede den lana osorik egitearen arabera zehaztuko dira, 1998ko abenduaren 18ko 2720/1998 Errege Dekretuan xedatutakoarekin bat –Errege Dekretu horren bidez, Langileen Estatutuari buruzko Legearen Testu Bateginaren 15. artikulua garatzen da–. Kontratuaren iraupena ezin izanen da inola ere proiektuaren indarraldia baino luzeagoa izan.

Ikerketa proiekturako funtsik ez izatea kontratua azkentzeko arrazoia izanen da.

–Ordainsariak: Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikertzaileak Kontratatzeko Arautegiak, 2017ko maiatzaren 3an Gobernu Kontseiluaren erabaki batez onetsitakoak, bere eranskinean ezarritakoak, 2019. urtera egokituak.

Diru-gehigarriak ordaintzeko aukera egonen da, proiektuan edo kontratuan ezarritako helburuak betez gero. Diru-gehigarri horiek ordaintzeko, proiektuaren arduradunak ordainketa justifikatzen duen azken txosten bat egin beharko du, eta aurrekontuan diru kopuru nahikoa izan beharko da.

–Finantzaketa: Nafarroako Gobernua.

–Argitaratzeko tokiak: Deialdiarekin lotutako egintza eta ebazpen guztiak Nafarroako Unibertsitate Publikoaren webgunean argitaratuko dira.

2.–Parte hartzeko baldintzak.

2.1. Hautaprobetan onartuak izateko, izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Espainiako herritarra izatea edo Europar Batasuneko estaturen batekoa izatea edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiar Estatuak berretsitako nazioarteko itunen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzekoa zaion estaturen batekoa.

Halaber, Espainiako, Europar Batasuneko estatuetako eta aipatu nazioarteko itunak aplikatzen diren eremuko estatuetako herritartasuna dutenen ezkontideek parte hartzeko aukera dute, betiere zuzenbidearen arabera bananduak ez badaude; herritartasuna duenaren ondorengoek eta haren ezkontidearen ondorengoek ere parte hartzeko aukera dute, zuzenbidearen arabera bananduak ez badaude, baldin eta 21 urtetik beherakoak badira edo, adin horretatik gorakoak izanda ere, gurasoen kontura bizi badira.

Halaber, aurreko paragrafoetan sartuta egon ez eta Espainian legezko bizilekua duten atzerritarrek administrazio publikoetako lan kontratupeko langile aritzeko aukera izanen dute. Espainian bizi ez diren atzerritarrek parte hartzeko aukera izanen dute, betiere parte hartzeko betekizunak betetzen badituzte. Kasu horretan, kontratazioa egin ahal izateko atzerritartasunari buruzko legeek eskatzen dituzten baimenak lortu beharko dituzte.

b) 18 urte baino gehiago izatea, eta erretiro adina betea ez izatea.

c) Gutxienez ere 300 ECTS dituen Graduko irakaskuntza titulazio ofiziala, Masterra, Lizentziatura, Arkitektura, Ingeniaritza edo hezkuntza alorrean eskuduna den ministerioak ezarri duenaren arabera, Goi Mailako Hezkuntzako Kualifikazioen Espainiako Esparruko (MECES) 3. mailari (masterrari) dagozkion titulazioak.

Atzerrian lortutako titulazioak badira, beharrezkoa izanen da atzerriko tituluak homologatzeko eskumena duen ministerioak titulazioa baliokidetzea, eskaerak aurkezteko epea amaitu baino lehenago. Europako Batasuneko tituluak dituzten izangaien kasuan, homologazioa aurkeztuko dute, edo, bidezkoa bada, dagokion baliokidetza ziurtagiria. Homolagatzeko edo baliokidetzeko baldintza hori ez zaie aplikatuko lanbide arautuen eremuan prestakuntza profesionalaren aitorpena Europako Erkidegoko Zuzenbidearen xedapenen babesean erdietsi duten izangaiei.

d) Deialdiko xede diren lanpostuak betetzea galarazten duen gaixotasunik edo muga fisikorik edo psikikorik ez edukitzea.

e) Diziplinako espediente baten ondorioz edozein administrazio publikotako zerbitzutik baztertua ez izatea, eta ez egotea epai irmo baten bidez ezgaitua eginkizun publikoak betetzeko.

2.2. Aurreko arauetan ezarri diren baldintzak eskaerak aurkezteko epea bukatzen denean bete beharko dira, eta kontratazioa egin arte beteko dira.

3.–Eskaerak.

Eskabideak aurkezteko epea 10 egun baliodun igaro ondoren bukatuko da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita.

Hautaketa-prozesu honetarako inskripzioa telematikoki egin beharko da, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren egoitza elektronikoaren bidez, https://sedeelectronica.unavarra.es/sede/catalogo-de-procedimientos/todos/pruebas-selectivas-personal-investigador+ helbidean, “Hasi tramitea” botoia sakatuz.

“Erantsi fitxategiak” eremuan, dokumentu hauek erantsi beharko dira lanpostu kategoria bakoitzerako:

–Parte hartzeko eskabidea

–Nortasun Agiri Nazionalaren, AIZren edo pasaportearen fotokopia.

–Deialdian eskatzen den tituluaren fotokopia.

–Ikasketa espedientearen fotokopia, batez besteko nota zehaztuta.

–Curriculum vitaea, norberak egoki jotzen dituen merezimenduen egiaztagiriekin batera.

Parte hartzeko eskabide eredua esteka honetan dago:

http://www2.unavarra.es/gesadj/registroGeneral/instancias/recursos-humanos/contratacion-personal-investigador.pdf

4.–Izangaien onarpena.

4.1. Eskaerak aurkezteko epea bukatu eta gero, onartuen eta baztertuen behin behineko zerrenda argitaratuko da.

Eskatzaileetako inor baztertzen ez bada, lehiaketa publikorako onartu diren izangaien behin betiko zerrenda argitaratuko da.

4.2. Izangai baztertuek edo zerrendan azaldu ez direnek zilegi dute erreklamazioa egitea eta, akatsen bat badago, akatsak zuzentzea, behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo 5 egun balioduneko epean.

4.3. Eskaerak aurkezteko eta akatsak zuzentzeko epea bukatu eta gero, onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda argitaratuko da.

4.4. Izangaiak hautaketa prozesuan onartuen zerrendan egoteak edota 6.2 oinarriak aipatu hautaketa prozesua gainditu dutenen zerrendan egoteak ez du ekarriko inoiz ere unibertsitateak aitortzea betetzen dituztela deialdiko oinarrietan eskatu diren baldintza orokorrak edo bereziak. Kontratatzeko deitzen dituzten izangaiek ziurtatu eta egiaztatu beharko dituzte horiek, jatorrizko dokumentazioa aurkeztu beharko baitute kontratua sinatzen dutenean.

4.5. Parte hartzeko eskaerarekin batera aurkeztutako dokumentazioarekin alderaturik jatorrizko dokumentazioa okerra edo faltsua bada edo aurkeztu ez bada, kontratua sinatzeko ezintasuna eta kontratazio zerrendatik baztertzea ekarriko du, interesdunak berak sinatuko duen erantzukizunpeko adierazpenarekin bat etorriz.

5.–Hautaketa prozesua.

Izangaien merezimenduak balioetsiko dira, aurkeztutako dokumentazioarekin bat etorriz eta I. eranskineko baremoaren arabera.

Izangaiek eskabideak aurkezteko epea bukatzean dituzten merezimenduak bakarrik balioetsiko dira, eta gero lortutakoak ez dira kontuan hartuko. Hautapen Batzordeak inola ere ez du onartuko izangaiek alegatu ez duten edo agirien bidez frogatu ez duten merezimendurik, eta ezin izanen du apartatu bakoitzean adierazitako gehieneko puntuazioa baino handiagorik eman.

Adierazten diren merezimendu guztiak zuzenbidean baliozkoa den edozein baliabideren bidez frogatu behar dira.

Hautapen Batzordeko kide bakoitzak balioetsiko ditu izangaien merezimenduak. Azken puntuazioa izangai bakoitzari emandako puntuazioen batezbestekoa izanen da.

6.–Hautaketa prozesuaren ebazpena.

6.1. Izangaiek aurkeztutako merezimenduen balioespena amaitu eta gero, Hautapen Batzordeak Ikerketako errektoreordeari bidaliko dio hautaketa prozesua gainditu duten izangaien zerrenda, lortutako puntuazioekin.

6.2. Ikerketako errektoreordeak ebazpena emanen du hautaketa prozesua gainditu duten izangaien zerrenda onesteko, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren webgunean argitaratuko da.

6.3. Deialdi honetan sortutako kontratazio-zerrendaren eraginkortasuna Nafarroako Gobernuaren benetako finantzaketaren mende dago, eta, hala badagokio, proiektuak irauten duen denbora berean egonen da indarrean.

Indarrean dagoen bitartean, kategoria bera eta ia eginkizun berak dituzten langileak kontratatzeko premia sortzen denean ere erabiliko da kontratazio zerrenda hori, proiektu, kontratu, hitzarmen edo katedra baterako edo institutuko edo ikerketa taldeko funtsetarako izan, betiere hurrenkera ordena errespetatuz.

6.4. Deialdi honen ondoriozko kontratazio zerrendan egonik kontratu bat onartzen duten izangaiei ez zaie beste edozein lanpostutarako kontraturik eskainiko. Dena dela, eskainiko zaie baldin eta kontratua bukatzeko 15 egun edo gutxiago gelditzen badira.

7.–Hautapen batzordea.

Batzordeburua: María González de Audicana Amenabar doktorea, unibertsitateko irakasle titularra, Ingeniaritza Sailari atxikia, Ikerketako errektoreordeak delegatuta.

Idazkaria: Jesús Álvarez Mozos doktorea, unibertsitateko irakasle titularra, Ingeniaritza Sailari atxikia.

Batzordekidea: Miguel Ángel Campo Bescos doktorea, kontratupeko irakasle doktorea, Ingeniaritza Sailari atxikia.

Hautapen batzorde ordezkoa:

Batzordeburua: Javier Casalí Sarasibar doktorea, unibertsitateko katedraduna, Ingeniaritza Sailari atxikia.

Idazkaria: Rafael Giménez Díaz doktorea, kontratupeko irakasle doktorea, Ingeniaritza Sailari atxikia.

Batzordekidea: Mikel Goñi Garatea doktorea, kontratupeko irakasle doktorea, Ingeniaritza Sailari atxikia.

Hautapen Batzordearen jarduerak, une oro, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 2015eko urriaren 1eko 39/2015 Legeak eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren 2015eko urriaren 1eko 40/2015 Legeak ezartzen dutenaren arabera gauzatuko dira. Jakinarazpenak egiteko eta bestelako gorabeheretarako, Hautapen Batzordearen egoitza Nafarroako Unibertsitate Publikoko Administrazioko eta Kudeaketako eraikina izanen da.

8.–Datu pertsonalen babesa.

Nafarroako Unibertsitate Publikoak langileen kudeaketaren arloan antolatutako prozesuetan parte hartzeak interesdunen datuak tratatzea ekarriko du berekin. Datu horien tratamenduaren arduraduna Nafarroako Unibertsitate Publikoa da.

Datuen tratamendua aplikatzekoa zaion araudiari jarraikiz eginen da, hots, Datuak Babesteko 2016/679 EB Erregelamendu Orokorrari eta Datu Pertsonalak Babesteko 2018ko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoari jarraikiz. http://www.unavarra.es webgunean argitaratutako Tratamendu Jardueren Erregistroan kontsulta daiteke nola eginen den tratamendu hori, “giza baliabideak” atalean.

Tratatuko diren datuak batez ere hautaketa prozesuetako izangaienak eta NUPeko langileenak izanen dira; hauek hain zuzen ere: izena, deiturak, NANa, datu akademikoak eta profesionalak eta, beharrezkoa denean, bankuko datuak eta Gizarte Segurantzakoak, edo ondoren deskribatzen den xedea betetzeko beharrezkoak direnak.

Datuen tratamendua justifikatzen duen xedea hau da: hautapen prozedurak, mugikortasunekoak, egoera administratiboak, ziurtagiriak, edo Giza Baliabideen arloan NUPen eskumenekoak diren beste batzuk tramitatzea.

Xede horrek interes publikoa edo botere publikoa legitimatzen du, Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorraren 6.1.e) artikuluak ezartzen duen bezala. Hauek dira oinarri juridikoak, langileei buruzko beste arau batzuen artean: Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren Legearen testu bategina onesten duen 5/2015 Legegintzako Errege Dekretua, 2015eko urriaren 30ekoa, eta Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzura dauden Langileen Estatutuaren Testu Bategina onesten duen 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, 1993ko abuztuaren 30ekoa.

Datuak tratatzeko jarduerei dagokienez, interesdunek eskubidea dute datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezabatzeko, mugatzeko, haiei kontra egiteko eta transferitzeko. Horretarako, mezu bat bidali behar dute delegado.protecciondatos@unavarra.es helbidera, Datu Pertsonalak Babesteko Lege Organikoaren 11. artikulutik 18. artikulura bitartekoei jarraikiz. Desadostasunen bat izanez gero, Datuak Babesteko Espainiar Agentziara jo dezakete, https://www.aepd.es/ domeinuaren bidez.

9.–Errekurtsoak.

Hautapen Batzordeak erabakitzen dituen egintzen aurka, zilegi da gora jotzeko errekurtsoa jartzea errektorearen aurrean, hilabeteko epean, aurkatzen den egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

Deialdi honen aurka, haren oinarrien aurka eta beroriek aplikatzeko egintzen aurka, Hautapen Batzordeak egindakoak ez direnean, zilegi da ondoko errekurtsoetako bat jartzea, arau indardunekin bat etorriz:

a) Aukerako berraztertze-errekurtsoa errektorearen aurrean, hilabeteko epean, egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Nafarroako Administrazioarekiko Auzietako Epaitegietan, bi hilabeteko epean, egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aurrera.

I. ERANSKINA

Hautatzeko baremoa

ERABILIKO DEN BAREMOA ETA/EDO EGINEN DIREN PROBAK

1. APARTATUA: Ikasketa espedientea

Puntuak:

4

Titulazioaren ikasketa espedientea proportzionalki balioetsiko da, 4 punturekin gehienez ere.

Izangaia lizentziaduna edo ingeniaria bada edo 300 ECTSko gradua badauka, titulazioa 4 punturekin balioetsiko da gehienez ere.

Izangaia, unibertsitateko masterrarekin ere, 300 ECTS kreditura ailegatzen ez bada (gradua, ingeniaritza teknikoa edo diplomatura), 4 puntura bitarte balioetsiko da, proportzioan, titulazioaren eta unibertsitateko masterraren ECTS kredituen kopuruaren portzentaje erlatiboa aintzat hartuz.

Bi kasuetan, lortutako puntuazioa 1 faktorearekin biderkatuko da baldin eta izangaiaren titulazioa edo titulazioak basoen esparrukoak edo Informazio Geografikoko Sistemaren eta Teledetekzioaren esparrukoak badira, eta 0,5 faktorearekin, berriz, beste titulazio bat bada.

2. APARTATUA: Esperientzia Informazio Geografikoko Sistemetan eta Teledetekzioan

Puntuak:

2

Esperientzia egiaztagarria Informazio Geografikoko Sistemetan eta Teledetekzioan (LiDAR barne):

–Informazio Geografikoko Sistemekin eta Teledetekzioarekin loturiko kontratu profesionalak edo bekak izateagatik: 1 puntu jarduera urte bakoitzeko gehienez, edo parte proportzionala urtebetetik beherako aldietarako, garatu beharreko jarduerekin duen kidetasunaren arabera.

–Informazio Geografikoko Sistemekin eta Teledetekzioarekin loturiko Ikasketa Amaierako Lana egiteagatik: 1 puntu gehienez, garatu beharreko jarduerekin duen kidetasunaren arabera.

–Informazio Geografikoko Sistemekin eta Teledetekzioarekin loturiko artikulu zientifikoak argitaratzeagatik: 1 puntu gehienez, aldizkariak bere eremuan duen eraginaren eta garatu beharreko jarduerekin duen kidetasunaren arabera.

3. APARTATUA: Esperientzia basogintzan eta baso-aprobetxamenduan

Puntuak:

2

Esperientzia egiaztagarria basogintzan eta baso-aprobetxamenduan:

–Basogintzarekin eta baso-aprobetxamenduarekin loturiko kontratu profesionalak edo bekak izateagatik: 1 puntu gehienez jarduera urte bakoitzeko, edo parte proportzionala urtebetetik beherako aldietarako, garatu beharreko jarduerekin duen kidetasunaren arabera.

–Basogintzarekin eta baso-aprobetxamenduarekin loturiko Ikasketa Amaierako Lana egiteagatik: 1 puntu gehienez, garatu beharreko jarduerekin duen kidetasunaren arabera.

–Basogintzarekin eta baso-aprobetxamenduarekin loturiko artikulu zientifikoak argitaratzeagatik: 1 puntu gehienez, aldizkariak bere eremuan duen eraginaren eta garatu beharreko jarduerekin duen kidetasunaren arabera.

4. APARTATUA: Beste merezimendu batzuk

Puntuak:

2

–Ingelesezko ezagupenak: Espainiako Unibertsitateetako Errektoreen Konferentziak jasotako mailen arabera, honela balioetsiko dira: 1 puntu (C1 maila), 0,75 puntu (B2 maila), 0,5 puntu (B1 maila) eta 0,25 puntu (A2 maila).

–Esperientzia egiaztagarria programazioaren arloan (lehentasunez Python eta R) eta prozesuen automatizazioan: 1 puntu gehienez.

–Beste prestakuntza jarduera batzuk: 1 puntu gehienez, garatu beharreko jarduerekin duten kidetasunaren arabera.

Hautaketa prozesua gainditzeko eskatzen den gutxieneko puntuazioa 5 puntu da.

Hautaproben azken emaitzan gerta daitezkeen berdinketak 2. apartatuan puntuazio handiena atera dutenen alde ebatziko dira. Berdinketa badago, 3. apartatuan puntuazio handiena lortzen dutenen alde. Berdinketak jarraitzen badu, zozketaz erabakiko da.

Iragarkiaren kodea: F2007856