167. ALDIZKARIA - 2020ko uztailaren 29a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

145E/2020 EBAZPENA, ekainaren 26koa, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez partez onesten baita Sainz Ruiz SLk eskatutako luzapena, 2022ko urriaren 25era arte, honako proiektu hau bukatu eta martxan jartzeko: gizentzeko oilaskoen toki kopurua 135.800etik 279.000ra handitzeko proiektua. Proiektuari ingurumen baimen integratua eman zitzaion Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren urriaren 25eko 666E/2017 Ebazpenaren bidez.

Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren urriaren 25eko 666E/2017 Ebazpenaren bidez, ingurumen baimen integratu berria eman zen, gauzatu ahal izateko gizentzeko oilaskoen toki kopurua 135.800etik 279.000ra handitzeko proiektua; izan ere, funtsezko aldaketa ekarri zuen hegazti-instalazioan.

Titularrak 2020ko otsailaren 21ean aurkeztu zuen handitzeko proiektu horren lehen nabea martxan jartzearen gaineko erantzukizunpeko adierazpena, non aurreikusten baitzen hiru nabe berri eraikitzea. Horrekin batera, titularrak eskatu zuen gauzatzeko epea luzatzeko, proiektuan sarturiko gainerako nabeak eraiki ahal izateko.

Titularrak azaldu du ezen hegaztien ustiategi asko eraiki direla azkeneko bi urteetan, merkatuan ziurgabetasuna dagoelako gaur egun, eta lana ematen dion abeltzaintza-taldeak adierazi duela gaur-gaurkoz ez duela onartuko hegaztien ustiategi gehiagorik sartzea taldean. Hori dela eta, bestelako egutegi bat aurreikusi du urriaren 25eko 666E/2017 Ebazpenaren bidez baimenduriko instalazioa eraikitzeko, honela: 2. nabea, 2022ko udaberri-udan eraikitzekoa, eta 3. nabea, 2024ko udaberri-udan eraikitzekoa.

Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren abenduaren 23ko 448/2014 Foru Aginduaren 11.1 artikuluan ezartzen denez, lau urteko epea izanen da, ingurumen baimen integratua ematen denetik hasita, proiektua gauzatzeko eta jarduera martxan jartzeko, eta posible izanen da gehienez ere beste urtebetez luzatzea epe hori, arrazoi aski justifikatuak baldin badaude.

Uste dugu titularrak azaldutako arrazoiek behar bezala justifikatzen dutela egindako eskaera, eta ikusirik 2017ko urriaren 25ean eman zela ingurumen baimen integratua, bidezkoa da luzapen bat ematea proiektua gauzatzeko eta jarduera martxan jartzeko, baina luzatutako epe hori 2022ko urriaren 25ean bukatuko da.

Horrenbestez, titularrak aldatu beharko du eraikitzeko aurreikusi zuen egutegia, proiektua bukatua izateko 2022ko urriaren 25ean. Egun horretatik aurrera, iraungitzat eta ondoriorik gabekotzat joko da ingurumen baimen integratua, zati batean, baldin eta mugaegun horretan proiektuaren zatiren bat gauzatu eta martxan jarri gabe badago.

Ebazpenaren proposamena instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean egon da 30 egunez. Ebazpen honen eranskinean jaso dira titularrak aurkeztu dituen alegazioen zerrenda eta haiei emandako erantzunak.

Horrenbestez, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretuaren laugarren xedapen gehigarriak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32.1.g) artikuluan ezarritakoarekin bat,

EBAZTEN DUT:

Lehenbizikoa.–Partez onestea Sainz Ruiz SLk eskatutako luzapena, 2022ko urriaren 25era arte, honako proiektu hau bukatu eta martxan jartzeko: gizentzeko oilaskoen toki kopurua 135.800etik 279.000ra handitzeko proiektua. Proiektuari ingurumen baimen integratua eman zitzaion Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren urriaren 25eko 666E/2017 Ebazpenaren bidez.

Bigarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Hirugarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.

Laugarrena.–Ebazpen hau igortzea Sainz Ruiz SLra, Deierriko Udalera, Abeltzaintza Zerbitzura, Lurralde eta Paisaia Zerbitzura, Ingurumena Zaintzeko Atalera eta Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzura, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2020ko ekainaren 26an.–Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña), Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuan, eta Nafarroako Gobernuaren webgunean, helbide honetan: http://www.navarra.es/home_es/Temas/Medio+Ambiente/Evaluacion+ambiental/Autorizaciones+ambientales/

Iragarkiaren kodea: F2006883