167. ALDIZKARIA - 2020ko uztailaren 29a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza

1563/2020 EBAZPENA, ekainaren 25ekoa, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez deialdiak onesten baitira, hautaproben bidez osa daitezen Nafarroako Administrazio Auzitegiko kide izateko izangaien bi zerrenda: bata, bitarteko izendapenerako, eta bestea, aldi baterako kontratazioak egiteko.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Nafarroako Administrazio Auzitegiak dituen langile beharrak ikusirik, bidezkoa da deialdi bat onestea hautaproben bidez honako zerrenda hauek osatzeko: batetik, izangaien zerrenda bat Nafarroako Administrazio Auzitegiko kide izateko bitarteko izendapenaren bidez, eta, bestetik, beste zerrenda bat, aipatutako lanpostuan aldi baterako kontratudun gisa aritzeko. Zerrenda horiek Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Nafarroako Administrazio Auzitegian sortzen diren beharrei erantzuteko erabiliko dira.

Nafarroako Administrazio Auzitegiaren Erregelamendu Organikoa onesten duen otsailaren 9ko 31/1998 Foru Dekretuak ezartzen duenarekin bat, aldi baterako kontratazioa egin baino lehen, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak eta bere erakunde autonomoek Nafarroako Administrazio Auzitegiko kidea izateko lanpostua haren funtzionarioei eskainiko diete (izendatuak izan direnei A mailako lanpostu bat betetzeko, zeinarentzat eskatu baitzaie berariaz Zuzenbideko lizentzia edo gradua titulua), bitarteko izendapenaren araubidean betetzeko.

Deialdi hauek honako hauetan ezarritakoari jarraikiz onesten dira: Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua; Nafarroako Administrazio Auzitegiaren Erregelamendu Organikoa onesten duen otsailaren 9ko 31/1998 Foru Dekretua; ekainaren 5eko 113/1985 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduaren 42.2.c) artikulua; eta Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariak aldi baterako kontratazioa kudeatzeko arauak onesteko abenduaren 31n emandako 814/2010 Foru Agindua.

Horrenbestez, eta otsailaren 21eko 30/2005 Foru Dekretuaren bidez esleiturik ditudan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Deialdiak onestea hautaproben bidez osa daitezen izangaien bi zerrenda, Nafarroako Administrazio Auzitegiko kide izateko: bata, bitarteko izendapenerako, eta bestea, aldi baterako kontratazioak egiteko. Zerrenda horiek Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Nafarroako Administrazio Auzitegian sortzen diren beharrei erantzuteko erabiliko dira.

2. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara daitezela agintzea.

3. Ebazpen hau eta eranskinak jakinaraztea Lehendakaritzaren Zuzendaritza Nagusiko Langileriaren Kudeaketako Zerbitzuari, Argibide eta Erregistro Bulegoari eta epaimahaiko kideei, behar diren ondorioak izan ditzaten.

I.–DEIALDIA, IZANGAIEN ZERRENDA BAT EGITEKO, NAFARROAKO ADMINISTRAZIO AUZITEGIKO KIDE IZATEKO BITARTEKO IZENDAPENAREN BIDEZ

Hona hemen deialdiaren oinarriak:

Lehena.–Deialdiaren xedea.

1.1. Deialdia egiten da, izangaien zerrenda bat egiteko, Nafarroako Administrazio Auzitegiko kide izateko bitarteko izendapenaren bidez, sortzen diren beharrei aurre egiteko. Hauek izanen dira deialdia zuzenduko duten arauak: Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, Nafarroako Administrazio Auzitegiaren Erregelamendu Organikoa onesten duen otsailaren 9ko 31/1998 Foru Dekretua, eta hura garatzen duten gainerako arauak.

1.2. Bitarteko gisa izendatuek Nafarroako Administrazio Auzitegiko kideen eginkizunak izanen dituzte.

Bigarrena.–Parte-hartzaileen betebeharrak.

2.1. Deialdi honetan parte hartu nahi duten izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte eskabideak aurkezteko epea bukatzen denean:

a) Nafarroako Foru Komunitateko eta haren erakunde autonomoetako funtzionarioa izatea.

b) A mailako lanpostu finko batean behin betiko aritzeko izendatua izatea, eta lanpostuan sartzeko Zuzenbideko lizentziadun edo gradudun titulua berariaz eskatu izana.

c) Ez egotea borondatezko edo nahitaezko eszedentzian.

2.2. Oinarri honetako baldintza guztiak eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean bete beharko dira, baita hautapen prozedura osoan, dei egiten zaien unean eta bitarteko izendapen aldiak iraun bitartean ere.

Hirugarrena.–Parte hartzeko eskabidea eta aurkeztu beharreko agiriak.

3.1. Hautapen prozedura honetan parte hartu nahi dutenek II. eranskinean jasotzen den eskabidea erabili beharko dute eskaera egiteko.

Eskabide hori interesdunen eskura dago Interneteko www.nafarroa.eus helbidean, deialdiaren fitxan, deialdiaren estekatik abiatuta.

Parte hartzeko eskabidean, interesdunek adierazi behar dute baldintza guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.

3.2. %33ko desgaitasuna edo handiagoa izanik parte hartzen dutenek horren berri eman beharko dute eskabidean; gainera, organo eskudunak emandako dokumentazioa erantsi beharko dute, eskaneaturik, hori frogatzeko.

Halaber, beharrezkotzat jotzen dituzten denbora edo baliabide egokitzapenak eskatzen ahalko dituzte. Kasu horretan, eskabidean adierazi egin beharko dute, eta, horrez gainera, aparteko orri batean zehaztu zer egokitzapen eskatzen duten. %33ko desgaitasuna edo handiagoa duten pertsona horiek Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziara bideratuko dira, proba egiteko denbora eta baliabide aldetik behar dituzten egokitzapenak zehazteko.

Laugarrena.–Eskaerak nola eta noiz aurkeztu.

Deialdietarako arau komunen lehenbiziko eta bigarren oinarrietan ezarritako bitartekoak erabiliz eta epean aurkeztuko dira deialdian parte hartzeko eskabideak.

Bosgarrena.–Hautapen prozesua nola eginen den eta haren balorazioa.

Deialdietarako arau komunen bosgarren oinarrian xedatutakoarekin bat eginen da hautapen prozesua.

II.–DEIALDIA, IZANGAIEN ZERRENDA BAT EGITEKO, NAFARROAKO ADMINISTRAZIO AUZITEGIKO KIDE IZATEKO ALDI BATERAKO KONTRATAZIOAREN BIDEZ

Hona hemen deialdiaren oinarriak:

Lehenbizikoa.

Deialdia egiten da, izangaien zerrenda bat egiteko, hautaprobaren bidez, Nafarroako Administrazio Auzitegiko kide izateko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Nafarroako Administrazio Auzitegian sortzen diren beharrei behin-behineko estaldura emateko.

Aldi baterako kontratatuak izateko izangaien zerrenda hori erabili baino lehen, otsailaren 9ko 31/1998 Foru Dekretuan xedatutakoaren arabera prestatu diren edo etorkizunean prestatzen diren bitarteko izendapenerako langile finkoen zerrendak erabiliko dira.

Bigarrena.–Parte-hartzaileen betebeharrak.

2.1. Deialdi honetan parte hartu nahi duten izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte eskabideak aurkezteko epea bukatzen denean:

a) Espainiako nazionalitatea izatea.

b) Hamasei urte beteak izatea eta erretiroa nahitaez hartzeko gehieneko adina gainditua ez izatea.

c) Zuzenbide unibertsitateko gradudun edo lizentziadun titulua izatea, edo horien baliokidetzat jotzen den beste titulu bat.

Tituluak atzerrian lortu badira, homologatuta daudela frogatzen duten frogagiriak eduki beharko dira.

d) Behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea bete behar diren eginkizunetan aritzeko.

e) Dagozkion eginkizun publikoak betetzeko desgaiturik edo bazterturik ez egotea eta administrazio publikoren bateko zerbitzutik bereizia ez izatea.

2.2. Oinarri honetako baldintza guztiak eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean bete beharko dira, baita hautapen prozedura osoan, dei egiten zaien unean eta kontratazioak iraun bitartean ere.

Hirugarrena.–Parte hartzeko eskabidea eta aurkeztu beharreko agiriak.

3.1. Hautapen prozedura honetan parte hartu nahi dutenek III. eranskinean jasotzen den eskabidea beteta aurkeztu beharko dute.

Eskabide hori interesdunen eskura dago Interneteko www.nafarroa.eus helbidean, deialdiaren fitxan, deialdiaren estekatik abiatuta.

Parte hartzeko eskabidean, interesdunek adierazi behar dute baldintza guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.

3.2. Parte hartzeko eskabidearekin batera, izangaiek honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:

a) Nortasun agiri nazionalaren edo nortasun agiri baliokidearen kopia eskaneatua.

Dena dela, parte-hartzaileek, eskabidean horretarako gaitutako laukitxoan, baimena ematen ahalko diote Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari beren identitatearen eta adinaren inguruko datuak kontsultatzeko, datu horiek beharrezkoak baitira espedientea tramitatu eta ebazteko. Datuak Egiaztatu eta Kontsultatzeko Estatuko Administrazio Orokorraren Zerbitzuen bidez (SVCD) kontsultatuko dira datuak, edo beste sistema baliokide baten bidez. Kasu horretan, ez da beharrezkoa izanen nortasun agiri nazionalaren fotokopia edo nortasun agiri baliokidearena aurkeztea.

Desadostasunik sortzen bada ofizioz egiaztatutako datuen eta interesdunak deklaratzen dituenen artean, edo haien gaineko alderdiren bat argitu behar bada, behar den errekerimendua eginen da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68.1 artikuluan ezarritakoaren arabera.

b) %33ko desgaitasuna edo handiagoa izanik parte hartzen dutenek horren berri eman beharko dute eskabidean; gainera, organo eskudunak emandako dokumentazioa erantsi beharko dute, eskaneaturik, hori frogatzeko. Halaber, beharrezkotzat jotzen dituzten denbora edo baliabide egokitzapenak eskatzen ahalko dituzte. Kasu horretan, eskabidean adierazi egin beharko dute, eta, horrez gainera, aparteko orri batean zehaztu zer egokitzapen eskatzen duten.

%33ko desgaitasuna edo handiagoa duten pertsona horiek Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziara bideratuko dira, proba egiteko denbora eta baliabide aldetik behar dituzten egokitzapenak zehazteko.

3.3. Bigarren oinarriko 2.1.c) apartatuan eskatzen den titulazio betebeharra agiri bidez frogatu beharko da lanerako deia egiten denean, deialdietako arau komunen zazpigarren oinarrian ezarritakoarekin bat.

3.4. Izangaiek aurkezten duten dokumentazioak ez du zertan izan jatorrizkoa edo fotokopia konpultsatua; hortaz, dokumentu horien kopia arruntak aurkezten ahalko dira.

Hala ere, Administrazioak noiznahi eskatzen ahalko ditu parte hartzeko eskabidearekin batera aurkeztutako dokumentazioaren jatorrizkoak edo fotokopia konpultsatuak.

Laugarrena.–Eskaerak nola eta noiz aurkeztu.

Deialdietarako arau komunen lehenbiziko eta bigarren oinarrietan ezarritako bitartekoak erabiliz eta epean aurkeztuko dira deialdian parte hartzeko eskabideak.

Bosgarrena.–Hautapen prozesua nola eginen den eta haren balorazioa.

Deialdietarako arau komunen bosgarren oinarrian xedatutakoarekin bat eginen da hautapen prozesua.

III.–BI DEIALDIETARAKO ARAU KOMUNAK

Lehenbizikoa.–Eskabideak aurkeztea.

Parte hartzeko eskabidea telematika bidez aurkeztu beharko da, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan. Erregistro hori Nafarroako Gobernuaren Interneteko web atarian dago (www.nafarroa.eus), deialdiaren fitxan.

Halaber, deialdian parte hartzeko eskabideak Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorrean aurkezten ahalko dira,edo beste edozein erregistro bulegotan (zerrenda Nafarroako Gobernuaren Interneteko web orrian ageri da: www.nafarroa.eus), edo, bestela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan adierazitako bideren bat erabiliz.

Eskaera posta bulego batean aurkeztuz gero, gutun-azal ireki batean aurkeztuko da, postako langileek data eta zigilua jar diezazkioten eskabideari, ziurtatu aurretik.

Bigarrena.–Eskaerak aurkezteko epea.

Bi deialdietan, parte hartzeko eskabideak aurkezteko epea hamar egun baliodunekoa izanen da, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Hirugarrena.–Izangaien onarpena.

3.1. Behin-behineko zerrendak.

Eskabideak aurkezteko epea bukaturik, Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiak ikusgai jarriko ditu deialdietan onartu eta baztertu diren izangaien behin-behineko zerrendak, Nafarroako Gobernuaren web-orrian (www.nafarroa.eus) eta iragarki-taulan (Iruñeko Karlos III.aren etorbidea 2, atalondoa, Iruña).

Zerrenda horien kontra, interesdunek erreklamazioak aurkezten ahalko dituzte, edo eskabidean egindako akatsak zuzendu, idazki bat aurkeztuta Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiko Langileen Kudeaketarako Zerbitzuari, hura argitaratu eta biharamunetik hamar egun balioduneko epean.

Izangai bazterturik ez bada, onartuen zerrendak behin betiko onetsiko dira zuzenean.

3.2. Behin betiko zerrendak.

Erreklamazioak edo zuzenketak aurkezteko epea bukaturik eta haien gainean ebatzi ondoren, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak, ebazpen baten bidez, izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrendak onetsi eta argitara emanen ditu Nafarroako Gobernuaren web-orrian (www.nafarroa.eus) eta iragarki-taulan (Karlos III.aren etorbidea 2, atalondoa, Iruña), bertan adierazita noiz eta non eginen den deialdian ezarritako proba teorikoa.

Onartuen zerrendetan agertzea ez da aski deialdi honetan eskatutako baldintzak betetzen direla aitortzeko. Izangaiek aurkeztu behar duten dokumentazioa edo Administrazioak bere eskuetan daukana aztertuta, baldintzaren bat betetzen ez dela ohartuz gero, interesdunek deialdian parte hartzeagatik dituzten eskubide guztiak galduko dituzte.

3.3. Izangai onartu eta baztertuen zerrendak argitaratzearekin ulertuko da interesdunei egin beharreko jakinarazpena egin dela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45. artikuluan ezarritakoarekin bat.

Laugarrena.–Kalifikazio epaimahaia.

4.1. Kalifikazio epaimahaia honako hauek osatuko dute:

–Epaimahaiburua: María Asunción Erice Echegaray andrea, Nafarroako Administrazio Auzitegiko burua.

Ordezkoa: Javier Martínez Eslava jauna, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentuko idazkari tekniko nagusia.

–Epaimahaikidea: María Jesús Balana Asurmendi andrea, Nafarroako Administrazio Auzitegiko Bigarren Ataleko burua.

Ordezkoa: Gabriel Casajús Gavari jauna, Nafarroako Administrazio Auzitegiko Hirugarren Ataleko burua.

–Epaimahaikidea: María García Unciti andrea, Nafarroako Administrazio Auzitegiko idazkaria.

Ordezkoa: María Pilar Zapico Revuelta, Barne Zuzendaritza Nagusiko Araubide Juridikoaren Zerbitzuko zuzendaria.

–Epaimahaikidea: Carlos Bolea Aguilar jauna, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Langileen Batzordearen ordezkaria.

Ordezkoa: César Valencia Guembe jauna, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Langileen Batzordearen ordezkaria.

–Epaimahaikide-idazkaria: Miguel José Izu Belloso jauna, Nafarroako Administrazio Auzitegiko kidea.

Ordezkoa: Jon Ander Pérez.

Ilzarbe Saragüeta jauna, Nafarroako Administrazio Auzitegiko kidea.

4.2. Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legean abstentziorako aipatzen diren arrazoietako bat gertatzen denean, kalifikazio epaimahaiko kideek ezin izanen dute epaimahaian parte hartu, eta Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiari jakinarazi beharko diote.

Halaber, zilegi da epaimahaikideak errekusatzea, inguruabar horietako bat gertatzen denean.

4.3. Hautaproba egiten hasi aurretik eratuko da epaimahaia.

Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, gutxienez ere kideen gehiengo osoa bertan ez bada. Halaber, epaimahaiaren eraketak eta jardunak balio izateko, epaimahaiburu eta idazkari lanak egiten dituzten pertsonek edo haien ordezkoek bertan egon beharko dute.

4.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdietako oinarrien interpretazioaren eta aplikazioaren inguruan sortzen diren arazoak.

4.5. Epaimahaiak aholkulari espezialistak hartzen ahalko ditu probarako, eta horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diete laguntza epaimahaikoei.

Bosgarrena.–Proba.

5.1. Hautapen prozesua proba teoriko-praktiko baten bidez eginen da. Proba horretan Nafarroako Administrazio Auzitegiaren eskumen diren gai juridikoiei buruz epaimahaiak planteatzen dituen bi kasu idatzi eta ebatzi beharko dira. Gaiok ebazpen honen I. eranskinean ageri den gaitegikoak izanen dira.

Proba hau egiteko 5 ordu izanen dira gehienez.

Proba egiteko, izangaiek zilegi edukiko dute nahi dituzten lege testuak kontsultatzea, paper formatuan, baina iruzkin doktrinal edo jurisprudentzialik gabeak. Izangai bakoitzak eramanen ditu bere testuak. Proba egiteko unean, epaimahaiak mugak ezartzen ahal ditu testuen erabileran. Ez da erabiltzen ahal beste edozein testu edo dokumentazio, ezta gailu elektronikorik edo bestelako materialik ere, mutur lodiko boligrafo urdina edo beltza izan ezik.

Plika sistemaren bidez eginen da ariketa.

5.2. Probak 100 puntuko kalifikazioa izanen du, gehienez ere. Bazterturik geldituko dira gehieneko puntuazioaren %30 lortzen ez duten izangaiak.

5.3. Probarako dei bakarra eginen da. Parte-hartzaileek nortasun agiri nazionala, pasaportea, gidabaimena edo epaimahaiak askiesten duen beste nortasun agiri bat aldean dutela agertu beharko dute proba egitera. Nor diren frogatzen ez dutenak edo agertzen ez direnak baztertu eginen dira.

5.4. Proba egiteko, desgaitasun aitorturen bat dutenentzat bidezkoak diren denbora eta baliabide egokitzapenak jarriko dira, eskabidean azaldutakoaren arabera.

Seigarrena.–Emaitzak.

6.1. Proba kalifikatzen bukatu ondotik, epaimahaiak Nafarroako Gobernuaren web-orrian (www.nafarroa.eus) eta iragarki-taulan argitaratuko ditu lortutako puntuazioak, eta bost egun balioduneko epea emanen du emaitzei buruzko alegazioak egiteko.

6.2. Behin alegazioetarako epea iraganik, eta horiek ebatzirik, parte-hartzaileen puntuazioetan berdinketarik izanez gero, epaimahai kalifikatzaileak zozketa bakar bat eginen du hura hausteko. Berdindutako izangai guztien artean, bat ausaz hautatuko da. Berdinketa guztiak hurrenkera alfabetikoari jarraikiz deseginen dira, abiapuntu harturik zozketa horretan hautatzen den izangaiaren abizenak eta izena. Emaitzak Nafarroako Gobernuaren web orrian eta iragarki taulan jarriko dira jendaurrean.

6.3. Aurkeztutako alegazioak eta berdinketak ebatzita, epaimahaiak honako zerrenda hauek argitaratuko ditu, bereizita, Nafarroako Gobernuaren web-orrian (www.nafarroa.eus) eta iragarki-taulan:

–Izangaien zerrenda, bitarteko izendapenerako deialdiaren hautapen prozesua gainditu dutenena, guztira lortutako puntuen hurrenkeraren arabera eta berdinketak ebatzita.

–Izangaien zerrenda, aldi baterako kontratatuak izateko deialdiko hautapen prozesua gainditu dutenena, guztira lortutako puntuen hurrenkeraren arabera eta berdinketak ebatzita.

6.4. Oinarri honetan ezarritako jarduketak bukaturik, epaimahaiak Funtzio Publikoko zuzendari nagusiari igorriko dizkio proba gainditu duten izangaien zerrendak, onets ditzan. Zerrendekin batera, hautapen prozesuaren espediente osoa ere bidaliko dio.

Zazpigarrena.–Nafarroako Administrazio Auzitegiko kide aritzeko izangaien zerrendak eta deia.

7.1. Hautapen prozesuaren espediente osoa jaso ondoren, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak ebazpen baten bidez onetsiko ditu izangaien zerrendak. Ebazpen hori argitara emanen da Nafarroako Gobernuaren Interneteko web-orrian (www.nafarroa.eus) eta iragarki-taulan.

7.2. Bitarteko izendapenerako deialdiaren zerrendako izangaiak lanean aritzeko deia zerrendan dauden ordenaren arabera eginen da, arau hauek ezartzen dutenari jarraiki: Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 32. artikulua eta Nafarroako Administrazio Auzitegiaren Erregelamendu Organikoa onesten duen otsailaren 9ko 31/1998 Foru Dekretuaren 27. artikulua.

7.3. Izangaiei aldi baterako kontratatzeko dei egiten zaienean eta, hala bada, kontratatzerakoan, arau hauetan ezarritakoari jarraituko zaio: Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 88. artikulua eta hurrengoak; deialdi honetako oinarriak; aldi baterako kontratazioa kudeatzeko arauak onesteko Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariak abenduaren 31n eman zuen 814/2010 Foru Agindua, eta aplikatzekoak diren gainerako arauak.

Izangaiei lanerako deia egiten zaienean, aintzat hartuko da, orobat, Nafarroako Administrazio Publikoetako Langileen Estatutuaren testu bateginaren zazpigarren xedapen gehigarrian, 4. apartatuan, ezarritakoa, non arautzen baitira desgaitasunen bat duten pertsonek Nafarroako Administrazio Publikoetan enplegua lortzeko xehetasunak.

7.4. Lanerako deia jasotzen dutenek eskatutako betebeharrak betetzen dituztela frogatzeko agiriak aurkeztu beharko dituzte; horretarako, Zuzenbideko lizentziaren edo unibertsitateko gradudun tituluaren fotokopia aurkeztu beharko dute, edo horien baliokidetzat hartutako beste batena, edo titulua eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekinarena, edo, bestela, eskabideak aurkezteko epea bukatu baino lehen titulua lortzeko moduan egon izanaren gaineko ziurtagiria.

Izangaiek aurkezten duten dokumentazioak ez du zertan izan jatorrizkoa edo fotokopia konpultsatua; hortaz, dokumentu horien fotokopia arruntak aurkezten ahalko dira.

Hala ere, Administrazioak noiznahi eskatzen ahalko dizkie izangaiei aurkeztutako dokumentazioaren jatorrizkoak edo fotokopia konpultsatuak.

7.5. Eskatutako baldintzak betetzen ez dituzten pertsonak hautapen prozesutik baztertu eginen dira, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez, eta deialdi honetan parte hartzeagatik izan ditzaketen eskubide guztiak galduko dituzte.

Zortzigarrena.–Errekurtsoak.

Kalifikazio epaimahaiak ematen dituen egintzen eta ebazpenen kontra gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritu nahi den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

Deialdiaren, oinarrien eta oinarriak aplikatzeko egintzen kontra, kalifikazio epaimahaiak hartutakoen kontra izan ezik, zilegi izanen da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariari zuzendua, errekurritu nahi den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

Hori guztia Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126. artikuluan xedatutakoarekin bat eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei jarraikiz.

Iruñean, 2020ko ekainaren 25ean.–Funtzio Publikoko zuzendari nagusia, Amaia Goñi Lacabe.

I. ERANSKINA

Gai-zerrenda

1.–Espainiako Konstituzioa.

2.–13/1982 Lege Organikoa, abuztuaren 10ekoa, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzkoa.

3.–39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa.

4.–40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, zeinaren bidez jorratzen baita Sektore Publikoaren Araubide Juridikoa.

5.–29/1998 Legea, uztailaren 13koa, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duena.

6.–7/1985 Legea, apirilaren 2koa, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituena.

7.–Toki Entitateen Antolaketaren, Funtzionamenduaren eta Araubide Juridikoaren gaineko Erregelamendua (azaroaren 28ko 2568/1986 Errege Dekretuaren bidez onetsia).

8.–6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa.

9.–Nafarroako Toki Entitateetako Ondasunen gaineko Erregelamendua (urriaren 18ko 280/1990 Foru Dekretuaren bidez onetsia).

10.–2/2018 Foru Legea, apirilaren 13koa, Kontratu Publikoei buruzkoa.

11.–Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina (uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsia).

12.–4/2005 Foru Legea, martxoaren 22koa, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzkoa.

13.–Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina (abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsia).

14.–2/1995 Foru Legea, martxoaren 10ekoa, Nafarroako Toki Ogasunei buruzkoa.

15.–12/2006 Foru Legea, azaroaren 21ekoa, Nafarroako Lurralde Aberastasunaren Erregistroari eta Katastroei buruzkoa.

16.–18/1986 Foru Legea, abenduaren 15ekoa, Euskarari buruzkoa.

17.–Nafarroako Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorra.

18.–Nafarroako Administrazio Auzitegia. Urriaren 18ko 279/1990 Foru Dekretuaren II. kapitulua (dekretu horrek hein batean garatzen du Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea, Nafarroako toki entitateen egintza eta erabakien inpugnazioari dagokionez).

Oharra: gai guztiak deialdi hauek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen diren egunean indarra duen legediaren arabera eskatuko dira.

II. ERANSKINA

Eskabidea, bitarteko izendapenerako (PDFa).

III. ERANSKINA

Eskabidea, aldi baterako kontrataziorako (PDFa).

Iragarkiaren kodea: F2006985