141. ALDIZKARIA - 2020ko ekainaren 26a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

126E/2020 EBAZPENA, ekainaren 6koa, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez baimena ematen baita zerri azienda instalazio batean aldaketa nabarmena egiteko. Instalazioaren titularra da Granja Los Alecos SL eta Zangozako udal mugartean dago.

Instalazio horrek badu Ingurumen baimen integratua, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak apirilaren 30eko 869/2008 Ebazpenaren bidez emana, gero Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren 223E/2014 Ebazpenaren bidez aldatua.

2019ko maiatzaren 22an, titularrak instalazioa aldatzeko proiektuaren berri eman zuen, hasierako gizentzerik gabeko zerrikumeen produkziorako ustiategi bihurtzeko (zerramentzako 4.200 plaza). Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak 2019ko ekainaren 6an emandako irizpenaren arabera, aldaketa hori ez da funtsezkoa, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Legea garatzen duen Erregelamenduaren 25. artikuluan ezarritako irizpideei jarraikiz (erregelamendu hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen). Horregatik, ez da beharrezkoa ingurumen baimen integratu berria ematea. Baina, irizpide horren arabera, aldaketa “nabarmena” da, aldaketa handiak ekartzen baititu instalazioaren funtzionamendu baldintzetan. Hortaz, aldaketak ingurumen baimen integratuan jaso behar dira, eta hura aldatu.

2020ko urtarrilaren 13an, titularrak ingurumen baimen integratua aldatzeko eskatu zuen, dagokion proiektua gauzatu ahal izateko; hau da, abeltzaintzako jarduera aldatu eta hasierako gizentzerik gabeko zerrikumeen ustiategi bihurtzeko, egungo azienda-karga mantenduta (1.080,10 Azienda Larriko Unitate). Horretarako, eraikiko da umatzeko beste nabe bat (17.etik 30.era bitarteko umatze-nabea), handituko da konfirmatutako 9. nabea, kenduko dira zenbait eraikin (1.tik 3.era bitarteko parkeak, 40. taldea, 6. taldea eta aurrerakoen hazkuntza), eta hasierako gizentzeko zerrikumeen nabeak eta hautaketako gizentze nabeak bihurtuko dira tanpoi eta aurrerako hazkuntza nabe, zerramak ordezteko.

Espedientea tramitatu da Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 29. artikuluan ezarritako prozedurari jarraikiz. Erregelamendu hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen.

Lurzoru urbanizaezinean baimenduta dagoen jarduketa bat denez, hura udalaren eskumenean gelditzen da, eta ez du lurzoru urbanizaezinean jarduteko baimenik behar (Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikulua), deusetan galarazi gabe beste organo edo administrazio batzuen lizentzia edo, hala badagokio, baimena lortu beharra, eta baztertu gabe tramite horietan organo eskudunak baloratzea sektoreko araudia eta lurraldearen antolamendurako tresnak betetzen diren.

Ebazpen proposamena instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean egon da hamar egunez. Titularrak aurkeztutako alegazioak ohartarazpen batzuk izan dira, eta baliagarriak izan dira ebazpen honen eranskinetako testua egokitzeko.

Adierazitakoarekin bat, eta Ingurumeneko zuzendari nagusiaren azaroaren 8ko 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordeturik ditudan eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehendabizikoa.–Baimena ematea aldaketa nabarmena egiteko zerri azienda instalazio batean, zeinaren titularra baita Granja Los Alecos SL, Zangozako udal mugartean kokatua, gauza dadin hasierako gizentzerik gabeko zerrikumeen produkziorako ustiategi bihurtzeko proiektua (zerramentzako 4.200 plaza). Hortaz, instalazioak eta jarduerak berak bete beharko dituzte Ingurumen baimen integratuaren administrazio espedienteetan adierazitako baldintzak, eta, gainera, ebazpen honen eranskinetan adierazitako baldintzak eta neurriak.

Bigarrena.–Abeltegiko simaurrak sortu eta kudeatzeko 2160040974/1/5 Plana onestea. Ebazpen honen V. eranskinean dago.

Hirugarrena.–Atmosferara emisioak egiteko baimena ematea, zeina jasota baitago Airearen Kalitateari eta Atmosfera Babesteari buruzko azaroaren 15eko 34/2007 Legearen 13.2 artikuluan, bat etorriz Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren abenduaren 23ko 448/2014 Foru Aginduaren 5. artikuluan xedatutakoarekin. Ingurumen baimen integratuaren I. eranskinean jasotzen da instalazioak zer emisio egiten ahalko dituen atmosferara eta zer baldintza bete beharko dituen. Baimenak zortzi urteko indarraldia izanen du, eta epe hori igarotakoan, berritzeko aukera izanen da iraupen bereko epeetarako. Atmosferara egiten diren emisioetan izandako edozein aldaketa jakinarazi beharko zaio Nafarroako Gobernuko Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuari.

Laugarrena.–Aldaketa funtzionamenduan hasi baino lehen, titularrak abian jartzearen gaineko erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko du Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren abenduaren 23ko 448/2014 Foru Aginduaren 16. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Bosgarrena.–Proiektuari hasiera emateko eta jarduera martxan jartzeko epeak izanen dira ezarrita daudenak Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren abenduaren 23ko 448/2014 Foru Aginduaren 11. artikuluan. Bestela, aldaketa nabarmenaren baimena iraungitzat emanen da, eta ez du inolako ondoriorik izanen. Orobat, aipatutako epeetan bete ez diren aldaketaren zatiak gauzatzeko eta martxan jartzeko, instalazioa aldatzeko espediente bat tramitatu beharko da.

Seigarrena.–Titularrak proiektua gauzatu dela adierazten duen erantzukizunpeko adierazpena aurkezten duen egunetik hasiko dira aplikatzen ebazpen honetan ezarritako baldintzak, eta, zeinahi kasutan, aldaketa abian jartzen den unetik. Bien bitartean, indarrean dagoen ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak aplikatuko dira.

Zazpigarrena.–Martxan jartzearen gaineko erantzukizunpeko adierazpenarekin batera, titularrak honako agiri hauek aurkeztu beharko ditu:

a) Instalazioan ingurumena kudeatzeko ezarrita dagoen sistema.

b) Titularraren adierazpen bat, non konpromisoa hartuko baitu lurzorua jatorrizko egoerara lehengoratzeko gehienez ere bost urteko epean, baimendutako jarduera bertan behera uzten bada.

Zortzigarrena.–Ebazpen honetan jasotzen diren baldintzak ez betetzeak berekin dakar ingurumeneko diziplina neurriak hartzea, hain zuzen ere, jasotzen direnak Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren IV. tituluan (testu bategin hori onetsi zen abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez), ezertan galarazi gabe sektoreko legerian ezarritakoa, aplikagarri izaten segituko baitu, eta, horren osagarri, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen VI. tituluan ezarritako zehapen-araubidean jasotakoak.

Bederatzigarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Hamargarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Epeak alarma egoeraren deklarazioa bukatu eta hurrengo egun baliodunean hasiko dira kontatzen, edo jakinarazpenaren biharamunean, hura geroago egiten bada. Alarma egoera martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuak deklaratu zuen COVID-19ak eragindako osasun krisia kudeatzeko.

Hamaikagarrena.–Ebazpen hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Granja Los Alecos SLri, Zangozako Udalari, Greenpeaceri, Ebroko Konfederazio Hidrografikoari, Abeltzaintza Zerbitzuari, Nekazaritza Zerbitzuari, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuari, Biodibertsitatearen Zerbitzuari eta Ingurumena Zaintzeko Atalari.

Iruñean, 2020ko ekainaren 6an.–Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumeneko Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña), Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuan, eta Nafarroako Gobernuaren webgunean, helbide honetan: http://www.navarra.es/home_es/Temas/Medio+Ambiente/Evaluacion+ambiental/Autorizaciones+ambientales/.

Iragarkiaren kodea: F2005912