131. ALDIZKARIA - 2020ko ekainaren 16a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

38E/2020 FORU AGINDUA, ekainaren 11koa, Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilariak emana, “Generazinema Jaialdiak 2020” izeneko dirulaguntzaren deialdia onesten duena. DDBN identifikazioa: 510245.

Kultur Ekintza Zerbitzuak aurkeztutako txostenean eskatu du onets dadila “Zinemagintzako enpresa eta profesionalei laguntzak emateko deialdia Nafarroan egiten diren jaialdi eta lehiaketak antolatzeko (Generazinema Jaialdiak 2020)” eta deialdi horren oinarri arautzaileak, horretarako 40.000,00 euroko gastua baimen dadila eta foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara daitezela; eta, kontuan harturik betetzen direla hala helburua nola gastua baimentzeko legeak ezartzen dituen baldintzak eta betebeharrak, eta ikusirik espedientean kontu-hartzaile delegatuaren adostasuna ageri dela.

Horrenbestez, Kultura eta Kirol Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 273/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. “Generazinema Jaialdiak 2020” izeneko dirulaguntzaren deialdia onestea.

2. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea, foru agindu honen eranskinean jaso direnak.

3. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, aurrekontuko kreditu hauek erreserbatu dira:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

A20002-A2540-4709-334102: Generazinema: Zinemagintzarako laguntzak

2020

40.000,00

4. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

6. Foru agindu honen kontra administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, argitaratu eta bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2020ko ekainaren 11n.–Kultura eta Kiroleko kontseilaria, Rebeca Esnaola Bermejo.

ERANSKINA

Nafarroan egiten diren zinemagintzako jaialdi eta lehiaketak antolatu eta garatzeko enpresa eta profesionalei laguntzak emateko deialdia (Generazinema Festivales 2020). Oinarri arautzaileak

1. Dirulaguntzen xedea, helburua eta aplikazio esparrua.

1.1. Deialdi honen xedea da Nafarroan 2020ko azaroaren 1etik 2020ko urriaren 31 arte (biak barne) egiten diren zinemagintzako jaialdi eta lehiaketak antolatzeko enpresa eta profesionalentzako laguntzak arautzea.

1.2. Zinemagintzako jaialdi eta lehiaketak dira zinema ekoizpena eta ikus-entzunezkoak Nafarroan sustatu eta hedatzeko asmoz egiten diren agerraldi, erakusketa eta, oro har, antzeko ekitaldi guztiak. Zinemagintzako jaialdi eta lehiaketek izaera kultural edo artistikoa izan beharko dute, eta gutxienez edizio bat egina.

1.3. Enpresa edo profesional bakoitzak proiektu bakar bateko proposamen bat baino ezin du aurkeztu.

2. Onuradunek bete beharreko baldintzak.

2.1. Pertsona eta entitate hauek hartzen ahalko dituzte deialdi honetan ezarritako laguntzak:

a) Nafarroako Foru Komunitatekoak diren edo gutxienez 2020ko urtarrilaren 1etik Nafarroako Foru Komunitatean erroldaturik dauden pertsona fisikoak.

b) Merkataritzako sozietateak, sozietate zibilak, ondasun erkidegoak edo beste edozein unitate ekonomiko edo ondare bereiziko unitate, nortasun juridikorik gabea.

Entitate horiek helbide soziala Nafarroako Foru Komunitatean izanen dute, eta jarduera bertan egin, gutxienez 2020ko urtarrilaren 1etik. Gainera, haien sozietatearen helburuen artean edo estatutuen araberako xede edo helburu sozialen artean jarduera eszeniko edo musikalak egitea agertu beharko da.

2.2. Aurreko atalean aipatutako pertsona fisikoek eta entitateek alta emanik egon behar dute, eskaera aurkezteko unean, ekonomia jardueren gaineko zergan.

2.3. Laguntza hauetatik propio baztertzen dira honako hauek:

a) Toki entitateak, beren erakunde autonomoak eta nagusiki Nafarroako Foru Komunitateko toki entitateen partaidetza duten enpresa publikoak, fundazioak eta sozietate publikoak.

b) Nafarroako Gobernuaren 2020ko aurrekontuetan partida izenduna duten entitateak.

c) Irabazi-asmorik gabeko elkarteak, fundazioak, entitateak, sindikatuak eta lanbide elkargoak.

2.4. Nortasun juridikorik ez duten entitate eskatzaileek ordezkari bat edo ahaldun bakar bat izendatu beharko dute, onuradun gisa dagozkion betebeharrak betetzeko adina ahalmen duena.

2.5. Onuradunek Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak bete beharko dituzte. Ezin izanen zaie dirulaguntzarik eman aipatutako artikuluko 2. eta 3. apartatuetan ezarritako egoeraren baten dauden pertsona eta entitateei.

2.6. Ez egotea zehapen administratibo irmorik edo kondena-epai irmorik betetzen, edo, hala bada, ez egotea zehapen eta kondena-epai bat bete zain, sexuan edo generoan oinarritutako diskriminazioa dakarten lan arloko jardunbideak gauzatu edo toleratzeagatik.

3. Deialdiaren diru kopurua eta laguntzen zenbatekoa.

3.1. Deialdi honek, guztira, 40.000 euroko diru kopurua izanen du, 2020an onetsitako aurrekontuaren partida honen kargura: “Generazinema, Zinemagintzarako laguntzak” izeneko 20002 A2540 4709 334102 partida.

3.2. Laguntzak ez dira inolaz ere izanen onartutako aurrekontuaren %60 baino handiagoak. Proiektu bakoitzerako laguntzaren zenbatekoa 10.000 eurokoa izanen da gehienez ere.

Onartzen den aurrekontua kalkulatzeko, eskatzaileak aurkezten duen aurrekontuari honako diru kopuru hauek kenduko zaizkio: batetik, deialdi honen 5. puntuaren arabera diruz lagungarriak ez diren gastuen zenbatekoa, eta, bestetik, Balorazio Batzordearen ustez proiektua gauzatzeko beharrezkoak ez diren edo deialdiaren xedekoak ez diren jarduerei dagozkien diru kopuruak.

3.3. Aurreko muga horiek betez gero, eta, bidezko denean dagokion deskontua eginda, laguntzaren zenbatekoa enpresak edo profesionalak eskatutakoa izanen da.

3.4. Onuradunen batek uko egiten badio laguntzari, puntuazioaren ordenan hurrengoa den eskatzaileari emanen zaio, horrek deialdian eskatutako gutxienekoa gainditzen badu, betiere.

3.5. Proposatutako dirulaguntzaren zenbatekoa aurkeztutako eskaeran azaltzen dena baino txikiagoa denean, onuradunari eskatuko zaio eskaera alda dezala, konpromisoak eta baldintzak ematen ahal zaion dirulaguntzara egokitzeko. Balorazio Batzordeak eskaera berregina onetsi ondoren, organo eskudunari igorriko zaio, dokumentazio guztiarekin batera, laguntzen gaineko ebazpena eman dezan.

Nolanahi ere, eskaera berregitean dirulaguntzaren xedea, baldintzak eta helburuak errespetatu beharko dira, bai eta eskaeretarako ezarritako balorazio irizpideak ere.

4. Eskaerak eta eskatutako agiriak aurkeztea.

4.1. Pertsona juridikoen kasuan, eskaerak modu telematikoan aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez (http://www.navarra.es/home_eu/). Identifikatzeko, ziurtagiri digitala edo NAN-PINa eduki beharko da.

Kasu horretan, eskaera aurkezten bada lehen esandako modua ez den beste edozein erabiliz, ez aurkeztutzat joko da, baina horrek ez du eragotziko eskaera ondoren aurkeztu ahal izatea telematika bidez. Azken kasu horretan, sarrera data baliodun bakarra aurkezpen telematikoarena izanen da.

4.2. Pertsona fisikoen kasuan, ahal dela, eskaerak modu telematikoan aurkeztuko dira, aurreko paragrafoan adierazitakoari jarraikiz, edo, hala ez bada, aurrez aurre Iruñeko Navarrería kaleko 39an dagoen Erregistro Bulegoan, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako beste bideetako edozein erabiliz.

4.3. Eskabide eredua eta aurkeztu beharreko gainontzeko agiriak deialdi honetako eranskinetako ereduen araberakoak izanen dira, eta tramiteen katalogoko fitxaren baitan egonen dira eskuragarri (http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/).

4.4. Eskaera egiteko berariazko inprimakiarekin batera (I. eranskina), agiri hauek aurkeztu behar dira, agiri bereizitan eta behar bezala identifikatuak:

a) Eskaera aurkezteko unean ekonomia jardueren gaineko zergan (EJZ) alta emanda egotearen frogagiria (dagokion udalak emana).

b) Profesionala edo enpresa den kontuan hartuta, agiri hauetako bat:

1. Pertsona fisikoak, ondasun erkidegoak edo nortasun juridikorik gabeko beste edozein unitate ekonomiko edo ondare bereiziko unitate izanez gero: nortasun agiri nazionalaren edo pasaportearen fotokopia –edo, hala bada, nortasun txartelarena– eta pertsonaren edo pertsonen, parte-hartzaileen edo bazkideen identifikazio fiskaleko zenbakia.

2. Merkataritza sozietateen forma juridikorik hartzen ez duten eta nortasun juridikoa duten sozietate zibilak izanez gero: sozietatearen kontratuaren kopia eta identifikazio fiskaleko kodearena.

3. Merkataritza sozietateen kasuan: eraketaren edo, hala denean, aldaketaren eskrituraren kopia; estatutuena, Merkataritza Erregistroan egindako inskripzioarena eta identifikazio fiskaleko kodearena.

c) Proiektua azaltzen duen memoria.

d) Aurrekontu ekonomiko zehatza, Excel formatuan. Nahitaezko baldintza da aurkezten den aurrekontuan gastuak eta diru-sarrerak berdinduta izatea.

e) Eskabidea telematika bidez bidali ez bada, aurreko guztiaren kopia digitala.

4.5. Kultura Zuzendaritza Nagusiaren aurreko deialdietan parte hartu duten eskatzaileek ez dituzte aurreko puntuko b).1, b).2 eta b).3 ataletan aipatutako agiriak aurkeztu beharko, non ez den agiri horietan aldaketaren bat izan.

4.6. Dirulaguntza-eskaerak identifikazio datuak jasotzen ez baditu, hala eskatutako laguntzarenak nola pertsona edo entitate eskatzailearenak, nahitaezko dokumentazioa aurkezten ez bada edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 66.1 artikuluan ezarritako baldintzaren bat betetzen ez bada, interesdunari eskatuko zaio, berak adierazitako helbide elektronikoaren bidez, bost egun balioduneko epean okerra zuzendu edo nahitaezko dokumentuak aurkez ditzala, eta adieraziko zaio hala egiten ez badu eskaerari uko egiten diola ulertuko dela, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluak dioen bezala.

4.7. Prozesuan noiznahi ere, informazio osagarria eskatzen ahalko zaie eskatzaileei.

4.8. Eskabideak eta eskatutako agiriak aurkezteko epea 20 egun baliodunekoa izanen da, oinarri hauek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

5. Gastu diruz lagungarriak

5.1. Gastu diruz lagungarriak dira diruz lagundutako jardueraren izaerarekin bat datozenak inongo zalantzarik gabe, behar-beharrezkoak izanik, deialdian ezarritako epean egiten badira. Gastu horien kostua ez da inoiz izanen merkatuko balioa baino handiagoa.

Enpresak edo profesionalak proiektua garatzean egiten dituen gastu hauek hartuko dira kontuan:

a) Ikuskizunaren sustapenerako eta komunikaziorako materialetan egindako gastuak, hala nola esku-orriak, kartelak, prentsako dosierrak, bideo edizioak, eta abar.

b) Publizitate eta sustapen kanpainetako gastuak hedabide idatzietan, digitaletan eta sare sozialetan, baita seinaleztapen gastuak ere.

c) Emanaldietarako aretoak alokatzeko gastuak.

d) Proiekziorako eta/edo azpititulaziorako ekipamendua alokatzeko gastuak.

e) Filmen eskubideei lotutako gastuak.

f) Parte-hartzaile gonbidatuen bidaia-gastuak: joan-etorrien gastuak, bi lagunenak gehienez ere film bakoitzeko, turista mailan, ekonomikoan edo antzekoan.

g) Parte-hartzaile gonbidatuen ostatu gastuak, dietak eta otorduak, bi lagunenak gehienez film bakoitzeko, pertsona eta egun bakoitzeko 150 euroko muga gainditu gabe.

h) Hitzaldietan edo antzeko ikuskizunetan parte hartzen duten gonbidatuen eskersariak, bost lagunenak gehienez, pertsona bakoitzeko 250 euroko muga gainditu gabe.

i) Sariak emateko ekitaldiak antolatzeko gastuak, guztizko aurrekontuaren %10 gehienez ere.

j) Ikuskizuna antolatzeko langileria gastuak, guztizko aurrekontuaren % 15 gehienez ere.

k) Sariak.

5.2. Gastu hauek ez dira diruz lagungarriak izanen:

a) Ekipamendu ondasunen, ondasun higigarrien eta azpiegituren erosketarekin, erabilerarekin eta finantzaketarekin lotuta dauden guztiak.

b) 5.1 puntuan adierazitako arloei ezin egotzi zaizkien gastu kontzeptuak, zentzuz jokatuta proiektuarentzat beharrezkoak ez direnak edo zenbatekoa modu fidagarrian zehaztuta ez dutenak.

c) Balio erantsiaren gaineko zerga, baita antzeko beste zerga batzuk ere, entitateak berreskura ditzakeenak.

6. Tramitazio eta ebaluazio organoak.

6.1. Kultura eta Kirol Departamentuko Proiektu Estrategiko Ikus-entzunezkoen eta Digitalen Atalak tramitatuko ditu eskaerak, norgehiagokako araubidean.

6.2. Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusiak ebazpen bidez izendatutako balorazio batzorde batek baloratuko ditu eskaerak. Batzorde horretako kideen izenak Nafarroako Gobernuaren web atarian argitaratuko dira, tramiteen katalogoan (www.nafarroa.eus). Honako hauek izanen dira:

a) Batzordeburua: Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiko Kultur Ekintza Zerbitzuko zuzendaria, edo, hori izan ezean, zuzendaritza horretako beste zerbitzu bateko zuzendaria.

b) Idazkaria: Proiektu Estrategiko Ikus-entzunezkoen eta Digitalen Ataleko teknikari bat, edo, bestela, Kultur Ekintza Zerbitzuko teknikari bat.

c) Batzordekideak: zinemagintzaren eta/edo kultur kudeaketaren arloan entzute handikoak edo adituak diren 2 pertsona, eta Proiektu Estrategiko Ikus-entzunezkoen eta Digitalen Ataleko burua, edo hori izan ezean, Programa Artistikoen eta Hedapenaren Ataleko burua edo Kultur Ekimenaren eta Berrikuntzaren Ataleko burua.

6.3. Balorazio eta adjudikazio prozesua.

1. fasea. Kultura eta Kirol Departamentuko Proiektu Estrategiko Ikus-entzunezkoen eta Digitalen Atalak deialdian onartua izateko betebeharrei buruzko dokumentazioa aztertuko du. Proiektuak baloratzeko, eskaerak aurkezteko epearen barrenean aurkeztutako dokumentazioa baizik ez da baloratuko, edo, kasua bada, zuzentzeko epean aurkeztutakoa.

2. fasea. Balorazio batzordeko kideek onartzen diren proiektuak jasoko dituzte, balorazioa egiteko.

3. fasea. Batzordeak bilera eginen du, aurkeztutako eskaeren puntuazioa ezarriko du, eta dirulaguntza banatuko du 7. puntuan aipatzen den puntuazioa gainditzen duten proiektuen artean, lortutako puntuazioaren arabera, 3. oinarriko 2. eta 3. ataletan ezarritakoari jarraikiz. Aurreko paragrafoan adierazitakoaren arabera banaketa egin ondoren, azken onuradunari dagokion dirulaguntza eskatu duena baino txikiagoa bada, 3. puntuaren 5. atalean aipatzen den moduan jokatuko da, balorazio batzordeak eskaera berregina onartu arte, betiere lortutako puntuazioari jarraituta.

Prozesuko edozein unetan, informazio osagarria eskatzen ahalko zaie eskatzaileei.

4. fasea. Azkenik, batzordeak irizpen loteslea emanen du.

6.4. Proiektu Estrategiko Ikus-entzunezkoen eta Digitalen Atalak, balorazio batzordeak sinatutako akta ikusita, deialdiaren gaineko ebazpen proposamena eginen du.

7. Proiektuen balorazioa

7.1. Enpresa edo profesional eskatzailearen ibilbidea, egitura eta gaitasuna (15 puntu gehienez):

a) Enpresaren edo profesionalaren ibilbidea: ikus-entzunezkoen sektorean jarduten egin dituen urte osoen kopurua (4 puntu gehienez).

–15 urtetik gora: 4 puntu.

–11 urtetik 15 urtera bitarte: 3 puntu.

–5 urtetik 10 urtera bitarte: 2 puntu.

–Urte 1etik 4 urtera bitarte: 1 puntu.

b) Enpresaren edo profesionalaren jarduera: ikus-entzunezkoen arloarekin zerikusia duten zabalkunde eta prestakuntza jarduerak, azken hiru urte naturalean eginak (8 puntu gehienez).

c) Jaialdiak egindako edizioen kopurua (3 puntu gehienez):

–10 edizio baino gehiago: 3 puntu.

–6 ediziotik 10 arte: 2 puntu.

–3 ediziotik 5 arte: 1 puntu.

7.2. Proiektuaren kalitate artistikoa eta interesa (45 puntu gehienez).

a) Proiektuaren kalitate orokorra. Balorazio batzordeak honako alderdi hauek hartuko ditu kontuan: proiektuaren laburpena, proiektuaren interes kulturala (helburuak, ikuspegia, kalitatea, berrikuntza, berezitasuna), proiektuak Espainiako zinemaldien testuinguruan duen garrantzia eta egokitasuna, proiektuaren edukien eta helburuen arteko koherentzia, proiekzioa, eta abar (30 puntu gehienez).

b) Talde artistikoaren eta betearazlearen osaera eta gaitasuna (10 puntu gehienez).

c) Zinemagile nafarren sustapena (5 puntu gehienez).

7.3. Proiektuaren hartzaileei loturiko kudeaketa estrategiak (15 puntu gehienez).

a) Marketin, komunikazio, merkaturatze eta salmenta ekintzak (5 puntu gehienez).

b) Proiektuari erantsitako ekintza pedagogikoak (5 puntu gehienez).

c) Zailtasun fisikoak edo psikosozialak dituzten ikus-entzuleak hurbiltzen laguntzeko ekintzak. Ekintza hauetan sartzen dira, oztopo arkitektonikoei lotutakoez gainera, edukietara iristeko berdintasuna sustatzen duten guztiak (5 puntu gehienez).

7.4. Proiektuaren bideragarritasuna eta koherentzia ekonomikoa (25 puntu bitarte).

a) Proiektu osoaren kostuarekin alderatuta, eskatzen den dirulaguntzaren portzentajea (5 puntu bitarte).

–%55 arte: 5 puntu.

–%55etik gora %60 arte: 3 puntu.

–%60tik gora %65 arte: 2 puntu.

b) Dirulaguntza hau kontuan hartu gabe, proiektu osoaren kostuarekin alderatuta, bermatuta edo berretsita dagoen finantzaketaren portzentajea (baliabide propioak, maileguak, babesleak, dirulaguntza berretsiak eta abar): 10 puntu gehienez ere.

–%55etik gora %60 arte: 10 puntu.

–%40tik gora %55 arte: 9 puntu.

–%35etik gora %40 arte: 8 puntu.

–%30etik gora %35 arte: 7 puntu.

–%25etik gora %30 arte: 6 puntu.

–%20tik gora %25 arte: 5 puntu.

–%15etik gora %20 arte: 4 puntu.

–%10tik gora %15 arte: 3 puntu.

–%5etik gora %10 arte: 2 puntu.

–%5era arte: 1 puntu.

c) Diru-sarreren eta gastuen arteko koherentzia (10 puntu gehienez).

7.5. Proiektuak baloratu ahal izateko, eskatzaileak proiektuaren deskripzio memoria bat aurkeztu beharko du. Informazio ekonomikoa Excel formatuan aurkeztuko da.

7.6. Aurreko irizpide horiek aplikatuta, 100 puntu gehienez emanen zaizkio proiektu bakoitzari, eta ez dira aintzat hartuko gutxienez 50 puntura iristen ez diren proiektuak.

7.7. Betetzen ez diren datuak edo oker betetzen direnak edo neurriz gainekoak direnak baloraziotik kanpo geldituko dira.

8. Dirulaguntza emateko ebazpena.

8.1. Laguntzak Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez emanen dira, eskaerak aurkezteko epea bukatu eta biharamunetik hasita gehienez ere hiru hilabeteko epean. Epe hori berariazko ebazpenik argitaratu gabe iraganik, eskaera ezetsitzat joko da.

8.2. Ebazpena eskatzaile bakoitzari jakinaraziko zaio bakoitzak eskabide-orrian adierazten duen helbide elektronikoaren bidez, eta Nafarroako Gobernuaren web-orrian jakitera emanen da (http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/).

8.3. Berariazko ezespenaren aurka, interesdunek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Kultura eta Kiroleko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta hilabete bateko epean, administrazio prozedurari buruzko legerian xedatuari jarraikiz.

8.4. Presuntziozko ezespenaren aurka interesdunek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Kultura eta Kiroleko kontseilariari zuzendua, isiltasun administratiboak ondorioak izan eta biharamunetik hasita noiznahi, administrazio prozedurari buruzko legeriari jarraikiz.

8.5. Deialdi honi buruz edozein kontsulta egiteko, hura kudeatzen duen organora jo daiteke, posta elektronikoko helbide honen bidez: cine@navarra.es.

9. Diruz laguntzen diren proiektuen interes soziala, Kultur Mezenasgoaren ondorioetarako.

9.1. Bat etorriz Nafarroako Foru Komunitatean kultur mezenasgoa eta haren zerga-pizgarriak arautzen dituen maiatzaren 16ko 8/2014 Foru Legearen 5.1.b) artikuluan xedatutakoarekin, deialdi honetan diruz laguntzen diren proiektuek, baldin lege horren 4.f) artikuluan aurreikusitako pertsonek egiten badituzte, interes soziala izanen dute. Ondorio horretarako, eskatzaileek III. eranskina beteko dute.

9.2. Kultur mezenasgoaren arloko zerga-pizgarriak aplikatzeko, onuradunek maiatzaren 16ko 8/2014 Foru Legean eta Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako kontseilariaren irailaren 16ko 77/2014 Foru Aginduaren 22.2 artikuluan ezarritako baldintzak eta betebeharrak bete beharko dituzte. Foru agindu horren bidez, kultur proiektu eta jarduerak interes sozialekotzat deklaratzeko prozeduraren erregelamendua onetsi zen.

9.3. Orobat, beren proiektuak gauzatzen laguntzeko mezenasgo eta babesletza ekarpenak jasotzen dituzten onuradunek amaierako txosten batean zehaztu beharko dituzte mezenasgo eta babesletza modalitate guztien bidez jasotako ekarpenak, eta ebaluatu laguntza horiek diruz lagundutako proiektua gauzatzeari begira izan duten eragina.

10. Onuradunek bete beharrekoak.

10.1. Interesdunek (salbu eta pertsona fisikoak direnak) dirulaguntza eman dela jakinarazi eta hilabeteko epean aurkeztu beharko dute dirulaguntzen onuradunek gardentasunari buruz duten betebeharraren aitorpena, telematika bidez, eta, hala badagokio, baita eskatzen zaien dokumentazioa ere, irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuaren 3. eta 4. artikuluetan ezarritakoari jarraituz (dekretu horrek Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako dirulaguntzen onuradunek dituzten gardentasun betebeharrak arautzen ditu).

Izan litezkeen zehapenak galarazi gabe, onuradunak informazioa emateko duen betebeharra urratuz gero, ez zaio emandako dirulaguntza ordainduko, eta, zerbait aurreratu bazaio, itzuli egin beharko du.

10.2. Deialdi honen bidez diruz laguntzen den programarako baizik ez da erabiliko laguntza, eta, oro har, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharrak beteko dira.

10.3. Kultura eta Kirol Departamentuko Proiektu Estrategiko Ikus-entzunezkoen eta Digitalen Atalean justifikatzea diruz lagundutako proiektua gauzatu dela eta zer gastu egin den.

10.4. Laguntza jasotzen duten proiektuak entitate eskatzailearen eta Nafarroako Gobernuaren artean lankidetzan egindako proiektuak direla ulertuko da. Bi aldeek proiektuen zabalkunderako ekintzak gauzatzen ahalko dituzte, aldez aurretik adostuta. Nolanahi ere, beti adieraziko da lankidetza hori, inprimatutako material mota guztietan edo komunikazio zuzeneko ekintzetan.

10.5. Proiektua aldatzea dakarren edozein gertaeraren berri ematea Proiektu Estrategiko Ikus-entzunezkoen eta Digitalen Atalari, hura gertatu bezain laster, atal horrek aurretik adostasuna eman dezan, betiere aldaketak, balorazio batzordearen ustez, funtsezko aldaketarik eragiten ez badu onetsitako proiektuan.

10.6. Diruz lagundutako proiektuen argitalpen guztietan zehaztu beharko da Nafarroako Gobernuaren finantzaketa jaso duela. Diruz lagundutako proiektuaren programan, kartelean, iragarkietan, publizitatean edo edozein motatako zabalkunde-euskarrietan Nafarroako Gobernuaren logotipoa erabili beharko dute. Proiektu Estrategiko Ikus-entzunezkoen eta Digitalen Atalean aurkeztu beharko dituzte zabalkunderako aurreikusitako zirriborroak, logotipoa modu egokian txertatzeko baimena jasotzeko. Logotipoa jartzeko jarraibideak Nafarroako Gobernuko Erakundeen Proiekzioaren Zerbitzuan (Argitalpen Atala) kontsulta daitezke, helbide elektroniko honetan: publicaciones@navarra.es.

10.7. Ekitaldia dirulaguntza eman aurretik egin bada, ez da nahitaezkoa izanen logoa jartzea inprimatutako materialean (esku-orriak, kartelak). Hala ere, zabalkunde telematikoan, web-orrian eta aldaketa egiteko aukera ematen duen edozein hedabidetan, dirulaguntza eman bezain laster aldatuko da, eta Nafarroako Gobernuaren logotipoa sartuko, aurreko ataleko baldintzei jarraituz.

10.8. Kultura eta Kirol Departamentuko Proiektu Estrategiko Ikus-entzunezkoen eta Digitalen Atalak proiektua burutu dela egiaztatzeko noiznahi eginen dituen lanak onartzea.

10.9. Diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko lortutako beste laguntza, dirulaguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea aipatutako atalari. Jakin bezain laster emanen da horren berri, eta, betiere, jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatu baino lehen.

10.10. Egiaztapen eta kontrolak egiteko ahalmenak behar bezala erabil daitezen bermatzeko asmoz, kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta gainerako agiriak behar bezala ikuskatuak edukitzea, onuradunari aplikatu behar zaizkion legeetan eta merkataritza lege sektorialetan agindutako moduan.

10.11. Jasotako diruaren erabilerari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol lanen xede diren bitartean.

10.12. Enpresak edo profesionalak ebaluazio txosten bat aurkeztu beharko du proiektua amaituta. Txosten horretan, proiektuaren alderdiak noraino bete diren adieraziko du, hasieran aurkeztutako deskripzio-memorian jasotakoarekin alderatuta.

10.13. Proiektuko informazioaren osagarri, enpresak edo profesionalak generoari buruzko memoria bat erantsiko du, helburu izanen duena ezagutzea zein den Nafarroako kultura sektorearen errealitatea genero-ikuspegitik. Horretarako, datu hauek bilduko dira:

–Entitatearen egitura: sexuaren araberako banaketa zuzendaritza organoetan eta masa sozialean.

–Lanak zer gairi heltzen dion nagusiki, eta adieraztea edukiak indarra egiten ote duen genero rol edo estereotipoak hausteko (zehaztu eta labur justifikatu).

–Parte-hartzea:

  • Erakutsitako obren egiletza (emakumezko egilea, gizonezkoa edo ezezaguna). Pertsona bat baino gehiago badira, zehaztu emakumeen eta gizonen kopurua.
  • Zuzendaritza (gizona edo emakumea). Pertsona bat baino gehiago badira, zehaztu emakumeen eta gizonen kopurua.

10.14. Enpresak edo profesionalak konpromisoa hartzen du hizkera edo irudi sexistarik ez erabiltzeko inolako euskarritan, ez publizitatean ez informazioan. Halaber, egiten diren dokumentuetan hizkera inklusiboa izanen da (horretarako, honako lan hau kontsulta daiteke: “La Guía sobre estrategias de comunicación incluyente: El Género como prioridad”, helbide honetan dagoena: http://www.navarra.es/NR/rdonlyres/30B6ABA1-F8D6-468F-8CBB-D5808B5F6575/118955/GUIADECOMUNICACION1213.pdf.

11. Ordainketa, eta justifikatzeko epea eta modua.

Ordaintzeko moduak hauek izanen dira:

11.1. Ordainketa.

Oro har, behin onuradunak diruz lagundutako jarduera egin duela justifikatu ondoren ordainduko dira laguntzak. Justifikazio hori proiektua bukatutakoan egin beharko da. Horretarako, onuradunak dokumentazio hau aurkeztu beharko du:

a) Diruz lagundutako jarduera dela-eta ordaindutako gastu guztien fakturen eta frogagirien zerrenda, zenbakiz zenbaki, honako hauek adierazita: hornitzailearen/jaulkitzailearen izena; IFZ; fakturaren kontzeptua, zenbakia eta data; guztirako zenbatekoa (zerga-oinarria, BEZa eta/edo PFEZa zehaztuta, eta kontuan hartuta dirulaguntzatik kanpo dagoela balio erantsiaren gaineko zerga, eskatzaileak berreskuratu edo konpentsatu dezakeen zatian, bai eta antzeko beste zerga batzuk ere, eta errentaren gaineko zerga pertsonalak); eta ordainketaren data. Zerrenda Excel formatuan igorriko da.

b) Orobat, dirulaguntzaren xedea bete dela frogatzen duten gastu guztien faktura eta frogagiriak aurkeztuko dira. Faktura horiek deialdiaren 1. puntuan ezarritako epeetan emanak izan beharko dira, eta Fakturazio Betebeharrak arautzen dituen Erregelamendua onesten duen apirilaren 10eko 23/2013 Foru Dekretuari jarraikiz eginak. Kanpo gelditzen dira, berariaz, erreziboak, aurrekontuak eta albaranak. Fakturak ez dira onartuko baldin eta fakturatutako ondasuna, lana eta/edo zerbitzua ez bada argi eta bereiz ezartzen kontzeptuan.

c) 100 eurotik gorako gastuen ordainketa guztiak bankuko ordainagirien bidez frogatuko dira. Zenbateko horretakoak edo txikiagoak diren gastuak, berriz, fakturen bidez edo froga balio bera duten beste dokumentu batzuen bidez justifikatzen ahalko dira, kasu bakoitzeko ordainagiriak erantsita, hots: bankuko frogagiriak, “ordainduta” zigilua daramaten fakturak (hornitzaileak sinatuak eta zigilatuak), edo faktura edo gastua ordaindu dela frogatzen duen beste edozein dokumentu.

Egindako gastutzat joko da justifikazio epea bukatu baino lehen benetan ordaindu dena.

d) Egindako jarduera azaltzen duen memoria.

e) Sustapenerako eta/edo publizitaterako elementu inprimatuak, eta/edo zabalkundea egiteko erabili diren web-orrietarako estekak.

f) Proiektuaren gauzatzeari buruzko ebaluazio txostena, non adieraziko baita proiektuaren alderdiak noraino bete diren, hasieran aurkeztutako deskripzio-memorian jasotakoarekin alderatuta.

g) Generoari buruzko memoria, honako datu hauek jasoko dituena:

–Entitatearen egitura: sexuaren araberako banaketa zuzendaritza organoetan eta masa sozialean.

–Lanak zer gairi heltzen dion nagusiki, eta adieraztea edukiak indarra egiten ote duen genero rol edo estereotipoak hausteko (zehaztu eta labur justifikatu).

–Parte-hartzea:

  • Lanaren sorkuntza (egilea emakumea, gizona edo anonimoa). Pertsona bat baino gehiago badira, zehaztu emakumeen eta gizonen kopurua.
  • Zuzendaritza (gizona edo emakumea). Pertsona bat baino gehiago badira, zehaztu emakumeen eta gizonen kopurua.

11.2. Aurrerakina.

Salbuespenez, jarduera gauzatu aurretik ordaintzen ahalko dira laguntzak, emandako dirulaguntzaren %50 aurreratuz, gehienez ere. Entitateak bide hori hartu nahi izanez gero, Proiektu Estrategiko Ikus-entzunezkoen eta Digitalen Atalari eskatu beharko dio, aurrerakina eskatzeko II. eranskina aurkeztuz, eta frogatu beharko du dirulaguntzaren xedeak betetzeko aldez aurretik funtsez hornitu beharra duela (diruzaintzako egoera-orria edo bankuko kontuen saldoa, dirulaguntzaren xedearekin lotuta ordaintzeko eta kobratzeko dituen gastuen eta diru-sarreren zerrenda eta proiektuari lotuta ez dauden ordaintzeko eta kobratzeko konpromisoak).

11.3. Aurreko ataletan aipatutako ordainketa moduen artean zein aukeratzen den ere, dirulaguntza likidatzeko, onuradunek 11.1 puntuan aipatzen diren egiaztagiriak aurkeztu beharko dituzte proiektua bukatu eta bi hilabeteko epean; betiere, horretarako azken eguna 2020ko urriaren 31 izanen da, egun hori barne. Laguntza ematea onartzen den unean jarduera egina dagoen kasuan, laguntza onartu eta bi hilabeteko epean aurkeztu beharko dute dokumentazioa.

11.4. Justifikazioa ezarritako epean edo zuzenketak egiteko ematen den epean aurkeztu ezean, galduko da justifikatzen ez diren gastuetarako dirulaguntzak kobratzeko eskubidea.

11.5. Laguntzaren azken likidazioa egiteko, laguntzaren kontzesioan aipatzen den portzentajea aplikatuko zaie jarduera egin eta gero onartutako gastuen frogagiriei, ordaindu izanaren frogagiria badute, betiere.

11.6. Proiektu Estrategiko Ikus-entzunezkoen eta Digitalen Atalak aldeko txostena eman ondoren ordainduko da laguntza.

12. Dirulaguntzen pilaketa eta bateragarritasuna.

Deialdi honetan aurreikusten diren laguntzak bateragarriak dira helburu bera duten beste dirulaguntza batzuekin, Foru Komunitateko Administrazioarenak izan edo beste administrazio publiko batzuenak, beste entitate pribatu edo publiko batzuenak edo partikularrenak. Dirulaguntzen zenbatekoa ezin da inola ere izan, bakarrik edo beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide propio batzuekin batuta, onuradunak egin beharreko jardueraren kostua baino handiagoa.

13. Laguntza itzultzea.

Onuradunak programa gauzatu dela behar bezala justifikatu ezean, ordaindutako laguntza osorik edo hein batean itzul dezala eskatuko zaio, bai eta dirulaguntza ordaindu zenetik dirua itzultzen duen egunera arte sortutako berandutze-interesak ordaintzeko ere, proportzionaltasun irizpideari jarraituz eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Legearen 35. artikuluarekin bat.

14. Arau-hausteak eta zehapenak.

14.1. Arau-hauste eta zehapenetarako, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen IV. tituluan xedaturikoa aplikatuko da.

14.2. Zehapen prozedura Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen V. tituluan ezarritakoa izanen da.

15. Dirulaguntzen araubide orokorra.

Oinarri arautzaile hauetan espresuki ezarrita ez dagoen orotan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak xedatutakoa aplikatuko da, bai eta aplikatu beharreko gainerako arauak ere.

16. Deialdiaren eta oinarri arautzaileen kontrako errekurtsoak.

Deialdi honen eta bere oinarri arautzaileen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

ERANSKINAK

I. eranskina.–Eskabide eredua.

II. eranskina.–Aurrerakinaren eskaera.

III. eranskina.–Mezenasgoari lotutako erantzukizunpeko adierazpenak.

Deskargatu beharreko artxiboak PDF formatuan daude.

Iragarkiaren kodea: F2004791