251. ALDIZKARIA - 2019ko abenduaren 24a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

226E/2019 EBAZPENA, abenduaren 9koa, Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, ingurumen ukipenetarako baimena ematen diona proiektu honi: “Caparroso-La Serna 66 kV-eko linea elektrikoaren zati bat lurperatzeko proiektua, CAVAR haize-parke berritik hurbil egoteagatik (1, 2, 3A eta 3B haize-sorgailuak)”, Valtierrako eta Cadreitako udal-mugarteetan. Sustatzailea Renovables de La Ribera SL da.

2019ko ekainaren 28an ingurumen ukipenetarako baimena eskatu zen goian aipatutako espedienterako. Espedientea abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko I) epigrafean sartzen direnetakoa da. Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz.

Proiektuko jarduketaren xedea da aldatzea Caparroso-La Serna zirkuitu bikoitzeko 66 kV-eko goi tentsioko aireko linearen bi tarte (“3097-04-Tafalla-Tutera 2” eta “3109-04-La Serna-PE Caparroso”), N-121-A errepidearekin paralelo, ekialdean, doan zatian (Caparroso-Los Abetos), horrela “CAVAR 1” eta “CAVAR 3A” parkeetako 1.1 eta 3A.1 haize-sorgailuen ukipena saihesteko, bateraezinak baitira; horien sustatzailea Renovables de la Ribera SL da.

Haize-sorgailu horien kokalekua Cavar haize-parkearen proiektuan jasotakoa da; parke horren ingurumen eraginaren ebaluazioaren amaieran ingurumen eraginaren adierazpena eman zitzaion, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren urriaren 10eko 1209E/2016 Ebazpenaren bidez, eta aldekoa bazen ere zenbait baldintza ezarri zituen CAVAR 1 eta CAVAR 3A parkeei dagokienez. Parke honen Udalez gaindiko Proiektu Sektoriala 2018an aurkeztu zen, eta haren aldaketak ez zion eragiten onetsitako haize-sorgailuen kokapenari. Edozein modutan ere, aldaketa horrek aldeko ingurumen eraginaren adierazpena du, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren urriaren 29ko 205E/2019 Ebazpenaren bidez baldintza batzuekin emana.

CAVAR 1 haize-parkearen 1.1 haize-sorgailua inguratzen duen saihesbideak 477 bat metro izanen ditu, eta pinudiaren ondoko bidearen mendebaldean egitea proiektatu da. Bi euskarri berri paratuko dira, aireko eta lurpeko trantsiziokoak, bata 253N zenbakikoa eta bestea 254N zenbakikoa, eta 253 zenbakikoa, egun dagoena, desmuntatu eginen da; horrekin batera, erregularizatuko dira jarduketaren aurreko eta ondoko zuloak ere.

CAVAR 3A haize-parkearen 3A.1 haize-sorgailua inguratzen duen saihesbideak 408 bat metro izanen ditu, eta proiektatzen da lur azpiko kanalizazio batean barna, bidearen ekialdean, N-121-A ondoko pinudiaren zerrendatik bereizita, beraz. Kasu honetan ere bi euskarri paratuko dira (264A eta 265A), airekotik lurpekora eta lurpekotik airekora pasatzeko, egun dauden 264 eta 265 euskarriak desmuntatuko dira, eta aurreko eta ondoko zuloak erregularizatuko.

Lurpeko kondukzioak hartu behar dituzten zangek 1,3 metroko zabalera eta 1,2 metroko sakonera izanen dute. Makineria eta materialen metaketak paraleloan kokatuko dira. Iparraldeko tartean, 5 metroko okupazio zerrenda proposatzen da, zenbait alepo pinu uki ditzakeena, baina hori zangaren zuinketa egin ondoren zehaztuko da.

Espedientean Cadreitako eta Valtierrako udalek emandako aldeko txostenak daude. 2019ko irailaren 18an, Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalak txostena egin du, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Errege Dekretuaren 117. artikuluan ezarritakoarekin bat. Ingurumen Eraginaren Atalak proposamenaren aldeko txostena eman du, baina baldintza batzuk ezarrita.

Espedientean dauden txostenak ikusirik eta Ingurumenaren zuzendari nagusiaren azaroaren 8ko 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordetutako eskumenak erabiliz.

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea Caparroso-La Serna 66 kV-eko linea elektrikoaren zati bat lurperatzeko proiektuari, Valtierrako eta Cadreitako udal-mugarteetan, Renovables de La Ribera SLk sustatua.

2. Baimen honek neurri hauek aplikatzeko betebeharra ezartzen du:

Ingurumen arlokoak:

–Zangek eta euskarriak desmuntatzeko lanek sortutako hondakinak haien izaeraren arabera kudeatuko dira, kudeatzaile baimenduari emanda, indarreko araudiarekin bat.

–Ukitutako bideen trazadurak lehengoratuko dira lanen aurreko sakonera izan dezaten, eta haien trazadura zehaztuta utziko da, lanak bukatu ondoren trantsitorik izan ez dadin aldameneko lursail lehengoratuetan.

–Ebakitzaileen eta autobalbulen tentsioko elementuak eta aireko-lurpeko trantsiziorako bi euskarrien konektoreak behar bezala estaliko dira sustatzaileak erakutsitako sistemak erabiliz (konektoreen estalkia, autobalbulak, terminalak, eta abar estaltzen dituzten zorro aurremoldeatuak), sustatzaileak 2019ko urrian aurkeztutako dokumentazioarekin bat.

Hirigintza eta lurralde arlokoak:

–Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 112.2 artikuluaren arabera, instalazioaren edo azpiegituraren elementuek, kanpora ateratzen direnek, 3 metroko zortasun eremua errespetatu beharko dute, bide publikoen kanpoko bazterretik neurtuta.

–Baimen honek ez du babesten lurzoru urbanizaezinaren gaineko jarduerak edo horren gainean ezarri gogo direnak sare elektrikora lotzea.

–Egin diren eta espedientean jaso diren txosten sektorialetan xedatutakoari jarraituko zaio, edo kasuan kasuko baimenetan xedatzen denari.

–Herri-lurren Atalak 2019ko irailaren 17an egindako txostenean xedatutakoari jarraikiz, proiektuak Valtierrako udalerriko 8. poligonoko 640. eta 642. lurzatien zati bati eragiten dio; lur horiek Valtierrako Udalaren herri-lurrak dira. Beraz, sustatzaileak eskatu beharko dio ondasunaren titular den toki entitateari herri-lur horiek okupatzeko espediente bat irekitzeko, hala baitago araututa Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 172. artikuluan eta urriaren 18ko 280/1990 Foru Dekretuaren 215. artikuluan; horrez gain, Nafarroako Gobernuaren nahitaezko onespena beharko da.

Era berean, 264. eta 265. zutoinak kendu behar direnez, haien eginkizuna galduko dute, eta, horrekin batera, okupazioa eragin zuen helburua ere; hortaz, ukitzen dituzten herri-lurren egoera iraungi beharko da, Valtierrako Udalaren ondarera itzultzeko, kargarik gabeko herri-ondasunaren izaerarekin.

Gainera, herri-lurra lehen zegoen bezalaxe utzi behar da; horretarako, elementu guztiak kenduko dira (kableak, euskarriak, zimenduak, etab.), materialez eta hondakinez garbitu eta landareak sartuko dira.

–Egin gogo den jarduerak uki ditzakeen edo hartarako trabagarri izan daitezkeen azpiegitura eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak, obrak egin baino lehen, behar diren kontsultak eginen ditu, eta, hala badagokio, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetatik.

–Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 117.4 artikuluan xedatutakoarekin bat, ebazpen honen bidez babesten diren jarduera edo jarduketak egin edo martxan jarri beharko dira baimena eman eta bi urteko epean. Epe hori iragandakoan, baimenaren ondorioak bukatuko dira, eta ez du eraginkortasunik izanen. Jarduera uzteak berarekin ekarriko du jardueraren titularrak ukitutako lurrak lehengoratu beharra, gehienez ere bost urteko epean, eraikuntzak eraitsita eta/edo kenduta. Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 119. artikuluarekin bat, lizentzia eman baino lehen, Udalak sustatzaileari eskatuko dio aitorpen baten bidez konpromisoa har dezala, baimendutako jarduera utziz gero, lurzorua lehengoratzeko bost urteko epean.

3. Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen ditu; izan ere, artikulu horretan lurzoru urbanizaezinean eginen diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Ebazpen hau igortzea Lurraldearen Antolamenduaren Atalera, Valtierrako Udalera, Cadreitako Udalera, Basozainei (11. barrutia, Tuterakoa), eta interesdunari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2019ko abenduaren 9an.–Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Enrique Eraso Centelles.

Iragarkiaren kodea: F1915865