251. ALDIZKARIA - 2019ko abenduaren 24a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

62/2019 EBAZPENA, abenduaren 12koa, Garraioetako zuzendari nagusiak emana, taxien hiriarteko zerbitzuen tarifak onesten dituena.

Herri Lanetako zuzendari nagusiak abenduaren 5ean emandako 1093/2018 Ebazpenaren bidez, gaur egun indarrean dauden taxien hiriarteko zerbitzuen tarifak onetsi ziren. Ebazpen hori 2018ko 249. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, abenduaren 28koan.

2019ko irailaren 16an, Francisco José Asín Pérez jaunak, Asociación Independiente de Taxistas Autopatronos de Navarra (AITAN) izeneko elkartea ordezkatuz, eskabide bat aurkeztu du administrazio honetako Erregistro Orokor Elektronikoan, zeinaren bidez eskatzen baitu taxien hiriarteko tarifak egunera daitezen 2020rako, erreferentzia gisa harturik urtetik urterako kontsumoko prezioen indizea, hain zuzen, 2019ko abuztukoa. Eguneratzeak kontzeptu eta ordu-tarte guztietan izanen du eragina.

Eskatzen du, orobat, ezen, kontuan harturik zikloturismoak Nafarroan gaur egun duen arrakasta eta zikloturistek gero eta gehiago eskatzen dituztela taxi zerbitzuak leku batetik bestera joateko, aplika dadila, taximetrotik kanpora, 5 euroko gehigarri bat hiriarteko ibilbideetan eramaten den helduen bizikleta bakoitzeko.

Taxiari buruzko uztailaren 6ko 9/2005 Foru Legearen 40.2 artikuluan ezarritakoaren arabera, garraioen arloko eskumena duen departamentuari dagokio taxien hiriarteko zerbitzuei aplikatu beharreko tarifen araubidea onestea, taxien sektorea ordezkatzen duten lanbide elkarteei eta erabiltzaile eta kontsumitzaileen elkarteei entzutea eman ondoren.

Garraioen Plangintzaren eta Araubide Juridikoaren Zerbitzuak egokitzat jo du tarifak 2020rako eguneratzea eta, hortaz, urtetik urterako 2019ko abuztuko KPIaren arabera igotzea; hau da, %0,9. Beraz, ondoko gehieneko tarifa hauek proposatzen ditu taxien hiriarteko zerbitzuetarako:

–Egindako kilometro bakoitzeko: 0,61 euro.

–Itxaron beharreko ordu bakoitzeko: 16,86 euro.

–Kobratzeko gutxieneko zenbatekoa: 3,29 euro.

Zain egoteko aldiak hamabost minutuko tarteetan kontatuko dira, 4,21 euro denbora-tarte bakoitzeko.

Lanegunetan, 22:00etatik 7:00ak bitarteko gaueko zerbitzuetan, eta larunbat eta jaiegunetan 0:00tik 24:00ak bitarte egindakoetan, proposatu da tarifaren zenbatekoa %25 igotzea, lanegunetako eguneko tarifaren gainetik.

Bestalde, Garraioen Plangintzaren eta Araubide Juridikoaren Zerbitzuak proposatu du jaieguntzat har daitezen, Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren zuzendari nagusiaren maiatzaren 10eko 117/2019 Ebazpenean ezarritakoez gainera, urtarrilaren 5a, abenduaren 24a eta abenduaren 31, arratsaldeko 18:00etatik aurrera. Aipatu ebazpenaren bidez, Nafarroako Foru Komunitatearen esparruan ordaindu bai baina errekuperatu behar ez diren 2020ko jaiegunen egutegi ofiziala ezarri zen.

Tarifa hauen indarraldia datozen urteetan luzatzen bada, jaiegunen egutegia lortzeko, urte bakoitzeko jaiegun ofizialei buruz emandako ebazpena hartuko da aintzat.

Egokitzat jotzen da 5 euroko gehigarria aplikatzea, taximetrotik kanpora, hiriarteko ibilbideetan eramaten den helduen bizikleta bakoitzeko. Halakoetan, zerbitzuaren erabiltzaileari gehigarri horri dagokion ordainagiria eman beharko zaio.

Garraioen Plangintzaren eta Araubide Juridikoaren Zerbitzuak txosten batean aditzera eman du taxien sektoreko lanbide elkarteei eta erabiltzaile eta kontsumitzaileen elkarteei entzutea eman zaiela, Taxiari buruzko uztailaren 6ko 9/2005 Foru Legearen 40.2 artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32.1.d) artikuluak esleitutako eskumenak erabiliz, eta bat etorriz Taxiari buruzko uztailaren 6ko 9/2005 Legearen 40.2 artikuluarekin eta Garraioen Plangintzaren eta Araubide Juridikoaren Zerbitzuak proposatutakoarekin,

EBAZTEN DUT:

1. Ezartzea taxien hiriarteko zerbitzuek gehieneko tarifa hauek izanen dituztela:

–Lanegunetan, eguneko ordutegian (07:00etatik 22:00ak arte):

  • Egindako kilometro bakoitzeko: 0,61 euro.
  • Itxaron beharreko ordu bakoitzeko: 16,86 euro.
  • Kobratzeko gutxieneko zenbatekoa: 3,29 euro.

Zain egoteko aldiak hamabost minutuko tarteetan kontatuko dira, 4,21 euro denbora-tarte bakoitzeko.

–Lanegunetan, 22:00etatik 7:00ak bitarteko gaueko zerbitzuetan, eta larunbat eta jaiegunetan 0:00tik 24:00ak bitarte egindakoetan, tarifaren zenbatekoa %25 igoko da, lanegunetako eguneko tarifaren gainetik.

Ondorio horietarako, Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren zuzendari nagusiaren maiatzaren 10eko 117/2019 Ebazpenean ezarritako jaiegunez gain, ondoko hauek ere jaieguntzat hartuko dira: urtarrilaren 5a, abenduaren 24a eta abenduaren 31, arratsaldeko 18:00etatik aurrera. Ebazpen horren bidez, Nafarroako Foru Komunitatearen esparruan ordaindu bai baina errekuperatu behar ez diren 2020ko jaiegunen egutegi ofiziala ezarri zen.

Tarifa hauen indarraldia datozen urteetan luzatzen bada, jaiegunen egutegia lortzeko, urte bakoitzeko jaiegun ofizialei buruz emandako ebazpena hartuko da aintzat.

2. Tarifa hauek 2020ko urtarrilaren 1etik aurrera aplikatuko zaizkie Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak taxien hiriarteko zerbitzuak egiteko emandako baimenen babesean egiten diren hiriarteko taxi zerbitzu guztiei, salbu Iruñerriko taxi zerbitzu bateratuaren lurralde eremukoak diren lizentzien titularrak egiten dituzten hiriarteko zerbitzuei, horiek onetsita dituzten hiriko tarifak aplikatuko baitituzte, gehigarririk gabe, eremu horren barrenean zirkulatzen dutenean.

3. Onestea 5 euroko gehigarria aplikatzea, taximetrotik kanpora, hiriarteko zerbitzuetan eramaten den helduen bizikleta bakoitzeko. Halakoetan, zerbitzuaren erabiltzaileari gehigarri horri dagokion ordainagiria eman beharko zaio.

4. Ezartzea ebazpen honen eraginpeko ibilgailuek behar diren tarifa-taulak eraman beharko dituztela, Garraio Zuzendaritza Nagusiak ikus-onetsiak.

Indarreko tarifa-taula ibilgailuaren barruan ikusgai egonen da, erabiltzaileak aise ikusteko toki batean.

5. Ebazpen hau jakinaraztea Garraioen Plangintzaren eta Araubide Juridikoaren Zerbitzuari, Garraioen Ikuskapen, Kudeaketa eta Antolamenduaren eta Mugikortasunaren Zerbitzuari, Teletaxi San Fermín elkarteari, Tuterako taxilarien ekarteari, Asociación Independiente de Taxistas Auto-patronos de Navarra (AITAN) elkarteari, Ecotaxiri, Lizarrako taxilarien San Andrés elkarteari eta Irache Kontsumitzaile eta Erabiltzaileen Elkarteari.

6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

7. Adieraztea ebazpen honek ez duela administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoak izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezaketela ebazpen honen kontra, Lurralde Kohesiorako kontseilariari zuzendua, argitara eman eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, argitaratu denetik hasita bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epean.

Iruñean, 2019ko abenduaren 12an.–Garraioetako zuzendari nagusia, Berta Miranda Ordobás.

Iragarkiaren kodea: F1916223