248. ALDIZKARIA - 2019ko abenduaren 19a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

ALESBES

Zerbitzu anitzetako enplegatu izateko bi lanpostu betetzeko deialdia

Alesbesko Udalak, 2019ko azaroaren 26an egin osoko bilkura arruntean, besteak beste, honako erabaki hau hartu zuen:

ERABAKIA:

Bosgarrena.–Zerbitzu anitzetako enplegatu izateko bi lanpostu betetzeko deialdiaren lizitazio-agiria onestea.

Alesbesen, 2019ko abenduaren 4an.–Alkatea, M.ª Carmen Segura Moreno.

OINARRIAK, ZERBITZU ANITZETAKO ENPLEGATU IZATEKO BI LANPOSTU BETETZEKO DEIALDIARENAK, ALESBESKO (NAFARROA) UDALAREN ZERBITZURA ARITZEKO

1. oinarria.–Xedea.

1.1. Deialdi honen xedea da zerbitzu anitzetako langile izateko bi lanpostu oposizio-lehiaketa bidez betetzea. Lan-kontratu finkoa izanen dute, lanaldi osokoa, eta Alesbesko Udaleko plantillan sartuko dira.

1.2. Lanpostuaren ordainsariak D mailari dagozkion oinarrizkoak izanen dira, lanaldiaren araberakoak, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuan eta indarra duen araudian zehaztutako moduan, eta Udalaren plantilla organikoan une bakoitzean ezartzen diren osagarriak jasoko ditu.

1.3. Hiru hilabeteko probaldia ezartzen da, eta bitarte horretan Udalak kontratua suntsiarazten edo hutsaltzen ahalko du, Udalari iruditzen bazaio lanpostuaren zereginak ez direla berak nahi bezala bete, edo ez dela behar bezala integratu langile taldean.

1.4. Hautaprobak gainditurik deialdi honetako lanpostuetarako aukeratzen diren izangaiak Gizarte Segurantzako Araubide Orokorrean afiliatuko dira eta alta emanen zaie.

1.5. Lanaldi osoko lanpostua izanen da. Lanaldiaren araubidea eta ordutegia zerbitzuaren beharretara egokituko dira; organo eskudunek noiznahi aldatzen ahalko dute, zerbitzuaren beharren arabera.

1.6. Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduan ezarritakoarekin bat, hautaproben emaitzak zerrenda bat osatzeko ere erabiliko dira, zerbitzu anitzetako enplegatu lanposturako aldi baterako kontratazioak egiteko, Alesbesko Udalean sortzen diren beharrei erantzuna eman behar zaienerako.

Aldi baterako kontratatuak izateko izangaien zerrenda hori subsidiarioa izanen da araudian xedatutakoaren arabera prestatu diren edo etorkizunean prestatzen diren langile finkoen zerrenden aldean. Zerrenda hori subsidiarioa izanen da, “D” mailako peoi izateko lanpostu bat oposizio bidez betetzeko, 2019ko urriaren 14an egin zen deialdiko gaindituen zerrendaren aldean.

Deialdi honetako apartatu honen bidez egiten diren aldi baterako kontratazioetarako ere probaldia ezartzen da, bi hilabetekoa kasu hauetan, eta epe horretan edozein alderdik hutsaltzen ahalko du kontratua.

1.7. Eginkizun hauek izanen ditu lanpostuak, besteak beste:

Udalaren ondasun higiezinak, berdeguneak, eremu publikoak, bideak, zerbitzuak edo jarduerak mantentzeari dagozkion eginkizunak, haien artean honako hauek nabarmenduta, baina aipatzen direnetara soilik mugatu gabe: parkeak, lorategiak eta berdeguneak garbitu, mantendu eta ureztatzea; eremu publikoak, bideak, hiri-altzariak, eta udal hilerria onik zaindu, mantendu eta garbitzea; udalaren jabetzako erremintak eta materiala kontrolatzea; eraikinak; igeltserotzako, iturgintzako eta elektrizitateko konponketak.

2. oinarria.–Parte-hartzaileek bete beharreko baldintzak.

Izangaiek, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Adinez nagusia izatea eta nahitaezko erretiroa hartzeko ezarritako adinik ez izatea.

b) Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, titulu hau izatea: DBHko Graduatuaren titulua, Eskola Graduatuaren titulua, Erdi Mailako Lanbide Heziketakoa edo horien baliokide bat; edo, bestela, titulu hori eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina.

Atzerrian lortutako tituluak badira, homologazioa frogatzen duen agiria eduki beharko da.

c) Bete behar diren eginkizunetan aritzeko adinako gaitasun fisikoa eta psikikoa izatea.

d) Eginkizun publikoetan aritzeko desgaitua edo gabetua ez egotea eta administrazio publikoren baten zerbitzutik bereizia ez egotea.

e) B motako gidabaimena izatea.

Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunerako bete beharko dira aurreko baldintzak, eta hautapen-prozesuak eta kontratazioak iraun bitartean ere bete beharko dira.

3. oinarria.–Eskabideak eta horiek aurkezteko epea.

3.1. Deialdian parte hartzeko, eskabidea aurkeztu beharko da Alesbesko Udaleko erregistro orokorrean (España plaza 1, 31330 Alesbes), edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako edozein erregistro eta bulegotan, hamar egun naturaleko epean, deialdi honen iragarkia argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskabideak izanen dira I. eranskinean argitaratzen den ereduaren araberakoak.

Eskabideak aurkezteko epea luzaezina da.

3.2. Eskabideari (deialdi honetan argitaratzen den ereduaren araberakoa betiere) agiri hauek erantsiko zaizkio:

a) NANaren fotokopia, edo bizileku-txartelaren zein lan-baimenarena.

b) Bigarren oinarriko b) apartatuan eskatzen den titulazio akademikoaren jatorrizkoa edo fotokopia.

c) B motako gidabaimenaren fotokopia.

d) Lehiaketaldian baloratzeko aurkeztu diren merezimenduen jatorrizko ziurtagiriak edo horien kopia kautotuak; eskabidean, lehiaketaldirako alegatutako merezimenduak adierazi beharko dira.

e) Curriculum vitaea.

Dokumentu horiez gain, minusbaliotasuna duten izangaiek, parte hartzeko eskabidearekin batera, minusbaliotasuna eta desgaitasun maila frogatzeko agiria ere aurkeztu beharko dute, organo eskudunak emana. Une horretan aurkezten ez dutenei ez zaie kontuan hartuko deiak egiterakoan. Halaber, ariketak egiteko denbora eta baliabide aldetik behar dituzten egokitzapenak eskatzen ahalko dituzte, horren beharrik izanez gero, eskabidean bertan. Aparteko orri batean, adierazi beharko dute zer minusbaliotasun duten eta zer egokitzapen eskatzen dituzten.

4. oinarria.–Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, Udaleko alkateak onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onetsiko du, eta hura Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

Egun horretatik aurrera, eta hurrengo bost egun balioduneko epearen barnean, baztertutako izangaiek aukera izanen dute erreklamazioak aurkezteko eta eskabidean egindako akatsak, halakorik bada, zuzentzeko.

4.2. Erreklamazioak aurkezteko epea bukatu eta haiek ebatzi ondoren, Udaleko alkateak izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onetsiko du, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko, deialdiko hautaprobak egiteko eguna, ordua eta tokia adierazita.

4.3. Izangaien kalifikazioa egin ondoren, epaimahaiak probak gainditu dituztenen zerrenda paratuko du Udalaren iragarki-taulan, puntuazio ordenaren araberakoa, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko.

5. oinarria.–Kalifikazio epaimahaia.

5.1. Honako kide hauek osatuko dute epaimahaia; alabaina, izangai onartuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean zehazten ahalko da behin betiko osaera:

–Epaimahaiko burua: María Carmen Segura Moreno andrea, Alesbesko Udaleko alkate udalburua.

–1. mahaikidea: Ana Cirauqui Martínez, Navarra Sumako zinegotzia.

–Ordezkoa: Luis Manuel Azqueta Corrales.

–2. mahaikidea: Delia Linzoain Pinillos, PSNko zinegotzia.

–Ordezkoa: Francisco Javier Fernández Jaurrieta.

–3. mahaikidea: Judith Barainca Cenicacelaya, AIIko zinegotzia.

–4. mahaikidea: Ignacio Peralta Fernandez.

–5. mahaikidea: Luis Ángel Pascual Álvarez.

–Espezialista-arkitektoa: Jorge Núñez.

–Idazkaria: Maite Ibiricu Lecumberri, Alesbesko Udaleko idazkaria.

5.2. Epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote eta Alesbesko Idazkaritza Alorrari hala jakinarazi, baldin indarreko legerian horretarako aurreikusiak dauden arrazoiak gertatzen badira.

Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, inguruabar horietako bat gertatzen denean.

Epaimahaia aldatzen bada, epaimahaikideek berek uko egiteko edo haiek errekusatzeko legez ezarritako arrazoiengatik, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da aldaketa.

5.3. Hautaprobak hasi baino lehen eratu beharko da epaimahaia.

Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, kideen gehiengo osoa gutxienez bildu ezean.

Halaber, epaimahaiaren eraketak balio izateko, epaimahaiko buruak eta idazkariak bertan egon beharko dute.

5.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarrien interpretazio eta aplikazioari buruz sortzen diren gorabeherak. Berdinketa gertatuz gero, epaimahaiko buruak kalitateko botoa erabil dezake.

6. oinarria.–Hautapen prozesuaren nondik norakoa eta balorazioa.

Izangaiak hautatzeko prozedura merezimenduen balorazioaren bidez eramanen da aurrera, eta fase hauek izanen ditu:

–1. fasea: oposizioaldia. Gehienez ere, 75 puntu.

–2. fasea: lehiaketaldia. Gehienez ere, 25 puntu.

Oposizioaldia:

Oposizioaldian ariketa hauek izanen dira:

1. Lehen ariketa teorikoa izanen da; test motako galdetegi bat erantzun beharko da, II. eranskineko gai zerrendaren gainean.

Ariketa honetan gehienez ere 50 puntu lortzen ahalko dira eta bazterturik geldituko dira eskatutako puntuazioaren erdia, bederen, lortzen ez dutenek (25 puntu).

2. Bigarren ariketan, proba teoriko-praktiko bat edo gehiago eginen dira, arlo hauetakoak: makineriaren erabilera, igeltserotza, lorezaintza, pintura, mantentze-lan orokorrak, obra txiki edo ertainetako makineria maneiatzea, edota bestelako edozein, betiere lanpostuaren eginkizunekin zerikusia dutenak.

Bigarren ariketa honetan gehienez ere 25 puntu lortzen ahalko dira eta bazterturik geldituko dira eskatzen den gutxieneko puntuazioaren erdia, bederen, lortzen ez dutenak (12,5 puntu).

Lehiaketaldia:

Oposizioaldian eskatzen den gutxieneko puntuazioa lortu eta gero (37,5 puntu), lehiaketaldian honako hauek baloratuko dira:

–Esperientzia: 0,20 puntu antzeko postuetan eginiko hilabete bakoitzeko, administrazio publikoaren zerbitzura, enpresa pribatu batean, edo langile autonomo jardunez deialdiko postuan egiten direnen antzeko lanak egiten (gehienez ere 20 puntu).

–Larrialdiko kasuetan lanak egiteko prestasuna, lanpostura berehala joanez. Prestasun hori egiaztatzeko, udalerriko errolda-ziurtagiria aurkeztuko da. Atal honetan 2 puntu emanen dira gehienez.

–Titulazioa: atal honetan 3 puntu emanen dira gehienez.

  • 2 puntu: lanpostuari loturiko goi mailako lanbide heziketa.
  • 1 puntu: lanpostuari loturiko erdi mailako lanbide heziketa.

7. oinarria.–Probak gainditu dituztenen zerrenda eta kontrataziorako izangaien zerrenda.

7.1. Gaindituen zerrenda.

7.1.1. Behin proben kalifikazioa bukatuta, epaimahaiak argitara emanen du, Alesbesko Udaleko iragarki-taulan eta web orrian, probak gainditu dituzten izangaien zerrenda, guztira lortutako puntuazioaren hurrenkeran, eta zerrenda alkateari igorriko dio onets dezan, hautapen prozesuaren espediente osoarekin batera.

Zerrenda horrekin batera, 1.6 oinarrian aipatzen den zerrenda eratuko da, aldi baterako kontratazioetarako.

7.1.2. Parte-hartzaileen artean berdinketarik gertatuz gero, epaimahaiak ebatziko du, kontuan izanik zein izan den oposizioaldiko puntuaziorik handiena. Arestian ezarritako irizpideak aplikatuta ere berdinketak segitzen badu, epaimahaiak eginen duen berariazko zozketa bakar baten bidez ebatziko da. Berdindutako izangai guztien artean, bat ausaz hautatuko da. Berdinketa guztiak hurrenkera alfabetikoari jarraikiz deseginen dira, abiapuntu harturik zozketa horretan hautatzen den izangaiaren abizenak eta izena.

7.1.3. Epaimahaiak puntuaziorik handienak dituzten bi izangaien izendapen proposamena igorriko dio Udaleko alkateari, eta proposamena loteslea izanen da harentzat. Proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

7.1.4. Proposatuek deialdian eskatutako gaitasun baldintzak eta gainerako beharkizunak frogatzen dituzten agiriak aurkeztu beharko dituzte, izendapen proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta 30 eguneko epean.

7.1.5. Proposatutako izangaiak ez baditu agiri horiek aurkezten, edo lanposturako gai ez bada, ezin izanen da izendatu, eta probak gainditu dituztenen zerrendan hurrengoa den izangaiarekin beteko da hutsunea, aurreko apartatuan ezarritakoa bete ondoren.

7.2. Aldi baterako kontratazioak egiteko izangaien zerrenda.

7.2.1. Probak gainditu baina lanposturik lortu ez duten izangaiei dei egiten ahalko zaie, puntuazio hurrenkerari jarraikiz, Alesbesko Udalean dagokion zerbitzuan sortzen diren beharren arabera, jarraikiz deialdi honen oinarrietan ezarritakoari eta aplikatzekoak diren gainerako arauei.

Probak gainditzen dituztenen zerrenda agortzen bada, eta beste zerrenda bat egiteko probetarako deialdia egin arte, proba teorikoa gainditu dutenei egiten ahalko zaie dei, lortutako puntuazioaren hurrenkeran.

8. oinarria.–Izendapena eta jabetza hartzea.

8.1. Udaleko alkateak oinarri hauen 7.1.4 apartatuan ezarritakoa betetzen duten eta proposatzen diren izangaiak izendatuko ditu lanposturako.

8.2. Izendatutako izangaiek hilabeteko epean hartu beharko dute lanpostuaren jabetza, izendapena jakinarazten denetik aitzina. Hala egiten ez badu, eskubide guztiak galduko ditu eta 7.1.5 apartatuan xedatuari jarraikiko zaio.

9. oinarria.–Datuak babestea.

2016/679 (EB) Erregelamenduaren 13. artikuluan ezarritakoari jarraikiz (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra, DBEO), izangaiei ondokoa jakinarazten zaie:

9.1. Alesbesko Udala da izangaiek emandako datu pertsonalen tratamenduaren arduraduna.

9.2. Datuen tratamenduaren xedea da langileak hautatzea eta deialdiko lanpostuak betetzea.

9.3. Oinarri juridikoa honako hau da: DBEOren 6.1.b) artikulua, kontratu bat gauzatzeko behar den tratamendua, interesduna kontratu horren alderdi bat denean, edo berak eskatuta kontratu aurreko neurriak aplikatzeko beharrezkoa dena; eta DBEOren 6.1.c) artikulua, tratamenduaren arduradunari aplikagarri zaion legezko betebehar bat betetzeko behar den tratamendua.

9.4. Datuak zein xedetarako bildu diren, halako xedea lortzeko beharrezkoa den denbora guztian gordeko dira, bai eta deialdiaren edo datuen tratamenduaren ondoriozko erantzukizun guztiak zehaztu ahal izateko ere. Artxiboen eta dokumentazioaren gaineko araudian ezarritakoa aplikatuko da (Nafarroako Toki Entitateen agiriak ebaluatu eta ezabatzeko jarraibideak).

9.5. Datuak komunikatuko dira legeak aurreikusitako kasuetan (5/2015 Legegintzako Errege-Dekretua, urriaren 30ekoa), barnean dela gardentasunaren atarian argitaratzea, oinarri hauekin bat etorriz.

9.6. Titularrek eskubidea izanen dute datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezerezteko, tratamendua mugatzeko, kontra egiteko eta datuak eramateko, udal bulegoetara joaz edo datuak babesteko ordezkariaren helbidearen bidez (dpd@villafranca.es). Halaber, uste badute datuen tratamendua ez datorrela bat indarrean den araudiarekin, eskubidea dute erreklamazioa aurkezteko Datuak Babesteko Espainiako Bulegoari (aepd.es) edo, bestela, aldez aurretik, datuak babesteko ordezkariari. Ordezkariak gehienez ere bi hilabeteko epean helaraziko die erabakia.

10. oinarria.–Errekurtsoak.

Deialdi honen eta dagozkion oinarrien nahiz deialdia aplikatzeko egintzen aurka, honako errekurtso hauetako bat aurkez daiteke, hautara:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza gauzatu duen organo berari zuzendua, hilabeteko epean, erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Iruñeko Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.

Kalifikazio epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

I. ERANSKINA

Eskabide eredua (PDFa).

II. ERANSKINA

Gai zerrenda

1. gaia.–Espainiako 1978ko Konstituzioa. Printzipio orokorrak.

2. gaia.–Udalerria. Kontzeptua eta funtsezko elementuak.

3. gaia.–Igeltserotzako lana. Makineria, erremintak eta materialak.

4. gaia.–Zerbitzu anitzetako peoi eta langilearen eginkizunak obra batean, materiala prestatzea.

5. gaia.–Parke eta lorategiak mantentzeko erremintak eta materialak, oinarrizko ezagutzak. Parkeak, lorategiak eta berdeguneak mantentzea, peoi langilearen lorezaintza-lanak.

6. gaia.–Makineria mantentzeko erremintak eta materialak, oinarrizko ezagutzak.

7. gaia.–Peoi langilearen lanak pinturan, iturgintzan eta eraikinak mantentzen. Materialak, erremintak eta matxurak.

9. gaia.–Babes zibil eta su-itzaltzea, oinarrizko ezagutzak.

10. gaia.–Laneko segurtasun eta higienea. Segurtasuna makineria eta erremintak erabiltzean.

Iragarkiaren kodea: L1915508