213. ALDIZKARIA - 2019ko urriaren 28a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

928/2019 EBAZPENA, irailaren 11koa, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, zeinaren bidez onesten baitira dirulaguntzen deialdi bat eta hura arautzeko oinarriak, 45 urtetik goitikoen luzaroko langabezia prebenitzeko eta murrizteko programak garatzen dituzten Nafarroako entitateentzat. DDBN identifikazioa: 473670.

Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzua (hemendik aurrera NL-NEZ) enplegu politika aktiboen kudeaketaren erakunde autonomo arduraduna da. Politika horien artean, neurri batzuk daude, alde batetik, kalitateko enpleguaren sorrera sustatzeko eta, beste aldetik, langabeen enplegagarritasuna handitzeko, lan merkatuaren baldintzak hobetuz eta laneratzeko zailtasun bereziak dituzten kolektiboei arreta berezia eskainiz, Europako Enplegu Estrategiaren eta Enplegua Aktibatzeko Espainiako Estrategiaren esparruan.

Ekonomia eta enplegua hazten ari dira uneotan, eta langabezia tasa % 8,19ra jaitsi da horri esker, 2019ko lehen hiruhilekoko BAIren datuen arabera.

Nolanahi ere, Espainiako Enplegu Zerbitzu Publikoak luzaroko langabezia prebenitu eta murrizteko duen hiru urteko planak adierazten duen bezala (2019-2021, REincorpora-T plana), kontuan harturik krisi ekonomikoaren ondorioz biztanle sektore handi batek enplegua galdu zuela, lanik gabe gelditu zirenen profil profesionalaren ezaugarriak, enplegu egonkorra lortzeko zailtasun eta mugak eta enplegu partzial edo aldi baterakoetan emandako trantsizio aldiak, profesional anitz egon dira lanik gabe 9 hilabetetik goiti, eta horrek ondorio pertsonal, sozial eta familiar nabarmenak ekarri dizkie.

Lan duinaren aldeko Plan Zuzentzaileak, LANEk 2018rako egindako joeren analisiari erreferentzia eginik, enpleguak hazkunde moderatua izanen duela adierazten du, eta enplegu ahula handitzeko arriskua dagoela. Espainiako testuinguruan, enpleguari lotutako ahulezia honako alderdi hauei lotzen zaie, besteak beste:

–Luzaroko langabeziari eta soldatapekoen prekarizazioari.

–Genero faktoreei, emakumeen tasa txikiagoa baita oraindik enpleguan, eta kalitate apalagoko eta soldata txikiagoko lanak dituzte.

–Lurralde alderdiei, alde batetik autonomia erkidegoen artean dauden ezberdintasunengatik, eta, bestetik, landa eta hiriko eremuen artean daudenengatik.

Anitz dira luzaroko langabezian dauden pertsonak, eta, horregatik, beharrezkoa da arreta etengabe eta era espezializatuan emateko neurri bereziak antolatzea kolektibo horientzat. Errealitate Sozialaren Behatokiak 2019ko apirilean emandako datuen arabera, lanik gabe dauden 37.140 pertsonetatik 12.927 dira 45 urtetik goitiko luzaroko langabe. Hau da, langabezian dauden biztanleen % 34,80. Pertsona horien generoari begiratuz gero, 5.220 gizonak dira, eta 7.707, emakumeak, ia % 60. Gainera, hezkuntza maila apala dutenei eragiten die gehienbat, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzaren lehen etapa gainditu ez dutenei.

Luzaroko langabeziaren intzidentzia erronka bat da, lan merkatuan parte hartzeko aukera bat aktiboki bilatzen duten pertsona guztiak kontuan hartuta. Lanik gabeko egoera luzatzearekin batera, lan merkatuan berriz sartzeko aukerak apurka-apurka desagertuz doaz. Beraz, lehentasunezko helburua da inor atzean ez geratzea lanpostu egonkorra eta kalitatekoa eskuratzea ahalbidetzen duen suspertze prozesu horretan.

Frogaturik dago luzaroko langabeekin garatutako ekintzetan banakako arretak, zeina intentsitate handikoa den eta hurbileko jarraipena duen, nabarmen murrizten duela pertsona horiek langabezian ematen duten denbora. Behar den arreta motak eskatzen du denboran luzatu dadila, eta 2021. urteraino luzatzen den deialdi bat planteatzea.

Azaldutakoarekin bat, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren Estatutuak onesten dituen abenduaren 2ko 263/2015 Foru Dekretuaren 12. artikuluak eman dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Dirulaguntzen deialdia eta hura arautzeko oinarriak onestea, 45 urtetik goitikoen luzaroko langabezia prebenitzeko eta murrizteko programak garatzen dituzten Nafarroako entitateentzat. Ebazpen honi gehitutako I-IV bitarteko eranskinetan jasota daude horiek.

2. Baimentzea 600.000 euroko gastua, honako aurrekontu banaketa honekin, betiere kreditu erabilgarria egonez gero:

  • 300.000 euro, 2020ko gastuen aurrekontuko 950003 96400 4819 241100 “Luzaroko langabeen arretarako programak. Konferentzia Sektoriala” partidaren kontura edo gaitzen den horren antzeko partidara.
  • 300.000 euro, 2021eko gastuen aurrekontuko 950003 96400 4819 241100 “Luzaroko langabeen arretarako programak. Konferentzia Sektoriala” partidaren kontura edo gaitzen den antzeko partidara.

3. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Ebazpen honen aurka, ez baitu administrazio bidea amaitzen, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialetako kontseilariari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 122.1 artikuluari eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 57.1 artikuluari jarraikiz.

Iruñean, 2019ko irailaren 11n.–Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, Miriam Martón Pérez.

I. ERANSKINA

Oinarri arautzaileak

1.–Dirulaguntzaren xedea eta eremua.

Deialdi honen xedea da Nafarroako Foru Komunitatean 45 urtetik goitikoen luzaroko langabezia prebenitzeko eta murrizteko programak egiteko dirulaguntzak emateko, jarraipena egiteko eta kudeatzeko araubidea ezartzea. Programa horietan, aktibazioko, prestakuntza tekniko-profesionaleko, prospekzioko eta bitartekotzako ekintzen bidez, langabeen enplegagarritasun baldintzak hobetuko dira, parte hartzaileek frogatzen ahal dituzten ezagutza, abilezia, trebezia eta esperientzia profesionalen arabera, abiapuntutzat harturik enpresetan aurkitutako beharrak.

2.–Hartzaileak.

Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko agentzietan enplegu eskatzaile gisa inskribatuta dauden langabeak, 45 urtetik goitikoak, aldez aurretik enplegagarritasun diagnostikoa egina badute, eta, eskumena duen Lan Zerbitzu Publikoko enplegu eskatzaile gisa inskribatuta, gutxienez 270 egun egon badira arreta dataren aurreko 540 egunetan.

Entitate onuradunak programako pertsona hartzaileen zerrenda bat eskatzen ahal dio Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari. Nolanahi ere, erakunde horrek bideratutako hartzaileak onartu beharko dituzte entitate onuradunek.

3.–Entitate onuradunak.

Deialdi honetara proiektuak aurkezten ahalko dituzte nortasun juridiko propioa duten eta irabazi-asmorik ez duten entitateek, sozietatearen helbidea Nafarroako Foru Komunitatean badute eta baldintza hauek betetzen badituzte:

a) Orientazioaren esparruan gutxienez urte bateko ibilbide finkatu eta frogatua izatea, edo laneratzeko proiektu integralak egin izana, edo Europar Batasunaren funtsek finantzatzen laguntzen duten proiektuak egin izana, eta horietan guztietan zenbait arlotako ekintzak txertatu izana, arlo horietako bat luzaroko langabeentzako lanbide arloko informazioa eta orientazioa izanik. Gainera, inskribatuta egon beharko dira enplegurako lanbide prestakuntza eman ahal izateko, edo, bestela, hala daudenekin batera lehiatu behar izanen dute.

b) Bere xede sozialaren eta jarduketa esparru orokorraren barnean enplegu politika aktiboetako jarduerak izatea.

c) Giza baliabide eta baliabide material egokiak izatea jarduerarako.

4.–Jarduera diruz lagungarriak.

Deialdi honen bidez gehienez 11 hilabeteko iraupena duten proiektuak finantzatuko dira, urte bakoitzeko urtarrilaren 1etik azaroaren 30era arte garatuta, 2021ean izan ezik, urte horretakoak gehienez urriaren 31n amaituko baitira; eta proiektu bakoitzean gehienez 90 pertsonari emanen zaie arreta.

Proiektu horiekin tutoreen kontratazioa finantzatuko da, eta oinarri honetan luzaroko langabeentzat aurreikusitako jarduerak koordinatuko dituzte horiek. Arretak iraun bitartean erabiltzaileek tutore bera izanen dute esleitua. Deialdi honi lanaldi osorako egotzitako tutore bakoitzak 45 laguni emanen die arreta, gehi sortzen diren ordezpenak, hurrengo paragrafoarekin bat. Arreta eman beharreko pertsonen kopurua aldatzen bada, proportzioaren arabera dagokion lanaldia duen tutorea eskatuko da.

Programa gauzatu bitartean erabiltzaileetako batek hori uzten badu edo laneratzea lortzen badu, entitate onuradunak horren berri eman beharko dio organo kudeatzaileari, eta hori ordeztu ahal izanen da 2. oinarrian adierazitako eskakizunak betetzen dituen beste pertsona batez, betiere programa amaitzeko bi hilabete baino gutxiago gelditzen ez badira. Kontratatutako tutorea aldatzen bada, gehienez hilabete baino lehen eman beharko du horren berri entitate onuradunak.

Psikopedagogiako, psikologiako edo pedagogiako titulazio akademikoa izan behar du tutoreak. Aurrekoa gorabehera, zilegi izanen da aurrekoaz bestelako unibertsitate titulu bat duten tutoreak laguntzea diruz, baldin eta frogatzen badute gutxienez 24 hilabeteko esperientzia dutela lanbide orientazioan eta/edo prospekzio eta bitartekotza lanetan.

Tutore horren ekintzak, dirulaguntzaren xede direnak, honako hauek izanen dira:

4.1. Prospekzioa.

Ekintza horrek enpresekin bisitak edo harremanak egitea dakar, enplegatzaileen beharrak zehazte aldera. Lan eskaintzak biltzeko eta, lan eskaintzak sortzea bultzatze aldera, enpresekiko harremana sustatzeko balioko du.

Ondorio horietarako, lan eskaintzen bilketatzat joko da honako hau: entitateak identifikatzea enplegatzaile batek lanposturen bat betetzeko duen premia, eta hautagaiek izan beharreko lanbide profila zehaztea.

Proiektuari lanaldi osorako atxikitako tutore bakoitzeko, entitate onuradunak 20 enpresarekin, gutxienez, eginen ditu bisitak edo harremanak. Tutorea ez badago lanaldi osoan, eskatutako bisita kopurua lanaldiaren ehunekoaren araberakoa izanen da.

Prospekzio ekintza guztiak dokumentu bidez erregistratu beharko dira, honako hauek adierazita: eguna, ordua, enpresaren izenean aritzen den pertsonaren sinadura, eta ekintza gauzatzen duen entitateko teknikarien sinadura.

4.2 Lanbide profila eguneratzea.

Tutoreak banakako elkarrizketa bat eginen du, banakako diagnostikoa doitu eta eguneratzeko eta profila prestatzeko, honako hauek zehaztuta: trebetasunak, gaitasunak, prestakuntza eta esperientzia, interesak, familia-egoera eta aukera profesionalak. Erabiltzailearen profila egiteko eta haren enplegagarritasuna zehazteko erabiliko da informazio hori.

Lehenbiziko harreman horren helburua da prospekzio ekintzetan aurkitutako beharrekin lotuta pertsonak dituen gaitasunak sustatzea, eta, hala, aktibazio profesionaleko zerbitzuak bukatutakoan enpresek lan kontratu bat formalizatzea.

Tutoreak proiektuak iraun bitartean segituko du onuradunari arreta ematen, eta, gero, onuraduna laneratu, eta jarraipena eginen zaio, 4.4 oinarriarekin bat, edo 2021eko urriaren 31n, laneratzea posible izan ez bada.

Pertsona programaren barnean dagoen bitartean, entitate onuradunak elkarrizketa banakakoak edo taldekakoak izanen ditu harekin, alderdi emozionalak lantzeko, baita bilaketarako laguntza lantzeko ere. Programak iraun bitartean enplegu prekarioetan kontratatuta dauden pertsonek ere eutsiko diote parte hartzaile izaerari. Enplegu prekariotzat joko da Nafarroako Gobernuaren 2017-2020 Enplegu Politika Aktiboei buruzko Akordio dokumentuan ezarritakoa.

4.3 Prestakuntza tekniko-profesionala.

Helburua bikoitza da: alde batetik, gaitasun pertsonalak hobetzea (konfiantza, konpromisoa...), onuradunei lan-testuinguru normalizatuetan moldatzea ahalbidetzen dietenak; eta, beste aldetik, jakintza teoriko eta praktiko batzuk ematea lan-merkatuak eskatzen dituen eskakizunetara egokitzeko behar diren gaitasun teknikoetan (lanpostu bat arrakastaz betetzeko behar diren ezagutza teoriko-praktiko berariazkoak). Horrela, pertsonek egoera hobea izanen dute, enplegu bat eskuratu eta horri eusteko orduan aukera berdinak izan ditzaten.

Jakintza teorikoak eta praktikoak garatzeak lan-merkatuak eskatzen dituen jakintzak bultzatzeko helburua du.

Prestakuntza tekniko-profesionalak erabilgarritasuna du ezaugarri nagusi, eta nahitaezko ezagutzak emanen ditu lanpostu bat lortzeko edo lanbide-gaitasunak hobetzeko, lanpostu bati euste aldera, baita lan bilaketa egokia egiteko ere.

Bai programako onuradunen bai enpresen beharretara egokituko da prestakuntza tekniko-profesionalaren eskaintza.

Gaitasun pertsonalak hobetzeko, prestakuntza tailerrak emanen dira, honako gai hauei lotuta: lan munduan sartu aurreko ohiturak, enpleguaren aldeko jarrera proaktiboa sustatzeko; motibazioa piztea; ikuspegi profesionala garatzea; lana lortzen laguntzen duten komunikazio trebetasunak; elkarrizketen eta curriculumaren prestaketa; enplegu bilaketa aktiborako teknikak, etab. Norbere burua hobeki ezagutzeko xedea izanen dute: tasun pertsonalak eta profesionalak, hobetzeko arloak eta lan interesak zehaztea. Prestakuntza ez da ekintza bakartu bat, pertsonak laneratzeko prozesuaren zati bat baizik. Hori dela eta, gainerako ekintzei lotuta egon behar da eragile guztien arteko koordinazioaren bidez (orientatzaileak-tutoreak, prospekziogileak eta enpresak).

Egoki jotzen dituzten lantegiak eskainiko dizkiete entitate onuradunek hartzaileei, hala lantegi kopuruari nola prestakuntza orduei dagokienez. Tutoreak egokitzat jotzen badu, gerta daiteke hartzaile batek lantegi bakar batean ere prestakuntzarik ez jasotzea.

Tailer horietan emandako prestakuntza ez da inola ere lotuta egonen profesionaltasun ziurtagiriei.

4.4 Laneratzeari egiten zaion jarraipena.

Programako onuraduna lan munduan sar dadin, behar diren ekintza guztiak eginen dira. Enpresa batean antzemandako beharra entitatearekin lan egin duten pertsonen profiletako baten batekin bat badator, entitate kolaboratzaileak bi alderdiak jarriko ditu harremanetan, eta enpresari laneratu ondoko jarraipena, 2 hilabetekoa, emanen dio, sor daitezkeen arazoetan bitartekari aritzeko. Horrez gain, beharrezkoa bada, ordezko langilea emanen dio. Nolanahi ere, ez da jarraipenik eginen 2021eko urriaren 31tik aurrera.

Entitate onuradunak luzaroko langabeen kontratazioa sustatzearen arloan dauden dirulaguntzen berri emanen dio enpresa interesdunari.

5.–Dirulaguntzaren zenbatekoa eta gastu diruz lagungarriak.

A.–Dirulaguntza horrekin entitatearen gastuak ordainduko dira, zehazki hauen ingurukoak:

a) Lagun egiteagatik eta prospekzio zerbitzuengatik izandako gastuak:

Hileko 3.508 euroko modulu bat ezarri da, lanaldi osoko tutore bakoitzeko. Dedikazioa lanaldi osokoa ez bada, dagokion zati proportzionala lagunduko da diruz. Modulu horrek kontratatutako pertsonaren soldaten kostu eta gizarte segurantzaren kostu guztiak biltzen ditu.

b) Prestakuntza gastuak:

Parte hartzen duen pertsona eta ordu bakoitzeko, 6,87 euroko modulu bat lagunduko da diruz; gehienez 10.000 euro lanaldi osoko tutore bakoitzeko. Entitateak proposatzen baldin badu jende gehiagori edo gutxiagori ematea arreta, egoki den proportzioan emanen da dirulaguntza.

Tutoreek ezin izanen dute, inola ere, prestakuntza eman.

Gastu guztiak dirulaguntzaren xede den aldian egin beharko dira.

B.–Eskatutako dirulaguntzaren zenbatekoa a) eta b) diru kopuruak batzearen emaitza izanen da. Dirulaguntza ematea 2020 eta 2021eko aurrekontu ekitaldiei egotziko zaie, proiektuan ezarritako iraupenaren arabera.

C.–Dirulaguntzaren gehieneko zenbatekoa 98.000 euro izanen da urtean entitate onuradun bakoitzeko.

6.–Eskaeren aurkezpena, eskatzen diren agiriak, eta betebeharrak betetzeari buruzko ziurtagiriak.

1. Eskaerak administrazio prozedura erkideari buruzko araudian ezarritako moduan eta baliabideen bidez aurkeztuko dira, 20 egun naturaleko epean, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

2. Eskaerarekin batera, agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Entitate eskatzailearen nortasun juridikoa frogatzea, bere eraketa eskrituraren, bere estatutuen eta dagokion erregistroko inskripzioaren kopia aurkeztuz. Halaber, entitatearen ordezkariaren ahalordetzea ere aurkeztu beharko dute.

b) Identifikazio fiskaleko txartelaren fotokopia.

c) Eskatutako urtebeteko gutxieneko esperientzia justifikatzeko agiriak –3.a) oinarrian eskatuta–; 8. oinarrian adierazitako bitarteko berak erabiliz egiaztatu beharko da.

d) Laneratzeko tutoreei eskatutako profilak eta esperientzia egiaztatzen dituzten agiriak, horien titulazioa eta lan bizitzaren txostenak aurkezturik, lan kontratuen bidez edo hirugarrenek emandako ziurtagirien bidez, edo organo kudeatzaileak aski deritzon beste edozein frogabideren bidez.

e) Proiektuaren memoria, deialdi honi erantsitako ereduaren araberakoa.

f) Helbidea, jakinarazpenetarako.

g) Orientazio entitateek eta prestakuntza entitateek elkartuta parte hartzen badute, talde horren eraketaren dokumentua aurkeztu beharko dute, zeinaren bidez horren ordezkari edo ahalordedun bakarra izendatzen den; onuradun gisa dagozkion betebeharrak betetzeko aski ahalorde edukiko du horrek. Gainera, berariaz adieraziko dira elkarteko entitate bakoitzak bere gain hartzen dituen konpromisoak, baita haietako bakoitzak aplikatuko duen dirulaguntzaren zenbatekoa ere, biak onuraduntzat hartuko baitira. Dirulaguntzei buruzko Foru Legean ezarritako preskripzio epea bukatu arte elkartea ezin da desegin.

Administrazioak entitate eskatzailearen legezko ordezkarien nortasuna egiaztatuko du.

Aurkeztutako agiriak kopia soilak izan daitezke. Nolanahi ere, administrazio publiko deitzaileak notaritzan edo administrazioan egiaztatutako kopiak eskatzeko eskubidea izanen du, kopia horiei dagokienez zalantzarik balego.

3. Edozein administraziori lehendik aurkeztutako agiriak edo administrazioak berak emandakoak ez dira berriz aurkeztu beharko. Ondorio horietarako, interesdunak azaldu beharko du Administrazioaren zein organoren aurrean eta noiz aurkeztu zituen aipatutako agiriak, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak bide elektronikotik jaso ditzan, salbu eta interesdunak berariaz aukera hori eragozten badu. Kasu horretan, berak aurkeztu behar ditu agiriak, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.3 artikuluan aurreikusitakoarekin bat. Salbuespen gisa, organismo horrek behar diren agiriak eskuratzea lortzen ez badu, berriz aurkezteko eskatzen ahalko dio interesdunari.

7.–Dirulaguntzak emateko prozedura.

Oinarri hauetan ezarritako dirulaguntzak norgehiagokako prozedura erabiliz emanen dira.

Baremazioaren ondorioetarako, entitate eskatzaileak proiektuaren memorian zehaztu eta, hala bada, frogatu dituen alderdiak soilik hartuko dira kontuan, eta, beraz, puntuatuko.

Eskaeren lehentasun ordena ezarriko da hurrengo oinarrian aurreikusitako irizpideak aplikatuz lortzen duten puntuazioaren arabera.

8.–Balorazio irizpideak.

1. Irizpide hauek erabiliz baloratuko dira eskabideak:

1. irizpidea.–Aurreikusitako laneratzea: 20 puntu gehienez.

–Entitateak aurreikusten badu % 10 baino gehiago eta gehienez % 15 laneratzea: 4 puntu.

–Entitateak aurreikusten badu % 15 baino gehiago eta gehienez % 20 laneratzea: 8 puntu.

–Entitateak aurreikusten badu % 20 baino gehiago eta gehienez % 25 laneratzea: 12 puntu.

–Entitateak aurreikusten badu % 25 baino gehiago laneratzea: 20 puntu.

2. irizpidea.–Laneratzeko tutoreen profil teknikoa, gehienez 5 puntu.

Lanbide orientazioan eta/edo prospekzio eta bitartekotza lanetan frogatutako esperientzia urteak. Arreta pertsona batek baino gehiagok ematen badu, puntuazioa proiektuari atxikitako teknikarien esperientzia urteen batezbestekoa izanen da. Puntu bat emanen da urte bakoitzeko, gehienez 5 puntu. Esperientzia urte osokoa ez bada, horren araberako puntuazioa emanen da.

Irizpide hori aplikatzeko, titulazioa eta lan bizitzaren txostena aurkeztu beharko dituzte, lan kontratuak, hirugarrenek emandako ziurtagiria edo organo kudeatzaileak aski deritzon beste edozein frogabide aurkezturik. Psikopedagogia, Psikologia edo Pedagogia ez beste unibertsitate titulazio bat duten teknikariei eskatutako 24 hilabeteko esperientzia ez da kontuan hartuko.

3. irizpidea.–Entitatearen esperientzia: 10 puntu gehienez.

a) Parte hartze egiaztatua administrazio publikoekin luzaroko langabeentzako orientazio programetan, norgehiagoka deialdietan, azken 10 urte naturaletan. Nafarroako Foru Komunitatearen eremuan, aipatutako aldiko Errenta Bermatu edo Gizarteratze-errentaren hartzaileentzako programak ere baloratuko dira. Programa bakoitzeko 1 puntu emanen da. Programaren iraupena urtebetetik goitikoa bada, 2 puntu emanen dira. Dagokion puntuazioa emateko, II. eranskina behar bezala bete beharko da, baloratu beharreko esperientzia proiektu-memoriaren zer orritan dagoen adierazita.

Dagokion araua edo deialdia eta adjudikazio ebazpena aurkeztuz egiaztatu beharko da esperientzia.

Programa adjudikatzea eta/edo sinatzea Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari badagokio, erakunde horrek ofizioz egiaztatzeko eskatu ahal izanen du entitateak idatziz, programa adjudikatua eta deialdiaren urtea adierazita.

b) Administrazio publikoek antolatzen ez dituzten programen kasuan, 0,5 puntu emanen da programako. Programaren iraupena urtebetetik goitikoa bada, 1 puntu emanen da. Dagokion puntuazioa emateko, III. eranskina behar bezala bete beharko da, baloratu beharreko esperientzia proiektu-memoriaren zer orritan dagoen adierazita.

Kasu horretan agiri baten bidez frogatu beharko du esperientzia, honako hauek adierazita: entitate emailearen izena, entitate eskatzailearen aldeko hautaketaren data, programaren iraupena eta aurreikusitako jarduketak. Entitate emailearen ordezkari eskudun batek sinatu beharko du agiri hori.

c) Puntuazioa esleitzean, hasierako urtebeteko esperientzia ez da kontuan hartuko, 3.1.a) oinarrian ezartzen den deialdirako baldintza baita.

Datu horiek agertzen ez badira, aurkeztutako agiriak ez dira baloratuko.

4. irizpidea.–Entitate eskatzailearen jarduketa-eremu geografikoa (10 puntu gehienez).

Entitate onuradunak programa garatu behar duen enplegu agentzien lurralde eremua edo eremuak adierazi beharko ditu proiektu-memorian.

Gehienez 10 puntu emanen dira, eskala honen arabera:

a) Entitateak Iruñerriko enplegu agentzia baten lurralde-eremuan jarduten badu: 1 puntu.

b) Entitateak Tuterako enplegu agentziaren lurralde-eremuan jarduten badu: 3 puntu.

c) Entitateak gainerako enplegu agentzien lurralde-eremuan jarduten badu: 6 puntu.

Hala, entitateak a), b) eta c) apartatuei dagozkien puntuak batu ditzake.

5. irizpidea.–Ebaluazio sistema, 5 puntu.

Baldin eta entitateak egiten diren zerbitzuen kalitatea kontrolatzeko ebaluazio sistema bat badu, non eraginkortasun ekonomikoaren adierazleak, eta erabiltzaileen gogobetetasunaren, enplegagarritasuna hobetzearen eta laneratzearen adierazleak txertatzen diren, 5 punturekin baloratuko da.

2. Puntuaziorik onena lortu duten erakundeen arteko banaketa egiteko prozedura honako hau izanen da:

a) Proiektuak puntuazio handienetik txikienera ordenatuko dira. Berdinketa izanez gero, 1. irizpidean puntuaziorik handiena lortzen duten proiektuei emanen zaie lehentasuna.

Hala ere, berdinketa hausten ez bada, 2. irizpidea hartuko da kontuan, eta horrelaxe jarraituko da 5. irizpidera iritsi arte.

b) Dirulaguntzak emateko, oinarri honetan ezarritako balorazio irizpideak aplikatzearen ondoriozko hurrenkerari jarraituko zaio, aurrekontuan dagoen diru erabilgarriaren arabera.

Balorazioa egin ondoren aurrekontuan azken entitateari gelditzen zaion kreditu erabilgarria berak eskatutakoa baino txikiagoa bada, horren berri emanen zaio, eta aukera izanen du eskaera berregiteko. Nolanahi ere, eskaera berreginda ere, balorazio irizpideak aplikatzearen ondorioz esleitutako puntuazioa ez da aldatuko.

20 puntu baino gehiago lortzen dituzten proiektuak baino ez dira onartuko.

9.–Organo eskudunak eta ebazteko gehieneko epea.

Prozeduraren instrukzioa eta tramitazioa NL-NEZeko Lana Aktibatzeko eta Lurraldea Koordinatzeko Zerbitzuari dagozkio.

Instrukzio organoak, behar diren egiaztapenak egin ondoren eta aurrekontuan dagoen diru erabilgarriaren arabera, txostena prestatu eta dagokion ebazpen proposamena eginen du, NL-NEZeko zuzendari kudeatzaileari igortzeko.

Aurkeztutako agiriak baloratzeko, Balorazio Batzorde bat eratuko da. Batzorde hori honako hauek osatuko dute:

–Epaimahaiburua: Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko Lana Aktibatzeko eta Lurraldea Koordinatzeko Zerbitzuko zuzendaria.

–Epaimahaikidea: Orientazio Ataleko burua.

–Batzordekide-idazkaria: Lurralde Antolaketarako eta Agentzien Koordinaziorako Ataleko burua.

NL-NEZeko zuzendari kudeatzaileak eskaerak aurkezteko epea amaitu eta hurrengo 3 hilabeteetan emanen du ebazpena. Epe horretan ebazpen espresurik ematen ez bada, eskaera ezetsitzat jo beharko da.

10.–Entitate onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak: itzultzea.

1. Entitate onuradunek betebehar hauek bete beharko dituzte:

a) Laneratzeko betebeharrak: arreta jasotako pertsonen % 10 gutxienez laneratzeko konpromisoa hartzen du entitateak. Gainera, proposa dezake pertsona laneratuen portzentaje handiago bat.

Laneratzetzat joko da edozein lan-kontratu mota, orientazio eta prestakuntza jarduketetan aldez aurretik entitatearen arreta jaso duten luzaroko langabeetako batek lanpostu bat lortzea dakarrena, betiere barnean direla kontratu mugagabeak, praktikaldiko kontratuak eta prestakuntzarako eta ikaskuntzarako kontratuak. Gainera, laneratzetzat joko da langileak alta hartzea langile autonomo edo norberaren konturako langile gisa (laneratutako pertsonen % 20 gehienez) edo kooperatiba edo lan sozietate bateko bazkide langile edo lan-bazkide gisa. Lanetik kanpoko praktikak egitea ere laneratzetzat joko da.

Bekak ez dira kontuan hartuko ondorio horietarako.

Laneratzetzat har dadin, luzaroko langabeak gutxienez 2 hilabetez egon behar du lanaldi osoan kontrataturik, edo horri dagokiona lanaldi partzialean, zerbitzua eman zitzaionetik 2022ko ekainaren 30era bitarteko epean, edo gizarte ekonomiaren eremuko enpresa batean bazkide gisa sartu izana. Langile autonomo aritzen hasten bada, nahikoa izanen da Langile Autonomoen Araubide Berezian alta hartu izana justifikatzea, eta bertan 6 hilabetez irautea.

Ez dira kontuan hartuko administrazio publikoek aldi baterako langileak hautatzeko prozeduretatik datozen laneratzeak; izan ere, bitartekotza hori beren enplegu zerbitzuek eurek egin behar dute zuzenean.

Nolanahi ere, langabea Nafarroako Foru Komunitatean zein beste edozein autonomia erkidegotan laneratzen ahalko da.

b) Orientazioaren emaitza gisa, entitateak profil profesionala eguneratuko du Orientasarean, prestakuntza eta enplegu ibilbidea bere profil eta beharretara gehiago egokitzen diren programen arabera planifikatzeko.

Txostena berriz emanen zaio interesdunari.

c) Entitateek Nafarroako enpleguaren atarian argitaratuko dituzte eskaintzak.

Lan eskaintza bat Nafarroako enpleguaren atarian (www.empleo.navarra.es) erregistratzea: NL-NEZek horretarako gaitutako pertsona batek eskaintzak biltzeko prozesuan eskuratutako datuak mekanizatzea eta Nafarroako enpleguaren atarian sartzea, eta, hala, sisteman enplegu eskaintza berri bat sortzea, betiere NL-NEZek horretarako ezartzen dituen baldintzak betetzen badira.

d) Luzaroko langabeen parte hartzea duten ekintza guztiak, hasierako elkarrizketa barne, dokumentu bidez erregistratu beharko dira, honako hauek adierazita: eguna, ordua, ekintzaren edukia, eta arreta jaso duen pertsonaren eta ekintza gauzatzen duen entitateko teknikarien sinadura.

e) Orientazio ekintzen emaitzari eta garapenari buruzko datuak ematea NL-NEZi, zerbitzu horrek ezartzen dituen bide elektronikoak erabiliz, halako moduan non zerbitzuak informazio eguneratu guztia edukiko baitu luzaroko langabeen banakako laneratze-ibilbideen bilakaerari buruz.

f) Ekintzen kontrol fitxak, arreta jasotzen duten pertsonek sinatuak, aurkeztea aldian-aldian. Orientazio Atalak ezarriko du nolako aldizkakotasunarekin aurkeztu behar dituen fitxa horiek entitate bakoitzak eta zein ereduri jarraikiz, ekintzen kopurua eta programen eta ekintzen ezaugarriak kontuan hartuta.

g) Egindako ekintzak Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren sistema informatikoan erregistratzea, NL-NEZek proposatzen duen moduan eta denboran, baita Orientasarean ere.

h) Tutorea ordeztuz gero, oinarri hauetan eskatutako esperientzia eta titulazioa egiaztatu beharko dira.

i) NL-NEZek ezarritako jarraibideak betetzea emaitzen ebaluazioetan.

j) Dirulaguntza ematen duen organoak eta indarra duen antolamendu juridikoaren arabera eskudun diren bestelakoek egin beharreko egiaztapen lanak onartzea, eta egiten diren kontroletan laguntzea.

k) Dirulaguntzen xede diren ekintzen onura jasotzen duten pertsonei ezin zaie ezer kobratu inola ere.

l) Halaber, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak bete behar dituzte.

2. Dirulaguntza emateko ebazpenean, oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legean ezarritako baldintzak bete ezean, onartutako dirulaguntza kobratzeko eskubidea galduko da edo diru hori itzuli egin beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Halaber, aurreko betebeharretako bat hein batean betetzen ez bada, emandako dirulaguntzaren zenbatekoa berriz ere doitzen ahalko da, proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, kasuaren arabera, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da.

Entitate onuradunak bere gain hartutako konpromisoaren arabera parte hartzaileen laneratze ehunekoa betetzen ez bada, dirulaguntza proportzio berean murriztuko da, eta, hala badagokio, zenbateko hori itzuli beharko da, berandutze-interesak eta guzti.

Halaber, gutxienez behar den %10eko laneratze portzentajea betetzen ez bada, dirulaguntza galduko da, eta, behar denean, itzuliko da, honela: ez-betetzearen portzentajea halako bi, gehi berandutze-interesak.

Arau-hauste eta zehapenei dagokienez, deialdi honetan Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen IV. tituluko araubidea erabiliko da.

11.–Dirulaguntzen jarraipena eta kontrola.

Dirulaguntzak ematen dituen organoak ahalmena izanen du aldian-aldian nahi adina kontrol eta egiaztapen egiteko, diruz lagundutako jarduera gauzatzen dela ziurtatzeko, bai eta ezarritako baldintzak betetzen diren aztertzeko ere.

NL-NEZek egiaztatuko du ea deialdi honen bidez diruz lagundutako arreta jaso duen pertsona gutxienez 2 hilabetez egon den kontratatua eta Gizarte Segurantzan alta-egoeran eskatutako gutxieneko 2 hilabeteko aldian, edo 6 hilabetekoan besteren konturako langileen kasuan. Hori egiaztaturik, espedientea bukatzeko ebazpena emanen da.

12.–Onuradunek egindako jarduketak justifikatzea. Dirulaguntza ordaintzeko modua eta epeak.

a) Entitateak konturako ordainketa eskatu ahal izanen du, diruz lagundutako programaren erdia gutxienez egin ondoren; horretarako, eginiko jardueraren memoria teknikoa aurkeztu beharko du. Konturako ordainketa Lana Aktibatzeko eta Lurraldea Koordinatzeko Zerbitzuaren aldeko txostenaren baldintzapean egonen da.

b) Nolanahi ere, urte bakoitzeko azaroaren 30a baino lehenago, entitateak amaierako memoria teknikoa aurkeztu beharko du, bai eta justifikazio ekonomikoa ere, urte horretan egindako proiektuei dagokien dirulaguntzaren ordainketa egin dadin. Justifikazio ekonomikoa egiteko, dokumentazio hau aurkeztu beharko da:

–Tutore gisa kontratatutako pertsonaren nominak eta agiriak, baita dagozkion ordainketa frogagiriak ere.

–Emandako prestakuntza ekintzen identifikazioa; horien edukia, eta zein tokitan eta zein egunetan eman diren zehaztuko da bertan, bai eta eman dituzten irakasleak eta horietako bakoitzean parte hartu duten pertsonen zerrenda ere. Halaber, parte hartu dutenen sinaduren orria aurkeztu beharko dute, prestakuntza saio bakoitzean parte hartu dutela egiaztatu ahal izateko.

13.–Dirulaguntzen bateragarritasuna.

Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak bateragarriak izanen dira jarduera hori bera egiteko jasotzen diren beste batzuekin. Nolanahi ere, dirulaguntzen zenbatekoa ezin da inola ere izan entitate onuradunak egin asmo duen jardueraren kostua baino handiagoa, bakarrik edo dirulaguntzaren xedeko jarduerak izan litzakeen beste dirulaguntza, laguntza eta diru-sarrera batzuekin edo baliabide propioekin batuta. Emandako dirulaguntza justifikatu aurretik jakinarazi beharko zaio NL-NEZi beste laguntza edo dirulaguntza batzuk jaso izana, eta ordaindu beharreko zenbatekoa gutxitzen ahalko da horren ondorioz.

14.–Gardentasun betebeharrak.

Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 3.c) artikuluan aipatutako entitate pribatuak behartuak daude gardentasun betebeharra betetzera baldin eta, urtebetean, 20.000 eurotik goitiko laguntzak edo dirulaguntzak jasotzen badituzte Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura, edo jasotako laguntzak edo dirulaguntzak beren urteko diru-sarrera guztien % 20 edo gehiago badira, betiere 5.000tik goitiko kopurua bada.

Aipatu diren inguruabarrak gertatzeagatik gardentasun betebeharrak dituzten entitate onuradunek jarraian adierazten den informazioa eman beharko dute hilabeteko epean, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazten denetik kontatzen hasita:

–Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.

–Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda.

–Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru-konpentsazioak, kontzeptuz kontzeptu. Sortu berriak diren entitateen kasuan, informazioa haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan jasotakoa izanen da.

–Gobernu, administrazio eta zuzendaritza eginkizunetan ematen den dedikazio-araubidea.

–Entitate onuradunaren urteko azken kontuen kopia bat.

Informazio hori entitate onuradunaren legezko ordezkariak sinatuta aurkeztuko da, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bide telematikoak erabiliz, eta dirulaguntza kudeatzen duen administrazio unitateari bidaliko zaio.

Entitateak gardentasun betebeharra bete behar ez badu, aurreikusitako inguruabarrak gertatzen ez direlako, horren gaineko aitorpena aurkeztu behar du.

Entitateak ekitaldi berean dirulaguntza bat baino gehiago jasotzen badu, ez du informazioa errepikatu behar dirulaguntza bakoitzerako, salbu eta hasieran eman zituen datuak aldatzen badira. Horretarako, entitateak identifikatu behar du Foru Komunitateko Administrazioaren zein organoren aurrean eta noiz aurkeztu zuen.

Betebehar hori bete ezean, emandako dirulaguntza ez da ordainduko, ezta aurrerakinak ere, eta kobratutako zenbatekoak itzuli egin beharko dira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35.1.c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Aurrekoa galarazi gabe, onuradun guztiak behartuak daude unitate kudeatzaileari behar den informazio guztia ematera, aurretiazko errekerimendua eginda eta hamar eguneko epean, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen II. tituluan jasotako gardentasun betebeharrak betetzen direla frogatze aldera.

Errekerimenduan horretarako emandako epea hura bete gabe iraganik, hertsapen-isunak ezartzea erabakitzen ahalko da, 500 eurotik 5.000 eurora bitartekoak, interesdunari aurretiaz ohartarazpena egin eta entzunaldia eman ondoren. Isuna hamabost egunetik behin errepikatuko da, errekerimendua bete arte. Isunaren zenbateko osoa ez da izanen dirulaguntzaren zenbatekoaren ehuneko bost baino handiagoa. Zenbatekoa zehazteko, ez-betetzearen astuntasuna eta proportzionaltasun-printzipioa hartuko dira kontuan.

15.–Dirulaguntzaren publizitatea, onuradunaren aldetik.

Bai publizitatean, bai zabalkundeko materialetan eta paper-gauzetan, entitate onuradunek Nafarroako Gobernuaren eta Enpleguko eta Gizarte Segurantzako Ministerioaren finantzaketa izan dutela adierazi behar dute. Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala eta haren erabilera arautzen duen urtarrilaren 27ko 4/2016 Foru Dekretuan xedatutakoarekin bat erabili beharko da Nafarroako Gobernuaren sinboloa.

16.–“De minimis” araubidea.

Dirulaguntza hauek “de minimis” araubidearen menpe daude, Batzordeak 2013ko abenduaren 18an emandako 1407/2013 (EB) Erregelamenduan ezarritakoaren arabera (Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak “de minimis” laguntzei aplikatzeari buruzko Erregelamendua).

17.–Errekurtsoak.

Oinarri arautzaile hauen eta haien aplikazio egintzen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialetako kontseilariari zuzendua, argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean. Errekurtsoaren xede den administrazio ekintza berariazkoa ez bada, edozein unetan jar daiteke gora jotzeko errekurtsoa, isiltasun administratiboaren ondorioak izan eta biharamunetik aurrera.

18.–Datuak babestea.

Deialdi honek ezartzen duena betetzeko beharrezkoak diren datu pertsonalen tratamendua honako arau hauen arabera eginen da: 2016/679 Erregelamendua (EB), 2016ko apirilaren 27koa, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa, eta 95/46/EE Zuzentaraua indargabetzen duena; eta 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalen Bermeari buruzkoa, baita gainerako garapen-araudiak ere, haren kontrakoa ez bada.

Zehazki, entitate onuradunen ardura izanen da programetan parte hartzen duten pertsonei aipatu Erregelamenduaren (EB) 13. artikuluan adierazitako informazioa ematea.

19.–Emandako dirulaguntzen argitalpena.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 15. artikuluan xedatutakoarekin bat, Nafarroako Enplegu Zerbitzuak emandako dirulaguntzen berri emanen du Nafarroako Enpleguaren Atarian (www.empleo.navarra.es), datu hauek adierazita: deialdia, aurrekontuko zein programa eta kredituren kargura ordainduko diren dirulaguntzak, eta dirulaguntza bakoitzaren onuraduna, zenbatekoa eta xedea.

Datu horiek, orobat, Estatuko Administrazioko Kontu-hartzailetza Nagusiak argitaratuko ditu bere web-orrian, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 20.8 artikuluan aurreikusitakoarekin bat.

II. ERANSKINA

Parte hartze egiaztatua administrazio publikoekin enplegu programetan.

III. ERANSKINA

Parte hartze egiaztatua administrazio publikoaren eremutik kanpoko programetan.

IV. ERANSKINA

Bestelako laguntza batzuei buruzko aitorpena.

Deskargatu beharreko artxiboak PDF formatuan daude.

Iragarkiaren kodea: F1911906