71. ALDIZKARIA - 2018ko apirilaren 13a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

92/2018 FORU AGINDUA, martxoaren 20koa, Eskubide Sozialetako kontseilariak emana, prestakuntza beka baterako deialdia onesten duena Kazetaritzako edo Ikus-entzunezko Komunikazioko lizentziadun edo gradudunentzat Errealitate Sozialaren Behatokiaren Zerbitzuan aritzeko (Errealitate Sozialaren Behatokiaren eta Gizarte Politiken Plangintzaren eta Ebaluazioaren Zuzendaritza Nagusia).

Errealitate Sozialaren Behatokiaren eta Gizarte Politiken Plangintzaren eta Ebaluazioaren Zuzendaritza Nagusiak proposatzen du Kazetaritzako edo Ikus-entzunezko Komunikazioko lizentziadun edo gradudunentzako prestakuntza beka bat sortzea eta haren deialdia egitea Eskubide Sozialetako Departamentuan, gazte tituludunen prestakuntzan modu eraginkorrean laguntzeko.

Horrenbestez, Eskubide Sozialetako Departamentuaren egitura organikoa onesten duen abuztuaren 28ko 128/2015 Foru Dekretuaren bidez esleitu dizkidaten ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Prestakuntza beka bat emateko deialdia onestea Kazetaritzako edo Ikus-entzunezko Komunikazioko lizentziadun edo gradudunentzat Errealitate Sozialaren Behatokiaren Zerbitzuan aritzeko (Errealitate Sozialaren Behatokiaren eta Gizarte Politiken Plangintzaren eta Ebaluazioaren Zuzendaritza Nagusia) 12 hilabeterako, foru agindu honi gehitutako eranskinetan jasotzen diren oinarriei jarraituz.

2. Gehienez 12.960,00 euroko gastua baimentzea 2018. eta 2019. urteetarako, 2018. urteko Gastuen Aurrekontuko “Informazio eta Modernizazio Ataleko bekak” izeneko 900008 92100 4809 233100 partidarako, eta 2019. urteko Gastuen Aurrekontuko partida baliokiderako, xehetasun honekin:

• 8.640,00 euro 2018. urterako.

• 4.320,00 euro 2019. urterako.

3. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

4. Foru agindu hau igortzea Errealitate Sozialaren Behatokiaren eta Gizarte Politiken Plangintzaren eta Ebaluazioaren Zuzendaritza Nagusira, Errealitate Sozialaren Behatokiaren Zerbitzura eta Idazkaritza Tekniko Nagusiko Ekonomia eta Aurrekontuak Kudeatzeko Ataleko Kontabilitate Zentrora, bai eta Diru-Laguntzen Datu Base Nazionalera ere.

Iruñean, 2018ko martxoaren 20an.–Eskubide Sozialetako kontseilaria, Miguel Laparra Navarro.

I. ERANSKINA

Errealitate Sozialaren Behatokiaren Zerbitzuan aritzeko Kazetaritzako edo Ikus-entzunezko Komunikazioko prestakuntza beka baterako deialdiaren oinarriak

1. oinarria.–Xedea.

Deialdi honen xedea da prestakuntza beka bat ematea Kazetaritzako edo Ikus-entzunezko Komunikazioko lizentziadun edo gradudunentzat, norgehiagokako araubideari jarraikiz, Errealitate Sozialaren Behatokiaren Zerbitzuan aritzeko.

Unibertsitateko tituludunen prestakuntza bultzatzea du helburu deialdiak, departamentuan gauzatzen diren gizarte politiken gaineko informazioa, komunikazioa eta hedapena zuzenean ezagut ditzaten. Hona hemen garatu beharreko zereginak:

–Eskubide Sozialetako Departamentuaren webgunea kudeatzea eta atariko edukiak eguneratzea.

–navarra.es webgunearen zerbitzuen katalogoa eguneratzea.

–Departamentuko Prentsa Kabinetearekin lan egitea (hitzaldiak idaztea, prentsa-oharrak prestatzea).

–Departamentuari lotutako albisteen jarraipena egitea egunero.

–Hedapenerako materialak prestatu eta diseinatzea: memoriak, informazio-liburuxkak, aldizkariak, kartelak.

–Tutoreak agindutako bestelako zereginak.

2. oinarria.–Aurrekontu erabilgarria.

Deialdi honetarako zenbatekoa 12.960,00 eurokoa da; 8.640,00 euro egotziko dira 2018ko Gastuen Aurrekontuko “Informazio eta Modernizazio Ataleko bekak” izeneko 900000 90200 4809 233103 partidaren kargura, eta 4.320,00 euro, 2019ko aurrekontuetan gaituko den partidaren kargura, baldin eta kreditu egokia eta nahikoa bada bi aurrekontuetan.

3. oinarria.–Iraupena.

Bekak hamabi hilabete iraunen du, 2018ko maiatzaren 1etik hasita, edo, geroago egiten bada hura ematen duen ebazpena, ebazpen horretan adierazten den egunetik hasita.

Errealitate Sozialaren Behatokiaren eta Gizarte Politiken Plangintzaren eta Ebaluazioaren zuzendari nagusiak bekaren iraupena luzatzen ahalko du, gehienez ere hiru urte egin arte, hasierako aldia eta luzapenak barne.

4. oinarria.–Bekaren zenbatekoa eta ordainketa.

Bekaren zuzkidura 12.960,00 eurokoa izanen da. Zenbateko horretan Gizarte Segurantzaren kotizazioak sarturik daude. Beka ordaintzeko, 1.080 euro emanen dira hilabetero, edo horren zati proportzionala, hala badagokio, eta hilabetea bukaturik ordainduko da. Hala denean, zenbateko horretatik pertsona fisikoen errentaren gaineko zergari dagokiona kenduko da, baita Gizarte Segurantzari dagokion kuota ere.

5. oinarria.–Tutoretzak.

5.1. Errealitate Sozialaren Behatokiaren Zerbitzuak tutore bat izendatuko du, eskatutako titulazioaren antzekoa duena, bekadunaren jarduerak zuzendu eta gainbegiratzeko.

5.2. Tutoreak egin beharreko lanak aginduko ditu, ordutegiak finkatuko ditu eta bekadunak bere eginbehar orokor eta berariazkoak betetzen dituen begiratuko du.

6. oinarria.–Bateraezintasunak.

Prestakuntza beka bateraezina izanen da Administrazio beraren eta beste administrazio publiko batzuen bekekin.

7. oinarria.–Eskatzaileen betebeharrak.

Beka hartzen ahalko dute, bakar-bakarrik, jarraian azaltzen diren betebehar guztiak betetzen dituzten pertsona fisikoek:

a) Adinez nagusia izatea.

b) Espainiarra izatea edo Europar Batasuneko estaturen batekoa, edo, Europako Erkidegoak sinatu eta Espainiako Estatuak berretsitako nazioarteko itunen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen duen estaturen batekoa. Nolanahi ere, Espainiako nazionalitatea ez duenak gaztelaniaz behar adina badakiela frogatu beharko du.

c) Jarduteko gaitasun osoa izatea eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen laguntza eta diru-laguntza publikoak jasotzeko ezgaitua ez egotea, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluarekin bat.

d) Bizitokia Nafarroan izatea, deialdiaren eguna baino urte bat lehenagotik gutxienez.

e) Lehenbiziko oinarrian azaldu den unibertsitateko titulu ofiziala izatea, Espainiako agintariek emana edo homologatua, eta deialdi hau argitaratu baino lehenagoko hiru urtean lortua.

f) Bekaren xede den prestakuntza jardueran aritzea galaraz diezaiokeen desgaitasun fisikorik edo gaixotasunik ez izatea.

8. oinarria.–Balorazio baremoa.

Ebaluazio batzordeak aztertu eta baloratuko ditu aurkezten diren eskaerak, eta bekak puntuazioaren araberako hurrenkeran emateko proposatuko du, izangaiak gutxienez 10 puntu lortzen baditu betiere.

Eskaerak baloratzeko, honako baremo honen arabera kalifikatuko dira merezimenduak (31 puntu arte, gehienez ere):

a) Ikasketa-espedientea (gehienez ere 6 puntu).

Espedientearen batez besteko nota baloratuko da. Baliozkotu, onartu edo egokitutako irakasgai edo kredituak, haien kalifikazioa zehazten ez denean, “nahikoa” gisa baloratuko dira. Era berean, ikasketa planen arabera bakarrik “gai” kalifikazioa izan dezaketen kreditu edo irakasgaiak ez dira kontuan hartuko batez besteko nota kalkulatzeko.

Ez dira baloratuko 6,0 puntutik beherako batezbestekoa duten espedienteak (10 puntuko eskalan). Puntuazioa honela baloratuko da:

–0tik 10era bitarteko eskala:

  • 6 - 6,99: 1,5 puntu gehienez.
  • 7 - 8,49: 3 puntu gehienez.
  • 8,5 - 10: 6 puntu gehienez.

–0tik 4ra bitarteko eskala:

  • 1,5 - 1,99: 1,5 puntu gehienez.
  • 2 - 2,74: 3 puntu gehienez.
  • 2,75 - 4: 6 puntu gehienez.

b) Egin beharreko lanari lotutako prestakuntza ikastaroak (gehienez ere 5 puntu):

–Web-orriak sortzea eta/edo mantentzea.

–Dibulgaziozko dokumentuak prestatzea ikus-entzunezko formatuan.

–Sare sozialak.

–Datu estatistikoen analisiaren eta hedapenaren gaineko jakintza.

–Komunikazio arloko planak, estrategiak edo dokumentuak prestatzea.

Aurreko zerrendatik, 0,5 puntu emanen dira 15 ikastorduko, eta gehienez ere 5 puntu.

Beste prestakuntza batzuk: 0,10 puntu 50 prestakuntza orduko.

Ez dira kontuan hartuko 15 ordutik beherako ikastaroak.

Egiaztagirien kopiaren bidez frogatu beharko da prestakuntza. Egindako orduen edo kredituen kopurua agertuko da aurkeztutako dokumentazioan. Egindako kredituen kopuruaren bidez frogatzen bada prestakuntza hori, prestakuntza ematen duen entitateak egindako ziurtagiri ofiziala aurkeztu beharko da, egindako kredituen orduko baliokidetasuna adierazten duena.

Administrazioak beretzat gordetzen du aurkezturiko dokumentuetako edozeinen jatorrizkoa edo notario edo administrazio batek autentifikatutako kopia prozedurako edozein fasetan eskatzeko eskubidea.

c) Hizkuntzak jakitea: ingelesa, frantsesa eta euskara (gehienez ere 3 puntu).

Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuko C1 maila izatea edo ofizialki baliokidetzat hartzen den titulazioa izatea puntu batekin baloratuko da hizkuntza bakoitzeko. Maila txikiagoko ziurtagiriak edo titulazioak honela baloratuko dira:

–A1 eta A2 mailak: 0,15 puntu.

–B1 maila: 0,25 puntu.

–B2 maila: 0,5 puntu.

Hizkuntza maila ofizialki onartutako ziurtagirien bidez dokumentatuko da.

d) Bestelako prestakuntza ikastaroak –8b epigrafean jaso gabeak–, Errealitate Sozialaren Behatokiaren eskumenekin lotuak (abuztuaren 28ko 128/2015 Foru Dekretuan jaso dira eskumen horiek) (gehienez ere 3 puntu):

–Master titulua: 2 puntu.

–Aditu titulua: 1 puntu.

–Beste prestakuntza batzuk: 0,10 puntu, 50 prestakuntza orduko.

Ez dira kontuan hartuko 15 ordutik beherako ikastaroak.

Tituluen edo beste egiaztagiri batzuen kopien bidez frogatu beharko da prestakuntza. Egindako orduen kopurua edo kredituena –masterra edo aditu ikastaroak ez diren prestakuntzei dagokienez– agertuko da aurkeztutako dokumentazioan. Egindako kredituen kopuruaren bidez frogatzen bada prestakuntza hori, prestakuntza ematen duen entitateak egindako ziurtagiri ofiziala aurkeztu beharko da, egindako kredituen orduko baliokidetasuna adierazten duena.

Administrazioak beretzat gordetzen du aurkezturiko dokumentuetako edozeinen jatorrizkoa edo notario edo administrazio batek autentifikatutako kopia prozedurako edozein fasetan eskatzeko eskubidea.

e) Beste titulu akademiko batzuk (pilagarriak, gehienez ere 3 puntu).

–Gradu, diploma edo lizentzia, prestakuntza bekarako eskatutakoa eta norberak aurkeztutakoa ez dena: 1,5 puntu titulu bakoitzeko.

–Ikertzeko nahikotasunaren titulua: 0,5 puntu.

Tituluen edo beste egiaztagiri batzuen kopien bidez frogatu beharko da prestakuntza.

Administrazioak beretzat gordetzen du aurkezturiko dokumentuetako edozeinen jatorrizkoa edo notario edo administrazio batek autentifikatutako kopia prozedurako edozein fasetan eskatzeko eskubidea.

f) Lan profesionala, bekak eta ikerketako beste proiektu batzuk (pilagarriak, gehienez ere 5 puntu).

–Garatu beharreko zereginei lotutako lan profesionala (1. epigrafea): 2 puntu urte bakoitzeko.

–Ikerketa bekak garatzea (eskatutako titulazioa egin bitartean edo gero): 0,50 puntu urte bakoitzeko.

–Ikerketa azterlan edo proiektuetan parte hartzea –8b epigrafean jaso gabeak–, garatu beharreko zereginei lotuta (1. epigrafea): 2 puntu urtebeteko iraupena duen ikerketa azterlan edo proiektu bakoitzeko.

Urteen kopurua osoa ez bada, zerbitzuan egindako aldiari proportzioan dagokion puntuazioa emanen da.

Curriculumeko praktikak ez dira kontuan hartuko.

Esperientzia frogatuko da administrazio edo enpresa kontratatzaileek egindako ziurtagiriak aurkeztuz; horietan, emandako zerbitzua eta datak adieraziko dira.

g) Buruz buruko elkarrizketa (gehienez ere 6 puntu).

Bost kalifikazio onenak dituztenei buruz buruko elkarrizketa eginen zaie. Baloratzeko, motibazioa, ekimena, erantzunen argitasuna eta ordena, talde-lanerako gaitasuna eta beste trebetasun batzuk hartuko dira kontuan.

Eskatzaileei telefonoz eta posta elektronikoz deituko zaie, elkarrizketa egin baino 72 ordu lehenago gutxienez. Elkarrizketara joatea nahitaezkoa da. Hortaz, elkarrizketara agertzen ez diren izangaien eskaerak artxibatu eginen dira.

9. oinarria.–Eskabideak.

9.1. Prestakuntza beka jasotzeko interesa dutenek eskabidea aurkeztu beharko dute Eskubide Sozialetako Departamentuko Erregistroan (González Tablas kalea, 7, Iruña) edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean aipatzen diren tokietako edozeinetan, 15 egun naturaleko epean, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Bekarako eskabidea deialdi honetako eredu normalizatuaren arabera aurkeztu beharko da (II.1 eranskina), honako agiri hauekin batera:

a) Deialdiaren xedeko tituluaren fotokopia.

b) Ikasketa-espedientearen ziurtagiria, maila bakoitzeko gai guztien kalifikazioekin, batez besteko nota barne.

c) Alegatu diren gainerako merezimenduak, jatorrizko ziurtagiriaren edo fotokopia soilaren bidez frogatuta.

d) Nortasun agiri nazionalaren fotokopia.

e) Nafarroako erroldatze ziurtagiria, antzinatasuna adierazten duena.

9.2. Epearen barrenean aurkeztutako eskaerak aurreko zenbakietan finkatutako baldintzak betetzen ez baditu, organo eskudunak interesdunari eskatuko dio hamar egun balioduneko epean zuzendu dezala, eta adieraziko dio ezen, zuzendu ezean, eskaerari uko egiten diola ondorioztatuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela, eta hori jakinaraziko zaiola.

Deialdian ezarritako merezimenduei buruzko agiriak aurkezten ez badira, ezin izanen da zuzenketarik egin.

9.3. Prestakuntza beka jasotzeko eskaera aurkezteak berekin dakar eskatzaileak deialdiaren oinarriak onartzea.

10. oinarria.–Ebaluazio batzordea: osaera eta diru-laguntza emateko prozedura.

10.1. Ebaluazio batzordea instrukzio organoa da, eta ofizioz ebaluatuko ditu eskaerak, deialdi honetan ezarritako irizpideen arabera. Ebaluazio batzordea arduratuko da betebeharrak egiaztatzeaz, beka eskatzen dutenek alegatutako merezimenduak ebaluatzeaz eta ebazpen proposamena prestatzeaz. Ebazpen horretan adieraziko da zenbat puntu eman zaizkion guztira izangai onartuari. Kide hauek izanen ditu:

–Batzordeburua: Antidio Martínez de Lizarrondo Artola jauna, Errealitate Sozialaren Behatokiaren Zerbitzuko zuzendaria.

Ordezko batzordeburua: Ana Suescun Oset andrea, Errealitate Sozialaren Behatokiaren Zerbitzuko Informazio eta Modernizazio Ataleko burua.

–Batzordekidea: Nora Migueliz Basterra andrea, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko Komunikaziorako eta Prozesuak Hobetu eta Koordinatzeko Ataleko burua.

Ordezko epaimahaikidea: Rafael Sopelana González jauna, Errealitate Sozialaren Behatokiaren Zerbitzuko Informazio eta Modernizazio Ataleko antolaketako goi mailako teknikaria.

–Idazkaria: José Gabriel Iriarte Rived jauna, Idazkaritza Tekniko Nagusiko Gizarteratze-lanaren, Babes Sozialaren eta Familiaren Araubide Juridikoaren Ataleko burua, Eskubide Sozialetako Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiak izendatua.

Ordezko idazkaria: Pilar García García andrea, Idazkaritza Tekniko Nagusiko Gizarteratze-lanaren, Babes Sozialaren eta Familiaren Araubide Juridikoaren Ataleko arlo juridikoko teknikaria, Eskubide Sozialetako Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiak izendatua.

10.2. Prozedura ofizioz hasiko da interesdunen eskaera jasotakoan. 7. oinarrian ezarritako baldintzak betetzen ez dituzten eskaerak ez dira baloratuko.

10.3. Lortutako puntuazio hurrenkeraren arabera proposatuko du ebaluazio batzordeak zein izangairi eman beka.

10.4. Beka Errealitate Sozialaren Behatokiaren eta Gizarte Politiken Plangintzaren eta Ebaluazioaren zuzendari nagusiaren ebazpenaren bidez emanen da, instrukzio organoak proposamena egin ondotik.

Ebazpenak adieraziko du nori eman zaion beka, eta, halakorik bada, berariaz adieraziko da gainerako eskaerak ezetsi direla.

Ebazpena puntuaziorik handiena lortzeagatik onuradun ateratzen den interesdunari jakinaraziko zaio, eta bai ebazpena, bai instrukzio organoak emandako puntuazioaren arabera antolatutako eskatzaileen zerrenda Eskubide Sozialetako Departamentuko iragarki oholean (González Tablas, 7, Iruña) eta Nafarroako Gobernuaren web-orrian argitaratuko dira, azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 22. artikuluan ezarritakoarekin bat.

Eskaerak aurkezteko epea bukatu eta hiru hilabeteko epean berariazko ebazpenik jakinarazten ez bada, ukatu egin direla ulertuko da.

11. oinarria.–Onuradunaren betebeharrak:

a) Bekaren xedeko prestakuntza jarduera betetzea.

b) Organo emaileari frogatzea betebeharrak eta baldintzak betetzen dituela eta, orobat, beka jasotzeko arrazoi izan diren jarduerak egin dituela eta helburuak bete direla.

c) Eskumena duten organoek eman den bekaren gainean egin ditzaketen egiaztapen lan guztiak onartzea.

d) Xede berarekin eskatu edo jaso dituen bestelako beka edo diru-laguntzen berri ematea beka eman duen organoari.

e) Jarduerak hasten direnean frogatzea, hala behar denean, zerga guztiak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak eguneratuak dituela.

f) Organo eskudunari komunikatzea emandako bekari espresuki uko egiten diola, jarduerak utzi baino hamabost egun natural lehenago gutxienez.

g) Bekaren zuzeneko ondorio diren jarduera eta argitalpen guztietan bekadun gisa aritu dela adieraztea.

h) Prestakuntza jarduera gauzatu bitartean ezagutzen duen isilpeko informazio tekniko edo administratiboaren gainean sekretua eta konfidentzialtasuna gordetzea.

i) Zein erakundetan jarduten duen, bertako barne edo funtzionamendu araubidea betetzea.

j) Beka amaitu eta hurrengo hilabeteko epean, egindako prestakuntza jardueraren azken memoria aurkeztea. Memoriak tutorearen adostasuna izan beharko du, eta horrek balorazio bat gehituko du beka emateko baldintzen eta aurreikusitako helburuen betetze-mailari buruz.

12. oinarria.–Prestakuntza jardueraren hasiera eta uko egitea.

Bekaren onuradunak beka emateko ebazpenean adierazten den egunean hasi beharko du lanean. Horrela egiten ez badu, onuradunak bekari behin betiko uko egiten diola ulertuko da, non eta organo eskudunak ez dituen ikusten ezinbesteko arrazoiak edo behar bezala justifikatutako beste edozein gorabehera.

Bekari uko eginez gero, Eskubide Sozialetako Departamentuko Errealitate Sozialaren Behatokiaren eta Gizarte Politiken Plangintzaren eta Ebaluazioaren Zuzendaritza Nagusiari horren berri eman beharko zaio, jarduera utzi baino gutxienez hamabost egun natural lehenago.

Eskuratutako bekari edozein arrazoirengatik uko eginez gero, zilegi izanen da beka instrukzio organoak ezarritako zerrendan hurrengo dagoenari ematea, deusetan galarazi gabe onuradunak uko egin arte dituen betebeharrak.

13. oinarria.–Prestakuntza jarduera egitea.

Onuraduna Errealitate Sozialaren Behatokiaren Zerbitzuaren egoitzan arituko da, astean gehienez ere 30 orduz.

Bekaldiaren hilabete bakoitzeko 2,5 egun naturaleko oporraldia emanen zaio onuradunari.

14. oinarria.–Jabetza intelektuala eta datuen babesa.

Jabetza intelektualaren gaineko eskubideak, bekaldian egindako jardueraren ondorioz eskuratzen direnak, eskubide horiek erregulatzen dituzten Estatuko arauetan ezarritakoari jarraikiz arautuko dira. Horri dagokionez, Administrazio Publikoak ez dio uko egiten agirien, azterlanen, ikerlanen, lanen, eskubideen, emaitza zientifikoen eta izan litezkeen asmakuntzen gainean legokiokeen jabetzari.

Halaber, bekaren onuradunak bete beharko ditu Datu Pertsonalen Babesari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoko betebeharrak, baita hura garatzeko arauek ekarritakoak ere. Hala, indarreko xedapenak bete beharko ditu, beka gauzatzearen ondorioz eskuratutako datu pertsonalak tratatzeari dagokionez.

15. oinarria.–Lan edo administrazio harremanik eza:

15.1. Beka erabiltzea eta bekaduna izatea ez da zerbitzuak ematea, eta egoera horrek ez dakar berekin lan harremanik, administratiborik edo estatutupekorik sortzea Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekin edo haren erakunde autonomoekin, ez eta antzeko eskubiderik lortzea ere. Administrazioak ez du konpromisorik hartuko beka bukatutakoan bekaduna bere plantillan sartzeko.

15.2. Prestakuntzako bekadunari agintzen zaizkion lan edo jarduerak kasuan kasuko departamentu edo erakunde autonomoko funtzionario edo kontratudunek gainbegiratuko dituzte, eta haiek izanen dira lan horien erantzuleak. Beken onuradunak ezin izanen ditu funtzionario publikoen eginkizunak bete edo berarentzat hartu, ez eta hirugarrenen aurrean administrazio publikoaren kide, ordezkari edo agente gisa agertu ere.

16. oinarria.–Kalte-ordainak jasotzeko eskubidea.

Bekadunak, prestakuntza egiten ari deneko administrazio publikoarekin duen harreman juridikoa deusetan galarazi gabe, eskubidea izanen du zerbitzu eta bidaien arabera izaten dituen gastuengatik funtzionarioei dagozkien ordain berberak jasotzeko.

17. oinarria.–Oker jasotako diru kopuruen itzulketa.

Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan ezarritakoari jarraikiz itzuliko dira jasotako zenbatekoak. Zehazki, dirua itzultzeko arrazoi hauek daude:

a) Bekadunak bere gain hartutako betebehar eta eginkizunak ez betetzea, jarduerak egiten ardurarik ez jartzea, errendimendu eta aprobetxamendu eskasa izatea eta lanak kalitate gabekoak izatea.

b) Bukaerako memoria ez aurkeztea eta/edo tutorearen adostasuna ez jasotzea.

c) Prestakuntza beka emateko kontuan hartu diren baldintzak aldatzea, aldez aurretik administrazio baimena lortu gabe. Horretaz gain, aldi berean jasotzea horrekin bateratu ezin den beste beka edo diru-laguntza bat.

18. oinarria.–Errekurtsoak.

Deialdi honen arauen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, eta haiek aplikatzeko egintzen kontra gora jotzeko errekurtsoa Eskubide Sozialetako kontseilariari zuzendu beharko zaio.

Bi kasuetan, errekurtsoa jartzeko epea hilabetekoa izanen da, egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan ezarritakoarekin bat.

II. ERANSKINA

Eskabide eredua (PDFa).

Iragarkiaren kodea: F1804133