53. ALDIZKARIA - 2018ko martxoaren 15a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

14E/2018 FORU AGINDUA, otsailaren 22koa, Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilariak emana, kultur hedapenerako proiektuak egiteko kultur entitateei diru-laguntzak emateko 2018ko deialdia (Ideia) onesten duena.

Kontuan harturik betetzen direla helburua eta gastua baimentzeko legez ezarritako baldintzak eta betebeharrak, eta kontuan harturik, halaber, espedientean kontu-hartzaile delegatuaren adostasuna ageri dela, Kultura Zuzendaritza Nagusiak eskatu du onets daitezela kultur hedapenerako proiektuak egiteko kultur entitateei diru-laguntzak emateko 2018ko deialdia (Ideia) eta deialdiaren oinarri arautzaileak, 140.000 euroko gastua baimendu dadila 2018ko gastuen aurrekontuko “IDEIA: Kultur entitateentzako diru-laguntzak, kulturaren zabalkunderako eta dibulgaziorako” izeneko A20002-A2510-4816-334104 partidaren kargura, eta foru agindu hau, oinarriak eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara daitezela.

Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 9ko 199/2015 Foru Dekretuak eman dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Kultur hedapenerako proiektuak egiteko kultur entitateei diru-laguntzak emateko 2018ko deialdia (Ideia) onestea.

2. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea; foru agindu honen eranskinean jaso dira.

3. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, jarraian adierazten diren aurrekontuko kredituak baimendu dira:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

A20002-A2510-4816-334104: IDEIA: Kultur entitateentzako diru-laguntzak, kulturaren zabalkunderako eta dibulgaziorako

2018

140.000,00

4. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke hilabeteko epean, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita.

6. Foru agindu honen kontra administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, argitaratu eta bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2018ko otsailaren 22an.–Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilaria, Ana Herrera Isasi.

KULTUR HEDAPENERAKO PROIEKTUAK EGITEKO KULTUR ENTITATEEI DIRU-LAGUNTZAK EMATEKO 2018KO DEIALDIAREN (IDEIA) OINARRI ARAUTZAILEAK

1.–Diru-laguntzen xedea, helburua eta aplikazio eremua.

1.1. Deialdiaren xedea da kultur proiektuak egiteko kultur entitate eta elkarteei emanen zaizkien laguntzak arautzea; entitate eta elkarte horiek hedapeneko jarduerak (hitzaldiak, mintzaldiak, erakusketak, lehiaketak, biltzarrak, zinema zikloak eta antzekoak) modu iraunkorrean gauzatu beharko dituzte Nafarroako Foru Komunitatean, Kultur Ekintza Zerbitzuari dagozkion eskumenen esparruaren barnean.

1.2. Irismen soziala eta inklusiboa duten elkarteen esparrutik gauzatuko dira proiektu horiek. Gizarte ehuna eta Nafarroako kultura sortzen, mantentzen eta sustatzen lagundu behar dute, eta populazio osoari arreta eman.

1.3. Proiektuak 2017ko azaroaren 2tik 2018ko azaroaren 1era bitarte egin behar dira.

Jarduera hauek deialditik kanpo gelditzen dira:

a) Liburuak eta aldizkariak argitaratzea, bai ohiko euskarrian bai euskarri magnetiko edo informatikoan, edo argitalpen diskografikoak, artearen, kulturaren edo zientziaren gainekoak direnak.

b) Arte eszenikoetako eta musikako jarduketak.

1.4. Deialdiaren helburua da Nafarroako kultur jarduera biziagotzea, kultur entitateei laguntza emanez bereziki interesgarritzat jotzen diren eta aurreko atalean aipatzen den xedea betetzen duten berariazko jarduerak egiteko.

1.5. Entitate bakoitzak proiektu bakar bat aurkezten ahalko du.

2.–Eskatzaileek bete beharreko baldintzak.

2.1. Laguntza hauen eskatzaileek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Irabazi-asmorik gabeko elkartea edo fundazioa izatea, estatutuetan daukana, bere xede eta helburuen artean, deialdi honen xedeari lotutako jarduerak egitea.

b) Legez 2017ko urtarrilaren 1a baino lehen eratutako entitatea izatea.

c) Helbide soziala eta fiskala Nafarroan izatea.

2.2. Ezin izanen zaie diru-laguntzarik eman Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan ezarritako egoeraren batean dauden entitateei.

2.3. Kanpoan gelditzen dira:

a) Toki entitateak, beren erakunde autonomoak eta nagusiki Nafarroako Foru Komunitateko toki entitateen partaidetza duten enpresa publikoak, fundazioak eta sozietate publikoak.

b) Nafarroako 2018ko aurrekontu orokorretan laguntzaren eskaeraren xede den proiektua finantzatzeko partida izenduna duten entitateak.

c) Nafarroako Museoen eta Bilduma Museografiko Iraunkorren Erregistroan inskribaturik dauden museoen eta bilduma museografiko iraunkorren titularrak, aldi baterako baimenduta daudenak barne.

d) Sindikatuak, enpresaburuen elkarteak, lanbide elkargoak eta elkarte profesionalak.

3.–Aurrekontu egozpena eta diru-laguntzaren zenbatekoa.

3.1. Laguntza hauek (140.000 euro gehienez) Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiaren 2018ko gastuen aurrekontuaren kargura finantzatuko dira.

3.2. Proiektu bakoitzerako laguntzaren zenbatekoa ez da inola ere izanen onartutako aurrekontuaren %70 baino handiagoa.

Onartutako aurrekontua entitateak aurkeztutako aurrekontua izanen da, baina diruz lagungarriak ez diren gastuei dagozkien diru kopuruak kenduta, deialdi honen 6. oinarrian ezarritakoarekin bat.

3.3. Entitate eskatzaile bakoitzarentzako laguntzaren zenbatekoa 30.000 eurokoa izanen da, gehienez ere.

3.4. Proposatutako diru-laguntzaren zenbatekoa aurkeztutako eskaeran azaltzen dena baino txikiagoa denean, onuradunari eskatuko zaio eskaera alda dezala, konpromisoak eta baldintzak ematen ahal zaion diru-laguntzara egokitzeko. Nolanahi ere, eskaera berregitean diru-laguntzaren xedea, baldintzak eta helburuak errespetatu beharko dira, bai eta eskaeretarako ezarritako balorazio irizpideak ere.

Irizpide hauei jarraikiz eginen da doikuntza hori:

a) Ezin izanen da murriztu hasierako aurrekontuan sartuta dagoen eta entitatearen beraren baliabideekin (jarduera diruz lagungarriak sortzen ez dituztenekin) finantzatzen den kopurua.

b) Eskaera berregin ondoren banatzen diren azkeneko diru-laguntzak finkatzean, deialdian ezarritako gehieneko ehunekoak errespetatu beharko dira.

Berregindako proiektuek Ebaluazio Batzordearen adostasuna beharko dute, laguntza ematea proposatu aurretik.

3.5. Onuradunen batek laguntzari uko egiten badio, hori banatzen ahalko da 8. oinarrian eskatutako gutxieneko puntuazioa gainditu duten proiektuen artean.

4.–Proiektu diruz lagungarriak.

4.1. Entitate bakoitzak proiektu bat aurkez dezake. Proiektutzat hartuko da entitate batek, proposatutako helburuak lortzeko, epe jakin batean eta ezarritako aurrekontuarekin garatzen dituen jardueren multzoa.

4.2. Proiektua prestatzeko, 8. oinarrian aipatzen diren atalei jarraituko zaie (bertan adierazitako izenarekin eta ordenarekin), eta, nolanahi ere, atal hauek izanen ditu:

a) Izena.

b) Deskribapen zehatza. Atal honetan, proiektuaren helburuak, horiek lortzeko eginen diren ekintzak eta deialdi honetan baloratuko diren gainerako alderdiak zehaztuko dira.

c) Zabalkunde plana. Atal honetan proiektuaren sustapena, komunikazioa eta publizitatea egiteko jarduerak sartuko dira.

d) Aurrekontua. Atal honetan proiektuaren aurrekontu osoa aurkeztu beharko da, eta bertan argi geldituko da koherenteak direla, proiektuari aurre egiteko, entitateak dituen baliabide ekonomikoak (diru-sarrerak eta gastuak), giza baliabideak (bazkideak, boluntarioak, kontratudunak) eta baliabide materialak (azpiegiturak).

Aurrekontuaren deskribapena III. eranskineko ereduarekin bat etorriko da.

4.3. Oro har, proiektua II. eta III. eranskinetan jasotako ereduko zehaztapenei jarraikiz aurkeztu beharko da.

5.–Eskaerak aurkezteko epea eta modua.

5.1. Eskabideak eta eskatutako dokumentazioa aurkezteko epea 20 egun baliodunekoa izanen da, oinarri hauek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

5.2. Eskabideak modu telematikoan aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez (www.nafarroa.eus). Identifikatzeko, ziurtagiri digitala edo NAN-PINa eduki beharko da.

Eskabide eredua eta aurkeztu beharreko gainontzeko agiriak deialdi honetako eranskinetako ereduen araberakoak izanen dira, eta Tramiteen Katalogoko fitxaren baitan egonen dira eskuragarri (http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/).

Eskabidea aurkezten bada lehen esandako modua ez den beste edozein erabiliz, ez aurkeztutzat joko da, baina horrek ez du eragotziko eskabidea ondoren aurkeztu ahal izatea telematika bidez. Kasu horretan, sarrera data baliodun bakarra aurkezpen elektronikoarena izanen da.

5.3. Eskaeraren berariazko inprimakiari (I. eranskina) erantsi behar zaion dokumentazioa ondotik zehazten dena da. Eskaneatuta aurkeztuko dira agiri hauek, bereizita eta behar bezala identifikatuta:

a) Entitatearen estatutuak.

b) Legez 2017ko urtarrilaren 1a baino lehen eratutako entitate bat dela frogatzeko agiria.

c) Helbide soziala eta fiskala Nafarroan dituela frogatzen duen dokumentua.

d) Proiektuaren deskripzio-memoria, II. eranskinean dagoen ereduaren araberakoa. Proiektuaren deskribapena gehienez ere 30 foliotan egin beharko da, eta, horietatik, zabalkunde planaren deskribapena DIN-A4 neurriko 6 orritan eginen da gehienez ere, alde batetik idatzirik, gutxienez ere 11 puntuko letra mota arruntarekin.

e) Aurrekontu zehaztua. Memorian proiektuari buruz agertzen diren datu ekonomikoak III. eranskineko ereduari jarraikiz bete beharko dira, eta nahitaezko baldintza da aurkezten den aurrekontuan gastuak eta diru-sarrerak berdinduta izatea.

5.4. Aurreko deialdietan parte hartu duten kultur entitateek ez dituzte aurreko puntuko a, b eta c ataletan aipatutako agiriak aurkeztu beharko, non ez den agiri horietan aldaketaren bat izan.

5.5. Diru-laguntzarako eskabideak identifikazio datuak jasotzen ez baditu, hala eskatutako laguntzarenak nola pertsona edo entitate eskatzailearenak, nahitaezko dokumentazioa aurkezten ez bada edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 66.1 artikuluan ezarritako baldintzaren bat betetzen ez bada, interesdunari eskatuko zaio, berak adierazitako helbide elektronikoaren bidez, hamar egun balioduneko epean okerra zuzendu edo nahitaezko dokumentuak aurkez ditzala, eta adieraziko zaio hala egiten ez badu eskaerari uko egiten diola ulertuko dela, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluak dioen bezala.

5.6. Prozesuan noiznahi ere, informazio osagarria eskatzen ahalko zaie eskatzaileei.

6.–Gastu diruz lagungarriak.

6.1. Deialdi honen ondorioetarako gastu diruz lagungarriak dira diruz lagundutako jardueraren ezaugarriekin bat datozenak, behar-beharrezkoak direnak, eta deialdi honetan ezarritako epean eginen direnak.

Gastu horien kostua ez da inoiz izanen merkatuko balioa baino handiagoa.

Entitateak proiektua garatzean egiten dituen gastu hauek hartuko dira kontuan:

a) Zuzeneko kostuak.

–Proiektuan aurreikusitako ekintzak gauzatzeko beharrezkoak diren eta entitatekoak ez diren langile eta artista kontratatuen soldaten eta gizarte segurantzaren kostuak.

–Entitate onuraduneko langileen lansarien eta gizarte segurantzaren kostuak, proiektuaren kostu osoaren %15eko mugarekin.

–Ostatu gastuak eta dietak.

Nafarroako Gobernuak 2012ko azaroaren 28an hartutako Erabakian agertzen diren baldintzetara mugatutako gastuak (erabaki hori 2012ko 244. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, abenduaren 17koan, argitaratu zen).

Deialdi honen ondorioetarako, dieten gastutzat hartuko dira otordu nagusiei dagozkienak soilik (bazkaria eta afaria).

–Joan-etorriak.

Autoa erabiliz gero, zero koma hogeita hamar (0,30) euro km bakoitzeko, gehi autobideko (bidesariak) eta aparkalekuetako gastuak.

Hegazkina, trena edo beste garraio publikoren bat erabiliz gero, gehienez ere turista klaseko txartel arruntaren zenbatekoa ordainduko da.

–Kanpoko baliabideak kontratatzearen ondorioz sortutako gastuak, hala nola toki, ekipamendu eta baliabide materialen alokairuak, baita proiektuko ekintzak gauzatzeko behar diren beste batzuk ere.

–Proiektuan sartutako jardueren zabalkunderako eta merkaturatzeko gastuak.

Entitate eskatzaileak berari lotutako pertsonak kontrata ditzake proiektua partez edo osoki gauzatzeko; kasu horretan, baldintza hauek bete behar ditu:

–Kontratazioa merkatuko ohiko baldintzekin bat egin beharko da.

–Kontratazioak Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiaren adostasuna jaso beharko du.

–Ez dute gaindituko proiektuaren kostu osoaren %15.

–Kontzeptu honengatik lortzen den zenbatekoa berariaz agertuko da II. eta III. eranskinetako eskabidearekin batera aurkeztu beharreko memorian.

Diru-laguntzaren xedeko proiektua gauzatzeko ekipamenduko ondasun inbentariagarriak erosiz gero, gastu diruz lagungarritzat hartuko da haien amortizazioa, proiektuari egozten ahal zaion proportzioan, kontabilitateko irizpide orokorren arabera. (282/1997 Foru Dekretua).

b) Zeharkako kostuak.

–Zeharkako kostuen barrenean daude bai gastu orokorrak, onuradunak egiten dituen jardueretako batzuei egozten ahal zaizkienak, bai gastu finkoak, jarduera zehatz bati egotzi ezin zaizkionak baina beharrezkoak direnak diruz lagundutako jarduera gauzatzeko. Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28.9 artikuluan ezarritakoaren arabera eginen da.

–Proiektu bakoitzean zeharkako kostu diruz lagungarriek proiektuaren aurrekontuan sartuta egon beharko dute, eta ez dira proiektuaren kostu osoaren %15etik gorakoak izanen.

6.2. Gastu hauek ez dira diruz lagungarriak izanen:

a) Ondasun higigarrien eta azpiegituren erosketarekin, erabilerarekin eta finantzaketarekin lotuta dauden guztiak. Azken kasu horretan, salbuetsita dago 6.1 puntuan ezarri dena diru-laguntzaren xedeko proiektua gauzatzeko ekipamenduko ondasun inbentariagarriak erosteari buruz.

b) Zentzuz jokatuta proiektua gauzatzeko beharrezkoak ez diren gastuak, edo zenbatekoa modu fidagarrian zehaztu gabe dutenak.

c) Balio erantsiaren gaineko zerga, entitateak berreskura edo konpentsa dezakeena, bai eta antzeko zergak eta errentaren gaineko zerga pertsonalak ere.

d) Entitateko langileen ordainsariak, baldin eta lanbide arteko gutxieneko soldata halako 3 baino gehiago badira.

6.3. Antolaketako lankidetza proiektuei buruzko eskaeren kasuan, Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 8.3 artikuluan ageri den moduan, onuradun izaten ahalko dira entitateen elkarteak, baldin 2. oinarriko baldintzak betetzen badituzte.

Kasu horietan, espresuki agerrarazi beharko dira, bai eskabidean bai kontzesioaren ebazpenean, honako hauek:

a) Gauzatzeko konpromisoak, elkarteko kide bakoitzak bere gain hartuak.

b) Horietako bakoitzarengatik aplikatu beharreko diru-laguntzaren zenbatekoa, horiek ere onuraduntzat joko baitira.

c) Nolanahi ere, elkartearen ordezkari edo ahaldun bakarra izendatu behar da eta aski ahalmen eman behar zaio elkarteak onuradun gisa dituen betebeharrak bete ditzan. Elkartea ezin izanen da desegin harik eta foru lege honetan ezarritako preskripzio epea iragan arte.

Antolaketako lankidetza proiektuen kasuan, eskatzaile bakar batek bere izenean eskatzen badu proiektu baterako laguntza eta proiektu horretan entitate batek baino gehiagok jartzen baditu baliabideak, ez nahitaez proportzio berean, proiektu bakar bat egiteko, orduan laguntza eskatzaileak espresuki agerrarazi beharko ditu alderdi hauek:

a) Antolaketako lankide bakoitzak bere gain hartutako exekuzio konpromisoak, alderdien arteko hitzarmen baten edo kontratu baten bidez.

b) Antolaketako lankide bakoitzak proiekturako egindako ekarpenaren zenbatekoa eta bakoitzak bere gain hartzen dituen gastuak.

c) Edonola ere, eskatzaileak frogatu beharko du diruz lagundutako gastu guztia, eta, orobat, proiektua oso-osorik gauzatu dela.

Antolaketako lankidetzaren kasuan, diru-laguntzaren onuradunak egiaz egiten eta justifikatzen dituen gastuak baizik ez dira izanen diruz lagungarriak.

Informazio hori guztia eskabideari eransten zaion memorian xehakatu beharko da.

7.–Tramitazioa eta ebaluazioa.

7.1. Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuko Arte Sorkuntzaren eta Hedapenaren Atalak tramitatuko ditu eskaerak, norgehiagokako araubidean.

7.2. Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusiak ebazpen bidez izendatutako ebaluazio batzorde batek baloratuko ditu eskaerak. Ebazpen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, eta honako hauek izanen dira batzordekideak:

a) Batzordeburua: Kultur Ekintza Zerbitzuko zuzendaria, eta, hori izan ezean, Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiko beste zerbitzu bateko zuzendaria.

b) Idazkaria: Arte Sorkuntzaren eta Hedapenaren Ataleko teknikari bat, hitzarekin baina botorik gabe. Hori izan ezean, Kultur Ekintza Zerbitzuko teknikari bat.

c) Batzordekideak: Arte Sorkuntzaren eta Hedapenaren Ataleko burua, eta, hori ezean, Kultura Sustapenaren eta Berrikuntzaren Ataleko burua, eta kultura eta/edo ekonomia arloetako hiru aditu, horietako bat gutxienez Nafarroako Kultura Kontseiluko kide.

7.3. Balorazio eta adjudikazio prozesua.

1.–Ebaluazio batzordeko kideek onartzen diren proiektuak jasoko dituzte, balorazioa egiteko.

2.–Entitate eskatzaileek ebaluazio batzordearen aurrean defendatzen ahalko dituzte beren proiektuak, gehienez ere 15 minutuko azalpenak emanez. Horretarako, I. eranskinean dagokion laukian eskatu beharko dute. Halaber, balorazio prozesu osoan zehar, batzordeak entitateen agerraldia eska dezake, deialdira aurkeztutako proiektuaren gaineko zalantzak argitzeko edo alderdiren bat berresteko.

3.–Behin onartutako aurrekontuak ezarririk, ebaluazio batzordeak proiektuen balorazioa eginen du, eta zehaztuko du 8. oinarrian eskatutako gutxieneko puntuazioak gainditu dituzten proiektuei zer zenbateko dagokien, 3. oinarrian ezarritako mugak kontuan harturik.

Gutxieneko puntuazioak lortu dituzten entitate eskatzaileek eskatzen dituzten zenbatekoen batura deialdiko kredituaren parekoa edo txikiagoa bada, eskatutako zenbatekoa emanen zaio eskatzaile bakoitzari.

Batura hori deialdiko kreditua baino handiagoa bada, banaketa hainbanatu eginen da eskatzaileen artean. Horretarako, gutxieneko puntuazioak lortu dituzten eskatzaile guztien puntuak batuko dira, kreditu erabilgarria zenbateko horretaz zatituko da, eta horrela lortuko da puntuaren balioa. Eskatzaile bakoitzak jasoko duen zenbatekoa kalkulatzeko, balio hori lortutako puntuekin biderkatuko da.

4.–Batzordeak irizpen loteslea emanen du, lortutako emaitzak bilduko dituena.

7.4. Arte Sorkuntzaren eta Hedapenaren Atalak, ebaluazio batzordeak sinatutako akta ikusita, deialdiaren gaineko ebazpen proposamena eginen du.

8.–Proiektuen balorazioa.

Proiektuen balorazioa errazteko asmoz, entitate eskatzaileak deialdi honen II. eranskinean ageri den deskripzio-memoriaren ereduaren araberako eskaera aurkeztu beharko du; eranskin horretan zehatz-mehatz jasotzen dira irizpide bakoitzaren barrenean baloratu beharreko alderdiak.

Informazio ekonomikoa III. eranskinean jasotako informazio ekonomikoari buruzko inprimakian jakinaraziko da.

Aurreko irizpideak aplikatuta, gehienez ere 100 puntu emanen zaizkio proiektu bakoitzari.

Diru-laguntza jasotzeko, proiektuek 60 puntu eskuratu beharko dituzte gutxienez; horietatik 40 puntu, gutxienez, “Proiektua deialdiaren xedearekin, helburuarekin eta aplikazio eremuarekin bat etortzea” atalean lortu behar dira.

Zehaztasunik gabe betetzen diren datuak edo ausartegiak direnak baloraziotik kanpo geldituko dira.

Irizpide hauek erabiliz baloratuko dira proiektuak:

8.1. Proiektua deialdiaren xedearekin, helburuarekin eta aplikazio eremuarekin bat etortzea. (80 puntu gehienez).

8.1.1. Proiektuaren kalitate orokorra (35 puntu gehienez).

–Proiektuaren izena.

–Proiektuaren deskribapena (gehienez ere 10 lerro).

–Proiektuaren helburuak.

–Helburuak lortzeko beteko diren ekintzak.

–Proiektua gauzatzeko datak.

–Aurreikusitako onuradun kopurua eta haien ezaugarriak.

–Lortu nahi den emaitza ebaluatzeko adierazle kuantitatiboak eta kualitatiboak.

–Talde artistikoan, teknikoan eta kudeaketakoan arituko diren pertsonak.

8.1.2. Entitate eskatzailearen ibilbidea. (4 puntu gehienez).

Entitateak jardunean emandako urte osoak (memorian adierazitakoaren frogagiria aurkeztuko da):

  • 10 urte baino gehiago: 4 puntu.
  • 7 urtetik 10 urtera bitarte: 3,5 puntu.
  • 5 urtetik 7 urtera bitarte: 2,5 puntu.
  • 3 urtetik 5 urtera bitarte: 1,5 puntu.
  • Urte 1etik 3 urtera bitarte: 1 puntu.

8.1.3. Proiektuaren izaera asoziatiboa (6 puntu gehienez).

–Bazkide kopurua.

–Proiektuaren jardueretan, bazkideek lantalde artistikoan parte hartzea.

–Ehun sozialaren irismena (federazioen kasurako, edo taldez osatutako elkarteen kasurako).

8.1.4. Proiektua elkarlanean gauzatzea (proiektu komunitarioak, eragile batekin baino gehiagorekin) (5 puntu gehienez).

–Proiektuan parte hartzen duten entitateen zerrenda, parte-hartzea zehaztuz.

8.1.5. Proiektuaren lurralde eremua edo lurraldeari dagokionez duen garrantzia (5 puntu gehienez).

8.1.6. Proiektuaren hedadura soziala. (5 puntu gehienez).

–Proiektuan parte hartzen duten bazkideen kopurua eta portzentajea.

–Irismen inklusiboa eta irisgarritasun aktiboa: ekintza zehatzak, helburu dituztenak zailtasun fisikoak eta psikosozialak dituzten publikoak eta kultura-aniztasunari arreta ematea.

8.1.7. Entitatearen prestakuntza, hezkuntza eta bitartekaritza ekintzak (5 puntu gehienez).

–Ekintza kopurua, ekintza motak.

–Publiko orokorrari zuzenduak.

–Entitateko bazkideei zuzenduak.

8.1.8. Ekintza berritzaileak (hizkera berriak, ikuspegi berriak...) (5 puntu gehienez).

–Proiektuaren eremuari dagokionez.

–Elkarte eremuari dagokionez (entitateak egindako jardueran).

8.1.9. Nafarroako kultura zabaltzea bertako egileen bidez (5 puntu gehienez).

8.1.10. Euskara erabiltzea proiektuan eta/edo haren zabalkundean eta sustapenean. (5 puntu gehienez).

8.2. Proiektuaren bideragarritasun eta koherentzia ekonomikoa. (20 puntu gehienez).

8.2.1. Proiektuaren aurrekontu onartu osoarekin alderatuta, eskatutako diru-laguntzaren portzentajea. (5 puntu gehienez).

  • %30era arte: 5 puntu.
  • %30etik gora %40 arte: 4 puntu.
  • %40tik gora %45 arte: 3 puntu.
  • %45etik gora %50 arte: 2,5 puntu.
  • %50etik gora %55 arte: 2 puntu.
  • %55etik gora %60 arte: 1,5 puntu.
  • %60tik gora %65 arte: 1 puntu.
  • %65etik gora %70 arte: 0,5 puntu

8.2.2. Bermatu edo berretsitako finantzaketaren portzentajea, diru-laguntza hau kenduta, proiektuaren aurrekontu onartu osoa kontuan hartuta.

Hurrengo agiriren bat aurkeztuz frogatuko da hori: baliabide propioak (bankuko dokumentua edo zinpeko aitorpena, entitatearen legezko ordezkariak egina), maileguak, jarduteko kontratuak (kuantifikatuak eta sinatuak), berretsitako diru-laguntzak (haiek ematen dituen ebazpena), entitateari laguntza ekonomikoa emanen dioten entitateen ziurtagiri kuantifikatuak. (5 puntu gehienez).

  • %41etik gora: 5 puntu.
  • %31tik gora %41 arte: 4 puntu.
  • %21etik gora %31 arte: 3 puntu.
  • %11tik gora %21 arte: 2 puntu.
  • %11 arte: 1 puntu.

8.2.3. Diru-sarreren eta gastuen egituraren eta proiektuaren bideragarritasunaren arteko koherentzia. (5 puntu gehienez).

8.2.4. Proiektuaren zabalkundea: komunikazio, marketin eta publizitate plana (5 puntu gehienez).

9.–Laguntza emateko ebazpena.

9.1. Laguntzak Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez emanen dira gehienez ere hiru hilabeteko epean, eskaerak aurkezteko epea bukatu eta biharamunetik hasita. Epe hori berariazko ebazpenik argitaratu gabe iraganik, eskaera ezetsitzat joko da.

9.2. Diru-laguntza hau emateko prozedurako ebazpenen jakinarazpen guztiak Nafarroako Gobernuaren web-orrian argitaratuko dira (http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/).

Horretaz gainera, eskatzaile bakoitzari jakinaraziko zaio, eskabidean berak adierazitako helbide elektronikoaren bidez. Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuko iragarki-oholean ere jarriko da deialdiaren ebazpena (Navarrería kalea, 39, Iruña).

9.3. Berariazko ezespenaren aurka interesdunek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta hilabete bateko epean, administrazio prozedurari buruzko legeriari jarraikiz. Ustezko ezespenaren aurka interesdunek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilariari zuzendua, isiltasun administratiboak ondorioak izan eta biharamunetik hasita noiznahi, administrazio prozedurari buruzko legeriari jarraikiz.

9.4. Deialdi honi buruz edozein kontsulta egiteko, hura kudeatzen duen organora jo daiteke, seccion.creacion.artistica@navarra.es helbide elektronikoaren bidez edo 848424683 telefonoaren bidez.

10.–Diruz lagundutako proiektuen interes soziala, Kultur Mezenasgoaren ondorioetarako.

10.1. Nafarroako Foru Komunitatean kultur mezenasgoa eta haren zerga-pizgarriak arautzen dituen maiatzaren 16ko 8/2014 Foru Legearen 5.1.b) artikuluan xedatutakoarekin bat, deialdi honetan diruz laguntzen diren proiektuek interes soziala dute foru lege horrek dohaintzei, erabilera mailegu edo komodatuei eta lankidetza-hitzarmenei ezartzen dizkien zerga-pizgarrien aplikazioaren ondorioetarako, baita sozietateen gaineko zergaren araudiak babesletza-kontratuen ondoriozko publizitate gastuei ezartzen dizkien kenkarien aplikazioaren ondorioetarako ere.

10.2. Kultur mezenasgoaren arloko zerga-pizgarriak aplikatzeko, onuradunek maiatzaren 16ko 8/2014 Foru Legean eta Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilariaren irailaren 16ko 77/2014 Foru Aginduaren 22.2 artikuluan ezarritako baldintzak eta betebeharrak bete beharko dituzte. Foru agindu horren bidez, kultur proiektu eta jarduerak interes sozialekotzat deklaratzeko prozeduraren erregelamendua onetsi zen.

10.3. Orobat, beren proiektuak gauzatzen laguntzeko mezenasgo eta babesletza ekarpenak jasotzen dituzten onuradunek 13.1 oinarrian aipaturiko azken memorian zehaztu beharko dituzte mezenasgo eta babesletza modalitate guztien bidez jasotako ekarpenak, eta ebaluatu laguntza horiek diruz lagundutako proiektua gauzatzeari begira izan duten eragina.

11.–Onuradunek bete beharrekoak.

11.1. Diru-laguntza eman dela jakinarazi eta hilabeteko epean, interesdunek gardentasunari buruz duten betebeharraren aitorpena aurkeztu beharko dute erregistro telematikoaren bitartez, eta, hala badagokio, baita eskatzen zaien dokumentazioa ere, irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuaren 3. eta 4. artikuluetan ezarritakoari jarraituz, dekretu horrek Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzen onuradunek dituzten gardentasun betebeharrak arautzen baititu.

Aitorpen eredua eta aginduzko dokumentazioa Nafarroako Gobernuaren web-orriaren bitartez kontsultatu, bete eta tramitatzen ahalko dira: http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/, edo deialdi hau kudeatzen duen Arte Sorkuntzaren eta Hedapenaren Atalaren bidez.

Izan litezkeen zehapenak galarazi gabe, onuradunak informazioa emateko duen betebeharra urratuz gero, ez zaio emandako diru-laguntza ordainduko, eta, zerbait aurreratu bazaio, itzuli egin beharko du.

11.2. Deialdi honen bidez diruz laguntzen den programarako baizik ez da erabiliko laguntza, eta, oro har, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharrak beteko dira.

11.3. Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuko Arte Sorkuntzaren eta Hedapenaren Atalean justifikatu beharko da diruz lagundutako proiektua gauzatu dela eta zer gastu egin den.

11.4. Onuradunak laguntza jasotzen duten proiektuei buruzko ahozko edo idatzizko informazio edo komunikazio guztietan adierazi beharko du proiektu horiek Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuaren diru-laguntza jaso dutela.

11.5. Arte Sorkuntzaren eta Hedapenaren Atalari jakinarazi beharko diote proiektuaren garapenean gertatzen den edozein gorabehera, hura gertatu eta berehala, baldin eta proiektua aldatzea ekartzen badu. Proiektuan edozein aldaketa egiteko ebaluazio batzordearen adostasuna beharko da, eta horrek baimena emanen du baldin eta aldaketak ez badu proiektua funtsean aldatzen.

11.6. Diruz lagundutako proiektuen argitalpen guztietan zehaztu beharko da Nafarroako Gobernuaren finantzaketa jaso duela. Diruz lagundutako proiektuaren egitarauan, afixetan, iragarkietan edo edozein motatako publizitatean Nafarroako Gobernuaren logotipoa erabili beharko dute, eta honako hau deskribatzen duen testu bat ezarri: “Diruz lagundua”, Nafarroako Gobernuaren logotipo ofizialarekin batera.

Logotipoa erabiltzeko jarraibideak Nafarroako Gobernuaren web-orrian kontsulta daitezke: https://www.navarra.es/home_eu/Gobierno+de+Navarra/Simbolo+oficial/ eta/edo haren Argitalpen Zerbitzuaren bidez.

Proiektua diru-laguntza eman aurretik egin bada, ez da nahitaezkoa izanen logotipoa jartzea inprimatutako materialean (eskuorriak, kartelak). Hala ere, zabalkunde telematikoan, web-orrian eta aldaketa egiteko aukera ematen duen edozein hedabidetan, diru-laguntza eman bezain laster aldatuko da, eta Nafarroako Gobernuaren logotipoa sartuko, aurreko ataleko baldintzei jarraituz.

11.7. Noiznahi ere onartuko da Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuko Arte Sorkuntzaren eta Hedapenaren Atalak proiektua gauzatzen ari dela ziurtatzeko egiten duen egiaztapen lana.

11.8. Diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko lortutako beste laguntza, diru-laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuen berri emanen zaio Arte Sorkuntzaren eta Hedapenaren Atalari. Jakin bezain laster emanen da horren berri, eta, betiere, jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatu baino lehen.

11.9. Egiaztapen eta kontrolak egiteko ahalmenak erabili ahal izan daitezen, kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta gainerako agiriak eduki beharko dira, behar bezala ikuskatuak, onuradunari aplikatu behar zaizkion merkataritzako legeetan eta lege sektorialetan agindutako moduan, eta halaber, diru-laguntzen oinarri arautzaileetan berariaz eskatzen diren kontabilitate orriak eta erregistro berariazkoak edukitzea.

11.10. Jasotako diruaren erabilerari buruzko frogagiriak gordeko dira, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol lanen xede diren bitartean.

11.11. Entitateak ebaluazio txosten bat aurkeztu beharko du proiektua amaituta. Txosten horretan, proiektuaren alderdiak noraino bete diren adieraziko du, eskabidearekin batera aurkeztutako deskripzio-memoria jasotakoarekin alderatuta.

11.12. Kudeaketa lanean konpromiso etikoa begiratzearren, eskatzaileak konpromisoa hartu beharko du jardun egokiak izateko diruz laguntzen den jardueraren garapenean, bereziki lan harremanen esparruan.

12.–Ordaintzeko moduak.

Ordaintzeko moduak hauek izanen dira:

12.1. Oro har:

Oro har, behin entitate onuradunak diruz lagundutako jarduera egin duela justifikatu ondoren ordainduko dira laguntzak.

Proiektua bukatutakoan egin daiteke justifikazio hori, edo partzialki, proiektuaren %25, %50 eta %75 gauzatu ahala.

Entitateak dokumentazio hau aurkeztuko du justifikazio partzialean edo bukaerako justifikazioan:

a) Diruz lagundutako jarduera dela-eta izandako gastuen fakturen edo, bestela, merkataritzako trafiko juridikoan froga balio bera edo eraginkortasun administratiboa duten frogagirien zerrenda zenbakitu eta zehaztua, baita egindako ordainketen frogagiriena ere, honako hauek adierazita: hornitzailearen/emailearen izena, IFZ, kontzeptua, fakturaren zenbakia eta data, zenbatekoa (BEZarena, PFEZarena eta guztirakoa) eta ordainketaren data; zerrenda hori Excel formatuan igorriko da.

b) Orobat, aurkeztuko dira egindako gastuen fakturak edo merkataritzako trafiko juridikoan froga balio bera edo eraginkortasun administratiboa duten bestelako agiriak, eta egindako ordainketen frogagiriak, diru-laguntzaren helburua bete dela frogatzeko.

c) 100 eurotik gorako gastuen ordainketak bankuko ordainagirien bidez frogatuko dira. Zenbateko horretakoak edo txikiagoak diren gastuak, berriz, fakturen bidez edo froga balio bera duten beste dokumentu batzuen bidez justifikatzen ahalko dira, kasu bakoitzeko ordainagiriak erantsita, hots: bankuko frogagiriak, “ordainduta” zigilua daramaten fakturak (hornitzaileak sinatuak eta zigilatuak), edo faktura edo gastua ordaindu dela frogatzen duen beste edozein dokumentu.

d) Jarduerak, deialdi honetako laguntzez gain, norberaren edo besteren baliabideekin edo beste diru-laguntza batzuekin finantzatu direnean, horien zenbatekoa eta jatorria frogatu beharko dira (horien zerrenda zenbakitu eta zehaztua aurkeztuz) eta, orobat, funtsak diruz lagundutako jarduerei aplikatu zaizkiela.

e) Egindako jarduerak azaltzen dituen memoria laburra.

f) Proiektuari lotutako eta kontabilizatutako gastu eta diru-sarreren zerrenda.

Dokumentazio hori erregistroan aurkeztuko da eskabidearekin batera, ordainketa partzial bakoitza baino lehen edo ordainketa osoa eskatzean.

Kultur Ekintza Zerbitzuak aldeko txostena eman ondoren eginen da ordainketa.

12.2. Konturako ordainketa:

Konturako ordainketak egiten ahalko dira, entitate onuradunak diruz lagundutako jarduera egin duela justifikatu ondoren.

Entitateak dokumentazio hau aurkeztuko du justifikazioetan:

a) Gastuak justifikatzeko fakturen edo merkataritzako trafiko juridikoan froga balio bera edo eraginkortasun administratiboa duten beste agiri batzuen zerrenda zenbakitu eta zehaztua, honako hauek adierazita: hornitzailearen/emailearen izena, IFZ, kontzeptua, fakturaren zenbakia eta data, zenbatekoa (BEZarena, PFEZarena eta guztirakoa) eta ordainketaren data; zerrenda Excel formatuan igorriko da.

b) Orobat, aurkeztuko dira egindako gastuen fakturak edo merkataritzako trafiko juridikoan froga balio bera edo eraginkortasun administratiboa duten bestelako agiriak, diru-laguntzaren helburua bete dela frogatzen dutenak.

c) Jarduerak, deialdi honetako laguntzez gain, norberaren edo besteren baliabideekin edo beste diru-laguntza batzuekin finantzatu direnean, horien zenbatekoa eta jatorria frogatu beharko dira (horien zerrenda zenbakitu eta zehaztua aurkeztuz) eta, orobat, funtsak diruz lagundutako jarduerei aplikatu zaizkiela.

d) Egindako jarduerak azaltzen dituen memoria laburra.

Dokumentazio hori erregistroan aurkeztuko da eskabidearekin batera, ordainketa partzial bakoitza baino lehen edo ordainketa osoa eskatzean.

Kultur Ekintza Zerbitzuak aldeko txostena eman ondoren eginen da ordainketa.

12.3. Salbuespenez:

Salbuespenez, jarduera gauzatu aurretik ordaintzen ahalko dira laguntzak, emandako diru-laguntzaren %50 aurreratuz, gehienez ere.

Horretarako, entitateak Kultur Ekintza Zerbitzuari eskatu beharko dio, eta diru-laguntzaren helburuak betetzeko funts horiek aldez aurretik jaso behar dituela frogatzeko dokumentazio egokia aurkeztu (egoera-balantzea edo diruzaintzako egoera-orria, ordaintzeko dauzkan gastuak eta jasotzeko dauzkan ordainketak, proiektuarekin lotutakoak).

13.–Justifikatzeko epea eta modua.

13.1. Aurreko atalean aipatutako ordainketa moduen artean edozein aukeratzen dela ere, diru-laguntzaren likidaziorako, onuradunek honako frogagiri hauek aurkeztu beharko dituzte 2018ko azaroaren 8a baino lehen, egun hori barne, bereizita eta behar bezala identifikatuta:

–12.1 oinarrian adierazitako dokumentazioa.

–Proiektuaren bukaerako memoria.

–Proiektuan egindako jarduerei buruzko ebaluazio txostena.

–Elementu inprimatuak eta publizitatekoak, eta/edo zabalkundea egiteko erabili diren web-orrietarako estekak.

–Diru-sarreren eta gastuen zerrenda, aurrekontua orekatua dela egiaztatzeko. Aurrekontuaren aurreikuspenerako III. eranskinean eskatzen diren atalak eta kontzeptuak kontuan hartuta aurkeztu beharko dira, baina kasu honetan exekutatutako zenbatekoekin.

Kultur Ekintza Zerbitzuak aldeko txostena eman ondoren eginen da ordainketa.

Hala ere, konturako ordainketaren bat egin bada, onuradunek frogagiriak hiru hilabeteko epean aurkezten ahalko dituzte, diruz lagundutako jarduerak gauzatzeko epea bukatzen denetik hasita, betiere horietan agertzen bada gauzatze epe horren barnean dauden gastuei dagokien ordainketa dela (fakturak eta merkataritzako trafiko juridikoan froga balio bera edo eraginkortasun administratiboa duten agiriak). Agiri horiek jaso eta aztertu ondoren, organo kudeatzaileak espedientea ixteko txostena eginen du, edo, bestela, oker kobratutako kopuruak itzultzeko espedientea hasiko du.

Ordainketa partzialen edo konturako ordainketaren bat egin bada, ez da beharrezkoa izanen aurkeztutako dokumentazioa berriz aurkeztea.

13.2. Justifikazioa ezarritako epean edo zuzenketak egiteko ematen den epean aurkeztu ezean, justifikatzen ez diren gastuetarako diru-laguntzak kobratzeko eskubidea galduko da.

13.3. Diruz lagundutako proiektuaren gastu guztia justifikatu beharko da. Laguntzaren azken likidazioa egiteko, laguntzaren kontzesioan aipatzen den portzentajea aplikatuko zaie jarduera egin eta gero onartutako gastuen frogagiriei, ordainketaren frogagiriak badituzte, betiere.

13.4. Vianako Printzea Erakundea-Kulturako Zuzendaritza Nagusiak justifikazio-kontu horien gaineko berrikuspen txostenak egiten ahalko ditu, Kontu-auditoreen Erregistro Ofizialean inskribatua dagoen jarduneko kontu-auditore baten bidez.

Txosten horiek honako hauek betez eginen dira:

a) Txosten horien kontratazioa Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiak eginen du.

b) Txostena maiatzaren 17ko EHA/1413/2007 Aginduan ezarritakoari jarraikiz eginen da, IV. eranskinean agertzen den eredua erabiliz. Agindu horren bidez onetsi zen kontu-auditoreek diru-laguntzen justifikazio-kontuak berrikusteko jarraitu beharreko jarduketa araua.

14.–Beste diru-laguntza batzuk jasotzea eta haiekiko bateragarritasuna.

14.1. Nafarroako Gobernuaren diru-laguntzarekin batera, helburu bera duten beste batzuk ere jaso daitezke, beste administrazio publiko batzuenak, beste entitate pribatu edo publiko batzuenak edo partikularrenak.

Dena dela, bateraezina izanen da Nafarroako Gobernuak proiektu bererako ematen duen beste edozein diru-laguntzarekin.

14.2. Diru-laguntzen zenbatekoa ezin da inola ere izan, bakarrik edo beste diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide propio batzuekin batuta, onuradunak egin beharreko jardueraren kostua baino handiagoa.

15.–Dirua itzultzea.

Onuradunak proiektua gauzatu dela behar bezala justifikatu ezean, ordaindutako laguntza osorik edo hein batean itzul dezala eskatuko zaio, bai eta diru-laguntza ordaindu zenetik dirua itzultzen duen egunera arte sortutako berandutze-interesak ordaintzeko ere, proportzionaltasun irizpideari jarraituz eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Legearen 35. artikuluarekin bat.

Entitate onuradunak ia betebehar guztiak betetzen dituenean eta bere konpromisoak betetzeko jarrera garbia erakusten duenean, proportzionaltasun irizpideari jarraituz zehaztuko da itzuli beharreko zenbatekoa, diru-laguntza emateko ezarritako baldintzetatik zenbat eta noraino bete diren ikusita.

16.–Hornitzaileak kontratatzea.

Gastu diruz lagungarria 12.000 eurotik gorakoa bada, ekipamenduko ondasunen horniduren kasuan edo aholkularitza eta laguntza enpresek emandako zerbitzuen kasuan, onuradunak frogatu egin beharko du organo emailearen aurrean hornitzailea efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraikiz hautatu duela.

Baldintza hori betetzen dela ulertuko da baldin eta hiru eskaintza edo gehiago eskatu, eta jasotako proposamenetatik onena hautatu bada, salbu eta, gastu diruz lagungarrien ezaugarri bereziengatik, ez badago merkatuan hura hornitu edo ematen duten entitate aski, edo gastua diru-laguntza eskatu aurretik egina bada.

17.–Arau-hausteak eta zehapenak.

17.1. Arau-hauste eta zehapenetarako, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen IV. tituluan xedaturikoa aplikatuko da.

17.2. Zehapen prozedura Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen V. tituluan ezarritakoa izanen da.

18.–Diru-laguntzen araubide orokorra.

Oinarri arautzaile hauetan espresuki ezarrita ez dagoen orotan, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak xedatutakoa aplikatuko da, bai eta aplikatu beharreko gainerako arauak ere.

19.–Deialdiaren eta oinarri arautzaileen kontrako errekurtsoak.

Deialdi honen eta bere oinarri arautzaileen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

I. ERANSKINA

Eskabide eredua (PDFa).

II. ERANSKINA

Proiektuaren deskripzio-memoria (PDFa).

III. ERANSKINA

Informazio ekonomikoa (Excela).

IV. ERANSKINA

Justifikazio-kontua berrikusi eta egiaztatzeko txostenaren eredua, Kontu-auditoreen Erregistro Ofizialean inskribatutako auditore batek egin beharrekoa (PDFa).

Iragarkiaren kodea: F1802857