53. ALDIZKARIA - 2018ko martxoaren 15a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

CORTES

Udalaren zerbitzuko langileentzako 2018ko lan egutegia eta epeak kontatzeko egun baliogabeen egutegia

Cortesko Udaleko alkate udalburuak, 2018ko otsailaren 1ean emandako ebazpenaren bidez, Cortesko Udalaren zerbitzuko langileen 2018ko lan egutegia onetsi du.

Cortesko Udaleko alkate udalburu María Concepción Ausejo Gómez naizen honek,

Kontuan harturik zer xedatzen duten Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina onetsi zuen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuak eta Langileen Estatutuari buruzko Legearen Testu Bategina onesten duen martxoaren 24ko 1/1995 Legegintzako Errege Dekretuaren 34.6 artikuluak, ezartzen baitute enpresak urtero prestatu behar duela lan egutegia.

Abenduaren 26ko 26/2012 Foru Legearen 4. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, haren bidez aldatu baitzen Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen arloan presako zenbait neurri hartzeari buruzko ekainaren 21eko 13/2012 Foru Legea, zeinak ezartzen baitu Nafarroako Administrazio Publikoetako funtzionarioen urteko egiazko lanordu kopurua 1592 ordukoa izanen dela.

Kontuan hartuz Toki Araubidearen Oinarriei buruzko apirilaren 2ko 7/1985 Foru Legearen 21.1.h) artikuluak eta Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuaren 84.1 artikuluak ematen didaten eskumena,

EBATZI DUT:

Lehenbizikoa.–Onestea Cortesko Udalaren zerbitzuko langileek 2018an izanen dituzten aste barreneko jaiegunen egutegia, hementxe ematen den bezala:

–Urtarrilaren 1a: Urteberri.

–Urtarrilaren 6a: Errege eguna.

–Martxoaren 29a: Ostegun Santua.

–Martxoaren 30a: Ostiral Santua.

–Apirilaren 2a: Pazko biharamuna.

–Maiatzaren 1a: Langileen eguna.

–Abuztuaren 15a: Ama Birjinaren Jasokundea.

–Irailaren 29a: San Migel.

–Urriaren 12a: Pilareko Ama Birjina.

–Azaroaren 1a: Santu guztien eguna.

–Abenduaren 3a: Frantzisko Xabierkoaren eguna.

–Abenduaren 6a: Konstituzioa.

–Abenduaren 8a: Ama Birjina Sortzez Garbia.

–Abenduaren 25a: Eguberri.

Bigarrena.–Egutegia arautzeko, horiez gain, honako hauek ere ez dira lanegun izanen udal bulegoetan eta zerbitzu osagarrietan egiten duten langileentzat:

–Apirilean: 30a.

–Ekainean: 22a.

–Irailean: 28a.

–Urrian: 1a, 2a, 3a, 4a eta 5a.

–Azaroan: 2a.

–Abenduan: 24a eta 31.

Aparteko orduen ordain, jaieguneko ordutzat hartuko dira lan egiten direnak igandeetan, Nafarroako Gobernuak izendatutako jaiegunetan, lehen atalean aipatzen baitira, eta irailaren 29an, San Migel.

Dena dela, San Joan eta San Migel festetan Alkatetzak zehazten dituen udal zerbitzuetan egiten diren zerbitzuak, lanaldiaren urteko lanordu kopuru horretatik aparte geldi daitezke eta, hala eginez gero, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategineko 51. artikuluan ezarritakoaren arabera ordainduko dira.

Ekainaren 22an, 23an eta 24an, irailaren 28an, eta urriaren 1ean, 2an, 3an, 4an, 5ean eta 6an egiten diren aparteko orduak jaieguneko ordutzat hartuko dira San Joan eta San Migel festetan eginen direlako.

Hirugarrena.–Lanaldiaren urteko egiazko lanordu kopurua 1.592 da, abenduaren 26ko 26/2012 Foru Legeari eta abenduaren 27ko 624/1999 Foru Dekretuari jarraikiz, eta haren banaketa honela eginen da:

a) Astelehenetik ostiralera bitarteko eguneroko lanaldia, orokorrean, 7 ordu eta 30 minutukoa izanen da. 7:30etik 15:00etara nahitaez lan egin beharko da. Bulegoetan administrari-ofizial edo administrari laguntzaile batek lan eginen du ostegunetan 07:30etik 13:00etara eta 17:00etatik 19:00etara.

b) Zenbaki honetako aitzineko atalean adierazitako lanaldiaren ordu banaketa ez zaio aplikatuko kirol koordinatzaileari, ezta beren lan baldintzak direla-eta lan egutegi berariazkoa duten beste langileei ere.

c) Aparteko orduak egiten dituzten langileek asteko gaztigu-orri batean jaso beharko dituzte, horien ordaina bil dezaten, dela diruz dela denboraz.

d) Langileek gehieneko ordu kopurua (1.592) bete dezaten, 2 lanordu izanen dituzte 2018ko azaroaren 2an, asteko azoka dela eta. Gainerako langileek 2 ordu horiek egun baliodunetan eginen dituzte, laneko beharren arabera.

Laugarrena.–Orobat, baliogabeak izanen dira, 2018. urtean epeak kontatzeari dagokionez, igande guztiak eta honako ebazpen honen lehenbiziko xedapenean adierazitako jaiegunak.

Bosgarrena.–Lan egutegi hau aldatzen ahalko da zerbitzuaren beharren arabera, langilearen baldintzen gainean gaur egun indarra duen araudiari jarraikiz.

Seigarrena.–Udal administrazioaren zerbitzuetako premiak direla-eta, eta horiek behar bezala jardun ahal izateko, Herritarrendako Laguntza Zerbitzuan eta Zerbitzu Osagarrietan, bertako langileek ezin izanen dituzte oporrak batera hartu.

Zazpigarrena.–Eguneko lanaldi jarraitua 6 ordukoa baino luzeagoa duten langileek gehienez 30 minutuko atsedenaldia izanen dute. Atsedenaldi horrek ez dio eraginen zerbitzu emateari eta, orokorrean, 10:00etatik 13:00etara hartzen ahalko da. Langileek ez dute zertan erabili asistentziaren kontrolerako sistema.

Zortzigarrena.–Ebazpen hau langileen ordezkariei igortzea, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean, Gardentasunaren Atarian eta Cortesko Udaleko iragarki oholean argitaratzea, eta horren berri Udalbatzari ematea, egiten duen lehen bilkura arruntean.

Ebazpen honen aurka, errekurtso hauetako bat aurkezten ahal da hautara:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, ebazpen hau eman duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Epaitegi edo Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aitzina, edo

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazten denetik hasita.

Cortesen, 2018ko otsailaren 1ean.–Alkatea, María Concepción Ausejo Gómez.

Iragarkiaren kodea: L1801429