112. ALDIZKARIA - 2017ko ekainaren 12a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

1612/2017 EBAZPENA, ekainaren 2koa, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, errenta bermatua edo gizarteratze-errenta jasotzen dutenen kontratazioa sustatzeko diru-laguntzak emateko deialdia onesten duena.

Nafarroako Gobernuaren lehentasunezko helburua da gizartean bazterturik daudenak edo egoteko arriskuan daudenak babestea. Gizarte bazterketaren prebentziorik onena enplegu bat lortzea da.

Nafarroan, langabeziaren eragina estatuan baino nabarmen txikiagoa da, eta horren isla da gure erkidegoan kide guztiak langabezian dituzten familia gutxiago daudela. Halere, ikusi da azken urteotan lan merkatuan sartzeko arazoak dituzten etxeen kopuruak nabarmen gora egin duela. Badirudi 2013an gertatu zela inflexio puntua, krisialdiko une gogorrena alegia, eta, ordutik hona egoera zertxobait hobetu bada ere, BAItik ateratako adierazleen arabera, datuek egoera larria erakusten dute oraindik, krisialdia hasi zen garaiarekin alderatzen badugu.

Gizarteratze-errenta jaso zutenak 2.877 izan ziren 2008an, eta 2016an, berriz, 22.925.

2008tik 2015ra bitarte, kide aktibo guztiak langabezian dituzten etxeen kopuruak halako lau egin du, eta erreferentziako pertsona langabezian duten etxeen proportzioa hirukoiztu egin da. Nafarroako milaka etxeren errealitate soziolaborala oso zaila da gaur egun ere. Lanaren, pentsioen edo prestazioen bidezko diru-sarrerarik ez duten etxeetan gertatu da bilakaera traumatikoena.

2016ko lehen hiruhilekoari dagozkion azken datuak hauek dira: %7,76 (kide aktibo guztiak langabezian dituzten etxeak), %7,69 (erreferentziako pertsona langabezian duten etxeak) eta %2,78 (diru-sarrerarik gabeko etxeak).

Begi bistakoa da batez ere gizarteratze-errenta jasotzen dutenen kontratazioa sustatu beharra dagoela, babeserako modu egiaztatua baita.

Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak diru-laguntzak emateko prozedura arrunta ezartzen du, non, besteak beste, deialdia eta deialdiaren oinarri arautzaileak ezartzea eskatzen baita.

Foru lege horrek xedatzen duenez, diru-laguntzak emateko prozedura arrunta norgehiagokakoa izanen da, salbu eta Nafarroako Gobernuak, behar adinako arrazoiak tarteko, banakako ebaluazioaren araubidea baimentzen duenean.

Nafarroako Gobernuak, 2017ko apirilaren 12an egindako bilkuran, banakako ebaluazioaren araubidea onartzea erabaki zuen errenta bermatua edo gizarteratze-errenta jasotzen dutenen kontratazioa sustatzeko diru-laguntzetarako. Diru-laguntzak pertsona horiek kontratatzeko xedea du, haien enplegurako aukerak hobetzeko eta haien laneratzea errazteko.

Azaldutakoarekin bat, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren Estatutuak onesten dituen abenduaren 2ko 263/2015 Foru Dekretuaren 12. artikuluak eman dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Errenta bermatua edo gizarteratze-errenta jasotzen dutenen kontratazioa sustatzeko diru-laguntzen deialdia onestea, baita haren oinarri arautzaileak ere, ebazpen honen eranskinean agertzen direnak.

2. Guztira, 1.500.000 euroko gastua baimentzea 2017ko gastuen aurrekontuko “Errenta bermatua jasotzen dutenen kontrataziorako pizgarriak” izeneko 950001 96100 4709 241204 partidaren kargura.

3. Ebazpen hau eta dagokion eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialetako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2017ko ekainaren 2an.–Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, Paz Fernández Mendaza.

ERANSKINA

Deialdiaren oinarriak

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1.–Xedea eta finantzaketa iturriak.

1.1. Enpresei errenta bermatua edo gizarteratze-errenta jasotzen dutenak kontratatzeko emanen zaizkien diru-laguntzak emateko baldintzak eta betebeharrak arautzea da oinarri hauen xedea.

1.2. Kontratazioak deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurrera egin beharko dira.

2.–Enpresa eta entitate onuradunak.

2.1. Entitate hauek izan daitezke diru-laguntzen onuradun:

a) Enpresak.

b) Langile autonomoak.

c) Irabazi-asmorik gabeko entitateak.

2.2. Diru-laguntzen onuradunek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Helbide soziala eta fiskala Nafarroako Foru Komunitatean izatea, edo lantoki bat izatea Nafarroan.

b) Legez eratuak izatea, bakoitzaren araudiaren arabera, eta, hortaz, nortasun juridikoa eta jarduteko gaitasun osoa izatea eta dagokion erregistro publikoan inskribaturik egotea.

c) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako debeku-egoeretako batean ere ez egotea.

2.3. Betebehar horiek guztiak diru-laguntza eskaera aurkezteko egunean bete beharko dituzte entitate onuradunek, baita diru-laguntzaren xedeko kontratuak irauten duen bitarte osoan ere.

3.–Salbuespenak.

3.1. Deialdi honetatik kanpo gelditzen dira entitate hauek:

a) Estatuko Administrazio Orokorra eta Estatuko Administrazio Orokorraren Antolaketa eta Funtzionamenduari buruzko apirilaren 14ko 6/1997 Legearen III. tituluan eta hamargarren xedapen gehigarrian araututako erakundeak.

b) Administrazio autonomikoak, toki entitateak eta haien erakunde publikoak.

c) Enpresa eta fundazio publikoak.

3.2. Praktikaldiko kontratuek eta prestakuntza eta ikaskuntza kontratuek ez dute diru-laguntzarik jasoko.

4.–Eskaeren aurkezpena eta epea.

4.1. Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izanen da, kontratua hasi eta biharamunetik hasita.

4.2. Eskaerak aurkezteko, administrazio prozedura erkidea arautzen duen araudian aurreikusitako bideak eta moduak erabiliko dira.

4.3. Postetxean aurkezten diren eskaerak gutun-azal ireki batean aurkeztu beharko dira, lehen orrialdearen idazpuruan agerrarazteko bulegoaren izena, harrera data eta tokia. Argibide horiek eskaera aurkeztu dela frogatzen duen gordekinean ere agertu beharko dira.

4.4. Eskaerak adierazitako epetik kanpo aurkeztuz gero, ez dira onartuko.

5.–Instrukzioa eta tramitazioa.

5.1. Prozeduraren instrukzioa eta tramitazioa Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko Orientaziorako, Enplegua Sustatzeko eta Enpresentzako Zerbitzuetarako Zerbitzuari dagozkio.

5.2. Instrukzio organoak, behar diren egiaztapenak egin ondoren eta aurrekontuan dagoen diru erabilgarriaren arabera, txostena prestatu eta dagokion ebazpen proposamena eginen du, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileari igortzeko.

5.3. Eskaeren instrukzioa aurkezten diren hurrenkera berari jarraikiz eginen da.

6.–Ebazpena eta diru-laguntza ordaintzea.

6.1. Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak, instrukzio organoak egindako proposamena jasorik, ebatziko du diru-laguntza eman edo ukatzen den.

Ebazpena gehienez ere bi hilabetean eman eta jakinaraziko da, eskaera aurkezten denetik hasita.

Epe hori ebazpen espresik jakinarazi gabe bukatzen bada, aurkeztutako eskaera ezetsi egin dela ulertuko da, deusetan galarazi gabe organo eskudunak ebazpena emateko duen betebeharra.

6.2. Ebazpena entitate eskatzaileari jakinaraziko zaio, diru-laguntza eman edo ukatzearen arrazoiak adierazita.

6.3. Eskaeraren gaineko ustezko edo berariazko ebazpenaren aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialetako kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hasita hilabeteko epean. Ebazpena berariazkoa ez bada, noiznahi aurkezten ahalko da errekurtsoa, ebazteko gehieneko epea bukatu eta biharamunetik hasita.

6.4. Instrukzio organoak egiaztatu ondoren eskaeraren xedeko jarduketa egin dela eta enplegatzailea egunean dagoela bere zerga arloko eta Gizarte Segurantzaren arloko betebeharretan, diru-laguntza eman eta ordainduko da.

7.–Diru-laguntzak emateko prozedura.

Deialdi honetan ezarritako diru-laguntzak emateko, banakako ebaluazioaren araubidea erabiliko da. Emateko prozedura Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen aurreikuspenekin eta oinarri arautzaile hauetan ezarritakoarekin bat etorriko da.

8.–Laguntzen bateraezintasuna.

Deialdi honetako diru-laguntzak bateragarriak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko edo entitate publiko zein pribatu batzuek, nazionalak edo nazioartekoak izan, edo partikularrek helburu bererako ematen dituztenekin. Halere, lortutako pizgarrien zenbatekoa ezin da inola ere izan, bakarrik edo beste diru-laguntza, laguntza, sarrera edo baliabideekin baturik, diruz lagundutako jardueraren kostua baino handiagoa.

9.–“De minimis” laguntza.

9.1. Deialdi honetako diru-laguntzak “de minimis” laguntzak dira, Europako Batzordeak 2013ko abenduaren 18an emandako 1407/2013 Erregelamenduan xedatutakoaren arabera. Erregelamendu hori Europar Batasunaren Funtzionamendurako Itunaren 107. eta 108. artikuluak “de minimis” laguntzei aplikatzeko moduari buruzkoa da.

Erregelamendu horrekin bat, enpresa bakar bati hiru zerga ekitaldiko edozein alditan emandako “de minimis” laguntza guztien batura ezin da 200.000 eurotik gorakoa izan. Aipatu erregelamenduaren 2.2 artikuluan ezarrita dago enpresa bakarraren definizioa.

9.2. Horretarako, enpresek kasuan kasuko zergaldian eta aurreko bi zergaldietan hartutako bestelako “de minimis” laguntzak aitortuko dituzte.

10.–Diru-laguntzen jakinarazpena eta publizitatea.

10.1. Ebazpenak administrazio prozedura arautzen duen legerian aurreikusitako moduan jakinaraziko zaizkie entitate interesdunei, eta Nafarroako Atarian argitaratuko dira Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 15.1 artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

10.2. Entitate onuradunek sustatu eta zabaltzeko jarduketa guztietan agerrarazi beharko dute Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak diruz laguntzen dituela.

11.–Ez-betetzeak, diru-laguntzen itzulketa eta zehapen araubidea.

11.1. Diru-laguntza emateko kontuan hartutako baldintzen edozein aldaketak, administrazioak onartu ala ez, diru-laguntza emateko ebazpena aldaraziko du, edo, hala badagokio, kasuan kasuko zenbatekoa itzuli beharko da.

11.2. Hartutako zenbatekoa itzuli beharko da, osorik edo partez, programa gauzatzen ez bada, diru-laguntza emateko ezarritako baldintzak betetzen ez badira, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan aipatzen diren zergatikoak gertatzen badira edo deialdi honetan berariaz aipatzen diren betebeharrak betetzen ez badira. Legez ezarritako kasuetan, gainera, bidezkoa izanen da diru-laguntza ordaindu zenetik itzuli beharraren gaineko ebazpena ematen den arte sortutako berandutze-interesak ordaintzeko eskatzea.

11.3. Kontratua aldez aurretik bukatzen bada, 14.2 oinarrian adierazi bezala, eta entitateak ez badu kontratatutako pertsona ordezten, edo ordezten badu oinarri horretan ezarritako baldintzak bete gabe, bidezkoa izanen da egindako ordainketaren hein bateko itzulketa eskatzea, oinarri hauetan kontratuari eskatzen zaion hilabete kopurua betetzeko falta den denboraren proportzioan.

11.4. Diru-laguntza hartzen duten entitateek Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan diru-laguntzei dagokienez ezarrita dauden erantzukizunak izanen dituzte eta hango zehapen araubidearen mende egonen dira.

12.–Araudi osagarria.

Oinarri arautzaile hauetan xedaturik ez dagoen guztian, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen xedapenak eta aplikagarri den gainerako araudi administratiboa aplikatuko dira.

13.–Jarduketa diruz lagungarriak.

13.1. Nafarroako Foru Komunitatean kokatutako lantokietan betetzen diren kontratuak izanen dira diru-laguntzen xede.

13.2. Diru-laguntzen xede diren kontratuek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Kontratuaren iraupena 3 hilabetekoa izanen da, gutxienez.

b) Kontratuak lanaldi osokoak izanen dira.

c) Urteko gutxieneko lansari gordina (aparteko pagak barne) kontratuan agertuko da, eta ez da lanbide arteko gutxieneko soldata baino txikiagoa izanen.

d) Kontratuak Langileen Estatutuaren 11.1 artikuluan eta hura garatzen duen araudian xedatutakoa beteko du.

14.–Kontratatzen diren pertsonek bete beharreko baldintzak.

14.1. Kontratatzen diren pertsonek baldintza hauek bete beharko dituzte kontratazioaren unean:

a) Langabezian egotea eta Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuan inskribaturik.

b) Kontratuaren unean errenta bermatuaren edo gizarteratze-errentaren hartzailea izatea.

14.2. Kontratatutako pertsonaren batek lana uzten badu diruz laguntzen den epea bukatu baino lehen, ordezko bat jarri beharko zaio gehienez ere hilabeteko epean, oinarri honetan ezarritako baldintzen arabera, eta, orobat, ordezten den pertsonaren lanaldia, lansaria eta taldea errespetatuz. Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari horren berri eman beharko zaio, kontratu berriaren egunetik hasita hilabeteko epean gehienez.

Kasu horretan, egiten diren kontratu guztien iraupenen baturak deialdi honen bidez diruz laguntzen den denbora-tartea beteko du gutxienez.

15.–Diru-laguntzaren zenbatekoa.

Diruz lagunduko diren zenbatekoak hauek dira:

KONTRATUAREN IRAUPENA

EMAKUMEZKOAK

(€ hilean)

GIZONEZKOAK

(€ hilean)

3 hilabete

600,00

550,00

6 hilabete

800,00

750,00

12 hilabete

1.000,00

900,00

16.–Aurkeztu beharreko dokumentazioa.

16.1. Entitate eskatzaileek honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:

a) Diru-laguntzarako eskabidea, behar bezala betea, eredu ofizialaren araberakoa. Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuan edo Nafarroako Gobernuaren web orri ofizialean (www.nafarroa.eus) eskura daiteke.

b) Entitate onuradunak eta langabeak izenpetutako lan kontratua.

c) Bigarren, zortzigarren eta bederatzigarren oinarrietan eskatutako baldintzak betetzen direla dioen erantzukizunpeko adierazpena, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuan edo Nafarroako Gobernuaren webgune ofizialean (www.nafarroa.eus) eskura dagoen eredu ofizialaren araberakoa.

d) Aurretik Nafarroako Gobernuaren diru-laguntzarik jaso ez bada, “Transferentzia bidez ordaintzeko eskaera” izeneko inprimakia.

e) Gardentasunari buruzko betebeharrak:

e.1.) Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko ekainaren 21eko 11/2012 Foru Legearen bederatzigarren xedapen gehigarrian ezarritakoari jarraikiz, Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzak jasotzen dituzten entitate onuradunek gardentasunez aritzeko betebeharra izanen dute, bi inguruabar hauek gertatzen badira:

1) Emandako diru-laguntza 20.000 eurotik gorakoa izatea urtean.

2) Emandako diru-laguntza entitate onuradunaren urteko negozio-zifraren edo aurrekontuaren %20tik gorakoa izatea.

Horretarako, bi inguruabarrak betetzen dituzten entitate onuradunek, Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez, ondotik aipatzen den informazioa aurkeztu beharko dute telematikoki, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari zuzendua eta entitatearen legezko ordezkariak sinatua, diru-laguntza emateko ebazpena jakinarazi eta hilabeteko epean:

–Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.

–Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda.

–Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak, kontzeptuz kontzeptu. Sortu berriak diren entitateen kasuan, informazioa haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan jasotakoa izanen da.

–Kargudun bakoitzaren dedikazio araubidea gobernuko, administrazioko eta zuzendaritzako eginkizunetan.

–Entitate onuradunaren urteko azken kontuen kopia bat.

Aurreko idatz-zatian ezarritako mugak gainditzen ote diren jakiteko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde publikoek urte naturalean emandako diru-laguntza guztien kopuruak batuko dira.

Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren diru-laguntzen kasuan, aurrekontuko ekitaldi bakoitzean emandako kopurua hartuko da kontuan ondorio horietarako, ez guztizko batura.

e.2.) Entitateak gardentasun betebeharra bete behar ez badu, aurreko ataleko inguruabarrak gertatzen ez direlako, horren gaineko aitorpena aurkeztu beharko du.

16.2. Eskaera osorik egon ezean, instrukzio unitateak entitate eskatzaileari eskatuko dio gehienez ere hamar egun balioduneko epean zuzen ditzala akatsak, eta adieraziko dio zuzendu ezean eskaeran atzera egin duela ulertuko dela. Kasu horretan, espedientea artxibatzeko ebazpena eman eta jakinaraziko da, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluan xedatu bezala.

17.–Entitate kontratatzaileen betebeharrak.

Honako hauek dira entitate onuradunen betebeharrak:

a) Gizarteratze-errenta jasotzen dutenekin lan-kontratua sinatzea, legez ezarritako araudiaren arabera.

b) Laguntza emateko ebazpena ematen den unean, zerga arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea, eta, hala badagokio, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekin edo haren erakunde autonomoekin ordaindu beharreko zorrik ez izatea. Betebehar hori egunean duela egiaztatzeko, entitate eskatzaileari jakinarazten zaio eskabidea aurkeztearekin batera baimena ematen diola Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari behar diren datuak kontsulta ditzan.

c) Diru-laguntza ematen duen organoak eta indarra duen antolamendu juridikoaren arabera eskudun diren bestelakoek egin beharreko egiaztapen lanak onartzea eta egiten diren kontroletan laguntzea.

d) Deialdi honetan eta aplikatzekoa den legedian ezarritako kasuetan, harturiko funtsak itzultzea.

e) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak betetzea.

18.–Diru-laguntzen jarraipena eta kontrola.

18.1. Diru-laguntzak ematen dituen organoak ahalmena izanen du aldian-aldian nahi adina kontrol eta egiaztapen egiteko, diruz lagundutako jarduera gauzatzen dela ziurtatzeko, baita ezarritako baldintzak betetzen diren aztertzeko ere. Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak egiaztatuko du deialdi honen bidez finantzatzen den kontratazioaren xedeko pertsona diruz lagundutako gutxieneko denboran egon dela kontratatua eta Gizarte Segurantzan alta-egoeran.

Hori egiaztatuta, espedientea bukatzeko ebazpena emanen da.

19.–Datuen babesa.

19.1. Entitate eskatzaileek eta entitate onuradunek jakinarazpenetan ematen duten informazioa datuak babesteari buruz indarra duen araudiaren mende egonen da.

19.2. Kontratazioaren xede diren pertsonen identifikazio datuak fitxategi informatikoetan sartuko dira, behar diren ondorioetarako eta, horri dagokionez, interesdunak Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan eta hura garatzeko gainerako arauetan oro har aitortzen diren eskubideez baliatzen ahalko dira.

20.–Indarra hartzea.

Ebazpen honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iragarkiaren kodea: F1706769