156. ALDIZKARIA - 2016ko abuztuaren 12a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

925/2016 EBAZPENA, abuztuaren 1ekoa, Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren zuzendari nagusiak emana, udal poligono eta lokalak sustatzeko diru-laguntzen 2016ko deialdia onesten duena, haietan jarduera ekonomikoak garatzeko.

Nafarroako Gobernuaren helburu estrategikoetako bat da Foru Komunitateko lurraldearen garapen orekatua eta, horretarako, jarduera ekonomikoak garatzeko tokiak behar dira.

Jarduera Ekonomikoetako Poligonoak Herrietan Sustatzeko Laguntzei buruzko otsailaren 27ko 2/1997 Foru Legeak laguntzak emateko esparrua ezartzen du jarduera ekonomikoak ezartzeko obrak proiektatu eta sustatzen dituzten Nafarroako toki entitateentzat, eta zehazten du urtero deialdi bat eginen dela laguntza horiek emateko.

Gainera, Nafarroako 2016ko Aurrekontu Orokorrei buruzko urtarrilaren 29ko 1/2016 Foru Legeak hemeretzigarren xedapen gehigarrian ezartzen du inbertsioek 2/1997 Foru Legean aurreikusitako laguntzak jasotzen ahalko dituztela industrialdeen eskasia betetzeko eta eraikinetan tokiak prestatzeko, enpresek aloka ditzaten.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Udal poligono eta lokalak sustatzeko diru-laguntzen 2016ko deialdia onestea, haietan jarduera ekonomikoak garatzeko.

2. Laguntzak emateko oinarri arautzaileak, ebazpen honen eranskinean jasotakoak, onestea.

3. 100.000 euroko gastua baimentzea, 2016ko gastuen aurrekontuko “Jarduera ekonomikoetako udal poligonoetarako laguntzak” izeneko 810008-81200-7609-458100 kontu-sailaren kargura, deusetan galarazi gabe diru-kopuru hori handitzea aurrekontuetan horretarako diru erabilgarririk baldin badago.

4. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Garapen Ekonomikorako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2016ko abuztuaren 1ean.–Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren zuzendari nagusia, Izaskun Goñi Razquin.

ERANSKINA

Oinarri arautzaileak

1. oinarria.–Xedea.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren helburu estrategikoetako bat lurraldearen garapen orekatua da; horretarako, beste neurri batzuen artean, diru-laguntzak ematen ditu Nafarroako toki entitateek edo berariaz eratutako sozietate publikoek sustatzen dituzten tokietarako, haietan jarduera ekonomikoak burutzeko.

Jarduera ekonomikoak burutzeko tokitzat hartzen dira bulegoak edo lantegiak jartzeko diren udalaren industrialdeak eta eraikinak, gero enpresei alokatzeko, eta diru-laguntza emanen da bai berritik eraikitzeko, bai eraikuntzako akatsak edo instalazioenak konpontzeko.

Berariaz baztertzen dira abeltzaintzan erabiltzen diren tokiak, beste araudi bat dutelako.

2. oinarria.–Onuradunak.

Entitate hauek hartzen ahalko dituzte deialdi honetan aipatzen diren diru-laguntzak:

a) Nafarroako toki entitateak.

b) Nafarroako Lurzorua eta Etxebizitzak SA sozietate publikoa.

c) Toki entitateen mendeko sozietate publikoak.

3. oinarria.–Diru-laguntzaren xedeko jarduketak.

Jarduera hauek izanen dira diru-laguntzaren xede:

1. Poligono berriak sustatzea; beharkizun hauek bete beharko dira:

a) Obrek hartutako lurrek udalaren titulartasun publikokoak izan beharko dute.

Kanpoko azpiegituren eraikuntzak ukitutako lurren kasuan, haien afekzioak zortasunak baino ez badira, ez da beharrezkoa izanen titulartasun publikoa, baina dagozkien afekzio baimenak, jabetzak sinatuak, aurkeztu beharko dira.

b) Diru-laguntzaren eskaera aurkeztu baino lehen, jarduketaren xedeko lurrek hiri-lurzoruaren kalifikazioa, industrian edo zerbitzuetan erabiltzekoa, izan beharko dute indarra duen udal planeamenduan.

c) Antolatu beharreko azalerak herriko behar eta eskaera errealekin bat etorri beharko du: hasiera batean eta gehienez ere lurzatien 20.000 m²-ko azalera garbia.

Azalera handiagoak ere onartzen ahalko dira, lurzatien eskaera errealak hala behar duenean. Halakoetan, lurzatien gehieneko azalera garbia honako hau izanen da: enpresek guztira eskatzen duten azalera gehi 14.000 m².

d) Lurzatien eskaerak erreala izan beharko du, eta eskatzaileek jarritako bermeen bidez justifikatua, hasiera batean sustapen osotik ateratzen diren lurzatien azalera garbiaren %30 okupatzeko adinakoa. Lurzatiak saltzeko aurreikusitako prezioaren %5ekoa izan beharko du fidantzen zenbatekoak.

e) Onuradunak jarduketatik ateratzen diren lurzatiak saltzeko konpromisoa hartuko du, inoiz ere ez kostua baino merkeago, aurreikusitako hobari fiskalak eta diru-laguntzak kenduta.

f) 2016ko urriaren 1a baino lehen hasi beharko da obrak egiten.

2. Poligono eskasia betetzeko inbertsioak; beharkizun hauek bete beharko dira:

a) Hamabost urte baino gehiago iragan izatea Udalak poligonoaren urbanizazioa hartu zuenetik.

b) Inbertsioek 100.000 eurotik gorakoak izan beharko dute.

c) Diru-laguntzaren onuradunak jasandako kostuen %50, gutxienez ere, jasanarazi beharko die obren onura jasotzen duten enpresei, kontribuzio berezi baten bidez, kostuak jasanarazteko proiektu baten bidez edo antzeko beste sistema baten bidez.

d) 2016ko urriaren 1a baino lehen hasi beharko da obrak egiten.

3. Eraikinak gaitzea gero enpresek erabiltzeko; beharkizun hauek bete beharko dira:

a) Udalaren jabetza publikokoa izan beharko du obrekin hartutako eraikinak.

b) Obren bidez, bulegoak, lantegiak, nabeak edo antzeko espazioak eginen dira, jarduera ekonomiko abia daitezen kostu apal batean alokatuta.

c) 2016ko urriaren 1a baino lehen hasi beharko da obrak egiten.

4. oinarria.–Diru-laguntza jaso dezaketen gastuak eta diru-laguntzaren zenbatekoa.

1. Aipatu obrak sustatzeko, gastu hauek izan daitezke diru-laguntzaren xede:

a) Lurrak eta, zein den kasua, beharrezkoak diren zortasun eskubideak erostea. Lurren balorazioa egiteko, onibarren katastroko prezioak hartuko dira kontuan.

b) Hirigintza planen eta obra proiektuen idazketa, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legean eta aplikagarri den araudian xedatutakoari lotuko zaiona.

c) Poligonoa urbanizatzeko edo eraikina altxatzeko obrak eta kanpoko beharrezko azpiegituren obrak, 2016an egin eta ordainduak.

d) 2016an fakturatu eta ordaintzen den obren zuzendaritza teknikoa, edo haien zati proportzionala.

2. Diru-laguntzaren zenbatekoak hurrengo hauek izanen dira:

a) Lurrak eta, zein den kasua, zortasun eskubideak erosteko kostuaren %20ko diru-laguntza.

b) Obrak egiteko behar diren proiektuen kostuaren %70eko diru-laguntza.

c) 2016an fakturatu diren obren kostuaren eta haien zuzendaritza teknikoaren kostuaren arteko batuketaren %20ko diru-laguntza. Diru-laguntza kalkulatzeko, honako hau hartuko da kontuan:

–Obraren likidazioa, hura bukatu bada.

–Esleipenaren aurrekontua, obrak kontratatuta badaude.

–Obra proiektuaren aurrekontua, aurreko egoeran ez badago.

d) Ondare Eskualdaketen eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zergako kuotaren %95eko hobaria, poligonoak sortzeko helburuz toki entitateei egindako lurzoru eskualdaketak eta toki entitateek bertan kokatzen diren enpresei egiten dizkietenak zergapetzen direnez.

5. oinarria.–Eskaerak aurkezteko modua eta epea.

1. Eskaerak aurkezteko epea deialdi hau argitaratu eta biharamunean hasiko da, eta 2016ko irailaren 15ean bukatuko, egun hori barne.

2. Eskaerak Garapen Ekonomikorako Departamentuaren Erregistroan aurkeztuko dira (Tomás Caballero parkea, 1; 31005-Iruña), Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan ezarritako tokietako batean edo Nafarroako Foru Komunitateko Erregistro Orokor Elektronikoan.

Eskaera Erregistro Orokor Elektronikoan aurkezten bada, eskaneatuta aurkeztu beharko da eskaerari erantsi beharreko dokumentazioa; dokumentuek banaka egon beharko dute, eta behar bezala identifikatuta, zein bere izenarekin. Aurkezten den artxibo bakoitzak pdf formatua izanen du eta bakoitzaren tamaina 3Mb-ekoa izanen da, gehienez ere.

Eskaera posta bulego batean aurkezten bada, gutun-azalak irekita egon beharko du, lehen orriko goiko aldean bulegoaren izena, eguna, tokia eta ordua (minutu eta guzti) agerrarazteko; datu horiek guztiak gordekinean ere azaldu beharko dira.

3. Eskabidearekin batera dokumentazio hau aurkeztu behar da:

a) Sustapenak ukitutako onibar guztiek udalaren titulartasuna dutela adierazten duen ziurtagiria. Zortasuna baino ez duten lurren kasuan, afekziorako baimenen kopia aurkeztu beharko da, jabeek sinatua.

b) Jarduketaren xede diren lurren edo eraikinaren hirigintza kalifikazioaren ziurtagiriak. Helburu horretarako onetsita dagoen hirigintza planik bada, horren aipamena erantsiko zaio ziurtagiriari, eta haren laburpen bat aurkeztuko da, A4 formatuan.

c) Poligono berri bat egiten bada, lurzatiak erosteko eskaeren zerrenda, gordailuan utzitako fidantzen kopiarekin batera; eta lurzatiak saltzeko kontratu bakoitzaren kopia edo behar diren dokumentuena, lurzatia erosteko ezarri den ordainketen egutegia eta prezioa adierazita.

d) Poligono berri bat egiten bada, toki entitatearen erabakia, non konpromisoa hartzen duen lurzatiak saltzeko prezioa ez dela inolaz ere kostua baino txikiagoa izanen, hartzen diren diru-laguntzak kendu ondoren; aldiz, azpiegituren eskasia konpontzeko obren kasuan, Udalak osoko bilkuran onetsitako kontribuzio berezia edo kobrantzaren metodoa, 3.2. oinarriaren c) letran aipatzen denaren antzekoa.

e) Obra proiektuaren laburpena, A4 formatuan; agiri hauek eduki beharko ditu:

–Jarduketa justifikatzen duen memoria, non beharrezko obrak azalduko diren, bai eta ateratzen diren lurzatien edo lokalen zerrenda ere, azalerak adierazita.

–Jarduketaren dokumentazio grafikoa, hura non kokatzen den eta zein onibarren gainean egiten den adierazita, bai eta aurreikusten den antolamendua ere, ateratzen diren lurzatiak edo lokalak barne.

–Aurrekontuaren kapitulu guztien laburpen-orria.

f) Sustapenaren kostuak, guztira. Kontuan hartu beharko dira lurrak eskuratzeko kostuak, erosi behar badira, obra proiektuen erredakzioa, eraikuntza obrak berak eta obra zuzendaritza.

Ez da kudeaketa edo aholkularitza gastuei buruzko agiririk aurkeztu beharko, ez baitira diru-laguntzaren xede.

g) Obrak egiteko aurreikusitako epeen egutegia eta plangintza.

h) Bideragarritasunari buruzko aldez aurreko azterlana, sustapen osoko gastuak eta salmenta edo alokairuengatik aurreikusten diren diru-sarrerak jasotzen dituena, finantzabideak zehaztuta eta finantza kostuak adierazita.

6. oinarria.–Diru-laguntza ematea.

1. 4. oinarrian ezarritako laguntza portzentajeak diru-laguntza jaso dezaketen jarduketei aplikatuta aterako da eman beharreko diru-laguntza, deialdirako aurrekontuan erabilgarri dagoen kreditua agortu arte.

2. Hona hemen eskaerak baloratzeko irizpideak, diru-laguntzak emateko:

a. Egun dauden jarduerak lekuz aldatzeko beharra, bai kokagune desegokian daudelako bai jarduera handitu behar delako, bai eta jarduera berriak instalatzeko dauden eskaerak ere; 10 puntu arte.

b. Lurzatien eskaera errealen ondorioz lanpostuak mantentzea edo berriak sortzea; 5 puntu arte.

c. Proiektua otsailaren 27ko 2/1997 Foru Legean ezarritako irizpideetara egokitzea, zehazki, proiektuaren neurriak edo hura egiteko faseak egun dagoen eskariari hobeki egokitzeko eta lurren, urbanizazio obren eta azpiegituren kostuak ahalik eta apalenak izan daitezen; 5 puntu arte.

d. Eskualdeko poligonoetan lurzatiak eskuratzeko beste aukerarik ez izatea inguruetan; 10 puntu arte.

Ez badago behar adinako krediturik aurkeztutako eskaera guztiak ezarritako portzentajeekin diruz laguntzeko, eta eskaeren arteko berdinketa gertatzen bada, puntuazio bera duten eskaeren artean hainbanatuko da.

3. Diru-laguntza emateko proposamena egin aurretik, Enpresa Sustapenaren Zerbitzuak txostena eskatuko dio Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuari, toki entitateek eta beren sozietate publikoek diru-laguntzaren xedeko sustapenaren ondorioz heldu diren betebeharrei aurre egiteko ahalmen ekonomiko nahikoa baduten jakiteko.

Txosten hori ezin egin bada, toki entitateak ez dituelako aurreko ekitaldiko kontuak legez ezarritako epean aurkeztu edo txostena negatiboa bada, ezin izanen da eskatutako diru-laguntza eman.

4. Aipatu Zerbitzuak eskaerak ebaluatuko ditu eta ebazpen proposamena igorriko dio organo eskudunari, bertan agerrarazita onuradunek diru-laguntza jasotzeko eskatzen diren beharkizun guztiak betetzen dituztela.

5. Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren zuzendari nagusia izanen da diru-laguntza ematea edo ez ematea ebatziko duen organo eskuduna. Ebazpena gehienez ere hiru hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita.

Epe hori berariazko ebazpenik eman gabe bukatzen bada, eskaera ezetsitzat joko da. Eskaeraren berariazko edo ustezko ezespenaren aurka sozietate interesdunek errekurtsoa jartzen ahalko dute, administrazio prozedura erkideari buruzko legeriari jarraikiz.

Toki entitateek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, eskumena duen ordena jurisdikzionalari zuzendua, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epean.

7. oinarria.–Gastuen justifikazioa eta diru-laguntzaren ordainketa.

1. Diru-laguntza eman ondoren, diruz lagundutako obrak benetan egin dituztela frogatu beharko dute onuradunek. Horretarako, 2016ko abenduaren 15a baino lehen, ondoko dokumentazioa aurkeztuko dute:

a) Obrak gauzatzeko behar diren lurrak erosteko egindako ordainketaren egiaztagiriak eta, zein den kasua, zortasun eskubideena.

b) Hirigintza planen eta obra proiektuen idazketari buruzko fakturak ordaindu direla frogatzen duten dokumentuak.

c) Obra kontratuen kopiak eta haien zuzendaritza teknikoarenak.

d) Obrak hasi izanaren aktaren kopia, behar bezala sinatua.

e) Ziurtagiria, kontratuak Kontratu Publikoei buruzko ekainaren 9ko 6/2006 Foru Legean xedatutakoari jarraikiz esleitu direla frogatzeko.

f) Egindako obren ziurtagiri bakoitzaren ordainketa frogatzen duten dokumentuak eta fakturak.

2. Aipatu dokumentazioa azterturik, Enpresa Sustapenaren Zerbitzuak ordainketa ebazteko proposamena igorriko dio Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren zuzendari nagusiari, eta bertan agerraraziko da onuradunek diru-laguntza kobratzeko eskubidea ematen duten baldintzak betetzen dituztela.

3. Ordainketaren ebazpena bi hilabeteko epean emanen da, gehienez ere, frogagiriak aurkezten direnetik hasita.

8. oinarria.–Onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.

1. Diru-laguntzen onuradunek Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako baldintza orokorrak bete beharko dituzte.

2. Oinarri arautzaile hauetan edo Diru-laguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebehar guztiak bete ezik, onartutako diru-laguntza jasotzeko eskubidea galduko da edo diru hori itzuli egin beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Halaber, aurreko betebeharretako bat hein batean betetzen ez bada, emandako diru-laguntzaren zenbatekoa berriro ere zehazten ahalko da, proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da.

9. oinarria.–Diru-laguntzaren bateragarritasuna.

Deialdi honetako diru-laguntzak bateragarriak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko nahiz pribatu batzuek edo partikularrek, Espainiakoek nahiz atzerrikoek, emandako beste laguntza batzuekin.

Betiere, jarduera bererako emandako diru-laguntzen zenbatekoak, bakarrik edo denak baturik, ezin izanen du gainditu onuradunak egin beharreko jardueraren kostua.

10. oinarria.–Emandako diru-laguntzen publizitatea.

Enpresa Sustapenaren Zerbitzuak, Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako Ministerioaren Diru-laguntzen Datu Base Nazionalaren bidez (http://www.pap.minhap.gob.es/bdnstrans/GE/es/index), emandako diru-laguntzak jarriko ditu jendaurrean, adierazita deialdia, laguntza zein aurrekontu kredituri egozten zaion, onuradunak eta emandako diru kopuruak.

11. oinarria.–Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.

Oinarri arautzaile hauen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete administrazio publiko ez diren interesdunek, Garapen Ekonomikorako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Administrazio Publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dute, eskumena duen ordena jurisdikzionalari zuzendua, honako hau argitaratu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, alde batera utzi gabe Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epeetan.

Iragarkiaren kodea: F1609022