148. ALDIZKARIA - 2015eko uztailaren 31

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

METAUTEN

Administrari-ofizial izateko lanpostua betetzeko oposizio-lehiaketa. Deialdia

Metautengo Barrutiko Udaleko alkateak, Alkatetzaren 2015eko ekainaren 29ko 25/2015 Ebazpenaren bidez, erabaki zuen administrari-ofizial izateko lanpostua lanaldi erdian eta aldi baterako lan-kontratuarekin betetzeko deialdia onestea eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

DEIALDIAREN OINARRIAK

1.–Arau orokorrak.

1.1. Deialdiaren xedea da administrari-ofizial izateko lanpostu bat oposizio-lehiaketaren bidez betetzea, aldi baterako lan-kontratuarekin eta lanaldi erdian aritzeko.

1.2. Lanpostuak Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileen C mailari dagozkion lansariak izanen ditu.

1.3. Legezko xedapenek udal funtzionarioendako ezarria duten opor, lizentzia eta baimenen araubidea izanen du. Lanaldi erdian aritu beharko du.

1.4. Bere mailako eta kategoriako eginkizunak beteko ditu, bertzeak bertze, jendea hartzea, ordenagailuak erabiltzea, testu lanketak, kudeaketa programa, eta abar, eta, oro har, berezkoak dituen eginkizunen artetik agintzen zaizkion lan guztiak.

1.5. Lanposturik gabe gelditzen diren izangaiei aldi baterako kontratua egiten ahalko zaie, puntuazio ordenari jarraituz, indarra duen araudian aurreikusitako kasuetan.

2.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.

Izangaiek, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Espainiako herritarra izatea, edo Europar Batasuneko beste estatu batekoa, edo langileen zirkulazio librea aplikatzen den eremuko estatu batekoa, Europar Batasunak sinatu eta Espainiak berretsitako nazioarteko itunak direla medio.

Espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatu bateko edo aipatu nazioarteko itunek ukitutako estatuetako herritarren ezkontideek ere parte har dezakete; betiere, zuzenbidez bereizita ez badaude. Orobat, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bereizita ez badaude, hogeita bat urtetik beherakoak badira, edo gorakoak, haien kontura biziz gero.

b) Hamasei urte beteak izatea eta nahitaezko erretiroa hartzeko ezarritako adina gainditua ez izatea.

c) Batxilergoko titulua edo haren baliokidea izatea edo hura eskuratzeko moduan egotea, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.

Atzerrian lortutako tituluak badira, homologazioaren frogagiria eduki beharko da.

d) Bete behar dituen eginkizunetan aritzeko adinako gaitasun fisiko eta psikikoa izatea.

e) Eginkizun publikoetan aritzeko ezgaitua edo gabetua ez egotea eta administrazio publikoren baten zerbitzutik bereizia izan ez izana, ezta diziplinako kaleratze bidez bidali izana ere.

Baldintza horiek guztiak aldi baterako kontratatzeko hautatu eta deitzen diren izangaiek frogatu beharko dituzte, jatorrizko agiriak edo kopia kautotuak aurkeztuz, kontratua formalizatu aurretik, esaten zaien unean.

Aski justifikaturik dauden ezinbesteko kasuetan salbu, aipatutako agiri horiek aurkezten ez dituztenak ezin izanen dira kontratatu, eta ordura arteko egintza guztiak baliorik gabe geldituko dira, euren eskabidearen faltsukeria dela-eta legokiekeen erantzunbeharra galarazi gabe.

Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunerako bete beharko dira aurreko baldintzak, eta hautapen prozedurak diraueino eta kontratazioak iraun bitartean beharko dira bete.

3.–Eskaerak.

3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak Udalaren Erregistro Orokorrean aurkeztu beharko dira, edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aipatzen diren bitartekoetako bat baliatuz.

Eskabideak I. eranskinean argitaratutako ereduaren arabera egin behar dira eta haietan izangaiek adierazi behar dute baldintza guzti-guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epearen azken egunean.

Parte hartzeko eskabidearekin batera, izangaiek Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia eta eskatzen den titulazioarena aurkeztu beharko dituzte, edo eskabideak aurkezteko epea burutzen denerako hura erdiesteko maneran izanen direla adierazten duen agiriarena.

3.2. Ezgaitasuna duten izangaiek ezgaitasuna dutela frogatzeko agiria aurkeztu beharko dute, organo eskudunak emana. Halaber, ariketak egiteko denbora eta baliabide aldetik behar dituzten egokitzapenak eskatzen ahalko dituzte, horren beharrik izanez gero, eskabidean bertan. Aparteko orri batean, zein ezintasun duten eta zein egokitzapen eskatzen duten adierazi beharko dute.

4.–Eskabideak aurkezteko epea.

Eskabideak aurkezteko epea hogei egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

5.–Behin-behineko zerrenda eta behin betikoa.

Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, alkateak izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onetsiko du, eta hura Metautengo Barrutiko Udalaren iragarki oholean argitaratuko da, baita haren webgunean ere.

Egun horretatik aitzina, izangaiek bost egun balioduneko epea izanen dute erreklamazioak aurkezteko eta eskabidean egindako akatsak zuzentzeko.

Erreklamazioak aurkezteko epea bukatu eta haiek ebatzi ondoan, alkateak izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onetsiko du eta Udalaren iragarki oholean eta webgunean argitaratzeko aginduko, hautaprobak egiteko deialdi honetan aipatzen diren eguna eta tokia adierazita.

Izangai bazterturik ez bada, zuzenean onetsiko da behin betiko zerrenda, eta Udalaren iragarki oholean eta webgunean argitaratuko da, deialdi honetan aipatzen diren hautapen probak egiteko egunarekin eta tokiarekin batera.

Onartuen zerrendetan agertzea ez da aski deialdi honetan eskatutako baldintzak betetzen direla onartzeko. Izangaiek kontratazioa egiteko deia egiten zaielarik aurkeztu behar duten dokumentazioa aztertutakoan baldintzaren bat betetzen ez dela ohartuz gero, interesdunek deialdi honetan parte hartzeagatik dituzten eskubide guztiak galduko dituzte.

6.–Epaimahaia.

6.1. Honako kide hauek osatuko dute epaimahaia, baina izangai onartuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean zehazten ahalko da behin betiko osaera:

–Epaimahaiburua: Metautengo Barrutiko Udaleko alkatea.

–Epaimahaiburuaren ordezkoa: Udaleko zinegotzia, horretarako izendatutakoa.

–Lehen epaimahaikidea: Estíbaliz Goñi Razquin, Iguzkitzako Udaleko idazkaria.

–Ordezkoa: Eva León Garriz, Oteitzako Udaleko idazkaria.

–Bigarren epaimahaikidea: Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioko ordezkaria.

–Ordezkoa: Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioko ordezkaria.

–Hirugarren epaimahaikidea: Belén Portillo Ochoa de Zabalegui, Gesalazko Udaleko idazkaria.

Ordezko epaimahaikidea: Concepción López Azanza, Abartzuzako Udaleko idazkaria.

–Epaimahaikide idazkaria: Pilar Barragán García, Metautengo Udaleko idazkaria.

–Epaimahaikide idazkariaren ordezkoa: Joaquín Legarda, Antzingo Udaleko idazkaria.

6.2. Epaimahaikideek parte hartzeari uko egin beharko diote eta Udalean hala adierazi, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Foru Legean horretarako aurreikusiak dauden arrazoiak suertatzen direnean.

Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errefusatzea, inguruabar horietako bat izaten denean.

Epaimahaia aldatzen bada epaimahaikideek parte ez hartzeko eta haiek errefusatzeko legez ezarritako kasuak direla-eta, hori jakinarazi eginen da, izangai onartu eta baztertuen zerrendekin batera.

6.3. Hautaprobak hasi baino lehen eratuko da epaimahaia.

Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, kideen gehiengo osoa, gutxienez, bildu gabe.

Halaber, epaimahaiaren eraketak balio izateko, epaimahaiburuak eta epaimahaikide idazkariak bertan egon beharko dute.

6.4. Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdiaren oinarriak ulertu eta aplikatzeko moduaren inguruan sortzen diren arazo guztiak.

6.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza eska dezake probarako. Aipatu aholkulariak beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko eta haietan oinarriturik bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

7.–Hautaproben bilakaera eta balorazioa.

7.1. Lehiaketaldia: lehiaketaldia ez da baztergarria izanen eta gehienez ere 30 puntu izanen ditu, baremo honen arabera:

–Nafarroako toki entitate batendako, administrari-ofizialaren lanetan zerbitzu egiten emandako urte bakoitzeko: 4 puntu; gehienez, 16 puntu. Zerbitzu urteak osoak ez badira, zerbitzuak zenbat egunetan egin diren, horren arabera banatuko zaie puntuazioa izangaiei.

–Nafarroako toki entitate batendako, administrari laguntzailearen lanetan zerbitzu egiten emandako urte bakoitzeko: 2 puntu; gehienez, 8 puntu. Zerbitzu urteak osoak ez badira, zerbitzuak zenbat egunetan egin diren, horren arabera banatuko zaie puntuazioa izangaiei.

–Informatikako ikastaroak egiteagatik: 0,04 puntu eskola ordu bakoitzeko; gehienez ere, 6 puntu.

–Euskara titulua izateagatik:

  • A2: 1 puntu.
  • B1: 3 puntu.
  • B2: 6 puntu.
  • C1: 8 puntu.

Lehiaketaldia bukatutakoan, Udalaren iragarki oholean argitara emanen da izangai bakoitzak lortutako puntuazioa.

7.2. Oposizioaldia: hautapena honako ariketa hauen bidez eginen da:

7.2.1. Proba teoriko-praktikoa: bertan galdera teoriko-praktiko batzuk idatziz erantzun beharko dira; horietatik hiru laurdenak, gutxienez, II. eranskineko gaiei buruzkoak izanen dira eta gainerakoak, berriz, informatika orokorreko ezagutzei eta Word eta Excel 2003 programei buruzkoak.

Galdera guztiendako hiru erantzun emanen dira aukeran, baina bat bakarra izanen da baliozkoa. Galdera guztiek balio bera izanen dute. Erantzun okerrek galdera bakoitzari emandako balorazioaren laurden bateko zigorra izanen dute. Ariketa hau egiteko izangaiek izanen duten denbora epaimahaiak adieraziko du, azterketa hasi baino lehen.

Ariketaren balorazioak 50 puntu egin ditzake, gehienez ere, eta bazterturik geldituko dira eskatzen den gehieneko puntuazioaren erdia, gutxienez, eskuratzen ez duten izangaiak.

7.2.2. Oposiziogileei eskaintzen zaizkien datuak erabiliz bi agiri ofizial prestatzeko proba. Ariketa honek, gehienez ere, 20 puntu izanen ditu. Bazterturik geldituko dira gutxienez 10 puntu lortzen ez dituzten izangaiak.

7.3. Ariketak plika sistemaren bidez eginen dira.

7.4. Probetarako deialdi bakarra eginen da, eta izangaiak nortasun agiri nazionala aldean dutela azalduko dira. Agertzen ez diren izangaiak bazterturik geldituko dira.

7.5. Hautaprobetan, minusbaliotasuna izanik halaxe eskatzen dutenek denbora eta baliabide aldetik zilegi diren egokitzapenak izanen dituzte, eskabidean azaltzen dutenaren arabera.

8.–Hautaprobak gainditzen dituztenen zerrenda eta lanean hasteko deia.

8.1. Proba guztiak kalifikatu ondoren, epaimahaiak bi ariketako bakoitzean lortutako puntuazioen batura argitaratuko du Udalaren iragarki oholean eta probak egin diren tokian. Horrez gain, gaindituen zerrenda, puntuazio handienetik txikienera ordenatutakoa, prestatu, eta puntuazio handiena lortu duen izangaiaren aldeko izendapen proposamena igorriko dio epaimahaiburuari.

9.–Agirien aurkezpena.

9.1. Izendapen proposamena oholean argitara eman eta hogeita hamar egun naturaleko epearen barrenean, proposatutako izangaiak honako agiri hauek aurkeztu beharko ditu Metautengo Udalaren Erregistro Orokorrean:

a) Eskatzen den titulazioaren kopia kautotua edo fotokopia.

b) Zinpeko aitorpena, eginkizun publikoetan aritzeko desgaitua edo gabetua ez dagoela eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik ez dela baztertua izan erakusten duena.

9.2. Inork agiri horiek adierazitako epean aurkezten ez baditu, behar bezala arrazoitutako ezinbesteko kasuetan izan ezik, ezin izanen da izendatu eta jarduketa guztiak deuseztatu eginen dira. Hori, dena dela, ez da eragozpen izanen eskabidean gezurra esateagatik izan dezakeen erantzukizuna eskatzeko.

9.3. Aurreko atalean azaldutakoa gertatzen bada, epaimahaiburuak gainditzen dutenen zerrendan ondo-ondotik heldu den izangaiarekin beteko du hutsunea.

10.–Izendapena eta lanean hastea.

10.1. Epaimahaiburuak, ebazpen baten bidez, Metautengo Barrutiko Udaleko administrari-ofizial izendatuko du aurreko oinarrian ezarritakoa betetzen duen izangaia. Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

10.2. Izangai izendatuak hilabeteko epea izanen du lanpostuaren jabetza hartzeko, izendapena jakinarazten denetik hasita. Epe horretan, ezinbesteko arrazoiak salbu, karguaz jabetzen ez bada, Udaleko aldi baterako lan-kontratuduna izateko eskubide guztiak galduko ditu.

11.–Errekurtsoak.

Deialdi honen aurka, nahiz bere oinarrien eta aplikazio egintzen aurka, errekurtso hauetakoren bat aurkez daiteke, hautara:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza gauzatu duen organoari berari zuzendua, hilabeteko epean, hura jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.

Kalifikazio epaimahaiaren egintzen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, epaimahaiburuari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik aurrera.

I. ERANSKINA

Eskabide eredu ofiziala

Izena: ..............................................................................................., adina: ............, NAN zk.: ............ jakinarazpenetarako helbidea: herria: ................... karrika: ................, zk.: ........, telefonoa: ..........

Zure aitzinera agertu eta azaltzen dut:

–Ez dudala karguan aritzea galarazten didan eritasunik edo akats fisikorik nahiz psikikorik.

–Ez naizela bereizia izan, diziplina espedientearen bidez, inongo administrazio publikoren zerbitzutik, eta ez nagoela eginkizun publikoetan aritzeko desgaitua.

–Deialdian eskatzen den titulazioaren jabe naizela.

–Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, behar diren baldintza guztiak betetzen ditudala.

–Ez naizela diziplina espedientearen bidez inongo administrazio publikoren zerbitzutik bereizia izan, ez eta diziplinako kaleratzearen bidez bidalia ere, eta ez nagoela desgaitua eginkizun publikoak betetzeko.

–Deialdian eskatzen den titulazioaren jabe naizela.

–Eskaerak aurkezteko epearen azken egunean beharkizun guztiak betetzen ditudala.

–Desgaitasuna dudala eta, beraz, azaltzen den egokitzapena eskatzen dudala, adierazten diren arrazoiengatik.

–Minusbaliatua naizela frogatzen duen agiria aurkezten dudala, erakunde eskudun batek emana.

–Honako agiri hau aurkeztu dudala:

  • NANaren fotokopia.
  • Eskatzen den titulazio akademikoaren fotokopia.
  • Euskararen jakite-mailari buruzko ziurtagiria (hori edukiz gero).

ESKATZEN DUT:

...........(e)ko ....... Nafarroako Aldizkari Ofizialean, ......................(e)an, argitaratu zen deialdian onartzeko,

Metautengo Barrutiko Udaleko administrari-ofizial izateko lanpostuan aldi baterako kontratatzeko.

Eguna eta sinadura

II. ERANSKINA

Gai zerrenda

1.–Administrazio agiriak. Ofizioa, eskabidea, ziurtagiria, akta, zirkularra, erabakien igorpena, jakinarazpenak.

2.–Biztanleen udal errolda. Biztanleen erroldaren ideia orokorra, tramiteak eta prozedurak.

3.–30/1992 Legea, azaroaren 26koa, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa. II. titulua.–Administrazio publikoetako organoak. III. titulua.–Interesdunak. IV. titulua.–Administrazio publikoen jarduna. V. titulua.–Administrazioaren xedapenak eta egintzak. VI. titulua.–Administrazio prozedurei buruzko xedapen orokorrak. VII. titulua.–Egintzen berrikuspena administrazio bidean; administrazio errekurtsoak.

4.–7/1985 Legea, apirilaren 2koa, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituena. II. titulua.–Udalerria. V. titulua.–Toki entitateen funtzionamenduaren araubidea.

5.–6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa. I. titulua.–Udalerria, Nafarroako toki entitate. III. titulua.–Nafarroako toki entitateen funtzionamenduaren araubidea. Herritarrendako informazioa eta haien parte-hartzea. IX. titulua.–Prozedura eta araubide juridikoa. Toki entitateen jarduketen inpugnazioa eta kontrola. Bereziki gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua.

6.–2568/1986 Errege Dekretua, azaroaren 28koa, Toki Entitateen Antolaketaren eta Funtzionamenduaren gaineko Erregelamendua onesten duena. I. titulua.–Toki entitateetako kideen estatutua. II. titulua.–Toki entitateen beharrezko antolaketa. III. titulua.–Toki entitateen beharrezko organoen funtzionamendua. IV. titulua.–Toki entitateen antolaketa osagarria. VI. titulua.–Prozedura eta araubide juridikoa.

7.–2/1995 Foru Legea, martxoaren 10ekoa, Nafarroako Toki Ogasunei buruzkoa.

8.–35/2002 Foru Legea, abenduaren 20koa, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzkoa. V. titulua.–Administrazioaren esku hartzea eraikuntzan eta lurzoruaren erabileretan, eta hirigintzako diziplina, hirigintzako lizentziak.

9.–4/2005 Foru Legea, martxoaren 22koa, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzkoa. III. titulua.–Jarduera sailkatuaren udal lizentzia behar duten jarduerak. VI. titulua.–Zehapen araubidea.

10.–6/2006 Foru Legea, azaroaren 21ekoa, Nafarroako Lurralde Aberastasunaren Erregistroari eta Katastroei buruzkoa.

Metautenen, 2015eko uztailaren 3an.–Alkate udalburua, Andrea Catala Andueza.

Iragarkiaren kodea: L1510060