148. ALDIZKARIA - 2015eko uztailaren 31

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

LIZARRA

Alkatetzaren dekretua

Ikusirik Alkatetzaren ekainaren 16ko 162/2015 Ebazpena, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 20.1.b) artikuluan xedatutakoa betez, Lizarrako Udaleko Tokiko Gobernu Batzarreko kideak izendatzen dituena, 5.000 biztanle baino gehiagoko udalerri guztietan nahitaez izan behar den organo kolegiatua baita.

Lege beraren 23.2.b) artikuluari jarraikiz, zeinak ezartzen baitu “Tokiko Gobernu Batzarrari dagozkio: b) Alkateak edo udaleko beste organo batek bere esku uzten dituen eskurantzak edo legeek esleitzen dizkiotenak”.

Ikusirik Toki Entitateen Antolaketaren, Funtzionamenduaren eta Araubide Juridikoaren gaineko Erregelamendua onetsi zuen azaroaren 28ko 2568/1986 Errege Dekretuaren 53.3 artikuluak xedatzen duela lege beraren 43. eta 44. artikuluetan xedatuari jarraituko diola alkateak Tokiko Gobernu Batzarrari eskudantziak bertze baten esku uzteko.

Aintzat harturik Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 14. artikuluak ezartzen duela administrazio publikoen organoek administrazio bereko bertze organo batzuen esku uzten ahal dituztela beren eskudantziak, hierarkikoki haien menekoak ez badira ere; bertzetik, egiten den eskuordetzea edozein unetan botatzen ahal duela atzera erabaki hori hartu zuen organoak berak.

Aintzat harturik aipatu apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 21.1 artikulua, alkateak udalburu gisa dituen eskudantzien zerrenda dakarrena, eta ikusirik agindu beraren hirugarren idatz-zatia, alkatetza horrek bertze baten esku inolaz ere uzten ahal ez dituen eskudantziak xehatzen dituena, aipatu aginduetan xedatuaren eta azaroaren 28ko 2568/1986 Errege Dekretuaren 114. artikuluaren babesean,

EBATZI DUT:

Lehena.–Lizarrako Udalaren Tokiko Gobernu Batzarraren esku uztea jarraian zerrendatzen diren eskudantziak, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 21.1 artikuluak Alkatetzari esleitu baitizkio:

1. Kudeaketa ekonomikoaren garapena, onetsitako aurrekontuarekin bat, gastuak xedatzea eta ordainketak agintzea, alkatearen eskumenen mugen barnean.

2. Lan publikoaren eskaintza onestea, Osoko Bilkurak onetsitako aurrekontuari eta plantilla organikoari jarraikiz, langileak hautatzeko probetarako eta lanpostuak betetzeko deialdietarako oinarriak onestea eta finko eta aldizkakoak ez diren ordainsari osagarriak partitzea.

3. Planeamendu orokorra garatzeko tresnen onespenak, espresuki Osoko Bilkuraren eskuetan utzi ez direnean, baita hirigintza kudeatzeko tresnena eta urbanizazio proiektuena ere.

4. Agintariei eginiko desobeditzeak edo udal ordenantzei eginiko arau-hausteak zehatzea, bertze organo batzuen eskudantzia denean salbu.

5. Zerbitzuen eta obren proiektuak onestea, haien kontratazio edo kontzesiorako eskumena duenean eta aurrekontuan sartuta daudenean.

6. Alkatetzaren eskumenekoak diren lizentziak ematea, Udal hilerria arautzen duen ordenantzan ezarritako hilobien erabileraren gaineko ehorzketa eskubidea emateko, eskualdatzeko eta iraungitzeko baimenak izan ezik.

7. Kontratazio publikoaren arloko eskudantziak, aplikatu beharreko araudian ezarri mugen barnean, 6.000 eurotik gorakoak (BEZa kanpo) ez diren kontratuei buruzkoak izan ezik.

8. Diru-laguntzak emateko prozedurei buruzko eskudantziak.

9. Zergapeko egintza bat egitetik ondorioztatutako zerga likidazioak onestea, horiek aitortzeko Tokiko Gobernu Batzarrak eskuordetuta hartutako egintza behar dela.

Bigarrena.–Eskuordetza honek ikuskatu eta kudeatzeko ahalmenak hartzen ditu, baita hirugarrenengan eragina duten egintza administratiboen bitartez ebaztekoa ere, eskuordetzaren xede den eskudantzia erabiliz emandako administrazio ekintzen aurka aurkezten diren berraztertzeko errekurtsoak ebazteko ahalmena barne.

Hirugarrena.–Alkatetzak, eskuordetza egiten duen organoa den aldetik, bertzeen esku utzitako eskudantziari dagokionez, hari buruzko informazio xehatua eta haren ondorioz sorturiko egintzen edo xedapenen gaineko informazioa jasotzeko ahalmena du. Era berean, garrantzizko erabakiak hartu aitzin jakinaren gainean egoteko ahalmena du.

Laugarrena.–Tokiko Gobernu Batzarrak bere gain utzitako eskudantziak erabiltzean agintzen dituen egintzetan horren berri eman beharko du, eta Udal honetako Alkatetzaren egintzak direla ulertuko da, nahiz aipatu organo kolegiatuaren funtzionamendu arauei jarraikiz erabaki.

Borzgarrena.–Eskuordetza hau denbora mugagabekoa dela ulertzen da, –azaroaren 28ko 2568/1986 Errege Dekretuaren 114.2 eta 3. artikuluan ezarritakoarekin bat– eta ez da ezeztatuko Alkatetzaren nahiz Tokiko Gobernu Batzarraren osaera aldatze hutsagatik; izan ere, ezeztatzeko nahiz aldatzeko, emateko behar diren formalitate berak bete beharko dira.

Seigarrena.–Nafarroako Toki Entitateen Antolaketaren, Funtzionamenduaren eta Araubide Juridikoaren gaineko Erregelamendua onetsi zuen azaroaren 28ko 2568/1986 Errege Dekretuaren 44.2 artikuluaren bukaera betez, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea; nolanahi ere, ebazpen honen biharamunean izanen ditu ondorioak eskudantziak bertze baten esku uzte honek.

Zazpigarrena.–Ebazpen hau Lizarrako Udalaren Tokiko Gobernu Batzarrera eta Udal Idazkaritzara igortzea, hura betearazteko behar diren tramiteak abian jar ditzan, eta Osoko Bilkurari jakinaraztea, kide anitzeko organo horrek egiten duen hurrengo bilkuran.

Aditzera ematen da, azaroaren 28ko 2568/1986 Errege Dekretuaren 47. artikuluan xedatua bete beharrez eta Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/13985 Legearen 21.1.r) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz, eta ohartarazten da ezen, egintza hau irmo izanik bide administratiboan, errekurtso hauetakoren bat para daitekeela, hautara:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza egin duen organo berari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpen hau argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari edo Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazten denetik hasita.

Lizarran, 2015eko ekainaren 30ean.–Alkate udalburua, Koldo Leoz Garciandia.

Iragarkiaren kodea: L1509808