89. ALDIZKARIA - 2014ko maiatzaren 9a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

IRUÑA

Akats zuzenketa deialdi honetan: “Bana-banako ebaluazio araubideko laguntzen 2014ko deialdia, Alde Zaharreko eta I. eta II. Zabalguneetako eraikinak zaharberritzeko eta Alde Zaharrean aparkalekuak sustatu eta egiteko. Onespena”

Akats bat egin da, ez baita deialdiaren testua argitaratu, RUV 08-ABR-14 (11/UV) ebazpena iragartzeko argitalpenean (2014ko 80. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, apirilaren 25ekoa, 5196. orrialdea); hori horrela, bidezkoa da akatsa zuzentzea, argitaratu gabe utzitako testua argitaratuz.

BANA-BANAKO EBALUAZIO ARAUBIDEKO LAGUNTZEN 2014KO DEIALDIA, ALDE ZAHARREKO ETA I. ETA II. ZABALGUNEETAKO ERAIKINAK ZAHARBERRITZEKO ETA ALDE ZAHARREAN APARKALEKUAK SUSTATU ETA EGITEKO

1.–Xedea.

Deialdi honen xedea da zaharberritzearen arloan bana-banako ebaluazio araubideko diru-laguntzak emateko prozedura garatzea, Eraikinak zaharberritzeko Udalaren laguntzak arautzen dituen ordenantzan xedatutakoa betez (Tokiko Gobernu Batzarrak 2007ko apirilaren 11ko erabakiz onetsitakoa).

Eraikinak Zaharberritzeko Udalaren Laguntzak arautzen dituen ordenantza 2007ko 111. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, irailaren 5ean.

Eraikinak Zaharberritzeko Udalaren Laguntzak arautzen dituen ordenantzan xedatuari jarraituz arautzen da deialdi hau eta, aurreikusten ez duen hartan, Iruñeko Udalaren Diru-laguntzetarako Ordenantza Orokorraren eta gainerako araudi aplikagarriaren arabera.

2013ko abenduaren 18an, Diru-laguntzetarako ordenantza orokorraren 3. artikuluan xedatuari jarraikiz, onetsi zen Hirigintza eta Etxebizitza Alorraren 2014ko diru-laguntzei buruzko plan estrategikoa.

2.–Aurrekontua.

Deialdia gehieneko aurrekontu hauetaz dago hornitua:

3.213.365,42 euro, 2014ko aurrekontuko 30/43100/780000 kontu-sailaren kargura, Alde Zaharreko eraikinak zaharberritzeko eta aparkalekuak sustatu eta egiteko obretarako Udalaren laguntza ekonomiko gisa.

1.000,00 euro, 2014ko aurrekontuko 30/43100/480000 kontu-sailaren kargura, Udalak berrostatatzeko errentetarako diru-laguntza gisa.

10.000,00 euro, 2014ko aurrekontuko 30/43100/831000 kontu-sailaren kargura, baliabide ekonomiko gabeko jabe erabiltzaileendako mailegu gisa.

Eraikinak Zaharberritzeko Udalaren Laguntzak arautzen dituen Ordenantzan, zein bere atalean, zehaztuta dago laguntza mota bakoitzetik zenbat emanen zaion, gehienez ere, onuradun bakoitzari.

3.–Diru-laguntzaren xedea, onuradunen beharkizun eta betebeharrak.

Eraikinak Zaharberritzeko Udalaren Laguntzak arautzen dituen Ordenantzako aurreikuspenak garatzea da deialdiaren helburua, honako laguntza hauetan banatuta:

1. Hirian lehentasunez zaharberritzeko eremuetan dauden eraikinak osorik zaharberritzeko laguntza ekonomikoak.

2. Laguntza ekonomikoak Alde Zaharrean aparkalekuak sustatu eta egiteko.

3. Udalaren eskutik berrostatatzeko laguntza ekonomikoak.

4. Maileguak baliabide ekonomiko gabeko jabe erabiltzaileentzat.

Laguntzen onuradunak behartuta daude Eraikinak Zaharberritzeko Udalaren Laguntzak arautzen dituen Ordenantzaren 5. artikuluan jasotako baldintzak betetzera, baita arau horrek laguntza mota bakoitzerako jasotakoak ere.

4.–Diru-laguntza eskatzeko betebeharrak eta haien frogabideak.

Deialdi honen indarraldian, zaharberritze obren sustatzaileek Laguntzen udal ordenantzaren 14. artikuluan agertzen diren aurretiazko jarduketak has ditzakete, jarduketaren kalifikazioa lortze aldera.

Diru-laguntza eta/edo mailegua eskatzeko, pertsona fisiko edo juridikoek, publiko edo pribatu izan, beharkizun orokorrak bete beharko dituzte eta Eraikinak Zaharberritzeko Udalaren Laguntzak arautzen dituen Ordenantzaren 4. artikuluan ezarritako debeku guztietatik kanpo egonen dira; gainera, ordenantza horretan zein laguntza mota nahi duten, hartarako beharkizunak ere bete beharko dituzte:

Laguntza eta/edo mailegua lortzeko eskaera guztien betebeharra izanen da zaharberritze babestu gisa agertzea espedientearen kalifikazioa, Eraikinak Zaharberritzeko Udalaren Laguntzak arautzen dituen Ordenantzaren 14. artikuluarekin bat.

Bestetik, laguntza mota bakoitzerako ordenantzan ezarritakoak dira laguntza edo mailegu bakoitzarendako beharkizun eta frogabideak.

1. Alde Zaharreko eta Zabalguneetako eraikinen zaharberritze osorako laguntza ekonomikoak: II. eta III. tituluetan ezarritakoak.

2. Alde Zaharrean aparkalekuak sustatu eta egiteko laguntza ekonomikoak: V. tituluan ezarritakoak.

3. Udalaren eskutik berrostatatzeko laguntza ekonomikoak: 26. artikuluan ezarritakoak.

4. Maileguak baliabide ekonomikorik gabeko jabe erabiltzaileentzat: 27. eta 35. artikuluetan ezarritako beharkizunak.

5.–Diru-laguntzak bideratzeko eta ebazteko organo eskudunak.

Zaharberritze Bulegoa arduratuko da diru-laguntzen prozedura bideratzeaz Idazkaritza Teknikoaren bitartez. Idazkaritza Teknikoak beharrezkotzat jotzen dituen datuak zehaztu, ezagutu eta egiaztatzeko jarduketak eginen ditu, ofizioz, ebazpenaren proposamena formulatu ahal izateko.

Diru-laguntzak emateko prozeduraren ebazpena Hirigintza, Etxebizitza eta Ingurumen Alorreko zinegotzi delegatuak emanen du, Alkatetzaren DAL 30-DIC-2013 (1/AL) Dekretuari jarraikiz.

6.–Eskaerak eta agiriak aurkezteko epea eta tokia.

Interesdunek eskabidea sinatuta aurkeztuko dute, zein laguntza mota eskatzen duten, hari dagozkion agiriekin batean.

Deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta lehen egun baliodunetik aurrera hasiko da eraikinak zaharberritzeko laguntza ekonomikoen eskaera aurkezteko epea, eta 2014ko abenduaren 31 arte iraunen du, Zaharberritzei Laguntzeko Ordenantzaren xedapen iragankorrean aurreikusitakoa ukatu gabe.

V. tituluan aurreikusitako laguntzetarako (Aparkalekuak), aparkalekua irekitzeko lizentzia ematen den eta/edo jarduera hasten den egunetik aurrera hasiko da eskatzeko epea, eta 2014ko abenduaren 31n bukatuko da.

Udalaren etxebizitzetan berrostatatu direnendako laguntzetan (Laguntzen Ordenantzaren 26. artikulua), espedientea zaharberritze babestukotzat hartzen den egunetik aurrera hasiko da eskatzeko epea, eta 2014ko abenduaren 31n bukatuko da.

Baliabide ekonomikorik gabeko jabe erabiltzaileendako maileguetarako aurreikusitako laguntzetan (Laguntzen Ordenantzaren 27. eta 35. artikuluak), espedientea zaharberritze babestukotzat hartzen den egunetik aurrera hasiko da eskatzeko epea, eta 2014ko abenduaren 31n bukatuko da.

Eskaerak ez baditu deialdian ezarritako beharkizunak betetzen, Eraikinak Zaharberritzeko Laguntzen gaineko Ordenantzaren 17.2 artikuluan xedatutakoari jarraituko zaio.

Eskabideak aurkezten ahal dira Iruñeko Udalaren Erregistro Orokorrean (Kale Nagusia, 2, Condestablea); orobat, erregistro osagarrietan (Eslaba kalea, 1 bis-behea, Zaharberritze Bulegoa; Descalzos kalea, 72-2. solairua, Kulturako Alorra; San Saturnino kalea, 2, beheko solairua, Garapen Iraunkorreko Alorra; Iratxeko monasterioaren kalea, 2, beheko solairua, Hiritarren Babeseko Alorra; Armada etorbidea, 2, 5. solairua, Hirigintza eta Etxebizitzako Alorra; eta Zapateria kalea, 40, beheko solairua, Lehendakaritza, Gizarte Zerbitzuak eta Emakumea eta Hezkuntza, Gazteria eta Kiroleko Alorrak), edo, bestela, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 38. artikuluan ageri diren tokietako edozeinetan.

7.–Ebazteko eta jakinarazteko epea.

Ebazpena eman eta jakinarazteko epea sei hilabetekoa izanen da, gehienez ere.

Laguntza ekonomikoaren eskaera Etxebizitzak Zaharberritzeko Bulegoan sartzen den egunetik aurrera kontatuko da zaharberritze obretarako eta aparkalekuak eraikitzeko Udalaren laguntza ekonomikoen gainean ebazteko epea. Eskaerarekin batean sartuko dira diru-laguntzaren xedeko jarduera egin izana frogatzen duen dokumentazio guztia eta espedientea zaharberritze babestukozat jotzeko dokumentuan eskatzen diren beharkizunen frogagiria.

Udalaren jabetzako etxebizitzan berrostatatzeko eskaera Etxebizitzak Zaharberritzeko Bulegoan sartzen den egunetik aurrera kontatuko da Udalaren etxebizitzetan berrostatatutakoen errentei diru-laguntzak eman edo ez erabakitzeko epea. Eskaerarekin batean sartuko da Eraikinak Zaharberritzeko Laguntzen gaineko Ordenantzaren 26. artikuluan eskatutako beharkizunak betetzen direla frogatzen duen dokumentazioa.

Maileguaren eskaera Etxebizitzak Zaharberritzeko Bulegoan sartzen den egunetik aurrera kontatuko da baliabide ekonomiko gabeko jabe erabiltzaileei diru-laguntzak eman edo ez erabakitzeko epea. Eskaerarekin batean sartuko da Eraikinak Zaharberritzeko Laguntzen gaineko Ordenantzaren 27 eta 35. artikuluetan eskatutako beharkizunak betetzen direla frogatzen duen dokumentazioa.

Epe horretan ebazpen espresik ematen ez bada, eskatzaileak eskaera ezetsi egin dela ulertzen ahalko du.

Deialdi bateko gastu baimenak agortuz gero eta/edo abenduaren 31 diru-laguntza eta/edo mailegua ebatzi gabe iritsiz gero, beharkizunak betetzen dituzten onuradunek lehentasuna izanen dute beren eskaeran hurrengo ekitaldiko deialdian, baldin deialdia egiten bada eta behar adina diruz hornitzen bada.

Aurreko ordenantza aplikatzen zaien espedienteentzat aurreikusitako aurrekontua agortuz gero, deialdi honetako gastu baimenen kargura ordaintzea ebazten ahal da.

8.–Eskaerarekin batean aurkeztu beharreko agiri eta argibideak.

Zein modalitateko babesa nahi den, hartarako Laguntzen gaineko Ordenantzan ezarritako dokumentazioa gehituko zaie eskaerei.

Oro har, kalifikazioa tramitatzeko aurkeztu behar diren agiriak ordenantzaren 16. artikuluko 1. puntuan ezarritakoarekin bat etorriko dira. Diru-laguntzaren kontzesioa tramitatzeko aurkeztu beharrekoak artikulu bereko 2. puntuan ageri dira. 16.3 artikuluan aipatzen dira Alde Zaharrean aparkalekuak erosteagatiko diru-laguntzak tramitatzeko behar direnak.

Udaleko zerbitzu teknikoek beharrezkotzat jotzen dituzten agiriak eskatzen ahal dituzte, horien bidez frogatzeko jarduketa bakoitza arautzen duten ordenantzako tituluetan ezarri diren beharkizun teknikoak betetzen direla.

9.–Jakinarazteko edo argitaratzeko bidea.

Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 20/1992 Legearen 58. eta 59. artikuluetan ezarritakoaren arabera jakinaraziko zaie ebazpena eskatzaileei, eta horrek administrazio bidea agortuko du.

Ebazpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, deialdia, dagozkion aurrekontuaren kreditua eta programa, onuraduna, ematen den diru-kopurua eta diru-laguntzaren xedea adierazita. Dena dela, ez da argitaratu beharko kasu hauetan:

a) Emandako diru-laguntzen zenbatekoak, banan-banan hartuta, 3.000 eurotik beheitikoak direnean. Kasu horretan, Udaletxeko iragarki oholean argitaratuko da.

b) Diru-laguntzaren xedea dela eta, onuradunaren datuak argitaratzean kalte egiten bazaio ohorearekiko errespetu eta babesari, pertsona fisikoen intimitateari edo familiakoei edo norberaren irudiari, hala xedatzen baita Ohorerako, norberaren nahiz familiaren intimitaterako eta norberaren irudirako eskubidearen babes zibilari buruzko maiatzaren 5eko 1/1982 Foru Legean.

10.–Aurrekontu babesgarria.

Aurrekontuan jasotako kontzeptuek izan dezakete diru-laguntza, Eraikinak Zaharberritzeko Laguntzen gaineko Ordenantzan modalitate bakoitzerako adierazten den moduan.

11.–Diruz lagundutako jardueraren bateragarritasuna eta bateraezintasuna.

Eraikinak Zaharberritzeko Laguntzen gaineko Ordenantzaren 7. artikuluan xedatutakoari jarraituko zaio.

12.–Ordainketa.

Bi hilabeteko epean ordainduko da, diru-laguntza ematen denetik aurrera.

Hipotekaren notario-eskritura sinatzen denean emanen zaie mailegua baliabide ekonomikorik gabeko jabe erabiltzaileei, Eraikinak Zaharberritzeko Laguntzen gaineko Ordenantzaren 27. eta 35. artikuluetako baldintzak betetzen direla.

Udalaren eskutik berrostatatzekoendako laguntzak konpentsazio bidez gauzatuko dira, hau da, onuradunak ordaindu beharreko errentatik kenduta.

Ez da ezer ordainduko onuradunak zergak zor baditu edo Gizarte Segurantzari zor badio; orobat, ebazpen bidez dirua itzultzera behartua bada.

13.–Errekurtsoen araubidea.

Deialdi honen aurka, baita oinarri hauek betearazteko hartzen diren administrazio ebazpenen aurka ere, errekurtso hauetako edozein aurkezten ahalko da, aukeran:

–Berraztertzeko errekurtsoa, administrazio egintzaren egile den organoari berari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritzen den egintza jakinarazi edo, bestela, argitara eman eta biharamunetik hasita.

–Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritzen den egintza jakinarazi edo argitaratzen denetik hasita.

–Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Iruñeko Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean. Errekurritzen den egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunean hasiko da epe hori.

Iruñean, 2014ko apirilaren 30ean.–Alkatea, Enrique Maya Miranda.

Iragarkiaren kodea: L1406317