99. ALDIZKARIA - 2012ko maiatzaren 25a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

85/2012 EBAZPENA, apirilaren 26koa, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, Ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena Faltzesko udal mugapean Vedadilloko Eremu Esperimentala, Acciona Windpower, S.A.k sustatua, aldatzeko 2012ko martxoan aurkeztutako dokumentazioari jarraituz.

Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariaren maiatzaren 26ko 380/2009 Ebazpenaren bidez, Ingurumen ukipenetarako baimena eman zen Faltzesko udal mugapean Vedadilloko Eremu Esperimentala, Acciona Windpower, S.A.k sustatua, ezartzeko.

2012ko martxoaren 20an, Acciona Windpower, S.A.k baimena aldatzeko eskaera aurkeztu zuen, zapaten eta muntaketa plataformaren diseinuan eta neurrietan egindako aldaketa batzuen ondorioz; orobat, aerosorgailuen errotorea 116 metrotik 100era laburtu delako, B2.1 aerosorgailua hasierako kokalekutik 15 metro hego-mendebalderantz aldatu delako, aerosorgailuen biraketa eremuak tokiz aldatu direlako eta parkean sartzeko garraio berezien biraketa eremua aldatu delako. Orobat, eskaeran adierazten du, azaroaren 19ko 1565/2010 Errege Dekretuan (energia elektrikoa araubide berezian ekoizteko jarduerari buruzko zenbait alderdi arautu eta aldatzen ditu) ezartzen diren legegintza eta aurresleipen arloko prozedura luzeak direla eta, eraikuntza hasiera atzeratu behar izan dela, eta bi urtetik gora iragan da Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariak, maiatzaren 26ko 380/2009 Ebazpenaren bidez, Ingurumen ukipenetarako baimena eman zuenetik; hortaz, hura luzatzeko eskatzen da. Ingurumenaren gaineko Eragina Aztertzeko Atalak jakinarazi duenez, aldaketa horiek ez dute ingurumen ukipen nabarmen berririk eraginen 2009ko baimenean baloratutakoen aldean.

Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 28ko 30/1992 Legearen 105. artikuluak (lege hori urtarrilaren 13ko 4/1999 Legearen bidez aldatu zen) ezartzen du Administrazioak noiznahi alda ditzakeela bere egintzak, aldaketa indarreko legediaren kontrakoa ez bada.

Espedientean dauden txostenak ikusirik eta Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren irailaren 13ko 1436/2011 Ebazpenaren bidez eskuordetutako eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea Vadedilloko Eremu Esperimentala aldatzeko eta baimenaren indarraldia bi urtez luzatzea hura eraikitzeko Faltzesko udal mugapean, 2012ko martxoan aurkeztutako dokumentazioari jarraituz. Acciona Windpower, S.A.k sustatzen du.

2. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, horren kontra gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Ebazpen hau Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari, Tafallako Basozaintzari, Faltzesko Udalari eta interesdunari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2012ko apirilaren 26an.-Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Iragarkiaren kodea: F1206606