48. ALDIZKARIA - 2012ko martxoaren 8a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ZUÑIGA

Ordenantza fiskal orokorra. Behin betiko onespena

Zuñigako Udalak, 2011ko abenduaren 14an egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Ordenantza fiskal orokorra. 2012ko 5. Nafarroako Aldizkari Ofizialean eman zen argitara, urtarrilaren 9an.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurrean egoteko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, ordenantza hori behin betikoz onetsi eta osorik argitaratzeko agindu da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Zuñigan, 2012ko otsailaren 22an.-Alkatea, Pedro María Oteiza Díaz.

I. eranskina

ZUÑIGAKO UDALAREN ORDENANTZA FISKAL OROKORRA

Oinarria

Ordenantza hau Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legeak xedatzen duenari jarraikiz ezarri da (1995eko 36. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, martxoaren 20koa).

I. KAPITULUA

Printzipio orokorrak

1. artikulua. Honako Ordenantza fiskal orokor honen xedea da udalerri honetako zerga araubidea osatzen duten ordainarazpen guztiendako arauak eta oinarri orokorrak finkatzea.

Ordenantza honen arauak ordenantza partikularren osagarritzat hartuko dira, azken horiek berariaz arautzen ez duten guztian.

2. artikulua. Tokian tokiko ordenantza fiskalek eta honako honek ere agintzen duten bezala, zergak ordaintzeko obligazioa guztiena da, eta zerga-eskubide eta betebeharrak izan ditzaketen pertsona fisiko eta juridiko guztiak edo nortasun juridikorik gabeko subjektuak hartzen ditu bere esparruan, betiere, berdintasun eta ahalmen ekonomikoaren oinarriak aintzat hartuz (2/1995 Foru Legearen 56.a. artikulua).

3. artikulua. Zuñigako Udalak onetsitako ordenantza fiskalek udal mugape osoan izanen dute indarra, eta ezin izanen da kargarik ezarri entitate zerga-ordainarazlearen lurraldetik kanpo egindako negozio, egintza edo gertaerengatik (2/1995 Foru Legearen 56.b artikulua).

4. artikulua. Udal honek ordainarazten dituen toki-tributuen subjektu pasiboek behar bezalako frogabidez hornituriko kontsultak egiten ahal dizkiote Udalari, kasu bakoitzean dagokien tributu arloko araubide, sailkapen edo kalifikazioari buruz.

Erantzunak informazio soilaren balioa izanen du eta ez egintza administratiboarena, eta ez dio loturarik ezarriko Administrazioari.

Hala ere, bere kontsulta egin ondoren, organo eskudunaren erantzunak dioenaren arabera bere tributu arloko eginbeharrak betetzen dituen subjektu pasiboak ez du erantzukizunik izanen, baldin eta 2/1995 Foru Legearen 63.3 artikuluan adierazten diren baldintzak betetzen badira.

Interesdunek ezin izanen dute inolako errekurtsorik aurkeztu kontsulta baten erantzunaren aurka, nahiz eta gero erantzun horretan oinarritutako egintza administratiboaren aurka egitea zilegi izanen duten (2/1995 Foru Legeko 63.4 artikulua).

5. artikulua. Udal honek indarrean diren ordenantza fiskalen kopiak emanen dizkie eskatzen dituztenei.

Ordenantzek beraietan ezarritako epean izanen dute indarra. Eperik ezartzen ez bada, mugarik gabeko iraupena dutela ulertuko da (2/1995 Foru Legearen 14. artikulua).

II. KAPITULUA

Zerga harremanaren elementuak

Zergapeko egintza

6. artikulua. Zergapeko egintza izaera juridikoa edo ekonomikoa duen betebeharra da, ordainarazpen bakoitza finkatzeko behar den ordenantzan zehaztutakoa, eta hura gauzatzeak zerga ordaintzeko betebeharra sorrarazten du.

Ordenantza fiskal partikular bakoitzean zehaztuko da zergapeko egintzaren izaera, zerga ordaindu beharra zein kasutan sortzen den adierazita.

7. artikulua. Ez da analogia onartuko zergapeko egintzaren edo salbuespen edo hobarien esparrua bere muga hertsietatik harata hedatzeko (2/1995 Foru Legearen 65. artikulua).

8. artikulua. Subjektu pasiboa.

a) Subjektu pasiboa pertsona fisiko edo juridikoa da, zeina, ordainarazpen bakoitzari buruzko ordenantza partikularraren arabera, zergak ordaintzera beharturik baitago, zergadun nahiz zergadunaren ordezkari gisa.

Zergaduna pertsona natural edo juridikoa da, zeinari ordainarazpen bakoitzaren ordenantzak (2/1995 Foru Legean xedatutakoa aplikatuz) zergapeko egintzari darion tributu-karga ezartzen baitio, bakarka edo bertze batzuekin batera.

Zergadunaren ordezkoa subjektu pasiboa da, zeina, ordenantzak edo legeak hala beharturik eta haren ordez, behartuta baitago zerga betebeharraren prestazio material eta formalak betetzera.

b) Subjektu pasibotzat hartuko dira, halaber, jaraunspen banatugabeak, ondasun komunitateak eta gainerako entitateak, nortasun juridikorik ez izanik ere, unitate ekonomiko bat edo ezarpena jar dakiokeen bereizitako ondare bat osatzen badute.

9. artikulua. Zerga harremanaren aldaezintasuna.

Subjektu pasiboaren eta zerga betebeharraren gainerako elementuak ezin dira partikularren egintza edo hitzarmenen eraginpean aldatu.

Egintza eta hitzarmen horiek ez dute eraginik izanen udal administrazioan, berekin dakartzaten ondorio juridiko-pribatuak ukatu gabe.

10. artikulua. Zerga oinarria.

Zerga-oinarritzat hartuko da:

a) Zergapeko egintza ezarpen modulutzat kalifikatzea, tributu-zorra kopuru finkotan mugatzen denean.

b) Zergapeko egintzaren kopuru, pisu edo neurri unitateen multzoa. Unitate horien gainean ezarriko da tarifa egokia, tributu-zorra zehaztera iristeko.

c) Zergapeko egintzaren balorazioa diru unitatetan, Udaleko administrazioak kontuan hartutakoa. Kopuru horri (indarra duen arautegiari jarraikiz behar diren murriztapenak egin ondoren, hala behar bada) tasa egokia aplikatuko zaio, tributu-zorra zehaztera iristeko.

Ordainarazpenak erroldatu, matrikulatu edo erregistratu egin beharko dira, baldin eta, beren ezaugarriak direla medio, zergapeko egintzak jarraitutasunez gertatzen badira.

11. artikulua. Likidazio oinarria.

Likidazio-oinarritzat hartuko da zerga-oinarrian eginiko murrizketen emaitza. Murrizketa horiek kasuan kasuko ordainarazpena arautzen duen legean edo ordenantzan ezarrita daude.

12. artikulua. Karga-tasa.

Karga-tasatzat hartuko dira likidazio-oinarriari kuota zehazteko aplikatzen zaizkionak, izaeraz proportzionalak edo progresiboak izan daitezkeenak.

13. artikulua. Kuotaren zehaztapena.

Kuota honela zehaztuko da:

a) Dagokion ordenantzan zerga-modulu gisa seinalatutako kopuru finkoaren arabera.

b) Zerga-oinarriaren gainean aplikaturiko tarifen, ordenantza partikularretan ezarrita dauden horien arabera.

c) Zerga-oinarriaren balioari dagokion karga-tasa proportzional edo progresiboa aplikatuz.

d) Oro har, kontribuzio berezietan, ordaintzera beharturik dauden guztientzat, interes partikularrari egozten zaizkion obra eta instalazioen kostuaren ehunekoaren arabera, kuota osoa subjektu pasiboen artean nork berea ordaintzeko banatuz, dagokion ordenantzan finkatutako moduluen arabera.

14. artikulua. Salbuespenak eta hobariak.

Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legean eta Nafarroako Foru Parlamentuak onetsiak dituen edo onesten dituen gainerako arau aplikagarrietan xedatzen denari lotuko zaio.

III. KAPITULUA

Tributu-zorra

15. artikulua. Tributu-zorra subjektu pasiboak udal administrazioari zor dion diru kopurua da. Kopuru horretan tributu-kuota sartzen da eta, hala behar denean, ondoko kontzeptuak gehitzen zaizkio:

a) Oinarrien edo kuoten gainean legez galdatzen ahal diren errekarguak.

b) Berandutzako korritua, legez ezarria.

c) Gerorapen edo luzapen errekarguak.

d) Premiamenduko errekargua.

e) Diru bidezko zerga-zehapenak.

Erantzukizuna tributu-zorra ordaintzean

16. artikulua. 1. Legeak tributu-zorraren erantzule deklaratzen ahal ditu, subjektu pasibo edo zordun nagusiekin batera, bertze pertsona batzuk solidario edo subsidiarioki.

2. Kontrakorik agintzen duen legezko arau espresik izan ezean, erantzukizuna beti subsidiarioa izanen da.

3. Erantzukizuna tributu-zor osoari dagokiona izanen da, zehapenak kenduta.

Premiamenduko errekargua bakarrik eskatzen ahal zaio erantzuleari, diru-sarrera egiteko borondatezko epea igarotzen bada ordainketa egin gabe.

17. artikulua. Betiere, tributu-zorra ordaintzera behartzeko administrazio-ekintza erantzuleei bideratu ahal izateko, beharrezkoa da administrazio-egintza bat, zeinean, interesdunari entzunaldia eman ondoren, erantzukizuna deklaratu eta haren zenbaterainokoa zehaztuko baita.

Egintza hori jakinaraziko zaie, likidazioaren funtsezko osagaiak adieraziz, eta une horrexetatik zordun nagusiaren eskubide guztien jabe eginen dira.

18. artikulua. Administrazio-ekintza erantzule subsidiarioei bideratu ahal izateko, nahitaezkoa da aldez aurretik zordun nagusiaren eta gainerako erantzule solidarioen ordainezintasuna deklaratzea, aitorpen horren aurretik bidezko diren zuhurtasunezko neurriak hartzea galarazi gabe.

19. artikulua. Zor baten erantzule solidario edo subsidiarioak bi edo gehiago badira, zorra oso-osorik galdatzen ahalko zaie horietako edonori.

Tributu-zorraren iraungipena

20. artikulua. Tributu-zorra honela iraungiko da:

a) Ordaindu edo bete delako.

b) Preskribatu delako.

c) Ordainezintasuna frogatuta dagoelako.

d) Konpentsatu delako.

21. artikulua. Tributu-zorren ordainketa ordenantza honen 54.etik 57.era bitarteko artikuluek (biak barne) arautzen dutenaren arabera eginen da.

22. artikulua. Lau urteren buruan ondoko eskubide eta ekintzak preskribituko dira:

a) Subjektu pasiboen alde:

-Tributu-zorra zehazteko udal administrazioak duen eskubidea, likidazio egokiaren bitartez, eta sorrarazpena egin zen egunetik hasita.

-Likidatutako tributu-zorrak ordain daitezen galdatzeko ekintza, borondatezko ordainketako epea akitzen den egunetik hasita.

-Zergei buruzko arau-hausteengatik zehapenak jartzeko ekintzak, kasuko arau-hauste horiek egin ziren egunetik kontatuta.

b) Administrazioaren alde, jaso behar ez ziren sarrerak itzultzeko eskubidea, sarrera egin zen egunetik hasita.

23. artikulua. Aurreko artikuluaren a) atalak aipatzen dituen preskripzio epeak eten egiten dira:

-Subjektu pasiboa formalki jakinaren gainean izanik, zergapeko egintza bakoitzagatik sortutako ordainarazpenaren aitorpena, arautzea, ikuskaritza, segurtasuna, egiaztapena, likidazioa eta diru-bilketa erdiesteko egindako edozein ekintza administratiboren eraginez.

-Edozein motatako erreklamazio edo errekurtsoen aurkezpenaren bidez, baldin eta, udal administrazioari berari egozten ahal zaion errua dela medio, administrazio horrek ebazpenik ematen ez badu hartarako ezarritako epearen barrenean, preskripzio epea berriz ere hasiko da kontatzen aipatu epe hori iragandakotzat jotzen den unetik aurrera.

-Subjektu pasiboak tributu zorra ordaindu edo likidatzeko egiten duen edozein ekintzagatik.

Aurreko artikuluaren b) atalaren kasuan, preskripzio epearen etendura etorriko da diru-sarrera bidegabea atzera jasotzeko xedez subjektu pasiboak egiten duen edozein egintza fedemailerekin, edo hori hala izan dela aitortzeko udal administrazioak egiten duen edozein egintzaren bidez.

24. artikulua. Preskripzioa ofizioz aplikatuko da, subjektu pasiboak eskatu edo salbuespen gisa alegatu behar izan gabe.

25. artikulua. Subjektu pasiboaren eta gainerako erantzuleen ordainezintasun egiaztatua dela bide ordaindu ezin izan diren tributu-zorrak behin-behinekoz iraungitzat deklaratuko dira, preskripzio epearen barrenean birgaitzen ez diren bitartean. Epe horretan zorra birgaitzen ez bada, behin betiko iraungita geldituko da.

IV. KAPITULUA

Tributu arloko arau-hausteak eta zehapenak

Tributuen arloko arau-hausteak

26. artikulua. Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/95 Foru Legearen 93. artikuluari jarraikiz, tributuen arloko arau-hausteak dira lege horretan berean eta gainerako arau aplikagarrietan sailkatzen eta zehatzen diren ekintzak.

27. artikulua. Subjektu arau-hausletzat joko dira legez arau-haustetzat hartutako ekintzak edo omisioak egiten dituzten pertsona fisiko edo juridikoak, eta, bereziki, ondoko hauek:

a) Tributuen subjektu pasiboak, zergadunak nahiz ordezkoak izan.

b) Jarduteko gaitasunik ez duten subjektu pasiboen legezko ordezkaria.

c) Nafarroako Toki Ogasunei buruzko 2/95 Foru Legearen 62. artikuluan ezarritakoaren arabera, Administrazioari argibideak edo laguntza emateko obligazioa duten pertsona fisiko edo juridikoak.

28. artikulua. Legeetan arau-hauste gisa sailkaturik dauden ekintza edo omisioetatik erantzukizunik ekarriko ez dutenak 2/1995 Foru Legearen 93. artikuluan aipatutakoak dira.

29. artikulua. Arau-hausteak soilak edo larriak izan daitezke, kontuan harturik ekintza edo omisioak Nafarroako Toki Ogasunei buruzko 2/1995 Foru Legearen 94. artikuluak batzuez eta bertzeez ezartzen duen kontzeptuan sartzen diren.

Zehapenak

30. artikulua. Arau-hausteak zigortzeko, diru bidezko isunak jarriko dira, finkoak edo proportzionalak, 2/1995 Foru Legearen 95. artikuluan xedatutakoaren arabera.

31. artikulua. 1. Arau-hauste arin bakoitzak 6tik 900 eurora bitarteko zehapena izanen du.

2. Beren eskumenak erabiltzen ari direlarik, ikuskatzaileen jardunari kontra, uko edo traba egiten bazaio, 300dik 6.000 eurora bitarteko isuna ezarriko da.

3. Tributu arloko arau-hauste larriak kuotaren zenbatekoaren %50etik %150era bitarteko isun proportzionalaren bidez zehatuko dira dirutan, 2/1995 Foru Legearen 97.3 artikuluan aipatzen den murrizketa deusetan galarazi gabe.

4. Orobat, zilegi izanen da berandutzaren korrituak eskatzea borondatezko epea bukatzetik zerga-egoera bere onera ekartzen duen likidazioa egin arte iragandako denboraren arabera.

32. artikulua. Zehapen prozedura.

Administrazio egintzak luzatu behar dituzten organoek zehapenak erabaki eta ezarriko dituzte, interesdunari entzutea eman ondoren; administrazio egintza horietan tributuen behin-behineko edo behin betiko likidazioak eginen dira eta, betiere, behar den espedientea ireki aurretik.

33. artikulua. Tributu arloko arau-hausteen ondoriozko erantzukizunak.

1. Arau-hausteek ekarritako erantzukizuna ordainketa egin edo zehapena bete delako galtzen da, edo preskripzio bidez.

2. Subjektu arau-hausleak hiltzean, gauzatu gabeko tributu eginbeharrak oinordeko edo legaziodunei transmitituko zaizkie, legeria zibilean herentzia eskuratzeari buruz finkatzen dena ukatu gabe. Inoiz ez zaio zehapenik bertze bati transmitituko.

3. Sozietateak edo entitateak deuseztatu eta likidatzen direlarik, haien tributu eginbehar burutu gabeak bazkide edo kapital-partaideei pasatuko zaizkie, eta haiek solidarioki hartuko dute erantzukizun hori, esleitu zaien likidazio kuotaren balioa muga dutela.

V. KAPITULUA

Kudeaketa arauak

34. artikulua. Tributuen kudeaketa honela hasiko da:

a) Subjektu pasiboaren aitorpen edo ekimenaren bidez.

b) Ofizioz.

c) Toki entitateen organo administratiboen ikerketaren bidez.

Tributu-aitorpena.

35. artikulua. a) Tributu-aitorpentzat hartuko da zergapeko egintza baten inguruabarrak edo elementuak gertatu edo sortu direla adierazi edo aitortzen duen dokumentu oro. Halaber, aitorpen balioa emanen zaio zergapeko egintza biltzen edo eratzen duen dokumentua aurkezte hutsari.

b) Inondik inora ere ez da eskatuko zerga aitorpenak zinpean egin daitezen.

c) Aurkezteko garaian, aitorpenaren hartu-agiria emanen zaie interesdunei; aitorpenaren kopiak ere horretarako balioko du.

d) Froga agiria aurkeztean, interesdunek eransten ahal diote kopia soil bat edo fotokopia bat, hain zuzen ere, udal administrazioak erkatu ondoren, jatorrizkoa itzul diezaien, non ez den erabakitzen ez dela itzuli behar prozedurari buruzko behin betiko ebazpena eman baino lehen, agiria pribatua izateagatik edo bidezkotzat jotzen den bertze arrazoiren batengatik.

36. artikulua. Aitorpena nahitaez aurkeztu beharko da ordenantza partikular bakoitzean zehaztutako epeetan, eta, oro har, zergapeko egintza gertatzen den egunaren ondoko hogeita hamar egun balioduneko epearen barrenean. Epe horietan aurkezten ez bada, arau-hauste soiltzat hartuko da eta dagokion zehapena ezarriko zaio.

37. artikulua. Aitorpena toki entitate honetan aurkezteak ez du erran nahi zerga bidezkoa dela ontzat eman edo aitortzen dela.

Udal honek aitorpenak eska ditzake eta hauek gehitzeko ere bai, eta orobat ohartu diren okerrak zuzentzeko, tributuen likidaziorako eta egiaztapenerako beharrezko den neurrian.

Aurreko paragrafoak aipatzen dituen betebeharrak ez egitea arau-hauste soiltzat hartuko da eta horren arabera zehatuko.

38. artikulua. Epeak.

1. Ordenantza partikularretan adieraziko dira tributu kudeaketako izapideak egiteko bete beharreko epeak. Ordenantza horiek ez badituzte epeak finkatzen, oro har ulertuko da ez dela sei hilabete baino gehiago igaroko administrazio prozedura hasi eta hura bukatzen duen ebazpena eman arte; betiere, galarazten duten aparteko arrazoiak, behar bezala justifikatuak, ez badaude. Ikuskatze kasuan, epe hori bi urtekoa izanen da.

2. Toki entitate honek epeak betetzen ez baditu, ez da ondorioz administrazio ekintzaren iraungipena etorriko, baina interesdunek erreklamazioa aurkezteko baimena izanen dute.

3. Uneoro egiten ahal dira tramitazio akatsen kontrako erreklamazioak; bereziki, haien ondorioz prozedura gerarazi, jarritako epeak hautsi edo arazoa behin betikoz ebatzi aitzin konpon daitezkeen tramiteak egin ez direnean. Erreklamazioa baiesten bada, horretarako arrazoirik izanez gero, erantzukizuna duen funtzionarioaren kontrako diziplina espedientea irekitzea ekarriko du.

Egiaztapena eta ikerketa

39. artikulua. Toki entitate honek ikertuko ditu zergapeko egintza osatzen edo baldintzatzen duten gertaera, egintza, egoera, jarduera, ustiapen eta gainerako inguruabarrak oro, eta egiaztatuko du karga-oinarriaren balorazioa.

40. artikulua. Ikerketa egiteko, subjektu pasiboaren kontabilitate nagusiko edo osagarriko dokumentuak, liburuak, fitxategiak, fakturak, frogagiriak eta idazpenak aztertuko dira; era berean, ondasunen, elementuen, ustiapenen eta tributua zehazteko beharrezko den edozein argibide-aurrekari ikuskatuko dira.

41. artikulua. Subjektu pasiboak beharturik daude kontabilitate liburuak, erregistroak eta kasu bakoitzean eskatzen diren gainerako dokumentuak eraman eta kontserbatzera, bai eta ikuskatze lanetarako laguntza ematera ere, administrazioaren esku jarriz zergapeko egintzarekin zerikusia duten datu, txosten eta aurrekariak edo frogagiriak.

42. artikulua. Ikuskatze lanak subjektu pasiboentzat eragin ekonomikorik baldin badakar, eginbide, jakinarazpen eta aurretiko edo behin betiko akten bidez dokumentatuko dira.

43. artikulua. Salaketa.

1. Toki entitateen ikerketa salaketa bidez hasten ahal da. Salaketa erabiltzea Administrazioari laguntza emateko betebeharretik aparte dago, 2/1995 Foru Legearen 62. artikuluan xedatutakoaren arabera.

2. Salatzailea ez da interesduntzat hartuko salaketaren ondorioz hasten den ikerketan, eta salatzailea den aldetik ez du eskubiderik izanen errekurtso edo erreklamaziorik aurkezteko.

3. Nabarmenki funtsik gabeak diren salaketak bertzelako tramiterik gabe artxibatzen ahal dira.

Tributuen likidazioak

44. artikulua. 1. Zerga-oinarriak zehaztu ondoan, kudeaketak jarraituko du: likidazioa eginen da, tributu-zorra finkatzeko. Likidazioak behin-behinekoak edo behin betikoak izanen dira.

2. Behin betikotzat hartuko dira:

-Zergapeko egintzaren ikerketa administratiboa egin ondoan eta karga-oinarria egiaztatutakoan egindakoak, tartean behin-behineko likidaziorik izan edo ez.

-Preskripzio epearen barrenean egiaztatu ez direnak.

3. Aurreko atalean adierazitako kasuetatik at, likidazioak behin-behinekoak izanen dira, kontuaren gainekoak, osagarriak, kauziokoak, partzialak edo osokoak izan.

a) Likidazioak egiterakoan, toki entitate honek egiaztatuko ditu tributu aitorpenetan adierazitako egintza eta balorazio guztiak.

b) Aitorpenen emaitzaren gaineko tributu-oinarria handitzen bada subjektu pasiboari jakinarazi behar zaio.

46. artikulua. 1. Likidazioak subjektu pasiboei jakinaraziko zaizkie, honako hauek adierazita:

a) Haien funtsezko elementuak.

b) Erabil daitezkeen inpugnazio bideak, bai eta zer epetan eta zein erakundetan paratu behar diren ere.

c) Tributu zorra ordaindu behar den tokia, epea eta modua.

2. Jakinarazpen akastunak eragina izaten hasiko dira subjektu pasiboak jakinarazi zaiola espresuki onartzen duenean, dagokion errekurtsoa aurkezten duenean edo tributu-zorraren ordainketa egiten duenean.

3. Subjektu pasiboei zuzenean egindako jakinarazpenek sei hilabeteren buruan izanen dute eragina, baldin eta egintzaren testu osoa izanik, bertze edozein baldintza aipatu ez badute, salbu eta epe horretan behar bezalako protesta egin bada, Administrazioak akatsa zuzen dezan eskatzeko.

Zergadunen zentsuak

47. artikulua. Ordenantza partikularrean berean hala zehazten den kasuetan, udal administrazioak zergadunen erroldak prestatuko ditu, interesdunen aitorpenak ikusirik, ezagutzen dituen datuen arabera eta, orobat, administrazio ikuskapenak emandakoak gehituz. Zergadunen errolda, horrela prestatu eta gero, erregistro iraunkor eta publikotzat hartuko da, eta erabiliko da Udalak paratzen duen edonolako prozedura bidez, mekanikoa ere barne dela.

48. artikulua. 1. Zergadunen zentsua eratu ondoan, bertan gertatzen diren alta, baja eta aldaketa guztiak onesteko, egin beharko da erreklama daitekeen administrazio egintza bat, eta aldaketak subjektu pasiboei jakinarazi beharko zaizkie legeak agindu bezala.

2. Erroldan gerora zernahi alta, baja edo aldaketarik sor dezakeen mudantzaren berri eman beharko dio zergadunak udal administrazioari, hura gertatu eta hogeita hamar egun balioduneko epean.

49. artikulua. Zergadunen zentsuek zerga gaietarako agiri balioa izanen dute, haiek erabiliko baitira zerrenda, ordainagiri eta kobrantzako bertzelako agirietan, kasuan kasuko ordainarazpena gauzatzeko.

VI. KAPITULUA

Diru-bilketa

Printzipio orokorrak

50. artikulua. Diru-bilketaren kudeaketa da toki entitatearen ogasunaren ondasunak osatzen dituzten kreditu eta eskubideak gauzatzera bideratutako eginkizun administratiboa betetzea.

51. artikulua. 1. Diru-bilketa egin daiteke:

-Borondatezko aldian.

-Derrigorrezko aldian.

2. Borondatezko aldian ordaintzera behartuta daudenek horretarako adierazitako epeen barrenean kitatuko dituzte beren zorrak. Derrigorrezko ordainketaren aldian, indarra duen legeriari atxikiz, zerga ordaindu behar duenak borondatezko aldian bere eginbeharra betetzen ez badu, diru-bilketa nahitaez eginen da ondarearen gaineko premiamendu bidez.

52. artikulua. Udalaren baliabideen bilketa zuzenean eginen da, diruzaintzaren bidez, halako moduan non kontu-hartzaileak zerbitzuen fiskalizazioa betetzen ahalko baitu.

53. artikulua. Tributu-zorren sailkapena, diru-bilketari begira.

1. Udal agintariek eginiko likidazioen ondorioz sortutako tributu-zorrak, diru-bilketari dagokionez, honela sailkatuko dira: jakinarazi beharrekoak, jakinarazpenik gabekoak eta norberak likidatutakoak.

2. Jakinarazi beharrekoetan ezinbertzekoa da jakinarazpena igortzea, subjektu pasiboak tributu-zorraren berri izan dezan. Hortaz, legearen araberako jakinarazpenik gabe, zorra ezin izanen da eskatu.

3. Jakinarazpenik gabeko zorrak dira banakako jakinarazpenik behar ez dutenak, zuzenean subjektu pasiboek ezagututako zergadun zentsuetatik etortzeagatik, tributu-zorra aldiro aldatzen bada ere, dagokion ordenantzan aurretiaz zehaztutako errekargu edo tasa igoeren aplikazioagatik.

4. Norberak likidatutakoetan subjektu pasiboak, efektu tinbratuen bidez edo aitorpen-likidazioa egitean, aldi berean tributu zorraren ordainketa egiten du.

54. artikulua. Ordaintzeko tokia.

Toki entitate honen aldeko zorrak Udalbatzaren kutxan ordainduko dira edo, bera titular dela, banku nahiz aurrezki kutxetan horretarako irekitako kontuetan.

55. artikulua. Ordaintzeko epeak.

Tributu-zorrak honela ordainduko dira:

a) Jakinarazi beharrekoak, hogeita hamar egun balioduneko epearen barrenean, jakinarazpenetik hasita.

b) Ordainagiri bitartez aldian-aldian ordaintzen direla-eta banakako jakinarazpenik behar ez duten tributu-zorrak, aurreko letran ezarritako epean, zein hilabete naturalean ordaindu behar diren, haren lehen egunetik hasita.

c) Subjektu pasiboak berak zuzenean likidatzen dituen zorrak aitorpena aurkeztean ordainduko dira. Aitorpenak aurkezteko egunak edo epeak tributu bakoitza arautzen duen ordenantzan zehaztuko dira eta, halakorik ezean, zergapeko egintza gauzatzen den egunetik kontatzen hasi eta hurrengo hogeita hamar egun baliodunen barrenean.

56. artikulua. Pagatzeko modua.

1. Tributu-zorrak eskudirutan ordaindu behar dira honako bitarteko hauetako bat erabiliz:

a) Indarra duen dirua.

b) Posta edo telegrafia bidezko igorpena.

c) Banku txekea.

d) Kreditu eta aurrezki entitateetan toki entitateak horretarako irekitako kontuetan, transferentzia edo ordainketa gutunaren bidez.

2. Aitzineko atalean erranagatik ere, zilegi da tributu-zorrak kreditu eta aurrezki entitateetan helbideratzea; horrela, azken hauek subjektu pasiboaren administratzaile lana eginen dute, hark baimendutako zorrak ordainduz. Helbideratze horretarako betebehar bakarra da toki entitateko diruzaintzari eta aurrekontu eta kreditu entitateari aldez aurretik idatziz jakinaraztea helbideratze hori zein zerga kontzeptutarako den.

57. artikulua. Gerorapenak eta zatikako ordainketak.

1. Tributu-zorra likidatzean, toki entitateak ordainketa geroratu edo zatika ordaintzeko aukera eman dezake, zergadunek hala eskatzen badute.

2. Tributu-zorraren gerorapen edo zatikako ordainketari buruzko gorabehera guztiak martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 90etik 92ra bitarteko artikuluek, biak barne, xedatzen dutenari lotuko zaizkio.

VII. KAPITULUA

Errekurtsoak

58. artikulua. Ordenantzen behin betiko onespenaren kontra, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen direnetik hasita, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean, udal ebazpenen aurka egiteko, oro har, aipatzen diren errekurtsoak aurkezten ahal dira.

59. artikulua. Aurreko artikuluan ezarritakoagatik ere, indarrean egonen da beti interesdunen eskubidea errekurtsoa aurkezteko Nafarroako Toki Ogasunei buruzko 2/95 Foru Legean edo ordenantzetan ezarritakoa hausten duten ordainarazpenen gaineko xedapenak aplikatzen dituzten udal erabakien kontra, Udalaren ebazpenen kontrako errekurtsoak aurkezteko ezarrita dagoen prozedura orokorrari jarraikiz.

60. artikulua. Zergak ordaintzeko obligazioaren edo ordainarazpen bat dela-eta likidatutako kuota baten zenbatekoaren aurka errekurtsoren bat aurkezteko, galdatutako kopurua aitzinetik ordaintzerik ez da eskatuko, baina erreklamazioak ez du inolaz ere zor hori kobratzeko administrazioak egiten duena oztopatuko, interesdunak ez badu udal diruzaintzan uzten likidazioaren zenbatekoa, gehi %25, sor daitezkeen errekargu, kostu edo gastuak bermatu ahal izateko.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa.-Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan ezarritako prozeduraren arabera behin betikoz onetsitakoan, ordenantza fiskal honek indarra hartuko du eta ondorio juridiko guztiak izanen ditu, Nafarroako Aldizkari Ofizialean testua oso-osorik argitara emandakoan.

Bigarrena.-Ordenantza fiskal orokor hau edo toki entitate honek onesten dituen ordenantza partikularrak aldatzeko, onespenerako egin diren izapide berberak eginen dira, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen IX. tituluko hirugarren ataleko lehen kapituluan xedatutakoaren arabera.

Hirugarrena.-Ordenantza honetan aurreikusten ez den orotan aplikagarri izanen dira Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea eta udal erabakiak baino goragoko xedapen guztiak, araututako arloei aplikatzeko modukoak diren heinean.

Iragarkiaren kodea: L1202996