26. ALDIZKARIA - 2011ko otsailaren 8a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ATARRABIA

Hilarión Eslava Musika Eskolako estatutuak.
Behin betiko onespena

Burlatako Udalak, 2010eko irailaren 30ean egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zituen Hilarión Eslava Musikako Eskolako estatutuak. Erabakia 2010eko 140. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, azaroaren 17an.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurrean egoteko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, Atarrabiako Udalak, 2010eko abenduaren 29an egin osoko bilkuran, erabaki du estatutu horiek behin betikoz onestea eta haien testu osoa argitara ematea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Atarrabian, 2010eko abenduaren 29an.-Alkatea, Pello Mirena Gurbindo Jiménez.

ESTATUTUAK

Zioen azalpena

1981ean, Burlatako eta Atarrabiako Udalek erabaki zuten Patronatua sortzea orduan Hilarión Eslava Musika Kontserbatorioa zena kudeatzeko; hura, hezkuntza sistemaren erreformarekin (Hezkuntza Sistemari buruzko Lege Organiko Orokorra, LOGSE, 1990), Musika Eskola bilakatu zen.

Hasieratik, bere jarduera bideratu du musikaren irakaskuntzara legeak aitortzen duen mailetan, baita bertzelako musika jarduera osagarrietara, ikasleen prestakuntza handiagoa helburu. Horretarako, legeriak eskatzen dituen tresnez hornitu da, hala nola barne araubidea, plan pedagogikoa etab.

Azken urteetan, hainbat auzi gertatu dira, eta horien gainean erabakiak hartu dituzte Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak nahiz Nafarroako Gobernuko Toki Administrazioko Departamentuak; horien ondorioz, beharrezkoa da egungo Patronatuaren izaera juridikoa aldatzea. Burlatako eta Atarrabiako Udalek partzuergoaren formula adostu dute, Musika Eskolaren xedeak garatzen segitzeko kudeaketa modu egokiena delakoan.

Hilarión Eslava Partzuergoa sorturik, nahi dira, batetik, printzipio batzuk atxiki, hala nola Eskolaren kudeaketa publikoarena, eta hiru alderdiren finantzaketari dagokiona: matrikulak, Nafarroako Gobernua eta Udalak. Orobat, eta udal titularrak egiten ari zirenaren ildotik, egokitzat jo da Eskolaren kudeaketa modernizatzea, haren iraunkortasuna bermatzeko tresnak sartuz.

I. TITULUA

Izena eta lege araudia

1. artikulua.

"Hilarión Eslava Partzuergoa" izenarekin, borondatezko partzuergoa eratu da, Burlatako eta Atarrabiako Udalek osatua, Hilarión Eslava Musika Eskola kudeatzeko.

2. artikulua.

"Hilarión Eslava Partzuergoak" nortasun eta gaitasun juridiko osoa du bere xedeak betetzeko.

Partzuergoa borondatezko elkartea da, berezko nortasun juridikoa eta bere xedeak betetzeko gaitasun osoa dituen entitate publikotzat hartzen dena eta gobernatuko dena honako hauetan xedatzen denaren bidez: Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 212 eta 213. artikuluak; Toki Araubidearen Oinarriei buruzko 7/85 Legearen 87. artikulua eta Toki Araubidearen Testu Bateginaren 110. artikulua (781/1986 L.E.D., apirilaren 18koa).

II. TITULUA

Helbidea, osaera eta lurralde esparrua

3. artikulua.

Partzuergoa denbora mugagaberako ezarri da; haren helbidea da Burlatako Udalak helbide honetan duen eraikina: San Joan Bataiatzailea karrika, 18, 31600 Burlata. Batzorde Betearazleak erabakiz gero, jardueran aritzeko lokalak ezartzen ahalko dira, herri berean nahiz bertze batzuetan; orobat, delako batzordeak ahalmena izanen du egoitza nagusia nahiz gainerakoak aldatzeko.

III. TITULUA

Helburuak

4. artikulua.

Partzuergoaren xede berariazkoak dira:

a) Musikaren ezagutza eta zaletasuna sustatzea.

b) Musika hezkuntzaren eskaintza zabal eta askotarikoa garatzea.

c) Musika mota guztiak entzuteko interesa sustatu eta ikasleen zentzu kritikoa lantzea.

d) Musika-tresnen irakaskuntza eskaintzea, ikasleek bakarka nahiz taldean jo dezaten.

e) Musika irakaskuntza osagarria eskaintzea musika tresnak jotzen ikastearekin batera.

f) Ahots taldeetan nahiz musika-tresnakoetan parte hartzeko interesa sustatzea ikasleengan.

g) Gaitasun berezia eta bokazioa duten ikasleak ikasketa profesionalera bideratzea eta irakaskuntza horretan hasteko bultzada eta prestakuntza egokia ematea hainbat mailatan.

5. artikulua.

Partzuergoak ahalmena du xedeak betetzeko behar diren egintzak egiteko, bertzeak bertze, honako hauek:

a) Toki, herrialde eta nazio mailako entitate publikoei nahiz Europar Batasunekoei diru-laguntzak eta bertzelako laguntzak eskatzea eta kudeatzea.

b) Ikasleei ezartzen diren kuotak eta Partzuergoko udalei eta Nafarroako Gobernuari haien ekarpenak eskatzea, eta orobat jarduera finantatzen parte hartzen duten bertze entitateei, halakorik bada.

c) Bere eskumenen esparruan, entitate pribatuen laguntzak edo diru-laguntzak kudeatzea.

d) Banketxeei eta aurrezki kutxei kredituak eta maileguak eskatzea.

e) Hitzarmenak eta obra edo zerbitzu kontratuak sinatzea, baita bere funtzionamendurako behar diren gainerako egintza guztiak ere.

f) Partzuergoaren xedeak garatzeko behar diren zerbitzuak antolatzea.

g) Langileak kontratatzea.

h) Entitatearen funtzionamendua garatzeko behar diren inbertsioak egitea.

i) Indarra duen legedian ezarritakoaren arabera, xedeak edo helburuak betetzeko behar diren zerbitzuak eta jarduerak egitea, merkataritza sozietate bat edo batzuk sortzea edo horietan parte hartzea barne, hala behar badu.

Egintza hauek guztiak egin ahal izateko, Partzuergoaren barnean kasu bakoitzean eskumena duen organoak onetsi beharko ditu.

III. TITULUA

Partzuergoko kideak

6. artikulua.

Foru Komunitateko Administrazioa eta bertze toki administrazio batzuk Partzuergoko kide izaten ahalko dira, Partzuergoko entitateek proposaturik, estatutuak onetsi eta Partzuergoa eratzeko eskritura sinatzen badute.

-Sartzeko eskaera entitate eskatzailearen legezko ordezkariak sinatu behar du, sartzeko erabakiaren ziurtagiria aurkeztuta.

-Partzuergoko buruak Batzorde Betearazlera eramanen du eskaera, eta hark hurrengo lehen bilkuran hartu beharko du erabakia.

-Sartzeari ezezkoa ematen bazaio, ezin izanen da inolako errekurtsorik aurkeztu.

7. artikulua.

Arrazoi hauek direla medio utziko zaio partzuer izateari:

a) Partzuerrak bere borondatez uko egiteagatik. Partzuerrek noiznahi eskatzen ahalko dute baja.

b) Partzuergoari eusteko Batzar nagusiak ezartzen dituen ekarpen aldian behingo eta/edo bereziak ez ordaintzeagatik.

c) Partzuer izatetik gelditzeak ez du salbuetsiko bete gabe dituen betebehar eta konpromisoak betetzetik.

8. artikulua.

Partzuerrek eskubide hauek dituzte:

a) Partzuergoaren helburuak lortzen esku hartzea.

b) Batzorde Betearazlean edo Partzuergoan dagoen edozein organo kolegiatutan edo pertsona bakarreko organotan esku hartzeko hautatuak izatea edo hautatzaileak izatea.

c) Argibideak eskatzea Partzuergoaren edozein alderdiri eta tramitatzen diren gaiei buruz, hartan interesa izanez gero.

d) Askatasun osoz Partzuergoa uztea.

e) Hartutako erabakiei kontra egitea, horretarako eskatzen diren baldintzak eta beharkizunak beteta.

9. artikulua.

Partzuerrek betebehar hauek dituzte:

a) Estatutuak eta Partzuergoaren gainerako agiriak eta legez onetsitako eta hartutako erabakiak bete eta betearaztea.

b) Gobernu organoen bileretara joatea, haietan dagokien partaidetzaren arabera.

c) Hautatuak edo izendatuak badira, kargu eta izendapen horiek onartzea eta behar bezalako prestutasunez betetzea.

d) Onetsitako ekarpen aldin behingo nahiz bereziak ordaintzea.

10. artikulua.

Partzuergoko entitateek bi ekarpen mota eginen dute:

a) Urteko ekarpen arruntak: herri bakoitzeko ikasleen arabera ezarriko dira.

b) Partzuergoko entitate bakoitzak egin behar dituen urteko ekarpen arruntak ikasturte bakoitzean ezarriko dira, honako hauen arabera: Batzorde Betearazleak onesten dituen tarifak, ikasle kopurua eta Nafarroako Gobernuak eta bertzelako entitateek egiten dituzten ekarpenak.

c) Partzuergoaren jardueren kudeaketan aurrekontuetan gertatzen ahal diren defizitak beren gain hartuko dituzte Partzuergoko entitateek, urte bakoitzeko ohiko eta ohiz kanpoko aurrekontuak ordaintzeko beren gain hartzen duten proportzioan.

IV. TITULUA

Partzuergoko zuzendaritza organoak

11. artikulua.

Hona hemen Partzuergoko zuzendaritza organoak:

-Burutza

-Buruordetza

-Batzorde Betearazlea

12. artikulua.

Idazkariak akta eginen du Partzuergoko organo kolegiatuen bilera guztietan. Partzuergoko idazkaria Batzorde Betearazleak hautatu da, eta horren bileretara joanen da hizpiderik eta botorik gabe.

I. KAPITULUA

Batzorde Betearazlea

13. artikulua.

a) Batzorde Betearazlea organo kolegiatu betearazlea eta kudeatzailea da; haren gain dago Musika Eskolaren estrategia prestatzeko ardura, urteko kudeaketa planaren onespen eta segimendua eta Partzuergoaren gainerako xedeak betetzea.

b) Batzorde Betearazlea osatzen dute Partzuergoko buruak, buruordeak eta sei batzordekidek, Partzuergoko entitateen eta Musika Eskolaren ordezkari.

c) Partzuergoko burua izanen da Batzorde Betearazleko buru.

d) Partzuergoko buruordea izanen da Batzorde Betearazleko buruorde.

e) Agintaldia ez da inoiz izanen Udalaren legegintzaldi bakoitza baino luzeagoa.

f) Koordinatzaileak, bere eginkizunetan aritzean, Partzuergoko Batzorde Betearazlera joaten ahalko da eta bileretan parte hartu, hizpidea duela baina botorik gabe.

g) Batzorde Betearazlearen bilkuretara joateko eskubidea dute Partzuergoko buruak eta buruordeak eta izendaturiko batzordekideek. Hizpidea eta botoa izanen dute parte hartzean. 12. artikuluaren arabera horretarako izendatzen den idazkariak ere parte hartuko du bilkura horietan, hizpiderik ez botorik gabe.

h) Batzorde Betearazleko buruak bertze batzuk gonbidatzen ahalko ditu Batzorde Betearazlearen bilkuretara joateko, haien goiti-beheitiak direla-eta horretarako errekerimendua egiten bazaie. Hizpidea izanen dute parte hartzean, baina botorik ez.

i) Batzorde Betearazleko kideak izanen dira:

a. Burlatako Udaleko bi zinegotzi (hizpidea eta botoa dutela).

b. Atarrabiako Udaleko zinegotzi bat (hizpidea eta botoa duela).

c. Musika Eskolako Guraso Elkarteko bi ordezkari (hizpidea eta botoa dutela).

d. Musika Eskolako zuzendaria (hizpidea eta botoa duela).

j) Batzorde Betearazleko kideek beren kargua utziko dute: dimisioa aurkeztuta, hiltzean edo kargua edo duten ordezkaritza (zinegotzigoa, ordezkaritza, zuzendaritza...) utzita.

14. artikulua.

Batzorde Betearazlearen eskumenak:

a) Estatutuak, Barne Araubiderako Erregelamendua eta munta duten bertzelako dokumentu organikoak onestea eta aldatzea, osoko bilkurek berretsi beharko badute ere.

b) Musika Eskolako ildo estrategikoak gainbegiratzea eta onestea.

c) Eskolaren ondasunak kudeatzea.

d) Langileen deialdia eta kontratazioa.

e) Partzuergoaren aurrekontuak eta kontu orokorrak onestea, baita Musika Eskolaren kudeaketaren gaineko urteko txostena.

f) Proiektuak onestea honako hauei dagokienez: obrak, zerbitzuen kudeaketa eta, orokorrean, batzorde Betearazleari aurkezten zaizkion jarduera guztiak, Partzuergoaren xedeak betetzearekin ikusteko izanik, urte bateko edo gehiagoko zorpetzea behar badute.

g) Behar den hitzarmen kolektiboa hitzartzea.

h) Ahalak ematea eta eginkizunak bertze baten esku uztea.

i) Behar diren neurriak hartzea Musika Eskolaren instalazioen funtzionamendu eta egoera egokirako.

j) Eskolako zuzendaritza taldea hautatzea, bertako langileek proposaturik.

k) Partzuer berrien onarpena onestea.

15. artikulua.

Batzorde Betearazlearen bilkurak:

Batzorde Betearazlearen bilkurak arruntak eta bereziak izanen dira. Bilkura arruntak hiruhilekoan behin eginen dira.

Lehen deialdian, Batzorde Betearazlearen bilkura modu baliozkoan eratutzat joko da kideen gehiengoa bertan baldin bada, eta bigarrenean, berriz, bertan badaude Partzuergoko burua edo buruordea, idazkaria eta parte hartzen duten batzordekideak.

16. artikulua.

Batzorde Betearazlearen erabakiak.

Batzorde Betearazlearen erabakiak erabateko gehiengoaz hartuko dira modu baliozkoan eraturiko bilkuran.

Partzuergoan eragin handia duten erabakietarako, hala nola partzuer berriak onartzeko, estatutuak aldatzeko edo Partzuergoa desegiteko, erabakia Partzuergoko udalen osoko bilkuretan berretsi beharko da.

II. KAPITULUA

Lehendakaritza

17. artikulua.

Burutza Partzuergoaren organo betearazlea da, haren legezko ordezkaritza du, Batzorde Betearazlearen deialdia egiten du eta hartan buru izaten, eta haren erabakiak betearazten ditu.

18. artikulua.

Partzuergoko Burutza Burlatako eta Atarrabiako udalerrietako Alkatetza dutenek izanen dute txandaka. Karguaren iraupena bi urte da, luzapenerako aukerarik gabe.

Alkatetza bakoitzak, bere agintaldian, bertze inoren esku uzten ahalko du Burutza, edo bertzenaz ordezkatua izan, indarra duten legeei jarraikiz.

19. artikulua.

Burutzaren eskumenak:

a) Batzorde Betearazlearen deialdia egitea eta hartan buru egitea, eztabaidak zuzenduz eta bilkurak amaitutzat joz.

b) Modu baliozkoan erabakitako ordainketak agintzea.

c) Partzuergoaren ordezkaritza eginkizunak izatea.

d) Legeek, elkarteko organoek eta estatutuek ematen dizkioten gainerako eginkizunak.

20. artikulua.

Partzuergoko burua kanpoan edo eri bada, edo postua hutsik badago, buruordea ariko da haren ordez.

21. artikulua.

Burutzak bere kargua utziko du:

a) Alkate gisa agintaldia bururatzean.

b) Dimisioagatik.

c) Hiltzeagatik.

III. KAPITULUA

Buruordetza

22. artikulua.

Burlatako edo Atarrabiako alkatea izanik Partzuergoko buru ez dagoen pertsona izanen da Partzuergoko buruordea. Burutzak bezainbat iraunen du karguak, bi urteren buruan txandakatu behar baita.

23. artikulua.

Partzuergoko burua kanpoan edo eri bada, buruordea ariko da haren ordez. Burutza hutsik dagoenean Partzuergoko jarduneko Burutza izanen du. Kargua uzteko arrazoiak Burutzarako berak dira; 21. artikuluan jasorik daude.

IV. KAPITULUA

Koordinatzailea

24. artikulua.

Izendapena eta kategoria.

a) Partzuergoko Burutzak proposaturik, Batzorde Betearazleak koordinatzaile bat izendatzen ahalko du, Batzorde Betearazleari eta Eskolako zuzendaritzari sostengu eta aholku emateko organoa izan dadin, hartan eginkizun betearazlerik izan gabe.

b) Izendatuak Partzuergoko udaletako langile izan beharko du. Proposatu beharko da hurrengo artikuluan deskribatzen diren eginkizunak betetzeko gaitasuna izanen duen pertsona.

25. artikulua.

Koordinatzailearen eginkizunak:

a) Eskolako Zuzendaritzari aholku ematea haren kudeaketa lanean, Eskolaren eta Partzuergoko administrazioen arteko komunikaziorako zubia eginez, Zuzendaritza horek bere kudeaketa lanean behar dituen sostengu teknikoak eskuratzeko tenorean.

b) Partzuergoak finantza eta ekonomia alorretan egiten dituen eragiketak eta haren aurrekontuaren kudeaketa aztertzea.

c) Partzuergoaren kudeaketa eta egindako jarduketak aztertzea eta, hartara, Batzordeak finkaturiko helburuen betetze mailaren berri ematea Batzorde Eragileari, eta hobekuntzak sartzeko behar diren ekintzak proposatzea.

V. TITULUA

Araubide ekonomikoa

26. artikulua.

Ondoko diru-sarreren bidez finantzatuko dira Partzuergoaren ohiko aurrekontuak:

a) Partzuergoko entitateen ekarpenak.

b) Musika Eskolako ikasleei dagozkien kuotak.

c) Administrazio Publikoetatik eskuratzen diren diru-laguntzak.

d) Bertzelako erakunde publiko edo pribatuetatik eskuratzen diren diru-laguntzak.

e) Haren alde ematen diren dohaintzak, legatuak eta usufruktuak.

f) Partzuergoari esleitzen ahal zaion bertze edozein baliabide.

VII. TITULUA

Dokumentu araubidea

27. artikulua.

Liburu hauek osatzen dute Partzuergoaren dokumentu araubidea:

a) Partzuerren erregistro liburua: hartan jasoko dira izena, erregistro zenbakia, helbidea eta zein sektoretako ordezkaritza duen.

b) Akta liburua: hartan jasoko dira Batzar orokorraren eta Batzorde Betearazlearen bilkurei dagozkien aktak. Aktak Partzuergoko idazkariak sinatuko ditu, Partzuergoko buruak ikus-onetsia emanik.

c) Kontabilitate liburuak.

d) Inbentarioa, Partzuergoaren ondarea osatzen duten ondasun eta eskubideak sarturik.

e) Indarra duen legeria beterik partzuergo izaerako pertsona juridikoendako nahitaezkoak diren liburuak.

VIII. TITULUA

Langileria

28. artikulua.

Partzuergoak kontratatutako langileak lan araubidearen barnean egonen dira.

Langileen egungo baldintza eta eskubideak subrogatuko dira.

IX. TITULUA

Estatutuen aldaketa

29. artikulua.

Legez ezarritako arauekin bat eginen da Partzuergoaren estatutuen aldaketa; Batzorde Betearazleak proposatu eta onetsi beharko du eta Partzuergoko udalek beren osoko bilkuretan berretsi.

X. TITULUA

Partzuergoaren desegitea

30. artikulua.

Partzuergoa desegiten ahalko da horretarako bereziki deituriko Batzorde Eragileak erabakita, Partzuergoko udalek beren osoko bilkuretan berretsirik.

Desegiteko beharrezkoa izanen da Batzordeko kideen bi herenen aldeko botoa.

Deseginez gero, Batzorde Betearazlea Batzorde Likidatzaile bilakatuko da, eta berak erabakiko du Partzuergoko ondasun, zerbitzu eta eskubideei zer xede eman behar zaien. Orobat, derrigorrezko bilketa erabiliko du, une horretan Partzuergoari zor zaizkion diruak kobratzeko.

Iragarkiaren kodea: L1101078