49. ALDIZKARIA - 2009ko apirilaren 24a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.1. Lurraldearen antolamendua eta hirigintza

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2009ko martxoaren 9an hartua,Erripagaineko Udalez gaindiko Plan Sektorialeko hirigintza araudia aldatzeko espedientea onesten duena, Udalez gaindiko Plan Sektorialaren I. banaketa eremuko konpentsazio batzordeak sustatua, besteak beste, lur azpiko garajeetan sartzeko arrapalen kokaguneari dagokionez. Aldi berean jendaurrean jartzeko izapidea hasiko da eta ukitutako eremuko udalei entzunaldia emanen zaie.

I. Aurrekariak eta xedea.

Nafarroako Gobernuak, 2008ko azaroaren 3ko bilkuran, Erripagaineko Udalez gaindiko Plan Sektorialeko hirigintza araudia aldatzeko espedientearen izapideak egitea erabaki zuen, besteak beste, lur azpiko garajeetan sartzeko arrapalen kokaguneari dagokionez. Francisco Javier Lizarraga Berazadi jaunak I. banaketa eremuko konpentsazio batzordearen izenean sustatua da.

Udalez gaindiko Plan Sektorialaren Aldaketa onestearekin ia-ia batera arau eta agindu batzuk aldarrikatu ziren. Horixe da oraingo aldaketaren arrazoia, arau eta agindu horietara egokitu beharra. Hona hemen arau eta agindu horietako batzuk: Eraikuntzaren Kode Teknikoa eta urtarrilaren 16ko 5/2006 Foru Dekretua, Nafarroako Foru Komunitateko etxebizitzetan bizi ahal izateko gutxieneko baldintzak arautzen dituen martxoaren 22ko 142/2004 Foru Dekretua aldatzen duena.

Halaber, Udalez gaindiko Plan Sektorialeko araudiaren 103. artikulua aldatzea planteatu da. Artikulu hori sotoko garaje-aparkalekuen sarbide arrapalak kokatzeko eremu publikoa erabiltzeari buruzkoa da, eta aldaketa horren bidez araudi xehakatuagoa ezarri nahi da; araudi horretan ondoko lau puntu hauek nabarmentzen ahal dira:

a) Arrapalak A, B, F, G eta H unitate morfologikoetako erabilera publikoko espazioetan kokatzeko aukera ematen da;

b) Lehentasun ordena ezarri da arrapalak kokatzeko (proposamenean adierazten denez, lehenengoz, eraikinean bertan, beheko solairuan etxebizitzarik ez badago, eta azkenean espazio publikoan, soilik aparteko kasuetan, behar bezala justifikatuz gero);

c) Behar diren jarraibideak eman dira arrapalak eraikinaren kanpoko espazioetan kokatzeko. Adibide gisa azalpenerako krokisa erantsi da;

d) Erabilera zortasuna duten espazioetako arrapalen egoera zehatza garajeak mankomunatzeko tramitatzen diren espedienteetan (izapide hori beharrezkoa denean) eta egokiak diren eraikuntza proiektuetan zehaztuko dela ezarri da; beraz, ez da beharrezkoa izanen urbanizazio proiektuaren aldaketak izapideak egitea.

Azkenik, proposatu da eraikinak fase txikiago edo eramangarriagoetan eraiki daitezela, oinarrizko proiektu oso bakar bat aurkezturik, non fase bakoitzeko exekuzio proiektuak azalduko baitira. Horrela, konponbide arkitektoniko bakar bat bermatuko da.

II. Aurkeztutako alegazioak.

Nafarroako Gobernuaren erabaki hori 2008ko azaroaren 21eko Nafarroako Aldizkari Ofizialean eman zen argitara (142 zenbakia) eta jendaurrean egon den epean 5 alegazio-idazki aurkeztu dira. Ondotik azaltzen dira bakoitzaren edukia eta eman zaien erantzuna.

1.-Luis Zarraluqui Ortigosa jaunak "MRA Promoción"en izenean aurkeztutako alegazioa.

Lehenengoa.-Alegatzaileak Udalez gaindiko Plan Sektorialaren hirigintza araudiko 103.2 artikuluko hirugarren paragrafoa ezabatzeko eskatu du. Paragrafo horrek dioenez, "Sotoaren garaierak sestra ofiziala edo eraikina ukitzen duen lurraren sestra gainditzen badu, haren perimetroak ez ditu gaindituko eraikuntzaren lerrokadurak". Ezabatzeko eskatu du bere ustez horrek ez duelako abantailarik ekartzen espazio publikorako, ezta lurzoru pribatuan dauden etxebizitzetarako ere. Aitzitik, kalte handiak sor ditzake sustapen zehatzetan, berez badirelako arazo handiak lerrokaduren definizioarekin zerikusia duten araudiengatik eta lurzati pribatuan aparkalekuak aurreikusteko eskakizunengatik.

Erantzuna:

Proposamen honek agerian jarri du ezabatzeko proposatu den zehaztapena aplikatuz aztertzekoa den egoera bat sor daitekeela. Izan ere, indarreko Udalez gaindiko Plan Sektorialaren agiri grafikoetan eraikinaren beheko solairuko lerrokadurak biltzen dituzten sotoen lerrokadurak agertzen dira. Transkribatu den agindua hitzez hitz aplikatuz gerta liteke sotoaren lerrokadurek beheko solairuko eraikinaren lerrokadurekin bat etorri behar izatea -alegatzaileak adibide gisa adierazi duenez, espaloitik atzeraemanda dagoen eraikinaren lerrokaduraren kasuan egoera zentzugabea gertatzen da, bien artean espazio lineal "libre pribatua" dagoelako-, edo, beste kasu batean, itxuraz korapilatsuak diren eraikuntza soluzioak hartu behar izatea.

Beste alde batetik, agindu hori ezabatuz gero, agian, eraikinen arteko erabilera publikoko espazioetan plataforma mailakatuak sortuko lirateke sestren arteko aldeei konponbidea emateko. Mailakatze horien gailurra, edonola ere, ezin izanen litzateke metro eta hogei zentimetro baino handiagoa izan espaloiaren sestraren gainean edo eraikina ukitzen duen lurzoruaren sestraren gainean, baldintza hori indarreko araudiaren 13, n) artikuluan sotoari ematen zaion definizioaren barruan dagoela. Hori ezin izanen da inola ere gertatu sotoaren gainean aldi berean bateriako aparkalekurako erabili beharreko erabilera publikoko espazio bat kokatzen bada, zentzuzkoa denez espazio hori ezin baita inola ere mailakatu.

Ondorioz, bidezkoa da transkribatu den agindua ezabatzea, muga batekin, zentzuzkoa denez: sotoaren gainean aldi berean bateriako aparkalekurako erabili beharreko erabilera publikoko espazio bat kokatzen bada hori mota horretako espazio batek eskatzen dituen baldintzekin diseinatu eta eraiki beharko da.

Bigarrena.-Alegatzaileak Udalez gaindiko Plan Sektorialaren hirigintza araudian beste artikulu bat sartzea proposatu du, Udalez gaindiko Plan Sektorialaren B-1, B-2, B-6, 8- 7, B-8, H-1, H-2 eta H-3 unitate morfologikoetan sotoko solairuko lurzatiak erregularizatu ahal izateko, horrela solairu horiek hobeto aprobetxatuko baitira eta, ondorioz, sotoko solairuen arrazoizko kopuru batean eskatzen diren aparkaleku plazak lortuko baitira. Artikulu hori honelakoa izanen litzateke:

62. artikulua. bis - Sotoen erregularizazioa aparkalekurako eta etxebizitzen eta hirugarren sektoreko jardueren osagarri diren erabileretarako.

Egoitza jarduerari lotutako sotoetan plan honetako agiri grafikoetan ezarritako ildoei jarraituko zaie. Hala ere, B-1, B-2, B-6, B-7, B-8, H-1, H-2 eta H-3 lurzatietarako, soto horiek unitate morfologiko bat osatzen duten eraikinen ondoko espazio publikoaren zorupea okupa dezatela onartuko da, beren forma erregularizatzeko. Horrenbestez, forma hori Udalez gaindiko Plan Sektoriala taxutzen duten gainerako unitate morfologikoen antzekoa izanen da.

Erregularizatzeko erabili beharreko irizpide orokorra hau izanen da: sotoaren gehieneko perimetroa definitzea. Forma angeluzuzeneko perimetro horrek, unitate bakoitzean, ezin izanen du gainditu eraikinean luzera handiena duen buruhormaren lerrokadura. Unitateak banaketarako barneko bide batek erdibitzen baditu, irizpide hori ateratzen den erdi bakoitzari dagokionez aplikatuko da. Erregularizazio horren behin betiko forma, gerta daitezkeen kasu guztiak kontuan hartuta, dagokion udal mugarteko Udalak ezarriko du.

Sotoa unitate morfologikoa osatzen duten lurzatien artean banatzeko, orokorrean lurzati horien banaketa lerroa luzatuko da. Hala ere, luzera diferenteko blokeak dituzten unitateen kasuan, erregularizazioaren azalera zatitu ahal izanen da lurzati bakoitzeko azalera eraikigarriaren arabera, eta horrela lurzati bakoitzaren beharrizan objektiboak artatu ahal izanen dira.

Horretarako, espazio publiko horretako eskubideen titularrak diren Udalek bertako zorupea desafektatu ahal izanen dute, aurreko paragrafoan adierazi den mugarekin, eta helburu horrekin, halaber, besterendu ahal izanen dute, lurzati pribatuen eraikuntza prozesuan sartzeko, hala behar izanez gero.

Garapen horiek bideratu ahal izateko dagokion desafektazio espedientea izapideak egiteko eskatuko da, besterik ez. Espediente horrekin batera alde interesatuekiko hitzarmenaren izapideak egin beharko dira. Halaber espedientean zorupearen okupazioaren norainokoa kasu bakoitzean behar bezain zehazki definituko duten agiri grafiko eta idatziak sartuko dira.

Erantzuna:

Bigarren proposamen hori aztertu da eta kontuan hartu da bere edukia argi eta garbi aldaketaren xedetik haratago doala. Beraz, bidezkoa da aldaketa jendaurrean jartzea eta, aldi berean, udal ukituei entzunaldia ematea.

2.-José Luis Navarro Resano jaunak Iruñeko Udaleko Hirigintza Gerentziaren ordezkari gisa aurkeztutako alegazioa.

Bi puntu dituen alegazioa planteatu da: lehenengo puntuan alegatzaileak adierazi du Udalez gaindiko Plan Sektorialaren agiriak gehiegi arautzen dituela araudi arloko alderdi xehakatuak, eta zera proposatu du: Udalez gaindiko Plan Sektorialaren araudiak planeamenduko zehaztapen formalak soilik ezarri beharko lituzke, eta gainerako alderdietarako araudi subsidiarioa izan beharko litzateke, eta horrenbestez horri buruzko arauketarik ez duten udalerrietarako aplikatu beharko litzateke. Horren adibide gisa aipatu ditu Udalez gaindiko Plan Sektorialaren 24. edo 25. artikuluak eta 3., 4. eta 5. atalak, merkataritza lokalei buruzkoak.

Bigarren puntuan zera proposatu da: garajeen arrapalen kokapenari buruzko arauketa zorrotzagoa izatea, eta argi eta garbi arrapalak eraikinaren barruan jartzeari lehentasun handiagoa emateko eta erabilera batzuk besteen aldean ez baztertzeko borondatea ezartzea, eta arrapala horiek jabari publikoan jar daitezela eragoztea.

Erantzuna:

Aldaketa honen arrazoia Udalez gaindiko Plan Sektorialeko hirigintza arautegiaren artikulu batzuk Udalez gaindiko Plan Sektorialaren aldaketa onestearekin batera ia-ia aldarrikatu ziren arau eta agindu batzuetara egokitzea. Arau eta agindu horietako bat, bereziki, Eraikuntzaren Kode Teknikoa da.

Hala ere, alegatzaileak egindako proposamena - bi adibide aurkezten dituena - araudia osorik berrikusteari buruzkoa dela ematen du, eta hau ez da une egokia horrenbesterainoko berrikuspena egitea bidezkoa den ala ez aztertzeko; bestalde, kontuan hartu behar da gaur egun indarrean dauden legezko xedapen askok - aipatutako Eraikuntzaren Kode Teknikoak, kasu- araudiaren eta ordenantzen alderdi asko oinarrian arautzen dituztela.

Dena dela, eta alegatzaileak aipatutako adibideei dagokienez, bidezkoa da zera adieraztea: arauditik artikulu batzuk kendu dira gaur egungo legediarekin zaharkituta geratu direlako, eta era berean, alegatzaileak aipatu dituen 24. eta 25. artikuluak ere kendu ahal dira, horien edukia orain eraikuntzaren kode teknikoak arautzen duelako.

Bulegoei, merkataritzako lokalei, eta abarri buruzko alderdiak arautzen dituen araudiari dagokionez, araudi hori desagerraraztea bidezkoa ez dela uste da, Udalez gaindiko Plan Sektorialak lau udal mugarteri eragiten dielako eta, beraz, arrazoizkoa delako araudia eremu osorako bat izatea, xede berbererako araudi diferenteak aplikatu beharrean.

Beraz, bidezkoa da alegazioa zati batean onestea.

Bigarren puntua: espedientearen sustatzaileak adierazi duenez, aldaketan agertzen dena ukitutako lau udaletako udal teknikariek adostutako testua da.

Udalez gaindiko Plan Sektorialaren indarreko araudiak kanpoko arrapalak instalatzea onartzen du. 1. banaketa eremuko unitate morfologikoen zehaztapen partikularrei buruzko 104. artikuluak unitateetako fitxa guztietarako zera ezartzen du: "Urbanizazio proiektuan aurreikusi ahal izanen da erabilera publikoko eremua hartzea sotoko garaje-aparkalekuetarako arrapalak egiteko, baldin eta arrapala horiek ez badiote trabarik egiten ibilgailuen eta oinezkoen zirkulazioari". Beste alde batetik, araudiaren 103. artikuluak gai berbera jorratzen du. Beraz, kasu zehatz batzuetan arrapalak eraikinen kanpoan jarri ahal izatea Erripagaineko Udalez gaindiko Plan Sektorialak onespenaren egunetik aurreikusi zuen, eta une horretan ez zen horri buruzko alegaziorik aurkeztu.

Aldaketa honek orain planteatu duena zera da: arrapalen kokapena izapidetzeko moduaren garapen eta zehaztapena, eta arrapalen kokalekuari dagokionez lehentasun ordena eta Udalez gaindiko Plan Sektorialak planteatzen zuena baino prozedura zentzuzkoagoa ezartzea -hau da, kokaleku horiek urbanizazio proiektuaren bidez zehaztea-; izan ere, arrapalen posizioa garajeak mankomunatzeko espediente egokiak idazten direnean soil-soilik ezartzen ahal da, edo bestela eraikuntza proiektu zehatzen bitartez, lehengo izapidea ezin denean eskatu.

Hortaz, bidezkoa da alegazioaren atal hori gaitzestea.

3.-Mercedes Fernandez De Arcaya Iragui andreak aurkeztutako iradokizuna.

Alegatzaileak zera proposatu du: garajearen arrapalak eraikinen barrualdean okupatzen dituen metro karratuen homogeneizazio koefizientea 0 izatea. Zera argudiatu du: proiektu batean arrapalak eraikinen beheko solairuen barruan kokatzea erabakitzen denean -norberaren borondatez edo udalaren irizpidearen arabera- azalera hori ez dadila zenbatu, proiektua ez oztopatzeko.

Erantzuna:

Alegatzaileak planteatu duen proposamena ekarpen interesgarria dela dirudi, horri esker arrapalak eraikinen barrualdean ezarriko liratekeelako, eta izan ere, beheko solairuan etxebizitzarik ez dagoenean konponbideen artean kokaleku hori lehentasunezkoa da. Horregatik, alegazioa onetsi da, eta ondorioz, aldaketan proposatzen den araudiaren 13. artikuluko l) idatz-zati berriaren 3. puntua honela geratuko litzateke:

"3.-Hirigintzako aprobetxamendua kalkulatzeko, beheko solairuko azalera eraikigarria zehazteko, fatxada-lerrokaduraren eta benetan proiektatzen den hondoaren arteko tartea neurtuko da, eta ez dira zenbatuko ataripeak edo garajeetara sartzeko arrapalak, ezta arrapala horien ateetarako egin daitekeen atzeraemangunea ere. Neurketa horretan ez dira deskontatuko atariko atzeraemanguneak, ezta proiektuan plantea litezkeen antzeko beste espazio batzuk ere".

4.-Francisco Javier Fernandez De Arcaya Iragui jaunak aurkeztutako iradokizuna.

Alegatzaileak Hondakin solidoen kudeaketa arautzen duen ordenantza -Iruñerriko Mankomunitateak idatzitakoa- aldatzea planteatu du, ordenantza hori Erripagaineko urbanizazioan aplikatu beharrekoa den aldetik. Zehazki, zera eskatu du: urbanizazio honetan eraikinetako sarbidearen eta hondakinak isurtzeko guneen arteko distanzietarako baremo zehatzagoak aplikatzea, interpretazio anitzak ez sorrarazteko. Ildo horretan, 100 metroko gehieneko distantzia finkatzea proposatu du.

Erantzuna:

Alegatzaileak ordenantza horren 27. artikulua aldatzeko azaldu dituen arrazoiak bidezkoak izan arren, adierazi behar da aldaketa hori ezin dela egin Erripagaineko hirigintza araudia aldatzeko espediente honen bitartez, baizik eta mankomunitatearen ordenantzaren aldaketaren bitartez, horretarako ezarrita dauden prozeduren arabera. Horrenbestez, bidezkoa da alegazioa ezestea.

5.-Santiago Díaz De Rada Pardo jaunak aurkeztutako alegazioa.

Aldaketarako proposatu den testuaren eta espedientearen tramitazioa hasteko erabakiaren azalpen zatiko II. puntuko oharretako baten artean kontraesana dagoela alegatu da.

Erabaki horren arabera, erabilera zortasuna duten espazioetako arrapalen egoera zehatza garajeak mankomunatzeko tramitatzen diren espedienteetan (izapide hori beharrezkoa denean) eta egokiak diren eraikuntza proiektuetan zehaztuko dela ezarri da; beraz, ez da beharrezkoa izanen urbanizazio proiektuaren aldaketak tramitatzea. Aitzitik, erabaki horren II. puntuko azkenaurreko paragrafoan ("Oharrak") zera ageri da: "sotoko garaje eta aparkalekuen sarbide arrapalak kokatzeko eremu publikoa erabiltzeko proposamenaren baldintzak azterturik, ikusi da modu mankomunatuan proposatzen diren garajeei aplikatuko zaiela bakarrik eta, beraz, eraikinetatik kanpoko eremuan kokatu beharreko arrapala kopurua murriztua izanen dela".

Udalez gaindiko Plan Sektorialeko lurzati batzuetan arrapalak ezin dira kokatu eraikinaren beraren proiekzioaren azpian, eta horietan gainera ez da beharrezkoa garajearen mankomunitate espedienterik tramitatu behar, jabe bakarra eta bloke bakarra duten lurzatiak direlako. Horregatik, alegatzaileak, lurzati horietan arrapalak erabilera publikoko espazioan kokatzeko aukera egon dadin, erabakian aurreko oharra desagerraraztea proposatu du: arrapalak erabilera publikoko espazioetan ezartzeko aukera garaje mankomunatuek ez ezik arrapalak erabilera publikoko espazioak okupatu gabe kokatu ezin dituztela behar bezala frogatzen duten garajeek ere izan dezatela.

Erantzuna:

Bidezkoa da alegazio hori onestea.

III.-Erabakiaren oharrak.

Nafarroako Gobernuaren 2008ko azaroaren 3ko Erabakian agertzen denez, Etxebizitza Zerbitzuak Udalez gaindiko Plan Sektorialaren aldaketari buruzko txostena egin zuen, hainbat iradokizun planteatzeko. Jarraian transkribatu diren eta aurkako alegaziorik jaso ez duten alegazio horiek ulermena hobetzen dutela eta aldaketa horren interpretazioari buruzko zalantzak saihesten dituztela kontuan hartuta, bidezkoa da iradokizunak aldaketan sartzea.

A.-13. artikulua. Definizioak, I) letra:

-Lehen paragrafoa idaztea: "Azalera eraikia osotara: 142/2004 Foru Dekretuaren arabera neurtuko da. Hala ere, hirigintza aprobetxamendua kalkulatzeko, eremu eraikia zenbatu eta neurtzerakoan, arau hauek hartuko dira kontuan:"

-1. puntuaren idazketa zuzendu behar da (dirudienez, hitzen bat falta da).

B.-26. artikulua. Azken paragrafoa:

-Hau gehitu behar da: "Baldin eta eremu hori kanpoko eremu segurutzat hartzen ahal baldin bada, Eraikuntzari buruzko Kode Teknikoko DB-SI delakoaren arabera".

C.-55., 56., 57., 59., 60., 61. artikuluak:

-Komeni da horiek baino lehentxeago esaldi hau gehitzea: "kontuan hartuko da 5/2006 Foru Dekretuaren bidez aldaturiko 142/2004 Foru Dekretuaren 2. eranskinaren 8. artikuluan xedaturikoa."

Horrenbestez, Lurraldearen Antolamenduko Batzordearen txostenarekin bat, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legeari eta aplikatu beharreko gainerako arauei jarraikiz, Nafarroako Gobernuak, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak proposaturik,

ERABAKI DU:

1. Aurkeztu diren alegazioak erabaki honen azalpen zatian adierazitako moduan ebaztea.

2. Onetsi eginen da Erripagaineko Udalez gaindiko Plan Sektorialeko hirigintza arautegia aldatzeko espedientea, Udalez gaindiko Plan Sektorialaren I. banaketa eremuko konpentsazio batzordeak sustatua, besteak beste, lur azpiko garajeetan sartzeko arrapalen kokaguneari dagokionez; aldaketa horretan Etxebizitza Zerbitzuaren 2008ko irailaren 22ko txostenean planteatutako iradokizunak sartuko dira.

3. Luis Zarraluqui Ortigosa jaunak "MRA Promoción"en ordezkari gisa aurkeztutako alegazioetan planteatutako proposamena jendaurrean jartzea eta instalazioen eraginpeko eremuko udalei entzunaldia ematea. Proposamen hori honetan datza: Udalez gaindiko Plan Sektorialaren hirigintza araudian beste artikulu bat sartzea, Udalez gaindiko Plan Sektorialaren B-1, B-2, B-6, 8- 7, B-8, H-1, H-2 eta H-3 unitate morfologikoetan sotoko solairuko lurzatiak erregularizatu ahal izateko.

4. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea eta Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuko Etxebizitza zerbitzuari jakinaraztea.

5. Erabaki hau Burlata, Iruña, Uharte eta Eguesibarko udalei eta 1. banaketa eremuko konpentsazio batzordeari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan, eta adieraztea, halaber, erabakiak bide administratiboa agortzen duela eta bere kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkezten ahal dutela, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, erabakia argitaratu edo, kasua bada, jakinarazi eta biharamunetik bi hilabeteko epean.

Nolanahi ere, Administrazio Publikoek aurretiazko errekerimendua egin ahal izanen diote Nafarroako Gobernuari, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2009ko martxoaren 9an.-Nafarroako Gobernuko kontseilari eta idazkaria, Javier Caballero Martínez.

Iragarkiaren kodea: F0911740