147. ALDIZKARIA - 2009ko azaroaren 30a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

887/2009 EBAZPENA, azaroaren 9koa, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariarena, Ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena "Allo, Deikaztelu eta Lizarrako (Nafarroa) zentral telefonikoen arteko 32 Z.O.ko kable berriaren proiekturako", Alloko, Deikazteluko, Morentingo, Muniain-Aberingo eta Lizarrako udal mugapeetan. Sustatzailea Telefónica de España, S.A.U. da.

Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuan sartu da goian aipatutako espedienteari dagokion Ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera. Proiektua abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko M) atalean sartuta dago. Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.

Foru dekretu horren 36. artikuluan ezarrita dago Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua eginen duela Ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz, eskaera aurkezten denetik lau hilabeteko epean.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 31.2 artikuluak ezartzen du Ingurumen ukipenetarako baimenak lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarako baimena ere bilduko duela. Horrek Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen ditu.

Allo, Deikaztelu eta Lizarra arteko transmisiorako baliabideak modernizatu eta handitzea du gogo proiektuak, gaur egun gaitasunik ez baitute okupazio maila handia delako.

Proiektuan, besteak beste, zuntz optikoko kable tinkoa ezarriko da, 8.100 metro, 32 Z.O. mM PKCP eta 64 Z.O. mM PKCP motako zutoin arteko aireko linean, eta 3.900 m zuntz optikoko kable sartuko da lur azpian.

Aireko linea telefoniko berriak egungo linearen trazadurari jarraituko dio eta, ahal dela, oraingo euskarriak baliatuko dira. Bestetik, lur azpiko lineak lehenagoko kanalizazioak eta zangak baliatuko ditu, NA-6341 errepideko jabari publikoko lurretan eta, tarte handienean, zereal alorretan.

Espedientean dauden txostenak ikusirik eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak urriaren 10eko 426/2007 Foru Aginduaren bidez eman dizkidan eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea "Allo, Deikaztelu eta Lizarrako (Nafarroa) zentral telefonikoen arteko 32 Z.O.ko kable berriaren proiekturako", Alloko, Deikazteluko, Morentingo, Muniain-Aberingo eta Lizarrako udal mugapeetan, Telefónica de España, S.A.U.k sustaturik.

2. Baimenak Ingurumen ukipenen azterlanean sartutako neurri zuzentzaileak hartzera behartzen du, baita baldintza hauek betetzera ere:

-Obra amaitutakoan, eremua ongi garbituko da. Hondakindegi baimendu batera eramanen dira hondakin guztiak eta berriz erabili ezin diren hondar guztiak. Birziklatzen ahal diren soberakinak hondakinak tratatzeko zentro batera eramanen dira.

-Proiektua gauzatzeko obrek uki ditzaketen azpiegiturei eta zortasunei dagokienez, enpresa sustatzaileak, obrak egiten hasi baino lehen, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu, kasuan kasuko gaian eskudun diren organoei eskatuta.

3. Baimenak, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezartzen diren ondorioak izanen ditu. Artikulu horretan, lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.

4. Obrei hasiera eman aurretik 10.000 euroko fidantza jarri beharko da, baimendutako jarduerak kalterik sortzen badu horiek konpondu edo gutxituko direla bermatzeko, abenduaren 28ko 93/2006 Foru Legearen 109. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Fidantza jarri izanaren frogagiria eduki beharko da, lanek iraun bitartean ikuskatzaileei aurkeztu ahal izateko.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, horren kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita zenbatuko dira.

6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

7. Ebazpen hau Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuari, Allo, Deikaztelu, Morentin, Aberin eta Lizarrako Udalei eta sustatzaileari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2009ko azaroaren 9an.-Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Iragarkiaren kodea: F0926299