114. ALDIZKARIA - 2009ko irailaren 16a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

683/2009 EBAZPENA, abuztuaren 27koa, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, Ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena Artaxoan eta Tafallan Nafarroako Ubidearen 6, 7A eta 19A tarteak egiteko lanetako ibilgailu astunak igarotzeko obra-bidearen proiektuarentzat. Sustatzailea Nafarroako Ubidea, S.A. da.

2009ko apirilaren 30an Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuan sartu da aipatu proiektuari dagokion Ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera, eskatutako Ingurumen ukipenen azterlanarekin batera.

Proiektuak, Artaxoan, orain dagoen bide baten trazadura erabiltzen du, baina Tafallan, berriz, bide berri bat irekitzea proposatzen du, Tafallako 21. poligonoko 292., 294., 295., 296., 297., 301., 320., 321. eta 322. lurzatietan barna. Bide berri hori 669 metro luze izanen da eta 8 metro zabal. Obrak bukatutakoan bidea itxiko da, eta lurra lehengoratuko da, ukitutako lurren jatorrizko erabilera berreskuratzeko.

Proiektua, Tafallako bide berriari dagokionez, abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko D letran sartuta dago. Beraz, Ingurumeneko ukipenetarako baimena behar du. Dekretu horrek ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamendua onesten du.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 33. artikulua eta hurrengoak betez, espedientean Ingurumen ukipenen azterlana sartu da, eta bertan biltzen da proiektuaren eta ingurune hartzailearen deskribapena, baita ingurumen integraziorako aurreikusi diren kontrol, zuzenketa, lehengoratze eta jarraipen neurrien zerrenda ere.

Ingurumen ukipenetarako baimenaren espedientea tramitatzen hasteko, 2009ko maiatzaren 13an, proiektuaren gaineko txostena eskatu zitzaion Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari eta Tafallako Udalari.

2009ko abuztuaren 27an, Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuak adierazi zuen proiektuak ez duela galarazten lurralde antolamendua. Tafallako Udalak ez du txostenik eman tramitazio honetarako ezarritako epean.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du eskaera aurkeztu eta lau hilabeteko epean Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak Ingurumen ukipenetarako baimena eman ala ukatzeko ebazpen arrazoitua eginen duela.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 31.2 artikuluak ezartzen du Ingurumen ukipenetarako baimenak lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarako baimena ere bilduko duela. Horrek Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen ditu.

Osoa eta nahikoa den espedientean dauden txostenak ikusita eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak urriaren 10eko 426/2007 Foru Aginduaren bidez eman dizkidan eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea, baldintzapean, Artaxoan eta Tafallan Nafarroako Ubidearen 6, 7A eta 19A tarteak egiteko lanetako ibilgailu astunak igarotzeko obra-bidearen proiektua gauzatzeko. Sustatzailea Nafarroako Ubidea, S.A. da.

2. Baimena izateko, sustatzaileak proposatu dituen neurri zuzentzaileak bete beharko dira, baita baldintza hauek ere:

-Egin nahi diren jarduerek uki ditzaketen azpiegitura eta zortasunei dagokienez, enpresa sustatzaileak, obrak gauzatzen hasi baino lehen, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu, jardueraren ondorioz ukitzen diren azpiegiturei dagokienez.

-Aurkeztu den Ingurumen ukipenen azterlanean aurreikusitako jarraipen arkeologikoa eginen da.

-Obrako bide berria egiteagatik ukitzen diren lurrek lehengo erabilera berreskuratuko dute. Alorren kasuan, begiratuko da lurren kalitatea ondoko alorren antzekoa izan dadin, eta natur landaredia duen 1.000 m²-ko eremuari dagokionez, landu gabe utziko da eta destrinkontuko da, hidroereintzaren bidez eta landare autoktonoak sartuz berriz landareztatzeko, Nafarroako Ubidearen beraren Tafallako lubetak landareztatzeko erabiliko diren irizpide tekniko berberei jarraikiz.

-Obra nagusiaren bermealdian egin beharreko lanen artean, lehengoratze lan hori egoki egin ote den begiratu beharko da.

3. Baimenak, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezartzen diren ondorioak izanen ditu. Artikulu horretan, lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, horren kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita zenbatuko dira.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Ebazpen hau igortzea sustatzaileari, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuari, Ingurumen Zaintzari, Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari eta Tafallako Udalari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2009ko abuztuaren 27an.-Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Iragarkiaren kodea: F0921758