110. ALDIZKARIA - 2009ko irailaren 7a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

628/2009 EBAZPENA, abuzutuaren 12koa, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, "Azpiegiturak egitea Enerizko 2. sektoreko industrialderako (Nafarroa)" izeneko proiekturako Ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena. Inversiones Ibonciecho, S.L.k sustatu du.

2009ko maiatzaren 13an Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuan sartu zen goian aipatutako espedienteari dagokion Ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera. Proiektua abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2.C eranskineko I) eta N) ataletan sartuta dago. Beraz, Ingurumen ukipenetarako baimena behar du. Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.

Foru dekretu horren 36. artikuluan ezarrita dago Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua eginen duela Ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz, eskaera aurkezten denetik lau hilabeteko epean.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 31.2 artikuluak ezartzen du Ingurumen ukipenetarako baimenak lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarako baimena ere bilduko duela. Horrek Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen ditu.

Jarduketan industrialdea instalatzeko aurreikusirik zegoen plataforma sortuko da eta beharrezkoak diren lur-erauzketak, lubetak eta harri-lubetak eginen dira. Aldi berean, dauden hornidura eta telefono kanalizazioak desbideratuko dira. Azkenik, ur beltzetako eta euri uretako saneamenduko kolektore nagusiak eginen dira. Lehendabizikoa herriko saneamendu sare nagusiarekin lotuko da eta bigarrenak industrialdeko mugan dagoen errekara isuriko du.

Jarduketa eremuan bisita eginda, ikusi da lanak hasiak direla.

Proiektua eta jarduketa eremua ikusirik, espedientea osaturik dagoela eta nahikoa dela egiaztaturik eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak urriaren 10eko 426/2007 Foru Aginduaren bidez eman dizkidan eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. "Azpiegiturak egitea Enerizko 2. sektoreko industrialderako (Nafarroa)" izeneko proiekturako Ingurumen ukipenetarako baimena ematea. Inversiones Ibonciecho, S.L.k sustatu du.

2. Ingurumenari buruzko baldintza hauen mende egonen da baimena:

-Orisoain errekako bazterretik paraleloan doan kaleko mugatik errekako ezkerreko ertza babesteko gutxienez ere 3 metroko zerrenda bat mantenduko da, ur-bazterreko landaretzak, korridore biologiko gisa dituen garrantzia eta balizko balioa kontuan hartuta.

-Errekako ur-bazterreko basoaren barruko lan kaleak ongi ikusteko moduko zintekin balizatuko dira, ukipen azalera ahalik eta txikiena izan dadin.

-Zuhaitzen bat moztu beharra badago, sustatzaileak mozketarako administrazio baimena eskuratu beharko du.

-Ukitutako errekako bazterretan botatako lurrak erretiratu eta ezpondak ederki birprofilatuko dira.

-Erreka bazterrean, sasien azken garbiketaren ondoren, landaredia saneatzeko inausketa eginen da.

-Landaredia soildu ondoko hondarrak zabortegi baimendu batera eraman beharko dira.

-Zangak irekitzean ateratzen den landare-lurra zangak ixteko lanetan berrerabiliko da. Gainazal bukatuak leundu eta erein eginen dira.

-Galerazita dago erreka bazterrean lurrak eta materialak pilatzea.

-Lanak bukatu ondoren, proiektuaren eragin eremuan ez da obra arrastorik geldituko eta obretarako instalazio guzti-guztiak kendu beharko dira.

Hirigintza arlokoak:

-Egin nahi den jarduerak uki ditzakeen edo obraren trabagarri izan daitezkeen azpiegitura eta zortasunei dagokienez, enpresa sustatzaileak, obrak gauzatzen hasi baino lehen, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu, kasuan kasuko gaian eskudun diren organoei eskatu eta gero.

-Lizentzia ematean, Enerizko Udalak behatuko du teknikariek lanak behar bezala egin ditzaten, harri-lubetek eta ezpondek paisaiaren gainean izan dezaketen eragina ahalik eta txikiena izan dadin.

3. Proiektuaren Ingurumen ukipenetarako baimena eskuratzeko ezinbestekoa da 3.000 euroko fidantza jartzea, baimendutako jarduerak kalterik sortzen badu horiek konpondu edo murriztuko direla bermatzeko, 93/2006 Foru Dekretuaren 109. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Fidantza jarri izanaren frogagiria eduki beharko da, lanek iraun bitartean ikuskatzaileei aurkeztu ahal izateko.

4. Baimenak, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezartzen diren ondorioak izanen ditu. Artikulu horretan, lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, horren kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita zenbatuko dira.

6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

7. Ebazpen hau Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuari, Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari, Basozaintzari, Enerizko Udalari eta sustatzaileari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2009ko abuztuaren 12an.-Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Iragarkiaren kodea: F0920995