76. ALDIZKARIA - 2007ko ekainaren 20a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

VIANA

Telekomunikazio sareen instalazio irrati-elektrikoak arautzen dituen udal ordenantza. Behin betiko onespena

Vianako Udalak, 2006ko abenduaren 22ko osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Vianako telekomunikazio sareen instalazio irrati-elektrikoak arautzen dituen ordenantza.

Onesteko erabakia 2007ko 7. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen, urtarrilaren 15ean; jendaurreko epean Esther Mendaza Arteagak alegazioak aurkeztu ditu eta hein batean ezetsi dira, hortaz, ordenantza hori behin betikoz onetsi da eta osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan, izan ere 2007ko martxoaren 29ko bilkuran berretsi baitzen; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

Vianan, 2007ko maiatzaren 8an._Alkatea, Gregorio Galilea Arazuri.

AITZINSOLASA

1. Uztailaren 28ko 1451/2000 Errege Dekretuak, Zientzia eta Teknologia Ministerioaren egitura organikoa garatzen duenak, Telekomunikazioen eta Informazioaren Teknologien Zuzendaritza Nagusiaren gain uzten du eskumena, jabari publikoko irrati-elektrikoa planifikatu, kudeatu eta planifikatzeko, emisio irrati-elektrikoen egiaztatze teknikorako eta telekomunikazioak kontrolatu eta ikuskatzeko, baita arloko zehapen araubidea aplikatzeko ere.

2. Osasunari buruzko apirilaren 25eko 14/1986 Legeak osasun administrazioaren gain uzten ditu eskumenak jendearentzat arriskutsuak izan daitezkeen produktu, elementu edo energia moten osasungarritasuna kontrolatzeko. Orobat, gaitasuna aitortzen dio osasun kontrolerako mugak, analisi metodoak eta baldintza teknikoak finkatzeko. Udalerriek garapen horretan behar dute parte hartu, Toki Araubideko Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 25, 26 eta 27. artikuluetan eta hirigintzako nahiz ingurumeneko araudian aitortutako eskumenen arabera.

3. Hortaz, ordenantza tresna baliotsua da ingurumenaren babeseko, segurtasuneko edo hirigintzako baldintza teknikoak ezartzeko, eta honelako instalazioek bete beharko dituzte lizentzia eskuratzeko kontrolaren bidez.

4. Ordenantza honetako udal arauak ezertan ukatu gabe, guztiz aplikagarriak eta nahitaez betebeharrekoak dira irailaren 28ko 1066/2001 Errege Dekretua, jabari irrati-elektrikoa babesteko baldintzak, emisio irrati-elektrikoendako murrizketak eta haietatik babesteko osasun neurriak ezartzeko Erregelamendua onesten duena, eta maiatzaren 6ko 10/2002 Foru Legea, Nafarroako Foru Komunitatean uhin elektromagnetiko ez gidatuen bidezko telekomunikazioaren oinarrizko estazioak antolatzen dituena. Orobat, aplikagarria da telekomunikazioen sektoreko araudi berariazkoa, hau da gaur egun, Telekomunikazioei buruzko azaroaren 3ko 32/2003 Lege Orokorra, otsailaren 27ko 1/1998 Legegintzako Errege Dekretua, uztailaren 24ko 1651/1998 Legegintzako Errege Dekretua (11/1998 Legearen II. titulua garatzeko Erregelamendua onesten du), uztailaren 31ko 1736/1998 Errege Dekretua (11/1998 Legearen III. titulua garatzeko Erregelamendua onesten du) eta otsailaren 22ko 279/1999 Errege Dekretua, telekomunikazioko azpiegitura komunei buruzkoa, baita era honetako instalazio eta ekipo moten gaineko arau eta zehaztapen teknikoak eta lehen aipatutakoak osatu edo garatzen dituzten arau guztiak edo horien ordezko izanen direnak ere.

5. Udalak ordenantza honek arautzen dituen instalazioak bide publikoan jartzen utziko die konpainiei, lurzoruaren prezioa baloratu ondoren.

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea.

1. Vianako udal mugapean irrati-komunikazioko estazio irrati-elektrikoak kokatu eta instalatzeko bete behar diren hirigintzako eta ingurumeneko baldintzak arautzea da ordenantza honen xedea, haiek ezarritakoan, herritarrek berme guztiak izan ditzaten hirigintza eta ingurumen aldetik, ahalik eta toki gutxien har dezaten eta inguruneak ahalik eta kalte txikiena izan dezan itxura eta ingurumen aldetik.

2. artikulua. Aplikazio esparrua

1. Ordenantzaren xedeko telekomunikazio eta/edo irrati-komunikazioko sistemen elementu eta ekipoak non kokatu eta zer baldintzatan funtzionatu behar duten jakiteko, ondoko tituluetan ezarritako beharkizunei jarraituko zaie, beste administrazio batzuek, beren eskumena dela eta, ezar ditzaketenak ukatu gabe.

2. Ordenantza honek espresuki aurreikusita ez duen telekomunikazio eta/edo irrati-komunikazioko beste edozein instalaziok antzeko ezaugarri morfologiko edo funtzionaleko instalazioentzat ordenantzan xedatutakoari jarraituko dio alderdi teknikoen aldetik.

3. Ordenantza hau aplikatzeko, honela sailkatu dira telekomunikazioko instalazioak:

_Telefonia:

Sakelakoa.

Finkoa, irrati bidezkoa.

_Irratiz eta telebistaz emititzeko ekipoak.

_Irrati-afizionatuen estazioak.

_Irrati-loturen estazioak eta komunikazio pribatuak.

_Administrazio publikoak zuzenean kudeatutako telekomunikazio ekipoak.

_Udalak erabakitzen dituen antzeko gainerakoak.

3. artikulua. Definizioak:

_Antena: irrati-komunikazioko sistema baten elementua, uhin elektromagnetikoak igortzeko, hartzeko edo igorri eta hartzeko bereziki diseinatua.

_Emisio irrati-elektrikoak: uhin elektromagnetiko gisako energia erradiazioak dira, estazio irrati-elektrikoek sortutakoak, espazioan gida artifizialik gabe hedatu eta irrati-komunikazioen zerbitzua segurtatzen dutenak.

_Masta edo euskarria: antenak eta osagarriak jartzeko egitura, metalezkoa gehienetan.

_Mikrozeldak: telefoniako sare batean uhin irrati-elektrikoak igorri eta hartzeko ekipoa edo ekipo multzoa, tamaina oso txikikoa.

_Uhin elektromagnetikoak: espazioan argia bezain laster hedatzen diren eremu elektriko baten eta oszilazioko eremu magnetiko baten arteko konbinazio harmonikoa.

_Esparru edukitzailea: kabinek edo armairuek hartzen duten eremua, telekomunikazioko sarearen elementuz edo ekipoz hornitua.

_Sistema erradiatzailea: antena multzo bat da, kokagune bakoitzeko ezaugarri eta beharrei egokitutako erradiazio norabidea emateko.

_Irrati-komunikazioen estazio irrati-elektrikoa: igorgailu edo hargailu bat edo gehiago, edo bien arteko konbinazioa, instalazio osagarriak barne (hala nola masta antenaduna edo esparru edukitzailea edo bien arteko konbinazioa) edo irrati-komunikazioaren zerbitzua segurtatzeko behar direnak.

_Irrati-komunikazioko zerbitzua: uhin elektromagnetikoak igorri eta/edo hartzen dituena da informazioa igortzeko/hartzeko, telekomunikazioaren beharrak betetzearren.

II. TITULUA

Instalazioen baldintzak

4. artikulua. Irizpide orokorrak.

1. Oro har, irrati-komunikazio eta/edo telekomunikazioetako estazioek betebehar hauek dituzte:

a) Ahalik eta toki gutxien hartzen duen merkatuko teknologia erabiltzea, bistarako eta ingurumenean kalte txikiena eragiten duena.

b) Ingurunearekin bateragarriak izatea eta modu egokian integratuak arkitektura aldetik.

2. Osasun publikoa behar bezala zaindu dadin, indarra duen araudian emisio irrati-elektrikoak jasateko mugak uneoro bermatzea eskatuko zaie operadore baimenduei.

3. Udalak, interes publikoko arrazoiak direla eta, irrati-komunikazioko eta/edo telekomunikazio irrati-elektrikoen instalazioak mugatzen ahal ditu, baita debekatu ere, ospitale eta geriatriko, ikastetxe, haur eskola eta besteren inguruan. Betiere, oro har, eta instalazio berrietarako, debekatuta daude horrelako instalazioak 300 metroko erradio inguruan, aipatu ekipamenduen kanpoko perimetrotik neurtuta, baita hiri lurzoruko eta urbanizagarriko mugatik ere.

Alde Zaharrean ordenantzak arauturiko instalazio berriak debekatu dira, zehazki telefonia mugikorreko antenak, irrati bidezko telefonia finkoko antenak, eta irratia eta telebista igortzeko ekipoak. Alde Zaharrean soilik onartuko dira irrati-afizionatuen estazioak, irrati-loturakoak, komunikazio pribatukoak eta administrazio publikoak zuzenean kudeaturiko telekomunikazio ekipoak (SOS Navarra, Foruzaingoa eta Udaltzaingoa). Betiere debekaturik dago edozein motatako instalazioak jartzea fatxadetan eta eremu publikotik ikusten diren tokietan.

5. artikulua. Antenak eta euskarriak ezartzeko irizpideak.

1._Mastak/antenak eraikinen estalkietan.

a) Estalki lauetan, poligonal batek zehaztuko du antena eta masten edo euskarrien gehieneko altuera: fatxaden ertzetan metro bateko altuera du gehienez, 45&deg.-ko angelua egiten du terrazaren planoarekin eta 8 metroko altuera du, gehienez ere, estalkitik gora, plano horizontal batean.

b) Estalki maldadunetan, poligonala estalkiaren kanpoko ertzetatik abiatzen da, hegalkinak barne, 60&deg.-ko angelua egiten du forjatu horizontalarekin, zeinak bizkarretik 8 m gorako lerro batean elkartzen diren bi plano ebakitzen baititu:

_Aurreko faldoiaren paraleloa den plano bat edo bide publikora ematen duena.

_Plano horizontal bat, atzeko faldoira edo barreneko patioetara ematen duena.

c) Ahal dela, estalkiaren barreneko faldoian edo barreneko patioetan kokatuko dira.

2._Fatxadetako antenak.

a) Etxebizitzak ez diren eraikinetan antenak jartzeko, tamaina txikikoak izan beharko dute (mikrozeldak edo antzekoak), fatxaden konposizioarekin bat eginen dute, haien apaindura eta dekorazioa hondatu gabe. Betiere, baldintza hauek beharko dira bete:

_Fatxada osoaren fotomuntaketa bat aurkeztuko da.

_Fatxadaren konposizioarekin bat jarriko da.

_Ez dira fatxadaren planotik 50 cm baino urrunago jarriko.

3._Mastak/antenak lurzoruan.

a) Hiri lurzoruan edo lurzoru urbanizagarrian sartutako masta antenadunek baldintza hauek beharko dituzte bete:

_Gehienez 25 metroko garaiera emanen zaio.

_Bai mastak edo antenaren euskarriak, bai instalazioen edukiontziek ordenantzak lurzatiarentzat eskatutako atzeraemanguneak bete beharko dituzte.

_Gutxienez 100 m-ko tartea utziko da hiri lurzoruan mastatik edo antenaren euskarritik etxebizitzen mugara, eta 500 m-koa lurzoru urbanizagarrian.

_Lurzoru urbanizagarrian jartzeagatik ez da eskubiderik sortzen kalte-ordainetarako hura hirigintzan garatzen bada, eta 2 hilabeteko epean desmuntatu beharko da lehen abisua hartzen denetik.

b) Lurzoru urbanizaezineko masta antenadunek baldintza hauek beharko dituzte bete:

_Gehienez 25 metroko garaiera emanen zaio.

_Mastaren edo instazioaren euskarriaren eta etxebizitzetarako hiri lurzoruaren artean 500 m bederen utziko dira.

_Masten arteko gutxieneko tartea 3.000 metrokoa izanen da.

_Operadore batek baino gehiagok erabilitako mastek ez dute altuera mugarik.

4._Instalazio bereziak.

a) Ordenantza honen ondorioetarako, berezitzat hartuko dira defentsari, segurtasun publikoari, babes zibilari, osasunari eta antzeko gainerako jarduera publikoei lotutako instalazioak. Horiek baimentzeko, hirigintzako eta sektoreko araudi aplikagarriari jarraituko zaio eta, ordezko gisa, ordenantza honi.

6. artikulua. Esparru edukitzaileak jartzeko irizpideak

1._Estalkietan.

a) Debekatuta dago esparru edukitzaileak estalki maldadunetan jartzea, eraikin guztietan.

b) Onartuta dago esparru edukitzaileak jartzea estalki lauetan, masta antenadunak jartzeko ezarritako mugak betez gero; alabaina, 3 metrokoa da gehieneko altuera.

2._Estalki azpiko solairuan.

a) Zilegi da esparru edukitzaileak jartzea estalki azpiko solairuan, zein den ere eraikinaren erabilera; betiere, ordenantza honetako 10. artikuluan ezarritako baldintzak beharko dira bete eta ez da etxebizitza gisa erabiliko.

3._Etxebizitzen solairuan.

a) Debekatuta dago esparru edukitzaileak jartzea etxebizitzetako solairuetan, beste erabilera bat badute ere.

4._Behe solairuan edo sotoan.

a) Zilegi da esparru edukitzaileak jartzea beheko solairuan edo sotoan, baina ordenantza honen 10. artikuluan ezarritako baldintzak beharko dira bete.

5._Baldintza orokorrak.

a) Behar bezala baimendutako langileak baino ez dira sartuko esparru edukitzaileetan, berariazko araudian ezarritako segurtasun eta babes pertsonaleko baldintzekin, eta beharrezko neurriak hartuko dira gainerakoak sar ez daitezen.

b) Edukiontzi baten ezaugarri fisikoek bide emanez gero, operadore batek baino gehiagok erabiliko dute.

7. artikulua. Telefoniako antenak kokatzeko baldintzak.

1. Hiri lurzoruan kokatutako eraikin guztietan, telefoniako antenak jartzeko baimena badute, masta antenadun bakar bat instalatuko da atariko polizia-zenbaki bakoitzeko, eta hartan operadore bakar bat telefono zerbitzua emanen duena. Masta horretan lau sistema erradiatzaile ezarriko dira, gehienez ere.

2. Antena horiek eta euskarria biltzen dituen zilindroak, gehienez ere, 120 cm-ko diametroa izanen du.

8. artikulua. Kableak eta saneamendu sareak.

1. Berriak ez diren eraikinetan, azpiegitura edo elementu komunik ez badute instalazioen kableak sartzeko, barreneko patioak erabiliko dira edo eremu publikotik ikusten ez diren aldeak.

III. TITULUA

Ingurumeneko irizpideak

9. artikulua. Emisio maila baimenduak

1. Emisio irrati-elektrikoak jasateko mugei dagokienez, administrazio eskudunek emisio irrati-elektrikoei buruz ezartzen dituzten araudiak beteko dituzte irrati-komunikazioetako estazio irrati-elektrikoek.

2. Aldatekarik ez duten bitartean, emisio irrati-elektrikoetarako mugak ezarriko dira, irailaren 28ko 1066/2001 Errege Dekretuaren II. eranskinean eta maiatzaren 6ko 10/2002 Foru Legean (Nafarroako Foru Komunitatean uhin elektromagnetikoen bidezko telekomunikazioko oinarrizko estazioak antolatzen ditu) datozenak, alegia.

10. artikulua. Esparru edukitzailearen baldintza teknikoak.

1. Esparru edukitzaile batean kokatzen diren instalazioak zehazki aztertuko dira zer neurri zuzentzaile behar dituzten jakiteko, asotsen gaineko udal ordenantzan xedatutakoa bete dadila bermatzearren.

2. Halaber, behar diren neurri zuzentzaileak zehaztuko dira beroa ingurura hedatu ez dadin.

3. Suteen aurka babesteari dagokionez, Udalaren zerbitzu teknikoek eta gaur egungo araudiak xedatzen dituzten neurri zuzentzaileak hartuko dira.

4. Espektro irrati-elektrikoa erabiltzen duten ekipo eta aparatuek aplikatzen zaizkien baldintza guztiak beteko dituzte, irailaren 28ko 1066/2001 Errege Dekretuaren 11. artikuluan bildu bezala; aldiz, edozein telekomunikazio saretako elementu eta ekipoak babesteko sistemei dagokienez, araudi berariazkoan ezarritakoa beharko dute bete.

IV. TITULUA

Lizentzien araubidea

11. artikulua. Antena hartzaileak

Antena hartzaileak instalatzeko baimena eskuratzeko, obra lizentzia baino ez da lortu beharko.

12. artikulua. Antena igorleak eta esparru edukitzaileak

1. Gainerako hirigintzako betebeharrak eta legez ezarritako baimenak bete edo ez, Udalaren lizentzia behar da antena igorleak eta esparru edukitzaileak instalatu eta abian jartzeko.

2. Lizentziaren eskabideari dokumentazio teknikoa gehituko zaio; horren edukia 1. eranskinean ezarri da (2 eta 3. atalak).

3. Udalaren zerbitzu teknikoek dokumentazio teknikoa aztertu eta izan litezkeen alegazioak ikusita, Udalak neurri osagarriak ezartzen ahal ditu eta obra lizentziari gehituko dizkio.

4. Instalazioa abian jartzeko, Udalari jakinarazi beharko zaio aurkeztutako dokumentazioan eta neurri osagarrietan, horrelakorik eskatzen bazaio, aurreikusitakoari egokitzen zaizkiola. Xede horrekin, 1. eranskinean (1. atala) adierazitako ziurtagiri teknikoak gehituko dira, baita teknikari eskudun baten ziurtagiria ere, emisio irrati-elektrikoen mailen gainekoa.

V. TITULUA

Mantentze-lana eta kontrola

13. artikulua. Instalazioetako mantentze-lana.

1. Lizentziaren titularrak behartuta daude instalazioak segurtasun eta kontserbazio egoera onean izatera. Haien ordez, eraikineko auzoen elkarteak edo finkaren jabeak dute mantentze-lanen ardura.

2. Udal zerbitzuek kontserbazio egoera kaskarra dela atzemanez gero, lizentziaren titularrei jakinaraziko diete, handik epe batean neurri egokiak har ditzaten. Jendearentzat edo ondasunentzat arriskua dagoenean, berehala hartuko dira neurriak, indarra duen araudiak dioen bezala.

3. Jarduera behin betikoz utziz gero, lizentziaren titularrak beharrezko guztiak eginen ditu irrati-komunikazioko ekipoak eta haien elementuak desmuntatu eta kentzeko, instalatu aurretik zeuden bezala uzteko lurzorua eta instalazioaren euskarria den eraikina.

14. artikulua. Arriskuetarako aseguruak.

1. Lizentzia eskatzen duten operadoreen ordezkari fisikoek nahiz juridikoek, aseguru instrumentuen titulartasuna frogatu beharko dute irrati-komunikazioetako estazio irrati-elektrikoen ondorioz ondasunek edo jendeak jasandako kalteak daudenean, erantzun egokia izan dezaten.

15. artikulua. Kontrola.

1. Udalak lizentzia eman ondoren, bi urtean behin teknikari eskudun batek egindako txostena aurkezteko dei eginen zaie titularrei, lizentziaren baldintzak eta aplikatzen den araudi orokorra betetzen direla frogatzeko. Batez ere, Telekomunikazioei buruzko apirilaren 24ko 11/1998 Lege Orokorra, irailaren 28ko 1066/2001 Errege Dekretua, jabari publiko irrati-elektrikoa babesteko baldintzak, emisio irrati-elektrikoen murrizketak eta haien aurrean osasuna babesteko neurriak ezartzeko Erregelamendua onesten duena. Orobat, urtarrilaren 11ko CTE/23/2002 Agindua, irrati-komunikazioetako zerbitzuen operadoreei baldintzak jartzen dizkiena hainbat azterlan eta ziurtagiri aurkezteko. Bestetik, azterlan bat aurkezteko eskatuko zaie operadoreei, non frogatu beharko duten eremu sentikorren (haurtzaindegiak, haur hezkuntzako zentroak, lehen hezkuntza, derrigorrezko irakaskuntza zentroak, osasun zentroak, ospitaleak, parke publikoak eta zahar-etxe edo geriatriako zentroak) esposizioa gutxitu dela masta antenadunetatik 300 metro inguruan.

VI. TITULUA

Zehapenen araubidea

16. artikulua. Araubide aplikagarria.

1. Erregulazio honen aurkako arau-hausteak zehatu eginen dira hirigintzako diziplinan eta ingurumen arloan indarra duen legeriaren arabera.

XEDAPEN IRAGANKORRAK

Lehenbizikoa._Lizentzia gabeko instalazioak.

Ordenantza honek indarra hartzen duenean diharduten instalazioek legeztatu eginen dira sei hilabeteko epean, ordenantzak indarra hartu eta biharamunetik aitzina.

Legeztatzeko, espedientea irekiko da Udalean: legeztatzeko eskaera eginen da, dokumentazioa aurkeztu eta ordenantzaren 1. eranskinean ezarritako baldintzak bete beharko dira.

_Instalazioak ordenantza honetako baldintzak betetzen baditu, legeztatutzat emanen da.

_Ezin bada legeztatu indarra duen sektoreko araudia eta ordenantza honetan ezarritakoa betetzen ez dituelako, itxi egin beharko da, aldez aurretik interesdunari entzunaldia emanda.

Aipatu legeztatze epea iraganik, Udalak telekomunikazioetako estazio irrati-elektrikoren bat beharrezko lizentziarik gabe ari dela ikasiz gero, ordenantza honetan araututakoaren arabera, instalazioa ixteko espedientea irekiko du, bidezko zehapenak ukatu gabe.

Bigarrena._Instalazio lizentziadunak.

Ordenantza honek indarra hartzean Udalaren lizentzia duten telekomunikazioetako instalazio irrati-elektrikoei dagokienez, Udalak Toki Korporazioetako Zerbitzuen 1955eko ekainaren 17ko Erregelamenduaren 16. artikuluan ezarritakoaren arabera jokatuko du.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehenbizikoa._Jarduketa programaren komunikazioa

Instalazio bat egin edo kokalekua aldatu gogo duen (oinarrizkoa estazioak, antenak, konexioko elementu lagungarriak eta beharrezko beste elementu tekniko batzuk) telekomunikazioetako operadoreak jarduketa programa aurkeztu beharko du.

Dokumentu horrek nahitaez bilduko ditu udalerrian ezarrita dagoen instalazioen sarea eta ezarri gogo direnak.

Telekomunikazioetako operadoreek jarduketa plan bateratua aurkeztu ahalko dute eskualde jakin baterako, bai etorkizuneko teknologien kasuan, bai oraingoetan, sarea osorik hedatu ez bada.

Programan elementu hauek zehaztu beharko dira:

_Sarearen eskema orokorra, herriburua, esteka nagusiak eta lotuneak (eremuka) non egon litezkeen adierazita.

_Oinarrizko estazioen, telefonia mugikorreko antenen eta irrati-frekuentziako beste elementu batzuen ezarpena.

_Oinarrizko estazioak eta antenak: izena, proposatutako kokalekua, lurraldeko estaldura, potentzia, laneko frekuentziak eta kanal kopurua, eta haien justifikazio teknikoa.

_Egindako zerbitzuen eta erabilitako teknologien deskripzioa.

_Udalerrian edo, udalez gaindi, proposatutako irtenbide teknikoaren justifikazioa.

_Ekipoak berritik non ezarri gogo diren, aurreikusitako estaldura geografikoa justifikatuta.

_Egiteko epea.

_Antenak kokatzeko aukera teknikoak

_Proposatutako beste kokalekuen kartografia, UTM koordenatuekin.

Bigarrena._Antenen erregistroa.

Ordenantza honek indarra hartu eta sei hilabeteko epean, Udalak erregistro berezi bat sortuko du espektro irrati-elektrikoa darabilten telekomunikazioko zerbitzuen emisioko instalazio guztiak inskribatzeko, baita udalerrian izan ditzaketen aldaketak ere. Erregistro horri mapa bat erantsiko zaio, erregistroan inskribatutako instalazioak kokatuko dituena. Epe hori iraganik, erregistroan inskribatuta dauden instalazioak bakarrik izanen dira legezkoak.

AZKEN XEDAPENA

Lehenbizikoa._Indarra hartzea.

Toki Araubideko Oinarriak arautzen dituen 7/1985 Legearen 70.2 eta 65.2 artikuluetan ezarritakoari jarraituz, ordenantza osorik argitaratu eta 15 egunen buruan hartuko du indarra, Udalak osoko bilkuran onetsitakoan.

1. ERANSKINA

Telekomunikazioko instalazioen titularrek aurkeztu beharreko dokumentazio teknikoa

1._Ziurtagiriak:

A) Obra lizentziarekin batean aurkeztu beharreko ziurtagiriak:

_Telekomunikazioko zerbitzua emateko gaitzen duen tituluaren agiria, aplikatzen den araudi orokorraren eta sektorialaren arabera, edo eskaera egiteko gaitzen duen tituluaren jabeak eskatzailea behar adina ahalduntzen duela.

_Zientzia eta Teknologia Ministerioaren ziurtagiria, irailaren 28ko 1066/2002 Errege Dekretua (8.1, 8.2, 8.6 eta 8.7 artikuluak) eta urtarrilaren 11ko 23/2002 C.T.E. Agindua (3.1 puntua) betetzen direla egiaztatzeko.

B) Obrak amaitu eta instalazioak emititzen hasi aurretik aurkeztu beharreko ziurtagiriak:

Zientzia eta Teknologia Ministerioaren ziurtagiria, instalazioak zerbitzuan hastea baimentzen duena.

Instalazio elektrikoak behe tentsioko erregelamendu elektroteknikoan (Industria, Merkataritza eta Turismo Departamentuaren buletina) ezarritako beharkizunak betetzen dituela dioen ziurtagiria.

Erantzukizun zibileko aseguru poliza, irrati-komunikazioetako estazio irrati-elektrikoek ondasunetan edo jendearengan izan ditzaketen ondorioak bermatzeko.

C) Dauden instalazioak legeztatzen direnean, ziurtagiri guztiak batera aurkeztuko dira.

2._Proiektua:

Instalazio proiektuak, gutxienez, informazio edo dokumentazio hau jaso beharko du:

_Enpresa eskatzailearen datuak:

Sozietatearen izena eta I.F.Z.

Helbide osoa.

Legezko ordezkaritza.

Sozietatea eratu izanaren aktaren kopia.

Instalazioaren kokalekua.

_Txostena, honako hauek jasoko dituena, gutxienez:

Instalazioen egonkortasuna bermatzen duten kalkuluak, egitura aldetik, baita eraikinaren euskarriei buruz ere.

Oinarrizko arau hauen fitxa frogagarriak aurkeztuko dira: NBE-AE-88, NBE-CT_ 79, NBE-CA88 eta NBE-EA-95.

Ahalik eta teknologia hoberena erabiltzearen frogagiriak, ezarri beharreko ekipoen tipologiari eta ezaugarriei dagokienez.

Telekomunikazio sareen instalazio irrati-elektrikoak arautzen dituen ordenantza betetzen dela frogatzen duen dokumentazioa.

Eguratsak eragindako deskarga elektrikoez babesteko hartu beharreko neurriak, baita beste instalazio batzuekin interferentzia elektromagnetikoak saihestekoak ere.

Kokalekuaren hirigintzako datuak.

Argazki bidezko konposizioa, argi adieraziko duena kokalekua eta instalazioa finkaren barrenean non jarriko den; bestetik, simulazio grafikoa, bidaiariak nola ikusiko duen.

Mantentze-lanak eta beste egiteko, instalazioetan sartzeko egin beharreko obren deskripzioa.

Esparru edukitzailearen deskripzioa, zer ekipo dituen, haren materialen ezaugarriak, eta non kokatuko den eraikinaren edo eremuaren barrenean.

Neurri osagarriak auzoak ez gogaitzeko, suteak galarazi eta itzaltzeko, etab. ..., instalazioek esparru edukitzaileak dituztenean.

Instalazioa segurtasun baldintza egokietan izateko deklarazioa edo konpromisoa.

Instalazioaren mantentze-lanen gaineko dokumentazioa.

Segurtasunari eta osasunari buruzko azterlana.

Baldintza-agiria:

Aurrekontua.

_Planoak; gutxienez, honako hauek:

Kokapen planoa.

Antena non jarriko den erakusten duen planoa, UTM koordenatuekin.

Esparru edukitzailearen oinplanoko eta sekzioko planoak, ezarri beharreko ekipoen kokalekua eta ezaugarri fisikoak agertzen dituztenak.

Antenen eraikuntza planoak, haiendako bermakuntza, eraikinaren euskarriak, ikuskatzeko, mantentze-lanetarako... sarbideak.

Eraikin osoaren gaur egungo altxaera planoak, eta antenak jarri ondoren, eremu edo bide publikoaren sestraren gaineko hainbat altuera bereizita.

Antenaren eta eraikinaren oinplanoko planoak, eta ondoko eraikinekin duen erlazioa 50 m inguruan.

Instalazio osagarrien eta hartuneen planoak (elektrikoa, telefonoa, etab. ...), baita suteen aurkako babes neurriena ere bai.

Telekomunikazioetako operadoreak garatzeko programa: udalerrian gaur egun diren instalazioen sarea eta egin gogo direnak jasoko ditu.

Vianan, 2007ko maiatzaren 8an._Alkate udalburua, Gregorio Galilea Arazuri.

Iragarkiaren kodea: L0707818