62. ALDIZKARIA - 2007ko maiatzaren 18a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak

123/2007 FORU AGINDUA, apirilaren 27koa, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak emana, mahastiak berregituratu eta moldatzeko 2007-2008 kanpainako planetarako laguntzak arautzekoa.

Mahastizaintza eta ardogintzaren merkatuaren gaur eguneko antolamendua Kontseiluaren 1999ko maiatzaren 17ko 1493/1999 EE Erregelamenduan ezarri zen, eta Batzordearen 2000ko maiatzaren 31ko 1227/2000 EE Erregelamenduaren bidez garatu.

Abuztuaren 4ko 1472/2000 Errege Dekretuak mahastien ekoizpena arautu zuen eta Europar Batasuneko arautegi berria Espainiako barne legeriara egokitu.

Errege dekretu horretako V. kapituluak mahastiaren berregituraketa eta moldaketa arautzen du. Hala ere, bertako aurreikuspen batzuk zehazteko autonomia erkidegoen xedapen osagarri baten beharra dago.

2000ko irailaren 15eko Foru Aginduaren bidez arau osagarri batzuk eman ziren Nafarroako mahastiak berregituratu eta moldatzeko araubidea, mahastizaintza eta ardogintzaren merkatuaren Europar Batasuneko antolamenduan aurreikusia dena, aplikatzeko.

Mahastizaintza eta ardogintzako kanpainetan frogatu denez, alde batetik, komeni da kanpaina bakoitzeko xedapen bat ematea, 2000ko irailaren 15eko Foru Aginduko aurreikuspen orokorrak zehazteko, eta, bestetik, urteko xedapen horretan kanpaina bakoitzean aplikatzekoak diren aurreikuspenak sartzea. 2007-2008ko kanpainan, taldekako planak bakarrik hartuko dira kontuan, eta horren helburuak hauek: nekazaritzan talde lana sustatzea, planaren gutxieneko hektarea kopurua eta mahastizain bakoitzak berregituratu eta moldatu beharreko gehieneko eremua finkatzea, baita laguntzak emateko beste lehentasun batzuk ezartzea ere, zeinetan nekazaritzako eragile guztien gainetik baitaude nekazari gazteak, ogibide nagusia nekazaritza dutenak, lehentasunezko elkarte-ustiategiak eta ardandegiak.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. artikulua. Xedea.

Foru agindu honen xedea Nafarroan mahastia berregituratu eta moldatzeko planen aurkezpena eta onespena arautzea da - mahastizaintza eta ardogintzaren merkatuaren Europar Batasuneko antolamenduaren barrenean, hala nola 2007-2008ko kanpainako jarduketetarako FEAGA laguntzak eskuratzea.

2. artikulua. Aplikazio eremua.

Foru agindu hau berregituratu eta moldatzeko aurkezten diren planei dagokie eta ardoa egiteko mahatsa ekoizten duten mahastietarako izanen dira, haien lurzatiak Nafarroako Foru Komunitatearen lurraldean badaude eta "Nafarroa" jatorrizko deituraren edo "Errioxa" jatorrizko deitura kalifikatuaren barruan babestuak badaude.

3. artikulua. Aurkezpena.

1. Interesatuek Nafarroako Mahastizaintza eta Enologia Zentroan zuzenean aurkeztu beharko dituzte berregituratze eta moldatze planak, hartu beharreko neurriak azaltzen dituztenak, onespena jaso dezaten; bestela, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38. artikuluan aipatzen diren baliabideen bidez.

2. Planak aurkezteko epea foru agindu honetako 8.1 artikuluan ezarritakoa izanen da.

3. Neurritzat hartuko da lurzati bat berregituratu edo moldatzeko ekintza bakoitza.

4. artikulua. Berrregituratze eta moldatze planen motak.

1. Berregituratze eta moldatze plan berriak, laguntzak hartzen ahal dituztenak, kolektiboak izanen dira.

2. Planetan, gutxienez, hogeita bost hektarea lur sartuko dira eta bost bazkide mahastizainek hartuko dute parte.

3. Planak ekoizleen artean eginen den itun baten barruan burutuko dira. Itun horren arabera planean parte hartzen dutenek ordezkari bat izendatu beharko dute, administrazio publikoarekin izan beharreko harremanez arduratzeko.

5. artikulua. Berregituratze eta moldatze planen betebeharrak.

1. Berregituratze eta moldatze planek ez dute behin ere handituko eremuak ekoizteko duen gaitasuna. Horretarako, "Nafarroa" Jatorrizko Deituran sartuko da plana (etekina: 40 hektolitro hektarea bakoitzeko) edo "Errioxa" Jatorrizko Deituran (etekina: 44 hektolitro hektarea bakoitzeko). Beraz, plan batek ezin ditu bi deiturak hartu.

2. Planetan sartzen diren eremuak gutxienez ere hamar urtez erein beharko dira, neurria hartu eta hurrengo kanpainatik hasita.

3. Lurzatiaren eremuak, berregituratu ondoren, gutxienez ere 0,5 hektarea hartuko ditu. Dena den, berregituratze eta moldatze plana egin ondoren gelditzen diren lurzatien kopurua hasierako kopuruaren %80 baino txikiagoa baldin bada, berregituratu ondoko lurzatiaren eremua 10 areakoa izanen da gutxienez.

Horri begira, mahastizain batek batera lantzen duen mahasti eremua hartuko da lurzatitzat; katastroko finka oso bakar bat izan daiteke, edo katastroko lurzati oso edo puska batzuen multzoa.

Hartzen den neurria barietatea moldatzea bada, oraingo barietatearen gainetik txertatuz edo zegoena berriro txertatuz, ontzi itxurako mahatsondo izatetik besatara jarrita, gutxieneko eremua jatorrikoa izanen da.

4. Mahastizain bakoitzak gehienez bost hektarea lur berregituratuko ditu urtean. Inguruabar tekniko edo ekonomikoengatik komeni denean, gehieneko muga hori aldatzen ahalko da, Nafarroako Mahastizaintza eta Enologia Zentroak proposaturik.

5. Planek ezin izanen dute landaketa berrien eremurik bildu.

6. Planean mahastiak landatzeko biltzen diren eskubideek, transferentziaren bidez eskuratuek, gehienez ere planak ukitzen duen eremuaren %20 eginen dute. Ondorio horietarako, nekazari gazteek dakartzaten eskubideak ez dira kontuan hartuko.

7. Landaketa guztietan nahitaezkoa izanen da txertaka ziurtatuak erabiltzea. Erabiltzen diren landaregaien horniketa legez baimendurik eta mahatsondo mintegizainen erregistro ofizialean izena emanak dauden mintegizainek egin beharko dute.

8. Area batekoa izanen da berregituratu asmo den lurzatiaren gutxieneko eremua.

6. artikulua. Laguntzak.

1. Nekazaritzako Bermerako Europako Funtsa-FEAGAk mahastizaintza eta ardogintzaren sektoreari laguntzeko araubideak ondoko helburu hauek izanen ditu 2007-2008 kanpainan:

a) Mahastiak berregituratu eta moldatzeko kostuetan parte hartzea. Horretarako hiru laguntza mota ezarriko dira:

_Mahats mota aldatzeko laguntzak.

_Mahastiak berregituratzeko laguntzak.

_Ontzi itxurako mahastitik besatarako mahastira aldatzeko laguntzak.

b) Ekoizleei plana aplikatzearen ondorioz gal ditzaketen dirusarrengatik kalte-ordain bat ematea.

2. Artikulu honetako 1. atalean aipatzen diren laguntzak emateko, definizio hauek ezarri dira:

a) Mahats mota aldatzea izanen da mahasti bateko barietatea aldatzea, oraingo barietatearen gainetik txertatuz (ardorakoetan) edo zegoena berriro txertatuz (Ameriketakoetan), lurzatiko mahatsondoak gehitu gabe. Barietatearen aldaketa 2003-2004 kanpainaren aurretik landatutako lurzatietan baizik ez da egiten ahalko.

b) Mahastiaren berregituraketatzat hartuko dira xede hau duten ekintzak: mahasti lurzati bat edo gehiago kendu eta beste bat landatzea, betiere eremu baliokideetan, barietatea edo landaketa sistema (markoa eta kondukzioa) hobetuz.

c) Ontzi itxurako mahastitik besatarako mahastira aldatzeko jardueratzat hartuko dira era baxuko kondukzio sistema duen mahastia besatarako kondukzio sistemara jasotzeko ekintzak eta horretarako beharrezkoak diren materialak, mahastia modu egokian mekanizatu ahal izateko, bereziki inausketa eta mahats-bilketarako. Hobekuntzak dakartzaten barietateetan, egoera begetatibo eta sanitario onetan dauden mahastietan baizik ez da egiten ahalko aldaketa, betiere 2003-2004 kanpainaren aurretik landatuak baldin badira.

d) Berregituratze eta moldatze planetan, barietate hobetzailetzat joko dira:

_"Nafarroa" Jatorrizko Deituran: Garnatxa, Graciano, Cabernet Sauvignon, Tempranillo, Merlot, Chardonnay eta ale xeheko Moskatela.

_"Errioxa" Jatorrizko Deitura Kalifikatuan: Tempranillo, Garnatxa eta Graciano.

3. Planean aipatzen den neurri bakoitzari ematen zaion laguntzari osagarri bat erantsiko zaio plana egitearen ondorioz galtzen dituzten dirusarrerengatik ekoizleei ordain bat emateko.

4. Laguntzak kalkulatzeko foru agindu honen eranskinean aipatzen diren eragiketa eta kostuak hartuko dira kontuan, honelaxe:

a) Mahasti barietatea moldatzeko laguntzarako, oraingo barietatearen gainetik edo zegoena berriro txertatzeagatik izaniko kostuak hartuko dira kontuan. Kostuak finkoak izanen dira moldaturiko hektarea bakoitzeko eta txertaketa unitate bakoitzeko. Txertaketa unitatea izanen da mahatsondo batean egiten dena, zenbat ziri sartzen diren kontuan hartu gabe.

b) Mahastia berregituratzeko laguntzarako ekintza hauen kostuak hartuko dira kontuan: erauzketa, lurra prestatzea, landaketa, landaketaren kostuak (bi urtez), besatarako euskarria, harriak kentzea, desinfekzioa, lurra berdintzea eta untxien kontrako babesa. Ekintza guztiak hektarea bakoitzaren kostu finko baten arabera zenbatuko dira, landaketa izan ezik, hori haren dentsitatearen arabera kontatuko baita.

c) Ontzi itxurako mahastitik besatarako mahastira bihurtzeko laguntzarako ontzitik besatarako mahastira bihurtzeko ekintza hartuko da kontuan. Ekintza hori hektarea bakoitzaren kostu finkoaren arabera zenbatuko da.

d) %10 murriztuko da landare kopuruaren dentsitatea, landatu gabeko lurra kontuan hartuta, mekanizazioa hobetzeko ilara eta buruen arteko tarteak direla eta.

e) Dirusarreren galeragatik kalte ordaina, Nafarroako Foru Komunitatean, 2007-2008 kanpainan hauxe izanen da, onesten diren plan berrietarako:

_592 euro hektareako "Nafarroa" Jatorrizko Deiturarako.

_818 euro hektareako "Errioxa" Jatorrizko Deitura Kalifikaturako.

5. Berregituratze neurrietarako laguntza errenta galtzeagatik bi kanpainatan emanen da, gorabehera hauek gertatzen direnean:

_Berregituratu beharreko mahastia 2000ko abuztuaren 1etik 2007ko azaroaren 15era bitarte erauzi denean.

_Laguntza eskatu duen mahastizainak Nafarroako Mahastizaintza eta Enologia Zentroko mahastien erregistro ofizialeko lurzatiaren jabea eta titulartasuna frogatzen duenean, mahastiak berak kendu dituenean, berriro landatzeko eskubideak bere izenean adierazita; edo, laguntza eskatu duen mahastizainak Nafarroako Mahastizaintza eta Enologia Zentroko mahastien erregistro ofizialeko titulartasuna bakarrik frogatzen duenean, jabetza izan gabe, mahastiak berak kendu beharko ditu, jabea ados dagoela, berriro landatzeko eskubideak bere izenean adierazita.

6. Berriro landatzeko eskuraturiko eskubideek ez dute sortuko errenta galtzearen ondorioz ordaina hartzeko eskubiderik.

7. Errenta galtzeagatik laguntza bakarrik kanpaina batean emanen da barietateak aldatzeko eta ontzi itxurako mahastitik besatarako mahastira bihurtzeko neurrietan, laguntza eskatzen duen mahastizainak honako kontu hauek frogatu beharko ditu:

_Mahastiaren jabetza eta titulartasuna Nafarroako Mahastizaintza eta Enologia Zentroko mahastien erregistro ofizialean.

_Nafarroako Mahastizaintza eta Enologia Zentroko mahastien erregistro ofizialeko titulartasuna bakarrik frogatzen bada, jabetza izan gabe, mahastiak aldatzeko eskabidea aurkeztu beharko du Nafarroako Mahastizaintza eta Enologia Zentroan, egin beharreko hobekuntza adieraziz, mahastiaren jabea ados dagoela.

8. Laguntzak emanen dira harriak kentzeko, lurra desinfektatzeko, lurra berdintzeko eta untxien kontra babesteko, aldez aurretik mahastizainak deklaratuak baditu.

Lurra desinfektatzeko, mahastiak 2003ko abuztuaren 1aren ondoren kendu direneko lurzatietan berriro landatzeko bakarrik ematen ahalko dira laguntzak.

Harriak kentzeko eta lurra berdintzeko laguntzak emanen dira lan horiek egin direla frogatu ondoren.

Untxien kontrako babesari laguntza emateko, kalte horren arriskuari buruzko ziurtagiria aurkeztu beharko da, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak emana.

9. Foru agindu honen I. eranskinean bildutako kostuen %50 da taldekako berregituratze eta moldatze planek, 1. zenbakian aipatutakoek, gehienez izanen duten laguntza, plan bakoitzeko.

7. artikulua. Laguntzetatik baztertuak.

Ekintza hauek ezin izanen dituzte aurreko artikuluan aipatzen diren laguntzak hartu:

1) Berezko bizitza bukatua duten mahastien aldaketa normala, hots, lurzati bera mahatsondo barietate berarekin eta landaketa sistema berarekin landatzea.

2) Hamar urte honetan Europar Batasuneko laguntzak, Espainiakoak edo Nafarroakoak hartu dituzten lurrak direnean berregituratzen direnak.

3) Abuztuaren 4ko 1472/2000 Errege Dekretuko 2. artikuluan aipatzen diren landaketa berrien kontzesioaren arabera landatu diren mahastien aldaketa, kontzesioa ematen denetik hamar urte iragan arte.

4) Aurreko puntuan aipatzen den errege dekretuko III. kapituluan xedaturikoaren arabera lurzati guztiak erregularizatuak ez dauzkaten titularren eta jabeen mahastiak.

5) Lurzatiak berrantolatzeko prozesuan dauden udalerrietako lurzatietarako eskaerak, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuko Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzuaren baimena dutenak izan ezik.

6) Ardandegi kooperatibo bateko lurzatiei dagozkienak, eskatzailea bada titularra, kooperatibak adierazten badu berezko beharrengatik erauzketaren kontra dagoela.

8. artikulua. Eskaerak eta aurkeztu beharreko agiriak.

1. Foru agindu honetan arautzen diren laguntzak hartu nahi dituztenek 2007ko ekainaren 1a baino lehen eskatu beharko dituzte, eredu ofizialari jarraituz. Eskabidea Nafarroako Mahastizaintza eta Enologia Zentroa erakunde autonomora igorriko da eta haien ebazpena, planen onespenarekin batera, Nekazaritza eta Abeltzaintza zuzendari nagusiak emanen du, Nafarroako Foru Komunitatean FEAGA laguntzak ordaintzen dituen erakundeko zuzendaria den aldetik, Nafarroako Mahastizaintza eta Enologia Zentroak txostena luzatu eta tramitatu ondoren. Erakunde hori izanen da baimenetarako eta zerbitzu teknikorako unitatea.

2. Eskaera aurkezten denetik sei hilabeteko epea Administrazioak ebazpenik eman gabe iraganik, eskaera ezetsi dela ulertu beharko da.

3. Eskatzaileek, laguntzaren eskaerarekin batera, agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

a) Planean parte hartzen duten eskatzaileen NAN, IFZ edo IFK eta banku-datuak.

b) Nekazari gaztea izanez gero, Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistroak luzatutako ziurtagiria, edo Gizarte Segurantzako norberaren konturako Nekazarien Araubide Berezian edo nekazaritzan aritzeagatik Langile Autonomoen Araubide Berezian afiliaturik dagoela frogatzen duten agiriak, plana aurkeztu baino lehen. Beren kontura lehenbizikoz hasiz gero, hori frogatzen duten agiriak.

c) Ogibide nagusia nekazaritza izanez gero, horren ziurtagiria, Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistroak emana.

d) Elkarteak izanez gero:

_Elkartea osatu izanaren agiriaren kopia.

_Elkartearen organo kudeatzaileak eginiko ziurtagiria. Bertan agertuko dira haren izenean laguntzak eskatzeko baimenduriko pertsonaren identifikazioa, IFZ eta bazkideen izenen zerrenda.

e) Planeko proiektua, eduki honekin:

_Planaren memoria: egin asmo den planaren laburpena izanen da.

_Eskaturiko planaren laburpen fitxa.

_Planean parte hartzen duen ekoizle bakoitzak barietatea aldatzeko, ontzi itxurako mahastitik besatarako mahastirako aldatzeko eta mahastiak berregituratzeko neurrietarako hartu beharreko neurrien bakarkako fitxa, nekazaritza eta finantza arlokoa.

f) Planean parte hartzen duten mahastizainen artean sinaturiko ituna.

g) Eskaturiko lurzatien kreditazioa:

g.1) Lurzatiak eskatzailearenak baldin badira, Landalurren Katastroko orrialdea aurkeztuko da, gaurkotua, edo bestela, jabetzaren eskritura publikoa. Berriki lurrak berrantolatu dituzten udalak izanez gero, berrantolamenduan esleitutako lurren orrialdea aurkeztuko da eta, lurzatiak berrantolatzeko prozesuan lurzatien jabetzan aldaketak izaten badira gero, organo eskudunak emandako ziurtagiria aurkeztuko da, lurzatiaren titularra nor den jakiteko.

g.2) Lurzatiak eskatzailearenak ez badira, haiek erabiltzeko eskubidea honelaxe frogatu beharko da:

_Errentamenduko kontratua, plana aurkeztu baino lehenagokoa, eredu ofizialaren araberakoa, landa errentamenduen erregistroan inskribatua. Haren indarraldia hamaika urtekoa izanen da gutxienez eta erauzteko unean eskubideen hartzailea nor den jasoko da.

_Lurzatiak ezkontideenak edo lehen graduko ahaideenak badira, aipatutako aukeraren ordez nahikoa da haien arteko lagapen kontratua egitea plana aurkeztu baino lehen, notarioaren aurrean protokolizatuta. Kontratuak gutxienez ere hamaika urte iraunen du, eta erauzteko unean eskubideen hartzailea nor den jasoko da.

_Herrilurrak izanez gero, udalaren ziurtagiria, non esleipen-hartzailea, esleipenaren eguna, iraupena eta erauzteko unean eskubideen hartzailea nor den jasoko baitira.

h) Harriak kentzeko, lurra desinfektatzeko, berdintzeko eta untxien kontra babesteko laguntzak eskatuz gero, erregelamenduaren araberako faktura edo proformakoa aurkeztu beharko da planarekin batera eta, betiere, erregelameduaren araberako faktura, hartutako neurriaren amaieraren ziurtagiria egin baino lehen.

Untxien kontrako babeserako, nahitaez aurkeztu beharko da Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuaren ziurtagiria.

Eragiketa bakoitzeko faktura bat aurkeztu behar da edo, bestela, fakturan eragiketa bakoitzaren zenbatekoa zehaztu.

Laguntza eskatzen duen titularraren izena zehatz azalduko da faktura guztietan. Halaber, harriak kentzeko, lurra desinfektatzeko eta lurra berdintzeko fakturak direnean, eragiketa zein lurzatitan egiten den, haren katastroko erreferentziak zehaztea ezinbestekoa izanen da. Untxien kontrako babesari dagozkion fakturetan ez da beharrezkoa katastroko erreferentzia ematea.

i) Baimenduta eta erregistro ofizialean inskribatuta dagoen mintegizain batek landareari buruz erregelamenduaren arabera egindako faktura, hartutako neurriaren amaieraren ziurtagiria egin baino lehen aurkeztu beharko dena.

j) Planari birlandatze eskubideak ekarriz gero, erauzteko justifikazioa azalduko da, eskubideak norberarenak badira, eta transferentziaren justifikazioaren fotokopia, eskubideak transferentzia bidez eskuratu badira.

k) Berregituratze neurri guztietan, lurzati bakoitzean landatzeko baimenaren eskabidea, behar bezala betea.

Berregituratze neurrietan mahastia mahatsa bildu ondoren kentzeko asmoa badago, landatzeko baimena eta mahastia kentzeko adierazpenaren orria aurkeztu beharko dira, azken hau plana aurkezten denerako betea.

l) Barietatea aldatzeko eta ontzitik besatarako mahastira bihurtzeko neurrietan, aldatzeko eskabidea, behar bezala betea.

4. Ematen den laguntzaren ondoriozko eskubide eta eginbeharrak subrogatzeko baimena ematen ahalko da, betebehar hauek gertatzen direnean:

a) Ekintza guztiak lurzati berrian egiten direnean.

b) Subrogatu nahi den lurzatiak hasiera batekoaren ezaugarri berak edo antzekoak izatea.

5. Planak aurkeztu eta neurriak ziurtatu bitarte titularraren, lurzatiaren edo laguntza eskaerako lurzatien ezaugarriren batean aldaketaren bat egin behar bada, aldez aurretik interesatuak eskatu beharko du eta Nafarroako Mahastizaintza eta Enologia Zentroaren baimena jaso.

9. artikulua. Laguntzak emateko lehentasun irizpideak.

1. 2007-2008ko ekitaldian FEAGAtik Nafarroako Foru Komunitatearen esku utzitako diru kopuruak, lehenik eta behin, aurreko ekitaldietan aurkeztu eta onetsita dauden berregituratze eta moldatze planetan erabiliko dira, zaharrenetik hasita, eta gero, 2007-2008 kanpainan foru agindu honen arabera aurkeztutako planetan, FEAGAk Nafarroaren esku utzitako aurrekontuaren zenbatekoa agortu arte.

2. Plan berrientzat, eskatzaileen kategoria hurrenkera honi jarraituz emanen dira banakako laguntzak, zein den ere haien taldekako plana:

a) Nekazari gaztea, Gizarte Segurantzako Nekazaritzako Araubide Berezian inskribatua edo beren kontura ari diren Langileen Araubide Berezian, edo autonomoetan, nekazaritza jarduera dela eta.

b) Ogibide nagusia nekazaritza duena.

c) Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistroan lehentasuna duten ustiategiak.

d) Nafarroako Nekazaritzako Elikagai Industrien Erregistroan inskribatutako ardandegi elaboratzaileak.

e) Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistroan inskribatuta dauden bestelako nekazaritzako ustiategiak.

3. Orobat, eskatzaile kategoria bakoitzaren barrenean, taldekako plan berrientzat ezartzen den lehentasun hurrenkerari jarraituko zaio, puntuazio honen arabera:

a) 10 puntu nekazari gazte bakoitzeko, Gizarte Segurantzako Nekazaritzako Araubide Berezian edo beren kontura ari diren Langileen Araubide Berezian edo autonomoetan, nekazaritza jarduera dela eta, inskribatuta baldin badago.

b) 7 puntu, ogibide nagusia nekazaritza duen bakoitzeko.

c) 7 puntu, Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistroan lehentasuna duen ustiategi bakoitzeko.

d) 5 puntu, Nafarroako Nekazaritzako Elikagai Industrien Erregistroan inskribatutako ardandegi elaboratzaile bakoitzeko.

e) 2 puntu, Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistroan inskribatuta dagoen bestelako nekazaritzako ustiategi bakoitzeko.

f) Gainerakoetan, puntu bat bakoitzeko.

4. Plan berrien eskatzaileen artean berdinketa badago, hurrenkera hau hartuko da kontuan lehentasuna emateko:

_Amaierako lurzatien artean hasierako lurzatien indize handiena izatea.

_Lur gutxien berregituratu edo moldatzen duten parte-hartzaileak.

10. artikulua. Laguntzen ordainketa.

1. Neurri guztiak hartu izanaren jakinarazpena idatziz eginen da, 2008ko maiatzaren 20a baino lehen.

2. Lurzatietan neurriak guztiz hartu direla eta onetsitako planei lotzen zaizkiela frogatutakoan ordainduko dira laguntzak. 2008ko maiatzaren 20a baino lehen ziurtatuko da neurriak hartu direla.

11. artikulua. Itzuli beharra, betebeharrak bete ezean.

Foru agindu honetako 5. artikuluko 2. zenbakian aipatzen den gutxieneko hamar urteko epean laguntzen onuradunak planetan sarturiko eremuak landatuta eduki beharra betetzen ez badu, eman zaion laguntza itzuli beharko du eta, bidezko bada, interesak ere bai.

Azken xedapen bakarra._Indar hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2007ko apirilaren 27an._Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilaria, José Javier Echarte Echarte.

ERANSKINA

Mahastia berregituratu eta moldatzeko kostua (eurotan, hektarea bakoitzeko)

Erauztea: 421

Lurzorua prestatzea: 962

Landaketa

Landarea eta landaketa (unitatea): 2,07

Beste kostu batzuk: 240

Lantzearen kostua (2 urte): 1.052

Besatara jartzea: 2.705

Ontzitik besatarako mahastira bihurtzea (besatarakoa barne): 2.849

Desinfekzioa: 2.104

Harriak kentzea: 391

Lurra berdintzea: 601

Untxien kontrako babesa: 1.202

Oraingo barietatearen gainetik txertatzea

Txertoa (unitatea): 0,60

Beste kostu batzuk: 1.202

Iragarkiaren kodea: F0707227