155. ALDIZKARIA - 2007ko abenduaren 14a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

2243/2007 EBAZPENA, azaroaren 8koa, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak emana, Ingurumen baimen integratua ematen duena Oltza-Ororbiako udal mugapean motelgailuak fabrikatzeko. Jardueraren titularra KYB Suspensions Europe, S.A. da.

2006ko abenduaren 1ean, KYB Suspensions Europe, S.A.k Ingurumen baimen integratua eskatu zion Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari, Oltza-Ororbian duen instalazio industrialerako.

Egina dagoen instalazio hori Kutsaduraren aurkako aurreneurri eta kontrol integratuei buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legearen I. eranskineko 2.6 ) epigrafean dago jasota, "Prozedura elektrolitiko edo kimikoaren bidez, metalen eta material plastikoen gainazalen tratamendurako instalazioak, tratamendurako erabiltzen diren kubeta edo linea osoen bolumena 30 m³-tik gorakoa denean" izenekoan. Horren ondorioz, Ingurumen baimen integratuaren araubidearen menpe dago.

Era berean, Ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen 2B eranskineko 2.6 epigrafean dago jasota, " Prozedura elektrolitiko edo kimikoaren bidez, metalen eta material plastikoen gainazalen tratamendurako instalazioak, tratamendurako erabiltzen diren kubeta edo linea osoen bolumena 30 m³-tik gorakoa denean" izenekoan. Horren ondorioz, Ingurumen baimen integratuaren araubidearen menpe dago.

Industria establezimendua ez dago ekainaren 16ko 1254/1999 Errege Dekretuaren aplikazio eremuan. Istripu larriek sortzen dituzten arriskuak kontrolatzeko neurriak onetsi zituen dekretu horrek, gai arriskutsuak tarteko diren kasuetarako.

Egin den tramitazio administratiboaren laburpena ebazpen honen VII. eranskinean dago. Interesdunari entzunaldia emateko tramitean, proiektuaren aurkako alegazio batzuk aurkeztu dira. VI. eranskinean, aurkeztutako alegazioei emandako erantzunak ageri dira.

Ingurumenaren arloko eskumenak Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiari, Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuko zuzendariari eta Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariari eskuordetzen dizkien urriaren 10eko 426/2007 Foru Dekretuaren bidez eskuratu ditudan ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

Lehena.-Ingurumen baimen integratua ematea Oltza-Ororbiako udal mugapean motelgailuak fabrikatzeko instalazio baterako. Instalazioaren titularra KYB Suspensiones Europe, S.A. da.

Bigarrena.-Jarduera hori Ingurumen baimen integratua eskatzeko oinarrizko proiektuan eta 1008/06 (AAI) espediente administratiboko agiri osagarrietan aipatzen diren baldintzei jarraituz garatzea eta betiere ebazpen honen II. eta III. eranskinetan aipatzen diren neurriak betez.

Hirugarrena.-Ingurumen baimen integratu honek zortzi urteko indarraldia du. Iraungi baino gutxienez ere hamar hilabete lehenago, titularrak baimena berritzeko eskatu beharko du, Ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 30. artikuluan xedatutakoarekin bat. Erregelamendu hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuak onetsi zuen.

Laugarrena.-Jarduera edonola ere aldatzeko, titularrak aldez aurretik Ingurumenaren eta Uraren Zuzendaritza Nagusiari jakinarazi beharko dio. Arrazoiak emanda, adierazi beharko du funtsezko aldaketa den edo ez, Ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legeko 11. artikuluan xedaturikoarekin bat.

Bosgarrena.-Instalazioak Hondakin Arriskutsuen Sortzaileen Erregistroan duen inskripzioa bere horretan uztea (P/7/NA/1998 zenbakia), hondakin arriskutsuak sortzen dituen zentro gisa. Hondakin arriskutsuak sortzen dituen jarduera A240 da, hots, "Eraikuntza mekanikoa, elektrikoa eta elektronikoa", Hondakin toxiko eta arriskutsuei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Legea betetzeko Erregelamenduaren I. eranskineko 6. taularen arabera (uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuak onetsia). Sortzen diren hondakin arriskutsuak Ingurumen baimen integratu honen III. eranskinean ageri dira. Hondakin arriskutsuen sorreran gertatzen den edozein aldaketa jakinarazi beharko da, erregistratzeko eta, bidezkoa bada, aipatutako III. eranskin horretan sartzeko.

Seigarrena.-Instalazioa hondakinen barne kudeaketarako zentro bezala inskribatzea (GI/16/NA/2007 zenbakia). Kudeatzen ahalko dituen hondakinak Ingurumen baimen integratu honen IV. eranskinean ageri dira. Hondakinen barneko kudeaketan egiten diren aldaketak jakinarazi beharko dira, erregistratzeko eta, bidezkoa bada, lehen aipatutako IV. eranskinean sartzeko.

Zazpigarrena.-Titularrak aurkeztutako Hondakin arriskutsuak ahalik eta gehien gutxitzeko azterlana onestea, ekainaren 20ko 952/1997 Errege Dekretuaren bigarren xedapen gehigarrian xedatutakoarekin bat.

Zortzigarrena.-Ontzien hondakinen prebentziorako enpresen plana onetsi da. Ontziei eta ontzi hondakinei buruzko apirilaren 24ko 11/1997 Legearen 7. xedapen gehigarrian ezarritakoaren arabera, ontziratzaileek plan hori egin eta autonomia erkidegora igorri beharko dute hiru urtetik behin, apirilaren 30eko 782/1998 Errege Dekretuan zehaztutako ontzi hondakin kopurua sortu dezaketen produktu ontziratuak edo industria edo merkataritza ontziak merkaturatzen badituzte. Ontzi hondakin horien sorrera eta kaltegarritasuna ahal den txikiena izateko eta jatorrian aurrea hartzeko neurriak ezarririk daude titularrak aurkeztu duen dokumentazioan, hobekuntza teknikoen barruan.

Bederatzigarrena.-2008ko abenduaren 31 baino lehenago, titularrak irekitzeko baimena eskatu beharko du, Ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 40. artikuluan eta foru agindu honen II. eranskinean ezartzen diren baldintzetan xedatutakoarekin bat. Aipatutako erregelamendua abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen.

Hamargarrena.-Departamentu honek araudi sektorial aplikagarriaren ondorioz baimenaren xede den jarduera edo instalaziorako emandako baimenak eta gainerako administrazio egintzak indarrik gabe uztea, betiere ebazpen honetan espresuki haiei buruz egindako adierazpena badago.

Hamaikagarrena.-Ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.

Hamabigarrena.-Adieraztea ebazpen honek ez duela administrazio bidea agortzen eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, horren kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dutela, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epe horiek ebazpen honen jakinarazpena egin edo, bestela, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik aurrera hasiko dira kontatzen.

Hamahirugarrena.-Ebazpen hau jakinaraztea KYB Suspensions Europe, S.A.ri, Oltzako Udalari, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuari, NILSAri eta Nafarroako Larrialdietako Agentziako Babes Zibilerako Zuzendaritzari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2007ko azaroaren 8an.-Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusia, Andrés Eciolaza Carballo.

Oharra: foru agindu honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura daude, Ingurumenaren eta Uraren Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan, Iruñeko Armada etorbideko 2ko behean (8. solairua, Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzua) eta Nafarroako Gobernuko web atarian, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren sailean, ingurumen baimenak kontsultatzeko atalean.

Iragarkiaren kodea: F0717494