101. ALDIZKARIA - 2006ko abuztuaren 23a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

MARTZILLA

Enpresak paratzeko inbertsioetarako dirulaguntzak arautzen dituen ordenantza. Behin betiko onespena

Martzillako Udalak, 2006ko martxoaren 31n egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Enpresak paratzeko inbertsioetarako dirulaguntzak arautzen dituen udal ordenantza.

Hasierako onespenaren erabakia 2006ko 57. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen, maiatzaren 12an, eta jendaurreko epean ez da alegaziorik aurkeztu; hortaz, ordenantza hori behin betikoz onetsi eta osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

Martzillan, 2006ko uztailaren 17an._Alkatea, José María Abárzuza Goñi.

ENPRESAK PARATZEKO INBERTSIOETARAKO DIRULAGUNTZAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA

Zioen azalpena

Espainiako Konstituzioaren 35. artikuluak aldarrikatzen du espainiar guztiek eskubidea dutela lan egin, lan horren bidez hobetu eta beren nahiz familiakoen beharrei erantzuteko adinako lansaria jasotzeko.

Administrazio publiko bat bera ere ez daiteke gelditu herritarren ongizatearekin hain lotura estua duen eskubide hau gauzatzeko aukeretatik kanpo. Toki entitateek eta bereziki Martzillako Udalak, beren eskumen eta baliabideek uzten dieten neurrian, lagundu dezakete eta laguntza eman behar dute eskubide hau gauzatzen, herritarren behar eta nahi guztien artean gailentzen den eskubidea baita. Are gehiago ekonomia eta lan merkatuaren egungo egoeran, enpleguaren ez-egonkortasunagatik eta lana herri handietan pilatzeagatik langileak _gazteak, batez ere_ beren bizitokietatik urrun joan behar duten garaian.

Toki entitateen garapen orekaturako politiketan lehentasunekoa da lanpostuak herritarrengandik ahalik eta hurbilen egotea, haien garapena hobea izan dadin.

Oro har, enpresak Martzillara ekartzea du xede ordenantza honek; horretarako, dirulaguntzak emanen zaizkie udalerrian kokatu nahi diren enpresei.

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Ordenantzaren oinarri juridikoa.

Ordenantza hau ezarri da Toki Araubideko Oinarriak arautzen dituen Legearen 4-1-a) artikuluan toki entitateei, oro har, aitortzen zaien erregelamendu ahalmena erabiliz. Ordenantzaren arrazoia: bizilagunen interes publikoa kudeatu beharrez, Nafarroako toki entitateek eskumena dute erakunde publiko nahiz pribatuekin eta partikularrekin elkarlanean aritzeko, laguntza ekonomikoak emanez, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 221.etik 223.era bitarteko artikuluetan ezarri moduan.

2. artikulua. Ordenantzaren xedea.

Ordenantza honek inbertsioetarako dirulaguntzak arautzea du xede, enpresak udalerrian koka daitezen..

3. artikulua. Lurralde eremua.

Ordenantza hau Martzillako udal mugapean kokatu gogo diren enpresei aplikatuko zaie.

4. artikulua. Onuradunak.

Laguntza hauen onuradunak izanen dira herrian kokatu nahi duten enpresak, Martzillako langileak dituztenak, batez ere.

Ordenantza honetako onurak baliatu ahalko dituzte soil-soilik Martzillako udal mugapean berritik ezartzen diren enpresek, eta ez dira onuradunak izanen enpresaren helbidea aldatu baino egiten ez duten enpresak, Martzillako udal mugapean inolako presentziarik, jarduerarik edo ekoizpen errealik izan gabe.

5. artikulua. Laguntza motak.

Martzillako Udalak, araubide honen babesean, laguntza mota hauek ematen ahal ditu:

a) Fondo galdurako dirulaguntzak, enpresak instalatzeko egindako inbertsioetarako; betiere, eskaera eta deialdi publikoa burutu aurreko bi urteetan egindako inbertsioetarako. Dirulaguntza, gehienez ere, ondoko portzentajeen adinakoa izan daiteke:

_Eraikin, obra eta instalazioak egiteko aurrekontuaren %3,29, enpresak berritik ezartzeko edo daudenak handitzeko. Kontzeptu honen bidezko dirulaguntza eta b) letran aurreikusitakoa bateraezinak dira.

b) Fondo galdurako dirulaguntzak, lurrak Martzillako udal mugapean erosteko, haietan industriako edo merkataritzako jarduerak ezartzeko. Kontzeptu honen bidezko dirulaguntza eta a) letran aurreikusitakoa bateraezinak dira.

c) Enpresa berriak ezartzeko beharrezkoak diren azpiegiturak sortzen edo hobetzen laguntzea. Laguntza hori gauzatzeko, banan- banako hitzarmenak sinatuko dira Martzillako Udalaren eta interesa duten enpresen artean.

d) Hirigintza modu eraginkorrean garatu dadin, hitzarmenak sinatuko dira, ahal den heinean, udal planeamenduaren kudeaketa eta exekuzioan ahal den neurrian laguntzearren, industriarako lurzoru erabilgarria sor dadin.

6. artikulua. Aurrekontuaren muga orokorra.

Udalak urteko aurrekontuan ontzat jotzen duen kontusaila da ordenantza honen babespean onartzen diren dirulaguntzen muga, eta Martzillako Udala ez dago behartua ekitaldi bakoitzeko aurrekontuan zehaztutako diru-muga horretatik goiti.

7. artikulua. Betebeharrak eta baldintzak.

Araubide honetako laguntzez baliatu ahal izateko, ondoko beharkizun eta baldintzak beharko dira bete:

a) Dirulaguntzaren xedeko inbertsioak Martzillan egin beharko dira; 150.000 euroko inbertsioa izanen da, gutxienez, jarduera ezartzeko erositako lurraren balioa kenduta.

b) Inbertsioa zein ondasunetan egiten den, haien jabea izan beharko du enpresa onuradunak.

c) Enpresa onuradunak ez du zorrik izanen tributu arloko betebeharretan ezta Gizarte Segurantzarekin ere.

d) Enpresa onuraduna kaudimenduna izanen da alderdi ekonomiko, finantzario eta teknikoei dagokienez.

8. artikulua. Onuradunaren betebeharrak.

Laguntzen hartzaileak betebehar hauek ditu:

a) Dirulaguntzarako eskaeran ezarritako epean eginen ditu inbertsioak, eta Martzillako Udalari jakinarazi beharko dio noiz burutu eta noiz jarri diren abian, hori gertatu eta hilabeteko epean, eta dirulaguntzak jasoko dituela jakinarazi aitzin burutu eta abian jarri badira, jakinarazpen horretatik hilabeteko epean.

b) Udalari igorriko dizkio, Udalak berak zehaztuko duen moduan, egindako inbertsioen eta sortutako lanpostuen edo aurretik zirenen egiaztagiriak, eta inbertsioak benetan egin diren eta hartutako konpromisoak bete ote diren ziurtatzeko ikuskapen eta egiaztapenetan lagunduko du.

c) Dirulaguntzaren xedeko ondasunak Martzillan eta enpresaren jarduerari atxikiak edukiko ditu, gutxienez ere 15 urtez. Epe hori inbertsioak abiarazten direnetik aitzina kontatuko da.

d) Martzillako Udalari datu, agiri eta egiaztapenak eman beharko dizkio, Udalak, dirulaguntzen segimendua eta kontrola egiteko, beharrezkotzat jotzen dituen guztiak, alegia.

II. KAPITULUA

Prozedura

9. artikulua. Prozedura.

a) Aurrekontuko dirua.

Udalak, osoko bilkuran, urtero erabakiko du udal aurrekontuan zenbat diru jarri ordenantza honen helburuak betetzeko.

b) Deialdi publikoa.

Ordenantza honetako 5. artikuluko a) eta b) ataletako dirulaguntza emateko, Martzillako Udalak deialdi publikoa prestatuko du urtero, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean eta Udalaren iragarki oholean argitaratuko dena, interesa duten enpresek, baldin eta onuradun izateko beharkizunak betetzen badituzte, deialdiko epearen barrenean eskabidea aurkez dezaten.

Gainerako dirulaguntza motei dagokienez, Martzillako Udalak dirulaguntzak zehazteko hitzarmenak sinatuko ditu interesa duten enpresek aldez aurretik eskaera aurkeztu eta, betiere, baldintzak negoziatuta.

Interesa duten enpresekin burutu beharreko negoziazioetan, alkate udalburuaz gain, alkateak berak izendatutako udalbatzako kideek hartuko dute parte. Nola nahi den ere, Martzillako Udaleko osoko bilkura izanen da organo eskuduna negoziazioaren ondotik enpresa eskatzailearekin gauzatzen ahal diren hitzarmenen sinadura baimentzeko.

Ordenantza honetan arauturiko laguntzak baliatu nahi dituztenek eskabidea aurkeztuko dute alkateari zuzendutako eskaera eginez, eta eskabidearekin batera, ondoko agiriak:

a) Eskatzailearen izaera fisikoaren edo juridikoaren egiaztagiriak

b) Enpresa eskatzailearen kaudimen ekonomikoaren egiaztagiriak.

c) Enpresa eskatzailearen kaudimen teknikoaren egiaztagiriak.

d) Garatu beharreko jarduerari edo instalazioari buruzko txostena, non adieraziko baitira azalera, behar diren langileak eta haien kualifikazioa (lekualdatzeak edo lanpostu berriak diren), fakturazioa, makineria edo instalazio teknikoak, garapenaren gaineko aurreikuspenak, inbertsio aurreikusiak, enpresa talde baten partaide ote den eta Martzillako Udalaren osoko bilkurak dirulaguntzaren gaineko erabakia har dezan beharrezkoak izan daitezkeen gainerako guztiak. Udalak beharrezkotzat jotako agiriak aurkezteko eskatu ahal izanen du, dirulaguntza emateko beharkizunak eta baldintzak betetzen diren egiaztatzeko.

e) Eskumena.

Martzillako Udalaren osoko bilkurari dagokio aurkezturiko eskaeren gaineko ebazpena ematea.

f) Administrazioaren isiltasuna.

Udaletxean eskabidea eta agiri osagarriak aurkeztu eta hiru hilabete iraganik Udalak berariazko ebazpenik eman gabe, eskaera ezetsi dela ulertuko da.

III. KAPITULUA

Laguntzen ordainketa

10. artikulua. Dirulaguntzaren ordainketa.

Laguntzak, inbertsioa egiteko dirulaguntza zuzenak direnean, ez dira ordainduko enpresa onuradunak Martzillako Udalari jakinarazi arte haiek bukatu eta abian jarri direla, eta Udalak berak zehaztu moduan, egindako inbertsioen eta sortutako lanpostuen edo aurretik zirenen egiaztagiriak Udalari igorri arte.

Horretarako, baimena zer ekitalditarako den, hurrengo ekitaldietara luzatu beharreko gastuen gaineko konpromisoak ere hartzen ahalko dira, gastu horiek xedatu aurreko legezko tramiteak ekitaldian berean hasten badira eta konpromiso horiek ez badituzte gainditzen Martzillako Udalak ekitaldi bakoitzerako ezartzen dituen mugak.

Behar diren egiaztapenak egindakoan, Martzillako Udalak laguntzak ordaintzeko ebazpena emanen du.

Dirulaguntzen enpresa onuradunek kobratu aitzin egiaztatu beharko dute tributu arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzari dagozkionak eguneratuak dituztela.

Tributu arloko betebeharrak eginak daudela egiaztatzeko, agiri hauek aurkeztuko dira:

_Zerga Administrazioaren Agentziaren egiaztagiria.

_Jarduera ekonomikoen gaineko zergako alta eta azken ordainagiria.

_Nafarroako Foru Ogasunak emandako egiaztagiria, Foru Ogasunarekin zerga arloko zorrik ez dagoela egiaztatzeko.

Gizarte Segurantzarekiko eginbidea beterik dagoela egiaztatzeko, Gizarte Segurantzaren Diruzaintzako Lurralde Bulegoaren egiaztagiria aurkeztuko da.

Zorrak geroratuak nahiz zatikatuak badaude edo, inpugnazioaren ondorioz, bertan behera uztea erabaki bada, egoera horren gaineko ebazpena aurkeztu beharko da.

IV. KAPITULUA

Arau-hausteak eta zehapenak

11. artikulua. Laguntzak deuseztatzea, arau-hausteak eta zehapenak.

Zortzigarren artikuluan ezarritako betebeharrak huts egiten badira, enpresa onuradunak emandako datu eta argibideak faltsutu edo aldatzen baditu, egiaztapen lanak oztopatzen badira edo laguntzak eman eta ordaintzeko erabakigarriak diren egintza edo gorabeherak ezkutatzen badira, emandako onurak deuseztatuko dira, hartutakoak itzuli beharko dira eta eta berandutzaren korrituak eskatuko dira.

Aipatutako kasuetan, behar den espedientea tramitatuko da kontraesanaren eta probaren printzipioen arabera, eta onuradunari entzutea emanen zaio. Espedientean beharrezkotzat jotzen diren proba eta alegazioak bilduko dira, eta Martzillako Udaleko osoko bilkura izanen da dirulaguntzak ebatzi edo ezesteko organo eskudun bakarra.

V. KAPITULUA

Azken xedapena

12. artikulua. Indarraldia.

Ordenantza honek testu osoa Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iragarkiaren kodea: L0612432