101. ALDIZKARIA - 2006ko abuztuaren 23a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak

721/2006 EBAZPENA, uztailaren 5ekoa, Eskola eta Lanbide Irakaskuntzaren zuzendari nagusiak emana, gizarte ekimeneko ikastetxeetan obrak egiteko dirulaguntzen deialdiko oinarriak onesten dituena.

Ikastetxeen eta Ikasketetarako Laguntzen Zerbitzuak txostena aurkeztu du, eta bertan eskatu du gizarte ekimeneko ikastetxe itunduetan inbertsioak egiteko dirulaguntzak emateko prozedura eta baldintzak arautzen dituen deialdiaren oinarriak onets daitezela. Inbertsio hauen xedea da lehenik eta behin Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako hezkuntza lerro osoetako eta ondoren Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako hezkuntza ziklo osoetako matrikulen hazkundeari erantzutea, ikastetxeko gaurko tokia handituz, aldatuz edo beste modu batean banatuz. Proiektuek aldez aurretik Hezkuntza Departamentuaren baimena behar dute.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1.d) artikuluan esleitutako ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Gizarte ekimeneko ikastetxeetan obrak egiteko dirulaguntzen deialdia onestea.

2. Gizarte ekimeneko ikastetxeetan obrak egiteko dirulaguntzen deialdiko oinarriak onestea. Aipatu oinarriak Ebazpen honen eranskinean agertzen dira.

3. Ebazpen honetatik etorritako konpromisoei erantzuteko, 200.001 euroko gastua baimentzea. 2006ko Gastuen Aurrekontuetako "Gizarte Ekimeneko ikastetxeetan obrak egiteko dirulaguntzak" izeneko 410001-41120-7819-325102 kontusailaren kontu ordainduko da.

4. Ebazpen hau eta deialdi honetako oinarriak argitara ematea Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean.

5. Ebazpen honen eta berori arautzen duten oinarrien aurka, bidezko da gora jotzeko errekurtsoa paratzea, Hezkuntza kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

6. Ebazpen hau igortzea Eskola eta Lanbide Irakaskuntzaren zuzendari nagusiari, Ogasun Departamentuak Hezkuntzakoan duen kontu-hartzaileari, Ikastetxeen eta Ikasketetarako Laguntzen Zerbitzuari, Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzuari, Eraikuntza Bulegoari eta Obra Atalari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2006ko uztailaren 5ean._Eskola eta Lanbide Irakaskuntzaren zuzendari nagusia, Fermín Villanueva Ferreras.

GIZARTE EKIMENEKO IKASTETXEETAN OBRAK EGITEKO DIRULAGUNTZEN DEIALDIA

Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak, 2006ko Nafarroako Aurrekontu Orokorrean ezarritakoa betetzeko xedearekin, deialdi hau egin du, ondoko oinarriei jarraikiz

OINARRIAK

1. Helburua.

Ebazpen honek aintzat hartzen dituen dirulaguntzak gizarte ekimeneko ikastetxeetan egiten diren obrak ordaintzeko izango dira.

2. Onuradunak.

Gizarte ekimeneko ikastetxe itunduetako titularrek eskatu ahal izango dituzte deialdi honetan araututako dirulaguntzak.

3. Xedea.

Lehenik eta behin, Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako hezkuntza lerro osoetako eta ondoren Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako hezkuntza ziklo osoetako matrikulen hazkundeari erantzutea, ikastetxeko gaurko tokia handituz, aldatuz edo beste modu batean banatuz. Proiektuek aldez aurretik Hezkuntza Departamentuaren baimena behar dute.

Obrak 2006ko udan egin beharko dira. 2006ko azaroaren 30a baino lehen obra horien gastua justifikatu beharko da.

Ez dira diruz lagunduko bestelako ekintzak, hala nola urbanizazio-obrak, lehendik zeuden eraikinen edo instalazioen eraberritze-lanak eta ekipamendu berrien erosketa.

Ez dira eraikin berrien eraikuntza diruz lagunduko, ikastetxeak, bere hazkuntzaren ondorioz, espazio nahikorik ez badu, eta hori dela eta lekuz aldatu eta beste orube batean eraikin berriak eraikitzen badira.

Jarduerak bestelako administrazio edo entitate batzuen aldetik dirulaguntzen xede izan badira edo izan badaitezke, halaxe jakinarazi beharko da eskaeran, zenbat diru hartu den edo hartzekoa den adieraziz. Orobat, jakin bezain laster eta betiere justifikazioaren aurretik, jakinarazi beharko dira diruz lagundutako jarduera finantzatzeko jasotako bestelako dirulaguntzak, laguntzak, diru sarrerak edo baliabideak.

4. Dirulaguntzen zenbatekoa.

Emango den dirulaguntzaren zenbatekoa ez da deialdi honen xede diren obrak egiteko gastuaren ehuneko 50 baino gehiago izango. Dirulaguntzetan ezin izango da banatu aurrekontuan horretarako aurreikusita dagoena baino diru gehiago.

Balorazio irizpideen arabera gutxienez 50 puntu lortu eta deialdi honetako oinarriak betetzen dituzten ikastetxeei zenbateko bat emanen zaie, betiere egin asmo den inbertsioaren kostuaren 100eko 50 gainditu gabe. Zenbateko hori kalkulatuko da aurrekontuetako dirua onetsiriko arauen arabera dirulaguntzen xede izan daitezkeen obra kopuruekin proportzionalki zatituz.

5. Onuradunen betebeharrak.

a) Onuradunek bete beharko dituzte Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 13. artikuluan aurreikusitako betebeharrak.

b) Deialdi honek arautzen dituen dirulaguntzak eskatu nahi dituzten ikastetxe pribatuetako titularrek frogatu beharko dute diruz laguntzea eskatzen dituzten obren beharra benetakoa dela, lehendik duten tokia nahikoa ez delako ikastetxearen hazkundearen ondorioz eta toki nahikorik ez dutelako.

6. Eskaerak eta betebeharren frogagiriak aurkezteko epea eta tokia.

Eskaerak aurkezteko epea deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita hogeigarren egunean bukatuko da. Eskaera eredua I. eranskinean ageri da.

Laguntzen eskaerak Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorrean edo Hezkuntza Departamentuko Erregistroan aurkeztuko dira, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 38.4 artikuluan xedaturikoa deusetan galarazi gabe. Eskaerarekin batera, hurrengo agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Dirulaguntza eskatzailearen ardurapeko aitorpena. Bertan adierazi beharko du onuraduna izateko betetzen dituela Dirulaguntzen 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluaren betebehar orokorrak.

b) Ikastetxearen aitorpena, dirulaguntzaren xede diren obrak egiteko harturiko edo hartu beharreko laguntzak azaltzen dituena.

c) Zerga ondorioetarako, helbidea Nafarroan ez duten ikastetxeek dagokion Zerga Administrazioaren ziurtagiri bat aurkeztuko beharko dute; bertan adierazi beharko dute zerga betebeharrak beteta dituztela.

d) Gizarte Segurantzako betebeharrak beteta dituztelako ziurtagiria.

e) Obra-proiektua: obren memoria eta plano deskribatzailea, non agertuko diren aurrekontu osoa eta xehatua (eraikinetan egingo den gastua, ordainketak, udal baimena, eta abar).

f) Ikastetxearen aitorpena, non azalduko den zenbat ikaspostu dituen eta ikastetxearen hobekuntzak zenbat ikasleri onura ekarriko dien.

g) Obrak finantzatzeko plana.

Ardurapeko aitorpenaren eredua II. eranskinean ageri da.

Dirulaguntzaren eskaera osorik bete gabe aurkezten baldin bada, edo hura baloratzeko alderdi garrantzitsuen egiaztapena nahikoa ez bada, eskatzaileari eskatuko zaio akats horiek zuzen ditzala, jakinarazi eta biharamunetik 10 eguneko epean, gehienez ere.

7. Baloratzeko irizpideak.

Aurkeztutako eskaerak baloratzeko honako irizpide hauek hartuko dira kontuan:

a) Lehenik eta behin, Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako hezkuntza lerro osoetako eta ondoren Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako hezkuntza ziklo osoetako matrikulen hazkundea: 50 puntu arte.

b) Obrak zenbateraino diren beharrezkoak ikastetxea LOEk ezarritako baldintzetara egokitzeko: 25 puntu arte.

c) Sortuko diren gune berriak noraino erabili eta aprobetxatuko diren eta obra horiek noraino aseko dituzten eskolatze beharrak: 25 puntu arte.

50 puntu edo gehiago lortzen dituztenek dirulaguntza jaso ahal izango dute.

8. Organo eskudunak eta ebazteko epea.

Ikastetxeen eta Ikasketetarako Laguntzen Zerbitzuko zuzendariari dagokio dirulaguntzak emateko prozeduraren instrukzioa egitea.

Instrukzio organoak eskaerak ebaluatuko ditu eta ebazpenaren proposamena igorriko dio Eskola eta Lanbide Irakaskuntzaren zuzendari nagusiari.

Orobat, Ikastetxeen eta Ikasketetarako Laguntzen Zerbitzuko zuzendariaren txostena beharrezkoa izango da; txosten horretan adieraziko da onuradunek dirulaguntzak jasotzeko betebehar guztiak betetzen dituztela.

Eskola eta Lanbide Irakaskuntzaren zuzendari nagusiak, ebazpenaren proposamena ikusita, dirulaguntzak emateko Ebazpena emango du, eskaerak aurkezteko epea amaitu eta hilabeteko epean. Epe horretan berariazko ebazpenik ez bada, eskaera ezetsia dela ulertuko da.

Berariazko edo ustezko ezezpenaren kontra gora jotzeko errekurtsoa paratu ahal izango Hezkuntza kontseilariari zuzendua, Administrazio Prozedura Erkideari gaineko legediarekin bat etorriz.

Ebazpena Diario de Navarran argitaratuko da; horrela, interesatuei jakinaraziko zaie.

9. Betebeharrak.

Onuradunek eginbehar hauek izanen dituzte:

a) Deialdiaren xede diren eraikitze lanak egitea.

b) Eskola eta Lanbide Irakaskuntzaren Zuzendaritzari justifikatzea dirulaguntzaren xede diren obrak egin direla.

c) Eskola eta Lanbide Irakaskuntzaren Zuzendaritza Nagusiak lan horiei buruz egin lezakeen edozein ikuskapen onartzea.

d) Organo emaileari jakinaraztea diruz lagundutako jarduera finantzatzeko eskatutako edo jasotako bestelako dirulaguntzak, laguntzak, diru sarrerak edo baliabideak. Jakin bezain laster eta betiere justifikazioaren aurretik, jakinarazi beharko dira.

e) Zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzako betebeharrak beteta izatea, dirulaguntzak emateko ebazpenaren proposamena ematen denean.

f) Kontabilitate liburuak, eginbide erregistroak eta gainerako dokumentu auditatuak edukitzea.

g) Jasotako fondoen aplikazioen frogagiriak gordetzea.

h) Obren finantzaketaren publizitatea egitea; horretarako, obretan publizitate kartel bat jarriko da eta bertan adieraziko da finantzaketa publikoa dela.

i) Jasotako fondoak itzultzea, 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan jasotako kasuak gertatzen badira.

j) Diruz lagundutako obrak 2006ko azaroaren 30a baino lehen amaitzea.

Jasotako zenbatekoa, osorik edo hein batean, hurrengo paragrafoko kasuetan itzuli beharko da. Berandutzagatiko korrituak eskatuko dira, dirulaguntza ordaintzen denetik kontatzen hasita eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan ezarritakoa aplikatuko da kopurua kalkulatzeko. Ondoko kasuetan:

a) Justifikatzeko beharra ezarritako moduan eta epeetan betetzen ez denean.

b) Dirulaguntzaren xede diren lanak egiten ez direnean.

c) Eskola eta Lanbide Irakaskuntzarako Zuzendaritza Nagusiaren nahitaezko baimena izan gabe proiektua aldatzen denean.

d) 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan aurreikusitako gainerako kasuetan.

10. Justifikatzeko epea eta modua.

Obrak amaitzen direnean, emandako dirulaguntza ordaintzeko eskaera aurkeztuko da; horrekin batera, obra amaierako ziurtagiria edo obraren fakturak ere aurkeztuko dira; betiere, 2006ko azaroaren 30a baino lehen.

Diruz laguntzeko gastua 30.000 eurotik gorakoa denean, onuradunak egiaztatu beharko du obra-egilea hautatzeko eraginkortasun eta ekonomia irizpideak erabili direla; horretarako, bi eskaintza baino gehiago aurkeztu beharko dira, baita hautatutako eskaintzaren txosten justifikatua ere. Dirulaguntza ordaintzeko eskaerarekin batera aurkeztuko dira dokumentu horiek.

11. Ordainketa.

Obrak burutu direla egiaztatzen denean, dirulaguntza ordainduko da. Obrak burutu direla egiaztatzeko, obra amaierako ziurtagiria edo egindako gastuaren faktura-frogagiriak aurkeztuko dira.

Egindako inbertsioa, dirulaguntza kalkulatzeko kontuan hartu zen inbertsioa baino txikiagoa denean, dirulaguntza emateko ebazpena aldatuko da.

12. Emandako dirulaguntzen publizitatea.

Ikastetxeen eta Ikasketetarako Laguntzen Zerbitzuak Hezkuntza Departamentuko http://www.navarra.es/home-es/ Catalogo+de+servicios/Ayudas/Educacion web orrialdean argitaratuko ditu emandako dirulaguntzak; bertan aditzera emango dira, halaber, deialdia, programa, aurrekontu kreditua, onuraduna, emandako kopurua eta dirulaguntzaren xedea.

13. Arau-hausteak eta zehapenak.

Arau-hauste eta zehapenei dagokienez, Dirulaguntzei buruzko 11/2005 Foru Legearen 42. eta 43. artikuluetan ezarritakoari jarraituko zaio.

14. Errekurtsoak.

Oinarri hauen kontra gora jotzeko errekurtsoa paratu ahal izango da Hezkuntza kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

1. ERANSKINA

Izen-abizenak: ......................, NAN/IFZ: ..................., Helbidea: .................. (kalea/plaza/etorbidea), PK: ........... telefonoa: ....................., f Titularra edo f ondoko ikastetxearen legezko ordezkaria: .................., NAN/IFZ: ................, helbidea: .................... (kalea/plaza/etorbidea), PK: .........., telefonoa: ....................

Norentzat: Ikastetxeen eta Ikasketetarako Laguntzen Zerbitzuarentzat.

Dirulaguntza eskatzen dut, gizarte ekimeneko ikastetxeetan eraberritze-obrak egiteko.

AITORTZEN DUT ikastetxeak egun dituen ikaspostuak ondokoak direla:

Zenbat ikaspostu dauden baimenduta Ilastetxean egingo diren hobekuntza lanen onura zenbat ikaslek jasoko duten.

Eskaera honekin batera, ondokoak aurkezten ditut:

1._Obra proiektua, ondokoak ekarriko dituena: obren memoria eta plano deskribatzailea, non agertuko diren aurrekontu osoa eta xehatua (eraikinetan egingo den inbertsioa).

2._Obrak finantzatzeko plana.

..............(e)n, 200....(e)ko ...........aren .......(e)an.

Ikastetxearen legezko ordezkaria

2. ERANSKINA

Aitorpen eredua

Izen-abizenak: .........................., IFZ: ...........,

f Nire izenean.

f Pertsona/enpresa eskatzailea ordezkatuz.

AITORTZEN DUT:

Lehena: bestelako laguntzak jasotzeari buruz:

f Edozein administraziok edo entitate publiko, pribatu, nazional zein nazioartekok xede eta helburu honekin emandako laguntzarik ez dela jasotzen ari.

f Laguntzarako eskabide honetaz gain, kontzeptu berarengatik, gaur egun arte, ondoan zerrendatzen diren erakunde publiko eta pribatuetan eskabidea aurkeztu edo laguntza jaso duela. Halaber konpromisoa hartzen dut proiektu honendako eginen dituen eskaera oro jakinarazteko:

NOIZ ESKATU ERAKUNDEA PROGRAMA ZENBAT ESKATU ZENBAT EMAN

Bigarrena: Betebeharrak betetzeari buruz:

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeko 13. artikuluak aurreikusten dituen ondoko inguruabarretan ez egotea:

_Epai irmoan ezarritako kondenaren ondorioz dirulaguntza edo laguntza publikoak lortzeko gaitasunaz gabeturik ez egotea.

_Konkurtsoaren deklarazioa eskatu ez izana, edozein prozeduratan kaudimengabe deklaratua ez izatea, konkurtsoan egotearen deklarazioa jaso ez izatea, kontu-hartze judizialaren pean ez egotea eta konkurtsoari buruzko legearen arabera ezgaiturik ez egotea, konkurtsoa kalifikatzeko epaian ezarritako ezgaitasun aldia amaitu ez bazaie.

_Administrazioarekin egindako edozein kontratu behin betiko suntsitzeko bide eman ez izana, suntsipenaren kausaren errudun deklaratu badituzte.

_Pertsona fisikoak, merkataritza-sozietateen administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkariak, indarra duen araudian ezarritako bateraezintasunik ez izatea.

_Egoitza fiskala erregelamendu bidez paradisu fiskaltzat jotako herrialde edo lurralde batean ez izatea.

_Ebazpen irmoan ezarritako zehapenaren ondorioz, foru lege honetan edo zergei buruzko lege orokorretan aurreikusitakoaren arabera dirulaguntzak lortzeko gaitasunaz gabeturik ez egotea.

_Nafarroako Foru Administrazioak edo haren erakunde autonomoek emandako dirulaguntza edo izaera bereko laguntzaren ondorioz hasitako itzulketa edo zehapen prozedura edozeinetan sarturik ez egotea.

_Zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bete gabe izatea eta Nafarroako Foru Komunitateari edo haren erakunde autonomoei ordaindu beharreko zorrak itzultzeko betebeharra ordaindu gabe izatea.

Hirugarrena: Datuen egiazkotasuna.

Aitortzen dut eskabide honetan dauden datuak egiarekin bat datozela, haren faltsukeriaz edo ez zuzentasunaz etor litekeen edozein erantzukizun onartuz, ekintzen inguruko ezjakintasuna aipatzeari uko eginez.

Laugarrena: Datuen gaurkotzea.

Konpromisoa hartzen dut aitorpen honetan zehaztutako laguntzetan suertatuko den edozein aldaketaren berri Departamentu honi idatziz emateko, jakinarazpena jaso eta gehienez ere 15 eguneko epean. Halaber, konpromisoa hartzen dut xede bereko edozein motatako laguntza eskatu badiot entitate publiko bati, hori jakitun eginen dudala.

Bosgarrena: Informazioa jaso ahal izateaz.

Informatua nago administrazio unitate deitzaileak baliabide telematikoez biltzen ahal dituela zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzako betebeharrak betetzeari buruzko datuak, izaera pertsonaleko datuen babesari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoko 6. artikuluari jarraikiz (abenduaren 14ko 298. zenbakiko EAO) eta erregistro eta jakinarazpen telematikoak, bai eta herritarrek eman beharreko ziurtagiriak ordezteko baliabide telematikoak erabiltzea ere arautzen dituen otsailaren 21eko 209/2003 Errege Dekretuak ezarritakoari jarraikiz (otsailaren 28ko 51. zenbakiko EAO).

Informatua nago inprimaki hau betetzearekin lortutako datuak fitxategi automatizatu batean sartzen ahal direla, haiek hobeki kudeatzeko eta haien trataera estatistikoa egiteko.

Nahi izanez gero, Legeak aurreikusten dituen sarbide, zuzentze, deuseztatze eta oposizioko eskubideak gauzatzen ahal dituela Hezkuntza Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusian (Santo Domingo kalea, z.g.).

........(e)n, ......200 ....(e)ko ..........aren .........(e)an.

Aitortzailearen sinaduraZigilua, enpresaren kasuan

Iragarkiaren kodea: F0612617