100. ALDIZKARIA - 2006ko abuztuaren 21a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.4. Ebazpenak

732/2006 EBAZPENA, uztailaren 5ekoa, Eskola eta Lanbide Irakaskuntzaren zuzendari nagusiak emana, 2006-2007 ikasturtean Iruña eta Tuterako Hizkuntza Eskola Ofizialen antolaketa eta jarduna arautzeko jarraibideak onesten dituena.

Eskola Antolamendu eta Berriztapenerako Zerbitzuko zuzendariak adostasun txostena aurkeztu du Iruña eta Tuterako Hizkuntza Eskola Ofizialen antolaketa eta jarduna 2006-2007 ikasturtean arautuko dituzten jarraibideak onesteko.

Hori horrela, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1. artikuluko d) idatz-zatiak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ebazpen honen eranskineko jarraibideak onestea. Aipatu jarraibide horiek Iruña eta Tuterako Hizkuntza Eskola Ofizialen antolaketa eta jarduna arautzen dituzte ikasturtean zehar.

2. Ebazpen honen kontra gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahal da, Hezkuntza Departamentuko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik aitzina.

3. Ebazpen hau eta eranskina igortzea Eskola Antolamendu eta Berriztapenerako Zerbitzura, Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzura, Giza Baliabideen Zerbitzura, Ikasketak Antolatzeko Atalera, Araubide Bereziko Irakaskuntzaren Atalera eta ikastetxe ukituetara, behar diren ondorioak izan ditzaten.

4. Ebazpen hau eta bere eranskina Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.

Iruñean, 2006ko uztailaren 5ean._Eskola eta Lanbide Irakaskuntzaren zuzendari nagusia, Fermín Villanueva Ferreras.

ERANSKINA

Iruña eta Tuterako Hizkuntza Eskola Ofizialen antolaketa eta jarduna 2006-2007 ikasturtean arautzeko jarraibideak

I._Ikastetxeko urteko programazio orokorra.

1. Edukia.

Iruña eta Tuterako Hizkuntz Eskola Ofizialek, ikasturtea hasi baino lehen, urteko programazio orokorra eginen dute, irakaslan guztien koordinazioa, beren eskumenen erabilera egokia eta eskola komunitatearen sektore guztien parte_ hartzea bermatzeko.

Zuzendaritza taldeak prestatuko du urteko programazio orokorra, ondoko alderdiak izanen dituena:

A._Ikastetxearen ordutegi orokorra eta planifikatzeko irizpideak.

Ikastetxeko ordutegi orokorrak, zuzendaritza taldeak egin behar duenak, bide emanen du urteko programazio orokorrean aurreikusitako jarduerak, bai irakaskuntzaren arlokoak, bai osagarriak, aurrera eramateko. Hortaz, ikastetxeko ordutegi orokorrak honako hauek bilduko ditu gutxienez:

a) Ikastetxea Eskola Komunitatearentzat irekita egongo den ordutegia. Ikastetxeko zuzendaritzak behar diren baliabideak jarriko ditu ikastetxeak eskolako oporraldietan goizez irekiak egoteko.

b) Eskolaldiko orduen banaketa eskola ordutegiaren arabera eta ondoko irizpide hauei jarraikiz eginen da:

b.1) Irakaskuntza arautua.

_Eskolako ordutegia astelehenetik ostiralera izanen da, biak barne, 8:00etatik 22:00ak bitarte, bi txandatan, bata 8:00etatik 15:00ak bitarte eta bestea 15:00etatik 22:00ak bitarte.

_Kurtsoko modalitate arruntak honako hauek izanen dira:

_Ordu batekoa egunean.

_Egunean ordu eta erdiko modalitatea, astean hiru egunez.

_Bi ordukoa, astean bi egunez eta eskola dagoen ostiralak.

Aurreko hirurak ez bezalako modalitateak ezartzeko beharrezkoa izanen da Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzuaren baimena.

b.2) Espezializazio ikastaroak.

Era berean, ikastaro bereziak emateko beharrezkoa izanen da Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzuak berariazko baimena ematea. Ikastaroen ondoren, haien gaineko ebaluazioa eginen da, haien jarraipena ebaluazioko emaitzen menpe geldituko dela.

c) Plangintza irizpideak.

_Ikasleen kopurua 25ekoa izanen da gela bakoitzeko, bai oinarrizko zikloan, bai goi zikloan.

_Ikastetxeak txandak, mailak, taldeak, orduak etab. planifikatzeko irizpideak ezarriko ditu, Hizkuntza Eskola Ofizialen helburuen esparruaren barruan eskaintza benetako eskaerari egokitzeko, eta, behar izanez gero, behar diren lehentasunezko irizpideak finkatuko ditu.

_Iruña eta Tuterako Hizkuntza Eskola Ofizialek frantses, ingeles eta euskarazko laugarren mailan postu batzuk gordeko dituzte hizkuntza horien oinarrizko zikloa Nafarroako Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofizialarekin elkarlan programaren bidez lortu duten ikasleendako. Erreserba horretarako eskabideak eskainiriko postuak baino gehiago badira, zozketa bidez banatuko dira.

Iruñeko eta Tuterako Hizkuntza Eskola Ofizialek, ohiko eskaintzaren barruan, araubide ofizialeko ikaspostu kopuru bat gordeko dute Nafarroako Haur eta Lehen eta Bigarren Hezkuntzako irakasle funtzionarioek ingelesa edo frantsesa ikas dezaten. Horretarako izena eman eta ikaspostuak esleitzeko prozedura Eskolek ezarriko dute.

_Ahalik eta ikasle kopururik handiena hartu ahal izateko, asistentziari buruz urrian izandako matrikula egiteko aparteko epe bat irekiko da azaroaren 15a baino lehen, eskabideen kopurua eta urriko asistentziari buruzko datuak oinarri hartuta, sortu diren bajak betetzeko eta, horrela, gela bakoitzeko 25 ikasleren ratioa izateko.

B._Departamentuen programazioak.

Departamentu bakoitzak, irailean, hurrengo ikasturteko jarduketa plana egiteko behar diren bilkurak eginen ditu eta bertan bilkuretarako plangintza, departamentukoak edo mailen araberakoak, azalduko. 2005/2007 ikasturterako eginkizun nagusietako bat izanen da Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan araututako hizkuntzen irakaskuntza antolatzea. Orobat, programazioak egin eta eguneratuko dituzte.

Departamentuek, programa ofizialak oinarritzat hartuta, zilegi izanen dute horiek egokitu eta moldatzea, lan programaren eta diseinatutako programazioen arabera. Hezkuntza Departamentuak, Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzuaren bidez, batzuen eta besteen artean desoreka handirik gertatzen ez dela begiratuko du.

Programazioaren barruan, baterako programazioari buruz departamentuko irakasleek sartu behar dituzten berezitasunen berri emanen da; haien justifikazioa ere azalduko da. Berezitasun horiek helburuei, edukiei eta denboraren banaketari buruz finkatutako gutxieneko arauak errespetatuko dituzte.

Programazioan ondoko alderdi hauek bilduko dira nahitaez:

a.1) Helburuak, edukiak eta denboraren banaketa.

a.2) Metodologia.

a.3) Baliabide gelaren erabilera.

a.4) Ebaluazioa: etengabeko ebaluazio sistematikoan ondoko atalak bilduko dira:

_Ebaluaziorako irizpideak.

_Ikasturtean zehar ikasleek zer ikasten duten ebaluatzeko bideak.

_Errekuperatzeko sistemak.

_Mailaz pasatzeko irizpideak, bereziki aipatuz eskatu beharreko minimoak, hala nola ikasle ofizialak eta libreak kalifikatzeko irizpideak.

Departamentuburuak, Departamentu bakoitzeko programazioa prestatzeko arduradun nagusia den aldetik, haren ale bat emanen dio ikastetxeko zuzendariari behar den denboraz. Zuzendariak, programazioa aztertu ondoren, puntu honetan ezarritakoaren araberakoa baldin bada, Ikastetxearen Urteko Programazio Orokorrean sartuko du gainerako departamentuetako programazioekin batera.

Departamentuaren programazioa puntu honetan ezarritakoaren araberakoa ez bada, ikastetxeko zuzendariak Departamentura bidaliko du hor beste bat egin dezaten.

Departamentuan programazioaren bi kopia geldituko dira gutxienez, bata ikastetxeen kontrol eta kudeaketarako gobernu eta parte hartze organoen esku eta bestea departamentuaren esku, eta haren kopia bana emanen zaie departamentukideei.

C._Ikastetxeko prestakuntza plana.

Zuzendaritza taldeak ikastetxeko irakasleen prestakuntza diseinatuko du, beharren eta hobekuntza planen arabera. Ikastetxeak prestakuntzarako dituen interesek lehentasuna izanen dute banakako interesen gainean.

D._Jarduera osagarrien urteko programazioa.

Zuzendaritza taldeak, departamentuen eta eskola kontseiluaren proposamenak jaso ondoren, eskola jarduera osagarrien programazioa prestatuko ditu.

E._Memoria administratiboa.

Zuzendaritza taldeak memoria administratiboa eginen du eta horretan, beste elementu batzuen artean, Ikastetxearen Antolaketarako Agiria (IAA) sartuko da. Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzuak igorriko ditu ikastetxeetara agiri hori betetzeko inprimakiak eta bertara itzuliko dira urriaren 24a baino lehen.

2. Urteko Programazio Orokorra prestatu, onetsi eta ebaluatzea

Urte osoko programazio orokorra prestatzea zuzendariaren ardura izanen da, zuzendaritza taldearekin batera, departamentu didaktikoek aurkezten dituzten proposamen eta irakaskuntza horretarako Hezkuntza Departamentuak ezartzen dituen helburu eta lan planen arabera.

Urteko Programazio Orokorra ikastetxeko kide guztiek nahitaez bete beharrekoa izango da. Ondoriorik aipagarrienak memoria batean jasoko dira eta hura Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzura bidaliko da uztailaren 10a baino lehen.

Zuzendaritza taldeak prestatuko du urteko programazio orokorra urriaren 31 baino lehen. Programazio horren ale bat Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzura bidaliko da; beste ale bat ikastetxearen idazkaritzan jasoko da, irakasleek eta eskola kontseilukideek azter ahal dezaten.

Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzuak ikertuko du Urteko Programazio Orokorra egokitzen zaion jarraibide hauetan xedatzen denari, eta zer zuzenketa egin behar diren adieraziko du, behar izanez gero.

II._Irakasleak

1. Lanaldia.

Irakasleek, oro har, Nafarroako Gobernuaren mendeko funtzionarioentzat finkatzen diren lan orduak izango dituzte, beren irakasle lanerako egokituak. Irakasleentzat jaiegun izango dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren zerbitzuko langileen lan egutegian ere jaiegun direnak.

Ikasturtea irailaren 1ean hasi eta ekainaren 30ean bukatuko da.

Irakasleek hogeita hamar ordu emanen dute astean ikastetxeko jardueretan, horietan sartuta irakastorduak eta ordu osagarriak, bai astean zenbatzekoak, bai urtean zenbatzekoak.

Irakasle bakoitzaren ordutegi pertsonalean asteko irakastorduak eta astean zenbatu beharreko orduak, 25 osotara, jasoko dira.

Asteko beste 5 orduak, urtean zenbatu beharreko ordu osagarritzat hartuko dira.

Gainerako orduak, ikastetxean egon beharrik gabekoak, ondoko zereginetan emanen dira:

_Irakasleen hobekuntza.

_-Irakaslanen prestakuntza.

_Batzorde eta hautapen epaimahaietan parte hartzea edo antzeko eginkizunak, horietarako izendatzen direnean.

Ekain-irailetako eskola gabeko lan egunetan, baimena ematen zaie irakasleei egunean ikastetxean egon beharreko bost orduko lanaldi etengabea egiteko, lanaldi zatituan programatutako jardueretan salbu.

Ikasturtean, irakasleek jarraibide hauetan finkatutako lanaldia eta ordutegia beteko dituzte.

2. Ordutegiaren banaketa.

Ikastetxean bertan eman beharreko orduak honela banatuko dira:

A._Irakastorduak.

Lanaldi osoko irakasleek 18 irakastordu izanen dituzte astean. Horien artean sartuko dira irakaskuntza lan zuzenekoak eta irakaskuntza konputukoak.

Irakasleek, oro har, hemezortzi irakastordu astean izanen dituzte. Salbuespen gisa, 20 ordu izanen dituzte, gehienez, ikastetxearen ordu banaketak hala eskatzen duenean.

Irakasle batek hemezortzi irakastordu baino gehiago baldin baditu, kontuan hartuko da, betiere, irakasle bakoitzaren banakako ordutegian ageri diren irakastorduen eta asteko konputuko ordu osagarrien baturak hogeita bost orduko kopurua emanen duela astean. Dena den, zaintza beharrak ongi beterik daudenean, 18 ordu horietatik goitiko irakastordu bakoitza bi ordu osagarrirekin konpentsatuko da.

Irakastorduak zenbatzerakoan ondoko jarduera eta inguruabarrak hartuko dira kontuan:

a) Zuzendaritza taldea.

Zuzendaritza taldeak, bere irakastorduetatik gehienez ere honako ordu kopurua emanen du karguen eginkizunetan, matrikulatutako ikasle ofizialen kopuruaren arabera:

_Iruñeko H.E.O.: astean 49,5 ordu. Betiere, zuzendariak, ikasketaburuak, idazkariak eta zuzendariordeak gutxienez talde bati eman behar diote eskola.

_Tuterako H.E.O.: astean 27 ordu. Betiere, zuzendariak, ikasketaburuak eta idazkariak gutxienez talde bati eman behar diote eskola.

b) Departamentuko buru eta koordinatzaileak.

Departamentuko buru eta koordinatzaileek, beren ordutegitik, ohiko modalitateen talde bateko ordu batzuk erabiltzen ahalko dituzte astean curriculumeko materialen programazio, prestaketa eta eguneratzearen jarraipena eta ebaluazioa zuzentzeko.

c) 58 urtez goitiko irakasleak.

Lanaldi osoa duten 58 urtez goitiko irakasleek zilegi izanen dute, nahi badute, beren irakastorduak murriztea, gehienez ere 5 ordu kenduz, nahiz horrek ez duen esan nahi astean ikastetxean egon beharreko orduak gutxituko direnik. Murriztapena lau ordukoa izanez gero, gainerakoa nahitaezko prestakuntzako urteko 35 orduen ordez kontatuko da.

Borondatezko murriztapen hori aipatu adina betetzen den urte naturalean hasten den ikasturtetik aurrera aplikatu ahalko da, eta zuzendaritza edo didaktika arloko karguetan aritzeagatik onartzen diren beste murriztapen batzuekin bateraezina izanen da." Beraz, 58 urtez goitiko irakasle bat departamentuburua baldin bada, asteko irakastorduetatik hartzen dituen ordu horiek departamentuaren burutzak dituen eginkizunetarako erabiliko ditu.

Adina dela kausa eskola ordutegiaren murrizketa duten 58 urtetik gorako irakasleek, 65 urte betetzearekin batera, murrizketa hori egiteko eskubidea galduko dute, baldin eta zerbitzu aktiboan segitzea eskatzen badute; horretan salbuespen izanen dira erretiro sariaren %100 jasotzeko behar den gabealdia ez badute.

B._Astean zenbatu beharreko ordu osagarriak.

Astean zenbatzeko ordu osagarrietan, irakasle bakoitzari esleituriko eginkizunen arabera, ondoko hauek sartu ahalko dira:

_Guardiako orduak.

_Astean ordu bat departamentuaren bileretarako.

_Astean bi ordu, gehienez, ikasleei eta, hala behar izanez gero, gurasoei kasu egiteko.

Aurreko idatz-zatietan aipatzen diren jarduerak behar bezala egiten badira, asteko ordutegi osagarrian, honakoak hartzen ahalko dira kontuan, irakasle bakoitzari esleituriko jardueren arabera:

_Astean baztez beste 2 ordu, gehienez, koordinazio didaktikorako eta Klaustroetarako.

_Astean ordu bat irakasleek Eskola Kontseiluan dituzten ordezkarientzat.

_Gainerako orduak, asteko 25eko zenbatekoa egin arte, Zuzendaritzak banatuko ditu ondoko lanak egiteko:

_Proba bateratuak definitu eta prestatzea.

_Beste hizkuntza batzuen irakaskuntza ezartzearen ondoriozko eginkizunak.

_Lan batzordeetan parte hartzea.

_Ekipo teknikoek eta irakaskuntzarako materialaz arduratzea.

_Departamentuko lanak egitea, etab.

C._Urtean zenbatu beharreko ordu osagarriak.

Irakasle bakoitzak ikastetxeko jardueretan astean eman behar dituen 30 orduak betetzeko falta diren 5 orduak (banakako asteko ordutegietan agertu behar duten 25 orduetatik apartekoak), nahitaezkoak izanen dira irakasle guztientzat eta urtean zenbatuko dira bestelako eginkizunak betetzeko.

_Ekaineko eta iraileko deialdietako ikasle libreen azteketak prestatu, egin eta zuzentzea.

_Eskola kontseiluak ikasle berriak onartzeko erabakitzen dituen probak prestatu, egin eta zuzentzea.

_Departamentuen bestelako berezko lanak.

3. Ordutegiak prestatzea.

Ordutegiak honelaxe prestatuko dira:

Ikasketaburuak departamentuei jakinaraziko die zenbat ikasle dauden hizkuntza eta txanda bakoitzean eta zenbat irakasle dituen departamentu bakoitzak.

Departamentuek aparteko bilkura bat eginen dute taldeak beren irakasleen artean banatzeko, betiere klaustroak ezarritako irizpide pedagogikoak eta jarraibide hauetan ageri direnak errespetatuz.

A._Txanda eta taldeen banaketa.

Eskola goiz eta arratsaldez ematen duten ikastetxeetan, departamentu bakoitzeko irakasleek erabakiko dute bakoitza zein txandatan arituko den, goizez edo arratsaldez.

Ordutegiak egiten direnean ikastetxeko zuzendaritzak kontuan hartuko du klaseak unibertsitatean ere ematen dituzten irakasleen egoera, ordutegi bateragarriak izan ahal ditzaten; horrek ez du esan nahi irakasle horiek Hizkuntza Eskola Ofizialean bete behar duten ordutegian murrizketarik egin daitekeenik.

Departamentuko irakasleak ados jartzen ez badira, txanda aukeratuko da ebazpen honen "Irakasleak" izeneko II. ataleko 3. idatz_ zatian ("Aukeratzeko hurrenkera") finkaturiko ordenari jarraikiz.

Irakasleren batek ezin baldin badu aukeratutako txandan bere ordutegia osatu, bestean osatu beharko du.

Txanda aukeratu ondoren, departamentuko irakasleek kurtsoen banaketa eginen dute.

Adostasunik lortu ezean, honela jokatuko da: "Irakasleak" izeneko II. ataleko 3. idatz_ zatian ("Aukeratzeko hurrenkera") ezarritako hurrenkerari jarraikiz, aurrena hautatu behar duen irakasleak, eman nahi duen mailako talde bat aukeratuko du; ondoren, bigarren hautatu behar duen irakasleak aukeratuko du beste bat, eta horrela, hurrenez hurren, bertan dauden irakasle guztiek lehenbiziko aukera egin arte.

Lehen txanda hori amaitutakoan, beste batzuk eginen dira, irakasle guztiek irakastordu guztiak osatu edo departamentuari dagozkion talde guztiak esleitu arte.

Bilera berezi horretan izaten diren gorabehera guztien akta eginen da eta departamentuko kide guztiek sinatuko dute; ikasketaburuari aktaren kopia emanen zaio.

B._Aukeratzeko hurrenkera.

Aukera egiteko honela jokatuko da:

a) Hizkuntza Eskola Ofizialetako irakasle katedradunak, ikastetxean behin betiko destinoa dutenak.

b) Hizkuntza Eskola Ofizialetako irakasleak, ikastetxean behin betiko destinoa dutenak.

c) Hizkuntza Eskola Ofizialetako irakasleak, destinoaren zain daudenak.

d) Azken oposizio-lehiaketa gainditu duten oposiziogileak.

e) Zerbitzu-eginkizunetan dauden Bigarren Hezkuntzako Irakasleak.

f) Funtzionarioak eta lan kontratu mugagabea dutenak, prestakuntzarako zerbitzu bereziak egiten ari direnak.

g) Aldi baterako kontratatuak, lan edo administrazio araubidekoak.

Arestiko a), b) eta c) idatz-zatietan, taldeak hautatzeko lehentasuna kidegoan duten antzinatasunak ezarriko du (borondatezko eszedentiak kontatu gabe), eta antzinatasuna berdina baldin bada, idatz_ zati bakoitzaren lehentasun ordena ezartzeko, honako irizpide hauek aplikatuko dira bata bestearen atzetik:

_Ikastetxean antzinatasun handiena.

_Kidegoan sartzeko urtea (zaharrena aurretik).

_Hautapen prozeduretan puntu gehien izatea.

d) idatz-zatian, taldeak hautatzeko lehentasun ordena ezartzeko, prozesua gainditu zuten oposiziogileen ebazpenetan agertzen den ordenari segituko zaio.

f) eta g) idatz-zatietan, berriz, lehentasun ordena ezartzeko, Giza Baliabiden Zerbitzuan ageri diren zerrendetan egokitu zaien ordenari segituko zaio.

C._Ikasketaburutzak ordutegiak egitea.

Departamentuek egindako txanda eta mailen banaketa ikusirik, Ikasketaburutzak ikasle eta irakasleen ordutegiak eginen ditu, irakaskuntzari buruz Klaustroak finkatzen dituen irizpideei eta Urteko Programazio Orokorrean agertzen direnei jarraikiz.

Ikasketaburuak departamentukide guztien irakastorduak Jarraibide hauetan finkatutakoari egokitzen diren egiaztatuko du; halaber, ikasle talde guztiek irakaslea duten edo bete gabeko ordu libreak dituen irakaslerik ote dagoen begiratuko du.

Irakasleen irakastorduak astearen egun guztietan banatuko dira, eskolarik ez dagoen ostiraletan izan ezik; gehienez 5 klase egunean, kontratu partziala duten irakasleak salbu. Ikasketaburuak behar diren zaintzak zuzentasunez banatuko ditu.

C._Zaintza.

Ikastetxea, eta, hortaz, zuzendaria, ikasleen arduraduna da eskolako orduetan; beraz, ikastetxean une oroz behar adina irakasle izan behar da guardiei egoki kasu egiteko.

Kontuan harturik hizkuntza eskola ofizialetako ikasleen ezaugarri bereziak, zaintza kontzeptuak esan nahi du ikastetxeak erantzukizuna duela eskola ordu guztietan irakasleek zainduko dituzten eremuak (liburutegia eta baliabide gela) izanen direla bermatzeko, horrela ikasleak, nahi badute, eremu horietan beren ikasketetako zereginetan aritu ahal izateko. Irakaskuntzarako eremuen funtzionamendu egokia ere bermatuko da.

Zaintzako irakaslearen eginkizun nagusiak hauek dira:

a) Liburutegia-Baliabide zentroko ikasleak atenditzea.

b) Beren txandan sortzen diren gorabehera guztiak ebaztea, bai eta ikastetxeko norbait mediku beharrean gertatuz gero hartarako behar direnak egitea ere; horrez gain, ikasketaburua lehenbailehen jakinaren gainean jarri beharko du.

c) Bere zaintza txandan irakasleek duten puntualitate eta asistentziaren berri ematea.

Ikasketaburuak zaintza orduen eguneroko kontrola egingo du. Zaintza orduei buruzko txosten bat egingo du astean, eta horretan, gutxienez, honako datuak sartuko ditu:

_Irakasleen hutsegite eta atzerapenak.

_Ikastetxeko edozein egoitzatan izan diren gorabeherak.

_Gertatu diren istripuak.

_Guardiako irakasleen sinadurak.

Irakasleek zaintza lana eginen dute asteko zenbait ordutan, ikastetxearen beharren arabera. Nolanahi ere, kontuan hartu behar da irakasle bakoitzaren asteko ordutegian irakastorduak eta ordu osagarriak batuta hogeita bost ordu izanen direla astean guztira.

Arreta berezia edo zaintza modu desberdin batez egitea eskatzen duten egoeretan, ikastetxeko zuzendariak edo ikasketaburuak zilegi izanen du irakasle batzuk eskatzea zaintza ordu horiek betetzeko.

E._Irakasleen ordutegi pertsonala.

Irakasleek ikastetxeko jardueretan astean eman beharreko 25 orduak paratuko dituzte horretarako prestatutako inprimakian, ebazpen honen aginduei jarraikiz.

Halaber, ikastetxe bakoitzeko irakasleek ordu beretan beteko dituzte ikastetxean sartu beharreko orduak, irakaslanak koordinatzearren, gutxienez 5 ordu eskolarik ez dagoen ostiraletan behin, goizez.

2006/2007 ikasturtean Nafarroako Hizkuntza Eskola Ofizial guztietako departamentu didaktikoen artean koordinazio egokia bermatzeko, irakasleendako eskolarik gabeko 5 ostiral ezarriko dira, ebaluazio eta prestakuntza irizpideak estandarizatzeko bilkurak egiteko nahitaezkoak, irakaskuntza berrietarako ezarririko maila berriekin.

Zuzendaritza taldeko kideak diren irakasleen ordutegia betiere kide bat gutxienez egoteko moduan banatu beharko da.

Azken azterketak _arruntak eta apartekoak_ egiteko ezarritako egunetan, irakasleek beren ordutegia egokituko dute azterketak egiteko programatutako egutegiaren arabera.

4. Ordutegia onetsi eta jakinaraztea.

Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzuak onetsiko du ordutegia. Onetsi arte, irakasleak beharturik daude ikasketaburuak prestatu eta zuzendariak behin-behinean onetsiriko ordutegia betetzera. Horri buruzko erreklamazioen gainean Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzuak erabakiko du.

Toki ikusgarri batean irakasle bakoitzaren ordutegiari eta lantokiari buruzko argibideak agertuko dira: irakastorduak, zaintzetako orduak, departamentuko bilerak eta abar.

5. Irakasleek ordutegia betetzea eta asistentzia partea.

Zuzendaritza taldeak irakasleak ikastetxean egoten diren kontrolatu behar du, baita ekaineko eta iraileko eskola gabeko egunetan ere. Halaber kontuan hartuko du, eta horren berri emanen Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzuari, administrazio edo lan kontratupeko aldi baterako langileak zein egunetan hasi diren ikastetxean.

Irakasleek beren lanetan gertatzen den edozein absentzia edo atzerapenen berri emango diote ikastetxeari, ahalik eta lasterren.

Irakasleek hutsegitearen ziurtagiriak aurkeztu behar dizkiote zuzendariari, horrek eskatu gabe.

Ikastetxeetako zuzendariek, aurreko hilabeteko asistentzi parteak bidali behar dizkiote Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzuari, hilabete bakoitzaren 5a baino lehen, ikastetxeetara bidaliko diren ereduak erabiliz.

Ikastetxean nahitaez egoteko orduei buruzko absentzien eta atzerapenen berri emango da ohiko ereduetan, kontuan hartuta bakoitzaren ordutegi pertsonala eta alde batera utzita absentzia justifikatuta dagoen ala ez.

Nolanahi ere, txosten horietan ondoko arau hauek beteko dira:

_Inoiz ez da utziko hutsik "hutsegitearen arrazoia" laukia, eta hala egiten bada, justifikatu gabeko hutsegitetzat hartuko da.

_Hutsegite guzti-guztiak agertuko dira.

_"Hutsegitearen arrazoia" izeneko laukian "Norberaren arazoetarako ordaindu gabeko lizentzia" jarri ahal izateko, beharrezkoa izango da Giza Baliabideen Zerbitzuak irakasleari baimena ematea.

Zuzendariak, justifikazioa aurkezteko epea amaitu eta biharamunean aditzera emanen dio Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzuari edozein hutsegite nahiz atzerapen, ikasketaburuari justifikatu gabekoa iruditzen zaiona, bere lansaritik tokatzen den kenketa egiteko eta, hala behartzen bada, espedientea hasteko. Kasuko irakasleari ere emanen zaio, idatziz, horren berri.

Aurreko paragrafoan aipatutako epea Nafarroako Gobernuko langileentzat orokorrean ezartzen dena izanen da.

Asistentzia partearen kopia bat jendaurrean paratuko da, ikusgai, irakasle gelan hilabete bakoitzaren 5a baino lehen. Beste kopia bat eskola kontseiluaren esku jarriko da.

Irakasleen hutsegiteen justifikanteak (baja agiriaren kasuan, haren kopia edo fotokopia) ikastetxeko zuzendaritzan geldituko dira Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzuaren eskura.

Eskola emate normalaren gorabehera guztiak berehala emango zaizkio aditzera telefonoz Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzuari, eta bai ondoren asistentzia partean jasoko ere.

III._Irakaslanak koordinatzeko organoak

1. Departamentuak.

Departamentuak lan taldeak dira eta haien ardura eta zuzendaritza departamentuburuari dagozkio, eta hori ez badago, ikasketaburuari. Ongi jarduteko, beharrezkoa da kide guztien lan koordinatua.

Nafarroako Hizkuntza Eskola Ofizial guztietako departamentuen arteko koordinazioa ezinbestekoa da. Beraz, haiek Hezkuntza Departamentuak prestatzen dituen helburu eta lan planekin bat arituko dira.

A._Departamentuen kopurua.

Hizkuntza Eskola bakoitzean, departamentu bat eratuko da irakasten den hizkuntza bakoitzeko.

Ikastetxeko irakasle guztiak departamentu bati atxikirik egonen dira, ordu gehienak ematen dituzten irakasgaiari dagokionari, hain zuzen, eta bertan antolatzen diren bilkuretara joan beharko dute.

B._Departamentuaren eginkizunak.

Departamentuaren eginkizunen artetik azpimarratzekoak dira programazioa prestatzea eta haren betetze maila begiratzea ikasturtean zehar, hala nola ikasturte amaierako memoria egitea.

a) Programazioa.

Departamentu bakoitzak eranskin honetako "Departamentuen programazioak" izeneko I.1.B idatz-zatian xedaturikoarekin bat prestatuko du bere programazioa.

b) Ikasturte bukaerako memoria.

Ekainean, departamentuko kideek bilkura eginen dute ikasturte bukaerako memoria egiteko eta bertan ondoko alderdi hauen berri emanen:

b.1) Emaitzen balorazioa:

_Kalifikazioen estatistikak, talde eta mailen arabera.

_Ikasleen errendimenduaren azterketa, haren faktoreak azalduta.

_Hobekuntza proposamenak.

b.2) Funtzionamenduaren balorazioa:

Programazioaren garapenaren azterketa, bereziki ondoko alderdi hauena:

_Garatutako helburu, eduki eta jardueren balorazioa, programazioa betetzeko erabilitako metodologia eta baliabideena, taldeen antolaketa eta funtzionamenduarena; halaber, agertu diren akatsen arrazoia azaldu eta zuzenketak proposatu beharko dira.

_Ikasleen ebaluazioa egiteko erabili diren irizpide, prozedura eta jardueren balorazioa, baita ikasle libreentzako probena ere.

_Egindako jarduera osagarrien azalpen eta balorazioa.

III. ataleko "Departamentuaren bilkurak_Irakaskuntza organoen koordinazioa" izeneko 1.C puntuan azaldu bezala, departamentuburuak ekainaren 30a baino lehen emanen dio ikastetxeko zuzendariari ikasturte bukaerako txostenaren ale bat.

c) Ebaluazio proben nondik norakoak kontrolatu eta aztertzea.

d) Beste eginkizun batzuk.

Departamentuei dagokie hezkuntzaren arloko ikerketak egitea eta kideen hobekuntza zientifikoa eta didaktikoa, ebaluazioa egiteko irizpide bateratuak prestatzea, jarduera osagarriak antolatu eta egitea eta ikasle libreen azterketak egitea, proba berberekin egin eta aurrez finkatutako irizpideei jarraikiz zuzenduko baitira.

Halaber, beste irakasle kidego batzuetarako prestakuntza beharrei kasu eginen diete, hezkuntza administrazioak hala eskatzen dienean.

C._Departamentuaren bilkurak.

a) Irailean, departamentuek behar diren bilkurak eginen dituzte iraileko ebaluazioen emaitzak aztertu eta hurrengo ikasturteko jarduketa plana eta irakasgaien programazioa egiteko.

b) Ikastetxeko ordutegiaren barruan, astean ordu bat utziko da gutxienez, batez beste, departamentuko kide guztiak bil daitezen, eta ordu hori ikastetxeko eskola ordutegiaren barruan egonen da.

Bilkura horretan, kurtsoen programazioaren garapena aztertu, behar den materiala elkarrekin prestatu, emaitzak aztertu curriculumaren helburuei jarraikiz, ebaluaziorako irizpideak adostu eta zehaztu, eta ezartzen diren gainerako eginkizunak burutuko dira.

c) Ekainean, departamentuko kideek behar diren bilkurak eginen dituzte jarduketa plana eta programazioak aztertu eta hurrengo ikasturteari begira egin beharreko zuzenketak proposatzeko; hori guztia ikasturte bukaerako txostenean sartuko da eta txostena ikastetxeko zuzendariari emanen zaio ekainaren 30a baino lehen; Zuzendaritzak Urteko Programazio Orokorrari buruzko txostenean sartuko du informazio hori, ikastetxe guztiek Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzura uztailaren 10a baino lehen igorri behar duten horretan, hain zuzen.

d) Departamentuko dokumentazioa. Departamentu guztiek liburu bat osatuko dute egindako bilkura guztien aktekin. Departamentuburuak akta horiek egin eta sinatuko ditu.

Halaber, departamentuek material inbentariagarri guztien zerrenda eguneratua izanen dute.

Departamentuan, ikasturtean zehar ikasleen ebaluazioa egiteko erabili diren proba eta dokumentuak gordeko dira; ikasturtearen bukaeran eta ikasleen erreklamazioak aurkezteko epea amaituta, botatzen ahalko dira.

D._Departamentuburutza.

a) Izendapena.

Departamentu bakoitzean buru bat izendatuko da.

Ikastetxeko zuzendariak eginen du izendapena eta ezin izanen zaio izendapenari uko egin.

Departamentuko burutza honako honek beteko du: Hizkuntza Eskola Ofizialeko irakasle katedraduna, ikastetxean behin betiko destinoa izanik, katedradun izaeraren antzinatasun handiena duena.

Katedraduna den irakaslerik ez badago, zuzendariak, departamentuaren iritzia jakin ondoren, departamentuburua izendatuko du kideen artean, eta kargua ikastetxean behin betiko destinoa duen irakasle bati emanen zaio, horrelakorik baldin badago.

Departamentuburuaren kargua zuzendaritza taldeko kide bati egokitzen zaionean, zuzendariak beste irakasle bat izendatuko du departamentuburu izateko, arestian aipatu prozedurari jarraikiz.

Izendapena irailean eginen da eta ikasturte bat iraunen du.

Departamentuburuak proposaturik eta departamentuen barrenean eskola hartzen duten ikasle taldeen kopuruaren arabera (moduluak alde batera utzita), zilegi izanen da haien koordinatzaileak izendatzea.

Irakaskuntza arautuetako (ez modulu edo irakaskuntzaren bestelako modalitateetako ) 24 ikasle talde baino gehiago dituzten departamentuetan koordinatzaile bat izendatuko da. 50 talde baino gehiago dituzten departamentuetan, bigarren koordinatzailea izendatzen ahalko da.

Departamentuetako koordinatzaileek, departamentuburuak kideen proposamenak kontuan hartuta esleitzen dizkien eginkizunak beteko dituzte. Departamentuko aktetan eginkizun horien berri emanen da.

Ikastetxeko zuzendariak izendatuko ditu koordinatzaileak.

b) Departamentuko buruaren eginkizunak.

Departamentuburuak ondoko eginkizun hauek izanen ditu:

_Departamentuko jarduerak zuzendu eta koordinatzea.

_Bilerak antolatu, prestatu eta zuzentzea, hala nola aktak idatzi eta sinatzea. Aktak akten liburuan bilduko dira nahitaez.

_Irakasgaiaren programazioaren eta ikasturte bukaerako txostenaren prestaketa koordinatu eta programazioa betetzen den begiratzea, batez ere gutxieneko eduki eta mailei dagokienez; nahikotasun proba komun bat prestatuko du ikasturtea bide arruntean gainditu ez dutenentzat.

_Departamentuak ekainean eta irailean egindako proben kalifikazioak gainbegiratzea.

_Ikasle libreen azken proben prestaketa eta antolaketa koordinatu eta zuzentzea.

_Ikasleak ebaluatzeko prozesuan erreklamazioak aurkezteko prozedura betetzen dela bermatzea, indarra duten arauei jarraikiz.

_Material inbentariagarriaren zerrendaren eguneratzea bermatzea.

_Ikasleen balorazioa egiteko erabili diren proba eta dokumentuen zainketa bermatzea.

_Departamentuan gertatzen den edozein akatsen berri ematea zuzendariari edo ikasketaburuari.

_Hobekuntza pedagogikoa bultzatzea, aldian behin egiten diren bilerak Departamentuko kideen prestakuntzarako lagungarriak izan daitezen.

_Hezkuntza Departamentuak eskatua, ontzat ematea Oinarrizko Zikloko eta Goi Mailako Zikloko probak, bai eta haietarako ezarritako ebaluazio irizpideak ere.

_Hezkuntza Departamentuak eskatua, Oinarrizko eta Goi Mailako zikloetako probak prestatu behar dituztenak izendatzea, bai eta, behar denean, Departamentuaren ordezkaria ere, gainerako eskolekiko harremanetarako.

2. Informatikako koordinazioa.

Bi Hizkuntza Eskola Ofizialetan, Iruña eta Tuterakoan, horretarako prestakuntza duten langileak baldin badaude, informatikako koordinatzaile bat izendatzen ahal da. Informatikako koordinatzailea Klaustroko irakasle bat izanen da, zuzendariak eskuordeturik, ondoko eginkizun hauek burutuko dituena: baliabide informatikoak erabiltzeko irakasleei laguntza eman, Eskola eta Lanbide Irakaskuntzaren Zuzendaritza Nagusiaren Teknologia Berrien Atalarekin harremanak ezarri eta eskolan dagoen materiala gainbegiratu eta zaintzea.

Ikastetxeko zuzendariak izendatuko du informatikako koordinatzailea, ikasturte batez, arestian aipatu baldintzak betetzen dituzten klaustroko irakasleen artean.

Informatikako koordinatzaile gisa aritzen den irakasleak, araubide arruntean ikasle talde bati eskola emateko erabiltzen den denbora erabiltzen ahal du koordinatzaile karguaren eginkizunetarako, ondoren adierazi moduan.

Koordinatzaileak ondoko eginkizun hauek izanen ditu:

a) Koordinazio eginkizunak:

_Ikastetxeko zuzendariaren eskuordetzaz, Eskola eta Lanbide Irakaskuntzaren Zuzendaritza Nagusiaren Teknologia Berrien Atalarekin harremanak izatea.

_Departamentuburuei aholkuak ematea, baliabide informatikoak modu koordinatuan erabil daitezen hizkuntza guztietan.

_Baliabide informatikoei erabilera berriak emateko irizpideak proposatzea ikastetxeko zuzendaritzari.

b) Sostengu teknikoko eginkizunak:

_Baliabide informatikoen egoera operatibo egokia zaintzea; horretarako, instalazio eta ekipo informatikoak gainbegiratu eta aurreikusitako jarduerak burutzeko behar diren programen erabilgarritasuna bermatuko du.

c) Irakaslanak sustatu eta bideratzeko eginkizunak:

_Departamentuei hizkuntzak irakasteko teknologia informatikoaren erabilerari buruzko aholkuak ematea.

_Programa didaktikoak, aplikazio orokorrekoak eta bereziak, dagozkien departamentuei aurkeztea.

_Hezkuntzaren arloko informatikari buruzko informazioa zabaldu eta horren gaineko dokumentazioa erabiltzeko bidea ematea.

_Departamentuei aholkuak ematea, haien kideen interes eta premiei komeni zaien prestakuntza modalitateei buruz.

d) Administrazio eginkizunak.

_Ikastetxeko zuzendaritza aholkatzea baliabide berekiak erosterakoan, hezkuntza administrazioaren irizpideei jarraikiz.

_Ikastetxeko zuzendaritzari laguntza ematea baliabide informatikoen inbentarioa egin eta zaintzeko, hala nola ikastetxeak unitate eta aplikazio informatiko orokorretarako eman duen aurrekontua kudeatu eta Eskola eta Lanbide Irakaskuntzaren Zuzendaritza Nagusiaren Teknologia Berrien Atalarekin koordinatzeko.

IV._Ikasleen eskubide eta betebeharrak.

1. Ikasleen asistentzia.

Ikasle ofizial guztien eskubidea eta betebeharra da eskoletara joatea, eta inoiz ez da zilegi izanen borondatezko asistentzia duen sistemarik ezartzea.

Gutxienez, asistentziaren %70 eskatuko zaie ikasleei, etengabeko ebaluaziorako eskubidea izan eta hurrengo ikasturtean ikastetxean segitu ahal izateko. Bestela, postua gorderik edukitzeko eskubidea galduko dute.

Horretarako, irakasle bakoitzak talde bakoitzeko ikasleen asistentziaren egoera orri bat bete eta ikasketaburuari emanen dio hilero. Orri hori behar bezala sinatu ondoren ikasketaburuari eman beharko zaio, ondoko hilabeteko lehenbiziko eskola egunean, hark espresuki eskatzen ez badu ere.

Ikastetxeko zuzendaritzak hiru hilabetean behin jakinaraziko die ikasleei hutsegiteen kopurua, Ikastetxeak ezartzen duen prozeduraren bitartez.

Hala ere, zerrenda argitaratu eta bost egun balioduneko epean, osasun edo lan arrazoiak alegatzen ahalko dira, eskola kontseiluaren ustez justifikatuak badira. Horretaz gain, behar bezala egiaztatutako kasuetan, ondokoak onartuko dira: graduondoko espezializazio praktikaldiak (enpresetan edo instituzioetan aritzeko bekak edo kontratuak, unibertsitateko lan praktikaldiak), laneko oporrak, laneko baimena ezkontzeagatik, amatasun baja, Erasmus programak eta ikasketetako prestakuntza bekak.

Ikastetxeetako barne araubiderako erregelamenduak atal honetan zehaztutakoa garatuko du.

Dena den, ikasle batek zilegi du matrikulari uko egitea, matrikula egin ondoren gertatutako arrazoi justifikatuak direla eta, ezin denean eskolara joan, eranskin honetako "Bestelako jarraibideak" izeneko V. ataleko 4. puntuan ("Matrikulari uko egitea") ezarritakoari jarraikiz.

2. Ikasleek kalifikazioei buruz erreklamazioak egiteko eskubidea.

Ikasleei beren errendimendu akademikoaren balorazio objektiboa bermatzeko, beharrezkoa da ikasleek aurretik izatea helburuen, edukien eta ebaluazio irizpideen berri, hala nola balorazio positiboa izateko eskatutako gutxieneko emaitzena, kalifikazio irizpideena eta ikasketak ebaluatzeko ikasturtean erabiliko diren prozedurena.

Irakasle titularrak ikasleek, haien gurasoek edo legezko ordezkariek programazio didaktikoei buruz eskatzen dituzten argibideak emango dizkie. Ebaluazioa egiteko tresnei buruzko informazioa ere emango die eta ikasleek zilegi izango dute egin dituzten idatzizko proba, ariketa eta lanak ikusi eta irakaslearekin batera aztertzea.

Ebaluazioa egiteko tresnak azken erabaki edo kalifikazioak hartu ondoko hiru hilabeteetan gordeko dira gutxienez.

Ikasle guztiek eskubidea dute beren kalifikazioan eragina izango duen edozein azterketa edo proba idatzi zuzendua eta kalifikatua ikusteko.

Departamentu eskudunak onartzen ez badu oinarrizko zikloko eta goi mailako zikloko ahozko probari buruzko erreklamazioa, ikasleak probaren grabazioa entzuteko aukera izanen du.

Ikasleek, haien gurasoek edo legezko ordezkariek zilegi izango dute balorazio eta kalifikazioei buruzko argibideak eskatzea. Informazio hori eman ondoren ados ez badaude izandako azken kalifikazioarekin, hura berriz aztertzeko eskatzen ahalko diote idatziz ikasketaburuari, jakinarazpena egin eta bi egun balioduneko epean.

Azken kalifikazioa edota agiria eskuratzekoa berraztertzen baldin bada, departamentu didaktikoek edo, kasua bada, epaimahaiek, hurrengo egun baliodunean, berraztertzeko eskakizunak ikusi eta dagozkien txostenak egingo dituzte. Txostena ikasketaburuari igorriko zaio eta horrek kopia bat bidaliko die ikasleei edo, hala behar denean, haien gurasoei.

Ikastetxeetan berraztertzeko prozesua agortzen duten ikasleek zilegi izango dute, dela nork bere kasa, dela guraso edo tutoreen bitartez, ikastetxeko zuzendariari eskatzea erreklamazioa Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzura igor dezala, azken jakinarazpena egin eta bi eguneko epean.

Ikastetxeko zuzendariak, gehienez ere hiru eguneko epean, espedientea bidaliko du Eskola eta Lanbide Irakaskuntzaren Zuzendaritza Nagusira. Eskola eta Lanbide Irakaskuntzaren zuzendari nagusiaren ebazpena, administrazio bideari amaiera emanen diona, hamabost eguneko epean emanen da, espedientea jasotzen denetik, kontuan hartuz Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzuaren txostenak.

Ikaslearen alegazioaren aldeko ebazpena ematen baldin bada arestian aipatutako instantziaren batean, dagokion zuzenketa agerraraziko da ebaluazio agirietan, ikastetxeko idazkariak sinatutako eta zuzendariak ikus-onetsitako eginbidearen bitartez.

Berraztertzeko eskabideei eta kalifikazioen kontrako erreklamazioei dagokienez, jarraibide hauetan xedatutakoa izanen da arau, eta jarraibideotan arautu gabeko guztian, 1995eko abuztuaren 28ko Agindua, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko ikasleei eskola errendimendua irizpide objektiboen arabera ebaluatzeko eskubidea bermatzeko prozedura arautzen duena.

3. Ikasturtea errepikatzea.

Oro har, oinarrizko zikloan eta goi mailako zikloan, ikasle batek maila errepikatzeko erabakia behin bakarrik hartzen ahalko da, eta gainditzen ez badu, ikasle ofizialaren izaera galduko du elkarren segidako bi urteko epe baterako.

Epe hori amaituta, ikaslea Hizkuntza Eskola Ofizialeko ikasle ofiziala izaten ahalko da, gainerako izangaien baldintza beretan aurreinskripzioa egin ondoren matrikulazioa egiten badu.

Salbuespenez, ikasleek zilegi izanen dute maila berean hirugarren aldiz jarraian matrikulatzea, baldin eta aurreinskripzioa egin eta bertan onartutako ikasleek matrikula egin ondoren ikaspostu betegabeak gelditzen badira.

V._Beste jarraibide batzuk

1. Matrikula araubidea.

A._Dagokion zikloan hasteko behar diren betebehar akademikoak bete behar badituzte ere, aurretik hizkuntzaren ezagupenak dituzten ikasleek zilegi izanen dute oinarrizko zikloko lehenbizikoa ez den maila bat edo goi zikloko bigarrena ofizialki egitea, baldin eta aurretik dagokion mailakatze proba gainditzen badute.

Horretarako, hizkuntza eskolek mailakatze proba berariazkoak antolatzen ahalko dituzte, aurreneko aldiz sartu behar diren ikasleak maila egokian kokatu ahal izateko, haien ezagupenen mailaren arabera. Proba horiek ez dute ondorio akademikorik izanen eta haien bidez lortutako mailaketaren indarraldia dagokion ikasturtekoa izanen da. Ikasle horiek sartu zireneko maila hori gainditzen ez badute, behin bakarrik errepikatzen ahalko dute; bestela, eskolako ikasle ofiziala izateko eskubidea galdu eta ez dute ondorio akademikorik aterako.

Proba horiek eginez gero, hizkuntz eskolek proba horien prozeduraren, edukien eta emaitzen berri emanen diote Zerbitzuak Ikuskatu eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzuari.

B._Goi Zikloko Gaitasun Agiria erdiesteko beharrezkoa denez gero aurretik Oinarrizkoa gainditu izanaren ziurtagiria lortzea, deialdi berean bi probak egiteko gauza direla uste duten ikasleak irakaskuntza librean matrikulatzen ahalko dira, bai oinarrizko zikloan, bai, hori gainditzen duten kasurako, goi zikloan.

C._Ezinezkoa da hizkuntza batean matrikula egitea urrutiko modalitatean eta bertaratzekoan, eta, horrenbestez, hizkuntza eskolek ahalik eta publizitate handiena emanen diote arautegiari, ikaspostuen eskaintza murriz lezaketen matrikula bikoitzak egin ez daitezen.

2. Matrikulari uko egitea.

Kontuan hartuta "Ikasleen eskubide eta betebeharrei" buruzko IV. ataleko "Ikasturtea errepikatzea" izeneko 3. puntuan ezarritakoa, edozein ikaslek zilegi izanen du matrikula bertan behera uzteko eskatzea bere ikasketen espedientea dagoen Hizkuntza Eskola Ofizialeko zuzendariari, apirilaren 30a baino lehen, baldin eta agiri bidez egiaztatzen baldin badu eritasun fisiko edo psikikoa izan duela edo matrikulatuta dagoen taldean klasera joatea galarazten dion lanpostu batean hasi dela.

Beharrezkoa izanez gero, ikaslearen irakasleari entzun ondoren, eskolako zuzendariak eskaera ebatzi eta matrikulari uko egiteko baimena emanen du baldin eta aipatu arrazoi horietako bat egiaztatzen bada eta hori dela medio, ezinezkoa izan bada eskatzailea eskolara normalki joatea eta etengabeko ebaluazioaren bidez haren kalifikazioa egitea.

Arestian tipifikatutakoak ez bezalako bestelako arrazoi bereziak daudenean, matrikulari uko egiteko eskabideak epe berean aurkeztuko zaizkio eskolako zuzendariari eta horrek, txosten batekin batera eta, hala badagokio, behar den dokumentazioarekin batera, Eskola eta Lanbide Irakaskuntzaren Zuzendaritza Nagusira igorriko du, behar den ebazpena eman dadin.

Matrikulari uko egiteko baimena ematen den kasu guztietan, dagokion eginbidea agertaraziko da ikaslearen ikasketen espedientean eta kontuan hartuko da uko horrek baimendu den ikasturte horretarako bakarrik balio duela. Horrelako kasuetan, ikasturte hori ez da kontuan hartuko kurtsoa errepikatzeko epea kontatzean. Nolanahi ere, matrikulari uko egiten dion ikasleak, hurrengo ikasturtean, aurrekoan matrikulatuta egon zen maila berean egin beharko du matrikula eta horrela egin ezean, ikasle ofizialaren eskubide guztiak galduko ditu; dena den, horrek ez dio kenduko hurrengo urteetan aurreinskripzio prozesuetan parte hartzeko eskubidea, ofizialak ez diren gainerako ikasleen baldintza beretan.

3. Alkoholari eta tabakoari buruzko arauak.

Ikastetxeek giro higieniko eta osasuntsua bultzatu behar dute, hezkuntza komunitatean osasunerako on diren ohitura eta jarrerak sustatuz.

Hori helburu, eta 6/2003 Foru Legea, otsailaren 14koa, tabako kontsumoaren prebentzioari, arnasteko airea babesteari eta tabakoaren aurrean osasuna sustatzeari buruzkoa, bete dadin:

a) Ez da zilegi izanen ikastetxeetan tabakoa saltzea.

b) Ez da zilegi izanen ikastetxeetan erretzea.

Indarra duten arauen arabera, ikastetxeetako eskola kontseiluek behar diren neurriak hartuko dituzte ikastetxeetan edari alkoholdunak saltzea eta kontsumitzea galarazteko.

Baldintza horiek kontuan hartuko dira barne araubideko erregelamendua prestatzerakoan.

4. Ikaspostuak gordetzea Haur Hezkuntzako eta Lehen eta Bigarren Hezkuntzako irakasleentzat.

Iruñeko eta Tuterako Hizkuntza Eskola Ofizialek, ohiko eskaintzaren barruan, araubide ofizialeko ikaspostu kopuru bat gordeko dute Nafarroako Haur eta Lehen eta Bigarren Hezkuntzako irakasle funtzionarioek ingelesa edo frantsesa ikas dezaten. Horretarako izena eman eta ikaspostuak esleitzeko prozedura Eskolek ezarriko dute.

Iragarkiaren kodea: F0612627