3. ALDIZKARIA - 2005eko urtarrilaren 7a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.4. Ebazpenak

1.482/2004 EBAZPENA, 2004ko abenduaren 10ekoa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak emana, kontratatzeko eta izendatzeko zerrendak egiteko prozedura arautzen duen Akordioa onesten duena.

Kontratatzeko eta izendatzeko zerrendak egiteko prozedurari buruzko araubide indarduna eta prozedura hori kudeatzekoa maiatzaren 14ko 583/2002 Ebazpenak onetsi zituen.

Azterturik nola funtzionatzen duen zerrendak kudeatzeko sistemak, eta zein diren Unibertsitatearen beharrak lan kontratuak egiteko, eta, behar denean, aldi baterako funtzionarioak izendatzeko, bidezkoa da aldaketak egitea kontratazio zerrendak egin eta kudeatzeko sisteman, aurreko arauek ekarritako akatsak gainditzeko.

Akordio berria Kudeatzailetzat eta ELA, UGT eta LAB sindikatuek sinatu zuten 2004ko azaroaren 12an, eta azken xedapenean dio indarra hartuko duela onetsiko duen Ebazpena argitara eman, eta biharamunean.

Langileen Kudeaketarako Ataleko buruak egin duen txostena ikusirik, zeina Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariak ontzat eman baitu.

Kudeatzaileak proposaturik

Nafarroako Unibertsitate Publikoko Estatutuen 40. artikuluan esleituta dauzkadan eskumenak betez,

EBATZI DUT

Lehenengoa._Onestea kontratatzeko eta izendatzeko zerrendak egiteko prozedura arautzeari buruzko eta prozedura hori kudeatzeari buruzko Akordioa, ebazpen honen eranskinean jasotzen dena.

Bigarrena._Akordio honek indarra hartuko du ebazpen hau sinatu, eta biharamunean.

Hirugarrena._Erabaki hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzeko agindua ematea.

Laugarrena._Ebazpen honek administrazio bidea agortzen du, Unibertsitateei buruzko Lege Organikoaren 6.4 artikuluak xedatzen duenari jarraikiz, eta aukeran, berraztertzeko errekurtsoa aurkez daiteke errektorearen aurrean, edo, bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Nafarroako Administrazioarekiko Auzietako Epaitegietan, hilabeteko epean lehenengo kasuan, eta bi hilabeteko epean bigarrenean, biak ere ebazpena jakinarazi eta biharamunetik kontatzen hasita.

Iruñean, 2004ko abenduaren 10ean._ Errektorea, Pedro Burillo López.

AKORDIOA, KONTRATAZIO-ZERRENDAK ETA IZENDAPENAK EGITEKO PROZEDURA ARAUTZEKO, ETA HORI KUDEATZEKO ARAUBIDEA

Nafarroako Unibertsitate Publikoko administrazio eta zerbitzuetako langileei dagokie Unibertsitateko funtzio teknikoak, administratiboa eta kudeaketazkoa egitea, bere eskumenen barnean.

Unibertsitateko Estatutuetako 105. artikuluko 2. paragrafoak ezartzen duenarekin bat etorriz, Unibertsitateko funtzionarioek eta lan kontratupeko zein administrazio kontratupeko langileek osatzen dute Unibertsitateko administrazio eta zerbitzuetako langileria, baita beste hainbat Administrazio Publikotako izan eta zerbitzuak Unibertsitateak ematen dituztenak ere.

Unibertsitateko bizimoduan eta unibertsitateko kudeaketako zerbitzuak ematean, izaten dira hainbat behar, beste hainbeste egoera direla-eta, adibidez, lan-metaketa, obrak edo zerbitzuak gauzatzea, aldi baterako ezintasunak, amatasun/aitatasun baimenak, lanpostua gordetzeko eskubidedun eszedentziak, lanpostu betegabeak behin-behinean betetzea, eta abar. Horregatik beharrezkoa izaten da langileak lan kontratupean edo administrazio kontratupean kontratatzea unibertsitateko administrazioak ongi funtziona dezan.

Unibertsitateko zerbitzuak behar bezala kudeatu ahal izateko, beharrezkoa da une jakin bateko aldian behineko funtzionario edo kontratupeko-beharrei zalu eta bizkor erantzungo dien marko egokia edukitzea.

Kontratazio zerrendak eta izendapenak egiteko prozedura arautzeko eta hori kudeatzeko araubidea maiatzaren 14ko 583/2002 Ebazpenak onetsi zuen.

Azterturik nola funtzionatzen duen zerrendak kudeatzeko sistemak, eta zein diren Unibertsitatearen beharrak lan kontratuak egiteko, eta, behar denean, bitarteko funtzionarioak izendatzeko, bidezkoa da aldaketak egitea kontratazio zerrendak egin eta kudeatzeko sisteman, aurreko arauek ekarritako akatsak gainditzeko.

Oraingo Kudeatzailetzaren konpromisoen artean dago Administrazio eta Zerbitzuetako Langileen plantilla bermatzea urteroko Lan Eskaintza Publikoen bidez, laneko behin-behinekotasuna murrizteko, eta, izanez gero, ez dadila izan bi urtetik goragokoa.

Printzipio horrek berekin dakar kontratazioak mugatuko direla, oro har, karrerako funtzionarioak ordezkatzera eta lan kontratazioak egitera, aldi batzuetan lan metaketak izaten dituzten arloetan.

Horrek eskatzen du behar horretarako kontratatzen diren langileek, ahal bada, jakin dezaten nola funtzionatzen duen unitate bakoitzak eta bereziki nola funtzionatzen duten han erabiltzen dituzten informatika tresnak. Aldi laburrak direnez gero, beharrezkoa dirudi ez kontratatzea funtzionamendu horren berri ez duten langileak, prestatu egin behar baitituzte, eta baldin badaude, kontratatzea hasieratik lan egiteko gai diren langileak. Berez dakarren ondorioa da lan esperientziari balioa eman behar zaiola, batez ere, Nafarroako Unibertsitate Publikoan hartutakoari; halatan, funtzio publikoan sartzeko gertatzen den bezala, behin-behineko langileak kontratatzean, kontuan har daitezen ez probak gainditzea bakarrik, baizik eta izangaiaren merezimenduak ere bai.

Horrela lortzen dugu lan kontratupeko langileak eta bitartekoak sartzeko modua izan dadin funtzionarioek dutenaren antzekoa, alegia, balioets diezaieten ez bakarrik oposizio aldiko proben emaitza, baita ere lan esperientzia.

Bestalde, ikusi dugu Unibertsitateak zuzen funtzionatzeko oztopoa dela, askotan, bi deien oraingo sistema, hau da, dei bat bitarteko funtzionarioentzat eta beste bat lan kontratupekoentzat, horrek baitakar lan kontratupean postu batean lan egiten aritu direnak, eta, beraz, horren funtzionamenduaren jakitun direnak, Unibertsitateak berak kontratatzen dituela beste postu batzuetan bitarteko funtzionario izateko, eta lehenengo postua uzten dutela beste batek betetzeko, eta horrela gertatzen da behin eta berriz, eta arazo larriak sortzen ditu Unibertsitatearen kudeaketan eta zerbitzuan, batez ere, zerbitzu bati baino gehiagori dagokienean.

Gainera, beharrezkotzat jotzen dugu zerrendak kudeatzeko araubide berri bat ezartzea, non modu tasatu batez balioetsiko baitira lanpostuaz gabetzeko eta baztertua izateko zergatikoak eta arrazoiak, baita ukoak ere. "Dei bakarraren" aplikazioa dela eta, ez zaie prozedura ezberdinei jarraitu behar, lan kontratuei uko egiten zaienean, eta bitarteko funtzionarioak izendatzen direnean, horien araubidea dokumentu honek berrikusten baitu ere bai. Ukoen araubidea leundu nahi izan da, zeinen ondorioak leundu nahi izan diren, benetan adiskidetzeko familia bizitza eta lanekoa, hori baita langileen politikaren ardatz gidarietako bat.

Kontratazio eta izendapen-zerrendak prestatzeko eta kudeatzeko araubidea arautzeko modua, Unibertsitatean ordezkaritza duen sindikatuekin akordioaz erabakia.

AURKIBIDEA

I. Titulua._Kontratazio motak

1. artikulua. Aplikatzeko eremua.

2. artikulua. Bitarteko funtzionarioak izendatzea.

3. artikulua. Kontratupeko langileen aldi baterako kontratazioa.

II. Titulua._Langileen zerrendak prestatzea

4. artikulua. Langileen zerrendak prestatzea.

5. artikulua. Hainbat zerrenda batera egotea.

III. titulua._Zerrendak kudeatzea

6. artikulua. Lan kontratazioa.

7. artikulua. Bitarteko izendapena.

8. artikulua. Zer egin langileek uko egiten dutenean.

9. artikulua. Premiazko egoerak.

10. artikulua. Deiak.

11. artikulua. Argibideak.

Xedapen gehigarria

Azken xedapena

I. TITULUA

Kontratazio motak

1. artikulua. Aplikatzeko eremua.

Arautegi hau aplikatuko zaie kontratatzeko zerrendak prestatzeko eta izendapenak egiteko prozedurei, Unibertsitateko Administrazio eta Zerbitzuetako langileentzat diren aldi baterako lanpostuak betetzeko, direla bitarteko izendapenaren bidez betetzen direnak, direla lan kontratazioaren bidez betetzen direnak.

2. artikulua. Bitarteko funtzionarioak izendatzea.

1. Lanpostuak aldi batean betetzeko bitarteko funtzionarioak izenda daitezke, beharra eta premia baldin badaude, eta egoera hauetan:

a) Unibertsitateko AZLren Lanpostu-zerrendan funtzioarioei atxikiak eta hutsik agertzen diren lanpostuak betetzea.

b) Lizentziak edo arauzko baimenak dituzten funtzionarioak edo lanpostua gordetzeko eskubidea eduki eta lanera joan behar ez izateko egoeran dauden funtzionarioak ordezkatzea.

2. Bitartekoek, izendatuak izateko, karrerako funtzionarioek dituzten titulazioa eta gainerako betebeharrak izan beharko dituzte.

3. Izendapena, beti ere, aldi baterako izango dena, bertan behera geldituko da karrerako funtzionario batek, legez aurrekusitako modu baten bidez, lanpostua bete behar duenean, edota ordezkatuta egon den karrerako funtzionarioari lanpostua gordeta edukitzeko eskubidea bukatzen zaionean, edo, gertatzen diren arrazoiengatik, lanpostua kendu behar denean, edo, bestela, Administrazioari iruditzen zaionean lanpostua bitartekoz betetzeko beharra edo premia desagertu direla.

3. artikulua. Kontratupeko langileen aldi baterako kontratazioa.

Kontratupeko langileak aldi baterako kontratatuko dira, premiaz bete behar diren eginkizun ez iraunkorrei aurre egiteko.

Aukeratzen diren langileak aldi baterako kontratatuko dira, lan kontratupean, bidezkoa den kontrato-motarekin. Langile horiek garaian garaiko deialdietan eskatzen diren titulazioa eta gainerako baldintzak bete beharko dituzte.

Inola ere ezin izango da lan kontrataziorik egin langile funtzionarioentzako gordeta dauden lanpostuen hutsak betetzeko.

II. TITULUA

Langileen zerrendak prestatzea

4. artikulua. Langileen zerrendak prestatzea.

4.1. Zerrendak ondoren aipatzen diren prozeduren arabera egiten ahalko dira, eta esaten den hurrenkeran:

4.1.1. Oro har, Unibertsitateak funtzio publikoan sartzeko egiten dituen deialdietan sortuko dira zerrendak.

Kontratazio zerrendetan egongo dira, dagokien Eskalako azken hautatze-prozesuan, gutxienez ere, proba bat gainditu dutenak, ez besterik.

Zerrendan daudenak irizpide hauen arabera ordenatuko dituzte:

a) Aurrena egongo dira oposizio aldia osorik gainditu, eta hautatze-prozesuan lanpostua erdietsi ez dutenak. Oposizio-aldiko eta lehiaketa-aldiko puntuak batu, eta guztira izan duten puntuazioarekin azalduko dira.

b) Hurren egongo dira, gutxienez ere, oposizio-aldiko proba bat gainditu dutenak, eta baremo jakin baten arabera, kontuan hartuko zaie gaindituriko azterketen kopurua eta horietan erdietsitako puntuak, eta, gainera, laneko esperientzia, zeina balioesteko modua artikulu honen 4.2 atalean zehazten baita.

Zerrenda horiek Giza Baliabideen Zerbitzuak prestatuko ditu, epaimahaiek bidalitako datuak erabiliz.

4.1.2. Deialdi berariazkoak, aldi baterako langileak hautatzeko, edo kontratazio eta izendapen zerrendak eratzeko.

Unibertsitatearen beharrak eskatuta, berariazko deialdiak egin daitezke, bitarteko funtzionario izendatzeko langileak, edo lan kontratupeko langileak aukeratu behar direnean, deialdi horien arabera kontratazio zerrendak egiteko, karrerako funtzionarioen lanpostuetarako hurrengo deialdia egin arte.

Zerrendak egiteko prozedura berariazkoetan, horretarako ebazpenean ezarritako epaimahaia izango da zerrenda prestatzeko eskumenduna.

Zerrenda horiek egiteko epaimahaiak hiru lagunek osatuko dituzte, eta Errektoreak izendatuko duena izango da epaimahaiburua. Idazkari lanetan Giza Baliabideen Zerbitzuko Zuzendaritzak izendatutako mahaikidea arituko da, eta hirugarren mahaikide bat, sindikatuek izendatutakoa. Lanpostuak berariazkoak izanik, beharrezkoa bada, bi mahaikide gehiago egon daitezke epaimahaian, bat kudeatzaileak izendatuko duena, eta bestea Nafarroan den erakunde publiko batekoa edo beste unibertsitate publiko batekoa izango dena.

Kontratazio edo/eta izendapen zerrendetan egoteko, izangaiek hautaketa-prozesuko proba guztiak gainditu beharko dituzte. Lan esperientziari dagozkion puntuak ezin dira izan hautaketa-prozesu guztiari dagozkion puntuen ehuneko 30 baino gehiago.

Zerrendan daudenak irizpide hauen arabera ordenatuko dituzte: proba guztiak gainditu dituzten izangaiak, aldean dutela bakoitzean erdietsitako puntuazioa eta lan esperientziagatik duten balioespena, baremo honen arabera:

.1 puntu Nafarroako Unibertsitate Publikoan azken hamar urteotan lanean emandako hiruhileko bakoitzagatik, garaian garaiko deialdiari dagokion eskalako lanpostuetan egon badira, gehienez ere, 8 urtez. Ez dira kontuan hartuko hiruhilekoa baino denbora-zatiki txikiagoak.

.1 puntu Unibertsitate Publiko batean azken hamar urteotan lanean emandako hiruhileko bakoitzagatik, garaian garaiko deialdiari dagokion eskalako lanpostuetan egon badira, gehienez ere, 7 urtez. Ez dira kontuan hartuko hiruhilekoa baino denbora-zatiki txikiagoak.

.0,4 puntu Nafarroako Unibertsitate Publikoan azken hamar urteotan lanean emandako hiruhileko bakoitzagatik, garaian garaiko deialdiak aipatzen ez dituen beste eskala batzuetako lanpostuetan, titulazio maila berdineko edo goragokoetan, edota beste administrazio publiko batzuetan azken hamar urteotan lanean emandako hiruhileko bakoitzagatik, garaian garaiko deialdiak aipatzen dituen titulazio maila berdineko eskala edo kidegoetako lanpostuetan, gehienez ere, 7 urtez. Bi kasu horietan ez dira kontuan hartuko hiruhilekoa baino denbora-zatiki txikiagoak.

4.1.3. Eskaera Lan Zerbitzu Publikoari.

Lan Zerbitzu Publikoei egindako eskaerak direla-eta, prestatutako zerrendak egiteko, artikulu honen 4.1.2. atalean ezarritakoari jarraituko zaio.

4.2. Zerrendak prestatzeko orduan honako balioespen irizpide hauek hartuko dira kontuan:

4.2.1. Funtzio publikoan sartzeko Unibertsitateak deitutako deialdietan, eta 4.1.1.a) atalean xedatutakoa galarazi gabe, kontuan hartuko dira proba bat gutxienez gainditu duten izangaiak, honako baremo hau aplikatu eta ondoriozko ordenari jarraituz:

4.2.1.1. Gainditutako probak: Kontuan hartuko zaie azterketetan guztira erdietsitako puntuazioa. Azterketen puntuazioa ezin da izan hautaketa-prozesu bakoitzerako ezarria den gehienezko puntuazioaren % 70 baino gehiagokoa. Horretarako ez da kontatuko bakoitzari dagokion eskalan sartzeko hautaketa-prozesuaren oposizio aldiko azkeneko probaren balioa.

4.2.1.2. Lan esperientzia: puntuazioa ezin da izan hautaketa-prozesu bakoitzerako ezarria den gehienezko puntuazioaren % 30 baino gehiagokoa, eta horretarako ez da kontatuko bakoitzari dagokion eskalan sartzeko hautaketa-prozesuaren oposizio aldiko azkeneko probaren balioa, 4.2.1.1. atalean jasotzen den bezala. Aplikatu beharreko baremoa, 4.1.2. atalean dagoena, zuzenduko da oposizio aldian izandako gutxitzearen proportzio berdinean.

4. 3. Izangaien arteko berdinketak ebazteko, honela egingo da:

4.3.1. Funtzio publikora sartzeko prozesuetan, oposizio aldi osoa gainditu duten izangaien arteko berdinketak ebazteko, kontuan hartuko da, aurrena, gainditutako probetan izandako puntuazioa, probak egin diren hurrenkeraren alderantzizko hurrenkeran. Hala ere berdinketa desegingo ez balitz, Administrazio Publikoan zerbitzu-egunik gehien eman duenak irabaziko du. Eta, honela ere berdinketak irauten badu, izangaien abizenek duten alfabetoaren araberako hurrenkerari begiratuko zaio, eta Administrazio Publikorako Estatu Idazkaritzak urtero egiten duen zozketan ezarritakoa izango da lehenengo letra, alegia, hautaketa-prozesuaren lehenengo proba egiteko egunari dagokiona.

4.3.2. Gainerako kasuetan, "Lan esperientzia" izeneko 4.2.1.2 atalean erdietsitako puntuazioari begiratuko zaio. Berdinketa desegingo ez balitz, Nafarroako Unibertsitate Publikoan deialdiko eskalako lanpostuetan zerbitzu emateagatik erdietsitako puntuazioari begiratuko zaio, eta bere horretan jarraituko balitz, Administrazio Publikoan zerbitzu-egunik gehien eman duenak irabaziko du.. Berdinketak irauten badu, gainditutako probetan izandako puntuazioari begiratuko zaio, probak egin diren hurrenkeraren alderantzizko hurrenkera hartuta, eta, hala ere, desegiten ez bada, izangaien abizenek duten alfabetoaren araberako hurrenkerari begiratuko zaio, eta lehenengo letra izango da Administrazio Publikorako Estatu Idazkaritzak urtero egiten duen zozketan ezarritakoa, alegia, hautaketa-prozesuaren lehenengo proba egiteko egunari dagokiona.

4.4. Balioesteko esperientzia egiaztatuko duen dokumentazioa aurkezteko prozedura:

a) Karrerako funtzionarioen lanpostuak betetzeko prozesuetan, dokumentazioarekin batera, horretarako egindako eskabidea aurkeztuko da, oposizio aldiko bigarren probaren emaitzak argitara ematen diren egunetik hasi, eta hautaketa-prozesuaren behin betiko emaitzak argitaratu ondoren hamar egun egin arte.

b) 4.1.2 eta 4.1.3 ataletan jasotako prozesuetan, 4.1.2 atalean jasotako merezimenduak egiaztatzeko dokumentazioarekin batera, horri dagokion eskabidea aurkeztuko da, hautaketa-prozesuaren azken emaitzak argitara eman, eta hurrengo hamar egunetako epean: prozesua gainditu duten izangaiek bakarrik egingo dute hori.

c) Kasu guztietan, balioesteko esperientzia izango da atal honetako a) eta b) letretan aipatzen diren eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunera arte norbereganatutakoa.

5. artikulua. Hainbat zerrenda batera egotea.

Kategoria bereko langileen beharrak betetzeko hainbat zerrenda batera daudenean, horiek metatu egingo dira, lehentasun-irizpide honi jarraituz:

a) Unibertsitatean garatu den funtzio publikoan sartzeko prozedura baten ondorioa den zerrenda.

b) Izangai-zerrenda prestatzeko prozeduraren Deialdiaren ondorioa den zerrenda. Hainbat deialditatik datozen zerrendak badaude, denak batu egingo dira, denboraren arabera ordenatuz.

c) Lan Zerbitzu Publiko bati eskaera egin, eta horren ondoriozko zerrendak.

Funtzio publikoan sartzeko prozedura bat izan eta gero, horren ondoriozko zerrendak indarrik gabe utziko ditu gainerako guztiak, zerrenda osatzen dutenen kopurua dela-eta aurrekoak gordetzea erabakitzen ez den bitartean, eta,hala ere, denak goian aipatu denaren ondoren ordenatuko diren arren. Nolanahi ere, zerrenden indarraldia sei hilabetekoa izango da, hautaketa-prozesu zehatza ebazten duen ebazpena argitaratzen den egunetik kontatzen hasita.

4.1.1. atalean jasotako prozesuen ondoriozko kontratazio eta izendapen zerrendek indarra hartuko dute izendapen horiek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara eman, eta hurrengo egun baliodunean. 4.1.2 eta 4.1.3. ataletan azaldutako moduen arabera prestatutako zerrendek indarra hartuko dute horiek onesteko errektorearen ebazpena jendaurrean jarri, eta biharamunean. Azkeneko bi kasu horietan, zerrendak Administrazio eta Kudeaketa eraikineko iragarki-oholean jarriko dira jendaurrean.

III. TITULUA

Zerrendak kudeatzea

6. artikulua. Lan kontratazioa.

Dei bakarra egingo da, eta, hortaz, ez zaie lan kontraturik eskainiko Unibertsitatean lanean ari direnei, bai bitarteko funtzionario moduan, bai lan kontratupean, eta izendapena edo kontratua bukatzen zaienean, zerrendan zuten tokia gordeko zaie.

Edozein kategoriatako langilearen aldi baterako lan kontratazioa eskaturik, Langileak Kudeatzeko Atalak, beharrezkoak diren tramiteak egin eta gero, kontratua burutzea eskainiko du zerrendaren hurrenkeraren arabera, kontratuak zenbat irauten duen kontuan hartu gabe.

Kontratua bukaturik, langile-beharra dagoenean, deitu egingo zaio berriz izangaiari, zerrendan zeukan postua gordeko duelarik.

Aldi baterako ezintasun egoeran edo Amatasun baimenarekin dauden Unibertsitateko langileen ordez kontratatu diren izangaiek lehentasuna edukiko dute kontratua egiteko, baldin eta ordezkaturiko langileek eszedentzia hartuko balute.

Zerbitzu jakin batzuek, salbuespenez, kontratuaren lehen egunetik egin beharreko zerbitzua zein den ezagutzen duen langilerik premiaz kontratatzea eskatzen dutenean, Langileak Kudeatzeko Atalak kontratua eskaini ahal izango die, zerrendan egoteaz gainera, eskatu duen unitatean berriki hiru hilabeteko esperientzia izan dutela frogatzen duten izangaiei, edo, bestela, unitate horretan erabiltzen dituzten informatika tresnak erabiltzen dakitenei, eta, azkenik, unitatean hiru hilabetetik beherako esperientzia frogatzen dutenei. Prozedura hori ez da aplikatzekoa Nafarroako Unibertsitate Publikoko administrazio eta zerbitzuetako funtzionarioen Lanpostuen Zerrendako lanpostu hutsik behin-behinean bete nahi denean.

7. artikulua. Bitarteko izendapena.

Dei bakarra egingo da, eta, hortaz, ez zaie lan kontraturik eskainiko Unibertsitatean lanean ari direnei, bai aldi baterako funtzionario moduan, bai lan kontratupean, eta izendapena bukatzen zaienean, zerrendan zuten tokia gordeko zaie.

Bi deien sistemaren bidez deitu behar zaienean zerbitzu baten eremuan lanean ari diren pertsonei, ez bestetan, erabiliko da sistema hau Lanpostuen Zerrendan hutsik dagoen lanpostu bat bitarteko moduan betetzeko, eta horrelakoetan zerrendaren ordenari zorrotz jarrikiz eskainiko zaie bitarteko funtzionario izateko izendapena Lanpostuen Zerrendan hutsik dagoen lanpostua betetzeko, artikulu honen azkeneko paragrafoan xedatutakoa galarazi gabe.

Aurreko paragrafoan xedatutakoari begira, zerbitzutzat hartuko dira, orain daudenak eta horrela definitutakoak Nafarroako Unibertsitate Publikoko administrazio eta zerbitzuetako karrerako funtzionarioen Lanpostuen Zerrendan, eta, horietaz gainera, ikastegi eta sail bakoitzean destinoa duten langileek osatzen dituzten unitateak, Unibertsitate Komunitateko Zerbitzuaren barneko unitatetzat hartzen ez badira, eta, azkenik, kontratazioa bere finantzazioaren bidez egiten duten unitateak edo beste administrazio publiko baten edo batzuen hitzarmenaren bidez.

Deitzeko eta kontratatzeko prozedura 6. artikuluan adierazitakoa izango da.

Finkatze prozesuan zehar finko bihurtu beharreko lanpostuak aldi baterako betetzen ari direnekin Unibertsitateak dauzkan lan harremanak luzatu egingo dira betetzen ari diren lanpostuei dagozkien deialdien hautaprobak bukatu arte. Horretarako, behar izanez gero, hasierako lan harremana aldatu daiteke eta bitarteko bihurtu, abenduaren 18ko 2720/1998 Errege Dekretuak edo funtzio publikoaren arauek jasotzen duten moduan.

8. artikulua. Zer egin langileek uko egiten dutenean.

8.1. Kontratazio zerrendetatik behin-behinekoz baztertzea.

1._Kontratazio zerrendetan daudenak behin-behinekoz baztertu ahal izango dituzte, hauek gertatzen direnean:

a) Enpresa pribaturen batean kontratua izatea eta alta Gizarte Segurantzan.

b) Zerbitzu-alokairuan egotea, edo autonomo moduan lizentzia fiskalarekin lan egitea, hori nahikoa egiaztatuta dagoela.

c) Aldi baterako kontratuarekin edo indarreko izendapenarekin, edozein administraziotan, Nafarroako Unibertsitate Publikoan barne, lanean aritzea.

d) Aldi batean lanean aritzeko ezintasuna dakarren gaixotasuna edukitzea, gaixo egon bitartean, hori ziurtagiri mediko bidez egiaztatzen denean.

e) Haurdun egotea, seigarren hilabetetik aurrera.

f) Gurasotzea, berdin seme-alaba naturala bada edo adopzio edo harrerakoa, jaio edo adoptatu den haurrak urtebete egin arte.

g) Senitartekoa zaintzen egotea, bigarren gradura arteko odolkidetasuna badu, eta adina, istripua edo gaixotasuna direla-eta, ezin bada moldatu bere kabuz, eta jarduera ordaindurik ez badu.

2._Kontratazio zerrendetatik aldi baterako baztertu dituztenek ez dituzte lanerako eskaintza berriak jasoko, Langileen Kudeaketarako Atalean idatziz jakinarazten duten arte, berriz ere, lan egiteko moduan daudela. Hori eginez gero, zegokien zerrendan zeukaten tokian jarriko dituzte berriz.

3._Lehenengo atalean adierazitako arrazoiak egiaztatzeko, hamar eguneko epe luzaezina izango dute. d), e) eta f) ataletan jasotako kasutan, ez da bidezkoa izango hurrengo atalak aipatzen duen baztertzeko epea, uko egitearen zergatikoa nahikoa justifikatzen bada.

4._Behin-behineko baztertze egoeran gutxienez egoteko epea hiru hilabetekoa izango da, eta gehienezkoa bi urtekoa.

5._Interesdunak Langileen Kudeaketarako Atalean idatziz jakinarazten duenean lan egiteko moduan dagoela berriz ere, behin-behinekoz baztertua izan baino lehenago zerrendan zeukan tokian jarriko dute berriro. Bestela, bi urteko epe hori bete ondoren jakinarazten badu lan egiteko moduan dagoela, interesduna azkeneko lekuan jarriko dute dagokion zerrendan.

6._Zein zerrenda erabilita deitu zioten, horretatik bakarrik baztertuko dute interesduna behin-behinekoz.

8.2. Kontratazio zerrendetatik behin betikoz baztertzea

1._Kontratazio zerrendetan daudenak behin betikoz baztertu ahal izango dituzte, hauek gertatzen direnean:

a) Interesdunak hala eskatzen duenean, Langileen Kudeaketako Atalera zuzendutako idazkiaren bidez.

b) Lan eskaintza bati uko egiten zaionean, ukoa egiteko arrazoia ez bada behin-behinekoz baztertzeko diren horietakoa, alde batera utziz denbora ez-osoko kontratazioak.

c) Bukatzeko aurreikusia den eguna baino lehenago, langileak uko egiten dionean Nafarroako Unibertsitate Publikoarekin duen zerbitzu harremanari, ukoaren arrazoia ez bada Nafarroako Unibertsitate Publikoan beste lan eskaintza bati baiezkoa ematea.

d) Baliaezintasun iraunkorra edo antzekoan egotea, eta horregatik ezin egin izatea lanpostuko lan nagusiak.

e) Ez erantzutea, 48 orduko denboran, lan eskaintza baten jakinarazpenari, 10.2 artikuluan xedatuari jarraikiz.

2._Behin betiko baztertua izatearen jakinarazpena jasotzen duenean, interesdunari hamar egun balioduneko epea emango zaio alegazioak aurkezteko.

3._Zein zerrenda erabilita deitu zioten, horretatik bakarrik baztertuko dute interesduna behin betikoz.

9. artikulua. Premiazko egoerak

1._Ohiz kanpoko kasuetan, eta berehalako kontratazioa edo izendapena eskatzen duten premiazko beharrei aurre egiteko, Langileak Kudeatzeko Atalak telefonoz hots egingo die izangaiei zerrendaren ordenari jarraituz, izangai bat aurkitu arte.

2._Prozedura hau ez da aplikatzekoa Nafarroako Unibertsitate Publikoko funtzionarioen Lanpostuen Zerrendan bete gabe dagoen lanpostua behin-behinean bete nahi denean.

3._Horrelakoetan ez da aplikatuko "Deiak" izenburuko 10. artikuluan: ezarritako prozedura.

10. artikulua. Deiak:

1._Lan eskaintza guztiak telefonoz egingo dira, eta interesdunak 24 ordu izango ditu horri erantzuna emateko.

2._Lehenengo egunean interesduna ez badute aurkitu telefono deiaren bidez, jakinarazpen bat bidaliko diote azaltzeko, berak ez badio erantzuten lan eskaintzari hurrengo 48 orduetan, zerrendan hurrengoa denari eskainiko diotela lana, eta ohartaraziko diote kontratazio zerrendatik baztertuko dutela, astebeteko epean ez bada harremanetan jartzen Langileen Kudeaketarako Atalarekin.

11. artikulua. Argibideak.

Kontratatzeko eta izendatzeko izangaien zerrenda sindikatuetako ordezkarien partaidetzarekin prestatuko da.

Unibertsitatean ordezkaritza duten sindikatuek informazio egokia edukiko dute kontratatzeko eta izendatzeko izengaien zerrendek izaten dituzten gorabehera eta aldaketei buruz, Administrazio eta Zerbitzuetako Langileen Batzordeak emango baitie, edo, bestela, Langileen Ordezkariak edota Enpresa Batzordeak.

Zerrendetan daudenek eskubidea izango dute dauden zerrendei buruzko egoeraren berri izateko.

XEDPEN GEHIGARRIAK

Aldi baterako ezgaitasun egoeretan, edo langileek lanera ez joateko baimena eta lanpostua gordetzeko eskubidea dutenean, Kudeatzailetzak, Giza Baliabideen Zerbitzuaren bidez, aldi baterako beteko ditu lanpostuak, dagokion Zerbitzu Zuzendaritzak hala eskatzen duenean, eta, nolanahi ere, baldin eta egoera dela-eta, kaltetutako unitatearen edo atalaren plantillaren ehuneko 20 baino gehiagok, txanda berean, ez badu lanera joaterik.

AZKEN XEDAPENA

Ebazpen honek ez ditu ukitzen finantzaketa berekia duten Proiektuetan eta Ikerketa Kontratuetan zerbitzuak emateko egin litezkeen aldi baterako kontratuak, ez eta Erakundeekin zein beste hainbat Organismorekin, publiko nahiz pribatu, egindako Hitzarmenen ondorioa direnak ere.

Onetsi eta biharamunean hartuko du indarra ebazpen honek, eta bi urteko indarraldia edukiko du, eta indarraldi hori besterik gabe luzatuko da urtetik urtera, alderdiren batek ez badu salatzen, hilabete bateko epea aurrez hartuta.

Iruñean, 2004ko azaroaren 12an.

Iragarkiaren kodea: F0419067