58. ALDIZKARIA - 2004ko maiatzaren 14a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Plantilla Organikoa, Lan Eskaintza Publikoa, oposizioak eta lehiaketak

96/2004 FORU AGINDUA, apirilaren 15ekoa, Hezkuntza kontseilariak emana, Iruñeko, Lizarrako eta Lekarozko Irakasleentzako Laguntza Zentroetako zuzendarien lanpostuak merezimendu lehiaketa bidez eta zerbitzu eginkizunetan betetzeko deialdia onesten duena.

Ekainaren 17ko 245/1996 Foru Dekretuak Nafarroako Foru Komunitateko irakasleen etengabeko prestakuntzaren sarea sortu, egituratu eta antolatzeko arauak ematen ditu. Dekretu hori garatzeko eta Hezkuntzaren Plangintzako Zerbitzuko zuzendariak proposaturik, bidezko da hiru lanpostutarako deialdia egitea, Iruñeko, Lizarrako eta Lekarozko Irakasleentzako Laguntza Zentroetako zuzendarien lanpostuak merezimendu lehiaketa bidez eta zerbitzu eginkizunetan betetzeko.

Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Gobernua eta Administrazioa arautzen dituen apirilaren 11ko 23/1983 Foru Legeko 36. artikuluko 2.c) eta d) idatz-zatietan emandako ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Iruñeko, Lizarrako eta Lekarozko Irakasleentzako Laguntza Zentroetako zuzendarien lanpostuak merezimendu lehiaketa bidez eta zerbitzu eginkizunetan betetzeko deialdia, foru agindu honetan heldu dena, onestea.

2. Foru agindu hau, deialdiarekin eta eranskinekin batera, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.

3. Foru agindu hau, deialdiaren oinarriak eta eranskinak igortzea Hezkuntzaren Plangintzako Zerbitzuari, Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzuari, Giza Baliabideen Zerbitzuari, Irakasleen Prestakuntza Atalari, Nominen eta Gizarte Aseguruen Atalari eta Ekonomia eta Ogasun Departamentuak Hezkuntzakoan duen kontu-hartzaile delegatuari, behar diren ondorioak izan ditzan.

4. Foru agindu honen, deialdiko oinarrien eta horietatik sortutako egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2004ko apirilaren 15ean._Hezkuntza kontseilaria, Luis Campoy Zueco.

DEIALDIAREN OINARRIAK

Iruñeko, Lizarrako eta Lekarozko Irakasleentzako Laguntza Zentroetako zuzendarien lanpostuak merezimendu lehiaketa bidez eta zerbitzu eginkizunetan betetzeko deialdia.

I._Arau orokorrak eta lehiatzaileen betebehar eta baldintzak

Lehenbizikoa._Iruñeko, Lizarrako eta Lekarozko Irakasleentzako Laguntza Zentroetako zuzendarien lanpostuak betetzeko deialdia egiten da, I. eranskinean ageri denari jarraikiz.

Bigarrena._1. Nafarroako Foru Komunitateko irakasleen etengabeko prestakuntzaren sarea sortu, egituratu eta antolatzeko arauak ematen dituen ekainaren 17ko 245/1996 Foru Dekretuaren 5. artikuluari jarraikiz (1996/06/21eko Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALa), lanpostu horiek merezimenduen lehiaketa irekiaren bidez hautatuko dira, unibertsitatez kanpoko irakaskuntzan diharduten Nafarroako Gobernuaren menpeko irakasle funtzionario edo lan kontratudun finkoen artean, foru dekretu bereko 5.1 eta 16. artikuluetan ezarritako mugarekin.

2. Bigarren oinarri honetako 1. puntuan aipatutako irakasleek jardunean egon beharko dute.

3. Lehiaketa honetako lanpostuak betetzeko hautatzen diren irakasleak 2004ko irailaren 1ean izendatuko dira, eta egun horretantxe bete beharko dituzte oinarri bereko aurreko bi puntuetan ezarritako baldintzak.

Hirugarrena._Deialdiaren bukaeran hutsik geratzen diren lanpostuak behin-behinekoz betetzen ahalko dira. Lanpostu horietarako izendapen proposamena Hezkuntzaren Plangintzako Zerbitzuko zuzendariak eginen du, deialdiaren bigarren oinarrian finkatutako baldintzak betetzen badira, betiere.

Laugarrena._Hautapen prozesua gainditu eta lehiaketa honetako lanpostuak betetzeko Irakasleentzako Laguntza Zentroetako zuzendari izendatzen diren lehiatzaileaki zerbitzu eginkizunen egoerara pasako dira funtzionarioak badira, eta antzeko egoera batera lan-kontratudun finkoak badira, Nafarroako Foru Komunitateko irakasleen etengabeko prestakuntzaren sarea sortu, egituratu eta antolatzeko arauak ematen dituen ekainaren 17ko 245/1996 Foru Dekretuaren 5. artikuluan ezarritako baldintza eta prozedurei jarraikiz.

Bosgarrena._Alegatzen diren merezimenduak eskabideak aurkezteko azken egunean bete beharko dituzte lehiatzaileek, antzinatasunari buruzkoa izan ezik, hori 2004 abuztuaren 31tik aurrera kontatuko baita.

II._Lanpostuaren baldintza orokorrak

Seigarrena._Zuzendariak ikastetxean egoteko eguneroko ordutegia Irakasleentzako Laguntza Zentro bakoitzak ezarriko du. Ordutegi hori Eskola eta Lanbide Irakaskuntzaren Zuzendaritza Nagusiak onetsi beharko du. Lanaldia Nafarroako Gobernuaren zerbitzuko langileentzat legez ezarrita dagoena izanen da.

Zazpigarrena._Lan egutegia irakasle funtzionarioena bezalakoa izanen da.

Zortzigarrena._Deialdi honetan hautatutako zuzendariek beren mailari dagozkien oinarrizko ordainsariak, irakasle lanpostuaren berariazko osagarria eta Irakasleentzako Laguntza Zentroetako zuzendarientzat ezarritako lanpostuaren osagarria jasoko dituzte.

III._Eskakizunak eta eginkizunak

Bederatzigarrena._Irakasleentzako Laguntza Zentroetako zuzendaritza lanetan ariko diren pertsonen lanbide eskakizunak unibertsitatez kanpoko hezkuntza mailetako irakasle batenak izanen dira, 1. eranskinean azaltzen den bezala; prestakuntza ona izanen du didaktika eta pedagogia arloetan, eta ongi ezagutuko du bai bere xedeko ikastetxeko proiektu pedagogikoa, bai bere lanaren testuingurua. Halaber, irakaskuntzaren baliabide didaktikoak ezagutuko ditu eta esperientzia izanen du irakasleen prestakuntzaren arloan. Lan taldeetan aritzeko gauza izanen da eta antolatu, komunikatu eta dinamizatzeko trebetasuna izanen du, zuzendaritza lanak lankidetza eta talde-lanaren eredu batean burutzeko.

Nafarroako Foru Komunitateko irakasleen etengabeko prestakuntzaren sarea sortu, egituratu eta antolatzeko arauak ematen dituen ekainaren 17ko 245/1996 Foru Dekretuaren 6. artikuluari jarraikiz, Irakasleentzako Laguntza Zentroetako zuzendariek ondoko eginkizun hauek izanen dituzte:

a) Ikastetxearen ordezkari ofiziala izatea.

b) Ikastetxeko jarduera guztiak zuzendu, koordinatu eta kudeatzea, ezertan ukitu gabe Irakasleentzako Laguntza Zentroko Prestakuntza Kontseiluaren eta Talde Pedagogikoaren eskumenak.

c) Irakasleentzako Laguntza Zentroko Prestakuntza Kontseiluaren bilkurarako deialdia egin eta bertan kontseiluburu izatea eta Talde Pedagogikoa koordinatzea.

d) Aholkularien lanak koordinatu eta zuzentzea eta haiei ikastetxeak esleitzea, haien erantzukizun zuzena har dezaten.

e) Aholkularien eginkizunak eta lan egutegia planifikatzea, Irakasleentzako Laguntza Zentroaren Proiektu Pedagogikoa eta Urteroko Jarduketa Plana prestatu eta gauzatzeko.

f) Ikastetxearen barne funtzionamenduko arauak, bai eta Irakasleen Hobekuntzarako Atalak ematen dituenak ere, bete eta betearaztea.

g) Irakasleentzako Laguntza Zentroaren urteko aurrekontua egin eta burutzea, Hezkuntza Departamentuak horretarako ematen dizkion kredituen arabera.

h) Ikastetxearen kudeaketa administratiboa, ekonomikoa eta inbentarioari buruzkoa egitea.

i) Prestakuntzari buruzko ziurtagiriak, likidazioak eta prestakuntza jarduerek sortutako gastuetarako baimenak egitea.

j) Irakasleentzako Laguntza Zentroak irakaskuntzako eta ekipamenduko materialaren aldetik dituen premiei buruzko proposamenak egitea eta Irakasleentzako Laguntza Zentroetako Unitate Teknikora igortzea.

k) Irakasleentzako Laguntza Zentroari atxikitako langileen burua izatea.

l) Hezkuntza Departamentuak esleitzen dion beste edozein.

IV._Eskaerak eta dokumentazioa

Hamargarrena._Deialdi honetan parte hartzeko eskabideak III. eranskineko ereduaren araberakoak izanen dira. Eskabidearekin batera, alegatutako merezimenduen egiaztagiriak eta lan proiektu bat aurkeztuko da. Dokumentazio hori, Hezkuntzaren Plangintzako Zerbitzuari zuzendurik, Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorrean aurkeztuko dira, Iruñekoan edo Tuterakoan, Hezkuntza Departamentuko Erregistroan (Santo Domingo kalea, z.g., 31001-Iruña), edo Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko Legeko 38. artikuluak aipatzen dituenetako edozein tokitan.

Hamaikagarrena._1. Eskabideak eta hamargarren oinarrian aipatzen diren ziurtagiriak hamabost egun balioduneko epean aurkeztuko dira, deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita, lan proiektua izan ezik, horretarako epea hogeita hamar egun naturalekoa izanen baita, egun beretik hasita.

2. Eskabideak aurkezteko epea ezin da luzatu. Eskabideak Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko Legearen 70. artikuluak aipatzen dituen datuak ez baditu biltzen, errekerimendua eginen zaio eskatzaileari, hamar egun naturaleko epearen barnean hutsa zuzendu edo behar diren agiriak ekar ditzan. Horrela ez eginez gero, eskabidea besterik gabe artxibatuko dela ohartaraziko zaio.

Hamabigarrena._1. Eskabideekin batera, eskatzaileek aurkeztuko dute alegatutako merezimenduen zerrenda, behar bezala justifikatuak, aurkibidea barne, deialdi honetako IV. eranskinean ageri den ereduaren araberakoa.

2. Eskabidearekin batera hurrengo agiri hauek aurkeztuko dituzte:

a) Zerbitzu-orria, 2004ko abuztuaren 31n itxia, administrazio estatalean edo autonomikoan emandako zerbitzuak kreditatzeko. Giza Baliabideen Zerbitzuak ofizioz gaineratuko ditu atal honi dagozkion merezimenduak.

b) Lekarozko ILZ-ko zuzendari lanpostua eskatuz gero, EGA tituluaren edo ofizialki homologatutako balio bereko beste baten fotokopia konpultsatua.

c) Jatorrizko ziurtagiriak edo fotokopia konpultsatuak, ondoko hauen gainekoak: lanpostuari lotutako merezimenduak, irakasleen etengabeko prestakuntzari edo hezkuntzaren berriztapeneko jarduerei buruzko lanbide esperientzia eta lehiatzaileek alegatutako merezimenduak.

d) Lan proiektua:

Lehiatzaileek eskatutako lanpostuari buruzko lan proiektu bat aurkeztuko dute, gehienez 25 orrialdekoa, DIN A4 motakoak, V. eranskineko azalarekin. Proiektu horretan ondoko alderdi hauek azalduko dira:

1. Irakasleen etengabeko prestakuntzari buruzko ohar orokorrak eta lehiatzailearen iritzi pertsonala.

2. Hurrengo hiru urteetarako Plan Estrategikoa eta hobetzeko plana, ondoko alderdi hauek azalduko dituena:

2.1. Bere eginkizkunak betetzean lortu nahi dituen helburuak. Helburu horietako bat, gutxienez, ILZ-ko Proiektu Pedagogikoa hobetzeko planari, ekainaren 17ko 245/1996 Foru Dekretuaren 9. artikuluan aipatzen den horri, lotua izanen da.

2.2. Helburu horiek lortzeko prozesu edo proiektuak.

2.3. Helburuen betetze maila baloratzeko adierazleak.

Hamahirugarrena._1. Hezkuntza Departamentuak onartutako eta baztertutako lehiatzaileen behin-behineko zerrenda onetsi eta jendaurrean paratuko du Eskola eta Lanbide Irakaskuntzaren Zuzendaritza Nagusiko Argibide eta Agiri Bulegoan. Zerrenda hori eskabideak aurkezteko azkeneko egun baliodunetik hamar egun baliodunetan egonen da ikusgai.

2. Zerrenda horren aurka interesatuek, idatziz, erreklamazioak egin ditzakete eta izan daitezkeen akatsak zuzendu, iragarkia ikusgai jarri eta bost egun balioduneko epearen barnean. Izan litezkeen erreklamazioak, baita eginiko akatsak zuzentzeko behar diren agiriak ere, Hezkuntzaren Plangintzako Zerbitzura igorriko dira.

3. Epe hori amaiturik, Hezkuntza Departamentuak izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onetsiko du eta Argibide eta Agiri Bulegoan jarriko du ikusgai.

V._Hautapena

Hamalaugarrena._1. Hezkuntza Departamentuak izendatutako Hautapen Batzordeak baloratuko ditu izangaien merezimenduak eta haiek aurkezten duten proiektua, deialdi honetako II. eranskineko baremoari jarraituz. Kide hauek osatuko dute Hautapen Batzordea:

_Hezkuntzako Plangintzaren Zerbitzuko zuzendaria edo berak izendatzen duena, batzordeburu lanetan ariko dena.

_Batzordekideak:

Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzuko zuzendaria, edo berak izendatutako ikuskatzaile bat.

Irakasleen Prestakuntza atalburua.

Hezkuntza Berriztapenaren atalburua.

Prestakuntza Programetarako Unitate Teknikoko burua.

Irakasleentzako Laguntza Zentroetako Unitate Teknikoko burua.

Hezkuntza arloko profesional bat, Kalitatearen kudeaketa sistemetan espezializatua.

2. Hautapen Batzordera irakasle ez-unibertsitarioen Batzordeak izendatutako ordezkari bat joan ahalko da hizpidea duela baina botorik ez.

Hamabosgarrena._Hautapen prozesuak ondoko fase hauek izanen ditu:

1. fasea. Merezimenduen balorazioa.

1.1. Izangaiek alegatutako merezimenduak baloratuko dira deialdi honen II. eranskinean dagoen baremoaren arabera. Fase honen azken puntuazioa kalkulatzeko merezimenduen baremoko lehenbiziko hiru ataletako puntuazioak batuko dira.

1.2. Irakasgaitasun Ziurtagiria ez da etengabeko prestakuntza jardueratzat hartuko, irakasleen hasierako prestakuntzaren ataltzat jotzen baita.

1.3. Irakasleen Prestakuntzaren Unitate Teknikoan, Curriculum Diseinu eta Garapenerako Unitate Teknikoan, Teknologia Berrien Unitate Teknikoan edo Irakasleentzako Laguntza Zentroetan eta/edo beren Hedapenetan aholkulari lanpostuak bete dituzten irakasleei ez zaie puntuaziorik eman ahalko lanpostu horietan aritu ziren denbora berean egindako prestakuntza edo irakaskuntza lanengatik.

1.4. Hautapen Batzordeak zilegi izanen du lehiatzaileek alegatutako merezimenduei buruzko argibideak eskatzea.

2. fasea. Proiektuaren balorazioa haren azalpena eta defentsa Hautapen Batzordearen aurrean. (gehienez ere 20 puntu).

2.1. Proiektua puntu batetik 10era baloratuko da. Fase hau gainditzeko beharrezkoa izanen da gutxienez 5 puntu ateratzea eta puntuazio hori erdiesten ez dutenak bazterturik geldituko dira.

Proiektuaren azalpena eta defentsa ere baloratuko da, puntu batetik 10era.

2.2. 2. fasearen zati bakoitzean lortutako puntuazioa ebaluazio batzordekideek emandako puntuazioaren batez besteko aritmetikoa izanen da.

2.3. Batzordekideek ematen dituzten puntuazioen artean bost puntu edo gehiagoko aldea dagoenean, besterik gabe, gehieneko eta gutxieneko puntuazioa baztertuak izanen dira eta behin betiko puntuazioa gainerako puntuazioen batez besteko aritmetikoa izanen da.

2.4. 2. fasearen azken puntuazioa bi zatien batura aritmetikoa izanen da: proiektua eta haren defentsa.

2.5. Proiektuak baloratzeko kontuan hartuko da lehiatzailearen ikuspegiaren egokitasuna eta originaltasuna, hala nola irakasleen prestakuntzaren aldetik irakaskuntzaren kalitatea hobetzeko premiak antolatu eta haiei erantzun berritzaileak emateko gaitasuna.

2.6. Proiektuaren defentsa eta geroko eztabaida deialdi honetako bederatzigarren artikuluan ezarritako eskakizunetatik abiaturik baloratuko da.

Hamaseigarrena._1. Azken puntuazioa 1. eta 2. faseen batura aritmetikoa izanen da.

2. Bi eskatzaile edo gehiagoren azkeneko puntuazioan berdinketarik gertatuz gero, proiektuan puntu gehien lortu dituen izangaiari emanen zaio lanpostua.

3. Esleitutako lanpostuei uko egin ahalko zaie, bakar-bakarrik, jakinarazpenetik hasita hiru egun balioduneko epean eta Hautapen Batzordearen iritziz larriak diren arrazoiengatik.

4. Eskatzaileren bati 2004/05 ikasturterako destinoa Nafarroako Foru Komunitatetik kanpora esleitu baldin bazaio, besterik gabe deialdi honetako lehiaketatik baztertuko da.

VI._Ebazpena, jabetza hartzea, agiriak itzultzea eta errekurtsoak

Hamazazpigarrena._1. Lehiaketaren behin-behineko ebazpena, zeinetan agertuko baitira izangai guztiak baremoko fase eta atal bakoitzean jasotako puntuazioekin, Eskola eta Lanbide Irakaskuntzaren Zuzendaritza Nagusiko Argibide eta Agiri Bulegoan emanen da argitara, eta hamar egun naturaleko epea zabalduko da Ebaluazio Batzordearen aurrean erreklamazioak aurkeztu ahal izateko. Aurkezten diren alegazioak aztertuko ditu Batzorde horrek, baldin badaude, eta proposamen berria argitara emanen du behin-behineko ebazpenaren toki berean.

2. Deialdi hau behin betikoz ebatziko da Hezkuntza eta Kultura kontseilariaren foru aginduaren bidez, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da. Horretan zehaztuko dira esleitu diren lanpostuak eta horietara destinatu diren funtzionarioak edo lan-kontratudun finkoak; horren ondoan, lehen zuten destinoa, herria eta, halakorik bada, jatorrizko egoera administratiboa ere adieraziko da.

Hemezortzigarrena._Izendapenak 2004ko irailaren 1etik aurrera izanen ditu ondorioak.

Hemeretzigarrena._Lehiaketaren behin betiko ebazpena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu ondoren eta behin betiko ebazpenaren kontrako erreklamazioak, baldin badaude, ebatzitakoan, interesatuek, edo beren legezko ordezkariek, Hezkuntzaren Plangintzako Zerbitzuan aurkeztutako agiriak itzul diezazkietela eskatu ahalko dute, data horren ondoko hirugarren hilabetean. Epe hori amaitutakoan, ulertuko da ez dituztela jaso nahi eta horren gaineko eskubide oro galduko dute.

VII._Ebaluazioa

Hogeigarrena._1. Hamalaugarren oinarrian aipaturiko Hautapen Batzordeak ebaluatuko du deialdi honetan hautaturiko zuzendariek egiten duten lana, izendapenaren lehen eta laugarren urteen ondoren, ekainaren 17ko 245/1996 Foru Dekretuaren 5. artikuluan ezarritakoaren arabera. Ebaluazio hori egiteko, Batzordea honako elementu hauetan oinarrituko da:

_Zuzendariaren beraren memoria, ebaluatu behar den denboraldian egindako lana eta helburuen betetze maila azalduko dituena.

_Irakasleen Prestakuntza atalburuaren txostena.

_Interesatuak Hautapen Batzordearekin egindako elkarrizketa, Batzordeari egokia iruditzen bazaio.

2._Aurreko idatz-zatian aipaturiko ebaluazioa aldekoa baldin bada, ILZko zuzendari izateko izendapena berritzea eta beste zerbitzu eginkizun bat ematea proposatuko da, funtzionarioa baldin bada, edo antzeko egoera, lan-kontratudun finkoa baldin bada, destinatua dagoen Irakasleentzako Laguntza Zentro berbererako, ekainaren 17ko 245/1996 Foru Dekretuaren 5. artikuluan aurreikusitako baldintza eta prozedurei jarraikiz. Ebaluazioa aldekoa ez bada, ILZko zuzendari lanpostua utzi egin beharko du.

Hogeita batgarrena._Deialdi honen, bere oinarrien eta aplikatzeko egintzen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

I. ERANSKINA

Iruñeko ILZko zuzendaria. Kidegoa: A. Hizkuntz eskakizuna: Gaztelania.

Lizarrako ILZko zuzendaria. Kidegoa: B. Hizkuntz eskakizuna: Gaztelania.

Lekarozko ILZko zuzendaria. Kidegoa: B. Hizkuntz eskakizuna: Euskara.

II. ERANSKINA

Merezimenduen baremoa:

Irakasle-esperientzia: gehienez ere 10 puntu.

Baldintza gisa eskatzen diren bost urteetatik gora, irakaskuntzan, funtzionario nahiz lan-kontratudun finko gisa, egindako urte bakoitzeko, puntu bat. Urte zatiak baloratu behar direnean, 0,0833 puntu emanen da hilabeteko. Giza Baliabideen Zerbitzuak ofizioz gaineratuko ditu atal honi dagozkion merezimenduak.

Merezimendu berariazkoak: gehienez ere 10 puntu.

2.1. Hezkuntza administrazioek, Unibertsitateek edo edo irabazi asmorik gabeko erakundeek, baldin eta azken hauek Hezkuntza administrazioekin lankidetza hitzarmenak edo Etengabeko Prestakuntzarako hitzarmenak sinaturik badituzte, zerikusia badute hautaturiko espezialitatearekin edo eskolako antolaketarekin, hezkuntzari aplikatutako teknologia berriekin, hezkuntzako psikopedagogia eta psikologiarekin edo didaktikarekin oro har. 5 puntu, gehienez ere.

2.1.1. Prestakuntza jardueretan ikasle gisa parte hartzeagatik: 0,05 puntu 10 orduko saioa osatzen duen aldiro. Gehienez ere, 1 puntu.

Agiriak: frogagiriaren kopia konpultsatua. Homologazioak ziurtagiriekin batera aurkeztuko dira. Azpiatal hauen ondorioetarako, ikastaro guztietako orduak batuko dira eta hamar ordutik beheitiko hondarra ez da puntuatuko.

2.1.2. Prestakuntza jardueretan parte hartzea, ikastaro, mintegi, modulu eta antzekoetan txostengile gisa arituz: 0,20 puntu 10 orduko saioa osatzen duen aldiro. Gehienez ere, 2 puntu.

Agiriak: frogagiriaren kopia konpultsatua. Homologazioak ziurtagiriekin batera aurkeztuko dira. Azpiatal hauen ondorioetarako, ikastaro guztietako orduak batuko dira eta hamar ordutik beheitiko hondarra ez da puntuatuko.

2.1.3. Administrazio publikoek, unibertsitateek eta bestelako erakunde eskudunek sustatutako biltzar, jardunaldi eta antzekoetan txostenak eta komunikazioak aurkezteagatik. 0,20 puntu txosten bakoitzeko. Gehienez ere, 1 puntu.

Agiriak: Biltzar, jardunaldi eta abarren akten jatorrizko alea.

2.1.4. Zentroko prestakuntza, ikerketa eta berrikuntza proiektuetan parte hartzeagatik: 0,20 puntu proiektu bakoitzeko. Gehienez ere, puntu bat.

Agiriak: frogagiriaren kopia konpultsatua.

Emandako zerbitzuak: 3 puntu, gehienez ere.

_Ikastetxe edo ILZ bateko zuzendaritzan: 0,25 puntu urte bakoitzetik.

_Ikasketaburutza, idazkaritza edo errektoreordetzan: 0,2 puntu urte bakoitzetik.

_Departamentuburutzan, zikloko koordinatzailetzan: 0,1 puntu urte bakoitzetik.

_Prestakuntzako edo berrikuntzako aholkularitzan: 0,20 puntu urte bakoitzetik.

_Eskola Kontseiluko kide hautatua: 0,05 puntu urte bakoitzetik.

_Zerbitzuburutzetan, Atalburutzetan eta Unitate Teknikoko burutzetan eta antzekoetan: 0,25 puntu urte bakoitzetik.

Argitalpenak: gehienez ere, puntu bat.

Eskatzailearen espezialitatearekin zerikusia duten argitalpenak, ISBN edo ISSNrekin: 0,5 puntu, gehienez ere, argitalpen bakoitzeko.

Agiriak: Argitalpenaren jatorrizko alea.

Bestelako merezimenduak: gehienez ere 1 puntu.

2.4.1. Unibertsitateko titulazioa, bere kidegoan sartzeko behar denaz bestelakoa.

_Goi mailako titulua: 0,5 puntu.

_Erdi mailako titulua: 0,25 puntu.

Merezimendu gisa alegatu eta baremoaren barrenean balorazio zehatza duten titulu akademikoak lortzeko erabili diren maila apalagoko tituluak ez dira baloratuko.

2.4.2. Doktore titulua: 0,75 puntu.

2.4.3. Katedradun izatea: 0,25 puntu.

3. Balorazioa hizkuntzak jakiteagatik.

3.1. Lekarozko ILZ-ko zuzendariaren lanposturako izan ezik, euskaraz jakitea merezimendu kualifikatua izanen da, eta 1,575 puntu emanen zaio.

3.2 Frantsesa, ingelesa edo alemaniera Europako hizkuntza ofizial gisa jakitea meritu kualifikatu gisa baloratuko da: 1, 5 puntu.

3.3. Aurreko 3.1 eta 3.2 ataletan aipatu hizkuntzen jakite-maila frogatzeko, Hizkuntza Eskola Ofizial batek emandako goi mailako agiria edo balio bereko beste titulazio bat beharko da.

III. ERANSKINA

Hezkuntza Departamentuan lanpostuak betetzeko lehiaketan parte hartzeko eskabidea

Foru Agindua (...................... Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALa).

IV. ERANSKINA

Lehiatzaileak alegatutako merezimenduak

V. ERANSKINA

Lan proiektuaren azala

Iruñeko, Lizarrako eta Lekarozko Irakasleentzako Laguntza Zentroetako zuzendari lanpostuak betetzeko deialdia.

Foru Agindua (...................... Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALa).

Eskatutako lanpostua: ko ILZko zuzendaria.

jaunaren/andrearen Lan Proiektua.

Iragarkiaren kodea: F0406656