58. ALDIZKARIA - 2004ko maiatzaren 14a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

105/2004 FORU AGINDUA, maiatzaren 3koa, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza kontseilariak emana. Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren menpeko ikastetxe publikoetako zuzendariak hautatzeko irakasle funtzionarioen artean eginen den merezimendu lehiaketarako arauak onesten ditu eta merezimendu lehiaketa horretarako deialdia egiten du.

Hezkuntzaren Kalitateari buruzko abenduaren 23ko 10/2002 Lege Organikoak indarra hartzearen ondorioz, aldaketa sakona izan du azaroaren 20ko 9/1995 Lege Organikoak, hain zuzen ere ikastetxeetako gobernu organoei eta ikastetxe publikoetako zuzendariak izendatzeko hautaketari dagokienez, horixe ageri baita Hezkuntzaren Kalitateari buruzko aipatu Legearen V. kapituluko 77. artikulutik 80.era bitartekoetan eta VI. kapituluko 86. artikulutik 94.era bitartekoetan.

Zuzendari kargua hemendik aurrera ez da hauteskunde sistema baten bidez beteko, baizik eta aurkezten diren irakasleen artean merezimendu lehiaketa eginez, abenduaren 23ko 10/2002 Lege Organikoan ezarritakoari jarraikiz.

Hortaz, berariaz arautu behar da zuzendaria eta zuzendaritza taldea hautatu, izendatu eta kargutik kentzeko sistema, kontuan harturik horiek direla Hezkuntza Departamentuak kudeatzen dituen ikastetxe publikoetako gobernu organoak.

Hezkuntzaren kalitatearen oinarri nagusietako bat eskolak zuzendaritza eraginkorra izatea da, ikastetxearen funtzionamendu egokia ziurtatu behar baita, horrela eskola esparru bakoitzaren beharrei erantzun ahal izateko, ingurune bakoitzean erreferente eta kezken elementu dinamizatzaile bihurturik.

Horregatik, eta Hezkuntzaren Kalitateari buruzko Legearen oinarri orokorrei jarraikiz, Hezkuntza Departamentuak legitimitatea, egonkortasuna, eskumenak, autonomia, baldintza eta pizgarri beharrezkoak eman nahi dizkie ikastetxeetako zuzendaritzei, ikastetxe publikoen funtzionamendu egokia ziurtatu ahal izateko.

Ikastetxe publikoetako zuzendariak merezimendu lehiaketa bidez hautatu eta izendatuko dira, eta lehiaketan parte hartu ahalko dute ikastetxearen hezkuntza maila eta araubidekoak diren kidegoetako karrerako irakasle funtzionarioek, Hezkuntzaren Kalitateari buruzko abenduaren 23ko 10/2002 Lege Organikoak VI. kapituluko 86 eta 87. artikuluetan ezarritakoarekin bat.

Horretarako hautapen batzordeak izendatuko dira, eta Hezkuntza Administrazioko eta ikastetxeko ordezkariek osatuko dituzte aipatu Lege Organikoaren 88. artikuluan ezarritako proportzioan; hots, ikastetxeko ordezkariak ehuneko hogeita hamar gutxienez eta horietatik Klaustroko kide ehuneko berrogeita hamar gutxienez. 4. atalean ezarritakoaren arabera, administrazioei dagokie batzordekideen kopurua zehaztea eta Hezkuntza Departamentuko eta ikastetxeetako ordezkarien arteko proportzioa ezartzea.

Hezkuntza Departamentuak Hasierako Prestakuntza Programa antolatuko du. Programa hori ikastaro tekniko bat eta praktika aldi bat izanen da, eta gainditzen duen irakaslea izendatuko da kasuan kasuko ikastetxeko zuzendari.

Ez dute Hasierako Prestakuntza Programa egin beharko zuzendari kategoria lortua duten irakasle hautatuek, abenduaren 23ko 10/2002 Lege Organikoaren 89. artikuluan ezarritakoaren arabera.

Zuzendari kategoria lortuko dute kreditazioa izanik lege organiko hori argitaratu aurretik gutxienez ere hiru urtez zuzendari lanean aritu direnek, hirugarren xedapen orokorrean ezarritakoari jarraikiz.

Foru agindu honen zortzigarren oinarrian arautzen da izangaiak zein kasutan egonen diren Hasierako Prestakuntza Programa egitetik erabat edo partzialki salbuetsita.

Hasierako Prestakuntza Programa osorik edo partzialki egin behar duten zuzendariak praktiketako zuzendari izendatuko dira urtebeterako, eta denbora horretan programa hori gainditu beharko dute.

Zuzendariek beren karguari dagozkion eginkizunak izanen dituzte eta indarra duen araudian ezarritako ordainsariak jasoko.

Izendapena hiru urtetarako izanen da eta denbora horretan ebaluazioa eginen zaie zuzendariei; ebaluazio positiboa jasotakoan, zuzendari kategoria lortuko dute dagokien hezkuntza maila eta araubideko ikastetxe publikoetarako. Kategoria horrek hezkuntza administrazio guztietan izanen ditu ondorioak.

2004ko ekainaren 30ean hutsik egonen dira ikastetxe batzuetako zuzendaritza karguak, zuzendarien izendapen aldia bukatzeagatik edo ikastetxeen Erregelamendu Organikoan (24/1997 Foru Dekretuan eta 25/1997 Foru Dekretuan bilduan) aurreikusitako arrazoien bat izateagatik; horregatik, beharrezkoa da kargu hutsak betetzeko hautapen prozedura egokia ezartzea.

Nafarroako Foru Komunitateko Gobernua eta Administrazioa arautzen dituen apirilaren 11ko 23/1983 Foru Legearen 36.2 artikuluko c) eta d) idatz-zatietan ematen zaizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Xedea eta esparrua.

Foru agindu honen xedea da Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren menpeko unibertsitatez kanpoko ikastetxe publikoetako zuzendariak hautatzeko prozeduraren arauak onestea. Hona hemen oinarriak:

Lehena._Printzipio orokorrak.

1.1. Ikastetxe publikoetako zuzendariak merezimendu lehiaketa bidez hautatu eta izendatuko dira, eta lehiaketan parte hartu ahalko dute ikastetxearen hezkuntza maila eta araubidekoak diren kidegoetako karrerako irakasle funtzionarioek.

1.2. Hautapena publizitate, merezimendu eta gaitasun printzipioei jarraikiz eginen da.

Bigarrena._Parte hartzeko baldintzak.

Honako hauek izanen dira merezimendu lehiaketan parte hartzeko baldintzak:

2.1. Irakaskuntzako funtzio publikoaren zein kidegotatik aurkezten den, kidego horretan gutxienez bost urteko antzinatasuna izatea.

2.2. Karrerako funtzionario gisa irakasle lana gelan zuzenean egin izana denbora aldi berean, maila eta araubide bereko ikasketak ematen dituen ikastetxe publiko batean.

2.3. Nafarroako Foru Komunitatearen barnean, dagokion maila eta araubideko ikastetxe publiko batean zerbitzuak ematen egotea, deialdia argitaratzen denean gutxienez ere ikasturte oso bateko antzinatasuna duela bertan.

2.4. D ereduko ikasketak bakarrik ematen dituen ikastetxe bateko zuzendarigaiak EGA titulua edo baliokidea izan beharko du.

2.5. Irakasleak behar duen gaitasuna (lehen mailan) edo espezialitatea (bigarren mailan) izan behar du, aukeratu duen ikastetxeko plantilla organikoan ageri denaren arabera, ikastetxe horretan behar beste irakastordu eduki ahal izateko.

2.6. Organikoki Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren menpekoak diren irakasle funtzionarioak soilik aurkez daitezke.

2.7. Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean bete beharko dira 2.1, 2.2 eta 2.3, 2.4, 2.5 eta 2.6 ataletan aipatu diren baldintza guztiak.

Hirugarrena._Eskaerak aurkeztea.

3.1. Instantzia orokor bat aurkeztu beharko da, Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariari bideratua, foru agindu honen 2. eranskinean ageri den ereduaren araberako eskabide orriarekin batera.

3.2. Eskabidean jarri beharko da baremaziorako aurkezten diren merezimenduen zerrenda.

3.3. Zuzendarigaiak zein ikastetxe aukeratu duen ere adierazi beharko da. Gehienez ere hiru ikastetxe aukera ditzake zuzendarigai bakoitzak.

Zuzendarigaiak ikastetxe baterako baino gehiagotarako lehiatu nahi badu, ikastetxe bakoitzeko instantzia eta eskabide bat aurkeztu beharko du, dagozkion agiriekin batera.

3.4. Proposatutako zuzendaritza taldea osatzen duten gainerako gobernu organoen izen-deiturak jarri beharko dira eta, horrekin batera, onarpenaren ziurtagiria interesatuek sinatua, 3. eranskineko ereduaren arabera. Horretarako hautatzen diren irakasleak funtzionario publikoak izanen dira eta jardunean egon beharko dute, eta zuzendarigaiak aukeratu duen ikastetxean behin betiko destinoa izan.

3.5. Eskabidearekin batera merezimenduen egiaztagiriaren fotokopia konpultsatua aurkeztu beharko da, bai eta zuzendaritza proiektuaren zazpi ale ere. Zuzendarigaiak hautapen batzordearen aurrean defendatu beharko du proiektua.

Egiaztagiriak jatorrizkoen fotokopia badira konpultsatuta egon beharko dute. Konpultsa honako hauek egin dezakete: ikastetxeetako zuzendariek (Hezkuntza eta Kultura kontseilariaren maiatzaren 18ko 182/2001 Foru Agindua, ekainaren 29ko 79. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALa), Hezkuntza eta Kultura Ministerioak edo beste hezkuntza administrazio batzuetako organo eskudunek.

3.6. Ikastetxe publikoetan emandako zerbitzuak eta zuzendaritza karguak zerbitzu orri baten bidez frogatuko dira, eta Giza Baliabideen Zerbitzuak ofizioz erantsiko du.

3.7. Eskabideak aurkezteko epearen barnean behar bezala frogatutako merezimenduak baizik ez dira kontuan hartuko, betiere deialdi honetako I. eranskineko baremoaren I. atalean zehaztutakoarekin bat baldin badatoz.

3.8. Zortzigarren oinarrian aipatzen diren egiaztagiriak aurkeztu beharko dituzte izangaiek.

3.9. Zuzendarigaiak aurkezten duen zuzendaritza proiektuak 25 orrialde izanen ditu gehienez, Din-A4 orrietan idatzita tarte bikoitzarekin.

Proiektuan azaldu beharko da zuzendari karguko hiru urteetan ikastetxea antolatu eta kudeatzeko prestatu duen jarduketa plana. Proiektuan hobekuntza esparru hauek agertu beharko dute, hiru urteetarako lehentasunak zehaztuta:

Ikastetxearen hezkuntza proiektua.

Ikastetxearen antolaketa:

_Gobernu organoen eginkizunak.

_Kontrolean eta kudeaketan parte hartzeko organoen eginkizunak (Klaustroa, Eskola Kontseilua).

_Irakaslana koordinatzeko organoak.

_Horien inplikazioak.

_Giza baliabideak eta baliabide materialak kudeatzea.

_Ingurune sozialarekin izan beharreko harremanak.

_Hezkuntza komunitateko sektore guztien parte-hartzea.

Kalitatearekin, berrikuntzarekin eta ebaluazioarekin duen konpromisoa.

3.10. Baloraziorako aurkeztu merezimenduen jabe eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean izan beharko dute.

3.11. Bigarren oinarrian aipatu baldintzetako bat betetzen dela egiaztatzeko aurkezten den dokumentazioa ez du merezimendu gisa barematuko hautapen batzordeak.

3.12. Estatuko edozein hizkuntza koofizialetan aurkezten diren agiriek, euskaraz daudenek izan ezik, gaztelaniazko itzulpena izan beharko dute ondoan.

Atzerriko erakundeek ematen dituzten agiriek ofizialak izan behar dute, agintari eskudunek sinatuak eta bide diplomatikoz legeztatuak; gaztelaniazko itzulpen ofiziala ere behar dute.

3.13. Eskabideak Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariari zuzenduko zaizkio eta aurkeztuko dira Hezkuntza Departamentuko Erregistro Bulegoan (Santo Domingo kalea z.g., 31001, Iruña), Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorrean edo Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Foru Legearen (urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatu zuenaren) 38.4 artikuluan aipatu bulegoetako edozeinetan.

Eskatzaileak posta bulego batean aurkezten badu eskabidea, gutun-azal ireki batean eginen du, postako funtzionarioak eskabideari data jarri eta zigila dezan, ziurtatu baino lehen. Interesatuak, eskabidea bideratu eta gero, Hezkuntza Departamentuari faxez igorriko dio aurkeztu duen eskabidearen kopia, behar bezala zigilatuta eta data jarrita.

3.14. Eskabideak, merezimenduak eta zuzendaritza proiektua aurkezteko 8 egun baliodun izanen dira, deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Laugarrena._Izangaien onarpena.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatzen denetik bost egun baliodun iraganik, Giza Baliabideen Zerbitzuak izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda _baztertzearen arrazoia azalduko duena_ onetsi eta argitara emanen du, eta Hezkuntza Departamentuko Argibide eta Agiri Bulegoan eta Hezkuntza Departamentuaren web orrian jendaurrean jarriko.

4.2. Zerrenda horien kontra interesatuek erreklamazioak egin ditzakete idatzita, argitaratu eta biharamunetik hasita hiru egun balioduneko epean, bai eta baztertzea ekarri dien akatsa, halakorik bada, zuzendu ere. Hori guztia Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariari zuzenduta. Deialdiaren hirugarren oinarrian aipatu tokietako edozeinetan aurkez daitezke erreklamazioak.

4.3. Aurreko atalean aipatu erreklamazioak egiteko epea amaitu eta lau egun baliodun iraganik, Giza Baliabideen Zerbitzuak izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onetsi eta jendaurrean jarriko du Departamentuko Argibide eta Agiri Bulegoan eta Hezkuntza Departamentuaren web orrian.

Onartuen zerrendan agertzea ez da aski deialdi honetan eskatutako baldintzak betetzen direla onartzeko. Dokumentazioa aztertu eta ikusten baldin bada betebeharren bat falta dela, interesatuek deialdian parte hartzeagatik izan ditzaketen eskubide guztiak galduko dituzte.

Bosgarrena._Hautapen batzordea.

5.1. Hautapen batzordea honela osatuko da:

a) Hezkuntza Departamentuko ordezkariak.

_Hezkuntza Departamentuko zerbitzuko zuzendari bat _edo ordezkoa_, batzordeburu.

_Hezkuntza Departamentuko ikuskatzaile bat, ahal dela kasuan kasuko ikastetxeko ikuskatzailea.

_Hezkuntza Departamentuko bi funtzionario, horretarako izendatuak; ezin dira izan izangaiak lortu nahi duen ikastetxeko irakasleak.

b) Ikastetxeko ordezkariak.

_Klaustroko bi ordezkari, bilkura berezian hautatuak. Hautagairik ez badago, zozketa eginen da aukeratzeko.

_Eskola Kontseiluko ordezkari bat (irakasleen eta ikasleen sektorekoa izan ezik), bilkura berezian hautatua. Hautagairik ez badago, zozketa eginen da aukeratzeko.

Hizkuntza eta arte ikasketak ematen dituzten araubide bereziko ikastetxeetan eta helduendako ikastetxeetan, Eskola Kontseiluetako kide diren adin nagusiko ikasleek parte hartu ahalko dute hautapen batzordean.

Foru agindu honen laugarren oinarriaren 4.1 puntuan aipatzen den onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda argitaratzen den egunean, Giza Baliabideen Zerbitzuak zuzendarigairen bat badela, baldin bada, adieraziko dio postu hutsa duen ikastetxe bakoitzari, posta elektronikoz, faxez, telefonoz edo jakinarazpena egunean berean egiten dela bermatzen duen beste edozein bidez.

Horren berri eman eta sei egun balioduneko epean, ikastetxeetako zuzendariek bilkura berezietarako dei eginen diete Klaustroari eta Eskola Kontseiluari, onartutako zuzendarigaiak zein diren azaltzeko. Zuzendarigaiak bilkura horietara gonbidatuko dira, zuzendaritza proiektuak azaldu ahal izateko.

Ikastetxeko zuzendariak lehiaketan parte hartzen badu eta bere ikastetxerako lehiatzen bada, zuzendariordeak edo, hala behar denean, ikasketaburuak ordeztuko du klaustroaren bilkurarako deia egiteko. Halakoetan zuzendariak ez du bilera horretan parte hartuko.

lkastetxeak hautapen batzordean izanen dituen ordezkariak eta beren ordezkoak hautatuko dira bilkura berezi horiexetan. Hautagairik ez badago, zuzendariak zozketaz aterako ditu bi organo horietako kideen artetik.

Zuzendariak hautapen batzordeko kideen izenak faxez jakinaraziko dizkio Giza Baliabideen Zerbitzuari, goian aipaturiko sei eguneko epea bukatu baino lehen.

5.2. Hautapen batzordeetako kideen eta beren ordezkoen izendapena Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariak eginen du.

5.3. Hala batzordea eratzeko nola bere zereginetan aritzeko ezinbestekoa izanen da hiru kide eta burua bertan izatea.

5.4. Irakasleen ordezkaririk gazteena izanen da idazkaria.

5.5. Zuzendarigaiak zenbat ikastetxetarako lehiatzen diren, horrenbeste batzorde eratuko dira.

5.6. Hautagai onartuen behin betiko zerrenda argitaratu eta biharamunean eratuko dira batzordeak, batzordeburu bakoitzak esaten duen tokian.

5.7. Hautapen batzordeek beren egoitza dagokien Irakasleentzako Laguntza Zentroan izanen dute. Egoitza horretan jendaurrean jarriko dira batzordeetako kideak eta batzorde bakoitzari esleitutako izangaien zerrenda.

5.8. Batzordeek beren jarduketa egutegia ezarriko dute, kontuan harturik egin beharreko prozedura bukatua izan behar dutela uztailaren 1a baino lehen.

5.9. Azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 22. artikulutik 29.era bitarte ezarritakoak arautuko du Hautapen Batzordeen funtzionamendua, bai eta kideei aplikatzen ahal zaien abstentzio eta errefusatze araubidea ere.

Seigarrena._Hautapen batzorde bakoitzak eginkizun hauek izanen ditu:

_I. eranskinean aipatu merezimenduak barematzea.

_Zuzendaritza proiektua ebaluatzea.

_Hautapen prozesuan segitzeko hautatu diren izangaien behin-behineko zerrenda argitaratzea, merezimenduen baremoko I. atalean (I. eranskinean) lortutako puntuazioa azalduta.

_Aurkeztutako erreklamazioak ebatzi eta behin betiko zerrenda argitaratzea, merezimenduen baremoko I. atalean (I. eranskinean) lortutako puntuazioa azalduta.

_Hautatutako izangaien behin betiko zerrenda argitaratzea, I. eranskineko I. eta II. ataletan lortutako puntuazioa azalduta.

_Bere eskumeneko ikastetxe bakoitzeko zuzendarigaia hautatzea Hasierako Prestakuntza Programa egiteko, programa hori egitetik erabat edo partzialki salbuetsita dagoen zehaztuta, zortzigarren oinarriko baldintzen arabera.

_Batzordearen funtzionamendu egokia bermatzeko beharrezkoak diren guztiak.

Zazpigarrena._Hautapen prozesua.

Hautapen prozesuak bi fase izanen ditu:

a) Lehen fasea: merezimenduak eta zuzendaritza proiektua baloratzea (foru agindu honen I. eranskineko I. atala eta II. atala).

b) Bigarren fasea: Hasierako Prestakuntza Programa.

a) Lehen fasea:

7.1. Lehen fase honetan zuzendarigaiek alegatutako merezimenduak baloratuko dira, foru agindu honen I. eranskineko baremoaren I. atalean ezarritakoari jarraikiz.

Merezimenduen azken puntuazioa aterako da baremoaren I. ataleko 1. azpiataletik 4.era bitartekoetan lortutako puntuak batuta.

Batzordeak jendaurrean jarriko du bere egoitzan, hautapen batzordea eratu eta lau egun balioduneko epean, zuzendarigaien behin-behineko zerrenda eta, zerrenda horretan, izenez gainera, I. eranskineko merezimenduen baremoko I. atalean lortutako puntuazioa agertuko da.

Zuzendarigaiek hiru egun balioduneko epea izanen dute, zerrenda argitaratu eta biharamunetik hasita, baremazioari buruz egokiak iruditzen zaizkien erreklamazioak egiteko. Erreklamazioak aurkezteko toki bakarra Hezkuntza Departamentuko Erregistro Bulegoa izanen da (Santo Domingo aldapa, 8, 3001, Iruña).

Biharamunetik hasita bi egun balioduneko epean, hautapen batzordeak aurkeztu diren erreklamazioak ebatziko ditu eta baremazioko behin betiko zerrenda argitaratuko. Foru agindu honen I. eranskineko merezimenduen baremoko I. atalean 3 puntu baino gutxiago lortzen duten zuzendarigaiek ezin izanen dute hautapen prozesuan jarraitu.

Hautapen batzordeak bere egoitzako iragarki oholean jarriko du hautagaiek zer egun eta ordenatan jardun behar duten zuzendaritza proiektuaren defentsan. Batzordeak gehienez ere zazpi egun baliodun izanen ditu, aurreko lerroaldean aipatutako behin betiko zerrenda argitaratu eta biharamunetik hasita, izangaien zuzendaritza proiektuen defentsaren prozesurako.

7.2. Fase honetan, zuzendaritza proiektua, proiektu horren defentsa eta Batzordeak hautagaiarekin egiten duen elkarrizketa (proiektuko alderdi batzuk zehatzago azaltzeko), bai eta hautagaia ikastetxeko zuzendari izateko egokitasunari buruzko ebaluazioa ere, gehienez ere 10 puntuz baloratuko dira, I. eranskineko baremoaren II. atalean ageri denaren arabera.

Zuzendaritza proiektuaren bidez hautagai bakoitzak lortzen duen puntuazioa izanen da hautapen batzordeko kideek ematen dituzten puntuazioen batez besteko aritmetikoa.

Batzordeko kideen puntuazioetan 3 puntuko aldea edo handiagoa baldin badago, kalifikazio handiena eta txikiena kenduko dira, eta gainerakoen batez besteko aritmetikoaren bidez lortuko da behin betiko puntuazioa.

Hautagaiak gehienez ere 30 minutu izanen ditu zuzendaritza proiektuaren defentsa egiteko. Hautapen batzordeko kideek 30 minutu izanen dituzte gehienez hautagaiari galderak egiteko, aurkeztu eta defendatutako zuzendaritza proiektuko zenbait alderdi argitu edo zehatzago azal ditzan.

7.3. Hautapen batzordeak bere egoitzan jendaurrean jarriko du hautagaien zerrenda, lehiaketako lehen fase honetan lortutako puntuen arabera ordenatuta, lehen fasea bukatu eta biharamunean. Zerrenda horretan, izenez gainera, merezimenduen baremoko I. atalean lortutako puntuazioa eta zuzendaritza proiektuaren defentsari buruzko II. atalean lortutakoa agertuko dira.

Baremoko II. atalean (zuzendaritza proiektuaren balorazioa eta defentsa) 5 puntu baino gutxiago lortzen duten hautagaiek ez gai kalifikazioa izanen dute.

Berdinketak honako irizpide hauek hurrenez hurren ezarrita hautsiko dira:

_Zuzendaritza proiektuan eta bere defentsan puntu gehien.

_Azpiataletan puntu gehien, foru agindu honen I. eranskineko baremoaren I. ataleko ordenari jarraikiz.

7.4. Batzorde bakoitzak hautatutako izangaiaren aldeko proposamena igorriko dio Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariari, zazpigarren oinarriko 7.3 atalean aipatu zerrenda argitaratzen den egunean bertan.

7.5. Aurreko 7.4 atalean aipatutakoaren biharamunean, Giza Baliabideen Zerbitzuak jendaurrean jarriko du Hasierako Prestakuntza Programarako hautatutako izangai guztien zerrenda eta aukeratu duten ikastetxea, Hezkuntza Departamentuko Argibide eta Agiri Bulegoan eta departamentuaren web orrian; prestakuntza programa honetatik erabat edo partzialki salbuetsitakoak ere agertuko dira.

Izangai bakoitza ikastetxe baterako bakarrik hautatu ahalko da. Baterako baino gehiagotarako hautatuz gero, Giza Baliabideen Zerbitzuak lehentasuna bati eman diezaiola eskatuko dio, aipatu den izen zerrenda argitaratu aurretik. Horrek uzten duen ikastetxerako edo ikastetxeetarako izangai zerrendako hurrengoa izanen da, beraz, izangai hautatua.

b) Bigarren fasea:

7.6. Lehiaketa honetako bigarren fasean Hasierako Prestakuntza Programa gainditu beharko da, abenduaren 23ko 10/2002 Lege Organikoaren 89.1 artikuluak ezartzen duen moduan.

7.7. Hasierako Prestakuntza Programak ikastaro teoriko bat izanen du, Hezkuntza Departamentuak diseinatua.

Halaber, Hasierako Prestakuntza Programak zati praktikoa ere izanen du, ikastaroan azaldutako alderdi teoriko batzuk aplikatzeko. Horretarako, izangaiari bere maila eta araubideko ikastetxe bat esleituko zaio, eta Hasierako Prestakuntza Programaren deialdian agertzen diren astearte goizetan joanen da bertara. Aipatu ikastetxeko zuzendaria tutore izanen du. Tutoreak orientazioa emanen dio, esleitutako lanak egoki betetzen dituen begiratuko du eta prestakuntzaren zati praktikoan nola inplikatzen den ebaluatuko; horretaz gainera, bere tutoretzapean dagoen izangaiaren Hasierako Prestakuntza Programa kalifikatuko du.

Praktikak egindakoan hautagaiak txosten orokor bat emanen dio tutoreari. Txostenean azalduko dira gomendatutako funtsezko lan ildoen deskribapena eta azterketa, praktiketako zuzendari gisa ari den ikastetxean nola gauzatu diren eta fase horri buruz hautagaiak berak atera dituen ondorioak.

Ikastaro teorikora joan izanaren ziurtagiria -zein datatan egin den alde batera utzita-ezinbesteko baldintza izanen da tutoreak Hasierako Prestakuntza Programa ebaluatzeko. Hezkuntzaren Plangintzarako Zerbitzuak ezarritako ebaluazio irizpide orokorretan oinarrituko da tutoreak ematen duen kalifikazioa, eta gai edo ez gai izanen da.

Zortzigarrena._Hasierako Prestakuntza Programatik erabat edo partzialki salbuestea.

8.1. Ez dute Hasierako Prestakuntza Programa egin beharko zuzendari kategoria lortua duten irakasle hautatuek. Hirugarren xedapen gehigarriko lehen atalak ezartzen duenez, zuzendari kategoria lortuko dute ikastetxe publikoetako zuzendaritzan aritzeko kreditazioa duten irakasleek, baldin eta, kreditazio horren ondoren, hiru urtez gutxienez zuzendari gisa aritu badira Hezkuntzaren Kalitateari buruzko Lege Organikoak indarra hartu aurretik.

8.2. Zuzendaritzan aritzeko kreditazioa duten irakasleek, baldin eta abenduaren 23ko 10/2002 Lege Organikoak indarra hartu zuenean zuzendari lanean ari baziren, zuzendari kategoria lortuko dute zuzendaritzan hiru urte egindakoan, lan horretan ebaluazio positiboa izaten badute, hirugarren xedapen iragankorreko bigarren atalean ezarritakoari jarraikiz. Kategoria hori lortuz gero ez dute Hasierako Prestakuntza Programa egin beharko.

Legeak indarra hartzean zuzendari lanean ari ziren kreditatuek, lan horretan hiru urte egin eta ebaluatu ez bazituzten, ebalua ditzatela eska dezakete.

8.3. Hasierako Prestakuntza Programako fase teorikoa egitetik salbuetsiko dira zuzendaritzan aritzeko kreditazioa izanik zuzendari lanean hiru urte baino gutxiago egin dituztenak, hirugarren xedapen iragankorreko hirugarren atalean ezarritakoari jarraikiz.

8.4. Hasierako Prestakuntza Programako fase teorikotik salbuetsiko dira zuzendaritzarako kreditatuta egon arren zuzendari lana egin ez dutenak, hirugarren xedapen iragankorreko hirugarren atalean ezarritakoari jarraikiz.

8.5. Hasierako Prestakuntza Programako fase teorikotik salbuetsiko dira ikastetxeetako zuzendari izateko ikastaroa 2002-03 ikasturteko deialdian gainditu dutenak.

8.6. Hasierako Prestakuntza Programa osoa egin beharko dute ikastetxeetako zuzendaritzarako ikastaroa 2002-03 ikasturtearen aurreko deialdietan gainditu arren kreditaziorako ebaluaziorik izan ez dutenek.

Bederatzigarrena._Zuzendarien izendapena.

9.1. Aurreko 7.5 atalean aipatu den izangaien zerrenda argitaraturik, Hezkuntza Departamentuak praktiketako zuzendari izendatuko ditu, urtebeterako, zuzendari kategoria lortu ez duten izangaiak.

Izendapen hori baliorik gabe utzi ahalko da, praktiketako zuzendariak Hasierako Prestakuntza Programan Gai kalifikazioa lortzen ez badu.

Hasierako Prestakuntza Programa egitetik salbuetsita dauden izangaiak zuzendari izendatuko dira hiru urterako.

9.2. Hasierako Prestakuntza Programa bukatu eta tutoreak gai kalifikazioa izan duten hautagaien betebeharrak egiaztaturik, Hezkuntza Departamentuak kasuan kasuko ikastetxeko zuzendari izendatuko du, hiru urterako, Hasierako Prestakuntza Programa gainditu duen hautagaia, 9.1 atalean aipatu den praktiken urtea bukatutakoan.

Hasierako Prestakuntza Programan ez gai kalifikazioa izaten dutenak ezin izanen dira zuzendari izendatu, eta beste hautapen prozesu batean parte hartu beharko dute ikastetxe publikoetako zuzendaritzara iritsi ahal izateko. Izangaiak ez gai kalifikazioa izaten duenean ebaluazioan, Hezkuntza Departamentuak kasuan kasuko ikastetxean behin betiko destinoa duen irakasle bat zuzendari izendatu ahalko du, praktiketako zuzendariak ikastaro teorikoa zein fase praktikoa gainditzen ez duenetik edo horietan parte hartzen ez duenetik harik eta ordeztutako zuzendariaren praktiketako izendapen aldia bukatzen den arte.

9.3. Hezkuntza Departamentuak Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko du 9.1 atalean aipatu den izen zerrenda.

9.4. Zuzendaria izendaturik, Hezkuntza Departamentuak ikastetxeko gainerako gobernu organoak _lehiaketako eskabidean aurkeztutakoak_ izendatuko ditu, zuzendariaren denbora aldi berbererako. Hots, urtebeterako izendatuko dira praktiketako zuzendari baten taldekoak izanez gero, eta beste hiru urterako zuzendariak praktika aldia gainditzen duenean. Zuzendaria Hasierako Prestakuntza Programa egitetik salbuetsita egonez gero, zuzendaritza taldeko kideak hiru urterako izendatuko dira.

9.5. Zuzendari berriak ez badu behin betiko destinorik ikastetxean, zerbitzu eginkizunetan egonen da, ondorio guztietarako, zuzendari karguan dagoen denboran, eta ezin izanen da lekuz aldatu irakastorduak murriztu edo kentzeagatik.

9.6. Zuzendariak hiru urteetan ebaluatuko ditu Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzuak. Kategoria lortua ez duten eta ebaluazio positiboa izaten duten zuzendariek zuzendari kategoria lortuko dute, beren hezkuntza maila eta araubideko ikastetxe publikoetan aritu ahal izateko. Kategoria horrek hezkuntza administrazio guztietan izanen ditu ondorioak, abenduaren 23ko 10/2002 Lege Organikoaren 89.3 artikuluak adierazten duen moduan.

Hamargarrena._Agintaldiaren iraupena.

10.1. Agintaldiak hiru urteko iraupena izanen du. Izendapena halako beste bi denbora alditarako berritu ahalko da, horietako bakoitzaren bukaeran Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzuak egin den lanari buruzko ebaluazio positiboa egiten badu, hezkuntza komunitateko sektore guztiek esaten dutena aditu ondoren.

10.2. Hiru aldiak bukatu eta zuzendariak karguan jarraitu nahi badu, merezimendu lehiaketa batean parte hartu beharko du berriz.

10.3. Ebaluazio negatiboa izaten duten zuzendariek ezin izanen dute hiru urtez eskabidea aurkeztu, edozein ikastetxetako zuzendari postua betetzeko merezimendu lehiaketa batean.

Hamaikagarrena._Izendapen berezia.

11.1. Hautapen batzordeak ez duenean ikastetxe bateko zuzendaritzarako hautagai bakarrik ere proposatzen edo hautagairik ez dagoenean, edo, beste edozein arrazoirengatik, ikastetxea zuzendaririk gabe gelditzen denean, Hezkuntza Departamentuak zuzendari izendatuko du, hiru urterako, kasuan kasuko ikastetxeko hezkuntza maila eta araubidean irakasten duen irakasle funtzionario bat, Hezkuntzaren Kalitateari buruzko Legearen 91. artikuluak ezartzen duenaren arabera, betiere baldintza hauek betetzen baditu:

a) Irakaskuntzako funtzio publikoaren zein kidegotatik aurkezten den, kidego horretan gutxienez bost urteko antzinatasuna izatea.

b) Maila eta araubide bereko ikasketak ematen dituen ikastetxe publiko batean bost urtez irakasle lanean aritu izana.

Orobat bete beharko dira bigarren oinarriko 2.3 eta 2.4 ataletan ageri diren baldintzak:

_D ereduko ikasketak bakarrik ematen dituen ikastetxe batean zuzendari berezi izendatzen den irakasle funtzionarioak EGA titulua edo baliokidea izan beharko du.

_Ikastetxe batean zuzendari berezi izendatzen den irakasle funtzionarioak behar duen gaitasuna (lehen mailan) edo espezialitatea (bigarren mailan) izan behar du, ikastetxeko plantilla organikoan ageri denaren arabera, ikastetxe horretan behar beste irakastordu eduki ahal izateko.

11.2. Sortzen diren ikastetxe berrietan foru agindu honen 11.1 artikuluan ezarritakoari jarraituko zaio.

11.1 eta 11.2 ataletan azaldutako prozedura bereziaren bidez izendatutako zuzendariek zuzendari kategoria lortu ahalko dute denbora aldi horrengatik. Zuzendariak hiru urteetan ebaluatuko ditu Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzuak. Kategoria lortua ez duten eta ebaluazio positiboa izaten duten zuzendariek zuzendari kategoria lortuko dute, beren hezkuntza maila eta araubideko ikastetxe publikoetan aritu ahal izateko. Kategoria horrek hezkuntza administrazio guztietan izanen ditu ondorioak, abenduaren 23ko 10/2002 Lege Organikoaren 89.3 artikuluak adierazten duen moduan.

Zuzendaritzarako kreditaziorik ez duten zuzendariek Hasierako Prestakuntza Programa gainditu beharko dute beren agintaldian egiten den lehen deialdian, zortzigarren oinarrian ezarritako moduan.

11.3. Haur Hezkuntzako berariazko ikastetxeetan, Lehen Hezkuntzako osatugabeetan, zortzi unitatetik beherako Bigarren Hezkuntzakoetan eta Arte eta Hizkuntza ikasketak ematen dituztenetan edo helduen irakaskuntzakoetan zortzi irakasle baino gutxiago dituztenean, Hezkuntza Departamentuak hautagaiak salbuetsi ditzake foru agindu honen oinarrietako 11.1 puntuan ezarri baldintzak betetzetik.

11.4. Gainerako gobernu organoetarako ere izendapen bereziak eginen dira.

11.5. Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe osatugabeetan, karrerako funtzionario edo lan-kontratudun finko den irakaslerik ez badute, Hezkuntza Departamentuak ikastetxeko arduradun bat izendatuko du ikasturte baterako.

Hamabigarrena._Zuzendariaren kargu-uztea.

12.1. Zuzendaria kasu hauetakoren batean kenduko da kargutik:

_Izendapen aldia eta, hala denean, luzapena, bukatzea.

_Uko egite arrazoitua, Hezkuntza Departamentuak onartua.

_Gerora sortutako ezintasun psikiko edo fisikoa.

_Hezkuntza Departamentuak eragindako errebokazioa, interesatuak dioena entzun ondoren, zuzendari karguko eginkizunetan ez betetze larria izateagatik. Irakasleak, halako kasuren batean, ezin izanen du parte hartu, hiru urtez, zuzendariak hautatzeko lehiaketetan.

12.2. Zuzendariari diziplina espedientea irekitzen zaionean, Hezkuntza Departamentuak eginkizunen kautelazko etetea erabakiko du, diziplina arloko araudian agertzen den moduan. Kasu horretan zuzendariordeak edo, hala izan ezean, ikasketaburuak edo, bestelakoetan, ikastetxeko idazkariak hartuko ditu zuzendariaren eginkizunak. Espedientearen instrukzioa egiteko prozesuan ikastetxeko Eskola Kontseiluari txostena eskatuko zaio.

12.3. Diziplina espediente batean egiaztatzen bada zuzendariaren eginkizunak ez betetzea huts larria edo oso larria izan dela, eta aplika daitezkeen arau orokorren arabera ezar daitezkeen zehapenak alde batera utzi gabe, Hezkuntza Departamentuak erabakiko du zuzendaria kargutik kentzea. Halakoetan, Hezkuntza Departamentuak jarduneko zuzendari bat izendatuko du, zuzendariak hautatzeko egiten den lehenbiziko merezimendu lehiaketan beste zuzendari bat hautatu arte.

Hamahirugarrena._Zuzendari eginkizuna aintzat hartzea.

13.1. Unibertsitatez kanpoko ikastetxe publikoetako zuzendariek karguari dagozkion eginkizunak bete eta ezarrita dauden ordainsariak jasoko dituzte.

LEHEN XEDAPEN GEHIGARRIA

Zuzendaritza proiektua egiteko beharrezkoak diren plangintza instituzionaleko agiriak emanen dizkie ikastetxeak eskatzen dituzten hautagaiei.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Hezkuntza Departamentuak behar diren zuzendari-tutoreak izendatuko ditu praktika aldirako eta Hasierako Prestakuntza Programaren azken ebaluaziorako.

HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Zuzendari kargua zein ikastetxetan berritu behar den jakiteko, Hezkuntza Departamentuak ikastetxe horien zerrenda jendaurrean jarriko du Departamentuaren Argibide eta Agiri Bulegoan eta web orrian.

LAUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Bigarren Hezkuntzako irakasleen kidegoko edo katedradunen kidegoko funtzionarioez gain, DBHko lehen zikloari atxikitako maisu-maistren kidegoko funtzionarioek ere parte har dezakete Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako institutuetako zuzendariak hautatzeko merezimendu lehiaketan, betiere LOCEk indarra hartu aurretik zuten behin betiko destinoko ikastetxean jarraitzen badute.

DBHIko zuzendari izateko hautatzen dena maisu-maistren kidegoko funtzionario bat baldin bada, horrek ere foru agindu honetan azaldu den Hasierako Prestakuntza Programa gainditu beharko du, hiru urterako zuzendari izendatu ahalko izateko, zortzigarren oinarrian ezarritakoari jarraikiz.

Horrela izendatutako zuzendaria hiru urteetan ebaluatuko da; ebaluazio positiboa izaten duenak DBHIko zuzendari kategoria lortuko du. Kategoria hori aplikatuko zaie bakarrik kategoria lortu zuten maisu-maistrei, betiere LOCEk indarra hartu aurretik zuten behin betiko destinoko ikastetxean jarraitzen badute lanean.

Maisu-maistren kidegokoa izanez gero, lehen hezkuntzako ikastetxe batera aldatu ahalko da irakasle lana egitera, lekualdatze lehiaketa baten ondorioz. Haur Hezkuntzako edo Lehen Hezkuntzako irakasle lanean urtebete egindakoan, bigarren oinarrian aipatu gainerako baldintzak betetzen baditu, zuzendariak hautatzeko prozesuan parte hartu ahalko du. Halako kasuan ez du Hasierako Prestakuntza Programa egin beharko.

BOSGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Hezkuntza Departamentuaren titulartasuna duten Lanbide Heziketako zentro integratuetako zuzendarien izendapena egitean bete beharko da Kualifikazioei eta Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 19ko 5/2002 Lege Organikoaren 11.5 artikuluan eta artikulu hori garatzen duten xedapenetan ezarritakoa.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Ikastola publikoetatik heldu diren eta Nafarroako Gobernuko irakasle funtzionarioak diren irakasleak beren ikastetxeetako zuzendari berezi izendatu ahalko dira, eta 11.1 ataleko baldintzak betetzetik salbuetsi ahalko, abenduaren 23ko 10/2002 Lege Organikoan ezarritako baldintzak betetzen ez dituzten bitartean, ikastetxe publikoetako zuzendariak hautatzeko prozesuan hautagai gisa aurkezteko.

AZKEN XEDAPENA

1. Eskola eta Lanbide Irakaskuntzaren zuzendari nagusiak behar diren jarraibideak emanen ditu foru agindu honetan xedatutakoa aplika dadin.

2. Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren menpeko ikastetxe publikoetako zuzendariak hautatzeko irakasle funtzionarioen artean eginen den merezimendu lehiaketarako deialdia egitea. 2003-04 ikasturteko azken hiruhilekoan izanen da.

Deialdi honetako epeak foru agindu honen 3.14 atalean eta hurrengoetan ezarritakoaren araberakoak dira.

3. Foru agindu hau igortzea Hezkuntzaren Plangintzako Zerbitzura, Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzura, Giza Baliabideen Zerbitzura, Langileri Atalera eta Ikasketak Antolatzeko Atalera, behar diren ondorioak izan ditzan.

4. Foru agindu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2004ko maiatzaren 3an._Hezkuntza kontseilaria, Luis Campoy Zueco.

1. ERANSKINA

Zuzendarigaiak hautatzeko merezimendu lehiaketako baremazioa

I. atala_Merezimenduak.

1._Zuzendari izateko aukeratu ikastetxea ezagutzea:

Behin betiko destinoko ikastetxean bertan hautagai gisa aurkezteagatik: (puntu bat).

2._Lan esperientzia baloratzea (3 puntu gehienez):

2.1. Baldintza gisa eskatzen diren bost urteetatik gorako esperientzia urteengatik:

_0,25 puntu urteko, maila eta araubide bereko ikastetxe batean.

_0,10 puntu urteko, beste maila eta araubide bateko ikastetxe batean.

2.2. Haur Hezkuntzan, Lehen Hezkuntzan, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan edo Lanbide Heziketan zikloko koordinatzaile gisa edo, bestela, departamentu didaktikoko buru, mintegiko buru edo antzeko zereginetan egindako urte bakoitzeko:

_0,15 puntu urteko, maila eta araubide bereko ikastetxe batean.

_0,05 puntu urteko, beste maila eta araubide bateko ikastetxe batean.

2.3. Bigarren hezkuntzako katedradunen kidegokoa izateagatik: 0,50.

2.4. Ikastetxe publikoetako zuzendaritzan aritzeko kreditatuta egoteagatik: 0,30.

2.5. Nafarroako hezkuntza administrazioko ikuskatzaile edo Hezkuntza Departamentuko atalburu nahiz gorako kargu bat izateagatik, bai eta estatuko hezkuntza administrazioan horien pareko direnak ere, urte bakoitzeko: 0,20 urteko.

Urte zatiak baloratu behar direnean, 1/12 puntu emanen da hilabeteko.

3._Zuzendaritza lana baloratzea: 3 puntu, gehienez ere.

3.1. Zuzendari karguan 2004ko ekainaren 30a arte.

_0,50 puntu urteko, maila eta araubide bereko ikastetxe batean.

_0,15 puntu urteko, beste maila eta araubide bateko ikastetxe batean.

3.2. Ikasketaburu, zuzendariorde edo idazkari karguan aritzeagatik:

_0,30 puntu urteko, maila eta araubide bereko ikastetxe batean.

_0,10 puntu urteko, beste maila eta araubide bateko ikastetxe batean.

3.3. Alboko zuzendaritza karguetan aritzeagatik:

_0,40 puntu urteko, maila eta araubide bereko ikastetxe batean zuzendari alboko gisa aritzeagatik.

_0,20 ikasketaburu edo idazkari albokoaren karguan aritzeagatik.

Urte zatiak baloratu behar direnean, 1/12 puntu emanen da hilabeteko.

4._Prestakuntza: 3 puntu, gehienez ere.

A) Ikastetxeen hezkuntza arloko kalitatea hobetzeko prestakuntza:

4.1. Zuzendaritza lanerako prestakuntza. Ikastetxeen kudeaketarekin eta zuzendaritzarekin zerikusia duten prestakuntza jarduerengatik:

_80 ordutik gorako ikastaro bakoitzagatik: 0,25.

_60 ordutik 80 ordura bitarteko ikastaro bakoitzagatik: 0,20.

_30 ordutik 60 ordura bitarteko ikastaro bakoitzagatik: 0,15.

_30 ordutik beherako ikastaro bakoitzagatik: 0,10.

4.2. Ikastetxeen kudeaketarekin eta zuzendaritzarekin eta ikastetxeetan hezkuntzaren kalitatea ezartzearekin zerikusia duten argitalpenak, ISBN edo ISSN baldin badute: 1,5 puntu bitarte.

B) Prestakuntza didaktikoa:

4.3. Hobekuntza didaktikoko jarduerengatik: 2 puntu, gehienez ere.

_80 ordutik gorako ikastaro bakoitzagatik: 0,25.

_60 ordutik 80 ordura bitarteko ikastaro bakoitzagatik: 0,20.

_30 ordutik 60 ordura bitarteko ikastaro bakoitzagatik: 0,15.

4.4. Irakaskuntzako kalitatearekin eta programazio didaktikoekin zerikusia duten argitalpenak eta irakaskuntza-ikaskuntza prozesuen inguruko beste batzuk, ISBN edo ISSN baldin badute: 1,5 puntu bitarte.

II. atala._Zuzendaritza proiektua.

Memoria berariazko proiektu gisa baloratzea, hots, zuzendaritzarako proposamena ikastetxeko hezkuntza proiektuarekin lotzen duen proiektu gisa: 10 puntu bitarte.

2. ERANSKINA

Ikastetxe publikoetako zuzendariak hautatzeko merezimendu lehiaketan parte hartzeko eskabidea

Norberaren datuak:

Lehen deitura ............................ Bigarren deitura

Izena..................................................... N.A.N.

Helbidea, jakinarazpenetarako:

Herria ..................... Probintzia ............. PK ......... Telefonoa

Lanbideari buruzko datuak:

Zein kidegotakoa den ..................................... Kidegoan sartu zen eguna

Titulazioa .................................. Espezialitatea

Behin betiko destinoko ikastetxea ...................... Ikastetxearen kodea

Destinoko ikastetxea 2002-03 ikasturtean Nafarroako Foru Komunitatean .................................. Ikastetxearen kodea

Orain duen zuzendaritza kargua, halakorik bada

Zuzendari kargua zein ikasturtetan

Zuzendari lanean aritzeko kreditazioaren data, halakorik bada

Aukeratutako ikastetxea

Proposatutako zuzendaritza taldea, zuzendarigaiak aukeratu duen ikastetxean lanpostu finkoa duena (*).

(Zuzendariorde kargua) (**):

Izena ............................ Deiturak ........................... L.E.Z.

(Ikasketaburuaren kargua):

Izena ............................ Deiturak ........................... L.E.Z.

(Idazkari kargua):

Izena ............................ Deiturak ........................... L.E.Z.

(*) Ez da beharrezkoa gobernu organo albokoak zehaztea.

(**) Jada kargua baden ikastetxeetan soilik.

Merezimenduak: Baremaziorako merezimendu gisa eranskinean aurkezten diren agirien zerrenda.

(*) Ez da beharrezkoa gobernu organo albokoak zehaztea.

(**) Jada kargua baden ikastetxeetan soilik.

1._

2._

3._

4._

5._

6._

7._

8._

9._

10._

11._

Zuzendaritza proiektua: Zuzendaritza proiektuaren zazpi ale aurkeztuko dira. Gehienez ere 25 orrialde, Din-A4 neurria.

Eguna ................. Tokia .................. Zuzendarigaiaren sinadura

3. ERANSKINA

Zuzendaritza talderako proposamena

Zuzendarigaiak zuzendaritza taldea osatzeko proposatu dituen irakasleek kargua onartu izanaren egiaztagiria

(Ikastetxearen izena) (Zuzendarigaiaren izena)

Ikastetxerako zuzendarigaiak j/a-k

zuzendaritza taldea osatzeko proposamen hau aurkeztu du:

(Zuzendariorde izateko proposatua) (*):

Izena ....................... Deiturak ........................... L.E.Z.

Behin betiko destinoko ikastetxea

Destinoko ikastetxea ikasturte honetan

Onartu dut ni izendatzeko proposamena,

jaunak/andreak,

ikastetxerako zuzendarigaiak egina

(Sinatua)

Ikasketaburu izateko proposatua (*):

Izena ....................... Deiturak ........................... L.E.Z.

Behin betiko destinoko ikastetxea

Destinoko ikastetxea ikasturte honetan

Onartu dut ni izendatzeko proposamena,

jaunak/andreak,

ikastetxerako zuzendarigaiak egina

(Sinatua)

Idazkari izateko proposatua (*):

Izena ....................... Deiturak ........................... L.E.Z.

Behin betiko destinoko ikastetxea

Destinoko ikastetxea ikasturte honetan

Onartu dut ni izendatzeko proposamena,

jaunak/andreak,

ikastetxerako zuzendarigaiak egina

(Sinatua)

(*) Jada kargua baden ikastetxeetan soilik.

Iragarkiaren kodea: F0406909