7. ALDIZKARIA - 2003ko urtarrilaren 15a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Xedapen Orokorrak. Foru Aginduak

100/2002 FORU AGINDUA, azaroaren 26koa, Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteri kontseilariak emana, gizarte zerbitzuen arloko 2003ko inbertsioetarako deialdiaren oinarriak onesten dituena.

Ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legeak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta bere erakunde autonomoen dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorra ezartzen da.

Lege horrek ezartzen du dirulaguntza publiko guztietarako arauen esparru zedarritua, eta bertan finkatzen dira oinarri orokorrak, kontzeptuak, irizpideak, eskumenak, beharkizunak eta erantzukizunak, bai eta, halaber, laguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko prozedura ere.

Kontuan hartuz Foru Lege horrek adierazten duela dirulaguntzen politika oinarrizko tresna dela arlo ekonomikoan dauden desoreka sektorialak zuzentzeko eta gizarte klaserik behartsuenen onerako errenta banatzeko, bidezko da gizarte zerbitzuen arloko 2003ko inbertsioetarako deialdia onestea.

Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Gobernua eta Administrazioa arautzen dituen apirilaren 11ko 23/1983 Foru Legeak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Gizarte zerbitzuen arloko 2003ko inbertsioetarako dirulaguntzen deialdiaren oinarriak onestea. Oinarriak Foru Agindu honen I. eta II. eranskinetan ageri dira.

2. Foru Agindu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, bi mila eta biko azaroaren hogeita seian._Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteri kontseilaria, Calixto Ayesa Dianda.

I. ERANSKINA

Gizarte Zerbitzuen Arloko 2003ko inbertsioetarako dirulaguntzen deialdiaren oinarriak

Lehenbizikoa._Xedea.

Deialdi honek hau du xedea: gizarte zerbitzuen arloko inbertsioetarako dirulaguntzak emateko araubidea ezartzea 2003. urterako.

Bigarrena._Deialdiaren esparrua eta helburua.

1. Aurreko artikuluan aipatu dirulaguntzen xedea hauxe izanen da: haur eta gazteen, hirugarren adinaren, elbarrien, gizarteratzearen, emakumearen, eta familia eta komunitatearen arloetarako lurra, lokalak edo eraikinak eskuratzea, instalazio edo zentroak eraiki, moldatu edo handitzea eta horiek hornitzea, betiere Nafarroako Foru Komunitatearen esparruan.

2. 2002an hasi edo egin diren inbertsioak eta 2003an zehar hasi edo egin gogo direnak izaten ahalko dira dirulaguntza hauen xede.

3. Aurreko urteetan diruz lagundutako inbertsioetarako ere eman litezke dirulaguntzak, betiere laugarren oinarrian ezarritako mugetaraino.

4. Inbertsio horien hasiera 2003ko urriaren 30a baino lehen egiaztatu beharko da, edo 2.5 eta 6.3 oinarrietan aurreikusitako kasuan aipatzen den data baino lehen, agiri hauek aurkeztuz:

_Obrak diren kasuan, obren zuinketa-akta, zuzendaritza fakultatiboak, jabeak eta, halakorik badago, enpresa adjudikazio-hartzaileak sinatua.

_Proiektuak direnean, proiektuaren ale bat edo proiektuaren adjudikazioa.

_Ekipamendua den kasuetan, gastuak egiaztatzeko fakturak.

5. Epe horretan, onuradunari egozten ahal zaizkion arrazoiak direla-eta, ez justifikatzea, dirulaguntza emateko ebazpenari indarra kentzeko motiboa da.

6. Aurreko paragrafoan aipatutako arrazoiagatik dirulaguntza bat kentzen denean, administrazioak diru-kopuru hori deialdian onuradun gertatu ez baina eskabideen balorazioan puntuazio altuena lortu zuten eskatzaileei eman liezaieke.

7. Ekipamenduz hornitzeko inbertsioak direnean, 6.000 eurotik goitikoak izan beharko dute.

Hirugarrena._Dirulaguntza motak.

Aurreko oinarrian ezarritakoa betetzeko, eskabideetan arlo hauetarako eskatzen ahal dira dirulaguntzak:

a) Toki entitateentzako dirulaguntzak hirugarren adinekoen arloko inbertsioetarako.

b) Oztopoak kentzeko azterlanetarako eta obretarako dirulaguntzak.

c) Gizarte zerbitzuetarako beste zentro batzuetarako dirulaguntzak.

d) Haur eta gazteen zentroetako inbertsioetarako dirulaguntzak.

e) Irabazi asmorik gabeko erakundeentzako dirulaguntzak, hirugarren adinekoen arloko inbertsioetarako.

f) Elbarrien zentroetarako inbertsioetarako dirulaguntzak.

g) Gizateratzearen arloko inbertsioetarako dirulaguntzak.

Dirulaguntza mota bakoitzerako diru-kopurua mota bakoitzari dagokion kontusailean 2003rako aurrekontuetan onetsitako zenbatekoa adinakoa izanen da, hauek kenduta: aurreko ekitaldietan zenbait urtetarako emandako dirulaguntzen 2003rako diru kopuruak, 2002an ordaindu behar baina ordaindu ez diren diru kopuruak.

Beharrezkoa bada, kontusailen arteko transferentziak egiten ahalko dira, aurrekontuei buruz indarra duen arautegiaren arabera eta aurkezten diren eskaeren arabera.

Laugarrena._Dirulaguntzen zenbakekoa.

Oro har, dirulaguntzaren gehieneko portzentajeak, inbertsio motaren eta erakunde eskatzailearen arabera, eta kontuan hartuz deialdi honen bigarren oinarrian ezarritako esparru eta helburuak, ondoko hauek izanen dira:

_Hirugarren adinekoen arloa:

1. Hiritar zentroak eraiki, moldatu edo hornitzeko: 120 euro bizilaguneko, inbertsioaren %40, gehienez.

2. Jubilatuentzako biltokiak eraiki, moldatu edo hornitzeko: 180 euro erabiltzaileko, inbertsioaren %40, gehienez.

3. Zaharretxeak eta hirugarren adinekoentzako talde-etxebizitzak eta eguneko zentroak erakitzeko:

3.1. Toki Entitateek sustatuak:inbertsioaren %50, gehienez.

3.2. Irabazi asmorik gabeko entitateek sustatuak: inbertsioaren %50, gehienez.

4. Zaharretxeak eta hirugarren adinekoentzako talde-etxebizitzak eta eguneko zentroak moldatu eta hornitzeko:

4.1. Toki Entitateek sustatuak: inbertsioaren %50, gehienez.

4.2. Irabazi asmorik gabeko entitateek sustatuak: inbertsioaren %80, gehienez.

5. Apartamentu babestuak: proiektuaren prestakuntzaren eta obra zuzendaritzaren sarien %100 bitarte.

_Gainerako arloak:

6. Irabazi asmorik gabeko entitateek eraikinak erosi, eraiki edo moldatzeko: inbertsioaren %90, gehienez.

7. Irabazi asmorik gabeko entitateek ekipamendua erosteko: inbertsioaren %80, gehienez.

8. Haur eta Gazteentzako eguneko zentroak eraiki edo moldatzeko: 80% gehienez.

9. Oztopoak kentzeko: inbertsioaren %90, arlo guztietan.

Aurreko ataletan aurrekusi ez diren gainerako kontzeptuei emanen zaien dirulaguntzaren zenbatekoa deialdi honen 8.4 oinarrian aipatutako Balorazio Batzordeak finkatuko du, zein erakundek eskatzen duen eta zein inbertsio egin nahi den aztertu ondoren.

Bosgarrena._Onuradunak.

1. Deialdi honen laguntzak irabaki asmorik gabeko pertsona fisiko nahiz juridikoek jasotzen ahalko dituzte, haien eskaerak hemen ezarritako baldintzei lotzen bazaizkie eta sarturik badaude Gizarte Ongizate Departamentuko Entitate, Zerbitzu eta Zentroen Erregistroan, hala badagokie.

2. Eskatzaileek bete beharko dituzte gizarte zerbitzuen arloko baimen, arau-hauste eta zehapenen eraentzari buruzko azaroaren 13ko 9/1990 Foru Legeak ezarritako baldintzak, bai eta lege hori garatzen duten arauek ere. Foru Lege horretako 3. artikuluan eta hori garatzen duten arautegian aipatzen diren baimenak eskatu eta lortu ere egin beharko dute.

Seigarrena._Eskaerak aurkezteko epea eta lekua.

1. Deialdian parte hartzeko eskabideak aurkeztu beharko dira Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokorrean, Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteri Zuzendaritza Nagusian (Erletokieta kalea, 1, behea, 31007, Iruña), edo Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko Legean aipatzen diren lekuetan, deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara eman eta biharamunetik hasita 30 egun naturaleko epean.

2. Ez da epe zehatzik izanen sute, uholde, eraispen edo gisa horretako beste egoera bereziren batean gertatzen diren kalteak konpondu edo aurreikusteko dirulaguntzak eskatzen direnean.

3. Departamentuko zuzendari nagusiak beste epe bati ematen ahalko dio hasiera, baldin eta urteko bigarren seihilekoan diru erabilgarririk gelditzen bada. Horrelakoetan zehaztuko du zein sailetarako sartzen ahal diren eskabideak eta zenbatekoa den erabilgarri dagoen diruaren kopurua.

Zazpigarrena._Aurkeztu beharreko agiriak.

1. Eskabidearekin batera agiri hauek aurkeztu beharko dira, jatorrizko agiri edo behar bezala konpultsatutako fotokopien bidez:

a) Behar bezala betetako eskabidea, horretarako prestatutako ereduaren araberakoa (II. eranskina), zeinean proiekturako dirulaguntza eskatzen baita.

b) Nortasunaren egiaztagiriak eta, hala behar bada, sozietatearen izena, estatutuak eta identifikazio fiskalaren zenbakia. Agiri hauek ez dira aurkeztu beharko, lehendik baldin badaude Nafarroako Foru Komunitatearen organoren batean eta aldaketarik izan ez badute, horrelakoetan eskatzaileak aipatzen ahalko baitu 30/1992 Legeko 35.f) artikuluan ezarritakoari lotzen zaiola, beti ere idatziz jartzen badu zein egun eta organo edo bulegotan aurkeztu edo, bestela, luzatu ziren, eta dagokien prozedura bukatzen denetik 5 urtetik gorako tartea igaro ez bada.

c) Egin gogo den inbertsioaren eraginak eta ondorioak justifikatzen dituen txostena. Inbertsioak 150.250 eurotik gorakoak badira, txosten horretan sartu beharko da aurreikusten den funtzionamendu-programaren deskribapena, zeinetan aipatuko baitira, gutxienez, zentroak zenbat jende har dezakeen, kudeaketa plana, antolatzeko era juridikoarik egokiena, eman gogo diren zerbitzuak eta haien kostua, bai eta, halaber, funtzionatzen hasteko aurreikusten den denbora ere.

Zaharretxe, eguneko zentro eta apartamentu babestu berriak eraikitzeko inbertsioak izanez gero, gainera, dokumentu hauek aurkeztu beharko dira:

_Eskualdeko azterlan demografikoa eta gerora begirako ikuspegia.

_Gaur egun dauden gizarte, osasun, kultura, kirol eta aisialdi arloetako baliabideen deskripzioa.

_Eskualdean dauden laguntza sare, boluntario sare eta elkarteen deskripzioa.

_Baliabideak erabil litzaketenak.

d) Eskatzailearen adierazpena, zeinean esanen baitu konpromisoa hartzen duela proiektuaren kostuaren eta eskatutako dirulaguntzaren arteko aldea berak zuzenean edo hirugarren pertsonen bidez jarriko duela.

e) Transferentziaren bidez dirua jasotzeko eskabidea, Nafarroako Gobernuari dirulaguntza eskatzen dion lehenbiziko aldia baldin bada edo aurreko urteetako dirulaguntzak jasotzeko bankuko kontua aldatu bada.

f) Egindako, egiten ari edo egin gogo den inbertsioari buruzko txosten baloratua edo proiektu teknikoa, aurrekontua kapituluka zehazten duena.

Eraikitze eta eraberritze lanak izanez gero, txosten horri dagozkion planoak gehituko zaizkio, eta teknikari eskudunak edo eraikuntza-enpresak sinatuko du.

Kasu guztietan, Oztopo Fisiko eta Zentzumenekoei buruzko 1988/4 Foru Legea eta hori garatu eta aplikatzeko Erregelamendua onesten duen ekainaren 29ko 154/1989 Foru Dekretua bete beharko dira. Orobat, eraikin eta instalazioetan suteetatik babesteko arauak bete beharko dira.

Ekipamenduz hornitzeko inbertsioen kasuan, eskabidearekin batera erantsi beharko da inbertsioaren justifikazioa, unitateka zehazturik, teknikari edo enpresa eskudunak egin beharko duena.

Lurra, lokalak edo eraikinak eskuratzeko inbertsioen kasuan, erantsi beharko da jabearen agiria, salerosketaren prezioa jartzen duena.

g) Obra zein lur edo ondasun higiezinetan egin nahi den, haien egoera frogatzen duten agiriak, eskatzaileak justifikatu beharko duelarik haien jabe dela edo, bestela, erabilgarri daudela, gutxienez 30 urtetarako, Nafarroako Gobernuak erabiltzeko lagatako ondasun higiezina denean izan ezik, eta, horretaz gain, bateragarria dela Hiri Antolamendurako Plan Orokorrarekin edo indarra duen hirigintzako arautegiarekin.

Aurreko lerroaldean aipatzen diren lurra edo ondasun higiezinak toki-entitateren batenak badira, erabilgarri egon beharko dute 12 urterako bederen, dirulaguntza eskatzen den unean.

100.000 eurotik beherako inbertsioen kasuan, aski izanen da egiaztatzea gutxienez 5 urtez erabiliko dela higiezina.

Obren sustatzaileak erabiltzeko eskubidea baizik ez badu, beharrezkoa izanen da haien jabeak obrak egiteko baimena espreski eman duela ageri den dokumentua eranstea.

h) Eskabidearen alde egiteko, eskatzaileak interesgarritzat jotzen duen beste edozein dokumentu, Foru Agindu honetan zehazten diren irizpide eta zehaztasunak kontuan hartuz.

2. Eskabidea aurkezten duena toki entitate bat bada, ez ditu aurkeztu beharko aurreko idatz-zatiko b) eta e) letretan aipatzen diren agiriak, baina, besteez gainera, honako hauek aurkeztu beharko ditu:

i) Inbertsioa finantzatzeko plana, hauek zehazten dituena:

Aurreikusitako finantzaketa (fondo berekiak, dirulaguntzak, kredituak...), bakoitzari dagozkion kopuruak adierazita.

Lanek urte bat baino gehiago iraun behar badute, urte bakoitzerako aurreikusitako kopurua.

j) Onetsitako azken ekitaldiko dirusarrera eta gastuen udal aurrekontua, kapituluka.

k) Toki-entitateak duen zorra, halakorik baldin badu, zeinean zehaztuko baitira finantza-pasiboak eta gaur egungo finantza-karga, barne sarturik i) letran aipatzen diren kredituak, baldin badaude.

Zortzigarrena._Balorazioa.

1. Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteri Departamentuko Zuzendaritza Nagusiak eginen ditu tramitazioa eta balorazioa, eta dokumentazio osagarria eskatu nahiz bidezko diren ikuskapenak egiten ahalko ditu, eskabideen gaineko ebazpena emateko, honako irizpide hauei jarraituz:

a) Gizarte zerbitzuen plangintzatik heldu diren lehentasunak, Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteri Departamentuak adieraziko dituenak. Atal honetan kontuan hartuko da, bestetik, eskatutako dirulaguntzaren zenbatekoa, baliabide ekonomikoen arabera: gehienez 45 puntu. Atal honetan hauek hartuko dira aintzat:

_Inbertsioa Departamentuaren plan eta helburuekin bat etortzea.

_Eraikinak behar berrietara egokitzea.

_Instalazioak gaurkotzea.

_Eraikirik dauden eraikinetan zerbitzu edo prestazio berriak sartzeko behar diren obrak.

_Inbertsioaren beharra laguntzaren kalitatea mantendu edo hobetzeko (instalazioak zaharberritu, moldatu edo handitzea).

_Aurreko ekitaldietan emandako dirulaguntzak.

b) Baliabide jakin hori edukitzeko premia, herriarentzat edo inguruko eskualdearentzat. Inbertsioak gizartean izanen duen eragina eta zenbaterainoko erabilera aurreikusten den: gehienez 25 puntu. Atal honetan hauek baloratuko dira:

_Eskualdeko baliabideak nabarmen hobetzen dituzten jarduketak.

_Eskatutako dirulaguntzaren ehunekoa, aurreikusitako inbertsioari dagokionez.

_Udalerriko eta haren eraginpeko herrietako bizilagunen kopurua.

_Erabiltzaileak zenbatsu izanen diren.

_Eskualdeko zahartze-indizea, bidezkoa bada.

_Baliabidea paratu edo handitzeko eskualdeko benetako beharren justifikazio nahikoa eta zehatza.

_Baliabide mota bera duen herrirainoko distantzia (tartea, denbora...).

_Beharra nolakoa den: une baterako, epe ertain edo luzerako.

_Baliabidea inguruko herriekin batera erabiltzeko aukera edo konpromisoa.

c) Inbertsioa bideragarria eta proiektua bidezkoa izatea; mantentze eta hobekuntza gastuak gutxitzea: gehienez 15 puntu. Hau baloratuko da:

_Dirulaguntzaren xede den inbertsioa egokia den ala ez.

_Proiektuaren kostua/erabiltzailea erlazioa.

_Eskabidea toki entitate batek aurkezten badu, haren egoera ekonomikoa eta dagokion partea finantzatzeko duen gaitasuna ere baloratuko dira.

d) Bestelako entitate edo erakundeekiko koordinazio eta lankidetza, inbertsioan edo funtzionamenduan: gehienez 15 puntu. Hau baloratuko da:

_Jardueretan, zerbitzu edo baliabideetan eta mantentzean zenbat entitatek hartzen edo hartuko duten parte.

_Parte hartzen duten edo hartuko duten entitate bakoitzaren konpromiso ekonomikoaren maila (direla elkarteak, toki entitateak...), baliabidea sortu edo mantentzeko.

_Boluntarioen sarea.

_Eskualde bereko beste herri edo elkarte batzuekin jardueren antolamendua koordinatzen duen esperientzia.

_Nafarroako Gobernuari eskaintzen zaizkion kontraprestazioak.

2. Herri edo eskualde berean ekipamendu mota berari buruzko proposamen bat baino gehiago gertatzen direnean, aurreko alderdi horietaz gainera, ondotik aipatzen diren faktoreak hartuko dira kontuan, proposamenak erkatu ahal izateko:

_Kokapena eta komunikazioak.

_Eraikina eta ekipamendua.

_Giza baliabideak.

_Kudeaketa plana.

_Ustiapen kontua.

3. Toki entitateei ematen zaizkien dirulaguntzen kasuan, finantzaketaren zati bat haien kargura duten lanak egiteko baldin badira, eta obra proiektuaren zenbateko osoa 120.200 eurokoa baino handiagoa bada, Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteri Departamentuan edo Toki Administrazioko Departamentuan dagokion unitate administratiboaren txostena erantsi beharko zaio espedienteari eta bertan adierazi entitatea zein egoera ekonomikotan dagoen eta zein gaitasun duen dagokion zatia finantzatzeko.

4. Balorazio Batzorde bat eratuko da, honako hauek osaturik:

_Gizarte Zerbitzuetako Inbertsio eta Obren Zerbitzuko zuzendaria, lehendakari lanetan arituko dena.

_Plangintza Zerbitzuko zuzendaria.

_Obra eta Ekipamendu atalburua.

_Gizarte Zerbitzuetako Inbertsio eta Obren Zerbitzuko teknikari bat, idazkari lanetan ariko dena.

_Ikuskatzailetza Atalari atxikitako teknikari bat.

_Afera Ekonomikoen eta Araubide Administratiboaren Atalari atxikitako teknikari bat.

Batzordeak lankidetza eta laguntza teknikoa eskatzen ahalko dizkie Departamentuko gainerako unitate administratiboei.

5. Oinarri honetan ezarritakoaren ondorioetarako, aurreko puntuan aipatzen den Batzordearen txostena lotzailea izanen da.

Bederatzigarrena._Ebazpena.

1. Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteri Departamentuko zuzendari nagusiak ebatziko ditu eskaerak, horretarako ahalmenak delegatuak baititu irailaren 29ko 179/1999 Foru Aginduaren bidez, eta dirulaguntza ematea erabakitzen badu, aipatu beharko dira haren xedea, zenbatekoa eta ordaintzeko modua.

2. Eskaerak ezetsitzat hartuko dira, ez bada ebazpenik espres ematen eskabideak aurkezteko epea bukatu eta hiru hilabeteko epean.

3. Dirulaguntza eman edo ez emateko, bai eta haren zenbatekoa zehazteko ere, erabakigarria izanen da aurrekontuetan hartarako kontsignaziorik izatea.

Hamargarrena._Dirulaguntzaren ordainketa.

1. Dirulaguntza hartzeko aurkeztu beharko den dokumentazioa:

_Obrak egiteko inbertsioen kasuan:

a) Obren azkeneko ziurtagiria eta ordainagiria, zuzendaritza fakultatiboak, jabeek eta esleipena hartu duen enpresak izenpetua.

Obrak Administrazioak egin baditu, azkeneko ziurtagiriaren ordez, beste agiri bat aurkeztuko da, obrak bukatuak direla dioena. Harekin batera, sortutako gastu justifikatugabeen faktura konpultsatuen kopiak aurkeztuko dira.

b) Haien harrera-akta, jabeek, zuzendaritza fakultatiboak eta, hala bada, esleipena hartu duen enpresak izenpetua.

Harrera-akta egiteko, obraren sustatzaileak, aldez aurretik, aski den aldearekin, harrera eguna jakinarazi beharko dio Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteri Departamentuko Zuzendaritza Nagusiari.

c) Jarduteko baimenaren eskabidea, maiatzaren 23ko 209/1991 Foru Dekretuko 21. artikuluan xedatu bezala.

_Lurrak, lokalak, eraikinak edo ekipamendua erosteko emandako dirulaguntzak izanez gero, eskrituren edo fakturen kopia konpultsatuak aurkeztu ondoren kobratuko dira.

2. Dirulaguntzak inbertsio burutuen proportzioan ordainduko dira, haiek justifikatu ondoren, Departamentuko Zuzendaritza Nagusiari egokia iruditzen zaionean.

3. Dirulaguntzen ordainketen aurrerapenak onartzen ahalko ditu Departamentuko Zuzendaritza Nagusiak, egoki iruditzen zaionean.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorrari buruzko ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legean aurreikusitakoarekin bat, bermeak ordaindu beharko dira 60.101,21 eurotik gorako aurrerapenak direnean, onuraduna Administrazio Publikoa denean izan ezik.

Aurrerapena jasotzeko, dokumentazio hau aurkeztu beharko da:

.60.101,21 eurotik gorako obrak egiteko inbertsioen kasuan, edo toki entitateak direnean:

a) Abala kreditatzea (salbu toki entitateen kasuan).

b) Diruz lagundutako obren proiektuaren ale bat, 60 eguneko epean, dirulaguntza ematen den egunetik hasita, Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteri Zuzendaritza Nagusiak onespena eman dezan.

c) Obren esleipenaren edo egiteko mandatuaren agiria, zeinean, gutxienez, datu hauek agertuko baitira: esleipen-eguna, enpresa esleipen-hartzailearen izena eta identifikazio datuak (I.F.Z., helbidea, telefonoa, posta kodea eta herria), eta esleipenaren zenbatekoa.

Administrazio bidez egiten diren obren kasuan, esleipen agiriaren ordez aurkeztuko da entitate jakineko organo eskudunak hartutako erabakia, zeinetan adieraziko baita obrak eginen direla sistema honen arabera.

Pertsona fisikoa denean, zinpeko adierazpena, lehen aipatuak bilduko dituena.

d) Zuzendaritza fakultatiboaren identifikazioa, teknikarien nortasun datuak zehazturik (I.F.Z., helbidea, telefonoa, posta kodea eta herria).

b) Obren zuinketa akta, zuzendaritza fakultatiboak, jabeak eta, halakorik denean, enpresa esleipen-hartzaileak sinatua.

f) Entitate jakineko organo eskudunak hartutako erabakia, zeinetan adieraziko baita diruz lagundutako obrak egin gogo direla eta hartzen dela haiek finantzatzeko konpromisoa. Pertsona fisikoa denean, zinpeko adierazpena, aipatu horiek bilduko dituena.

_Diru aurreraturik hartu duen onuradunak obraren egoera zein den azaltzen duen ziurtagiria aurkeztuko du lau hilabetetik behin.

_Orubeak edo eraikinak erosteko inbertsioen kasuan, salerosketa kontratu pribatua edo erosteko aukera gordetzeko kontratua aurkeztu beharko da, ongi azalduta prezioa eta kontratuaren gorabeherak.

.60.101,21 eurotik beherako obrak egiteko inbertsioen kasuan:

_Abala kreditazioa.

.Proiektuetarako lansarietan inbertitu denean:

_Abala kreditatzea (salbu toki entitateen kasuan).

_Proiektuaren adjudikazioa edo enkargua.

.Ekipamenduan inbertitzeko denean:

_Abala kreditatzea (salbu toki entitateen kasuan).

_Faktura proforma edo ekipamenduaren adjudikazioa.

4. Azkeneko ordainketaren txostenean adierazi beharko da dirulaguntzaren baldintza eta helburuak bete direla, 11. oinarriko 2. eta 4. idatz-zatietan xedaturikoa deusetan galarazi gabe.

5. Ematen diren dirulaguntzak bateragarriak dira beste batzuekin: nahiz administrazioarenak berarenak, nahiz beste administrazio publiko batzuenak, nahiz beste ente publiko edo pribatu batzuenak, edo partikularrenak, baldin eta entitate eskatzaileak beste laguntza ekonomiko hori jaso eta berehala Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteri Departamentuari jakinarazten badio.

Dirulaguntza guztiak bat eginik gainditzen bada inbertsioaren kostua, bidezkoa izanen da emandako dirulaguntza murriztea edo itzularaztea, soberakinaren arabera.

Hamaikagarrena._Betebeharrak.

1. Onuradunak honako hauek bete beharko ditu:

a) Dirulaguntza emateko arrazoitzat jo den jarduera egitea.

b) Jarduera egin dela justifikatzea, eta, laguntza hartzeko edo erabiltzeko eskatu diren baldintza guztiak betetzea.

c) Dirulaguntza hartu eta bi hilabeteko epean, dirulaguntzaren xede den inbertsioaren partea ordaindu izanaren ziurtagiria.

d) Eskumena duten organoek, eman edo jaso diren dirulaguntzen inguruan, egin ditzaketen egiaztapen lan guztiak onartzea.

e) Dirulaguntza eman duen organoari xede berarekin eskatu edo jaso diren bestelako dirulaguntzen berri ematea.

f) Dirulaguntza jaso aurretik, egiaztatzea Nafarroako Ogasun Publikoarekiko beharkizunen ordainketan egunean dagoela.

g) Kontabilitate edo erregistro liburuan laguntza jaso izana erregistratzea, indarreko arauen arabera horrelako liburuak izatera behartuta baldin badago.

h) 150.250 eurotik gorako aurrekontua duten obretan, obraren hasieran, obran berean, kartel bat paratu beharko da, adieraziko duena obra Nafarroako Gobernuak lagunduta egiten dela. Haren logotipoa ere sartuko da. Betebehar hori bete dela adierazten duen froga Departamentuko Zuzendaritza Nagusira igorri beharko da.

2. Inbertsioa dirulaguntzaren eskabidean aipatu zen xederako erabiliko da, beranduenez dirulaguntza onetsi dela jakinarazten denetik hiru urteko epean.

Inbertsioak diruz lagundutako proiektuari jarraikiz eginen dira. Aldaketarik behar bada, Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteri Zuzendaritza Nagusiak eman beharko du baimena.

Diruz lagundutako inbertsioaren kostua handituz gero, onuraduranen bizkar izanen da garestitzea.

Azkenean obren kostua diruz lagundutako aurrekontua baino txikiagoa balitz, dirulaguntzaren zenbatekoa gertatutako merkatzearen araberako murriztuko litzateke.

Obren kostuan ez dira sartuko finantza-gastuak, establezimendukoak edo kudeaketakoak.

3. Onuradunek onartu beharko dituzte Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteri Departamentuak eskatzen dituen frogapenak eta dokumentuak aurkeztu.

4. Dirulaguntzaren kontzesioak berekin ekarriko du zentroak funtzionatzen edukitzeko obligazioa, hasiera batean erabakitako xedearekin eta gutxienez 30 urtez.

Ekipamendurako dirulaguntzen kasuan, dirulaguntza emateko arrazoi den erabilera gutxienez 10 urtez mantenduko da.

Erabilera ezarritako epe gutxienekoa baino lehenago eteten bada, amortizatu gabeko dirulaguntzaren partea itzuli beharko da.

Obligazio hori bete dadin, Administrazioak eskatzen ahalko du formaliza dadila emandako dirulaguntzaren kopuru bereko abala. Abala murriztuz joanen da urtez urte, emandako dirulaguntzaren heinean, funtzionatzen hasten denetik igarotzen diren urteen arabera.

Hamabigarrena._Lankidetza-itun eta hitzarmenak.

Inbertsioak hala eskatzen duelako, dirulaguntza zenbait urtetan eman behar bada, hitzarmena sinatuko da Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteri Departamentuaren eta pertsona edo entitate arduradunaren artean, dirulaguntza ekitaldi ekonomiko bakoitzari egokitzeko xehetasunak finkatzeko.

Hamahirugarrena._Ez betetzea.

1. Jasotako diru kopuruak, oso-osorik edo haien zati bat itzuli beharko dira eta berandutzagatiko korrituak eskatuko dira, dirulaguntza ordaindu zenetik sortuak eta Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko abenduaren 26ko 8/1998 Legeko 19. artikuluan finkatutako kopurua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorra erregulatzen duen ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legeko 21. artikuluaren 1. idatz-zatian aipatzen diren kasuetako edozein gertatzen denean. Artikulu bereko 2. idatz-zatian aipatzen diren kasuetako edozein gertatzen denean baizik ez da itzuliko osorik edo partez.

2. Betiere, jarduteko baimena lortu ezik, dirua osorik itzuli beharko da.

3. Aurreko idatz-zatian xedatutakoa ukatu gabe, arau-hauste eta zehapenetarako, arestian aipatu ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legeko 27. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoari jarraikiko zaio.

Hamalaugarrena._Helegiteak.

Deialdi honen oinarrien kontra eta bera aplikatzeko egintzen kontra zilegi izanen da gora jotzeko helegitea jartzea, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hura argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

II. ERANSKINA

Iragarkiaren kodea: A0212934