57. ALDIZKARIA - 2003ko maiatzaren 7a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Xedapen Orokorrak. Foru Aginduak

26/2003 FORU AGINDUA, martxoaren 20koa, Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteri kontseilariak emana, gazte elkarteei dirulaguntzak emateko deialdiaren oinarriak onesten dituena, elkarte horiek aurrera eraman ditzaten beren kideei zuzenduriko gazteentzako programak.

Ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legeak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta bere erakunde autonomoen dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorra ezarri zen.

Irailaren 23ko 334/1996 Foru Dekretuaren bidez, izena aldatu zitzaion departamentuari eta eskumenak eman Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteri Departamentuari.

Orain arte, Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteri kontseilariaren martxoaren 26ko 24/2002 Foru Aginduan zegoen ezarrita dirulaguntzak emateko araubidea, baina bidezko da dirulaguntzen araubidea ezarriko duen foru agindu berri bat onestea. Izan ere, asmoa da gazte elkarteen eta beste entitate batzuen arlo honetako jarduera erraztu eta sustatzea eta, horrekin batera, fondo publikoen kudeaketa eta kontrol eraginkorra egitea; horrela, fondo publikoen banaketa orekatua lortuko da, kontuan izanik dirulaguntza hauetara eta berorien xede diren jardueretara biltzen diren entitateen aniztasuna.

Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorrari buruzko ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legeko 5. artikuluarekin bat.

AGINDU DUT:

1. Gazte elkarteei dirulaguntzak emateko deialdia onestea, betiere Gazteen Entitateen Erroldan badaude, beren kideei zuzenduriko gazteentzako programak aurrera eramateko eta dituzten lokalak mantendu eta ekipatzeko, foru agindu honen eranskinean azaltzen diren oinarrien arabera.

2. Gehienez 367.136 euroko (hirurehun eta hirurogeita zazpi mila ehun eta hogeita hamasei euroko) gastua baimentzea deialdi hau pagatzeko 2003ra luzatutako 2002ko Nafarroako aurrekontu orokorretatik, honela banaturik: 344.136 euro (hirurehun eta berrogeita lau mila ehun eta hogeita hamasei euro) Gazte Elkarteen Programetarako dirulaguntzak izeneko 940003-95210-4810-323100 kontusailaren kargura, eta 23.000 euro (hogeita hiru mila euro) Gazte Entitateen Ekipamendua izeneko 940003-95210-7810-323100 kontusailaren kargura.

Hurrengo ekitaldietan behar den gastua baimenduko da, Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen ebazpen bidez, Nafarroako aurrekontu orokorretan xede horretarako gaitzen diren kontusailen kargura. Betiere, kreditua beharko da ekitaldian, dirulaguntza emanen bada.

3. Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaileari ahalmena ematea, aurkeztutako eskabideak aztertu eta deialdia ebatzitakoan sobera gelditutako dirua hasieran onartutako kopuruen konpromisotik kentzeko eta beste deialdi batzuetako gastu gisa baimentzeko, ekitaldi bakoitzeko Nafarroako gastuen aurrekontuko kontusail beraren kargura betiere.

4. Deialdiaren oinarriak, Foru Agindu honen eranskinean daudenak, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzeko baimena ematea.

5. Foru Agindu hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteri kontseilariak martxoaren 26an emandako 24/2002 Foru Agindua, gazte elkarteek 2002an beren kideei zuzenduriko gazteentzako programak aurrera eraman ditzaten dirulaguntzak emateko deialdiaren oinarriak onesten dituena, eta Foru Agindu honi kontra egiten dioten edo kontrakoa adierazten duten maila bereko edo txikiagoko xedapen guztiak indargabetu egiten dira.

AZKEN XEDAPENA

Foru Agindu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, bi mila eta hiruko martxoaren hogeian._Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteri kontseilaria, Calixto Ayesa Dianda.

E R A N S K I N A

Oinarriak

1._Helburua.

Deialdi honen helburua da Nafarroako gazte elkarteei dirulaguntzak emateko araubidea ezartzea, beren kideei zuzendutako gazteentzako programak aurrera eramateko eta borondatezko ekintzetarako, 3. oinarrian biltzen denari jarraikiz.

2._Xedea.

Dirulaguntza hauek ondoko xedeak dituzte:

_Diruz hein batean laguntzea Gazte Elkarteen ekimen eta jarduera batzuk, bai eta antolatuko diren programak egiteko behar diren mantentze eta ekipamendua ere. Hori dena 2002ko irailaren 21etik 2003ko irailaren 19ra bitarte eginen da, eta hurrengo urteetan, urte bakoitzeko iraileko hirugarren larunbataren eta hurrengo urteko iraileko hirugarren ostiralaren artean.

3._Esparrua.

3.1. Aurreko oinarrian aipatu dirulaguntzak honakoak egiteko eskatzen ahalko dira:

a) Honako jarduera hauek egiteko:

_Prestakuntzakoak eta denbora librekoak.

_Aisialdikoak.

_Josteta jarduerak.

Aisialdi eta jostetako jardueratzat hartuko dira egoitzaren barrenean nahiz eremu irekietan egiten direnak eta jolasa, josteta edo eskolaz kanpoko hezkuntza helburu dituztenak, betiere deialdiaren 3.2 oinarrian zehaztutako salbuespenak salbuespen.

_Boluntario lanekoak. Horrelakotzat hartuko dira elkarteek hirugarrenen mesedetan egiten dituzten ekintzak. Proiektua aldez aurretik onetsi beharko du nahitaez Gazteriaren Zuzendariordetzak. Proiektuak aurkezteko epea Foru Agindu hau argitaratu eta hurrengo 30 egun naturaletan egonen da zabalik, eta aurrekontuko kontsignazioaren menean egonen da betiere. Honetarako gehienez 18.000 euro erabiliko dira. Proiektuak egiteko epea proiektua onesten duen Ebazpenaren jakinarapenarekin batera hasi eta 2003ko irailaren 19an bukatuko da. Hurrengo ekitaldietan, proiektuak urtarrilaren 31 baino lehen aurkeztu beharko dira, eta proiektua egiteko eta txostena eta frogagiriak aurkezteko epea urte horretako iraileko hirugarren ostiralean bukatuko da.

_Elkarteko monitoreek ofizialki onarturiko astialdirako eskolek antolatu ikastaro monografikoetan parte hartzea.

_Elkarteko kideek aipatu astialdirako eskolek antolatu monitore edo zuzendarien ikastaroetan parte hartzea.

_Kanpaldiak eta irteerak, kanpoan gau bat baino gehiago igarotzekoak badira. Horrelakoetan, 15 egun lehenago jakinarazi beharko zaio Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuari. Ez jakinaraztearen zehapena izan daiteke jarduketaren egiaztagiriak ez onartzea.

b) Elkartearen egoitzaren mantentzerako beharrezkoak diren gastuak, 2. oinarrian ezarritako epeari dagozkionak, 7.2. oinarrian ezarritako mugak kontuan hartuta (Egoitzaren alokairu gastuetan, elkartearen aldeko kontratuaren fotokopia aurkeztu beharko da).

c) 2. oinarrian zehaztutako aldiko jarduera aurrera eramateko beharrezkoa den material inbentariagarria erostea.

d) Informatika ekipamendua erostea: ordenagailua, inprimigailua, ekipoak edo/eta softwarea eguneratzea. Erositako ekipo informatikoek interneten sartu eta posta elektronikoa izateko aukera emanen dute; hurrengo ezaugarriak izanen dituzte gutxienez:

_Pentium IV (edo antzekoa).

_Nahikoa memoria (256 MB RAM).

_20 Gb baino gehiagoko disko gogorra.

_Internet eta posta elektronikoko kontua.

_Multimedia ekipoa (CD ROM).

_Office 97 edo hori baino berriagoa.

e) Deialdi honetan lagunduko dira gehienez ere sei proiektu, elkarte desberdinetakoak, interesagatik eta kalitateagatik nabarmentzen direnak. Aurrekontuaren % 100era irits daiteke laguntza, gehienez ere 6.000 eurokoa.

Sail honetan parte hartzeko interesa duten elkarteek, hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta 30 egun naturaletan aurkeztu beharko dituzte beren proiektuak, behar bezala prestatuta eta balorazio ekonomikoa agertuz. Proiektu hauek gauzatzeko epea hasiko da proiketua onartzen duen ebazpena jakinarazten denean eta 2003ko irailaren 19an amaituko. Hurrengo ekitaldietan, proiektuak urtarrilaren 31 baino lehen aurkeztu beharko dira, eta proiektua egiteko eta txostena eta frogagiriak aurkezteko epea urte horretako iraileko hirugarren ostiralean bukatuko da.

Jarduera proiektu horiek elkarteko kideentzat bakarrik beharko dute izan, guttienez 25 lagunendako.

Honako hauek izanen dira balorazio irizpideak:

_Aurrera eraman daitekeen.

_Zenbat lagunendako den.

_Zein helburu duten.

_Programazioarekiko egokitzapena.

_Aurrekontu orekatua ote duen.

f) Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuaren Gazteendako Entitateen Erroldan sartuak dauden gazte elkarteek Gazteendako Instalazioen Nafarroako Sarearen instalazioak erabiltzen baldin badituzte, egindako gastu osoaren % 25 hartuko dute jarduera horregatik, Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuan faktura aurkeztu ondoren, behin jarduera egin eta gero. Horretaz gain, gainerako % 75ari dagokion dirulaguntza jasoko dute, deialdi arruntaren bidez.

g) Halaber, laguntzen ahalko dira Gazteriaren Zuzendariordetzan proiektuak aurkeztu dituzten entitateen jarduerak, baldin eta zuzendariordetza horrek, bere helburuekin bat datozelako, onesten baditu. Proiektu horiek urte osoan zehar aurkezten ahalko dira eta Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen Ebazpenaren bidez onetsiko. Bertan, dagokien dirulaguntza eta pagatzeko modua zehaztuko dira. Ordainketa ekitaldi bakoitzerako gaitzen diren fondoen kargura eginen da.

3.2. Deialdi honetatik kanpo geldituko dira hurrengoak:

a) Kirol jarduerak, ihauteriak, tokian tokiko jaiak, kabalgatak, dantzaldiak, kontzertuak eta antzekoak.

b) Monitoreentzako ordainsariak.

c) Jarduera burutzeko beharrezkoak ez diren janari gastuak.

d) Nafarroako Gobernuaren gainerako departamentuen eskumen diren programak, diruz lagunduak izan ala ez.

e) Ikasleen elkarteei dagozkien jarduerak, hartzen duten hezkuntza eremuaren ingurukoak alegia.

f) Beste deialdi zehatzago baten helburu diren jarduerak.

g) Elkarte-eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoaren 4. artikuluko 5. eta 6. puntuetan xedatutakoa kontuan hartuko da. Hona hemen:

_Botere publikoek ez diete inolako laguntzarik emanen haien bazkide egiteko prozesuan edo funtzionamenduan jaiotzaz, arrazaz, sexuz, erlijioz, iritziz edo inolako egoera edo ingurabar pertsonal nahiz sozialengatik diskriminaziorik egiten duten elkarteei.

_Botere publikoek ez diete diru edo bestelako laguntzarik emanen ondoko elkarteei: haien jardueraren bidez pertsona fisiko edo juridikoen kontrako amorrua edo bortizkeria sustatu edo justifikatzen dutenak edo, erabiltzen den bidea edozein dela ere, terrorismoko delituak edo haien egileak justifikatzen dituztenak, ez eta terrorismoko delituetako biktimak edo haien familiak iraindu, mesprezatu edo umiliatzen dituztenak ere. Ondorio horietarako, elkarte bat aurreko lerroaldeko jarduketen egiletzat hartuko da bere ordezkatzaileren bat edo jarduneko beste edozein kide kondenatua izan bada, sententzia irmo baten bidez, talde armaturen batekoa izan edo haren zerbitzu aritu edo laguntza emateagatik, baldin eta zigorra osorik bete ez badu edo hark parte hartu zuen edo lagundu edo defendatu zuen talde terrorista horren helburuak eta jokabideak jendaurrean gaitzesi ez baditu.

_Halaber, elkartearen jardueratzat hartuko da gobernu eta ordezkatze organuen kideek, edo jarduneko beste edozein kidek, egiten dituztenak, betiere, elkartearen izenean, hark aginduta edo hura ordezkatuz aritu badira, nahiz eta estatutuetan ez ageri elkartearen helburu edo jardueren artean.

4._Onuradunak.

4.1. Deialdi honetako dirulaguntzak jasoko dituzten entitateek Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuko Gazteentzako Entitateen Erroldan egon behar dute izena emanda dirulaguntza jasotzeko aurkeztu duten jarduera egin baino lehen.

4.2. Entitate bakoitzak erroldan duen sailkapenaren arabera, ondoko dirulaguntza motetarako aukera izanen du:

A B C

Jarduerak * * *

Mantentze gastuak *

Mat. inbentar. erostea *

Deialdi honen 3.d oinarrian zehaztutako baldintzei jarraikiz, Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuan erroldaturiko gazte elkarte orok du eskubidea informatikako ekipoak erosteko, baldin eta aurreko bi deialdietan ez badu arrazoi horregatik dirulaguntzarik jaso. Ezin izanen da informatikako ekipoetarako laguntzarik eskatu, ez bada jardueretarako laguntzarik jaso aurreko hiru deialdietatik bitan, gutxienez.

Dirulaguntza eskatzen ahalko dute, orobat, Gazteen Entitateen Erroldan urtebete daramatenek, diruz laguntzeko moduko jarduerak egiten badituzte eta gutxienez ere 25 bazkide badituzte.

5._Aurkezteko epea eta tokia.

5.1. Dirulaguntza eskabideak Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuaren Erregistroan aurkeztuko dira (Arrieta kalea 25, Iruña); 2003ko irailaren 19ra arte. Hurrengo ekitaldietan, aurkezteko epea urte bakoitzeko iraileko azken ostiralean bukatuko da.

5.2. Informatikako ekipoak erosteko eskabidea, erosketa agiriekin batera, Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuaren erregistroan aurkeztuko da (Arrieta kalea, 25) deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta, biharamunetik kontatzen hasita, 30 egun naturaleko epean. Hurrengo ekitaldietan, atal honetako betetzeko epea urte bakoitzeko apirileko azken ostiralean bukatuko da.

Behar bezala beteriko eskabide guztiak hartuko dira kontuan, helburu horretarako dagoen kreditua muga dela betiere.

5.3. Boluntario-jarduketetarako eskabideak eta sei proiektu onenen eskabideak 30 egun naturaleko epean aurkeztuko dira, deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik. Hurrengo ekitaldietarako atal hauetarako epea urte bakoitzeko urtarrileko azken egun baliodunean amaituko da.

5.4. Gazteriaren Zuzendariordetzaren arabera interesekoak diren jarduketen kasuan, berriz, eskabideak urte osoan zehar aurkezten ahalko dira.

6._Eskabideak eta dokumentazioa.

Eskabideak, entitateko buruak sinatuta, Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuak emandako eskabide orrietan aurkeztuko dira, eta ondokoak azaldu beharko dituzte:

6.1. Gazteei zuzendutako programetarako dirulaguntza eskaeretan:

a) Programaren oroit-idazki orokorra; programa hori osatzen duten jardueretako bakoitzari buruzko hurrengo informazioa jasoko du: helburuak, iraupena, parte-hartzaileen kopurua eta adina, parte hartzeko kuota eta instalazioak.

b) Programaren diru-sarreren eta gastuen balantze ekonomikoa, jardueraka zehaztua.Gastuen frogagiria erantsiko da, jatorrizko fakturen bidez -jarduerak antolatu eta dirulaguntza eskatzen duen elkartearen izenean eginiko fakturak-edo horien kopien bidez. Fakturak itzuliko dira "berrikusia" hitzarekin zigilatuak izan ondoren.

Baztertu eginen dira epez kanpo aurkezten diren eskabideak, bai eta datu faltsuak dituztenak ere.

6.2. Eskabideak hobeki ebaluatzearren, aurkeztutako edo eskatutako agirietan den informazioa zabaltzea nahiz hobetzea eskatu ahalko die eskatzaileei Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuko Gazteriaren Zuzendariordetzak.

7._Izapidatzea, balorazioa eta zenbatekoa.

7.1. Ebaluazio Batzorde Aholku-emaile bat sortuko da, Gazteriaren zuzendariordea buru izanen duena eta Nafarroako Gazteriaren Kontseiluko bi kidek eta Plangintza eta Sustapen Ataleko beste bik osatuta. Batzorde horrek gazteendako programak garatzeko aurkeztutako eskaerak aztertuko ditu, eta dirulaguntza emateko proposamena eginen dio Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaileari.

Gazteriaren Zuzendariordetzak, halaber, informatikako ekipoak erosteko dirulaguntza proposamena aztertu eta Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaileari igorriko dio.

Halaber, Gazteriaren Zuzendariordetzak aztertu eta igorriko dizkio zuzendari kudeatzaileari deialdian aurkeztu diren sei proiektu hoberenei eta boluntario lanei dirulaguntza emateko proposamena. Sail hauen ebazpenean zehaztuko da dirulaguntza horren aurrerakina zenbatekoa izanen den proiektua aurrera eraman ahal izateko, edozein modutan ere, ehuneko hirurogeita hamar bitarte. Gainerakoa, proiektuan aurreikusten diren jarduerak egiten direnean ordainduko da, betiere behar den oroit-idazkia aurkeztu eta arrazoitu ondotik. Ebazteko epea eskabideak jasotzeko epea bukatu eta 15 egun baliodunekoa izanen da.

Proiektuen eta boluntarioen jarduketen azken oroit-idazkia Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuan aurkeztuko da 2003ko irailaren 19a baino lehen, eta hurrengo ekitaldietan, urte bakoitzeko iraileko hirugarren ostiralean.

7.2. Dirulaguntzak banatzeko, kontuan hartuko da jarduera deialdiaren helburuarekin bat etortzea, bai eta elkartearen estatutuek ezarritako helburuekin ere.

7.2.1. Laguntzak emateko, honako irizpide orokor hauek izanen dira kontuan:

a) Programak lehen oinarrian finkaturiko helburuari erantzutea.

b) Jarduera non den eta zenbat gazteri zuzentzen zaion.

c) Bidaietarako gehieneko gastua 1.205 pezetakoa izanen da, autobus edo antzeko garraiobide bakoitzeko (joan eta etorria).

d) Informatikako ekipoak erosteko dirulaguntza, gehienez ere, gastuaren % 50ekoa izanen da; dirulaguntza hori 2.100 euroko (bi mila eta ehun euro) gastu batentzako izanen litzateke.

e) Halaber, egoitzatik kanpo eginiko jardueren gehieneko gastua (kanpaldiak eta beste bidaia batzuk) 20 eurokoa izanen da parte-hartzaile eta eguneko, baldin eta, jarduera egiteko, gaua egoitzatik kanpo pasa behar bada.

7.2.2. Egoitzaren mantentzeari dagokionez, honako irizpide eta mugak hartuko dira kontuan:

a) Erroldan elkartearen helbide gisa agertzen diren eta denbora libreko jardueretarako bakarrik erabiltzen diren lokalen mantentze gastuak elkarte eskatzailearen beraren izenean egotea, eta fakturatutako zerbitzuarekin lotutako enpresek eginak izatea. Kontzeptu honetan, A motako elkarteei ordainduko zaie ebaluazio batzordeak _elkarteak eskatutakoa aztertu ondoren_ onartutako gastuaren % 50, oinarri honetan ezarritako mugak kontuan hartuta betiere. Kontzeptu horrek entitatearen jarduera orokorraren bermea izanen du, eta egoitzako jarduera batek ekarri ez dituen gastuak ez dira kontuan izanen.

b) Elkartearen mantentze gastuei dagokienez, honako muga hauek ezarri dira:

Alokairuak, 2.200 euro; telefonoa, 605 euro; argia, 605 euro; ura, 215 euro; zabor-tasak, 215 euro; berokuntza, 725 euro; jardueren eta egoitzaren aseguruak, 785 euro; egoitzaren konponketa eta berrikuntzak, 1.205 euro.

7.2.3. Erosketa gastuetarako dirulaguntza emateko, honakoa hartuko da kontuan: Batzordearen ustez, eginiko erosketak ezinbestekoak izatea entitatearen funtzionamendurako eta jarduera gauzatu ahal izateko, eta fakturak elkarte eskatzailearen izenean egotea. A motako entitateei ordainduko zaie batzorde ebaluatzaileak onartutako gastuaren % 50.

7.2.4. Dirulaguntza ez da izanen, inola ere, onuradunak eginiko jarduerak duen kostua baino handiagoa.

8._Ebazpena.

8.1. Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak urte bakoitzeko abenduko lehenbiziko hamar egunetan emanen du aurkeztutako eskabide orokorrenen ebazpena.

8.2. Informatikako ekipoak erosteko dirulaguntzei buruzko ebazpena, hala ere, eskabideak aurkezteko epea amaitu eta hurrengo 15 egun baliodunetan eginen da; ebazpen horretan, dirulaguntza eta ordainketa zehaztuko dira.

8.3. Ezarritako epean ematen ez bada ebazpen espresurik, eskabideak ezetsitzat joko dira.

Eskabidearen ezespenaren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da Nafarroako Gobernuari zuzendua, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean ezarritako epean (lege hori urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatu zuen).

8.4. Dirulaguntza emateko ebazpenean dirulaguntzaren zenbatekoa eta ordaintzeko modua adieraziko dira.

8.5. Betiere, dirulaguntzaren zenbatekoa Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuko aurrekontuetan xede horretarako dagoen kredituaren menpe egonen da.

8.6. Deialdi honi jarraikiz dirulaguntza eskuratzeak ez du esan nahi hurrengo ekitaldi ekonomikoetan ere dirulaguntzak jasotzeko eskubiderik eskuratzen denik.

9._Betebeharrak.

9.1. Dirulaguntzak jasotzen dituztenek honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Ematen diren xedeetarako erabiltzea.

b) Beraien aplikazioa agirien bidez frogatzea.

c) Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuak edo Nafarroako Foru Komunitatearen eta haren erakunde autonomoen dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorra arautzen duen ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legearen arabera eskumena duten organoek eskatutako egiaztapenak onartu eta erraztea.

d) Ekainaren 9ko 8/1997 Foru Lege horri jarraikiz, Foru Ogasunaren Kontuhartzailetzari dagozkion kontrol lanak erraztea.

9.2. Dirulaguntzen onuradunek Nafarroako Ogasun Publikoarekiko betebeharrak beteta beharko dituzte; dirulaguntzen ordainketa Nafarroako Ogasun Publikoarekiko zorrak konpentsatuz egin daiteke, halakorik badago.

Dirulaguntza kobratu aurretik eta Ekonomi eta Ogasun kontseilariak zehazten duen moduan egiaztatu beharko dute Nafarroako Ogasun Publikoarekiko betebehar guztiak eginak dituztela.

10._Ez betetzea.

Aipatu dirulaguntza galdu eginen da eta onuradunek jasotako dirua itzuli egin beharko dute, baldin eta deialdi honen oinarrietan ezarritakoa betetzen ez bada, dirulaguntza beste helburu batzuetarako erabiltzen bada, laguntzen helburua ezartzen den moduan eta epeetan justifikatzen ez bada, egiazkoak ez diren datuak aurkezten badira edo, Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuaren baimenik gabe, dirulaguntza ematean ezarritako xedeak funtsean aldatzen badira. Dirua itzuli egin beharko da, eta, bidezkoa bada, baita dirulaguntza ordaindu zenetik aurrerako berandutza korrituak ordaindu ere, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko abenduaren 26ko 8/1988 Foru Legearen 19. artikuluan ezarritakoari jarraikiz. Hori guztia ez da eragozpen izanen eskatzen ahal zaizkien gainerako erantzukizunak eskatzeko, Nafarroako Foru Komunitatearen eta haren erakunde autonomoen dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorra arautzen duen ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legearen VI. kapituluan ezarritakoaren arabera.

11._Errekurtsoak.

Foru Agindu honen aurka eta bere oinarrien aplikazio egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da Nafarroako Gobernuari zuzendua, jakinarazi edo Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen denetik hilabeteko epean.

12._Lege aplikagarriak.

Foru Agindu honetan aurreikusirik ez dagoen guztian ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legean ezarritako araubideari jarraituko zaio, lege hartan ezartzen baita Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak eta bere erakunde autonomoek dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorra.

Iragarkiaren kodea: A0303189