95. ALDIZKARIA - 2002ko abuztuaren 7a

III. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

ZIZUR NAGUSIA

Deialdia, arkitekto tekniko-aparejadore izateko lanpostu bat, Zizur Nagusiko Udalaren Hirigintza, Obra eta Lorategi Zerbitzuetako buru gisa eta lan araubidean, oposizio-lehiaketa bidez betetzeko

OINARRIAK

1.-Arau orokorrak.

1.1. Deialdi honen xedea da arkitekto tekniko- aparejadore izateko lanpostu bat, txanda irekian eta oposizio-lehiaketa bidez betetzea, Zizur Nagusiko Udalaren Hirigintza, Obra eta Lorategi Zerbitzuetako buru gisa.

1.2. Izendapenak nomina eta plantillako lan araubideko langile finko bilakatuko du hautatua, indarra duten xedapenetan Zizur Nagusiko Udaleko langileen arloan ezarritako eskubide eta betebehar guztiekin.

1.3. Lanpostuak B mailari dagozkion lansariak izanen ditu eta ehuneko 35eko lanpostuko osagarria, Zizur Nagusiko Udaleko lan hitzarmenari eta aplika daitezkeen gainerako xedapenei dagozkionak.

1.4. Hautaprobak gainditu ondoren izendatutako izangaiak Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean bazkidetuko dira eta hartan alta hartuko, delako sisteman ezarritako babespean.

1.5. Lanaldia zerbitzuaren beharren araberakoa izanen da, eta administrazio organo eskudunek edozein momentutan alda dezakete.

1.6. Deialdi honen kariaz izendatzen den arkitekto teknikoak ondoko zereginak beteko ditu:

-Bere titulazioari dagozkion zereginak eta bere maila administratiboaren arabera agintzen zaizkionak.

-Udalaren eraikin, lokal eta zerbitzuetako mantenimenduaren kontrola eta programazioa, izaera tekniko eta eraikuntzazkoak diren haietan.

-Txostenak, ikuskatzeak, irizpenak, balorazioak, azterlanak, analisiak eta proposamenak egitea, hirigintza, obra eta lorategien gainekoak.

-Eraikuntza lanetako segurtasun eta osasunei buruzko neurriak betetzen ote diren begiratu, ikuskatu eta eskatzea.

-Bere titulazioari dagozkion ikerketak, planak eta programak.

-Bilera, batzarre eta abarretara joatea eta haietan parte hartzea bere eskumenei dagokien neurrian, bai Udalekoak baita kanpokoak ere, baldin eta gobernuko organo eskudunak Udalak bertan egon behar duela irizten badu.

-Bere alorreko giza baliabideak kudeatzea eta bere kargu dituen langileak (obrak, lorategiak, etxezainak) koordinatzea, eginahalak batzea eskatzen duten jardueretan.

-Obra eta Lorategi Zerbitzuaren jarduerak planifikatu, gainbegiratu eta zuzentzea.

-Obrak kontratatu, makineria erosi eta materialak erosteko baldintzak prestatzen laguntzea.

-Obra eta Lorategi Zerbitzuaren aurrekontua kudeatzea eta hori ukitzen duten ordainketei ikus-onetsia ematea, baita saltzaileekin aritu eta erosketak gainbegiratzea ere.

-Udaleko obra proiektuak prestatu eta zuzentzea, kontratatutako obrak koordinatu eta gainbegiratzea eta obrak egiaztatzea.

-Arestian aipaturiko zereginei dagozkien txostenak, irizpenak, balorazioak, analisiak eta proposamenak egitea.

-Aipatutakoez gain, bestelako zereginak betetzea, lanpostuak eskatzen dituen gaitasun eta ahalmen profesionalekin bat, ezarritako helburuak lortzearren agintzen zaizkionak.

2.-Izangaiek bete beharreko baldintzak.

2.1. Honako oposizio-lehiaketan parte hartu ahal izateko, eskaintzak aurkezteko epea amaitzen den egunean, izangaiek ondoko baldintza hauek bete beharko dituzte:

-Nazionalitate espainiarra edo Europako Batasuneko beste edozein Estatutakoa edukitzea eta adinez nagusia izatea.

-Aparejadore edo arkitekto tekniko tituluaren jabe izatea.

-Bere lanpostuak berez dituen egitekoetan aritzeko behar den gaitasun fisiko nahiz psikikoa mugatu ahal duen gaitz larri edo kronikorik ez izatea.

-Eginkizun publikoak betetzeko ezgaitua edo gabetua ez izatea, eta inongo Administrazio Publikoren zerbitzutik berezia ez izatea.

2.2. Arestiko betebeharrak, azterketa gainditu eta lanpostua eskuratzen duten izangaiek egiaztatu beharko dituzte, deialdi honen bederatzigarren oinarriak xedatzen duen eran eta epean. Hori guztia bete beharko da eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean eta oposizio prozedura osoan izendapen eguna arte bete ere.

3.-Eskabideak.

3.1. Deialdian parte hartu ahal izateko eskabideak Zizur Nagusiko Udaleko erregistro orokorrean aurkeztu beharko dira, deialdia Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara eman eta biharamunetik hasita hogeita hamar egun naturaleko epearen barnean. Aipatu eskabideak deialdian argitaratutako ereduari lotuko zaizkio eta haietan izangaiek adierazi beharko dute eskabideak aurkezteko epearen azken eguna baino lehenago eskatzen diren baldintza guztiak betetzen dituztela. Eredua Zizur Nagusiko Udaleko bulego orokorretan, Udaletxeko beheko solairuan baitaude, eskura daiteke.

3.2. Deialdi honetako 7. atalaren arabera epaimahaiak baloratu beharko dituen merezimenduak alegatu beharko dituzte izangaiek.

3.3. Alegatzen diren merezimenduak frogatzeko agiri jatorrizkoak zein behar bezala konpultsatuak aurkeztu behako dira, horrela egin ezean ez aurkeztutzat joko baitira.

3.4. Eskabidearekin batera ondoko dokumentuak aurkeztu beharko dira:

a) Izangaiek alegaturiko merezimenduak kreditatzen dituztenak, 7. atalean ezarritakoaren arabera ordenatuak.

b) Udal diruzaintzan 6 euro ordaindu izanaren egiaztagiria, espedientea formalizatzeko eta azterketa eskubidea izateko.

3.5. Eskabideak aurkezteko epea luzaezina izango da.

4.-Izangaien onarpena eta erreklamazioak:

4.1. Eskabideak aurkezteko epea amaitutakoan, Alkatetzak ebazpena emango du onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara dadin aginduko du.

4.2. Izangai baztertuek, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean behin-behineko zerrenda atera eta ondoko hamar egun balioduneko epearen barruan, erreklamazioak egin ahal izango dituzte eta akatsik baldin bada, zuzendu.

4.3. Erreklamazioak aurkezteko epea iraganik eta haiek ebatzitakoan, alkateak onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko ebazpena emango du eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara dadin aginduko. Ebazpen berean zehaztuko da probak non, noiz eta zer ordutan hasiko diren.

5.-Epaimahai kalifikatzailea.

5.1. Epaimahaia ondoko kide hauek osatuko dute:

-Mahaiburua: Luis María Iriarte Larumbe jauna, Zizur Nagusiko alkatea.

Ordezkoa: Luis María Ibero Elía jauna, Hirigintzako zinegotzi delegatua.

Mahaikidea: arkitekto tekniko bat, Nafarroako Arkitekto Tekniko eta Aparejadoreen Elkargo Ofizialak hautatua.

Ordezkoa: arkitekto tekniko bat, Nafarroako Arkitekto Tekniko eta Aparejadoreen Elkargo Ofizialak hautatua.

Mahaikidea: Angel Abal Saleta jauna, Zizur Nagusiko Udaleko arkitekto tekniko aholkularia.

Ordezkoa: Luis Aguirre Sanz jauna, Zizur Nagusiko arkitekto tekniko aholkularia.

Mahaikidea: Zizur Nagusiko Udaleko langileek izendatutako ordezkari bat.

Ordezkoa: Zizur Nagusiko Udaleko langileek izendatutako ordezkari bat.

Mahaikide-idazkaria: Jesús Javier Múgica Martinena jauna, Zizur Nagusiko Udaleko idazkaria.

Ordezkoa: María Isabel Abadía Sanz andrea, Zizur Nagusiko Udaleko administrazio publikoko teknikaria.

Hautapen probak egin baino lehenago osatu beharko da epaimahaia.

5.2. Epaimahaia ezingo da osatu, ez eta jardun ere, gutxienez ere bere kideen erabateko gehiengoa biltzen ez bada.

5.3. Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu, deialdi honen oinarriak ulertu eta aplikatzerakoan sor daitezkeen afera guztiak.

5.4. Epaimahaiak aholkulari adituak deitu ahalko ditu proba guzti nahiz batzuetarako. Aholkulari hauek espezialitate teknikoetara mugatuko dira, eta horiexetan bakarrik lagunduko dute epaimahaia.

6.-Oposizio-lehiaketaren garapena:

6.1. Oposizio-lehiaketa bi alditan egingo da, lehiaketaldia lehenbizi eta oposizioaldia gero, oinarri hauetan zehazten den gisan.

6.2. Oposizio-lehiaketa urria aldera hasiko da. 4.3 oinarrian aipatzen den ebazpenean zehaztuko dira eguna, tokia eta ordua.

Horren ondotik, epaimahaiak behar denean eta Erregelamenduari jarraikiz emanen ditu aditzera gainerako probetarako iragarkiak.

7.-Lehiaketaldia:

7.1. Ez da baztergarria izango, eta gehienez ere 30 puntu lortu ahalko dira bertan.

7.2. 3.4. oinarriaren arabera alegatu eta frogaturiko merezimenduak ondoko baremoari jarraikiz baloratuko dira:

A.-Laneko esperientzia. Gehienez ere, 15 puntu.

A.1. Administrazio Publikoetan arkitekto tekniko edo aparejadore gisa aritu izanagatik: urteko 3 puntu.

A.2. Publikoak ez diren entitateetan arkitekto tekniko edo aparejadore gisa aritu izanagatik: urteko 1,5 puntu.

Lan egindako urte osorik ez bada, zerbitzua emandako egunei dagokien proportzioa aterako da eta horren puntuazioa emanen zaie izangaiei.

B.-Prestakuntza: gehienez ere, 5 puntu.

B.1. Titulazioarekin edo lanpostuarekin lotutako ikastaro bakoitzeko: 0,01 puntu eskola ordu bakoitzeko.

B.2. Excel edo Accesi buruzko informatikako ikastaro bakoitzeko; neurketa eta aurrekontuetarako Presto programa, edo antzekoa; diseinurako Autocad programa edo antzekoa: 0,01 puntu eskola ordu bakoitzeko.

C.-Lanpostuarekin lotutako beste titulazio akademikoak: gehienez ere 3,925 puntu.

D.-Frantsesez, ingelesez edo alemanez jakiteagatik gehienez ere 1,50 puntu lor daiteke bakoitzetik, eta euskaraz jakiteagatik, berriz, 1,575 puntu.

Hizkuntz eskola ofizial batek luzaturiko gaitasun agiriak edo ofizialki horren parekotzat jotzen den titulazioak aitzineko lerroaldeko balorazio bera hartuko du.

Halako titulaziorik ez izanez gero, gehieneko puntuazioaren 1/5 emanen da hizkuntz eskola ofizial batean gainditutako ikasturte bakoitzagatik eta, euskarari dagokionez, gehieneko puntuazioaren 1/12 emanen da Nafarroako Gobernuak antolatutako ikastaroetan gainditutako urrats bakoitzagatik.

Lau hizkuntza hauetako bakoitza dakiela ezin baldin bada egiaztatu aitzineko bi lerroaldetan aurreikusi den bezala, proba berariazkoak gainditu beharko dira, horietarako deialdia eginez. Bortz zailtasun mailatan mailakatuko dira, eta horietako bakoitza hizkuntza bakoitzari emandako gehieneko balorazioaren bortzen bateko balorazioa emanen zaio.

Betiere, D epigrafe honetako puntuazioa 6,075 puntu izanen da gehienez.

7.3. Lehiaketaldia bukatutakoan, izangai bakoitzak lortutako puntuazioa emango da aditzera Zizur Nagusiko Udaleko iragarki oholean. Lehiaketaldian lortutako puntuazioa gehituko zaio oposizioaldian guztira lortutakoari, eta horrela aterako da oposizio-lehiaketan guztira lortutako puntuazioa.

8.-Oposizioaldia.

8.1. Oposizioaldiak ariketa hauek izango ditu, eta gehienez ere 70 puntu lortu ahalko dira bertan:

Lehenbiziko ariketa: idatziz, test bat erantzun beharko da, II. eranskineko gaiei buruzkoa. Gehienez ere 10 puntu lortu ahalko dira eta 5 lortzen ez dituen izangaia baztertuko da.

Bigarren ariketa: III. eranskineko gaietatik zozketa bidez aukeratutako bi gai, gehienez ere 4 ordutan eta idatziz, garatu beharko dira. Gehienez gai bakoitzeko 15 puntu lortu ahal dira, eta gutxienez bakoitzeko 5 puntu edo biak batuz 15 puntu lortzen ez dituena baztertuko da.

Hirugarren ariketa: epaimahaiak proposaturiko alegazio bi kasu praktiko ebaztea. Gehienez ere bakoitzeko 10 puntu lortu ahal dira, eta gutxienez bakoitzeko 3 puntu edo biak batuz 10 puntu lortzen ez dituena baztertuko da.

Laugarren ariketa: proba psikoteknikoak egitea, izangaien egokitasuna neurtzeko lanpostuaren profil profesiografikoaren eskakizunei dagokienez.

Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Psikologia Aplikatuko Zerbitzuak eginen ditu proba hauek.

Proba hauek, osotara, 10 puntu izanen dituzte, eta oposiziotik bazterturik geldituko dira gutienez ere 5 puntu erdiesten ez dituzten izangaiak.

8.2. Oposizioaldiko ariketa bakoitza bukatutakoan, aprobatu duten izangaien zerrenda emango da aditzera, lortutako puntuazioarekin batera, Zizur Nagusiko Udaleko iragarki oholean.

8.3. Hautapen probak egiteko denbora eta baliabide aldetik egokitzapenak jarriko dira eskabidean horren eskaera egiten duten ezinduentzat.

9.-Gainditu dutenen zerrenda eta agirien aurkezpena.

9.1. Azken ariketaren emaitza emandakoan, epaimaiahak aditzera emango du Zizur Nagusiko Udaleko iragarki oholean eta azkeneko ariketa egin den lekuan, gainditu dutenen zerrenda, lortutako puntuazioaren hurrenkeran, izangaiek lehiaketaldian eta oposizioaldian lortutako puntuazioak batuz, eta puntuaziorik handien lortzen duen izangaiaren aldeko izendapen proposamena egingo du. Alkate jaunak, deialdiko oinarriekin bat datorrela ikusten badu, hura onartzeko ebazpena emanen du. Izendapena aditzera emanen zaio izangaiari.

9.2. Izendapen proposamena aditzera eman eta ondoko 30 egun naturaleko epearen barrenean, proposatutako izangaiak ondoko agiriak ekarri beharko ditu Udaletxera:

-Nortasun Agiri Nazionaleko fotokopia konpultsatua.

-Deialdiko 2. oinarrian eskatzen den tituluaren fotokopia konpultsatua, edo hura eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekinarena.

-Osasun ziurtagiri ofiziala, karguaren eginkizunak betetzea eragotziko liokeen akats fisiko nahiz psikiko edo eritasunik ez duela erakusten duena.

-Eginkizun publikoetarako ezgaitua edo gabetua ez izatearen, eta inongo administrazio publikoaren zerbitzutik berezia ez izanaren zinpeko aitorpena.

-Zin egin edo hitz eman Nafarroako Foru Araubidea begiratu, konstituzioa eta legeak onartu, eta karguari atxikirik dauden eginbeharrak zintzo beteko dituela.

9.3. Aipatu epearen barnean, eta aski arrazoituriko ezinbesteko kasuak izan ezik, aipatu agiriak aurkezten ez badira ezin izanen dira izendatu eta, beraz, egintza guztiak deuseztaturik geldituko dira, betiere bere eskabidearen faltsukeriagatik legokiekeen erantzun beharra galarazi gabe.

9.4. Aitzineko atalean ezarritako kasuan, alkateak gainditu dutenen zerrendan, alegia 9.1. atalak aipatzen duen horretan, ondo-ondotik heldu den izangaiarekin beteko du hutsunea. Harekin arestiko ataletan adierazi bezala jokatuko da.

10.-Izendapena eta lanpostuaz jabetzea.

10.1. Alkate jaunak, ebazpen bidez, Zizur Nagusiko Udaleko arkitekto tekniko, lan araubidekoa, izendatuko du aitzineko atalean ezarritakoa betetzen duen izangaia.

10.2. Aipatu izendapena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da.

10.3. Izangai izendatuak, izendapena jakinarazi eta ondoko hilabeteko epean hartu beharko du lanpostuaren jabetza. Epe horretan, eta aski arrazoituriko kasuak izan ezik, lanpostuaren jabetza hartzen ez badu, Zizur Nagusiko Udaleko langile bilakatzeko eskubide guztiak galduko ditu. Horrela gertatuz gero, alkateak gainditu dutenen zerrendan, alegia 9.1. atalak aipatzen duen horretan, ondo-ondotik heldu den izangaiarekin beteko du hutsunea. Harekin arestiko ataletan adierazi bezala jokatuko da.

11.-Errekurtsoak

Deialdi honen aurka, baita bertako oinarri eta egintzen aurka ere, errekurtso hauetariko bat jar daiteke aukeran:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza burutu duen organo berari zuzendua hilabeteko epean, hura jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, jurisdikzio horretako organo eskudunari zuzendua, bi hilabetez jarri ere, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik aitzina, horren organo egileari erekurtsoa jartzeko asmoaren berri eman ondoren.

c) Gora jotzeko errekurstsoa, zuzenean Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik aitzina.

Epaimahaiaren egintzen aurka, gora jotzeko errekurtsoa paratu ahalko da, alkateari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik aitzina.

Zizur Nagusian, bi mila eta biko ekainaren zazpian. Alkate udalburua, Luis María Iriarte Larumbe.

I. ERANSKINA

Eskabide eredua

Izena: ..................., adinez nagusia. N.A.N.: ........... (edo baliokidea den nortasun agiria), jaioteguna: ............., jaioterria: ..........., (...........) helbidea: ......... (........), kalea: ............, posta kodea: ..........., telefonoa: ..........

Zure aitzinera agertzen da eta azaltzen du:

Arkitekto tekniko-aparejadore izateko lanpostu bat, Zizur Nagusiko Udalaren Hirigintza, Obra eta Lorategi Zerbitzuetako buru gisa, oposizio-lehiaketa bidez betetzeko deialdira onartua izatea eskatzen duela.

Deialdian ezarritako ezgaitasun bakar bat ere ez duela.

Deialdian eskatutako baldintza guztiak betetzen dituela, eskabideak aurkezteko epearen azken egunean.

Hizkuntz ezagupenari buruzko berariazko probak egin nahi dituela, ondokoari dagozkionak: ...... (frantsesa, ingelesa, alemana eta/edo euskara).

Azterketarako eskubideak ordainduak dituela deialdian zehazten den gisan, eta dagokion gordekina eskabideari atxikirik doala.

Horrenbestez:

Eskatzen dizu honako eskubidea onar dezazun eta horrela, arkitekto tekniko-aparejadore izateko lanpostu bat, Zizur Nagusiko Udalaren Hirigintza, Obra eta Lorategi Zerbitzuetako buru gisa, lan araubidekoa, oposizio-lehiaketa bidez betetzeko deialdira onar dezazun.

...............(e)n , 2002ko ...............aren ..............(e)an.

(Eskatzailearen sinadura)

ZIZUR NAGUSIKO UDALEKO ALKATE JAUNA

II. ERANSKINA

1.-1978ko Espainiako Konstituzioa. Egitura eta edukia. Printzipio orokorrak.

2.-Nafarroako Foru Eraentza: sorrera eta garapena. Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko 1982ko Lege Organikoa. Burutzeko prozesua, egitura eta printzipioak.

3.-Nafarroako foru erakundeak: Lehendakaria, Gobernua eta Administrazioa, Nafarroako Parlamentua. Antolaketa eta funtzioak.

4.-Toki araubidea. Toki entitate motak. Antolaketa eta funtzioak.

5.-Zuzenbidearen iturriak: kontzeptua eta motak. Legeak. Erregelamenduak. Printzipio orokorrak. Ohitura. Zuzenbide komunitarioa.

6.-Administrazio xedapen eta egintzak. Administrazio prozedura. Kontzeptua, motak, faseak, arauak. Administrazioarekiko errekurtsoak. Administrazioarekiko auzi-errekurtsoak.

7.-Kontratazio administratiboa Nafarroan. Ekainaren 16ko 30/1998 Foru Legea, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Kontratuei buruzkoa: zioen azalpena, printzipio orokorrak, kontratu motak, fidantzak eta bermeak. Kontratuei buruzko Legearen Testu Bategina onesten duen 2/2000 Legegintzako Errege Dekretuarekin duen harremana.

8.-Obra kontratua, prestakuntzarako jarduketak. Adjudikazio motak. Administrazio klausulen pleguak. Harremana maiatzaren 18ko 13/1995 Legearekin.

9.-Lurzoruaren hirigintza-araubidea, lege-araubidea eta lurzoruaren sailkapena.

10.-Udalaren hirigintza-planeamendua. Udal planak, helburuak, edukia eta zehaztapenak, planaren dokumentazioa. Estatu eta Foru mailako arauak hirigintzaren eta lurraldearen antolamenduaren gainean.

III. ERANSKINA

1.-Obra baten antolaketa. Denbora eta kostuen kontrola. Gantt-en diagramak. Pert-denboren sistemak. Aurrikuspenak betetzeko probabilitateak. Pertt-kostuen eta C.P.M. sistemak.

2.-Lur mugimenduak eta indusketak. Tipologiak. Obra horien kontrola eta ikuskapena. Eremuko eta laborategiko entseiuak lurzoruen mekanikan. Neurketa eta balorazioa.

3.-Hartuneak eta saneamendu horizontala. Tipologiak. Obra horien kontrola eta ikuskapena. Arautegia. Neurketa eta balorazioa.

4.-Aldamioak, eskoraketak eta apeamenduak. Eskemak, exekuzio kontrola eta hartu beharreko neurriak. Akipenak.

5.-Egiturak. Tipologiak. Hormigoi armatuzko egiturak. Obra horien kontrola eta ikuskapena. Arautegia. Neurketa eta balorazioa.

6.-Forjaketak. Tipologiak. Karga probak. Emaitzen entseiu metodoak eta haien interpretazioa. Kalitate ezaugarriak eta erabiltzeko baimena. Neurketa.

7.-Estalkiak. Tipologiak. Obra horien kontrola eta ikuskapena. Arautegia. Neurketa eta balorazioa.

8.-Fatxaden itxierak eta trenkada multzoak. Tipologiak. Obra horien kontrola eta ikuskapena. Arautegia. Neurketa eta balorazioa.

9-Barne estaldurak. Tipologiak. Obra horien kontrola eta ikuskapena. Materialen entseguak. Arautegia. Neurketa eta balorazioa.

10.-Agregakinak, atxikitzaileak, morteroak eta hormigoiak. Motak. Arautegia. Ezaugarriak. Erabilera. Kontrola.

11.-Isolamendu termiko eta akustikoa etxebizitza- eraikinetan. Obra horien kontrola eta ikuskapena. Arautegia. Neurketa eta balorazioa.

12.-Kanpoko eta barneko arotz lanak. Tipologiak. Obra horien kontrola eta ikuskapena. Arautegia. Neurketa eta balorazioa.

13.-Eraikinetako elektrizitate instalazioak. Arautegia. Instalazio elektrikoetako zerbitzu probak. Materialen kalitate-bereizgarriak. Instalazio elektrikoen segurtasuna. Neurketa eta balorazioa.

14.-Iturgintza eta berokuntzako instalazioak. Tipologiak. Obra horien kontrola eta ikuskapena.Arautegia. Neurketa eta balorazioa.

15.-Otsailaren 27ko 1/1998 Errege Lege Dekretua. Eraikinetako azpiegitura komunak, telekomunikazio zerbitzuak eskura izateko. Xedea, aplikazio eremua. Instalazioak eraikin berrietan eta eraikita daudenetan. Intalazioen obligazioa.

279/1999 Errege Dekretua. Telekomunikazioetarako azpiegitura komunak arautzen dituen erregelamendua. Xedea.

16.-Energia aurreztea. Energia alternatiboak: haizearena eta eguzkiarena. Eraikinetan duten aplikazioa.

17.-Eraikinak suaren kontra babestea. Eraikinen zatiketa, babeserako instalazioak. Ebakuazio sistemak. Erabilitako materialen definizioa. Materialen berezitasunak suaren aurrean. Horien erabilpenaren kontrola eta baldintzak. Neurketa eta balorazioa. NBE. 96.

18.-Ingurumena babesteko jarduera sailkatuen kontrolari buruzko abenduaren 5eko 16/1989 Foru Legea eta martxoaren 2ko 1/1999 Foru Legearen bidezko aldaketa

Ingurumena babesteko jarduera sailkatuen kontrolari buruzko erregelamendua onesten duen otsailaren 15eko 32/1990 Foru Dekretua eta urriaren 22ko 304/2001 Foru Dekretuaren bidezko aldaketa.

19.-135/1989 Foru Dekretua, ekainaren 8koa, zaratak edo dardarak sorrarazten dituzten jarduerek bete beharreko baldintza teknikoak ezarri zituena.

276/1990 Foru Dekretua, maiatzaren 15ekoa, jarduera sailkatuak ezarri edo handitzeko proiektu teknikoaren edukia zehazten duena.

20.-Hardwarea. Mikroprozesadore baten osagaiak. Oinarrizko ezagutza. MS-DOS sistema eragilea; Oinarrizko kontzeptuak. Windows. Neurketak eta aurrekontuak kudeatzeko programak. Ordenagailuz lagunduriko marrazketa programak. Programa horiek eraikuntzan eta arkitekturan duten erabilgarritasuna.

21.-Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzko azaroaren 8ko 31/1995 Legea. Lege horren ondoriozko erregelamenduak.

22.-Obretako segurtasun eta osasunari buruzko urriaren 24ko 1627/1997 Errege Dekretua. Segurtasun eta osasunaren gaineko gutxieneko xedapenak kontratazioetan. Norbanakoa eta taldea babesteko segurtasun bitartekoak, zehazpenak eta erabilera. Segurtasun eta osasunaren gaineko xedapenak laneko bitartekoen erabileran.

23.-Obretako behin-behineko instalazioetan, egituretan, eraispen eta lur-mugimenduetan, eta trafikoa arautzean hartu beharreko segurtasun eta kontrol neurriak.

24.-Zimentazio, egituraketa, estalketa, itxitura eta aldamioak jartzeko obretan hartu beharreko segurtasun eta kontrol neurriak.

25.-Obretan, bukaeran hartu beharreko segurtasun eta kontrol neurriak, hau da, igogailu diren makinerietan, eta eraikuntzakoak diren makina eta lanabes eta garraioko makinetan.

26.-Laneko istripu-tasa eraikuntzan. Arrisku ohikoenak sektorean. Neurri tekniko eta antolakuntzakoak arriskuei aurrea hartzeko eta haiek galarazteko.

27.-Lorategiak eta lorategiz hornitutako aldeak. Lorategi estiloak. Lorategi motak. Lorategi baten proiektua: atalak eta garapena.

28.-Lorategiaren osagaiak. Landareak eta obrako elementuak. Azalpena, ezaugarriak, funtzioa eta materialak. Espezieak hautatzeko irizpideak. Zonifikazioa.

29.-Lorategiko azpiegiturak eta ekipamenduak. Ureztaketa. Drenatzea. Saneamendu eta edan-ur sareak. Argiteria. Hiri altzariak. Ezaugarriak eta materialak.

30.-Lorategi baten elementuak burutzea. Lurra prestatzeko lanak. Landaketak. Ereinketak. Eraikuntzako elementuak jartzea. Makineria eta erremintak. Segurtasun arauak eta neurriak.

31.-Lorategiz hornitutako aldeak mantentzea. Inausketak. Segatzea. Jorraiak eta azalatzekoak. Ongarriztatzea. Lorepiloak berritzea. Tratamenduak. Bestelako laboreak. Obra eta azpiegitura elementuak mantentzea. Lan egutegia. Makineria eta erremintak. Segurtasun arauak eta neurriak.

Iragarkiaren kodea: a0206523