74. ALDIZKARIA - 2002ko ekainaren 19a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Xedapen Orokorrak. Foru Dekretuak

105/2002 FORU DEKRETUA, maiatzaren 20koa, kanpoko desfibriladore erdiautomatikoen erabilera arautzen duena mediku ez direnentzat.

Osasunari buruzko apirilaren 25eko 14/1986 Lege Orokorrak osasuna babesteko eskubidea gauzatzen duten ekintza guztiak arautzea du xede, eta printzipio orokortzat dauka Administrazio Publikoek osasun laguntza bermatzea osasun hori galtzen den kasu guztietan. Arau hori da, hain zuzen, autonomia erkidegoen osasun arloko oinarrizko esparrua.

Osasunari buruzko azaroaren 23ko 10/1990 Foru Legeak Nafarroako entitate publiko eta pribatuen osasun jarduerak arautzen ditu eta bere printzipio adierazgarrien artean osasunaren ikuspegi integrala (4. art) dauka. Bestalde, printzipio orokorretan (12. art.) jasotzen duenez, Foru Komunitateko osasun administrazioak dira osasuna bultzatu, gaixotasunei aurre hartu eta osasun babeserako eskubidea betetzeko asmoz osasun laguntza eman behar dutenak.

Nafarroako Foru Komunitateko osasun laguntza modu integratuan ematen da osasun planen bidez, hainbat sektoretako osasun ekimenei lotutako alderdiak garatzen baitituzte. Nafarroako Larrialdietako Osasun Laguntzarako Planak ezartzen ditu larrialdietako osasun laguntzarako jarraibideak, osasun laguntzaren eskaerari lotutako alderdiak bere egiten ditu larrialdi edo premia handietan, antolaketaren eredua jasotzen du, larrialdietako osasun garraioa koordinatzen eta arlo honetako prestakuntza, irakaskuntza eta ikerketa proposatzen ditu. Horrela, ahalik eta azkarren eta hurbilen ezarri nahi ditu baliabideak, larrialdietan laguntza egokia emateko.

Bat-bateko Heriotza saihesteko programak, Nafarroako Larrialdietako Osasun Laguntzarako Planaren osagarri, arritmia bentrikular gaiztoak jotako jendearen bizia hobetzeko helburua du. Arritmia hilgarriak, hala nola fibrilazio bentrikularra edo taupada gabeko takikardia bentrikularra, koronarioetako kardiopatiaren lehen minutuetan gertatzen baitira, dira bat-bateko heriotzen lehen kausa, desfibrilazio elektrikoa behar dutenak propio tratamentu gisa.

Kanpoko desfibriladore erdiautomatikoei esker desfibrilatu daitezkeen arritmiak atzematen dira eta, ondoren, behar den deskarga elektrikoa ematen dute modu erdiautomatikoan, mediku beharrik gabe. Ekipo tekniko horiek direla eta, nazioarteko komunitate zientifikoak mediku ez den jendea bultzatu du aparatu horiek erabiltzera, behar bezala kualifikatua egonez gero.

Bihotz-biriketako geldialdi baten aurrean biziaren kateko parte-hartzaileen ekimen integrala behar da, eta garrantzi berezia du lehen parte-hartzaileak, hark baitu lehen harremana gaixoarekin, bihotz-biriketako geldialdiari antzematen baitio eta desfibrilazioa egiten baitu berehala, larrialdietako osasun laguntzako talde ospitaletik kanpokoak iritsi bitartean.

Bat-bateko heriotza saihesteko programak parte-hartze komunitarioa eskatzen du larrialdietako osasun laguntzan, Nafarroako Larrialdietako Osasun Laguntzarako Planeko zerbitzu profesionalekin batera aritzeko. Horregatik, komenigarri da jende asko biltzen duten lokaletako entitate jabeen edo kudeatzaileen partaidetza, Espainiako Kardiologia Elkarteak gomendatzen duen bezala.

Ikusirik zein onuragarriak diren kanpoko desfibriladore erdiautomatikoak larrialdietan, behar bezala seinalizatuta egonen dira Bat-bateko Heriotza Saihesteko programan parte hartzen duten entitateak bereizgarri batekin, tresna hori badagoela eta hura erabiltzeko langile gaituak ere badirela adierazteko.

Nafarroan badaude instalazio batzuk, hala nola aireportua, tren geltokiak, futbol zelaiak, pilotalekuak, kiroldegiak, merkataritza zentroak, ikuskizunen lokalak eta, oro har, jendea eta jarduerak biltzen dituzten tokiak, programan parte hartzeko modukoak, beren instalazioetan kanpoko desfibriladore erdiautomatikoa jartzen bada eta medikuz bestelako langileen prestakuntza sustatzen, tresna horiek erabiltzeko gauza izan daitezen.

Horrenbestez, Osasun kontseilariak proposaturik eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta biko maiatzaren hogeian egin bilkuran hartutako Erabakiarekin bat etorriz,

DEKRETATU DUT:

1. artikulua. Xedea.

Foru Dekretu honek kanpoko desfibriladore erdiautomatikoen erabilera arautzea du xede mediku ez diren langileentzat, baita horien prestakuntza ere, hasierakoa zein etengabea, Nafarroako Foru Komunitatearen lurraldean.

2. artikulua. Zer den kanpoko desfrilidore erdiautomatikoa.

Foru Dekretu honen ondorioetarako, segurantza handiz, bihotzaren erritmoa aztertu, arritmia hilgarriak atzeman eta bihotz erritmo egokia berreskuratuko duten deskarga elektrikoa ematen duen ekipo tekniko homologatuari esaten zaio kanpoko desfibriladore erdiautomatiko.

3. artikulua. Baimendutako langileak.

1. Hasierako prestakuntza ikastaroa eta gainerako ebaluazioak, Foru Dekretu honen I. eranskinean adierazitakoak, gainditzen dituztenek eskuratu ahalko dute baimena kanpoko desfibriladore erdiautomatikoak erabiltzeko.

2. Gainera, behin eskuratu baimenari eusteko, urtero egin beharko da prestakuntza etengabeko ikastaroa, eta Foru Dekretu honen II. eranskinean ezarri ebaluazioko probak gainditu.

4. artikulua. Antolaketa eta irakasleak.

1. Osasun Departamentuak antolatuko ditu prestakuntzako ikastaroak.

2. Medikuntza Intentsibo, Kritiko eta Unitate Koronarioen Espainiako Elkarteko Bihotz-biriken Erreanimazio Plan Nazionaleko Bizi-euskarri Aurreratuko instruktore batek zuzendu eta koordinatuko du ikastaroa. Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko instruktore eta medikuek emanen dute, baita banan banako ikasleen ebaluazioa eginen ere.

3. Osasun kontseilariak beste entitate batzuk ere baimentzen ahal ditu Foru Dekretu honetan ezarri prestakuntza ikastaroak emateko.

5. artikulua. Egiaztagiriak.

Ikastaro bakoitzeko instruktore koordinatzaileek proposaturik, Osasun Departamentuak egiaztagiri pertsonalak emanen ditu, kanpoko desfibriladore erdiautomatikoak erabiltzea baimetzen dutenak, eta urtero berrituko.

6. artikulua. Baimendutako langileen erregistroa.

Osasun Departamentuak erregistro bat izanen du, kanpoko desfibriladore erdiautomatikoak erabiltzeko egiaztagiri indardunaren jabe diren pertsonen datuez hornitua.

Erregistro hori identifikazio pertsonaleko datuez, egiaztagirien emisio-egunez eta haien berrikuntza egunez hornituko da.

7. artikulua. Desfibriladoreen instalazioa.

1. Kanpoko desfibriladore erdiautomatikoa, mediku ez den batek erabiltzekoa, ezartzen duten organismo eta entitateek horren berri eman beharko diote Osasun Departamentuari, non instalatu diren eta nork duen erabiltzeko baimena adierazita. Urtero, ekipo tekniko hori erabiltzeko memoria igorriko diote Osasun Departamentuari.

2. Desfibriladore erdiautomatikoak jartzen dituzten entitateek bermatuko dute haien kontserbazioa eta mantentze-lana.

3. Kanpoko desfibriladore erdiautomatikoa behar bezala instalatua duten zentro edo instalazioetan, irekita dauden bitartean haiek erabiltzeko langile gaituak badituzte, agerian jarriko da inguruabar horren berri ematen duen kartela.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa.-Baimena eman zaio Osasun kontseilariari Foru Dekretu hau bete eta garatzeko egokitzat hartzen dituen xedapen guztiak eman ditzan.

Bigarrena.-Foru Dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, bi mila eta biko maiatzaren hogeian.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.-Osasun kontseilaria, Santiago Cervera Soto.

I. ERANSKINA

Desfibriladore erdiautomatikoa erabiltzeko hasierako gaitasun ikastaroaren programa

Hasierako prestakuntza.

Desfibriladore erdiautomatikoak erabiltzeko egiaztagiria eskuratzeko, osorik egin beharreko programaren edukia eta iraupena.

1.-Lehen modulua. Konorte gabeko pazientea.

-Hastapena. Helburuak. (30 minutu).

-Konorte gabeko pertsonaren oinarrizko balorazioa. (30 minutu).

-Lehen eginbeharrak konorte gabeko pertsona batekin. (30 minutu).

-Oinarrizko bizi-euskarria. (60 minutu).

-Praktika, oinarrizko bizi-euskarrian (120 minutu).

2.-Bigarren modulua. Desfibrilazio erdiautomatikoa.

-Bat-bateko heriotza eta fibrilazio bentrikularraren esanahia. (45 minutu).

-Desfibriladore erdiautomatikoa. Funtzionamendua eta mantentze-lana. (45 minutu).

-Zereginen segida desfibrilazio erdiautomatikoan. (60 minutu).

-Desfibrilazio erdiautomatikoaren praktika (120 minutu).

3. Hirugarren modulua. Ebaluazioa eta egiaztatzea.

-Esku-hartzearen gaineko gogoeta etikoak eta legezkoak. Datu bilketa. (45 minutu).

-Ikastaroaren edukiari buruzko ebaluazio idatzia.(45 minutu).

-Oinarrizko bizi-euskarriari eta desfibrilazio erdiautomatikoari buruzko ebaluazio praktikoa. (120 minutu).

II. ERANSKINA

Etengabeko prestakuntza ikastaroaren programa

Prestakuntza etengabea.

Urtero bete beharreko programa, desfibriladore erdiautomatikoak erabiltzeko egiaztagiria izaten jarraitzeko.

-Oinarrizko bizi-euskarriari eta desfibrilazio erdiautomatikoari buruzko oroitzapen teorikoa. (60 minutu).

-Bizi-euskarriko eta desfibrilazioko praktikak (120 minutu).

-Ebaluazio praktikoa (60 minutu).

Iragarkiaren kodea: A0206027