55. ALDIZKARIA - 2002ko maiatzaren 6a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Beste Xedapenak

43/2002 FORU AGINDUA, apirilaren 4koa, Industria eta Teknologia, Merkataritza, Turismo eta Lan kontseilariak emana, turismoko ETEek (PYMES) 2002. urtean kalitate turistikoaren "Q" ziurtagiria lortzeko laguntzen deialdia egiten duena.

Turismoaren sektorea aldaketa sakonak egiten ari da azken honetan, turismoko zerbitzuen eskaintza eskariari egokitzeko eta zerbitzuen kalitatea nabarmen hobetzeko asmoz.

Horregatik, Nafarroako Foru Komunitatearen helburu behinenetako bat da sektoreko enpresaburuek kalitateari begira hartuko dituzten neurriak ahalbidetu eta bultzatzea.

Foru Komunitatean kalitate sistemen ezarpena 1998. urtearen bukaeran hasi zen hotel eta apartamentu turistikoen azpisektorean. Hurrengo urtean landetxeen eta jatetxeen kalitate arauak onetsi ziren eta, azkenik, 2000. urtean kanpinei dagozkienak.

Kalitate sistemak ezartzeko programei loturiko establezimenduen kopurua asko handitu den arren, kalitate turistikoaren "Q" ziurtagiria lortzeko nahitaezkoa den auditoriak kostu handia duenez, horrek prozesua bukatzea eragozten dio sektoreari eta, beraz, gutxi dira ziurtagiria duten establezimenduak.

Deialdi honen bidez aipatu enpresek ziurtagiriak urriaren 31 baino lehen lortzea sustatu nahi da, horrela Turismo Zerbitzuaren sustapen planetan "Q" establezimenduei buruzko informazioa sartzeko eta, horren ondorioz, Nafarroak kalitateko turismo leku gisa duen irudi orokorra hobetzeko; aldi berean, enpresak kudeatzerakoan kalitateari begiratzen dioten ereduak eratu nahi dira, gure turismo sektoreko gainerakoek bide horri hel diezaioten.

Horrenbestez,

AGINDU DUT:

1. Turismoko ETEek Nafarroan dituzten establezimenduetarako kalitate turistikoaren "Q" ziurtagiria lortzeko laguntzen deialdia onestea. Deialdiaren oinarriak Foru Agindu honen eranskinean daude.

2. 9.990 euroko gastua baimentzea deialdi honen ondoriozko konpromisioei erantzuteko, 2002. urtera arte luzatu den 2001eko Gastuen Aurrekontuko 860001-82210-4709- 751200 kontusailaren kargura.

3. Foru Agindu hau eta eranskina Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.

Foru Agindu honen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

Iruñean, bi mila eta biko apirilaren lauan.-Industria eta Teknologia, Merkataritza, Turismo eta Lan kontseilaria, Nuria Iturriagagoitia Ripoll.

E R A N S K I N A

Turismoko ETEek kalitate turistikoaren "Q" ziurtagiria lortzeko laguntzen deialdiaren oinarriak. 2002. urtea

1.-Xedea.

Deialdi honen bidez bultzatu nahi da kalitate turistikoaren "Q" ziurtagiriak lortzea.

2.-Onuradunak.

Turismoko ETEak, baldin eta kalitatearen lehenbiziko auditoria egin eta Nafarroan dituzten establezimenduetan kalitatearen ziurtagiria 2002ko abenduaren 31 baino lehen lortzen badute.

Enpresa onuradunek ETEen definizioan zehaztutako mugak bete beharko dituzte, enpresa txiki eta ertainen definizioari buruz Batzordeak 1996ko apirilaren 3an emandako 96/280/EE Gomendioari jarraikiz.

3.-Laguntzen zenbatekoa.

Laguntzak fondo galdura emanen dira, hain zuzen ere lehenbiziko auditoriako gastuaren % 70 ordainduko da, betiere inbertsioa 2001eko azaroaren 1etik 2002ko urriaren 31 arte egin baldin badira, eta 2001eko deialdian diruz lagundu ez baziren. Ondoko gastuak kanpoan utziko dira: auditorearen egonaldi, mantenu eta joan-etorrikoak.

2002. urtera arte luzatu den 2001eko gastuen aurrekontuan xede horretarako kontusail bat dago, 9.990 eurokoa, "Turismoko ETEentzako laguntzak kalitate planak ezartzeko" izenekoa (860001- 82210-4709-751200 kontusaila).

Dirulaguntza kalkulatzerakoan Balio Erantsiaren gaineko Zergaren (BEZ) zenbatekoa kenduko da.

Dirulaguntza eskaerek deialdi honi esleitutako kontusaileko dirua gainditzen badute, dirulaguntza kopuruak hainbanatu eginen dira, dagoen diruari egokitzeko.

4.-Eskaerak eta agiriak aurkeztea.

Laguntza eskatzeko hilabeteko epea dago, deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen denetik hasita. Eskaerarekin batera agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Pertsona fisikoak: NANaren fotokopia.

b) Pertsona juridikoak: IFKren fotokopia. Merkataritza izaerakoak direnean: sozietatea eratzeko eskritura publikoaren kopia eta horren aldaketena (Merkataritza Erregistroan behar bezala inskribatuak). Gainerako sozietate eta entitateak: eraketaren egiaztagiriaren kopia (dagokion Erregistroan inskribatutako egiaztatiria).

c) Elkartearen ziurtagiria, eskatzailea kalitate sistemari lotuta dagoela adierazten duena, ondokoak zehaztuta: zein fasetan dagoen eta aurten auditoria gainditu eta ziurtagiria lortzeko duen aukera.

d) Entitatearen legezko ordezkariaren aitorpena, azken hiru urteetan -aurtengoa barne- Administrazio honetatik edo beste batetik jasotako laguntzei buruzkoa (Europako Batasuneko "minimis" arauaren menpeko laguntzak betiere).

5.-Eskaeren tramitazioa.

Aurkeztutako dokumentazioa osorik ez badago, interesatuari eskatuko zaio 10 eguneko epean okerrak zuzen ditzala; adieraziko zaio hala egiten ez badu eskaerari uko egiten diola ulertuko dela.

Laguntza eskaerak Turismo Zerbitzuaren bidez tramitatuko dira, ebazpen proposamena igorriko baitu.

Aurkeztutako eskaerak ebazteko bi hilabeteko epea dago, eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunetik hasita.

Epe horretan ebazpenik ematen ez bada, ezetsitzat jo beharko da.

6.-Laguntzak ordaintzea.

Industria eta Teknologia, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuak onetsitako dirulaguntza ordainketa bakar batean emanen da, lehenbiziko auditoriari dagokion faktura aurkeztu eta gero, eta Espainiako Kalitate Turistikoaren Institutuak (ICTE) ematen duen kalitatearen "Q" ezaugarria lortu izanaren ziurtagiria aurkeztuta.

7.-Onuradunen betebeharrak.

Laguntzen onuradunek betebehar hauek dituzte:

a) Egindako gastuak 2002ko abenduaren 31 baino lehen justifikatzea, fakturak eta ordainagiriak aurkeztuta.

b) Dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorrari buruzko ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legean ezarritako gainerako betebeharrak.

8.-Errekurtsoak.

Deialdi honen eta bere aplikazio egintzen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitara eman eta hilabeteko epean.

9.-Bateragarritasuna.

Deialdi honetako laguntzak bateragarriak dira beste administrazio publiko batzuek helburu horrexetarako ematen duten beste edozein laguntzarekin.

Administrazio honetatik edo beste batetik lortutako laguntzen zenbatekoa ez da izanen diruz lagundutako jardueren kostua baino handiagoa. Kostu hori gainditzen bada, Foru Komunitateko Administrazioari gehiegizkoa itzuli beharko zaio.

Foru Agindu honetako laguntzak Batasuneko "minimis" arauari lotuta daude; horren arabera, "minimis" erako laguntza guztien zenbatekoa ez da 100.000 eurotik gorakoa izanen, lehenbiziko "minimis" laguntza eman eta hiru urteko epean.

Iragarkiaren kodea: a0203720