32. ALDIZKARIA - 2002ko martxoaren 13a

III. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

I T U R E N

Ezkondu gabeko bikote egonkorren Iturengo Udalaren erregistroaren antolaketa eta funtzionamendua arautzen dituen ordenantza behin betikoz onetsirik

Iturengo Udalak Ezkondu gabeko bikote egonkorren Iturengo Udalaren erregistroaren antolaketa eta funtzionamendua arautzen dituen ordenantza onetsi zuen, hasiera batean, 2001eko azaroaren 7an egin osoko bilkuran.

Iragarkia azaroaren 28an argitaratu bzen, 2001eko 144. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean, eta jendaurrean egon da hogeita hamar egunean, argitaratu eta biharamunetik aitzina. Epe horretan inork ez du alegaziorik aurkeztu. Hortaz, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan ezarritakoarekin bat, delako ordenantza behin betikoz onetsitzat jotzen da. Hartara, haren testu osoa argitaratuko da.

Iturenen, bi mila eta biko urtarrilaren hogeita batean. Alkatea, José María Gorosterrazu Elizalde.

EZKONDU GABEKO BIKOTE EGONKORREN ITURENGO UDALAREN ERREGISTROAREN ANTOLAKETA ETA FUNTZIONAMENDUA ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA

1. artikulua. Ezkondu gabeko bikote egonkorren Iturengo Udalaren erregistroak administrazio izaera du eta bertan ezkontzaz kanpoko bizikidetasunezko elkartzeak, baita haien iraungitzea ere, inskribatzen ahal dira ordenantza honetan ezartzen den eran eta baldintzetan.

2. art. Bikote guztiek, sexu berekoak izan edo ez, erregistroan inskribatzeko eskatzen ahal dute, baldin eta haien adostasun libre eta osoarekin ezkontzaz kanpoko bizikidetasunezko elkartzea osatu badute.

Gutxienez, elkartutako kide batek egon beharko du Iturengo udalerrian erroldatua, bertan bizi ohi delako.

Halaber, bi kideek zinpeko aitorpena aurkeztu beharko dute, adierazteko ez daudela ez ezkonduak ezta inskribatuak ere ezkondu gabeko bikote egonkorren bertze erregistroren batean.

3. art. Bikote bakoitzaren lehenbiziko inskripzioa egiteko, bi lagunek batera agertu beharko dute erregistroaz arduratzen den funtzionarioaren aitzinera, haien artean ezkontzaz kanpoko bizikidetasunezko elkartzea osatzen dutela deklaratzeko.

Ez da inskripziorik eginen bikoteko bat emantzipatu gabeko adingabea bada, edo lerro zuzenean odolkidetasunezko edo adopzio bidezko ahaide badira, nahiz alboko lerrotik bigarren maila bitarteko odolkidetasunezko ahaide badira.

Bikoteko batek akats edo anomalia psikikorik badu, orduan ere ez da inskripziorik eginen. Horrelakoetan, medikuaren irizpena beharko dute, ezkontzaz kanpoko bizikidetasunezko elkartzea osatzeko gaitasuna aitortzen diena.

Era berean, ukatu eginen da inskripzioa bikoteko bat ezkondua badago edo ezkontzeko gaitasun gabea deklaratua bada.

4. art. Lehenbiziko idazpena egitean, bikoteak beren arteko elkartzeari buruz adierazten dituen argitasun guztiak agerrarazten ahalko ditu. Hitzez hitz idazten ahalko dira elkartutako kideen giza eta ondare loturak arautzen dituzten hitzarmenak.

Aitzineko lerrokadan aipatutako edukiak geroago ere inskribatzen ahalko dira bikoteko biak bertara azaldurik.

Nolanahi ere, elkartzea bukatu edo iraungitzeko oharpenak egiteko, aski izanen da kide bakar batek hala eskatzea.

5. art. Erregistroa Udaleko idazkaritza orokorrean izanen da.

6. art. Aitzineko artikuluetan aipatzen diren inskripzioak erregistratzeko Liburu Orokorra erabiliko da. Liburua orri mugigarri, zenbatu eta zigilatuez osatua dago, eta irekitzeko eta ixteko eginbideak paratuko dira hasieran eta bukaeran.

7. art. Bikote bakoitzaren lehenbiziko inskripzioak oinarrizko inskripzioaren izaera izanen du eta horren bazterrean geroago Liburu Orokorrean elkartzeari buruz egiten den bertze edozein idazpen agerraraziko da.

8. art. Erregistroak Liburu Lagungarri bat izanen du, inskribatuen deituren arabera ordenaturik, eta bertan adieraziko da Liburu Orokorreko zenbatgarren orrialdean dauden haiekin zerikusia duten oharpenak.

9. art. Erregistroan inskribatutakoen intimitatea, norbanakoarena nahiz familiarena, babesteko, ez zaio publizitaterik emanen idazpenen edukiari, salbu eta erregistroaren ardura duen funtzionarioak egiten dituen egiaztagiriak, bikoteko edozein kidek, epaileek edo auzitegiek hala eskatu ondoren.

10. art. Inskripzioak dohainik izanen dira arrunt.

11. art. Izatezko bikoteen erregistroan inskribatzen diren ezkondu gabeko bizikidetasunezko elkartzeek, ezkontza bidezko elkartzeen tratamendu bera izanen dute Iturengo Udalean.

XEDAPEN GEHIGARRI BAKARRA

Ordenantza hau berrikusiko da, legeetan aldaketarik bada gai honen inguruan.

I. ERANSKINA

Iturengo Udalean, halako egunean (urtea, hilabetea, eguna): ..... eta halako orduan: ......, honako hauek batera agertu gara:

Izena: ......., jaioterria: ........, bizilekua: ....., helbidea (erroldakoa): ......., adinez nagusia (edo adingabe burujabea, horren agiria aurkezten baitugu), N.A.N. zenbakia: .......,

Izena: ........., jaioterria: ......., bizilekua: ....., helbidea (erroldakoa): .........., adinez nagusia (edo adingabe burujabea, horren agiria aurkezten baitugu) N.A.N. zenbakia: .........

Eta honako hau azaldu nahi dugu:

"Ezkondu gabeko bikote egonkorren" Udal honetako erregistroan inskriba gaitzatela nahi dugula, horri buruzko ordenantzaren arioira, eta horretarako,

Ondokoa adierazten dugu:

Lehendabizi: ezkontzaz kanpoko bizikidetasunezko elkartzea osatzen dugula ........ urtetik aitzina. Aipatu ordenantzan aurreikusitako bizikidetasuna dela eta, gure helbidea honako hau izanen dela: .......... (gogorarazi behar zaio ........ jaun/andreari T.A.O.L.aren 15. artikuluari jarraikiz, erroldatu beharra duela ohiko bizilekuko udalerrian).

Bigarren: ez gaudela gu biok ezkontzaren bidez lotuak, ez eta gutako inor bertze inorekin ere.

Hirugarren: gure artean ez dagoela lerro zuzenean odolkidetasunezko edo adopzio bidezko ahaidetasunik, ez eta alboko lerrotik bigarren maila bitarteko odolkidetasunezko ahaidetasunik ere.

Laugarren: gutako inork ez duela akats edo anomalia psikikorik, ez eta elkartzeko inolako ezgaitasunik ere.

Borzgarren: ez dugula nahi (nahi dugula) gure arteko giza nahiz ondare mailako harremanen gaineko hitzarmena erregistroan inskribatzea.

Seigarren: baimena ematen dugula Iturengo Udal Erroldan honako datu hauek egiaztatzeko.

Eta zin egiten dugu gutako inor ez dagoela inskribatua ez Udal honetako erregistroan, ez maila eta xede bereko inongo herritako erregistroan ere.

Horrenbertzez,

Ezkondu gabeko elkarte egonkorren Iturengo Udaleko erregistroan inskriba gaitzatela eskatzen dugu.

Sinatua: ............... Sinatua: ...............

II. ERANSKINA

Iturengo Udalean, halako egunean ......... honako hauek agertu gara:

Izen-abizenak: ................, N.A.N.: .......... eta Izen-abizenak: ................. N.A.N.: ..........,

Eta ezkondu gabeko bikote egonkorren Udal Erregistroaren antolaketa eta funtzionamendua arautzen dituen ordenantzan zehaztutakoarekin bat, adierazten dugu asmoa dugula gure arteko bikote egonkorra bukatutzat edo iraungitzat emateko, izan ere horrelaxe inskribatua dago aipatu Udalaren erregistroan.

Horiek horrela, eskatzen dugu bukatutzat edo iraungitzat eman dezazuela elkartzearen inskripzioa.

Sinatua: ............. Sinatua: ...............

Iragarkiaren kodea: A0201478