18. ALDIZKARIA - 2002ko otsailaren 11

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Xedapen Orokorrak. Foru Aginduak

7/2002 FORU AGINDUA, urtarrilaren 10ekoa, Industria eta Teknologia, Merkataritza, Turismo eta Lan kontseilariak emana, Europako Gizarte Fondoaren 3. helburuan eta Nafarroako Enplegurako Planean aurreikusi diren etengabeko prestakuntza ekintzetarako laguntzak emateko prozedura arautzen duena.

Batzordeak 68/2001 (EE) Erregelamendua eman zuen 2001eko urtarrilaren 12an, prestakuntzarako laguntzei buruzko EE Ituneko 87 eta 88. artikuluak garatzeko. Erregelamendu horretan laguntza hauek emateko baldintzak ezarri ziren.

Europako Parlamentuak eta Kontseiluak 1999ko uztailaren 12an Gizarte Fondoari buruz emandako 1784/1999 (EEE) Erregelamenduaren 2. eta 3. artikuluetan, aplikazio eremua eta diruz lagundutako jarduerak finkatzen dira, hurrenez hurren.

Foru Agindu honetan aipatzen diren prestakuntza jarduketak ondoko bi plan hauetan biltzen dira: etengabeko prestakuntzarako jarduketen planean, Europako Gizarte Fondoaren 3. helburuaren barruan onets zezan Nafarroako Gobernuak Europako Batasuneko Batzordeari aurkeztu zion horretan, eta Nafarroako Enplegurako Planean.

Nafarroako Foru Komunitatean Etengabeko Lanerako eta Etengabeko Lanbide Heziketa arautzen duen otsailaren 13ko 31/1995 Foru Dekretuak horretarako laguntzak emateko oinarriak ezartzen ditu. Foru Agindu hau dekretu hori garatzen du etengabeko prestakuntzari dagokionez.

Nafarroako Enplegu Zerbitzua eratzen duen 148/1998 Foru Dekretuan ezarritakoari jarraikiz, Foru Agindu honetako laguntzak aipatu erakunde autonomo horrek kudeatzen ditu.

Etengabeko lanbide prestakuntzako ekintzek enpresen estrategia orokorrean txertatu beharko dute, zeinaren gainean, Administrazioak subsidiarioki jokatuko duenez, erantzule nagusiak enpresariak eta langileak berak izanen baitira. Beraz, horiek edo ordezkari gehien dituzten erakundeetako legezko ordezkariek arduratu beharko dute aipatu ekintzak antolatu eta egiteaz.

Foru Agindu honetan aurreikusitako laguntzak ordainduko dira Nafarroako Aurrekontu Orokorren "INAFRE fundazioarekin egindako hitzarmena etengabeko prestakuntza ekintzetarako" izeneko kontusailaren kargura, ekitaldi ekonomiko bakoitzean programa horretarako esleituriko gehieneko zenbatekoaren barruan.

Legezko agindu horiek ikusirik, Nafarroako Enplegu Zerbitzuko Zuzendaritza Kontseiluak adostasun txostena eman ondoren,

AGINDU DUT:

I. KAPITULUA

Lanean ari diren pertsonen etengabeko prestakuntza

1. artikulua. Nafarroako Enplegu Zerbitzuak etengabeko prestakuntza bultzatzeko xedea duen programa hau gauzatuko du. Horretarako, dirulaguntzak emanen ditu, Nafarroako Foru Komunitateko lan munduan sarturik dauden pertsonen gaikuntza eta kualifikazio tekniko nahiz profesionalerako prestakuntza ekintzak finantzatzeko.

2. artikulua. Foru Agindu honetako etengabeko prestakuntzako ekintzak honako kolektibo hauei zuzenduko zaizkie:

-Besteren kontura diharduten langileak, lanean ari direnak edo azken urtean lana galdu dutenak, Nafarroan kokaturiko enpresetan, ahal dela ETEak, administrazio publikoetako langile finkoak izan ezik.

-Beren kontura diharduten langileak, azken urtean Nafarroan lan egin dutenak.

Ekintza hauek gutxienez 15 ordukoak izanen dira eta haietan, haien iraupen motzak horretarako bidea ematen baldin badu, komeni da ondoko gai hauei buruzko prestakuntza sartzea: lan arriskuei aurrea hartzea, aukera berdintasuna, ingurumena, hizkuntzak eta informatika.

Horretaz gain, Nafarroako Enplegu Zerbitzuak besteri adjudikatzen ahalko dio ebaluaziorako laguntza teknikoa, Foru agindu honetako ekintzetan aipatzen diren modalitate edo kolektiboen gainean.

3. artikulua. Programa honetan aurreikusten diren laguntzak eskatzen ahalko dituzte Foru Agindu hau argitaratzen denean Lanbide Prestakuntzako eta Laneratzeko Plan Nazionaleko ekintzetarako zentro homologatu diren edo horretarako izapideak egiten ari diren eta INAFRE Fundazioari etengabeko prestakuntzarako plan orokor batean sartzea eskatu dioten prestakuntza entitateek.

Eskabideak INAFRE Fundazioan aurkeztuko dira, harekin Nafarroako Enplegu Zerbitzuak langileen etengabeko prestakuntzaren arloko lankidetza akordio bat sinatu baitu.

Aipatu Fundazioak ekintzen programa orokor bat aurkeztuko dio Nafarroako Enplegu Zerbitzuari, bertan sarturik zentro laguntzaileek eskatu dizkioten etengabeko prestakuntzako ekintzak, programazio orokorrarekin eta Agindu honen 6. artikuluan ezarritako lehentasunekin bat.

4. artikulua. Zentro laguntzaileek etengabeko prestakuntzako ekintzen 2002. urteko plan orokorrean sartzeko egin beharreko eskabidea INAFRE Fundazioan aurkeztu beharko dute, deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita hamabost egun naturaleko epearen barrenean.

INAFRE Fundazioak Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren erregistroan aurkeztuko du etengabeko prestakuntzako plan orokorra deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita berrogei egun naturaleko epearen barrenean.

Hurrengo urteetan, laguntzetarako eskabideak INAFRE Fundazioan aurkeztuko dira, dagokion ekitaldi ekonomikoa hasi aurreko abenduaren lehenbiziko hogei egunetan eta Fundazioak Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren erregistroan aurkeztuko du etengabeko prestakuntzako plan orokorra, dagokion ekitaldiko urtarrilaren lehenbiziko hogei egunetan.

5. artikulua. INAFREren eskabidearekin batera, aurreko artikuluan zehazten diren epeetan, honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:

A.-Agiri orokorrak:

1.-Enpresa, erakunde edo entitatearen nortasuna egiaztatzen duten agiriak, eratze eskrituraren, estatutuen eta erregistroko inskripzioaren kopia bidez, salbu eta, aldez aurretik, agiri horiek Nafarroako Enplegu Zerbitzuan badaude.

2.-Entitate eskatzailearen legezko ordezkarien datu pertsonalak eta, hala bada, haien ahalduntze-agiria, bai eta jakinarazpenetarako helbidea eta eskaturiko ekintzez arduratzen den pertsonaren izena ere.

3.-Entitate eskatzailearen identifikazio fiskaleko txartelaren fotokopia.

4.-Ordainketa transferentzia bidez egiteko eskabidea, behar bezala betea, dirulaguntza emanez gero, dirusarrera horrela gauzatzeko.

5.-Entitate eskatzaileak dagozkion zergak ordainduta dituela frogatzen duen agiri eguneratua, Nafarroako Foru Ogasunak luzatua.

B.-Ekintza bakoitzari buruzko berariazko dokumentazioa, Nafarroako Enplegu Zerbitzuak horretarako ematen dituen inprimakietan behar bezala betea.

Dirulaguntzarako aurkezturiko prestakuntza ekintza guztien laburpen zerrenda, gainera, euskarri informatikoan aurkeztuko da (Windows Excel 97 sistema eragilea).

Nafarroako Enplegu Zerbitzuak aurkezten zaizkion eskabideak egoki ebazteko beharrezkotzat jotzen dituen agiri eta argibide guztiak eskatzen ahalko dizkie eskatzaileei.

6. artikulua. Nafarroako Enplegu Zerbitzuak eta INAFRE Fundazioak etengabeko prestakuntzako entitate laguntzaileei ikastaro edo ekintzen katalogoa emanen diete, eta bertan ondoko datu hauek azalduko: lehentasuna, gutxi gora-beherako ordutegia, maila eta modulu ekonomikoa, prestakuntzako ikastaro edo ekintza bakoitzari dagozkionak.

Dena dela, honako lehentasun hauek hartuko dira kontuan:

-Ekintza teknikoak, ekoizpen prozesua hobetzeko xedea dutenak.

-Produktuaren mantenimendu eta kalitatearen gainean edo hura merkaturatzean eragina izanen duten ekintzak.

-ETE direlakoen zuzendaritza, antolaketa, kudeaketa eta administrazioa hobetzeko ekintzak.

-Langileen kualifikazioa eta trebetasuna hobetzeko xedez egiten diren beste ekintza batzuk.

-Bestelako edozein ekintza berritzaile, betiere enpresaren, enpresa taldeen edo Nafarroako ekoizpen sektoreen prestakuntza planaren barrenean behar bezala justifikaturik baldin badago.

7. artikulua. Nafarroako Enplegu Zerbitzuak, Kudeatzailetzaren Ebazpenaren bidez, onetsiko du zein ekintzatarako emanen den dirulaguntza, INAFRE Fundazioak aurkezten duen prestakuntzako plan orokorraren arabera, deialdi honen helburuei egokitzen ote zaizkien aztertu ondoren, eta aurrekontuetako baliabideek onartzen dituzten mugen barrenean.

Hasierako onespeneko Ebazpen horretan aipatuko dira dirulaguntza jaso dezaketen ekintza guztiak, entitate bakoitzak eskatzen dituen guztien artean.

Hasiera batean onartzen diren ekintzen ordez Nafarroako Enplegu Zerbitzuak maila bereko beste batzuk paratzen ahalko ditu, INAFREk eskabide arrazoitua egin eta gero.

8. artikulua. INAFREk aurkezturiko plan orokorra ebazteko epea ez da izanen, justifikatutako arrazoiren bat denean izan ezik, hiru hilabetetik goitikoa. Aipatu epea iragan eta gero, berariazko ebazpenik ez bada, eskabidea ezetsi egin dela ulertuko da.

9. artikulua. Dirulaguntzen zenbatekoa izaten ahalko da ekintzen kostu aukeragarriaren % 100 bitartekoa, Nafarroako Enplegu Zerbitzuko Kudeatzailetzaren Ebazpenaren bidez ezarritako modulu ekonomikoen arabera, beti ere aurrekontuetako baliabideek onartzen dituzten mugen barrenean.

Dirulaguntza 12 ikaslerentzat emanen da gehienez, eta haren zenbatekoa gutxituko da prestakuntza ekintza hasten duten ikasle kopuruaren edo lehenbiziko erdian uzten duten ikasle kopuruaren arabera, non eta uzteko arrazoia lan baldintzak aldatzea edo ezinbesteko beste arrazoiren bat ez den. Ekintza bat 12 ikasle baino gehiagorekin hasten baldin bada eta ikasleren batek uzten baldin badu ekintza hori, dirulaguntza gutxituko da 12 ikasle baino gutxiago gelditzen badira bakarrik.

Hasi den ekintza batean ikasle berriak sartu ahalko dira baldin eta haren iraupen osoaren bostena osatzen duen hasierako zatian eskatzen badute.

Edozein arrazoi dela eta, prestakuntza ekintza bateko ikasleen kopurua 6 baino txikiagoa baldin bada, Nafarroako Enplegu Zerbitzuak zilegi izanen du ekintza bertan behera uztea, ikastorduen erdia baino gehiago egin ez bada.

10. artikulua. Prestakuntza ekintzetan parte hartzen duten pertsonen zerrenda, bakoitzaren fitxa eta sinaduren kontrola ekintzak hasi ondorengo hamar egunetan aurkeztu beharko dira eta. Agiri horiek, gainera, aipatu erakundeak ezarritako programarekin bateragarria den euskarri informatikoan aurkeztuko dira.

Kontrakoa justifikatzeko arrazoiak izan ezean, urte bakoitzeko prestakuntza ekintzak abenduaren 20a baino lehen bukatu beharko dira.

11. artikulua. Emandako dirulaguntzen azken likidaziorako, nahitaezkoa izanen da honako hauek aurkeztea:

-Gastuen eta azken likidazioaren aitorpena, Nafarroako Enplegu Zerbitzuko Kudeatzailetzak horretarako eman Ebazpenaren arabera, frogagiritzat hartuko dena.

-Parte hartzaileen hasiera eta bukaerako zerrenda eta eguneroko asistentzia-orriak, behar bezala izenpetuak. Zentro laguntzaileek parte-hartzaileei diplomak emateko beharrezkoa izanen da ikastorduen % 70eko gutxieneko asistentzia izatea.

-Prestakuntza ekintza bakoitzaren ebaluazio-memoria, ekintza gauzatu duen entitateak izenpetu eta zigilatuta.

-Entitateak dagozkion zergak ordainduta dituela frogatzen duen agiri eguneratua, Nafarroako Foru Ogasunak luzatua.

12. artikulua. Dirulaguntzaren onuradunek bestelako laguntzarik baldin badute, Nafarroako Gobernuko beste departamentuek edo beste erakunde publiko nahiz pribatu batzuek emana, xede bererako bada, horren berri eman beharko dute, eta halakoetan azken likidazioa onartzen ahal den defizitaren arabera eginen da.

13. artikulua. INAFRErekin egiten den hitzarmenean ezartzen den ordainketa modua alde batera utzirik, emandako laguntzak honela ordaintzen ahalko dira: dirulaguntzaren % 75 prestakuntza ekintza hasten denean, Nafarroako Enplegu Zerbitzuko Kudeatzailetzaren Ebazpenaren bidez, eta gainerako % 25a ekintza amaitzen denean, beste Ebazpen baten bitartez, arau honetako 10. eta 11. artikuluetan aipatzen diren agiriak aurkeztu ondoren.

Nolanahi dela ere, ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legeko 18.2 artikuluan ezarritako kasuetan, aurrerakina jasotzeko, onuradunak zuzenbidean onartzen diren edozein motatako abal edo bermeak aurkeztu beharko ditu.

14. artikulua. Hasiera batean proposatu eta onetsitako ikastaroetan aldaketarik gertatuz gero, aldez aurretik horren berri eman beharko zaio nahitaez Nafarroako Enplegu Zerbitzuari, onespena eman dezan. Hala egiten ez bada, eta Zerbitzu horren arabera funtsezko aldaketa bada, dirulaguntza deuseztatzen ahalko da.

15. artikulua. Nafarroako Enplegu Zerbitzuak dokumentazio osagarria eskatzen ahalko du, diruz lagundutako ekintzetan behar den jarraipen eta kontrola egiteko, eta entitate onuradunak, bestetik, epe jakin bat izanen du dokumentazio hori aurkezteko.

Betebehar hori ezarritako epearen barruan betetzen ez bada, hasiera batez bertan behera utziko da dirulaguntza eta, gero, betebeharra berriro eskaturik ezarritako epearen barruan betetzen ez bada, deuseztatu eginen da.

Nafarroako Enplegu Zerbitzuak edozein unetan egiten ahalko ditu jarraipen eta kontrolerako bisitak, egiaztatzeko prestakuntzako ekintzak egoki gauzatzen eta dirulaguntzak zuzen aplikatzen ari diren, eta, horretaz gain, prestakuntza zentroetan auditoretzak egiten ahalko ditu, diruz lagundutako ekintzen gastuei dagozkien frogagiriak egiaztatzeko.

16. artikulua. Eskatutako agiriak aurkezten ez badira, eta Zerbitzua ohartzen bada prestakuntza ekintzak ez direla gauzatzen ari edo dirulaguntza ez dela aurreikusitako xederako egoki erabiltzen ari, emandako dirulaguntza hein batean edo osorik deuseztatuko da, emandako aurrerakinak itzuli beharko dira eta gainerako eskabideei ezetza emanen zaie, beti ere, interesatuari entzun ondoren.

17. artikulua. Prestakuntza ekintza horien publizitatea edo zabalkundea egiten denean, Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren eta, hala bada, E.G.F.aren finantzazioa azaldu beharko da, bai eta INAFREeren laguntza ere.

II. KAPITULUA

ETEen prestakuntzako diagnostiko eta planak

A.-ETEen prestakuntza beharren diagnostikoa eta lanbide prestakuntza eta birziklapenerako planak.

18. artikulua. Nafarroako Enplegu Zerbitzuak laguntzak ematen ahalko ditu Nafarroako Foru Komunitateko ETEetako langileen beharren diagnostikoak egin eta horren ondoriozko prestakuntza, birziklapen eta birprofesionalizazioko planak diseinatzeko, ondoko artikuluetan zehazten denaren arabera.

19. artikulua. Idatz-zati honetan ezartzen diren laguntzak eskatzen ahalko dituzte Nafarroan kokaturiko ETEek.

Salbuespen gisa, Nafarroako Enplegu Zerbitzuari kontsulta egin ondoren, plan orokor horretan sartu ahalko dira ETEen elkarteen prestakuntza beharrei buruzko azterketak egiteko eskabideak, enpresa horiek antzeko produkzio jarduera badute eta elkarrengandik hurbil badaude, eta prestakuntzako diagnostiko edo plan berariazkoa bakarka egitea, langile kopuru txikia izateagatik -20 langile baino gutxiago-, ez bada bidezkotzat jotzen.

Kasu horretan, parte hartzen duen enpresa bakoitzak parte hartzeari buruzko konpromiso bat izenpetu beharko du, eta elkarte barneko enpresetako batek ordezkatu beharko ditu beste guztiak Administrazioaren aurrean. Beste zerrenda batean, taldea osatzen duten enpresak aipatuko dira, eta haren jarduera zein den, zein herritan dagoen eta zenbat langile dituen zehaztuko.

Ez da dirulaguntzarik emanen aldi bateko lanerako enpresek, enpresa aholku-emaileek edo prestakuntza entitateek beren langileendako eskatzen dituzten diagnostikoetarako.

20. artikulua. 2002ko eskabideak INAFRE Fundazioan aurkeztuko dira, Foru Agindu hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita hamabost egun naturaleko epean.

Fundazioak, eskabideak aztertu ondoren, jarduteko plan orokor bat taxutu eta Nafarroako Enplegu Zerbitzuan aurkeztuko du, Foru Agindu hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita hogeita hamar egun naturaleko epean.

Hurrengo urteetan, laguntzetarako eskabideak INAFRE Fundazioan aurkeztuko dira, dagokion ekitaldi ekonomikoa hasi aurreko abenduaren lehenbiziko hogei egunetan eta Fundazioak Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren erregistroan aurkeztuko du etengabeko prestakuntzako plan orokorra, dagokion ekitaldiko urtarrilaren lehenbiziko hogei egunetan.

21. artikulua. Laguntza hauek emateko, honako lehentasun irizpide hauek ezarri dira:

1.-Prestakuntza beharren diagnostikoa egin ez duten ETEak.

2.-Dagokion ekitaldi ekonomikoaren aurreko hiru urteetan prestakuntza beharren diagnostikoa egin ez duten ETEak.

3.-Azken hiru urteetan prestakuntza beharren diagnostikoa egin eta hura berraztertzeko premia justifikatzen duten ETEak.

Eskabidean adierazi beharko da zein lehentasun irizpidetan sartzen den eskaera eta, nolanahi ere, prestakuntza beharren diagnostikoaren beharra justifikatu beharko da, haren garapen proiektuaren eta plan estrategikoaren arabera.

22. artikulua. ETEen prestakuntza beharren diagnostikoa eta prestakuntza planaren diseinua ondoko hauek eginen dituzte:

-Diagnostikoak eta prestakuntza planen diseinua egiteko, beren plantilletan Nafarroako Enplegu Zerbitzuak homologatutako langileak dituzten entitateek.

-Enpresa eskatzaileek, prestakuntzako teknikari arduradun bat baldin badute, Nafarroako Enplegu Zerbitzuak diagnostikoak eta prestakuntza planen diseinua egiteko homologatua.

Nolanahi ere, diagnostikoa pertsona homologatuak egin eta sinatu beharko du.

23. artikulua. Kapitulu honetako dirulaguntzez edo laguntzez baliatzeko, eskabideak (bi ale) ondoko agiri edo datu hauekin batera aurkeztu beharko dira:

-Enpresaren identifikazio datuak: sozietatearen izena, helbidea, posta kodea.

-Identifikazio fiskaleko txartelaren fotokopia.

-Enpresaren identitatea egiaztatzeko dokumentazioa, eraketa eskrituraren, estatutuen eta erregistroko inskripzioaren kopien bidez, beti ere aurretik dokumentazio hori Nafarroako Enplegu Zerbitzuan ez badago.

-Jardueren deskripzioa, sozietatearen xedea eta dituen lantokiak.

-Langileei buruzko datuak: kopurua eta egitura.

-Entitate eskatzaileak dagozkion zergak ordainduta dituela frogatzen duen ziurtagiri eguneratua, Nafarroako Foru Ogasunak luzatua. Diagnostikoak enpresen elkarte batenak direnean, ziurtagiri hori enpresa bakoitzak aurkeztuko du.

-Dirulaguntzarik ematen bada, transferentzia bidez ordaintzeko eskabidea, behar bezala betea.

-Enpresaren egungo egoera eta plan estrategikoa aztertuta, birziklapen eta birprofesionalizazioko plana egin beharra justifikatzeko memoria, enpresako zuzendaritzak izenpetua.

-Prestakuntza beharren azterketa egin eta birziklapen eta birprofesionalizazioko plana diseinatzeko aurreikusitako denbora eta egutegi zehatzak.

-Kanpoko zerbitzu teknikoak kontratatzen badira: zein den zehaztea, parte hartzaile diren teknikari eta langileak, horien jardueraren aurrekontua eta aurreikusten diren finantzabideak.

-Bestelako erakunde publiko edo pribatuetatik hartzen diren gainerako dirulaguntzak aipatu beharko dira.

24. artikulua. ETEen prestakuntza beharren diagnostikoak eta prestakuntza planen diseinua egiteko, kostu aukeragarrien % 40rainoko laguntzak emanen dira.

25. artikulua. Dirulaguntzaren kontzesioa Nafarroako Enplegu Zerbitzuko Kudeatzailetzaren Ebazpenaren bidez gauzatuko da, prestakuntza beharren diagnostikoei buruzko plan orokorrean sartzeko INAFRE Fundazioak emandako adostasun txostenaren ondoren, eskatzaileek aurkeztutako datuak ikusirik, Foru Agindu honen 21. artikuluan zehazturiko lehentasun irizpideak kontuan harturik eta, beti ere, aurrekontuko baliabideen arabera.

Dirulaguntza honela ordaintzen ahalko da: dirulaguntza ematen den momentuan hasierako pagamendu bat eginen da, dirulaguntzaren % 75, eta bigarren pagamendua, gainerako % 25, onetsitako proiektua burutzen denean, epe labur eta ertainean izanen diren prestakuntza beharrak azaltzen dituen memoria eta ikusi diren prestakuntza beharrei erantzuteko behar den prestakuntza planaren diseinua INAFREn aurkeztu ondoren. Hori guztia enpresako arduradunak eta proiektua egin duenak sinatu beharko dute eta ondoko agiriokin aurkeztu:

a) Xede horrekin kontratatzen den kanpoko kontsulta entitateak aurkeztutako jatorrizko fakturak edo horien fotokopia konpultsatuak eta dagokion ordainketa agiria.

b) Diagnostikoa eta prestakuntza planaren diseinua kanpokorik gabe bertako langileek egin badute, enpresak parte hartu duten langileei dagokien kostua agiri bidez aurkeztu beharko du, lansari gordina eta Gizarte Segurantzari enpresak ordaindu beharreko kuota kontuan hartuta.

Aipatutako memoria eta txostenak aurkezteko urteroko irailaren 30ean bukatuko da oro har.

Memorian honako datu hauek bilduko dira:

-Enpresaren egoerari buruzko txostena.

-Plantillaren bilakaeran duen eragina, eta garapenerako aurreikuspena, epe labur eta ertainean.

-Enpresaren prestakuntza eta birziklapen beharren diagnostikoa eta identifikazioa, haiek gauzatzeko prozesua adierazita.

-Enpresako langileen prestakuntza, birziklapen eta birprofesionalizazioko plana, haren laburpenaren koadroa eta jarduteko kronograma, ekintza bakoitzerako aurreikusi den gutxi-gorabeherako aurrekontua adierazita.

B.-ETEek egindako prestakuntza eta birziklapen planak.

26. artikulua. Nafarroako Enplegu Zerbitzuak laguntzak ematen ahalko ditu Nafarroako ETEek egiten dituzten langileen prestakuntza eta birziklapen planak gauzatzeko.

27. artikulua. Laguntza horiek Nafarroan kokatzen diren ETEek eskatzen ahalko dituzte, aldez aurreko beharren diagnostikoa eta prestakuntza planaren diseinua badituzte, Nafarroako Enplegu Zerbitzuak homologatutako pertsonek eginak.

Salbuespen gisa, Nafarroako Enplegu Zerbitzuari kontsulta egin ondoren, laguntza hauek eskuratu ahalko dituzte ETEen elkarteek, enpresa horiek antzeko produkzio jarduera badute eta elkarrengandik hurbil badaude, eta berariazko prestakuntza plana egitea, langile kopuru txikia izateagatik -20 langile baino gutxiago-, ez bada bidezkotzat jotzen, eta, beti ere, Foru Agindu honetan aipaturiko beharren aldez aurreko diagnostikoa eta prestakuntza planaren diseinua batera egin badituzte.

Kasu horretan, parte hartzen duen enpresa bakoitzak parte hartzeari buruzko konpromiso bat izenpetu beharko du, eta elkarte barneko enpresetako batek ordezkatu beharko ditu beste guztiak Administrazioaren aurrean. Taldea osatzen duten enpresen zerrenda aurkeztuko da eta haien jarduera zein den, zein herritan dauden eta zenbat langile dituzten jakinaraziko.

Ez da dirulaguntzarik emanen aldi bateko lanerako enpresek, enpresa aholku-emaileek edo prestakuntza entitateek beren langileendako eskatzen dituzten prestakuntza planetarako.

28. artikulua. Eskabideak INAFRE Fundazioan aurkeztuko dira, Foru Agindu hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita hirurogei egun naturaleko epean.

Fundazioak, eskabideak aztertu ondoren, jarduteko plan orokor bat taxutu eta Nafarroako Enplegu Zerbitzuan aurkeztuko du, Foru Agindu hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita laurogei egun naturaleko epean.

Hurrengo urteetan, laguntzetarako eskabideak INAFRE Fundazioan aurkeztuko dira, dagokion ekitaldi ekonomikoko otsailaren lehenbiziko hogei eguneko epearen barruan, eta INAFRE Fundazioak plan orokorra aurkeztuko du Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren erregistroan, dagokion ekitaldi ekonomikoko martxoaren lehenbiziko hogei eguneko epearen barruan.

29. artikulua. Laguntzak emateko ondoko lehentasun irizpide hauek ezarri dira:

-Langileen prestakuntza edo birtziklapenerako ETEek edo ETEen taldeek aurkeztutako planak, aurreko urtekoen jarraipena direla-eta, aurretiko diagnostikoan sartuak daudenak.

-Langileen prestakuntza edo birtziklapenerako ETEek edo ETEen taldeek aurkeztutako plan berriak, beharren diagnostiko berriaren ondoren diseinatu direnak.

Eskabidean adierazi beharko da zein lehentasun irizpidetan sartzen den eskaera.

30. artikulua. ETEen prestakuntza eta birziklapen planaren barruko prestakuntza ekintzak honako hauek antolatzen ahalko dituzte:

-Enpresatik kanpoko prestakuntza erakundeak.

-Enpresak berak, horretarako langile eta baliabide didaktiko egokiak baldin baditu.

31. artikulua. Idatz-zati honetako dirulaguntzez edo laguntzez baliatzeko, eskabideak (bi ale) ondoko agiri edo datu hauekin aurkeztu beharko dira:

-Enpresaren identifikazio datuak: sozietatearen izena, helbidea, posta kodea.

-Identifikazio fiskaleko txartelaren fotokopia.

-Enpresaren identitatea egiaztatzeko dokumentazioa, eraketa eskrituraren, estatutuen eta erregistroko inskripzioaren kopien bidez, beti ere aurretik dokumentazio hori Nafarroako Enplegu Zerbitzuan ez badago.

-Jardueren deskripzioa, sozietatearen xedea eta dituen lantokiak.

-Langileei buruzko datuak: kopurua eta egitura.

-Entitate eskatzaileak dagozkion zergak ordainduta dituela frogatzen duen ziurtagiri eguneratua, Nafarroako Foru Ogasunak luzatua. Elkarte baten planak direnean, ziurtagiri hori enpresa bakoitzak aurkeztuko du.

-Laguntzarik ematen bada, huraxe transferentzia bidez ordaintzeko eskabidea, behar bezala betea.

-Enpresaren egungo egoera eta plan estrategikoa aztertuta, birziklapen eta birprofesionalizazioko plana egin beharra justifikatzeko memoria, enpresako zuzendaritzak sinatua.

-Prestakuntza eta birziklapen planaren azalpen koadroa eta aurreikusitako egutegia, ahalik eta zehatzena, ekintza bakoitzaren aurrekontu xehe emana eta aurreikusten diren finantzabideak.

-Langileen ordezkari sindikalek egindako txostena, planaren berri badutela adierazi eta alde daudela dioena edo, hori izan ezean, horrelakorik ez dagoela dioen behar bezalako justifikazioa, horretarako emanen den agiria zuzen beteta.

-Bestelako erakunde publiko edo pribatuetatik hartzen diren gainerako dirulaguntzak aipatu beharko dira.

-Enpresa bakoitzak proiektu bakarra aurkeztuko du, planeko prestakuntza ekintza guztiak bildu beharko dituena, lehentasunezkoak direnak eta urte bakoitzean egin gogo direnak zehaztuta.

32. artikulua. Programa honetan aurreikusitako laguntzak fondo galdurakoak izanen dira eta prestakuntza jardueraren kostu zuzenak finantzatzen laguntzeko emanen dira.

Hortaz, honakoak dira kostu zuzenak:

-Enpresatik kanpoko zerbitzuak, prestakuntzarakoak, kontratatzeko gastuak.

-Material suntsigarriaren kostua.

-Material didaktikoaren kostua.

-Prestakuntza ematen duen enpresako langileriaren kostua.

Langileen prestakuntza eta birziklapen planetarako kostu aukeragarrien % 40rainoko dirulaguntza ematen ahalko da, beti ere aurrekontuetako baliabideek onartzen dituzten mugen barrenean.

33. artikulua. Dirulaguntzaren kontzesioa Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen Ebazpenaren bidez gauzatuko da, prestakuntza planei buruzko plan orokorrean sartzeko INAFRE Fundazioak emandako adostasun txostenaren ondoren, eskatzaileek aurkeztutako datuak ikusirik, Foru Agindu honen 29. artikuluan zehazturiko lehentasun irizpideak kontuan harturik eta, beti ere, aurrekontuko baliabideen arabera.

Dirulaguntza honela ordaintzen ahalko da: dirulaguntza ematen denean hasierako pagamendu bat eginen da, dirulaguntzaren erdia, eta bigarren pagamendua, beste erdia, onetsitako proiektua bukatzen denean.

Nolanahi dela ere, ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legeko 18.2 artikuluan ezarritako kasuetarako, aurrerakina jasotzeko, onuradunak aurkeztu beharko ditu zuzenbidean onartzen diren edozein motatako abal edo bermeak.

Azken ordainketarako enpresako arduradunak agiri hauek aurkeztuko ditu INAFREn, horrek gero Nafarroako Enplegu Zerbitzuari eramateko:

-Xede horrekin kontratatzen den kanpoko prestakuntza entitateak aurkeztutako jatorrizko fakturak edo horien fotokopia konpultsatuak eta dagokion pagamendu agiria.

-Prestakuntza eta birziklapen plana kanpokorik gabe bertako langileek egin badute, enpresak parte hartu duten langileei dagokien kostua agiri bidez aurkeztu beharko du, lansari gordina eta Gizarte Segurantzari enpresak ordaindu beharreko kuota kontuan hartuta.

-Egindako ekintzak azaltzen dituen memoria eta haiei buruzko ebaluazio laburra.

-Entitate eskatzaileak dagozkion zergak ordainduta dituela frogatzen duen agiri eguneratua, Nafarroako Foru Ogasunak luzatua.

Aipatutako agiriak aurkezteko epea urte bakoitzeko abenduaren 1ean bukatuko da. Dena dela, abenduan zehar segitzen duten ekintzen justifikazioa hilabete horretako 15a baino lehen aurkezten ahal da.

C.-II. kapituluko programetarako baterako xedapenak

34. artikulua. Diagnostikoei nahiz prestakuntza planei buruzko plan orokorreko laguntzetarako eskabidea, INAFRE Fundazioak aurkeztuko du Nafarroako Enplegu Zerbitzuko erregistroan, erakunde horrek emanen duen eredu ofizialean.

Enpresaren batek eskatzen baditu aldez aurreko diagnostikoa eta, gainera, prestakuntza plan bat urte berean egiteko laguntzak, bietarako eskabidea aipatu denbora baliodunaren barrenean egin beharko du. Kasu honetan, prestakuntza beharren diagnostikoa egin beharko da eta INAFRE fundazioan aurkeztu ondorioak eta prestakuntza planeko ekintzen koadroa, hogei egun naturaleko epean gehienez ere, diagnostiko hori egiteko laguntza eman dela jakinarazten den egunetik hasita.

Foru Agindu honetako dirulaguntzak jasotzen dituzten ekintzak, ematen direneko urtearen barrenean egin beharko dira.

35. artikulua. Aurkezten diren eskabideen espedienteak ebazteko epea ez da hiru hilabetetik goitikoa izanen, justifikatutako arrazoirik ez badago, Foru Agindu honetako 20 eta 28. artikuluetan zehaztutako denbora amaitzen denetik hasita. Aipatu epea iragan eta gero, berariazko ebazpenik ez bada, eskabidea ezetsi dela ulertuko da.

36. artikulua. Laguntza hauek bateraezinak dira Nafarroako Gobernuko beste departamentuek edo beste erakunde publiko nahiz pribatu batzuek emandako beste batzuekin. Beste dirulaguntzaren bat jaso dela Nafarroako Enplegu Zerbitzuari jakinarazten ez bazaio, deuseztatu egin ahalko da dirulaguntza.

37. artikulua. Hasierako proposamenetan aldaketarik gertatuz gero, dela zerbait kendu edo bestelakotzea, dela ekintzen egutegia edo beste zernahi, aldez aurretik horren berri eman beharko zaio nahitaez Nafarroako Enplegu Zerbitzuari, onespena eman dezan.

38. artikulua. Nafarroako Enplegu Zerbitzuak dokumentazio osagarria eskatzen ahalko du, diruz lagundutako ekintzetan behar den jarraipena egiteko, eta entitate onuradunak, bere aldetik, epe jakin bat izanen du dokumentazio hori aurkezteko.

Aipatu Zerbitzuak edozein unetan egiten ahalko ditu ikuskapenak, proiektu, jarduera eta ekintzak egoki gauzatzen eta dirulaguntza zuzen aplikatzen ari diren egiaztatzeko, eta, horretaz gain, dirulaguntzaren xede diren ekintzei buruz auditoretzak egiten ahalko ditu enpresetan, diruz lagundutako ekintzen gastuei dagozkien frogagiriak egiaztatzeko.

39. artikulua. Eskatutako dokumentazioa ekartzen ez bada, edo Zerbitzua ohartzen bada prestakuntzako ekintzak ez direla gauzatu edo dirulaguntza ez dela aurreikusitako xederako egoki erabili, emandako dirulaguntza hein batean edo osoki deuseztatuko da eta bestelako eskabideei ezetza emanen zaie, beti ere, interesatuari entzun ondoren.

40. artikulua. Jarduera hauen publizitatea edo zabalkundea egiten denean, Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren eta, hala bada, Europako Gizarte Fondoaren finantzazioa azaldu beharko da, bai eta INAFREren laguntza ere.

41. artikulua. Batzordeak 1996ko apirilaren 3an emandako 96/280/EE Gomendioari jarraikiz, "enpresa txikiak eta ertainak (ETE) izanen dira ondoko baldintzak betetzen dituztenak:

-250 langile baino gutxiago izatea.

-Negozioen bolumena urteko 40 milioi eurotik edo balantzearen batuketa orokorra 27 milioi eurotik goitikoa ez izatea.

-Enpresa independientea izatea, alegia, bere kapitalaren edo boto-eskubideen % 25 baino gehiago ez izatea enpresa txiki edo ETE ez den beste enpresa baten edo eskuetan. Muga hori ondoko kasu hauetan gainditzen ahalko da:

-Enpresa partaidetzako sozietate publikoena, arrisku- kapitaleko sozietateena edo inbertsiogile instituzionalena denean, horiek enpresaren kontrola ez badute, ez banaka ez taldeka.

-Kapitalaren banaketak biderik ematen ez badu noren eskuetan dagoen ezartzeko, eta enpresak deklaratzen baldin badu zilegi duela esatea bere kapitalaren edo boto- eskubideen % 25 baino gehiago ez dagoela enpresa txiki edo ETE ez den beste enpresa baten edo eskuetan.

Enplegatuen kopurua urteko lan unitateen (ULU) kopuruari dagokio, alegia, urte batean lanaldi osoan enplegatutako soldatapekoen kopuruari; lanaldi partzialeko eta sasoiko lanak ULUren zatitzat hartuko dira. Erreferentziako urtea itxi den azken finantza-urtea izanen da.

42. artikulua. Programa hauen dirulaguntzen mugak Batzordearen 2001eko urtarrilaren 12ko 68/2001 (EE) Erregelamenduan ezarritakoak izanen dira. Erregelamendu hori prestakuntzarako laguntzen gaineko EE Ituneko 87 eta 88. artikuluak aplikatzeko eman zen eta Europako Elkarteen 2001eko urtarrilaren 13ko Aldizkari Ofizialean argitaratu.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Foru Agindu hau 2002rako eskatu eta indarra hartu baino lehen aurkezturiko dirulaguntza-eskabideei aplikatuko zaie.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indarrik gabe utzi da 1999ko azaroaren 23ko Foru Agindua, Europako Gizarte Fondoaren 3. helburu berrian eta Nafarroako Enplegurako Planean aurreikusi diren etengabeko prestakuntza ekintzetarako laguntzak emateko prozedura arautzen duena.

AZKEN XEDAPENA

Foru Agindu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara eman eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, bi mila eta biko urtarrilaren hamarrean.-Industria eta Teknologia, Merkataritza, Turismo eta Lan kontseilaria, Nuria Iturriagagoitia Ripoll.

Iragarkiaren kodea: A0200408