90. ALDIZKARIA - 2001eko uztailaren 25a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Xedapen Orokorrak. Foru Dekretuak

163/2001 FORU DEKRETUA, ekainaren 25ekoa, 1997an finantza-entitateekin eginiko lankidetza hitzarmenen babespean dauden mailegu kualifikatuei -etxebizitza arloko jarduketa babesgarrietarako mailegu kualifikatuei- aplikatuko zaien korritu-tasa efektiboa ezartzen duena.

Ekainaren 23ko 167/97 Foru Dekretuak etxebizitza arloko jarduketa babesgarrietarako mailegu kualifikatuen baldintzak arautu zituen, eta foru dekretu horrek hau zioen 2. artikuluan: mailegu horietako urteko korritu-tasa efektiboa (% 11) urtero berrikusi eginen zela indarraldia uztailaren 1ean eta 1998ko uztailaren 1etik aitzina; hori han ezarritako formula baten arabera eginen zela eta foru dekretu bitartez.

Horiek horrela, Ekonomi eta Ogasun kontseilariak eta Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak proposaturik, bi mila eta bateko ekainaren hogeita bostean egin bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

1. 1997an finantza-entitateekin eginiko lankidetza hitzarmenen babespean dauden mailegu kualifikatuei -etxebizitza arloko jarduketa babesgarrietarako mailegu kualifikatuei- aplikatuko zaien urteko korritu-tasa efektibo subsidiatu gabea hau izanen da: % 5,595. Finantza-entitateek ezin izanen dute, inola ere, urteko tasa efektibo altuagorik aplikatu, benetan aplikatzen diren ordainketen mugaegunen aldizkakotasuna edozein delarik ere.

2. Aipatutako korritu-tasa berria bizirik dauden mailegu kualifikatuei aplikatuko zaie eta 2001eko uztailaren 1etik aitzina hartuko du indarra.

3. Berraztertutako tasa efektiboa txikiagoa bada mailegu-hartzaileari dagokion tasa subsidiatua baino, korritu-tasa efektibo bi horietako lehena aplikatuko da bakar-bakarrik.

4. Nolanahi dela ere, berraztertutako korritu-tasa aplikatzearen ondorioz ateratzen diren ordaintzekoak (kapitala + korrituak) berrazterketa gabe aterako ziratekeenak baino handiagoak badira, Nafarroako Gobernuak kitatuko du bien arteko aldea.

AZKEN XEDAPENA

Foru Dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara eman eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, bi mila eta bateko ekainaren hogeita bostean.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.-Ekonomi eta Ogasun kontseilaria, Francisco Iribarren Fentanes.-Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilaria, Jesús Javier Marcotegui Ros.

Iragarkiaren kodea: A0107150