72. ALDIZKARIA - 2001eko ekainaren 13a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Xedapen Orokorrak. Foru Aginduak

FORU AGINDUA, 2001eko apirilaren 30ekoa, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak emana. "Erronkari" jatorrizko deituraren eta Kontseilu Arau-emailearen erregelamendua aldatzen du, 2081/92 (EEE) Erregelamenduko 5.5 artikuluan era iragankorrez ezarritakoari jarraikiz.

"Erronkari" jatorrizko deituraren Kontseilu Arau-emaileak eskatu du "Erronkari" jatorrizko deituraren eta Kontseilu Arau-emailearen erregelamenduko ondoko artikuluok aldatzea: 5.1, 5.5, 6.b), 10.1, 16.1, 31.1 a), b-1), b-2), c-1) eta c-2) eta 41.1. Aipatu Erregelamendua 1989ko ekainaren 3ko Foru Aginduaren bidez onetsi zen.

Eskatutako aldaketen artean 5.1 artikuluari dagokiona aipatu behar da, "Erronkari" gazta egiteko erabiliko den esne produkziorako egokiak diren ardien artean Lacaune arraza eta F1 Latxa x Milchschaf arraza gurutzatua sartzeari buruzkoa baita.

2000ko apirilaren 3ko Foru Aginduaren bidez, Kontseilu Arau-emailearen eskaera ebatzi zen eta, beraz, Erregelamendurako proposatutako aldaketek Europako Batzordean izan beharreko tramitazio administratiboaren jarraipena onartu zen, 5. artikuluari dagozkion salbuespen hauek eginda:

a) 5.1 artikuluan, F1 Latxa x Milchschaf arraza gurutzatuaren ardi esnea jatorrizko deituran sartzeko tramiteak aurrera jarrai dezala onartzea, baina Lacaune ardi arraza sartzeko tramitazioa ez baimentzea.

b) Erregelamenduko 5.5 artikulua dagoen moduan uztea.

Ikusirik Nekazaritzako Elikagai Industrien eta Elikaduraren Zerbitzuak egindako txostena, zeinak azaltzen baitu espedienteak ondoko arauek ezarritako urrats guztiak egin dituela: Kontseiluaren uztailaren 14ko 2081/92 (EEE) Erregelamendua, nekazaritzako produktuen eta elikagaien adierazpen geografikoak eta jatorrizko deiturak babesteari buruzkoa, eta urriaren 22ko 1643/1999 Errege Dekretua, jatorrizko deitura babestuen eta adierazpen geografiko babestuen Europako Batasuneko erregistroan inskribatzeko eskarien tramitaziorako prozedura arautzen duena; azaltzen du, halaber, Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioak jakinarazi duela eskaria Europako Batasunera igorri duela. Hortaz, bidezkoa da, eskatutako erregelamendu aldaketaren irispidea zehaztea eta behar diren neurriak hartzea 2081/92 (EEE) Erregelamenduko 5.5 artikuluan ageri den babes nazional iragankorra eman dakion.

Horrenbestez, eta Nafarroako Foru Komunitateko Gobernua eta Administrazioa arautzen dituen apirilaren 11ko 23/1983 Foru Legearen 36.2.b) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

Artikulu bakarra.-2081/92 (EEE) Erregelamenduaren 5.5 artikuluan ezarritako era iragankorrez onestea "Erronkari" jatorrizko deituraren eta Kontseilu Arau-emailearen erregelamenduko aldaketa hauek:

1. Honela idatzita geldituko da 5.1 artikulua:

"1. "Erronkari" gazta egiteko erabiliko den esnea "Rasa" eta "Latxa" arrazetako eta F1 Latxa-Milchschaf arraza gurutzatuko ardiek emandakoa izanen da.

2. Honela idatzita geldituko da 6.b) artikulua:

"b) Esnea osoa eta garbia izanen da, ez du kontserbatzailerik izanen eta urin eta proteinak modu orekatuan edukiko ditu, aipatu arrazen ezaugarrien eta jezteko garaiaren arabera, aterako den produktuak izanen duen urin kopurua aterakin idorraren 100eko 45a baino txikiagoa izan dadin."

3. Honela idatzita geldituko da 10.1 artikulua:

"1. Gaztanbera. Esnea gatzagi naturala edo baimendutako beste entzima gatzagarri batzuekin mamituko da; beharrezkoa den gatzagi dosia erabiliko da, gutxienez ordu erdi eta gehienez ordubetez egiteko. Denbora horretatik kanpo lortutako gaztanberak ez dira "Erronkari" gazta egiteko egokiak izanen.

Gaztanbera 30 eta 37 gradu zentigraduren artean mantenduko da eta orekia mamitu, ebaki eta gazura kentzeko prozesuak dirauen bizkitartean hozbero hori mantendu beharko da.

4. Honela idatzita geldituko da 16.1 artikulua:

"1. "Erronkari" gazta azal naturaleko gazta koipetsua da, 5. artikuluan aipatzen diren arrazetako ardi-esnearekin soilik egindakoa. Ondu eta gero honako ezaugarri hauek izanen ditu:

Forma: Zilindrikoa eta aldeak nahiko lauak.

Altuera: 8 eta 12 zentimetroren artekoa.

Pisu eta diametroa: Aldakorrak.

Azala: Gogorra, lodia, hazta aldetik latza, koipetsua, urdindua edo ez eta arre edo lasto kolorekoa.

Mamia: Gogorra, poroduna baina begirik gabekoa, usain eta zapore berezikoa, pixka bat mina eta ebakitakoan kolore txuri-horikoa.

Koipea: Aterakin lehorraren 100eko 45a baino ttikiagoko kopurua.

Hezetasuna: 100eko 40a baino ttikiagokoa.

5. Honela idatzita geldituko da 31.1 artikulua:

"1. Gaztak ekoiztu, egin eta merkatura ateratzeko prozesua, bai eta izakin kopuruak eta jatorrizko deiturak babestutako gazten jatorri eta kalitatea egiaztatzeko behar den guztia ere kontrolatu ahal izateko, artalde, gaztategi eta gazta ontzeko lokalen titular diren pertsona fisiko edo juridikoek honako formaltasun hauek bete beharko dituzte:

a) Artaldeen Erregistroan inskribatutako enpresa guztiek Kontseilu Arau-emaileari aurkeztuko dizkiote, inskribatutako artalde bakoitzak eman duen esne kopurua, adieraziz nora joan den esne hori eta, saldu bada, eroslearen izena zein den.

b) Gaztategien Erregistroan inskribatutako enpresa guztiek:

b.1) Erregistro bat izanen dute, non egunero azalduko baitira hartutako esne kopuruari zein jatorriari buruzko datuak, egindako gazta unitateak eta gazta horiek ontzeko lokalak.

b.2) Kontseilu Arau-emaileari aitorpen bat aurkeztuko diote, non liburuan azaltzen diren hileko datuak agertuko baitira, Kontseiluak hautatu ereduaren arabera.

c) Gaztak ontzeko lokalen Erregistroan inskribatutako enpresa guztiek:

c.1) Erregistro bat izanen dute, non egunero azalduko baita ontzeko prozesua hasten duten gazten kopurua eta horien jatorria, prozesu hori bukatzen dutenen kopurua eta merkatura ateratzen direnena.

c.2) Kontseilu Arau-emaileari aitorpen bat aurkeztuko diote, non erregistroan azaldutako datuak eta izandako salmenta kopurua aitortu beharko baita."

6. Honela idatzita geldituko da 41.1 artikulua:

"1. Kontseilu Arau-emaileak gazten arloko Kalifikazio Batzorde bat ezarriko du eta gutxienez hiru adituk eta Kontseiluburuaren delegatu batek osatuko dute. Batzordearen lana merkatura ateratako gazten kalitateari buruzko informazioa ematea izanen da. Horretarako, Batzorde horrek beharrezkotzat jotzen dituen laguntza teknikoak izan ditzake."

AZKEN XEDAPENAK

Lehena.-Nekazaritzako Elikagai Industrien eta Elikaduraren Zerbitzuari baimena ematen zaio Foru Agindu hau Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioko Kalitatezko Deituren eta Lanbidearteko eta Kontratuzko Harremanen Zuzedariordetza Nagusira igortzeko, honen berri izan eta berrets dezan.

Bigarrena.-Foru Agindu hau "Erronkari" Jatorrizko Deituraren Kontseilu Arau-emaileari jakinaraztea.

Hirugarrena.-Foru Agindu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, bi mila eta bateko apirilaren hogeita hamarrean.-Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilaria, Ignacio Javier Martínez Alfaro.

Iragarkiaren kodea: a0104973