62. ALDIZKARIA - 2001eko maiatzaren 21a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Xedapen Orokorrak. Foru Dekretuak

119/2001 FORU DEKRETUA, maiatzaren 18koa, Nafarroako Errepideko Bidaiari Garraioko Hitzarmen Kolektiboko Negoziazio Mahaiko sindikatuen ordezkariek lanuzterako egindako deia dela eta, errepideko bidaiari-garraiorako funtsezko zerbitzuen funtzionamendua ziurtatzen duena.

UGT, ELA, LAB eta CCOO sindikatuek Nafarroako Errepideko Bidaiari Garraioko Hitzarmen Kolektiboko Negoziazio Mahaian dituzten ordezkariek dei egin dute, 2001eko maiatzaren 21etik goiti sektorean lanuzte mugagabea egiteko.

Errepideko bidaiari-garraioaren zerbitzua ezin da erabat gelditu, izanez ere, gizarteko beste sektore batzuetan kalte eginen bailuke, langileak, ikasleak eta garraio publikoa behar- beharrezkoa duten bestelako erabiltzaileen lekualdaketa galarazi edo eragotziko bailitzateke, gizartearen interes orokorrei eginen litzaizkiekeen gainerako kalte larri guztiez gainera.

Auzitegi Konstituzionalaren jurisprudentziak, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Sailak 1992ko azaroaren 16an emandako epaian jasotzen baita, garraioko funtsezko zerbitzuen funtzionamendua bermatzen zuen maiatzaren 25eko 193/1992 Foru Dekretuari buruz adierazten duenez "greba egiteko eskubideak ezin ditu gainerako hiritarren bestelako eskubideak mugatu; horrela, greba egiteko eskubidea garrantzitsua baldin bada,... hezkuntza jasotzeko eskubidea eta eskola-garraioa edukitzekoa, edo lan egiteko eskubidea eta lan- garraioa edukitzekoa, hura bezain garrantzitsuak dira."

Bestalde, gainerako garraioak direla eta, Nafarroako Auzitegi Nagusiaren epai berak adierazten du funtsezko zerbitzuak ezartzea bidezko dela, betiere neurri egokian eginez gero, Konstituzioan ezarritakoaren arabera, zeren eta "langileen greba egiteko eskubideak, gizarteari traba eta kalte nabarmena ekartzen dionak" ezin baitu berarekin ekarri "gizartearen jardueraren erabateko gelditzea, hori giza-taldearen kontrako bortxakeria onartezina bailitzateke, guztiok asko edo gutxi behar dugun zerbitzu publiko batean lanean jardutea aprobetxatuz egindakoa, eta giza-taldeak ezin du ontzat eman geldiarazia izatea".

Horrenbestez, Espainiako Konstituzioaren 28.2 artikuluak, martxoaren 4ko 17/1977 Erregearen Lege Dekretuaren 10. artikuluko 2. lerroaldeak, eta Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko Legearen 49.2. artikuluak xedatutakoa kontuan hartuz, Herrilan, Garraio eta Komunikazio kontseilariak proposaturik eta bi mila eta bateko maiatzaren hemezortzian izandako bilkuran Nafarroako Gobernuak hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

1. artikulua. Nafarroan 2001eko maiatzaren 21etik goiti dei egindako lanuzte mugagabean, errepideko bidaiari-garraioari dagokionez, funtsezko zerbitzu hauek bete beharko dira:

a) Erabilera mugatuko garraio erregularra:

-Eskola garraioa: abiapuntua edo helmuga ikasleen helbidean edo ikastetxean duten zerbitzuak.

-Lan garraioa: zerbitzu guztiak.

b) Erabiltzaile guztientzako garraio erregularra:

-Hiriarteko linea erregularrak: egunero, joan-etorriko zerbitzu bat linea erregular bakoitzean.

2. artikulua. Adierazi diren zerbitzuak eman ahal izateko beharrezkoa den plantillak jarduneko egoeran beharko du mantendu.

3. artikulua. Aurreko artikuluetan xedatutakoak ez die inolako mugarik jarriko greba arautzen duen legeriak langileentzat onartzen dituen eskubideei.

AZKEN XEDAPENA

Foru Dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen den egun berean hartuko du indarra.

Iruñean, bi mila eta bateko maiatzaren hemezortzian.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.-Herrilan, Garraio eta Komunikazio kontseilaria, José Ignacio Palacios Zuasti.

Iragarkiaren kodea: A0104241